Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Tokiko hedabideen garrantzia euskararen erabileran eragiteko

Iñaki Arruti Landa / Kultura / 2003-11-21 / 07:05


Euskararen erabileran norberaren gertuko gizarte-sareak erabateko garrantzia du. Hain zuzen ere, gertuko gizarte-sare horretan kokatu behar dira tokiko hedabideak eta euskararen erabilera sustatzeko duten garrantzia ere, neurri handi batean, gertukotasun horri lotua dago.



Hasteko, euskararen erabileran eragiten duten faktoreak aipatzea izan daiteke gaia motzean eta zuzen bideratzen hasteko modurik egokiena. Euskarararen Jarraipena ikerketak, garrantziaren hurrenkeran, honela zehazten ditu faktore horiek: (1)

  1. Norberaren harreman-sareko euskaldunen dentsitatea. Zenbat eta gehiagok euskaraz jakin norberaren harreman-sarean –esate baterako, familian, lagunartean edo lanean–, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera. Nolanahi ere, bada gutxieneko edo atalaseko maila bat, euskaraz hitz egiteko ez baita aski solaskideen "erdiek" edo "erdiek baino gehiagok" euskaraz jakitea: beharrezkoa da "denek edo ia denek" euskaraz jakitea.
  2. Norberak euskaraz eta erdaraz hitz egiteko duen erraztasuna. Euskaraz erdaraz baino errazago hitz egiten dutenek erdaraz errazago mintzo direnek baino askoz ere gehiago egiten dute euskaraz.
  3. Norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea edo gune soziolinguistikoa. Zenbat eta handiagoa izan norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea, orduan eta handiagoa da norberaren euskararen erabilera. Gune soziolinguistikoa eta euskararen bizitasun etnolinguistikoa elkarri hertsiki loturik daude. Demografiaren, politikaren, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegitik, euskarak gune soziolinguistiko bakoitzean duen indarra oso ezberdina da.
  4. Euskararekiko interesa eta jarrera. Zenbat eta aldekoagoa izan euskararekiko jarrera, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera.
  5. Euskarazko irratiaren eta telebistaren emanaldiak entzutea edota ikustea. Euskarazko irratia edo telebista gehien entzuten edo ikusten dutenek hitz egiten dute gehien euskaraz.”

Euskararen normalizazioa faktore hauen logikatik azaltzen hasita, esan beharra dago, euskara berreskuratzen ari den Euskal Herriko herri gehienen kasuan, lehenengo eta hirugarren faktoreei dagokienez, euskaldunen dentsitatearekin lotuta baitaude eta arrazoi estrukturalak baitira, gertatzen ari dena da, batetik, elebiduntzen ari den multzoaren (batez ere familia erdaldun eta mistoetako haurren eta gazteen) gertuko harreman-sareek (batez ere familiak eta, gutxiago, lagunarteak) nagusiki erdaldunak izaten jarraitzen dutela oraindik, eta, bestetik, gune soziolinguistikoa ere (herria) oso erdaldundua dagoela, kasu gehienetan, oraindik (erdaldun elebakarrak gehiengoa diren heinean).

Maila pertsonaleko arrazoiari -hizkuntzak hitz egiteko erraztasunari- dagokionez, berriz, erabileran gehien eragiten duen bigarren faktorea alegia, gogoan izan behar da elebidun orekatuak (bi hizkuntzetan erraztasun berarekin hitz egiten dutenak) eta euskal elebidunak (euskaraz erdaraz baino errazago hitz egiten dutenak) izatera heltzen diren ia guztiak euskara familia bidez jasotakoak direla. Kasu gehienetan, gertatzen ari dena da elebidun berri gehienak (gehienak eskola bidez euskaldundutakoak eta beste hainbat euskaltegietan) ez direla elebidun orekatuak eta euskal elebidunak izatera iristen. Beraz, erdaraz euskaraz baino errazago egiten dute, eta, ondorioz, kasu gehienetan, euskaldunen dentsitateak ere laguntzen ez dien heinean, erdaraz egiten dute gehienetan.

Horren guztiaren ondorioz, segurutzat joz euskal elebidun gehienek (gehienak euskara familian jaso dutenak) euskara hurrengo belaunaldiari familian eta ongi transmitituko dietela, datozen urteetarako galdera nagusietako bat hau dela uste dut:

Euskara seme-alabei familia bidez transmitituko ote diete euskara ama-hizkuntza izan ez duten eta irakaskuntza bidez elebidundutakoek (elebidun orekatu batzuk eta erdal elebidun eta elebidun hartzaile gehienek)?

Beraz, euskarak hiztun gehiago eta hobeak lortu behar ditu, eta, horretarako, hizkuntza ondorengoetaratzeko sistemek ahalik eta ondoen funtzionatzeaz gain (familia bidezko transmisioak, irakaskuntza bidezko transmisioak eta helduen euskalduntzeak eta alfabetatzeak), euskararen erabilera zabaldu beharra dago gizartea osatzen duten eremuetan (aisia, komunikabideak, lana...).

Hortxe kokatzen dut nik oro har hedabideen, eta bereziki, tokiko hedabideen garrantzia. Izan ere, ikuspegi kuantitatibo soiletik begiratuta ere (kalitatearen ikuspegitik ere gauza asko esan daitezke), gure bizitzaren zer zati betetzen dute hedabideek?

Galdera hori bera aspaldi egin zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko euskarako zerbitzuak bere buruari. Galdera horri erantzuna Eskola Hiztun Bila (2) liburuan jaso zuen eta, beste hainbat ondorio mamitsuren artean, hau ondorioztatu zuen:

Kontuak zehatz aterata zera esan daiteke, beraz: D ereduan dabilen OHOko haur batek urtean zehar esna pasatzen dituen ordu guztien %14 inguru pasatzen duela bere ikasgelan, euskara edo euskaraz ikasten...

Eskolak, beraz, berak soilik, ezin du. Zein eremutara zabaldu behar da orduan euskararen erabilera?

Bistakoa dirudi egunerokotik eta gertutik (bertatik bertara) ditugun jardun-eremu horietatik hasi behar dugula. Eta zeintzuk dira haur eta gaztetxoen eguneroko eta gertuko jardun-eremu horiek (familiaz eta eskolaz gain)? Eta zeintzuk ditugu guk gertu, eragiteko moduan?

Ez dut ezer berria esango, familiaz eta eskolaz gain, euskarak haur eta gaztetxoentzat balioa izan dezan, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzetik, lagunarteak euskalduntzetik eta beren eguneroko zeregin horiek euskalduntzetik hasi behar dugula esaten badut.

Zeregin horien artean dago komunikabideak kontsumitzea (ikustea, entzutea, irakurtzea eta idaztea –teknologia berri askoren kasuan-). Komunikabide horien artean, ordea, gehienak norberarengandik urruti daude, batez ere norberaren gertuko harreman-sarearen inguruan gertatzen diren gauzak kontakizun, aztergai, izatearen ikuspegitik.

Horra hor, tokiko hedabideek euskararen erabileran eragiteko duten garrantzia aztertzeko modu bat, bai euskararen erabilerak eremuak irabazteko lehentasunak zehazteko ikuspegitik begiratuta, bai ahalegin horretan egingarri izan dezakeguna zehazteko ikuspegitik begiratuta ere (Tele 5ko programazioa euskaraz izan dadin eragiteko eskumenik edo ahalmenik ez dugulakoan).

Tokiko hedabideek euskararen erabileran eragiteko duten garrantzia, ordea, beste hainbat ikuspegitatik ere landu daiteke, adibidez, jatorrizko euskaldun eskolatuek beren inguruan sortzen diren berriak normal-normal euskaraz jasotzeak ekarri duen onuraren ikuspuntutik, euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik ez zuten jatorrizko euskaldun eskolatu gabeek euskaraz eta gertuko dituzten gauzak euskaraz irakur ditzaketela jabetzearen ondorioz sortarazitako harrotasunaren eta normaltasunaren ikuspuntutik, publizitatea euskaraz irakurtzeak euskaraz normal bizi nahi duen euskaldunari ematen dion prestijioaren ikuspuntutik, euskaraz egindako publizitateak euskarazko hedabideak merkatu-legeetan sartzeko bidean daudela adierazten duen ikuspegitik, irratia euskaraz entzuteak ahozkotasunean duen eraginaren ikuspegitik...

Ikuspegi gehiegi dira artikulu bakar batean laburbildu nahi izateko. Ikuspegi horiek guztiek, ordea, gonbita egiten digute “Tokiko hedabideak etorkizunera begira” Topagunearen III. jardunaldietara joateko.

(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Euskara teknikaria da)

Oin-oharrak:

(1) EUSKO JAURLARITZA. HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILORDETZA (1995). Euskararen jarraipena. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.(119-167 orriak)

(2) EUSKO JAURLARITZA. HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA (1991). Eskola hiztun bila. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.(20. orria)

Inprimatu


Erantzunak


Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira

erabili.com / 2003-11-21 / 07:05

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira izeneko jardunaldia antolatu du Zamudioko Teknologi Parkean 2003ko azaroaren 28an eta 29an. Hona hemen jardunaldi horri buruzko informazioa:

Tokiko hedabideak etorkizunera begira

Hamabost urte dira jada Euskal Herrian hurbileko informazioa jorratzen duten herri-aldizkariak kaleratzen hasi zirela. Egia esan, lehenagotik zetorren mugimendua, baina hori bai, ordura arte kaleratzen ziren produktuak lar definitu barik zeuden. 1988 hondarrean, ordea, mugarri erabakigarria ezarri eta produktu definituagoa atera zuen jendartera Arrasate Press aldizkariak; izan ere, herri jakin bateko informazioa herritarren ikuspegitik landuta eta herritarrei eurei zuzenduta argitaratzeari ekin baitzion aldizkari horrek.

Arrasatearren ereduari jarraiki, beste hainbat kazeta sortu zen Euskal Herriaren luze-zabalean, euskara elkarteen magalean eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin. Hamabost urte igaro dira ordudanik, eta bizi-bizi dirauen fenomeno horri begira jarri eta hausnarketari ekiteko unea ere badugu honenbestez.

Hausnartu, gaur egungo aldizkariak ez direlako ordukoak modukoak, euren antolaketa-modua zein inguruko errealitatea bera ere aldatu egin direlako. Hausnartu, mundua bera ere etxean kabitzen zaigulako unibertso birtuala indarrean denez geroztik. Hausnartu, irrati, telebista eta kazetak komunikazio-proiektu bateratuetan biltzen ari direlako, eta horrek denorrek, ezinbestean, gure jokamoldea zein kazeten jarduna baldintzatzen duelako.

Hori dela-eta, beharrezko ez ezik ezinbesteko iritzi diogu gogoeta egiteari, non gauden eta bidean aurreraka osasuntsu jarraitu gura badugu zer egitea komeni zaigun argitzeko. Eta globalki pentsatu eta lokalki jarduten segi nahi dugunez, egoera orokorra ikertzeari ekingo diogu lehenengo eta behin, Europan hizkuntza gutxituetan diharduten toki-hedabideak zertan diren jakin eta eredu zehatz batzuk aztertzeko. Euskal Herrira begira jarriko gara ondoren, gurean diren informazio-enpresen berri izan eta euskarazkoen garrantzia zenbaterainokoa den egiaztatze aldera.

Behin jarduera-markoak definituta, kontu zehatzagoak ikertzeko txanda iritsiko da gero: lege berriak eta euren eragina tokiko hedabideetan, euskarazko hedabideen arteko elkarlan-aukerak, egitasmo berriak (horietako batzuk Topaguneak berak aurkeztuko ditu), internetek ekarritako aldaketak, multimedia-egitasmoak… Hausnarketa orokor horrek, zalantzarik gabe, gure produktuak txukundu, estrategiak doitu eta euskal hizkuntza-komunitatean modu eraginkorragoan eragiteko balioko digu.

Esan dezagun, azkenik, azaroaren 28 eta 29an Zamudioko Teknologi Parkean egingo diren jardunaldi hauek batez ere euskarazko hurbileko komunikabideetan dihardutenei zuzenduta daudela; alabaina, nola informazio munduarekiko hala euskalgintza berarekiko interesik duen edonork har dezake parte berauetan.

Helburuak

Euskarazko kazetagintza garaikidearen diagnosia egitea, aukerak aztertu eta etorkizunera begira tokiko hedabideentzat estrategia egokiak prestatze aldera. Horretarako, ahalik eta perspektibarik globalena izateko asmoz, euskaraz diharduten hedabideen esperientzia zehatzak ikertzeaz gain Europako beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientziak ere ezagutuko ditugu.


Prentsa Euskal Herrian


Tokiko prentsa hizkuntza gutxituetan eta Europan


Tokiko hedabideen Kudeaketarako zenbait proposamen

IRRATIA

TELEBISTA

EUSKALKIA, INGENIARITZA LINGUISTIKOA, WEB-ORRIAK

ASTEON

TOKIKO MULTIMEDIAK

Arrasate Press-en 15. urteurrena: omenaldia eta jaialdi txikia

Hamabost urte bete ditu jada euskarazko herri-informazioa lantzen aitzindari izan zen Arrasate Pressek. Hori dela-eta, jardunaldion amaiera-ekitaldia kazeta horri eskainitako omenaldi xume bezain beroa izango da. Bertan, besteak beste, euskarazko eskualde-prentsan inork baino bide luzeagoa egina duen Ttipi-Ttapa kazetako ordezkariek ere hartuko dute parte.

Jardunaldiak jantzi eta ilustratzeko, bestalde, erakusketa bat atondu da. Bertan, alde batetik, herri-aldizkarien ibilbidea erakusten duten kartelak paratu dira; bestetik, berriz, Europako kazetagintza lokaleko esperientzia adierazgarrienak ere ikusgai izango dira.

Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira Jardunaldian izena emateko HEMEN


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1069088711