Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Txikia handi agertu zen Donostian

Txikia handi agertu zen Donostian

2003-10-20 / 07:02 / erabili.com   BESTELAKOAK

Euskararen mundua bere txikitasunetik handi agertu zen Donostian. Milaka, milaka eta milaka euskaltzale elkartu ziren saminduta eta suminduta, aho batez, gorputz eta arima, euskarari babes osoa emateko.

Inurritegia

Inurritegia

Euskararen munduak txiki utzi zuen Donostia. Errepide, espaloi, balkoi eta leihoak bete jende izan ziren arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Inurritegia zirudien Donostiak: hango eta hemengo, gizon eta emakume, zahar eta gazte, guraso eta haurride, hautesle eta hautetsi, mundu bat elkartu zen Donostian.

Pauso motelean

Euskaltzaleak, alboz albo, pausoa emateko txanda hartu ezinik ibili ziren Donostiako Antigua auzoko tuneletik Bulebarreraino. Manifestazioaren buruan zirenek bi ordu eskas bete zituzten, pausoz pauso, kalez kale, Bulebarrera iristeko. Bien bitartean, manifestazioaren azken muturrean ziren euskaltzaleak orduantxe ari ziren ibilbidearen lehendabiziko pausoak ematen.

Euskal kulturgintzak ez dio inori gerrarik egiten

Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakariak manifestazioaren amaieran ondoko mezua irakurri zuen:

"Eskerrik asko, gurekin batera elkartu zaretelako. Eskerrik asko, zuen mina, ezina, jasanezina, haserrea eta aurrera-beharra aldarrikatzeagatik.

Otsailaren 22ko manifestazioan ni neu eta gutako batzuk ez ginen hemen. Guardia Zibilaren ziegetan geunden. Orain gure lagunak eta lankideak daude han, infernu hartan.

Ez dakite gu hemen gaudenik. «Eskerrik asko» handi batekin beraien izenean eskertu nahi dizuet zuen elkartasuna. Ez dakizue nola estimatzen den gezur zaparrada politiko-polizial-judizial-mediatikoa zure herriak ez duela sinesten, zugan eta zure lanean sinesten duela, eta zu babestera bildu dela.

Zortzi hilabete beteko dira etzi Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Eta kalean gara berriro.

Larria izan zen otsailaren 20an Egunkariaren aurka egin zutena. Oraingoa ez da gutxiago. Enpresa bat ez da ixten ateak itxita bakarrik. Kontuak blokeatuta berdin ixten da.

Oraingo erasoa oso larria da, eta eraso gehiagotarako irekitzen du bidea.

Buruntzape jota, Martin Ugalde Kultur Parkea ixteko bidean utzi dute. Badakite Martin Ugalde Kultur Parkea errealitate eta sinbolo dela guretzat. Eraso programatua da. Euskal Herri osoan erroturik dauden kultur industria sendoak kolpatu nahi dituzte. Zuhaitzari sustraiak moztu nahi dizkiote, bere kasa ihartuz joan dadin.

Euskal kulturgintzak ez dio inori gerrarik egiten. Baina etengabe eraso egiten digute. Euskarak bakea behar du. Denok bakea nahi dugu. Eta euskararen herriak askatasuna behar du bizitzeko, lan egiteko, garatzeko, kultur industriak antolatzeko. Askatasuna eta bakea.

Eta euskararen herriak babesa behar du. Hitzetatik haratago, atxikimenduetatik haratago, manifestazioetatik ere haratago, elkarlanerako programak behar ditugu, hitzarmen estrategikoak.

Behar-beharrezkoak ditugu euskalgintza osoa babesteko neurri iraunkorrak eta eraginkorrak.

Ezin genezake jarrai honela, ezinaren betiko gurpilean jiraka, erasoa erasoaren gain, gero eta makalago. Ezin genezake eta ez dugu nahi.

Orain lehenbailehen behar duguna da euskara eta herri honen nortasuna onartzen duten guzti-guztion ekintza-batasuna, inor baztertzeke.

Alderdiek, taldeek, erakundeek diferentzia legitimo guztien gainetik, eginahalak egin behar dituzte ekintza-batasun bat antolatzeko, estatu erasoaren tamaina berekoa.

Hona bildu den inor ez dago sobra, ez eginkizun horretan eta ez hemen. Guztion babesa behar du euskararen herriak. Elkar indartuz eta babestuz bakarrik egin genezake aurrera. Horretarako prest zaudeten guztioi, animo eta aurrera!"

Euskaraz bizitzeko eskubidea

Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak ondoko mezua irakurri zuen manifestazioaren amaieran.

"Milaka eta milaka lagun elkartu gara berriro ere euskarari bai esateko, euskararen normalizazioari bai esateko, hizkuntz eskubideei bai esateko. Eta euskararen gizarte erakundeen lanari babesa eta sostengua emateko, euskararen historian herenegungoa bezalako egun beltzak berriro errepika ez daitezen.

Euskararen normalizazioaren alde lan egiteagatik zortzi lagun atxilotzea onartezina da. Nahi adina argudio maltzur eta faltsu erabili ahal dituzte; baina jakin badakigu lagun hauek egiten duten lana zein den. Eta une honetan lagun hauek bizitzen ari diren babesgabezi egoeragatik gure kezka adierazi nahi dugu. Gure elkartasuna eta abegikortasuna adierazi nahi dizkiegu bere senideei eta lagun guztiei.

Gaur hemen bildu garenok euskaltzaleak izateaz gain, euskal herritar ere bagara. Eta aitortzen dugu herri honek eskubidea duela bere hizkuntza garatzeko eta beste edozein herri bezala bere hizkuntzan bizitzeko.

Horregatik, «Gora Euskal Herri Euskalduna»esatera etorri gara. Herri bakoitzak bere hizkuntza sustatzeko, garatzeko eta bultzatzeko eskubidea daukalako. Gure herriak ez duelako salbuespena izan behar.

Europako estatu gehienek sinatutako Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak aitortzen du bizitza pribatuan eta jendaurreko jardunean gutxiengoen hizkuntzan mintzatzeko eskubidea ukaezina dela, herri bakoitzaren hizkuntza eta kultura sustatzeko eta bultzatzeko eskubideak ukaezinak direla. Eta horixe da euskaldunok eskatzen ari garena, gure eskubideak, gure giza eskubideak errespetatzea. Hain zaila al da hori ulertzea eta onartzea?

Berriro ere, esan behar dugu, Euskal Herri Euskalduna nahi dugula, hizkuntz eta kultur aniztasunean sinistuta gaudelako. XXI mendean hizkuntzak areriotzat hartzeak ez du inolako zentzurik. Beraz, euskararen aldeko lanean dihardugunok utz gaitzazue bakean, utzi gure lana garatzen!

Otsailean Egunkaria itxi zutenean, dei zuzena egin genien alderdi politikoei. Orain, berriz, dei berbera egin behar dizuegu, euskararen defentsan eta normalizazio ahaleginetan eragile aktibo izan zaitezten. Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea, euskararen normalizazioa garatzeko akordio hori ezinbestekoa baita. Euskalgintzatik eskaera bat egiten dizuegu: ausardiaz jokatzeko, gure hizkuntza eta gure herri izaera aurrera ateratzen laguntzeko, iritzi politiko desberdin guztien gainetik. Hori izango da gure etorkizun baketsurako ekarpen eta bermerik hoberenetakoa.

Kontseilua eta bera osatzen duten erakundeok hizkuntz normalizazioarekiko eta hizkuntz eskubideekiko konpromisoa berretsi nahi dugu. Helduak eta umeak euskalduntzen, albisteak euskaraz zabaltzen, liburuak gure hizkuntzan argitaratzen, hizkuntz eskubideen defentsan, gizarte eragileak euskararen normalizazio bidean sar daitezen eragiten jarraituko dugu. Ez izan inolako zalantzarik.

Milaka eta milaka euskaltzalek irekitako bidetik jarraituko dugu. Euskal Herria euskalduna izango dela ziur gaude. Euskararen normalizazio prozesuan urrats inportanteak egiteko garaia da.

Eginbehar honetan denok beharrezkoak gara, eta horregatik lehen bait lehen hemen behar ditugu baita ere urrun dauzkagun gure lankideak, lagunak eta senideak ere: Joxe Mari Sors, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez, Amando Hernandez, Iñaki Uria, Xabier Alegria eta Xabier Oleaga."

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com