![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Joxe Joan Gonzalez Txabarri / Bestelakoak / 2003-12-09 / 07:01
Euskalgintzak egungo hika-mikak alde batera utzi eta elkarlanean jokatu beharra dauka, euskarak etorkizunik izango badu. Euskararen erabilera sustatzeko duela 25 urte eraiki paradigmak egungo egoera berrira egokitu beharra dauka.
Gizarte euskalduna da gipuzkoarra, inon halakorik bada. Beste herrialdeetan baino euskaldun gehiago bizi da gure artean. Biztanle-proportzioz, jardungunez eta funtzio-esparruz hedatuago dago euskara, gainera, gure Lurraldean. Kontua ez da berria: hala izan da XX. mendean, gero eta nabarmenago gainera, eta halatsu da mende berri honen atarian ere. Etxean eta kalean, auzoan eta lagunartean, eskolan eta kulturan, elizan eta aisialdian,... euskarak inon bizi-indar sendorik ageri baldin badu, Gipuzkoan eta bere inguruan ageri du bizi-indar hori.
Euskal Herriak aspalditxotik ekarri duen ibilbide horri azken hamarkadetako gertakaria erantsi behar zaio. Euskara indarberritzearen aldeko apustua egina du, nagusiki, euskal gizarteak: hori da gure biztanleen ezaugarrietako bat. Euskara indartzeari dagokionez, gipuzkoarren beraien gogo-nahi hori eta hainbat herritarren ekimen bizia aipatu behar dira lehenik eta behin. Eta gero, horrekin batera, herri-aginteen eta hainbat erakunde ofizialen ahalegina: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalak batetik, aurrezki-kutxa, unibertsitate-mundua eta zenbait erakunde bestetik. Hogeitabost urteotan bideratu den saioa ez da, nolanahi ere, hutsaren hurrengoa izan. Ahalegin horren lekuko ditugu, besteak beste, egungo eskolak eta irrati-telebistak, euskarazko literatura -ahozkoa barne-, adinekoen alfabetatze-euskalduntzea eta hainbat eragileren lanketaz gorabidean doan kulturgintza. Baita, halako neurri batean, hirugarren sektoreko lan-mundua, zerbitzu publikoak eta administrazio-esparrua elebiduntzea ere.
Herritarren gogoa aintzakotzat hartuz, eta berariazko saio-ekimenak eratuz, bide berriak urratu ditugu gipuzkoarrok goiko esparru horietan. Hori guztia hor dago, bere luze-laburrean: urrun gaude euskaltzale gehienen amets betezko egoeratik; lehen ez bezalako baliabideez horniturik gaude, ordea, hasitako bidean aurrera egiteko. Guztia ez da, halere, aurrerapausoa izan. Indartu ordez ahuldu egin da euskara, Gipuzkoan ere, gizarte-bizitzaren hainbat esparrutan. Ez goi-mailako jardungune eta jakite-esparruetan preseski, baina bai eguneroko bizibide xume, arrunt, lagun-giroko, apal-barrenkoi, hurbilenekoetan.
Mundu osoan hain ezagunak ditugun gertaera globalek eragiten dute, batetik, hiztun-herri txikien ahultze-bide hori: egunetik egunera areagotuz doazen eraldaketa ekonomikoek, teknologiazko berrikuntza etengabeak, ikus-entzunezko komunikabideen leher-eztandak, garraio-bideen eta garraio-aukeren zabalkunde azkarrak, hiriburuan eta herriburu nagusietan ezezik, herri-herrixka gehienetan ere, indartzen ari den urbanizazio-molde berriak, erosketa-gune zabalen lekualdatze eta fokalizatze nabarmenak, aisialdi- eta ostalaritza-zerbitzuen dinamika supralokalak… Berrikuntza horiek eta beste zenbaitek, mesede eta erosotasun ukaezinekin batera, arrisku biziak ekartzen ari dira, lehengoez gain, han-hemengo hiztun-herri txikiei. Horixe ari zaigu guri ere gertatzen, halako neurri batean. Eskolaren eta eskola ondoko lagungarrien bidez lortzen den aurrerapena auzitan jartzen du, askotan, gizarte-berrikuntzaren bilakaera global horrek.
Ezinbestekoa al da hori guztia? Ez noski. Goiko joera horiek mundu zabalekoak direla argudiatzea eta horrexegatik gure esku ez daudela esatea ez da, inola ere, osorik egia. Gipuzkoarron bizibidean eragiten duten erabaki guztiak ez dira, izan ere, hain goian eta hain urrun hartzen: geu gara izan, askotan, berrikuntza horien eragile zuzenak eta itxura-emaile konkretuak. Zer neurritan saiatzen gara zinez, erabaki konkretu horiek hartzerakoan, hizkuntzaren faktorea ere mahai gainean jarri, bere on-gaitzak gizabidez eta zuhurtziaz baloratu, eta azken erabakia jakinaren gainean hartzen? Horretan saiatzen ez bagara, euskararen aldeko ekimen osoa eskolaren eta ohiko kulturgintzaren esparrura mugatzen badugu alegia, zer neurritan esan dezakegu gertatzen ari den bilakaera horretan bertako herri-aginteok inolako erantzukizunik ez dugula?
Gatozen, nolanahi ere, hizkuntza bien elkar-bizitza kontura. Hizkuntza ofizial bi ditugu, ez bat. Euskaraz bizi dira gipuzkoar asko; erdaraz gehienak. Biei zor diegu begirunea, itzala eta babesa.
Hizkuntzen elkar-bizitzaz hitz egitea, ongi dakigunez, abstrakzio modu bat da ordea: hiztunak gara izan ere -hiztunak eta hiztun-taldeak, ez hizkuntzak-, elkar-bizitzaren beharrean gaudenak. Gizarte-integrazioa baldin badugu amets, hizkuntzen edo hiztunen elkartasun kontua oso aintzakotzat hartu behar dugu. Eguneroko jardunean, ez aldian behingo azalpen hotsandikoetan, izan behar dugu irizpide hori kontuan. Guztiok daukagu horretan, askotan besterik badirudi ere, zer ikasia. Zer ikasiaz gainera, zer irabazia ere bai: elkarren ondoan, ez elkarren kontra, bizi ahal izateko neurriak eta soziokulturazko adostasunak behar-beharrezkoak ditugu.
Zer egin dezakegu batzuek eta besteok, adostasun-giro hori lortzeko? Erruak alde bakarrera, besteen bizkarrera beti ere, ez bota: hori da lehenengo-lehenengo neurria, guztiok hartu beharrekoa. Aspalditxo honetan euskaldunei eta euskaltzaleei egozten zaie sarri, egia eta susmo gaiztoa nahas-mahas direla, elkar-bizitza horretarako adostasun-gogorik eza. Euskara hutsezko gizarte "berregin"aren ametsak eraginda, edozein demasia onartu eta justifikatzeko prest egotea, hemen eta orain, leporatzen zaie euskaldun-euskaltzaleei, besteak beste. Euskaltzaletasuna bera, era batera edo bestera, auzigai bihurturik du zenbaitek. Hori ez da bidea: alderik aldeko gaitzespen horietatik ez dago egiazko konponbiderik.
Aitortu dezagun argi, nolanahi ere: hizkuntzen eta hiztun-taldeen elkar-bizitza egonkor-lasaia lortzea, eta bere horretan mantentzea, ez da berez hain gauza erraza. Zailtasun-nekeak are handiagoak dira, begien bistako arrazoiak direla medio, hiztun-talde bien arteko bizi-indarra oso diferentea, desoreka handikoa alegia, den gizarteetan. Are gehiago, hizkuntz bien arteko bereizbide tradizionalak oso ahulduak edo galduak dituzten gizarte-sail modernizatuetan.
Erraza ez izateaz gainera, indartsuaren eta ahularen arteko elkarbizitza egonkor hori posiblea ere ba ote den galdetzen dio bere buruari, eta ez txantxetan noski, bertako eta kanpoko hainbat adituk.
Onar dezagun hortaz, gutxien-gutxienez, korapiloa hor dagoela eta, gaur-gaurkoz, nola askatu behar den elkarrekin adostu beharra daukagula. Egindako bidea ohargarria izanik ere eginkizun daukagu, funtsean, XXI. mendeko Gipuzkoaren elkar hartuzko formulazio soziokultural hori. Egia da, nolanahi ere, hari-mataza horrek punta bat baino gehiago duela eta guztioi dagokigula, zeini bere neurrian, konponbide artezaren bila jardutea. Orain dela hogei edo hogeita bost urte adostasun zabalez onartu genuen paradigma argia, ele biko ofizialtasun simetrikoaren formulazio hura, mesedegarri izan da oro har. Ez hori bakarrik: aurrera begira ere aski probetxuzkoa gerta liteke, lekuan lekuko beharrak eta aukerak gogoan hartuz aplikazio egokia bilatzen bazaio. Gauza bat dago argi, kontu honetan guztian: orain mende-laurden inguruko formulazio global hori garapen konkretuen, zuhurren eta sakonen beharrean dagoela, hizkuntza eta kultura kontuetan egungo hika-mika girotik aterako bagara.
Hartarako, besteak beste, gogoeta-lana bultzatu beharra dago: adituena batetik, era askotako gizarte-eragileena bestetik eta, nola ez, herritarren ordezkarion gogoeta sendoa azkenik. Horra hor, bada, gonbite irekia, gogoetarako eta, batez ere, elkarlanerako.
(JOXE JOAN GONZALEZ TXABARRI, Gipuzkoako diputatu nagusia da)
![]() | Inprimatu |