![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Mikel Hernandez Abaitua / Hizkuntza / 2004-01-15 / 18:00
Hitz asko asmatu dira azken urteotan, bai, eta inportanteagoa dena, lehendik asmatuta zeuden berba asko normalizatzea lortu da, baina hutsune handiak ditugu oraindik ere. Izen asko plazaratu ditugu, eta aditz dezente, baina nik zulo handi bat sentitzen dut adjektibo eta adberbioen alorrean. Zulo hori berdindu artean ez gara mendebaldeko beste hizkuntzen parean egongo.
Niretzat, Koldo Mitxelenak euskara batua sortzeko 1968an idatzi zuen txostenean dagoen parte garrantzitsuena azken hiru paragrafoak dira ("niretzat" diot, eta hau ez da erretorika hutsa, badakit berez ez dela inportanteena). Horrelaxe hasten da Joskera sailaren 7. puntua: "Egungo prosa, gaiak bereizten ez duenean, ez da hizkuntza batekoa eta batena, nazio artekoa baizik: B. L. Whorf-ek "standard average European" deitu zuena". Ez da hitz hauek artikulu batera aldatzen ditudan lehen aldia.
J. A. Mujikak prosa literarioa eginkizun zela idatzi zuen artikulu batean 1974. urtean. "Gaur, euskara literarioaren inguruan dabilkigun borroka honetan, nahi eta ezkoa dugu prosazko tradizio sendo bat osatzea", gaineratu zuen. 1988. urtean Luis Villasantek argitaratutako liburu eder batean hitz horiek hartu eta kapitulu oso bat idatzi zuen gaiaz. Adierazpenok gaurkotasuna dute oraindik.
Asko hobetu da azken urteotan euskara literarioa. Inoiz baino bitarteko gehiago ditugu lagun. Aspaldi esan zuen Seber Altubek hitz asko sortzeko beharra genuela baina hori ez zela problema handiena, baizik eta berba horiek Euskal Herri osoan hedatzea eta jendearen hizkeran finkatzea. Irakaskuntza, literatura, kazetagintza, irratia eta batez ere telebistaren bidez lortu da azkenean asmatutako ehunka hitz normalizatzea.
Nire belaunaldia izkiriatzen hasi zenean, aurreko belaunaldietako idazleekin hitz eginez gero, denek gauza bera esaten ziguten, guk ezin genuela imajinatu zein zaila zen euskaraz idaztea beraiek hasi zirenean. Orain zaila baldin bada, lehen sufrikario itzela zela. Taxuzko narrazio bat atontzea, adibidez, oztopo lasterketa bat. Joxe Azurmendiren iruzkinak gogoratzen ditut bereziki, edo Atxagarenak, edo Saizarbitoriarenak. Ni neu ere uste baino zaharragoa naizenez, "geltoki" hitza artifizial samarra iruditzen zitzaigun garaia gogoratzen dut oraindik. Esan dezadan, bidenabar, agian zenbaitetan ez dugula oso zuzen jokatu; batzuek nahiago genuen "estazio", nazioarteko hitza denez gero, eta "geltoki", ordea ,"apeadero" esateko egokiagoa iruditzen zitzaigun. Ele batzuk arrazoi handirik gabe aparkatu ditugu "guardasol ahantziaren" garai honetan. Bestalde, esplikaezina da zergatik izan duten arrakasta handia hitz batzuek eta beste batzuek ez. Zergatik gustatu zaigun "lehergailua" eta zergatik gaitzetsi dugun "urrutizkina" esaterako.
Hitz asko asmatu dira azken urteotan, bai, eta inportanteagoa dena, lehendik asmatuta zeuden berba asko normalizatzea lortu da, baina hutsune handiak ditugu oraindik ere. Izen asko plazaratu ditugu, eta aditz dezente, baina nik zulo handi bat sentitzen dut adjektibo eta adberbioen alorrean. Hori zeharo ulergarria da, hutsune eta behar handiak daudenean premiazkoari erreparatu behar baitzaio lehendabizi. Ezinezkoa da izen eta aditzik gabe hitz egitea. Adjektiboak eta adberbioak ordea ekonomizatu egin daitezke, edo beren esanahia luza daiteke goma bat bezala, hainbeste, batzuetan, ezen goma hori puskatu egin baitaiteke azkenean. Batzuek adjektibo eta adberbio gutxi erabiltzea atsegin izan dugu eta horri esker leundu egin zaigu bidea. Baina problema ekidinezin samarra da zenbait itzulpen egiten ditugunean.
Ez dut uste osoki konturatzen garenik nolako arazo handia dugun esku artean. Oraindik euskaratik kanpo dauden baina Europako hizkuntzetan erabiltzen diren adjektibo eta adberbio nazioartekoak aztertuko bagenitu, zerrenda izugarri luzea aterako litzaiguke. Hori (eta beste gauza asko ere bai, noski) egin artean ez gara mendebaldeko beste hizkuntzen parean egongo. Hizkuntzalariek alor horretan ere lan egingo balute mesede handia izango litzateke guztiontzat. Badakit idazle eta itzultzaileei dagokigula lan hori neurri handi batean, eta gaur egun azken hauek dira hain zuzen ere horrelako sailak gehien laiatzen dituztenak, eta agian horrexegatik ez dute lortu itzulpenek merezi duten harrera, nazioarteko hizkuntza homologatuan idatzita daudelako, standard average european delakoan hain zuzen ere, eta euskaldunon gaitasuna motz gelditzen da, ez gara orokorrean iristen hizkuntzak berak lortu duen maila jasora.
Euskal idazleok, idazten dugunean, hiztegi asko dauzkagu mahai gainean, hizkuntza normalizatuetako idazleek baino gehiago, eta hiztegi horien artean kanpotar hizkuntzetakoak dira anitz. Halako batean "ausente" idatzi nahi genuen (gaztelania baita gehienon lehen kanpo erreferentzia), eta Euskaltzaindiaren hiztegia egin gabe zegoenez, hamaika hizkuntzatan begiratzen genuen erabakia hartu baino lehen. Zorionez "absente" hautatzen genuen eta Euskaltzaindiak arrazoia emango zigun urte batzuk geroago. Eta iruditzen zitzaigun hitz hori forma horrekin erabiltzen genuen lehenak ginela. Eta ez zen horrela noski. Behin batean Joxe Azurmendirekin honetaz hizketan ari nintzela komentatu nion inuzenteki "pitoresko" (it.: pittoresco; port.: pitoresco; fr.: pittoresque; ing.: picturesque; al.: pittoresk; gaz.: pintoresco) adjektiboa erabiltzen lehena izan nintzela euskal literaturan, eta hain harroa ez izateko esan zidan barrez, berak nik baino lehen idatzi baitzuen aspaldi. Hala ere jende gutxik onartuko du gaur egun adjektibo hori euskaraz. "Bitxi", "harrigarri" eta horrelakoak erabiltzen dituzte, gure hizkuntza aberastu nahi ez dutelako. Gu diferenteak baikara, noski. Hain diferenteak ezen ez baikara europarrak, dirudienez.
Adibide gehiago jar litezke. Zenbait lagunek kritikatu egin ninduten nire lehen eleberrian aipatutakoa bezalako adjektiboak erabiltzeagatik, "sinistro" esaterako (it.: sinistro; port.: sinistro; fr.: sinistre; ing.: sinister; gaz.: siniestro). Hitzak hartu zuen esanahi gaiztoa zela-eta guk "ezker" esportatu genuenez gero, ez nuen ulertzen zergatik ezin genuen "sinistro" inportatu. Izenak eta aditzak gehiago maite ditugu adjektiboak eta adberbioak baino. Beste adibide bat: Euskaltzaindiak azkenean onartu du "labirinto" hitza, baina ez digu esaten "labirintiko" onartzen duen ala ez.
Nazioarteko adjektibo eta adberbioak ez ezik, etxekoak ere maitatzeko joera handirik ez dut ikusten. Mordo polit askoa baitugu bizi-bizirik gure herrietan. Bizirik edo liburuetan jasoak. Eta ez ditugu asko erabiltzen. Belarri txarra dugu horietarako, ikusezinagoak dira izenak baino. Gehiegi pentsatu gabe Deba arroan entzundako "ipurturten" etortzen zait burura ("ipurtandi" ez da gauza bera). Edo Juan Martin Elexpuruk bere hiztegi ederrean jasotako "zikinestalia" adibidez ("jertse marroia beti zikinestalia").
Bai, asko falta dugu oraindik euskara literario jasoa osatzeko. Eta jende asko behar da horretarako. Inor ez dago soberan. Aurreiritziak bakarrik.
(MIKEL HERNANDEZ ABAITUA idazlea da)
![]() | Inprimatu |
Iņaki Andueza Arbizu / 2005-01-21 / 12:44
Irakurri egin dut zure testua, eta ados natokizula esango dizut lehenik eta behin. Asmatu beharrean gaudelakoan nago, baina asmatzerakoan, ondo egin dezagun lan hori.
Zuk GELTOKI hitza aipatzen duzu, eta justu-justu nire ustez gaizki lortutako hitza dugu honako hau. Hitz hori "sortzean", baten batek GELDITU aditza eta TOKI izena elkartu nahian, GELTOKI hitza lortu zuen.Aditza ez da GEL + TOKI, GELDI + TOKI baizik. Honi kasu eginez, GELDITOKI hitza "asmatu" beharko zukeen nire ustez. Aditz erroa hartu behar da beti hitz elkarketan aditza bat denean.
Zuek duzue lan horren ardura, baina egiterakoan, mesedez, errespeta ditzagun arauak.
Eskerrik asko.