Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Yo sé EN español

Yo sé EN español

2003-12-12 / 07:06 / Gotzon Lobera Revilla   HIZKUNTZA

(Siento. Decirlo tenía que, pero.) Badira urteak esaldi bat entzun nuela; eta orduan bete-betean sinetsi nuen: “Kontua euskaraz hitz egitea da”. Gaur egun, ostera, esapide hori herren gelditu delakoan nago. Gainera, horrekin batera, edo haren ondorioz, beste esaera bat sortu zen: “Euskararik txarrena egiten ez dena da”. Azken esaldi hau orduan oso-osorik sinetsi nuen, orobat gaur egun.

Betiere, urteak ez dira alferrik igarotzen, eta, urteotako lanak bere fruituak eman dituelako, aurrera egin behar dugu, ezik bihar-etzi euskaraz egingo badugu, gaur egun darabilgun euskarak asko eta asko gurendu behar du, nola kopuruan, hala nolakotasunean. Esaten da, kopurutik urteten duela nolakotasun gurenak (kalitateak); egia da, berriz, nolakotasuna zenbat eta txikiagoa izan, orduan urriagoa izaten dela kopurua. Eta halaxe gertatzen da hizkuntza kontuetan.

Sinetsita nago, adierazmena dela hizkuntza baten bizi-adierazpena; alderdi horretatik, hizkuntza batek beste baten eragina bakarrik jasotzen (jasaten) badu, eta honek, ostera, ez badio inolako ekarririk egiten besteari goi mailako berbetan, orduan, gerta daiteke, hizkuntza jasotzailearen (jasailearen) hiztunek geroago eta aintzatespen txikiagoa ematea euren hizkuntzari, bestearen mesedetan. Berbarako, espainieraren hiztunek, Estatu Batuetan, gero eta mailegu gehiago hartzen diote ingelesari, hala hiztegi mailan, nola morfojoskeraren arloan, eta espainieraren indarra ahultzen doa belaunez belaun. Kalifornian bizi diren etorkin mexikar askoren seme-alabek ulertu egiten dute gaztelania, baina ez dira gauza espainieraz berba egiteko. Hau da, belaun bat nahikoa da, hizkuntza bat galtzeko. Bada, halako mintzaira normalizatu eta indartsuari hori jazotzen bazaio, zer ez ote dakioke gerta euskarari?

Hori dela eta, gero eta ardura handiagoarekin ikusten dut euskarari agitzen zaiona, hala hiztegiaren ikuspegitik, nola joskera-morfologietatik. Horrezaz gainera, bada beste jazoera bat, asko kezkatzen nauena: hizkuntza batetik besterako eragina ez da gertatzen, euskararen eretzean, behe mailako hiztunen artean bakarrik, Estatu Batuetako espainieradunei agitzen zaien legez; hori ez ezik, eragin itxura-galtzaile hori goi mailako hizketan agitzen da, euskarari dagokionez. Eta eragin hori gertatzen da hainbat esparrutan, hitz, esamolde eta hitz-formak espainieratik zuzenean hartzen baitira: goi-maila eman ustean, gainera.

Hori guztia gogoan hartuta, itaun hau plazaratu nahiko nuke: zer uste izango luke goi-mailako irakurle espainiar batek soziolinguistikazko galdekizun baten edo goi-mailako beste edozein testutan irakurriko balu "todos los españoles saben EN castellano"? Irakurle horrek uste izango luke esamolde horrek mailari gorentasuna emango liokeela?, edo, moldiztegiko errakuntza gertatua zela (kasurik onenean) pentsatuko luke? Bada, euskaraz gero eta sarriago agertzen zaizkigu honelako esamoldeak: “Nik euskara dakit”, “nik ez dakit euskararik” eta abar. (Jakina, egitura horren azpian "yo sé euskara" eta "yo no sé euskara" espainierazko esamoldeak daude.) Garbi dago hori espainierakada dela, nik izenburu honetan jarri dudana espainieraz “vascada” den ginoan. Izan ere, euskaraz, betidanik esaten izan da “Nik badakit euskaraz” eta “nik ez dakit euskaraz”.

Eta azken esamolde horiek beti erabiltzen izan dira (gaur egun ere bai erabiltzen dira euskaldun arrunten artean), betiere, azken urteotan badator erabilera "berri" hori, nondik eta, gehienbat, irakaskuntzaren arlotik, eta horrexek arduratzen nau, funtsean, bederen, horixe baita etorkizuneko euskararen eta euskaldunen harrobia. Nolanahi ere den, zer da, bada, kontu "berri" hori? Ba al du eraginik une jakin bateko gustuak, edo mintzodunen talde jakin baten joerak, hizkuntza baten eitea aldatzeko? Hala ematen du. Hizkuntza bat eraldatzen denean, badakigu zer dakarren aldaketa horrek? Ez du hala ematen. Eragina etengabe mintzaira jakin batetik beste jakin batera doanean, hizkuntza bik elkarri eman diezaioketen aberastasunaren ordez, gorputz arrotz batek beste baten egiten duen sarraldia behin eta berriro jazotzen delarik, ba ote dugu buruan erabili horrek zein eragin ekar diezaiokeen hizkuntza baten (euskararen) barne egiturari? Horren gaineko gogoeta eginkizun bide dago. Gogoan hartu ote dugu, hizkuntza horren bidez aditzera ematen den munduari eta haren eraketari zein eragin egiten diegun? Okerrena, berriz, lehen esan dudan legez, hauxe da: modu horretara jokatuta, euskararen maila goratzen dugulakoan gaude, zinez agitzen dena haren aitzi doalarik.

"Goi-mailako hizketa" horrek baditu beste hainbat adibide guztion gogoan daudenak, eta egunean baino egunean gehiago entzuten ditugunak, "euskara batuaren eredu" direlakoan. Ez ditut halako adibideak aletuko, baina eurek euskarari ekartzen dizkioten eraginetako batzuk ekarri nahiko nituzke hizpidera: alde batetik, semantikaren arloan badira eragin batzuk, nola den berba batzuek euskaraz inoiz izan ez duten esangura hartzea, ez lehendiko hutsunea betetzeko, ezperen lehendiko berba egokiaren esparrua bere egiteko; bestetik, joskeraren arloan, eta espainieratik zuzenean egindako okerreko kalkoen eraginez, zuzeneko objektu biko esaldiak aurki ditzakegu barra-barra, hala hizkuntza mintzatuan, nola idatzian eta abar. (Bidenabar, espainieratiko maileguak etengabe hartzeak, euskararen bidegabeko itxura-galtzeaz gain, geroago eta elkarrengandik urrunago jartzen gaitu Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunok elkar ulertzetik.)

Hala, bada, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren hirugarren helburu estrategikoa izan behar dugu beti gogoan: euskararen kalitatea zaintzea. Hainbatek uler dezake arazo estetiko hutsaren gainean gabiltzala, eta badirela beste kontu garrantzitsuago batzuk eginkizun. Beste eginbideok berealdiko garrantzia dutela ukatu barik, etorkizun urrunera begira, argi izan behar dugu, gizakiok balioesten ditugun gauzak erabiltzen ditugula, ostera, ezereztzat ditugunak albo batera laga, eurekin berriro ez akordatzeko.


(GOTZON LOBERA REVILLA, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia da)

Inprimatu


Erantzun

 
Euskara jakin
2008-04-10 / 17:52 / Bittor Hidalgo

Agian berandu samar da orain lau-bost urteko artikulu bati erantzuteko (Yo sé EN español / Gotzon Lobera Revilla / 2003-12-12 / erabili.com), baina gaur egin dut artikuluarekin topo eta gaurkoa zelakoan hasi naiz erantzuten. Hala ere hemen, nahi duenarentzat, oraindik ere baliokoa datekeelakoan.

Ez daukat ezer Gotzon Loberak artikuluan aldarrikatu nahi duen espirituaren kontra. Niri ere, berari bezala, euskarazko aho eta idatzizko tradizioa ezagutzea, gorde eta zabaltzea iruditzen zait, euskara maitatzeko bide kuttun izateaz gain, baita ere bide hoberena datorkigukeen zeinahi berrikuntza ere bere balioan juzgatu eta bere onartu edo baztertzeko. Izatez gerotan iraganaren eta tradizioaren ez-ezagutzak garamazke galera bidera, edo bide okerrera, nola presentearen ez-ezagutzak ere gure etxe txokotik haragoxean.

Baina tradizioaren ezagutzea ezinbesteko ere bada inork ausartu gura duenean hizkuntza erabileraren bat gaitzesten edota bultzatzen. G. Loberak artikuluan "euskara jakin" esaera anatemizatu nahi du ozen: «... euskaraz gero eta sarriago agertzen zaizkigu honelako esamoldeak: "Nik euskara dakit", "nik ez dakit euskararik" eta abar. (Jakina, egitura horren azpian "yo sé euskara" eta "yo no sé euskara" espainierazko esamoldeak daude.) Garbi dago hori espainierakada dela, ... Izan ere, euskaraz, betidanik esaten izan da "Nik badakit euskaraz" eta "nik ez dakit euskaraz". // Eta azken esamolde horiek beti erabiltzen izan dira (gaur egun ere bai erabiltzen dira euskaldun arrunten artean), betiere, azken urteotan badator erabilera "berri" hori, nondik eta, gehienbat, irakaskuntzaren arlotik,...».

Harritu nau debeku nahiak 1997rako argitaratua delako Orotariko Hiztegiaren X. alea (Jad-Kop), eta bertan argi dio jakin sarreran (47-8): "Saber, conocer un idioma (con instr[ umental ].) Documentado sobre todo en textos meridionales. La construcción con absoluto es frecuente en textos septentrionales." Eta segidan agertzen ditu hainbat adibide gogoangarri, Bernat Etxeparenetik hasita (hegoaldekoak beltzaskaz) -azken bi adibideak partitiboz ere-:

  • Heuskara ez iakin harren. (B. Etxepare)
  • Zenbait aphur dakidala eskara. (Etxeberri Ziburukoa)
  • Nihork ezin jakin baitzetzakeen munduko hitzkuntza guztiak. (Etxeberri Sarakoa)
  • Aurtasunean diña euskar ere ez dakitela. (Mendiburu)
  • Eskuara baizen ez dakiten arima ... (Baratziart)
  • Ain ederto jakin euskeria ta ... (J.A. Mogel)
  • Jakin izan balute erdera bezein ondo gure euskera. (V. Mogel; eta bere beste 2 adibide ere)
  • Euskera ez jakin arren. (J.I. Arana)
  • Anglesa dakienak daki. (M. Elizanburu)
  • Frantsesa jakin gabe. (Hiriart Urruti)
  • Eskuara nahiz jakin. (Oxobi)
  • Hitzik [ sic ] yakin gabe hango mintzaira. (Manezaundi)
  • Badaki ba euskara ene alabak. (J. Etxepare, eta beste bat ere)
  • Frantsesik ez dakitener. (Etxamendi)
  • 313.000-k baizik ez zekiten engelerarik. (Mirande)

Ez dut nik esango euskaraz jakin ohikoa ez denik (OEHk 15 adibide dakartza oker ezean, baina 18 euskara jakin itxurakoak). Edozein dela ere norberaren erabilera edo intuizioa, aurrerantzean ezin inor ausartu liteke arau bat ematen, aurretik gure corpus gero eta eskuragarriagoei begiratu bat egin gabe. Ez da jakitea, da konturatzea azken mendean izan dugun euskara transmisio sozial eta kultural eskasarekin gure jakinduria partikularra oso eskasa dela oro har.

Eta euskara hitz egin, euskara berba egin, euskara mintzatu, euskara mintzo izan?

Esango litzateke hitz egin eta berba egin aditz lokuzioek objektua berekin daramaten neurrian ezingo luketela euskara bezalako beste objektu bat jaso absolutiboan, eta bai ordea instrumentalean (Euskaraz hitz egiten, Mitxelena, OEH -adibide bakarra-) edota inesiboan (Euskara Sartaldekoan ... -J.I. Arana-, Bizkaiko euskalkian -Alzola- berba egin -adibide bakarrak-). Baina hauekin ere aurkitu liteke inoizka hizkuntza absolutiboan emana, lehen eta orain:

  • Ez eban Jesu Kristok euskerarik berba egin. (J.A. Mogel, Peru Abarka).
  • Ezin jakin zehatz-mehatz nolako euskara hitz egiten zen XVI. mendean (K. Zuazo, Euskararen sendabelarrak 31 -Ereduzko Prosa Gaur-).
  • Hemen ez da gaztelania bakarrik hitz egiten: katalana, galiziera eta euskara ere hitz egiten dira. (K. Berasain, Berria 2005-05-12 -Ereduzko Prosa Gaur-).

Antzekoa pentsatu liteke mintzatu aditzaz, baina Herria astekarian euskaraz mintzatu eta euskara mintzatu biak ageri dira maiz, nahiz bi aldiz gehiago lehenaren itxurakoak. Eta tradizioan ere badira halako hainbat adibide (OEH):

  • Eskuara dezagun ... mintza ... (Arbelbide)
  • Bai amak, bai alabek, mintzatzen dute eskuara. (J. Etxepare)
  • Egiazko azkaindarrek behar lukete ... euskara mintzatu. (Zerbitzari)
  • ..., ez balitz ... ezkuara mintzatu. (Arradoi)
  • Kornubiera mintzatu izan d[ a ]... (Mirande)

Eta antzera gertatzen da egin aditzaren erabilerarekin ere hitz egin edo mintzatu adieran darabilgunean. Arrunta izanen da instrumentala erabiltzea, edota are inesiboa. Baina absolutiboak ere arrunta dirudi:

  • Zer euskera egiten dozuen emen? (Holmer, Gernika)
  • Euskera egiten dezu. (V. Mogel)
  • Etxe onetan euskera egin bearko dozu... (Etxeita)
  • Lotsaria bezela euskera egitea. (Jan-edanaren Bertsoak).

Zertan aritu behar dugu arau eta debeku berriak asmatzen euskal tradizioaren gainetik? Hizkuntzak ez dira logika hutsa, baizik gizakiek historian eraikitako tresna, askotan nahasiak, baina gureak, eta ez dute zertan izan aukera bakarra, unibokoa, egoera bakoitzerako, matematikan bezala.


(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com