|
Adiskide bihotzeko batek mezu elektroniko batean entsegua zuela idatzi dit, dantza ikuskizun bateko entsegua, alegia. Gehitxo iruditu zait, maila informalean ere sartua ikusten baitut entsegu delako hori eta, nire ustez, oso leku apala izan behar luke are maila formalean ere. Horretarako dugu saio.
Iparraldeko hitza da entsegu, eta ez du saio-k ez duen adierarik: bat badu, hobeki esan, errugbiari dagokiona, iparraldeko jendeak, euskaltzainburuarengandik hasita, asko erabiltzen duena, han errugbia gurean baino askoz arruntagoa baita. Hor ez nuke gaizki ikusiko entsegu erabiltzea, Iparraldeko idatzizko jardunari zor zaion errespetuaren lekuko izango bailitzateke, besteak beste.
Hortik at, saio-ren zenbait adiera entsegu-ri ematea artifiziala gertatuko litzateke. Eta inongo premiarik betetzen ez duena gainera. Garai batean, eta gaur egun ere, literatur generoa adierazteko hasi zen Hegoaldean erabiltzen, saiakera-ren kaltean. Alferrikako aldaketa, saiakera-k tradizio askoz hobea baitu eta gaur egungo erabileran ere gailen agertzen baita. Hortaz, batasuna haustera bestetara ez dator adiera horretan entsegu delakoa.
Eta Hegoaldean, ahoz, ensaio, esaten diogun horretarako zer? Horretarako frantsesez essai eta répétition esaten zaienak bereiziko nituzke. Frantseseko essai-ren kidetzat, hots, gaztelaniazko ensayo, prueba-rentzat, saio erabiliko nuke, dudarik gabe, eta bigarren mailan proba. Dudaren bat duenak ikus beza saio sarrera Orotariko Euskal Hiztegian.
Arazoa répétition esaten zaionaren ordainean dago, hots, antzerki lan edo kontzertu bat edo antzekoak prestatzeko egiten diren jardunetan. Hor kontuak konponbide okerragoa du. Baina ensayo/répétition horientzat entsegu proposatzeak gauzak okertu besterik ez ditu egiten nire ustez. Izan ere, adiera horrekin entsegu erabiltzean, hau ari gara egiten: espainolaren gidaritzapean eta hegoaldeko ahozko entsaio euskal itxuraz mozorrotzeko, entsegu, hitz horren berezko erabiltzaileak ulertuko ez lukeen adiera batean erabiltzen, besterik gabe. Nahi duzuena, baina hori ezin da, definizioz, euskara nazionala izan.
Eta, adibidez, gaurko Berria-n ikusi dudan albistea, Iñaki Salvadorrek entsegu bakar batez prestatu duela biharko jazz kontzertua, zergatik ezin da eman esanez saio bakar batez prestatu duela biharko kontzertua, edo prestatze-saio bakarra egin duela biharko emanaldirako?
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|