|
Horrelaxe zioen gure orkestra nagusiaren aurreko asteko egitarau liburuxkak lehen orrialdean: Sergei Rachmaninov (1873-1943), 1. zk piano eta orkestrarako kontzertzua fa sostenitu minorrean, Op. 1.
Askotan bezala erdarara jo behar izan nuen kontua argitzeko: erdarazkoan concierto para piano y orquesta nº 1 zioen.
Hortaz, zk hori nº-ren itzulpena zen. Baina irakur dezagun osorik, laburduren ihesbidea saihesteko: lehen zenbaki piano eta orkestrarako kontzertua. Hori da testuak dioena. Egitarauko hurrengo obra bigarren zenbaki sinfonia zen, Brahms-ena. Bi kasuetan euskara gaiztoa, inondik ere. Eman dezagun zk, ohi ez bezala, zenbakidun-en laburpena dela. Hala ere, zertara dator euskara ezinago gordin hori?
Gauza jakina da gaztelaniaz arazo larriak dituztela ordinalen izenekin: primero, segundo, tercero, tira; baina Mozart-en hamaikagarren sinfonia, gorago jo gabe, zenbat erdaldunek jakingo lukete erdaraz zuzen esaten -ez al da, bada, onceava sinfonía?- galdetuko luke batek baino gehiagok.
Zailtasun horri ihes egiteko sortu ziren aula 11, eta sinfonía nº 12 eta kidekoak. Eta ez al da morrontzaren mukurua, erdarari are bere ezintasunetan segitu behar itsu hori? Ez al da askoz ere naturalagoa euskaraz S. Rachmaninov-en lehen kontzertua piano eta orkestrarako? Ala hamabigarren zenbaki(dun) sinfonia bezalakoak erdarazkoaren kalko mekanikoa direlako egokiagoak dira, zinetako eta benetako hizkuntza, guretzat, espainola delako?
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|