|
Artikulu hauek irakurtzen dituen adiskide batek esan zidan lehengo egunean merkataritza kate handi bateko hipermerkatu batean xarkuteria ikusi zuela letra larri eta handietan idatzia. Azkena iruditzen zitzaion nonbait.
Nik ez dut kontua hain garbi ikusten. Bere ustez erabili behar zena urdaitegia zen, jakina. Baina urdaitegi ez da gure tradizioan agertzen: ez dago, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegian; eta hainbat dendatako errotuluetatik at ez dut nik inon irakurri. Bestalde, gaztelania hutsezkoa den tocinerķa-ren itzulpena da. Gainera, delako tocinerķa hori sinekdoke bat da, eta egia esan, urdai gutxi saltzen da gaur egun horrelako dendetan.
Horregatik bide dago gero eta charcuterķa gehiago Espainian, eta gero eta tocinerķa gutxiago. Eta, horiek horrela, zer abantaila du guretzat gaztelaniaz aski zaharkitua dagoen hitz baten kalko tradiziogabea mantentzen saiatzeak?
Charcuterķa, frantsesetik hartua du gaztelaniak, charcuterie-etik, eta alde horretatik betetzen du Euskaltzaindiak eskatzen duen betekizun minimoa; are gehiago betetzen du, ingelesez ere charcuterie aski normala denez gero. Eta, oso oker ez banago, alemanezko testuetan ere ikus daiteke.
Hortaz, xarkuteria -ez txarkuteria, hitza fratsesetikoa baita- ez da aukerarik okerrena guretzat. Bestela, nik neuk bederen, urdaitegia baino nahiago dut hestebete denda, eta are nahiago, alemanaren bidetik, txerriki harategia.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|