|
Euskal Herriko unibertsitate bateko erretoreak, oraindik ere euskarari eta abertzaletasunari gorroto handia dionak, hauxe jaurti zidan behin muturrera: «¿Por qué te preocupas tú tanto del euskara, si sólo sirve para andar por casa?». Gorrotoa alde batera utzita, oso oker ez zebilen.
Ez da gaurko kontua. Aspaldi-aspalditik dator gaitz hau.
Mendez mende euskarak eremua galdu du, aldameneko hizkuntzek gehiago balio zutelako. Lehenago askoz hedatuago zen. Nafarroan ere ikus liteke garbi.
Gizaldiz gizaldi irakaskintza osoa erdaraz izan da Euskal Herrian. Ez zuen, nonbait, merezi, eskoletan euskaraz erakustea. Euskarak «para andar por casa» bakarrik balio zuen.
Aspaldidanik euskaldunen artean euskara gutxietsia zen.
Honatx Axularrek XVII. gizaldian: «Zeren halatan, ez litzateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu (neronek azpimarratua), eta baitaduka, dela. Orain badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela jendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe».
Euskara ez zen sekula sartu legedietan, administrazioan, goreneko erakundeetan.
Gernikako bileretan euskaraz egitea debekatua zegoen.
Euskara boronoen, baserritarren eta ezjakinen hizkuntza izan da «vasco» askorentzat. Entzuna dugu geure haurtzaroan, euskarak haurrekin eta zakurrekin mintzatzeko bakarrik balio zuela.
Bilboko «vascoek» barre egiten zieten herrietatik beren salgaiak saltzera zetozen baserritar emakumeei.
Toki askotan emakumeek erdaraz egiten zuten, dotoreago zelakoan. Oraindik ere horrelako bat baino gehiago ezagutzen dugu.
Bizkaitarrek, beren euskara, bizkaiera, zatarra, itsusia eta txarra omen zelako, zapuztu egiten zuten eta gaztelerara jo.
«Vasco» askok apelliduei ematen zieten garrantzia. Euskarari eta euskal kulturari ia deus ez. Horien ustez, euskaraz jakin gabe «vasco» izan liteke.
Beste hizkuntzaz ez da horrelakorik gertatzen. Espainol izan al liteke espainolez tutik jakin ez eta frantsesez zoragarri egiten duena? Antza, euskara kanpoko pinturatxo bat da, besterik ez.
Lasai ibili. Euskaraz ez badakizu ere, «vasco universal» izan zaitezke.
Euskaltzaindian erdaraz egiten zuten. Ulertu al liteke Academie Françaisean alemanez edo Academia Españolan frantsesez egitea?
Gerla ondoren ehunka eta ehunka familietan gurasoek, berek oso ongi jakin arren, ez zieten haurrei euskaraz erakutsi. Zertarako balio du, bada, euskarak?
Zer balio du euskarak, hogei euskaldun euskaraz ari garela, espainol bat etorri eta guztiok erdaraz egiten badugu?
Nazionalista askok ez dute Sabino Aranaren etsenplua jarraitu. Hor konpon euskara! Beraientzat nazionalismoa dirua eta karguak eskuratzeko bidea izan da.
Euskaraz idazteak ez du ohore handirik ekartzen. L. Michelenak ez zuen liburu bat euskaraz idatzi. Barandiaranek berak ere, nik dakidanez, bat bakarrik.
Chillidak, Oteizak... eta beste gizon ospetsu askok ez zuten euskaraz ikasi. Zer galdu dute horrekin?
Euskal Herriko unibertsitateetan euskara oraindik bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza da. Deustun, esate baterako, 2004 urte honetan ere, 100 ikasgaietarik ez dira 7 euskaraz irakasten. Espainolez %100.
Saltegi handietan, Bilboko Corte Inglesean, adibidez, eta banketxe eta Aurrezki Kutxa askoan euskaraz dakien zerbitzari gutxi aurkituko dituzu. Zertarako? Espainolez guztiok dakigu eta.
Fraide eta mojentzat, salbuespen txalogarri batzuk kenduta, euskarak azaorria baino gutxiago balio du. Askori gorrotagarri zitzaion eta zaio.
Euskara ez da beharrezkoa. Euskal Herrian euskaraz jakin gabe bapo biziko zara. Euskara hutsez ezin bizi. Beharrezkoa ez den hizkuntzak oso gutxi balio du eta heriotara kondenatua dago. «Acto patriotico»z ez dugu euskara iraunaraziko.
Elebitasunak berak zer adierazten du? Euskarak berak oso gutxi balio duela eta beste hizkuntza bat erabili beharra dagoela.
Iparraldean are gutxiago balio du euskarak. Horregatik doa gainbehera horren bizkor.
Jakina, zer egiten dugu gutxi balio duten gauzekin? Ganbaran baztertu edo zabortegira egotzi. Gazteak ohartu dira horretaz eta erdaraz egiten dute.
Frantsesen eta espainolen azpian gauden bitartean, euskarak deus gutxirako balioko du.
(GOTZON GARATE OIHARTZUN hizkuntzalaria, euskal literaturan katedraduna Deustuko Unibertsitatean eta idazlea da)
Gontzon Garatek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|