|
Lehengo egunean Papiroflexia ikusi nuen letra handietan Berria-n. Ez dira gutxi kirofano, paraninfo bezalako hitzak, nazioarteko itxura izanik ere gaztelaniazkoak soilik direnak.
Gaztelaniazkoak eta, gure arteko zenbaitentzat, euskarazkoak ere bai, dirudienez. Dena dela, ziur nago, askotan, ezjakintasunak bultzaturik erabiltzen direla horrelakoak gurean. Izan ere, idazle batek ezin du ustez nazioartekoak diren hitz guztien etimologia badaezpada ere kontsulatu idazlan bati ekitean. Larriagoa iruditzen zait hiztegigile batek kontsulta hori ez egitea hitz bat hiztegian paratu baino lehen.
Sasi-nazioartekoa da papiroflexia delakoa: frantsesez origami da, eta orobat ingelesez, alemanez, italieraz, nederlanderaz, hungarieraz, txekieraz eta abarrez eta abarrez. Jakina denez, paperezko irudiak egiteko arte hau japoniarrena da jatorriz –"papera tolestu" esan nahi du origami-k–, eta Europako hizkuntzek jatorrizko hitza hartu izan dute jardun edo artearekin batera.
Ez horrela espainolek: nahiago izan dute bidutzi bat asmatu, papiro-ri –papel ez zen, antza, aski jasoa– ezer ez den flexia xelebre bat erantsiz.
Horiek horrela, badirudi ez duela inolako zentzurik euskaraz papiroflexia delako hori erabiltzeak. Katalanek bederen baztertu dute gaztelaniaren eragina kontu honetan, eta eskuarki origami erabiltzen dute gaur egun. Ezin dugu guk beste horrenbeste egin?
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|