![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-10-08 / 09:44
Duela egun gutxi beka deialdi baten iragarpena ikusi dut. Iragarpenak dioenez “kazetaritza zientifikoan” da beka. Bukaerako –n horrek deseroso utzi ninduen, baina tira. Harritu ninduena izan zen ikustea, deialdiaren testua irakurtzean, beka ez zela kazetaritza zientifikoan, zientzia kazetaritzan baino.
Erdaraz científico/scientifique hitzak bi adiera ditu. Bata, “zientziaz diharduena”; bestea, “zientzien metodoez baliatuz egiten dena”. Aski da horretaz jabetzeko, M. Seco-ren hiztegia eta Petit Robert delakoa ikustea, adibidez.
Nire ustez bederen kazetaritza zientifikoa, historia zientifikoa bezala, metodologia zorrotz eta zehatz bat erabiliaz egina izango litzateke, horrek inolako zentzurik balu. Aurrez aurre kazetaritza arrunta, edozein moduz-edo egina, izango luke. Zientziaz diharduen kazetaritza, aldiz, zientzia kazetaritza da. Bekaren deialdian bertan aipatzen den zientzia-dibulgazioa “zientziaz diharduen dibulgazioa” den bezalaxe.
Arazoa latza da, zeren jende askorentzat euskal elkarketa sistema erabiliaz lortzen dena -zientzia(-)kazetaritza, esaterako- eta erdaratiko izenondoa erabiliaz ateratzen dena -kazetaritza zientifikoa- sinonimoak baitira, eta “garbizale” edo “ez-garbizale” jokatzea da bi aukeren arteko alde bakarra. Eta nire ustez hori ez da horrela kasu guztietan. Aipatu dudan kasu honetan, adibidez.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
Alfontso Mujika / 2003-10-29 / 18:21
Ibonen begirada beti zorrotza zientifiko izenondoan pausatu da oraingoan. Ibonen azalpenean eta arrazoibidean, labur beharrez beharbada, esan gabekoak ere bazeudela irudituta, gogoetatxo bat egin dugu. Hortaz, Ibonen idatziari erantzuteko zuzeneko asmorik gabe, haren idatziaren iruzkin gisa idatzi ditugu ondoko lerroak.
Erdaraz cientifico/scientifique hitzak bi adiera dituela esan du Ibonek, eta, frogatzat, gaztelaniazko M. Seco-ren hiztegia eta frantsesezko Petit Robert hiztegia eman ditu. Eta, horietan oinarrituta, lehen adieraren definizioa “zientziaz diharduena” euskaratu du, labur. Baina jatorrizko iturriak hona ekartzea komeni da adiera horren jatorrizko definizioak begi aurrean izateko:
scientifique
científico -ca
Jarraitu baino lehen, komeniko litzateke Ibonen lehenengo baieztapenaz “Erdaraz científico/scientifique hitzak bi adiera ditu” zerbait eranstea. Berak eman dituen bi iturrietan bi adiera ageri dira; hala ere, beste iturri batzuetan begiratuz gero, ikusten da zehatzago ere azter litekeela eta adiera (edota azpiadiera) gehiago bereizi. Adibidez, Real Academia Españolaren hiztegiak hiru adiera ematen ditu:
científico -ca
Beste hainbeste egiten du Petit Larousse hiztegiak:
scientifique
Eta ingelesezko Webster hiztegi zehatzetan zehatzak, adibidez, bost adiera bereizi ditu Petit Roberten eta Secon bi bereizten diren tokian:
scientific
Dena den, ez luzatzearren, Ibonek aipatzen dituen bi adieretara murriztuko dugu gaia. Adierei buruzko azalpenaren ondoren, lehen ondorioa atera du Ibonek bere idazkian: “kazetaritza zientifikoa metodologia zorrotz eta zehatz bat erabiliz egina izango litzateke” dio, hau da, zientifiko izenondoa mailegatzea onartzen du, baina frantsesezko eta gaztelaniazko hiztegi horietan ageri den bigarren adierarako bakarrik.
Petit Roberten adibideei begira, eta Petit Roberten adiera-banaketa onartzera, lehenengo adieran agertzen da Journaliste, vulgarisateur scientifique adibidea, eta, hortik, zuzen-zuzenean ateratzen da Journalisme scientifique, adieraz aldatu gabe alegia. Bestela esateko: onartu beharko dugu frantsesez (eta gaztelaniaz) journalisme scientifique / periodismo científico terminoak bi adiera dituela:
Baina gatozen euskarara. Ibonek dio “zientziaz diharduen kazetaritza, aldiz, zientzia kazetaritza da (...) zientzia-dibulgazioa "zientziaz diharduen dibulgazioa" den bezalaxe.” Auzia ez dugu, beraz, zientifiko izenondoa euskaraz erabil daitekeen ala ez, zertarako erabili baizik. Ibonek adiera batean onartzen du, baina ez dio beste adierarik aitortzen.
Ez dugu guk ezer zientzia-kazetaritza terminoaren aurka; ez horixe, zuzena eta erabilgarria iruditzen zaigu. Baina, hori argi utzi ondoren, zalantza Ibonen arrazoibidearen beste puntuan dugu: Zergatik euskaldunok esan dezakegu azalpen zientifikoa (nahiz eta, adibidez, zientziazko azalpena ere esan genezakeen), eta ezin dugu esan kazetaritza zientifikoa (nahiz eta zientzia-kazetaritza esan dezakegun)? Zergatik adiera bakarrean mailega daiteke zientifiko? Ibonen idazkian ez da inon frogatu zientifikoren ezintasuna euskaraz adiera hori ere hartzeko. Zergatik onartu behar dugu zientifiko adiera batean eta ezarri behar diogu debekua beste adiera batean, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, besteak beste, baduen adiera batean alegia?
Euskaltzaindiak (1992) azpimarratu du hitz elkartuak baliabide egokiak izaten direla askotan erdal izen + izenondo erreferentzial segidak euskaraz emateko. Horretan ez dago zalantzarik. Baina beste bidea -izenondoa mailegatzea- erabat debekatu behar dugu? ekonomia-arazo bai eta arazo ekonomiko betiko debekatu? Oso toki labainean sartuko gara. Izan ere, gauza jakina da izenondo erreferentzialena oso espektro zabala dela, ezin direla denak zaku berean sartu, eta azpisail semantiko eta sintaktikoak bereizi beharra dugula aurrera egingo badugu. Izan ere, denok ados egongo gara membrana nuclear / membrane nucléaire erdal terminoa euskaraz nukleo-mintza edo nukleoaren mintza egin dezakegula, eta mintz nuklearra ez dugula behar, eta ados egongo gara, era berean, central nuclear / centrale nucléaire euskaraz emateko nukleo-zentrala terminoak ez digula balio eta zentral nuklearra beharko dugula. Baina bi mutur horien artean dagoen tarte zabalean, linboan, esku arau-emailea noraino, zenbateraino eta nola sartu?
Adibidez, desarrollo científico euskaraz zientziaren garapena esango dugu normal-normal, eta ez dugu garapen zientifikoa behar. Ados. Eta "Elhuyar zientzia-hiztegia lantzen ari da" esango dugu, eta, horretarako, hiztegi zientifikoa ez dugu behar. Ados. Hala ere, ez dugu uste inon frogatu denik zientziaren garapena esan beharrean garapen zientifikoa erabiliz gero terminoak ezinbestean beste esanahi bat hartzen duela (beste esanahi bat ere izan dezakeela bai –"metodologia zorrotzaz egindako garapena" edo antzeko zerbait–, eta, alde horretatik, esan daiteke zientziaren garapen terminoak garapen zientifiko terminoaren anbiguitatea ez duela, baina ez besterik).
Alde horretatik, ingelesaren bidea interesgarria da, ingelesak, euskarak bezala, aukera baitu hitz-elkarketa baliatzeko horrelakoetan. Hala, gaztelaniak, frantsesak, portugesak eta italierak aukera bakarra dute: periodismo científico / journalisme scientifique / jornalismo cientifico / giornalismo scientifico
Ingelesez, berriz, bi aukera daude: science journalisme eta scientific journalism.
Eta nola esaten dute? Bietara (Google lagunak argi erakusten du biak dabiltzala, nahiz eta hitz-elkarketa bidezkoa maizagoa izan). Eta ez du ematen horregatik arazorik dagoenik ingelesean.
Ibon Sarasolaren beraren artikulu batean, adibidez, praktika terminologikoa dago idatzita orrialde batean eta terminologia arazoak beste batean, eta, guk behintzat, ez genuke lehenengoa gaitzetsiko. Terminologiko hitzak ez du zientifiko hitzak duen adiera-aniztasuna, horixe da alde bakarra.
(ALFONTSO MUJIKA, Elhuyar Fundazioaren Hizkuntz Zerbitzuen Saileko kide da)