|
Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna da eta "Euskara jalgi hadi mundura" mezua zabalduko da lau haizetara, hain zuzen ere, Bernard Etxeparek 1545ean plazaratu zuen mezu berbera. Euskararen Eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak euskarari buruzko adierazpen-hausnarketa plazaratu du.
EUSKARA PLAZARA
EUSKARA PLAZARA
Lurbira honetako izaki orok baditu bere adierazpideak. Baina hitza, hizkuntza, gizakiak baino ez. Eta gizakiok hizkuntzaren bidez iristen gara heldutasunera. Gizakiok sortzen dugu hizkuntza, eta hizkuntzak egiten gaitu gizon eta emakume.
Gure aurreko euskaldunek euskara sortu zuten elkar ulertzeko eta elkarri beren sentimenduak eta premiak agertzeko. Eta, ahoz aho, belaunez belaun, gureganaino helarazten jakin dute. Eskerrak, beraz, gure aurreko eta gaurko guraso, irakasle eta herritar guztiei antzinako eta, era berean, etorkizuneko hizkuntza horren jabe egin gaituztelako. Geure ardura da, orain, kateari eustea, hartu dugun ondare hori gure ondorengoengana hel dadin.
Hala eta guztiz, egunero bizi, garatu, birsortu eta hazten ez den hizkuntza zaharkitu, gaixotu eta hil egin ohi da. Euskarak mendeetan zehar iraun du hizkuntza gutxiagotu gisa, hitz egiten zekitenek, asko zein gutxi izan, hainbat erabilera-eremutan erabiltzeko inolako aukerarik izan ez arren, beste batzuetan, ordea, familian eta lagunartean, batez ere, guztiz nagusi zelako.
Orain gero eta gehiago dira hitz egiten dakitenak, eta erabiltzen dutenak ere bai; inoiz erabili izan ez den hainbat esparru ere irabazten ari da. Gaur egun, lehen ez bezala, guraso gutxi geratzen dira euskaraz jakin eta seme-alabei irakasten ez dietenak. Euskara, lehen kanpotik hain gaitzetsia eta bertakoek hain utzia, biziberritzen ari da, eskolari, helduen euskalduntze-alfabetatzeari eta eremu publikotik nahiz pribatutik euskalgintzan dihardutenei esker.
Hala ere, lurralde guztietan euskara ez da berdin suspertu, hedatu eta biziberritu. Ofiziala ez den Nafarroako lur barrutian gutxiago. Iparraldean, berriz, orain arte euskaldunak izan diren herrietan ere, atzerakada beldurgarria izan du urte gutxian. Baina, hodei beltzen artean beti suma daiteke, han eta hemen, hartan eta horretan, eguzki-argi izpiren bat. Ez baita berez hilkor den hizkuntzarik, ezta hilezkor denik ere.
Beraz, aldeak daude lurralde batetik bestera. Askotariko egoera horrek erakusten digu, hain zuzen, gure urratsen nondik norakoa; seguruenik, tokian tokiko lehentasun-helburuak, malgutasunez eta adostasunez, ondo finkatzen asmatzeak ekarriko digu euskarak aurrera egitea, datozen urteotan.
Euskarak hiztun osoak irabazten jarraitu behar du familia bidez, eskolan euskaraz ikasiz edota helduaroan euskararen jabe eginez. Horri lotuta, azken urteotan gure herrira bizimodu berri baten bila etorritako lagunak ere euskararako irabazten asmatu behar dugu. Lehentasunekoa da Iparraldeko eta Nafarroako hiritar guztien euskararen inguruko eskubide guztiak errespetatzea, besteak beste, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoek bermatuta izan dezaten aukera hori. Azkenik, aukera berdintasuna bermatzeaz bat, premiazkoa da urratsak areagotzea euskal hiztunen hizkuntza-gaitasuna sendotzeko eta esparru guztietan euskaraz aritu ahal izateko euskarazko produktu eta zerbitzu erakargarriak eta erabilgarriak denon eskura jartzeko, eta horien kontsumoa bultzatzeko.
Izan ere, euskara komunikazio-tresna bizia da, eguneroko bizitzarako balio digun komunikazio-tresna, erabiliz hobetzen dena.
Horretarako, Euskal Herriko hizkuntza den euskarak babesa, laguntza eta lanerako giroa behar ditu legeen, agintarien eta era guztietako baliabideen aldetik. Euskara eta euskalgintza susmopean jartzeko azken boladan bizi izan ditugun zenbaiten ahaleginek aurrera begira jartzeko balio behar digute, eta ez gure aniztasuna errespetatuta lortu ditugun adostasunak apurtzeko. Euskal gizarteak erakutsi du, orain artean, euskararen alde egiteko kemena baduela. Aurrerantzean ere, hemen bizi garenon arreta, ardura, atxikimendua eta elkarlana beharrezkoak ditugu. Horretan jartzeko deia zabaldu nahi die Euskararen Aholku Batzordeak herritar guztiei Euskararen Eguna den honetan.
(Euskararen Aholku Batzordea, 2003ko abenduaren 3a, Euskararen Eguna)
|