|
Jakina denez, euritik babesteko tresnaren ohiko euskal izena guardasola da Hegoaldean, eta parasola Iparraldean. Ohikoa edo arrunta, gauzei nondik begiratzen zaien. Zeren, 36ko gerra aurrean aterki sortu baitzen, idazleen eta jende ikasien artean, halako arrakasta izan zuena Gipuzkoan bederen. Nik neuk gaztetan, Donostian, batez ere guardasola erabiltzen nuen etxean, baina kalean batez ere aterkia, donostiar familia euskaldun ikasietakoa bainuen lagunartea gehienbat.
Euskara batuaren hasiera hartan, ordea, aterki-ri ere heldu zitzaion eskumikua: sabindarrek asmatutako aldrebeskeria bat besterik ez omen zen, eta hortaz, baztergarria. Gainera hor genuen ordezko jatorra, euritakoa, tradizioko hitza, Oihenartek-eta erabilia.
Nik, egia esan, aski nuen aterkia-rekin, neure-neurea, ez liburuetan ikasitakoa, bainuen txikitatik. Horregatik ez nion kasu handirik egin euritako delakoari. Baina duela gutxi euritako-ren kontua aztertu behar izan nuen, eta, egia esan, txundituta gelditu nintzen zein arinki eta dogmatikoki proposatzen eta zein erraz eta akritikoki onartzen ziren (edo genituen) hizkuntza aldaketak “ezin hautsizko atxikimenduen” garai hartan.
Zeren, harrigarria bada ere, Oihenarten Atsotitzetako euritako haren aurrean, inortxori ere ez zitzaion, antza, galdera oinarrizkoa bururatu: ba al zen aterkirik XVII. mendearen erdialdean? Bada, badirudi gure artean ez zela horrelakorik, eta dena dela ezinezkoa zela euskal esaera zaharren bilduma batean agertzen zen euritako-a guardasola izatea. Baina harrigarriagoa dena, inor ez bide zen gogoratu Oihenarten atsotitzek bazutela Oihenartek berak ondutako frantses itzulpena: han begiratzea asko, ikusteko Oihenartek bilduriko eure euritakoa-aren frantses baliokidea “ton manteau de pluie ou ton capuchon” zela.
Hots, euritako euskal hitz jatorra da, baina ez da aterki-ren kidea, baizik eta, erabidean bertan ere, ingelesezko raincoat-en antzekoa; eta gabardinen, inpermeableen, txubaskeroen... mundu horretan dugun hitz falta dela eta, erabat onargarria iruditzen zait euskal hiztegian. Nik impermeable / imperméable-ren euskal kidetzat erabiltzen dut, eta kalera aterkiarekin eta euritakoarekin ateratzen ahal naiz. Batez ere kontuan izanik, eskumiku eta guzti, askoz erabiliagoa dela gaur egun aterki euritako baino, Ereduzko Prosa Gaur -en, adibidez, ikus daitekeenez.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|