Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskalgintzaren ahuleziak eta korapiloak

Euskalgintzaren ahuleziak eta korapiloak

2003-11-03 / 07:06 / Juan Ignacio Perez Iglesias   BESTELAKOAK

Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak, otsailean, eta Del Olmo epailearen erabakiek, urrian, kezka handia sortu dute euskal politikaren eta, batez ere, euskal kulturaren esparru zabaletan. Euskalgintza deiturikoaren hainbat lagun, tartean itzal handiko batzuk, kartzelatik igaro dira edo espetxean daude oraindik. Kolokan geratu dira hainbat enpresa, eta egunkari bat itxita dago.

Euskal kulturari eraso egiteko arriskua handiegia dela entzun eta irakurri dugu han-hemenka, askoren ahotan. Eta horrekin batera, berehala sortu dira bai galderak eta bai zenbait erantzun ere. Zer egin daiteke horren inguruan? Zer egiten dute herri erakundeek eraso horiek geldiarazteko? Horiexek dira galdera batzuk, eta honako hauek galdera horiei emandako erantzun zenbait: hitzarturiko estrategia orokor bat prestatu eta abian ipini behar da; Eusko Jaurlaritzak gehiago egin beharko luke; abertzaleen arteko batasuna da bidea.

Estrategia orokorrak egin behar direla esatea erraza da; zailagoa da, ordea, estrategia horiek prestatzea eta abian jartzea. Bistan da ez dela inongo zailtasunik azalduko, baldin eta politika-lerro jakin batena bada abian jarri nahi den estrategia, edo izaera politiko hutsa badu estrategia horrek. Horrela izanda, euro bateko hamaika estrategia asma ditzakegu berehala, baina inork ez digu bermatuko estrategia hori bideragarria eta eraginkorra izango denik. Politika hutsezko estrategiak erraz asma daitezke, baina nekez lor dezakete euskaltzale gehienon atxikipena. Azken batean askotan aldarrikatu da, arrazoi osoz gainera, euskara eta euskal kultura politikagintzaren esparrutik atera beharra.

Eusko Jaurlaritzak edo, oro har, herri erakundeek gutxiegi egiten dutela eta gehiago egin beharko luketela ere erraz esan daiteke, batez ere erakunde horiei inongo zilegitasunik aitortzen ez zaienean. Baina inork ez du zehaztu, gutxieneko funts batez behintzat, zein diren herri erakundeek aurrera atera beharko lituzketen bestelako ekimenak, edo zer portaera azaldu beharko luketen auziaren inguruan.

Abertzaleen arteko batasuna, bestalde, abertzale askoren desio edo mito bilakatu da. Hala ere, ez dut uste batasun horrek, berez eta besterik gabe, etekin handirik ekarriko duenik esparru honi dagokionez bederen. Izan ere, ez dakit nola lagun lezakeen batasun horrek euskal kulturaren aurkako erasoak gelditzen edo horietatik babesten. Itsua bide naiz, edo betoker, edo begibakar, baina nik ez dut ikusten. Nahi ditugun beste bira eman diezazkiokegu kontuari. Burmuina egosi arte bero ditzakegu meningeak, baina hortik ez dugu irtenbiderik aurkituko, politika estrategia hutsez aritzen garen bitartean behintzat. Edo norbaitek uste al du abertzaleen arteko batasun horrek profesional gehiago, irakurle kopuru garaiago eta enpresa sendoagoak ekarriko lizkigukeenik?

Horrek ez du esan nahi, baina, gauden egoeran pozik egon behar garenik, edo ezer egiteko inongo aukerarik ez dagoenik. Zerbait egin behar da, baina estrategiez ari garenean, kulturgintzari dagozkion estrategiez pentsatu beharko genuke. Hau da, norbaitek uste du benetan gertatu dena gertatuko zela euskalgintzan dauden eragileak gehiago izan balira, indartsuago izan balira, eta dibertsifikatuago egon izan balira? Nik ez dut uste gertatuko zenik, zeren esparru zabaleko kalteak sortzen dituztenean bakarrik egiten baitira era horretako erasoak.

Kontu ezaguna da ezker abertzaleak pisu handia duela euskal kulturgintzan. Eta hori, zalantzarik gabe, gizarte esparru horri onartu behar zaion zerbait ona da. Baina, bestalde, horrek esan nahi du bestelako ideologia ildo nagusien pisua txikia dela. Izan ere, beste ideologia ildo horiek defizit nabarmena dute euskal kulturgintzari dagokionez, eta, nire ustez, bada horren inguruan gogoeta eta beste zerbait egiteko garaia. Bestalde, nik ez dut zalantzarik egiten herri erakundeei alor honetan egokitu beharko litzaiekeen aitzindaritzaz. Hau da, bestelako herri politiketan egiten den bezala, herri erakundeek gertu dituzten tresnak erabili beharko lituzkete euskal kulturaren eragileak ugariagoak, sendoagoak eta dibertsifikatuagoak izan daitezen.

Baina kontu honi dagokionez, bada garrantzi handiko azken ikuspegi bat; azkena, baina ez txikiena. Askotan ematen du gertatzen ari den guztia hutsetik datorrela; epailetza ekimenak ezerezetik sortuak direla, zentralismo basatiaren berezko jokaerak direla. Eta, tamalez, gauzak ez dira horrela. Jakina, geure arazoek geu bakarrik asaldatzen gaituzte. Espainia bat, bakar eta handi baterako oztopo gara, askoren ustez. Beste zenbaitentzat, berriz, bizitza korapilatsuagoa izatearen azken errudunak gara; hau da, deseroso egiten gatzaizkie, deseroso samarra izan baitaiteke ezagutu eta maite ez duzun beste hizkuntza eta kultura batekin bizi behar izatea; deseroso baino larriagoa izan daitezke, ordea, euskararen aldeko ekimen lerroak ekar ditzakeen erdaldunentzako kalteak. Baliteke horretan ni oker ibiltzea, baina ETArik ez balego, gertatu denak ez zuen inongo zuritze biderik izango. Argi dago, beraz, hain sutsuki aldarrikatzen den estrategia orokor hori zein izan beharko litzatekeen: ETA desagerraraztea ekarriko lukeena.


(JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com