|
Euskal Herrian erdaraz ekoiztutako kultura ez da euskal kultura, haren ukazioa eta bazterkeria baizik. Euskal kultura izateko, kultur ekoizpenak euskaraz pentsatua eta hezurmamitua behar du, izan ere, kultur eta arte produktuen sorkuntzan hizkuntzaren bitartekotza, aldez edo moldez, ukaezina baita.
Kulturaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren auzia etengabeko auzia da euskal identitatearen teorizazioan. Euskal identitatearen sistema orokorra osatzen duten osagarrien artean elementu batzuk euskaldun ditugulako, eta beste batzuk, berriz, Euskal Herrikoak. Haien eta hauen artean dagoen elkarreraginak erabakitzen du euskal nortasunaren izaera, eta, beraz, nazio kulturalaren oinarrien auzia hortxe dago, funtsik gabeko politikakerien eguneroko zalapartetan baino areago. Auzi horren arabera erabakiko da inondik ere herri honen bizkarrezurra: euskaldun izan edo hemengo erdaldun izan.
Gai honen inguruan piztu izan den eztabaidaz baliatu nahi nuke gai hau hemen jorratzeko. Larrun (71. zenbakia) aldizkarian, besteak beste, iritziok ikus ditzakegu. Imanol Agoteren esanetan euskal kulturaren izaera eta hemen ekoiztutako kulturaren izaera ezin dira bereizi: «Sorkuntzaren alorrean, euskal herritarrek sortu eta ekoizten duten guztia da euskal kultura». Horren aurrean, Josu Amezagak honako galdera hau egiten dio: «Bertan sortua izateak definitzen du orduan euskal izenlagun hori?». Erantzunean berretsi egingo du aurrekoa Agotek: «Bai, hemen sortua izateak eta hemen ekoiztua izateak. Zer da Ameriketako film bat?» Eztabaida horren harian, Amezagak kulturaren «euskal» ezaugarria nabarmendu nahi du: «Horrek bakarrik berma dezakeelako etorkizunean hemen euskal kultur espazio bat egongo dela». Hirugarren solaskideari, Hasier Etxeberriari, arriskugarria iruditu zaio azken zehaztapen hori: «Hori murriztailea eta arriskutsua iruditzen zait. Hori onar nezake hizkuntzaren diziplinetan, baina ez plastika batean». Amaitzeko, honako hau eransten du Agotek: «Eta badakigu zer den euskal artista bat, baina euskal estetika zer den definitzea beste kontu bat da».
Ismael Manterolaren iritzia ere irakur daiteke Artea eta euskara artikuluan (Gara, 2003/12/20). Nik esango nuke aurreko adierazpen horien harian egina dagoela hau: «Arteak ez du hizkuntza jakinik, artea berezko hizkuntza litzateke. Topiko honen azpian estaltzen dira euskarak arte plastikoen munduan dituen gabeziak. Literatura ez bezala eta musikaren antzera, artea ikusteko eta entzuteko da eta, horregatik, ez dago hizkuntzari lotuta eta askeagoa izan beharko luke egoera diglosikoen edo diskriminaziozkoen aurrean. Baina artea, beste edozer gauza bezalaxe, hizkuntza batean produzitzen da, irakasten da, saltzen da edo teorizatzen da, eta gure artean hizkuntza nagusiak gaztelania eta frantsesa dira».
Hori eta horrenbestez, zera esateko moduan gaudela dirudi: Nazio-estatu totalitarioen ideologiak kutsatuta ez dagoenak onartuko digu euskararik gabeko euskal literaturarik ez dagoela. Eta, oro har, hizkuntzaren esku-hartze zuzena dagoen kultur adierazpen guztietan, halakoa euskal kultura izango bada, euskaraz ekoiztua izango dela. Zer gertatzen da ordea gainerako kultura eta artegintzetan? Hemen sortzen zaigu zalantzaren dantza. Zeren eta ez bide dugu antzematen hizkuntzaren eraginik. Ez ote dago hizkuntzaren eraginik halako kulturgintza-moldeetan? Euskal Herriko kulturaren plana eta euskal kulturaren plana gauza bera ote dira?
Karlos Santamariak ederki bereizi zizkigun Euskal Herriko Unibertsitatea eta Euskal Unibertsitatea. Bataren eta bestearen ezaugarriak ez zirela berberak esaten zigun. Mugarri bat dago bien artean, eta marra horren alde batera eta bestera kokatzen dira nazio-kulturaren bereizgarriak eta balioak. Gu, halere, hemen gabiltza oraindik memeloarena egiten: ez gara gauza euskal kultura eta Euskal Herriko kultura bereizteko. Eta politikari eta militante abertzalerik abertzaleenak euskalduna eta euskal herritarra kidetu egingo ditu hitzetik hortzera. Hementxe duzue, adibide moduan, Ramon Zalloren beste hau: «hemen bizitzeagatik gara euskaldun eta ez hizkuntzagatik» (El Diario Vasco, 2003/12/25).
Aurreko egun hauetan Claude Levi-Straussen liburuxka zahar bat irakurtzen ari nintzela honakoa paratu zait begien aurrean: artistaren pretentsioa, arte-hizkeraren bidezko sorkuntza dela medio, hizkuntzaz haraindiko lurralderen batera joatea baldin bada, esan nahi dut termino mailako kontraesanetan dabilela halakoa. Arte-hizkera bereziaren jarduna testuinguru linguistiko eta kultural jakinaren baitan kokatzen du antropologoak, eta artistaren esku dauden baliabideen artean, hizkuntzaren eragina tartekatzen du.
Hizkuntzaz haraindi ez dago ezer, kulturaren munduan sartzen garen unetik. Artistak, beste lanbide askotan bezala, bere hizkera eta kode bereziak erabiliko ditu berariazko produktuaren ekoizpena mamitzeko. Nolanahi ere, kultur eta arte erreferentzia oro hizkuntza jakin batean edo bestean pentsatua eta hezurmamitua dagoenez, inspirazio-iturri eta sormen-gaiak ez dira hizkuntzaz haraindiko gertakari sozialak, testuinguru historiko eta kultural baten altzoan txertatuak daudelako. Hizkuntzak estetika artistikoaren alor batzuetan ez du bere itxura nabarmenik utziko agerian, baina horrek ez du esan nahi hizkuntzaren bitartekotzarik ez dagoenik halako arte-produktuen sorkuntzan. Mundu sinboliko orokorraren mugarriak hizkuntzaren bidez eraikiak dauden neurrian, kultura eta arte adierazpideak oro mugarri horien barnean mamitzen dira, arte-hizkera eta estetika-kode berezien autonomia erlatiboa gorabehera. Hizkuntza, definizioz, gizarte-ekintza denez, gizarte eta giza jardun guztietan dago presente aldez edo moldez. Hizkuntzak irekitzen digu naturatik kulturara garamatzan bidearen atea.
Imanol Agoteren iritzietan gehien harritu nauena hau izan da: «Zer da Ameriketako film bat?». Agoteren garai bateko lan batzuetan ondo asko nabarmentzen da hizkuntza eta kultura minorizatuaren ezaguera eta kontzientzia. Ondo asko zekien, eta orain ere jakingo du, halako baldintzetan bizi den herri bati zer gertatzen zaion hizkuntzaren eta kulturaren auzian. Estatu Batuetan egindako film bat ez da bakarrik Ipar Amerikako zinea izango, gainera zine amerikarra izango da, hemen amerikar izenondoa erabiltzea zilegi baldin bazait. Antzera esango genuke beste testuinguru nazional hauetan ere: Espainian egindako zinea zine espainiarra izango da oro har, eta beste horrenbeste Frantzian. Aldiz, Euskal Herrian egindako zinea euskal zinea al da? Bretainian egindakoa zine bretoia al da?
Agotek ondo asko daki hori ez dela horrela. Ondo asko daki herri minorizatuaren baldintza linguistikoek eta kulturalek ez dutela aukera hori ematen salbuespen gisa ez baldin bada. Badaki ordezkapenaren goldeak hizkuntzazko, kulturazko eta historiazko erreferentziak irauli egin zituela, eta orain, oraina atzokoaren gainean eraikia dagoelako, kulturgintzaren edozein arlotan hemen erdal kulturaren nagusikeriak itotzen gaituela euskaldunok. Beste hitz batzuetan esateko: Euskal Herriko kultura-planak euskarazko kultura-plana itota eta baztertuta daukala. Izan ere, kultura ez baita bakarrik sortzeko. Kulturak, segun eta ze funtzio betetzen duen, herri-historiaren harira moldatua zegoena desegin ere egiten du nazio-nortasunen arteko borrokan.
Euskal Herriko erdal kultura ez da soil-soilik euskal kulturaren osagarria, haren ukazioaren eta bazterkeriaren biktima ere bada. Hizkuntza eta kultura baten egoera ezin da aztertu hauek modu bakartuan harturik, hauen espazio eta funtzio soziala itotzeko ezarriak izan direnen argitan pentsatu beharra dago kulturen arteko elkarbizitza. Hain zuzen, nazio-identitatearen eremuko kultur jarduna botere-indarren arabera eratutako gizarte-gauzapena izan ohi da, menderatzailearen eta mendekoaren arteko harreman asimetrikoetan txertatuta. Ezin dugu ahantzi gizarte-hegemoniaren legeak determinatzen duela gure hizkuntzazko eta kulturazko jokabidea, gizartea kultura-aniztasunari dagokionez denik pluralena izanda ere. Arazoa ez datza nazkatzeraino darabilgun pluraltasunaren leloan, hegemoniak ezarritako dinamikan baino.
(JOXE MANUEL ODRIOZOLA LIZARRIBAR euskara irakaslea da Pasaiako Udal Euskaltegian)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
|
Euskal Herrian erdaraz (gazteleraz edo frantsesaraz) ekoiztutako kultura euskal kultura ere da, Euskal Herria ez delako euskara hutsez adierazten duen herria, hainbat hizkuntzaz baizik. Beste era batean kontsideratzea bai da bazterkeria.
Euskal Herrian ez dira bizi bakarrik euskaraz hitz egiten dutenak. Bai euskal identitatearen aldekoak bai kontrakoak euskal herrikoak dira, eta gure herri txikiaren identitate zorioneko horretako zati bat ere. Denok bizi gara zonalde “geokultural” honetan (batzuek nazioa deitzen diotena) eta iritzi politiko eta hizkuntza ezberdinak daukatenen arteko elkarreraginetatik sortzen da euskal kultura.
Eta euskal kultura ez dago gazteleraz, frantsesaraz edo euskaraz bakarrik. Edozein hizkuntzaz egon daiteke, euskaraz dagoena beti euskal kultura izango bada ere. Alabaina, batzuetan euskal kultura ez dauka hizkuntzarik ere (arten gertatzen den legez).
Baina garrantzitsuagoa dena, euskal kultura ez dauka ikuspegi bakarra, ez “euskal” terminoa atsegin dugunon ikuspegia ez termino hori ukatzen dutenena. Ikuspegi ezberdineko ekoizpenak onartu behar ditugu euskal kulturaren kontzeptu orokorrago batean, ondoan dauzkagun herri handiagoen eraginaren menpe ekoiztutakoak badirudi ere. Kultura ez da arrotzekoaren eraginaren kontra babesteko arma, mundua ulertzeko tresna bat baizik. Beste kulturaren eraginak ez dira kaltegarriak, aberasgarriak baizik. Herri baten kultura beti izango da bere historiaren ondorio hutsa, bere ibilbidearen isla, eta ibilbide hori beste kulturekin nahasten denean normala (eta ona) da eragina jasotzea.
Aski ezaguna da hizkuntzek bazter dezaketelako teoria. Askotan entzun dugu gazteleraz generoaren inguru sortzen diren arazoei buruz, eta konponbide xelebreei buruz ere. Izan ere, guk, euskaldunok, agudo jarri gara gaztelerazko arazo larri horiek konpontzeko (demagun “ciudadanos y ciudadanas vascos y vascas” zorioneko hori). Baina arazo gehiago dauzkagu gure hizkuntzan ere bazterkeria dagoela onartzeko.
Gure hizkuntza euskaldun hitza erabiltzen da bai euskal herrikoa esateko bai euskaraz hitz egiteko gai den pertsona esateko. Odriozola esaten duenez, jende askok erabiltzen du euskaldun hitza bakarrik bigarren zentzu horretan, eta euskaraz hitz egiten ez duten euskaldunak izendatzea euskal herrikoa edo hemengo erdalduna erabiltzen dute. Nire ustez, euskal herriko eragin “geokultural” horren menpe bizi garen guztiok euskaldunok gara, nahiz eta euskaradunak ez izan (hau da, euskaraz ez hitz egin). Bi termino horiek erabiltzea (euskalduna eta euskaraduna) ezinbestekoa da euskal kulturaren ikuspegi osoak uka eta bazter ez ditzagun, “hemengo erdaldunen” ekoizpenak ere baitira euskaldunak. Aurrean esan dudanez, euskaraduna bada euskalduna izango da derrigorrean, hemengo kulturaren ondorio bat izango delako. Baina erdaraz ekoiztutako eduki kulturalak euskaldunak ere izan daitezke, euskal herriko eragin kulturala euskara baino zabalagoa delako.
Beste kontu erabat ezberdina da euskara eta euskaraz ekoiztutako kultura eraso larriak jaso dituela gure duela gutxiko historian eta, hori dela medio eta hiztun kopuru gutxi edukitzeagatik, ahalegin bereziak egin beharko dugu gure hizkuntza babesteko eta garatzeko. Alde honetatik, kultura euskaraduna bultzatu eta babestu behar dugula niretzat behitzat argi eta garbi dago. Baina horrek ez du esan nahi euskal herrian erdaraz ekoiztutako kultura euskal kultura ez dela, ezta bere ukazioa edo bazterkeria dela ere. Horrela pentsatzea bada jarrera baztertzailea, eta ez aldrebes. Euskal herrian erdaraz ekoiztutako eduki kulturalak ere euskal kultura dira eta.
|