Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Tokiko hedabideen garrantzia euskararen erabileran eragiteko

Tokiko hedabideen garrantzia euskararen erabileran eragiteko

2003-11-21 / 07:05 / Iñaki Arruti Landa   KULTURA

Euskararen erabileran norberaren gertuko gizarte-sareak erabateko garrantzia du. Hain zuzen ere, gertuko gizarte-sare horretan kokatu behar dira tokiko hedabideak eta euskararen erabilera sustatzeko duten garrantzia ere, neurri handi batean, gertukotasun horri lotua dago.

Hasteko, euskararen erabileran eragiten duten faktoreak aipatzea izan daiteke gaia motzean eta zuzen bideratzen hasteko modurik egokiena. Euskarararen Jarraipena ikerketak, garrantziaren hurrenkeran, honela zehazten ditu faktore horiek: (1)

  1. Norberaren harreman-sareko euskaldunen dentsitatea. Zenbat eta gehiagok euskaraz jakin norberaren harreman-sarean –esate baterako, familian, lagunartean edo lanean–, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera. Nolanahi ere, bada gutxieneko edo atalaseko maila bat, euskaraz hitz egiteko ez baita aski solaskideen "erdiek" edo "erdiek baino gehiagok" euskaraz jakitea: beharrezkoa da "denek edo ia denek" euskaraz jakitea.
  2. Norberak euskaraz eta erdaraz hitz egiteko duen erraztasuna. Euskaraz erdaraz baino errazago hitz egiten dutenek erdaraz errazago mintzo direnek baino askoz ere gehiago egiten dute euskaraz.
  3. Norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea edo gune soziolinguistikoa. Zenbat eta handiagoa izan norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea, orduan eta handiagoa da norberaren euskararen erabilera. Gune soziolinguistikoa eta euskararen bizitasun etnolinguistikoa elkarri hertsiki loturik daude. Demografiaren, politikaren, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegitik, euskarak gune soziolinguistiko bakoitzean duen indarra oso ezberdina da.
  4. Euskararekiko interesa eta jarrera. Zenbat eta aldekoagoa izan euskararekiko jarrera, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera.
  5. Euskarazko irratiaren eta telebistaren emanaldiak entzutea edota ikustea. Euskarazko irratia edo telebista gehien entzuten edo ikusten dutenek hitz egiten dute gehien euskaraz.”

Euskararen normalizazioa faktore hauen logikatik azaltzen hasita, esan beharra dago, euskara berreskuratzen ari den Euskal Herriko herri gehienen kasuan, lehenengo eta hirugarren faktoreei dagokienez, euskaldunen dentsitatearekin lotuta baitaude eta arrazoi estrukturalak baitira, gertatzen ari dena da, batetik, elebiduntzen ari den multzoaren (batez ere familia erdaldun eta mistoetako haurren eta gazteen) gertuko harreman-sareek (batez ere familiak eta, gutxiago, lagunarteak) nagusiki erdaldunak izaten jarraitzen dutela oraindik, eta, bestetik, gune soziolinguistikoa ere (herria) oso erdaldundua dagoela, kasu gehienetan, oraindik (erdaldun elebakarrak gehiengoa diren heinean).

Maila pertsonaleko arrazoiari -hizkuntzak hitz egiteko erraztasunari- dagokionez, berriz, erabileran gehien eragiten duen bigarren faktorea alegia, gogoan izan behar da elebidun orekatuak (bi hizkuntzetan erraztasun berarekin hitz egiten dutenak) eta euskal elebidunak (euskaraz erdaraz baino errazago hitz egiten dutenak) izatera heltzen diren ia guztiak euskara familia bidez jasotakoak direla. Kasu gehienetan, gertatzen ari dena da elebidun berri gehienak (gehienak eskola bidez euskaldundutakoak eta beste hainbat euskaltegietan) ez direla elebidun orekatuak eta euskal elebidunak izatera iristen. Beraz, erdaraz euskaraz baino errazago egiten dute, eta, ondorioz, kasu gehienetan, euskaldunen dentsitateak ere laguntzen ez dien heinean, erdaraz egiten dute gehienetan.

Horren guztiaren ondorioz, segurutzat joz euskal elebidun gehienek (gehienak euskara familian jaso dutenak) euskara hurrengo belaunaldiari familian eta ongi transmitituko dietela, datozen urteetarako galdera nagusietako bat hau dela uste dut:

Euskara seme-alabei familia bidez transmitituko ote diete euskara ama-hizkuntza izan ez duten eta irakaskuntza bidez elebidundutakoek (elebidun orekatu batzuk eta erdal elebidun eta elebidun hartzaile gehienek)?

  • Erantzuna baiezkoa bada, euskaldunen elebitasun-mota asko hobetuko da (elebidun orekatu eta euskal elebidun gehiago eta hobeak osatuko dira), eta, ondorioz (harreman-sareak eta gune soziolinguistikoa euskaldunduz badoaz), erabileran aurrerakada nabarmenak ikusi ahalko ditugu (euskaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa izango dutelako eta, beraz, gehiago egingo dutelako, seguru asko).
  • Erantzuna ezezkoa bada, elebitasun-motak lehengoan jarraituko du, oro har (euskara gehienbat eskola bidez jasoz), eta zail izango da hoberako aldaketarik nabarmentzea.
  • Erantzuna, noski, ez dago aldez aurretik erabakita, eta oso erabakigarria izango da belaunaldi horiek, hizkuntza belaunaldi berriei transmititzera iritsi aurretik, zer esperientzia izango dituzten eta izaten ari diren hizkuntzarekin, irakaskuntza barruan nahiz kanpoan (aisialdia, lana, administrazioa, komunikabideak...), baina ardurako test bat izango da ea hurrengo belaunaldian euskarak ama-hizkuntza gisara gora egiten duen ala ez.

Beraz, euskarak hiztun gehiago eta hobeak lortu behar ditu, eta, horretarako, hizkuntza ondorengoetaratzeko sistemek ahalik eta ondoen funtzionatzeaz gain (familia bidezko transmisioak, irakaskuntza bidezko transmisioak eta helduen euskalduntzeak eta alfabetatzeak), euskararen erabilera zabaldu beharra dago gizartea osatzen duten eremuetan (aisia, komunikabideak, lana...).

Hortxe kokatzen dut nik oro har hedabideen, eta bereziki, tokiko hedabideen garrantzia. Izan ere, ikuspegi kuantitatibo soiletik begiratuta ere (kalitatearen ikuspegitik ere gauza asko esan daitezke), gure bizitzaren zer zati betetzen dute hedabideek?

Galdera hori bera aspaldi egin zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko euskarako zerbitzuak bere buruari. Galdera horri erantzuna Eskola Hiztun Bila (2) liburuan jaso zuen eta, beste hainbat ondorio mamitsuren artean, hau ondorioztatu zuen:

Kontuak zehatz aterata zera esan daiteke, beraz: D ereduan dabilen OHOko haur batek urtean zehar esna pasatzen dituen ordu guztien %14 inguru pasatzen duela bere ikasgelan, euskara edo euskaraz ikasten...

Eskolak, beraz, berak soilik, ezin du. Zein eremutara zabaldu behar da orduan euskararen erabilera?

Bistakoa dirudi egunerokotik eta gertutik (bertatik bertara) ditugun jardun-eremu horietatik hasi behar dugula. Eta zeintzuk dira haur eta gaztetxoen eguneroko eta gertuko jardun-eremu horiek (familiaz eta eskolaz gain)? Eta zeintzuk ditugu guk gertu, eragiteko moduan?

Ez dut ezer berria esango, familiaz eta eskolaz gain, euskarak haur eta gaztetxoentzat balioa izan dezan, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzetik, lagunarteak euskalduntzetik eta beren eguneroko zeregin horiek euskalduntzetik hasi behar dugula esaten badut.

Zeregin horien artean dago komunikabideak kontsumitzea (ikustea, entzutea, irakurtzea eta idaztea –teknologia berri askoren kasuan-). Komunikabide horien artean, ordea, gehienak norberarengandik urruti daude, batez ere norberaren gertuko harreman-sarearen inguruan gertatzen diren gauzak kontakizun, aztergai, izatearen ikuspegitik.

Horra hor, tokiko hedabideek euskararen erabileran eragiteko duten garrantzia aztertzeko modu bat, bai euskararen erabilerak eremuak irabazteko lehentasunak zehazteko ikuspegitik begiratuta, bai ahalegin horretan egingarri izan dezakeguna zehazteko ikuspegitik begiratuta ere (Tele 5ko programazioa euskaraz izan dadin eragiteko eskumenik edo ahalmenik ez dugulakoan).

Tokiko hedabideek euskararen erabileran eragiteko duten garrantzia, ordea, beste hainbat ikuspegitatik ere landu daiteke, adibidez, jatorrizko euskaldun eskolatuek beren inguruan sortzen diren berriak normal-normal euskaraz jasotzeak ekarri duen onuraren ikuspuntutik, euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik ez zuten jatorrizko euskaldun eskolatu gabeek euskaraz eta gertuko dituzten gauzak euskaraz irakur ditzaketela jabetzearen ondorioz sortarazitako harrotasunaren eta normaltasunaren ikuspuntutik, publizitatea euskaraz irakurtzeak euskaraz normal bizi nahi duen euskaldunari ematen dion prestijioaren ikuspuntutik, euskaraz egindako publizitateak euskarazko hedabideak merkatu-legeetan sartzeko bidean daudela adierazten duen ikuspegitik, irratia euskaraz entzuteak ahozkotasunean duen eraginaren ikuspegitik...

Ikuspegi gehiegi dira artikulu bakar batean laburbildu nahi izateko. Ikuspegi horiek guztiek, ordea, gonbita egiten digute “Tokiko hedabideak etorkizunera begira” Topagunearen III. jardunaldietara joateko.

(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Euskara teknikaria da)

Oin-oharrak:

(1) EUSKO JAURLARITZA. HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILORDETZA (1995). Euskararen jarraipena. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.(119-167 orriak)

(2) EUSKO JAURLARITZA. HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA (1991). Eskola hiztun bila. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.(20. orria)

Inprimatu


Erantzun

 
Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira
2003-11-21 / 07:05 / erabili.com

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira izeneko jardunaldia antolatu du Zamudioko Teknologi Parkean 2003ko azaroaren 28an eta 29an. Hona hemen jardunaldi horri buruzko informazioa:

Tokiko hedabideak etorkizunera begira

Hamabost urte dira jada Euskal Herrian hurbileko informazioa jorratzen duten herri-aldizkariak kaleratzen hasi zirela. Egia esan, lehenagotik zetorren mugimendua, baina hori bai, ordura arte kaleratzen ziren produktuak lar definitu barik zeuden. 1988 hondarrean, ordea, mugarri erabakigarria ezarri eta produktu definituagoa atera zuen jendartera Arrasate Press aldizkariak; izan ere, herri jakin bateko informazioa herritarren ikuspegitik landuta eta herritarrei eurei zuzenduta argitaratzeari ekin baitzion aldizkari horrek.

Arrasatearren ereduari jarraiki, beste hainbat kazeta sortu zen Euskal Herriaren luze-zabalean, euskara elkarteen magalean eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin. Hamabost urte igaro dira ordudanik, eta bizi-bizi dirauen fenomeno horri begira jarri eta hausnarketari ekiteko unea ere badugu honenbestez.

Hausnartu, gaur egungo aldizkariak ez direlako ordukoak modukoak, euren antolaketa-modua zein inguruko errealitatea bera ere aldatu egin direlako. Hausnartu, mundua bera ere etxean kabitzen zaigulako unibertso birtuala indarrean denez geroztik. Hausnartu, irrati, telebista eta kazetak komunikazio-proiektu bateratuetan biltzen ari direlako, eta horrek denorrek, ezinbestean, gure jokamoldea zein kazeten jarduna baldintzatzen duelako.

Hori dela-eta, beharrezko ez ezik ezinbesteko iritzi diogu gogoeta egiteari, non gauden eta bidean aurreraka osasuntsu jarraitu gura badugu zer egitea komeni zaigun argitzeko. Eta globalki pentsatu eta lokalki jarduten segi nahi dugunez, egoera orokorra ikertzeari ekingo diogu lehenengo eta behin, Europan hizkuntza gutxituetan diharduten toki-hedabideak zertan diren jakin eta eredu zehatz batzuk aztertzeko. Euskal Herrira begira jarriko gara ondoren, gurean diren informazio-enpresen berri izan eta euskarazkoen garrantzia zenbaterainokoa den egiaztatze aldera.

Behin jarduera-markoak definituta, kontu zehatzagoak ikertzeko txanda iritsiko da gero: lege berriak eta euren eragina tokiko hedabideetan, euskarazko hedabideen arteko elkarlan-aukerak, egitasmo berriak (horietako batzuk Topaguneak berak aurkeztuko ditu), internetek ekarritako aldaketak, multimedia-egitasmoak… Hausnarketa orokor horrek, zalantzarik gabe, gure produktuak txukundu, estrategiak doitu eta euskal hizkuntza-komunitatean modu eraginkorragoan eragiteko balioko digu.

Esan dezagun, azkenik, azaroaren 28 eta 29an Zamudioko Teknologi Parkean egingo diren jardunaldi hauek batez ere euskarazko hurbileko komunikabideetan dihardutenei zuzenduta daudela; alabaina, nola informazio munduarekiko hala euskalgintza berarekiko interesik duen edonork har dezake parte berauetan.

Helburuak

Euskarazko kazetagintza garaikidearen diagnosia egitea, aukerak aztertu eta etorkizunera begira tokiko hedabideentzat estrategia egokiak prestatze aldera. Horretarako, ahalik eta perspektibarik globalena izateko asmoz, euskaraz diharduten hedabideen esperientzia zehatzak ikertzeaz gain Europako beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientziak ere ezagutuko ditugu.


Prentsa Euskal Herrian

  • EUSKARAZKO HEDABIDEEN PISUA EUSKAL HERRIAN
    • Santi Urrutia, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea

    Euskal Herrian zeintzuk hedabide-talde nagusi dauden ikertuko dugu, haien enpresa-egitura aztertzeaz batera. Behin Ipar zein Hego Euskal Herriko informazio-enpresen mapa marraztuta, mapa horretan euskarazko hedabideek zenbateko lekua betetzen duten ikusiko dugu puntuan.

  • GLOBALIZAZIO-GARAIOTARAKO IRAUPEN-ESTRATEGIA BAT EUSKAL HIZKUNTZA-KOMUNITATEARENTZAT: KOMUNIKAZIO-ESPARRU AUTOZENTRATUA
    • Aitor Zuberogoitia, Topagunearen Hedabide Saileko sustatzailea

    Euskal Herriko prentsa elebidunak euskararen normalizazioan duen eragina aztertuko da hitzaldi honetan. Euskal Herriko prentsa abertzale elebidun garaikidean euskarak duen presentziaz ariko da hizlaria, azken urteetan izandako bilakaera aztertzeaz gain. Era berean, globalizazio-garaiotan euskarazko komunikazio-esparruak duen garrantziari buruz ere hausnartuko du, hizkuntza-komunitatearen barne-kohesioa areagotzeko estrategia gisa autozentramendua proposatuta.

  • TOKIKO PRENTSA NORMALIZAZIOAREN IKUSPEGITIK (Mahai-ingurua)
    • Partaideak: Idoia Camacho (Informazio Zientzietan doktorea), Aitor Zuberogoitia (Topagunearen Hedabide Saileko sustatzailea), Patxi Goenaga (Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza-Politikarako sailburuordea).
    • Moderatzailea: Alex Aisa (kazetaria)

    Orain 15 urte, Arrasate Pressen sorrera-garaian, nekez aurreikus zitekeen herri aldizkarietan gerora izan den garapen-zabalkundea. Ordutik hona, lekuko informazioari dagokionean Hego Euskal Herrian azpiak jan dizkio euskarak erdarari. Haatik, urteak igarotzearekin batera garaiak ere aldatu dira; hortaz, informazio-gizarte globalizatuan desafio berriei egin beharko die aurre tokiko prentsak. Horiek identifikatzeaz gain, berauek gainditzeko estrategiak izango dituzte hizpide mahai-inguru honetako parte-hartzaileek, euskararen normalizazioa ardatz hartuta.

  • EUSKARAZKO PRENTSA: ESTRATEGIA POSIBLEAK (Mahai-ingurua)
    • Partaideak: Alazne Aiestaran (Drogetenitturri kazetako koordinatzaile eta Informazio Zientzietan doktoregaia), Joan Mari Larrarte (EKTSAko administrazio-kontseiluko idazkaria), Jose Mari Muxika (Topaguneko lehendakaria), Nerea Azurmendi (kazetaria).
    • Moderatzailea: Josi Basterretxea (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea).

    Nabarmena da euskarazko prentsaren pisu urria gaztelania zein frantsesezkoarekin alderatuta; ezinbestekoa da, beraz, euskaraz lanean diharduten hedabideen osasun-egoera aztertzea. Horretan dihardu Alazne Aiestaranek, eta euskal kazeten arteko elkarlana zertan den ere ikertu du bidenabar. Bere lanaren ondorioak azalduko dizkigu lehenengo eta behin.

    Aiestaranen azalpenen ostean, euskarazko kazetagintzako eragile nagusienetakoak mintzatuko dira segidan, eta nazio-prentsaren zein tokiko kazeten diagnostikoa egiteaz gain (ahuleziak, indarguneak, desafio nagusiak) aurrera begira jarri eta estrategia posibleak izango dituzte hizpide.


Tokiko prentsa hizkuntza gutxituetan eta Europan

  • HIZKUNTZA GUTXITUAK ETA TOKIKO HEDABIDEAK EUROPAN: MAPA OROKORRA
    • George Jones, Mercator erakundearen Hedabide Saileko ikertzailea

    Euskal Herriko tokiko hedabideen berri izateaz gain, Europako beste hedabide batzuek eskainitako ereduak ere aztertuko dira jardunaldiotan. Horretarako, ahalik eta perspektibarik globalena izate aldera, Europa mendebaldean eremu urriko hizkuntzak baliatzen dituzten hedabide lokalak zertan diren azalduko du Mercator erakunde europarreko ikertzaile honek.

  • ESPERIENTZIA ZEHATZ BAT: GALESKO KASUA
    • George Jones, Mercator erakundearen Hedabide Saileko ikertzailea

    Behin orokortasuna aztertuta, kasu zehatz bat ikertzeko paradarik ere izango da: Galesen galesez diharduten hedabideen berri emango digu ikertzaile honek, berauen enpresa-egitura, zabalkunde, merkatu-estrategia eta enparauei arreta berezia eskainita.


Tokiko hedabideen Kudeaketarako zenbait proposamen

IRRATIA

  • IPARRALDEKO EUSKAL IRRATIAK: ELKARLANAREN AITZINDARI
    • Lucien Etxezaharreta (Gure Irratiako esataria)

    1980ko hamarraldi hasieran sortu eta gutxira ekin zioten elkarlanari Ipar Euskal Herrian euskara hutsez (Gure Irratia) edo nagusiki euskaraz (Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza) diharduten hiru irratiek. Hasierako aldizkako elkarlan hura sendotu egin da gerora, horretarako propio sortutako egitura bati esker. Horren guztiaren eta etorkizuneko egitasmoen berri izateko parada eskainiko du hitzaldi honek.

  • EUSKADI IRRATIA: LOKALA ETA GLOBALA UZTARTU GURAN
    • Julian Beloki (Euskadi Irratiako zuzendaria)

    Irrati autonomikoa da Euskadi Irratia; izatez, beraz, EAE da bere eragin-eremua, baina gero, de facto, euskararen lurralde osoan entzun daiteke. Euskal Herriaren zatiketa administratiboak, ordea, zaildu egiten dio hizkuntza-komunitate osoaren kohesio-tresna izatea; ezin ahantzi, era berean, muga legalez gain bestemoduzkoak ere badirela (albo-estatuen arabera egituraturiko erreferentzia-esparruak, berbarako). Zelan gainditu horiek, hizkuntza-komunitatearen kohesio-tresna bihurtuta? Eta aro globalean bizi garen honetan, zelan zuzendu diasporako euskaldunengana? Eta, Euskal Herrira bueltatuta, posible ote da bertoko irrati lokalekin elkarlanean deskonexioei-eta ekitea? Horiek guztiak izango dira hizpide hitzaldi honetan.

  • ARROSAKO EKOIZPEN-ZENTROA: ELKARLANEAN SAKONDU NAHIAN
    • Txema Uriarte (Ostarte 7 elkarteko eta Tas-Tas irratiko kidea)

    Egitasmo gazte bezain erakargarria da Arrosa irrati ekoizpen-zentroarena. Egitasmo horretara bildu dira Euskal Herriko hainbat irrati, libreak zein pribatuak, herri bakarrari begira ari direnak edota eskualde zein herrialde oso batentzat dihardutenak, euskara hutsez lan egiten dutenak zein ele bitan dabiltzanak. Asmo komun argia daukate ordea: euskarazko irratigintza sustatu gura dute, trukean eta elkarlanean oinarrituta. Horretarako funtsezko tresna, irrati-zerbitzaria, prest daukate dagoeneko. Jauzi kualitatibo handia ematear den proiektu hau ezagutzeko aukera izango dugu, beraz.

  • ESKUALDE-IRRATIEN LEKUKOTASUNAK I: BELEIXE IRRATIA
    • Alfredo Alvaro (Beleixe Irratiako esataria)

    Sakana eskualde osoan entzun daiteke Beleixe Irratia urte batzuetatik hona. Irrati txikia den aldetik, bere jardunak ondo islatzen ditu hedabide txikiek bizi ahal izateko dauzkaten oztopoak, eta baita oztopook gainditzeko bideratu ohi diren ekimenak ere (ez alferrik, Nafarroako beste zenbait irrati txikirekin elkarlana urratzen hasiak dira Beleixekoak). Euren desafio eta proiektuen berri emango dute mintzaldian.

  • ESKUALDE-IRRATIEN LEKUKOTASUNAK II: EUSKALERRIA IRRATIA
    • Mikel Bujanda (Euskalerria Irratiako esataria)

    Lege aldetik izatea ukatzen dioten arren, ibilbide luzea egina du honezkero irrati honek, Iruñea aldeko euskaldunentzat erreferentzia saihestezin bihurtuta. Bere ibilbide jada luze samarrari buruzko informazioa emateaz gain, gaur egun zertan diren azaldu eta aurrera begirako asmoak argituko ditu hizlariak.

TELEBISTA

  • LEGE BERRIAREN ERAGINA HEGO EUSKAL HERRIKO HERRI-TELEBISTEN EGUNGO MAPAN
    • Bea Narbaiza (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea).

    2002ko espainiar Estatuko aurrekontu orokorren baitan onartutako lege berriak herri-telebisten egungo mapari bete-betean eragingo dio. Baina zer berrikuntza dakar lege honek? Arlo teknikoan, programazioetako edukietan, kudeaketan… hainbat kontutan sumatuko dira aldaketak. Badirudi, adibidez, komunikazio-talde handien telebista lokalek zenbait muga izango dituztela esparru honetan lanean jarraitzeko; hala ere, ez dago batere argi etorkizuneko herri-telebisten mapa utzi beharko ote duten. Legea, bestalde, euskarazko herri-telebistei bultzada bat emateko aukera ona izan daiteke. Kontua, ordea, ondo aztertu behar da, eta hori da hain justu hizlariak egingo duena.

  • EUSKARAZKO TELEBISTEN SAREA POSIBLE OTE? (Mahai-ingurua)
    • Partaideak: Gorka Etxabe (GoiTBko zuzendaria), Joseba Igarabide (Xaloa Telebistako zuzendaria), Edorta Arana (EHUko irakaslea)
    • Moderatzailea: Maria Agirre (Arrasate Irratiako zuzendaria)

    Sei toki-telebista ari dira beharrean egun Euskal Herrian, euskaraz lan egiten eta gauza dezente egin daitezke norabide berean lanean jarriz gero, are gehiago ETB1 ere hortxe dela kontuan hartuta. Haatik, posible ote da euskarazko telebisten sarea antolatzea? Zelako onurak ekarriko lituzke horrek? Zeintzuk dira trabak? Batzuk zein besteak azaleratuko dira proposamen zehatzei buruz hausnartzeko balioko duen mahai-inguru honetan.

EUSKALKIA, INGENIARITZA LINGUISTIKOA, WEB-ORRIAK

  • EUSKALKIAREN TRATAMENDUA TOKIKO HEDABIDEETAN: ANBOTOREN EREDUA
    • Xabier Amuriza (Anboto kazetaren hizkuntza-arduraduna)

    Gauza jakina da gertutasuna dela kazeta lokalen balio erantsi nagusienetako bat. Gertutasun hori tokian tokiko euskara baliatuta lor daiteke, eta egin ere hori egiten du zenbait kazetak. Alabaina, horrelakoetan arazoak sortu ohi dira, zenbaitetan ez baita izaten ez eredu ez irizpide argirik. Hitzaldi honek, ordea, bere eredua ondo definiturik daukan Anboto kazetaren adibide praktikoa aztertzeko parada eskainiko du.

  • EUSKARA ETA GARAPEN TEKNOLINGUISTIKOA
    • Araceli Díaz de Lezana (Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio arduraduna)

    Gaur egungo gizartean komunikazioa, geroz eta globalagoa izateaz gain, geroz eta elektronikoagoa ere bada. Horrek, bistan denez, hizkuntza guzti-guztiei eragiten die. Hori dela-eta, garapen teknolinguistikoa zertan den eta hizkuntzen ingeniaritzan emaniko pausoek euskarari zer eman edo zer ken diezaioketen azalduko digu azken ikerketen berri zehatza daukan hizlari honek.

  • WEB-ORRIEN KUDEAKETARAKO BEHARRAK: AUKERAK ETA MUGAK
    • Jabi Zabala (Zenbat Gara elkarteko webgunearen kudeatzailea) eta Luis Fernandez (Code & Syntax enpresako proiektu-arduraduna)

    Eragingarri izango bada, edozein enpresa, hedabide edo taldek ezinbesteko du gaur egun interneten presente egotea. Haatik, webguneen eguneroko kudeaketak hainbat buruhauste eman ohi ditu; horiek aztertu eta unibertso birtualak tokiko prentsari eskaini ahal dionaz gogoeta egingo dute arlo horretan dezenteko esperientzia daukaten bi lagun hauek.

ASTEON

  • ASTEON TELEBISTA-ASTEKARIA: EUSKARAZ, KALITATEZ ETA ZABALKUNDEA BERMATUTA
    • Asteoneko erredakzio-zuzendaria

    Jauzi handia izango da Asteon telebista-astekaria kaleratzea. Arlo kualitatiboari dagokionean, gurean orain arte batez ere erdarazko aldizkariek jorratu izan duten arlo bat euskaraz jorratzeari ekingo zaiolako, kalitatezko kazetari-talde profesional baten bermepean ekin ere; eta kopuruei gagozkiela, Asteonek, zenbaki bakoitzeko banatuko dituen 60.000tik gora aleekin, orain arte euskal astekari batek inoiz izan duen zabalkunderik handiena hirukoiztuko duelako. Bada nahikoa arrazoi egitasmo honetaz gehiago jakiten hasteko.

TOKIKO MULTIMEDIAK

  • EDIT-ON ETA TOPAGUNEAREN ATARI DINAMIKOA: INFORMAZIOAREN KUDEAKETARAKO PUNTAKO TEKNOLOGIA HERRI-KOMUNIKABIDEEN ESKU
    • Xabier Telleria (Topagunearen informatika-teknikaria) eta Iker Martinez de Lagos (Topagunearen administrari-burua)

    Berak koordinaturiko kazeta eta euskara-elkarteen jarduna eraginkorrago egite aldera, egitasmo garrantzitsu bi bideratu eta gauzatu ditu Topaguneak: batetik, EDIT-ON, herri-aldizkarien esku jarriko den edizio-sistema aurreratua; bestetik, atari dinamikoa, kazetek eurak eta euskara-elkarteen beste jarduna sareratzea ahalbidetuko duen webgune osatua. Biak ala biak hitzaldi honetan aurkeztuko dituzte.

  • OMROP FRYSLAN, FRISIERAZ DIHARDUEN TALDE MULTIMEDIA
    • Onno Falkena, Omrop Fryslanen webgunearen kudeatzailea

    Hiru estaturen menpe dago Frisia gaur egun: Danimarka, Alemania eta Herbehereen menpe, hurrenez hurren. Dena dela, Herbehereetan bizi dira frisiera-hiztun gehienak. Bertan, gainera, Omrop Fryslan multimedia-egitasmoak interneten, telebistan eta irratian frisieraren presentzia bermatzea lortu du. Haien ereduaz gehiago jakiteko aukera izango dugu hitzaldi honetan.

  • GOIENA MULTIMEDIA-PROIEKTUA: AMETSETIK ERREALITATERA.
    • Inazio Arregi (Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteeko zuzendaria)

    Euskal Herrian talde handiek ez ezik euskaraz diharduten tokiko hedabideek ere ekin diote multimedia-estrategiari. Bide horretan Goiena kooperatiba izan da aitzindari. Hasiera-garaiak zelakoak izan ziren, egun proiektua zertan den eta aurrera begira zertzuk asmo dituzten ezagutaraziko dute hitzaldi honetan.

Arrasate Press-en 15. urteurrena: omenaldia eta jaialdi txikia

Hamabost urte bete ditu jada euskarazko herri-informazioa lantzen aitzindari izan zen Arrasate Pressek. Hori dela-eta, jardunaldion amaiera-ekitaldia kazeta horri eskainitako omenaldi xume bezain beroa izango da. Bertan, besteak beste, euskarazko eskualde-prentsan inork baino bide luzeagoa egina duen Ttipi-Ttapa kazetako ordezkariek ere hartuko dute parte.

Jardunaldiak jantzi eta ilustratzeko, bestalde, erakusketa bat atondu da. Bertan, alde batetik, herri-aldizkarien ibilbidea erakusten duten kartelak paratu dira; bestetik, berriz, Europako kazetagintza lokaleko esperientzia adierazgarrienak ere ikusgai izango dira.

Tokiko Hedabideak Etorkizunera Begira Jardunaldian izena emateko HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com