![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-11-12 / 07:13
Hori zioen, duela gutxi, euskal astekari bateko artikulu baten izenburuak. Harritu egin nintzen, pentsatuz nolatan egin zitekeen arrisku asko zituen aseguru baten propaganda.
Kontua, jakina, besterik zen. Esaldia ez zen gaztelaniazko seguro multirriesgo-ren itzulpen aldrebes bat baizik. Itzultzaileak pentsatu bide zuen asko-ren ordez zorioneko anitz hori jarriaz, bide onetik abiatzen zela. Baina tamalez, euskaraz, asko eta anitz sinonimoak dira.
Duela zenbait hilabeteko artikulu batean komentatu nuen nola ari zen anitz itxuragabeki hedatzen, gaur egungo zenbaiten erabileran, inondik ere ez zegozkion eremuetara. Komentatzen ari naizen honetan, erdarazko multi-ren eremua hartu nahi izan du anitz-ek. Begien bistan daude ondorioak.
Kasu hau ez da sala multiuso-rena: gela erabileranitz ez da zuzena, baina gela erabileraniztun-ek ez du aitzakiarik zuzentasunaren aldetik; besterik da astuntasunaren eta itsusitasunaren aldetik. Egokiagoa iruditzen zait, ingelesaren bidetik erabilera askotako gela. Dena dela ez genuke ahaztu behar ingelesak for many uses-en ondoan multipurpose ere baduela, multiuso/multiuse-ren ordain.
Izan ere, badirudi euskaraz multi- aurrizkia onartu beharrean gaudela. Ez gaztelaniaz multi- agertzen den guztietan guk gaztelaniazkoa onartzeko, baina bai komeni zaigun orotan bide horretatik jotzeko. Esaterako, kostako zaigu multi- hori multimedia-n edo multinazional-en saihestea.
Asegurura itzuliz, Elhuyar hiztegiak proposatzen duena, arrisku anitzetarako aseguru, zuzena izango da, baina nire belarriari, egia esan, halako zera arrotz bat eragiten dio. Eta kontuan izanik frantsesez assurance multirisque eta ingelesez ere multirisk insurance dela, eta bestalde, alemanez, nederlanderaz, txekieraz eta Europako beste hainbat hizkuntzatan ere multirisk hitza erabiltzen dela aseguru eta polizetan, multiarrisku aseguru, arinagoa bederen badena, proposatuko nuke euskaraz, zalantza handirik gabe.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
Pello Elorza Uribesalgo / 2003-11-14 / 17:00
Irakurri berri dut "multiarrisku asegurua"ren kontu hori eta aipamentxo bat egin nahi nuke.
Ez dut zalantzan jartzen euskaraz ongi tajututako esamoldea izango dela hori, eta "multi" aurrizkia ere onartu beharko dugula euskara modernoak eskatzen dituen erabilera anitzetarako baina orain arte erabili izan ditugun baliabideen bidez esaldiak sortzea ere ez da alde batera utzi beharreko bidea.
Horren inguruan, ez dut garbi ikusten gazteleraz zein ingelesez edo frantsesez "izena + adjektibo" edo dena delako bikotearekin egiten bada gai baten azalpena, euskaraz ere horrela egin behar denik. Agian, euskaraz esaldi zertxobait luzeagoa eginez garbiago ulertuko da eta inprimakietan-eta sartzeko bezain laburra izaten jarraituko du.
Hala, "arrisku askotatik / anitzetatik babesteko asegurua" jartzeak ez du diskurtsoa izugarri luzatzen (hitz kopuruaz edo letra kopuruaz ari naiz) eta jende xumeak ere ulertzeko moduko esaldia da. Ez nago seguru, baina, "multiarrisku asegurua" denek ulertuko luketen lehenengo irakurraldian.
(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria da)
M. Unamuno / 2003-11-26 / 15:11
multi- onartzeko ezelako arazorik ez, hor ditugu enpresa multinazionalak,... baina dena berraztertzen eta aldatzen ibili beharrari ere ez deritzot hainbeste.
Arrisku anitzetarako aseguru delakoak badu ibilbidea egina, errez erabili zein ulertu daiteke. Norbaitek txarto erabili izanak ez du, nire ustez, justifikatzen aldaketa.
(MARIBI UNAMUNO GARATE Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)