| Hemen zaude:
Sarrera »
Sare-aldizkariak »
Iritzi-muinetik »
Piezaren akabera, piezaren bukalana.
|
 |
Piezaren akabera, piezaren bukalana. |
 |
2003-10-15 / 08:31 / Ibon Sarasola |
HIZKUNTZA |
|
Erdaraz acabado/finissage esaten zaion teknologia eragiketa izendatzeko akabera erabiltzen da, oso oker ez banago, teknologiako liburuetan.
Nik alde txar asko ikusten diot hitz horri. Lehenik, bai acabado eta bai finissage adiera bakarreko hitzak dira, termino bati egoki dagokionez. Akabera, aldiz, polisemikoa da. Nire eguneroko jarduneko hitza da, esaterako, eta bukaeraren kide apala besterik ez da niretzat. Bigarrenik, hain zuzen, hori hitz apalegia dela erregistroz, apalegia eta ez aski neutroa -adierazkorregia- termino gisa erabilia izateko. Hirugarrenik, Eibarko hitz teknikotzat hartu delako hautatu bide da termino gisa, baina ez da horrelakoa: J. San Martinen Eibarko hitz teknikoen zerrendan ez da ageri, eta T. Etxebarriaren Hiztegian bi adiera-edo ditu, bat “final”, liburu aren akaberia, ez jata gustau adibidearekin, eta bestea “Armería: toques finales”, baina ematen duen adibidearen itzulpena “pulimento” da. Gainera horrela hasiz gero, bukaerak ere badu era bereko adibide bat, Iztuetarena, gainera: pulpitu baten bukaera egokiaz mintzatzen baita bere Kondairaren 57. orrialdean.
Bada aukera hoberik euskaraz, nik uste: bukalan hitz neutroa da eta ez da polisemikoa. Ongi eratua da, ikerlan eta beste milaren bidetik, eta baditu hainbat kide tradizioan: Ubillosen ezkonlan, Lizardiren gertulan, S. Mitxelenaren bustilan, errelan, osalan, Gazteluren eta abarren prestalan, Bozasen irakurlan -"liburu sainduen irakur-lana bere gain eduki zuen"-, K. Mitxelenaren itzul-lan, hauta-lan... Bestalde, bide horretatik, gaur egun hizkuntzak duen neologismogintza oparoenetako batean kokatzen da: -lan ia atzizkitzat hartuz, eragiketak eta eragiketen ondorioak izendatzeko eratzen diren neologismoetan hain zuzen.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|
Erantzun |
| |
 |
| Bukalan eta akabera hitzek ez dute esanahi bera |
 |
2003-10-15 / 14:32 / Andoni Sarriegi Eskisabel |
|
Goierri aldeko hainbat tailerretan eta bulegoetan lanean aritua naiz eta AKABEREA askotan entzun izan dut, euskal literatura klasikoan ia ez agertu arren. Gainera, nire inguruan lan egin izan duten euskaldunek, oso ongi ulertu izan dute zer den: AKABERA ONA, AKABERA TXARRA.
AKABEREA (AKABERA) eragiketa (lana) izateaz gainera edota areago, piezaren EGOERA da, azkenean, bukatzean duen EGOERA eta hori ez da LANA ez BUKALANA. AKABERA FINA, AKABERA ONA, AKABERA LATZA, AKABERA TXARRA, etab. esateko
BUKALAN ONA, BUKALAN TXARRA, BUKALAN LATZA, BUKALAN FINA esanda, gaurko tailerreko langile euskaldunek ongi ez ulertzeaz gainera, nahasketa ekar lezake, izan ere, BUKALAN ONA egin arren, AKABERA TXARRA ere izan bailezake piezak, behar adinako BUKALANIK egin ez bada. 0,001eko zimurtasuna behar badu eta 0,01ekoa eman bazaio, BUKALAN ON SAMARRA izango du egina baina AKABERA TXARRA behar adinako leuntasunik lortu ez duelako.
Nire ustez, AKABERA hitzak, inguruan beti izaten dituen izenlagunekin, pieza amaitzeko egindako azken lanez gainera, oso ondo definitzen eta zehazten du piezaren azken egoera eta euskaldun arruntak, bere izenlagunekin, dagokion mailan hartzen du normalean. Nire inguruan behintzat hala izan ohi da.
(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL, Beasaingo Euskara Zerbitzuaren arduraduna da)
|
| |
 |
| Akabera polisemikoa izateak eragozpenik ez |
 |
2003-10-16 / 17:37 / Xabier Elortza |
|
Bat nator Andonik eman duen iritziarekin. Ez dakit ondo ala gaizki, baina gurean eta gure inguruan hala erabili izan da beti.
Bestalde, ez diot aparteko eragozpenik ikusten polisemikoa izatearen kontu horri, horrelaxe erabili izan baitute gure inguruko makina bat langile-belaunaldik (akabera on eta eskaseko lan-tresnak eta abarrak eginez eta, zoritxarrez, batek baino gehiagok jardun horretan bizitzari akabera tristea emanez).
XABIER ELORTZA, HABE erakundearen teknikaria da
|
| |
 |
| bukalan-ek ez nau ba guztiz betetzen |
 |
2003-10-20 / 18:46 / Xabier Mendiguren |
|
Ezjakina naiz teknologia-kontuetan. Beraz, nire iritziak ez du gehiegi balio "akabera" hitzaren egokitasuna epaitzeko orduan. Hala ere, proposatzen den ordainak ez nau erabat asetzen, eta ematen den aldeko argudioak beldurtu egin nau: "-lan" ia atzizkitzat har daitekeela-eta poza agertzen du Sarasolak; komeniko litzateke gogoratzea zenbateko buruhausteak eman dizkiguten sasien antzera ugaldu diren atzizki batzuek (eta Ibon bera ibili da gero, inor baino zorrotzago, haiek denak erauzi beharrez). Imajinatzen al duzue, egun batetik bestera, "kantalan, imprimalan, irakurlan" eta halakoak sortuko balira? Neure arlo profesionaleko hiru berba besterik ez ditut bota, momentuan bururatu zaizkidanak, eta seguru asma nezakeela behar terminologikoren bat horietako bakoitzarentzat.
Bestalde, nire lanean sarri sortzen zait halako sentipen bat, hainbat kontzepturentzako hitz egokirik ez dugula; iritzi-miritzi hauek irakurtzean, berriz, irudipena dut finkatuxe ditugun eta arazorik sortzen ez duten hitzak zalantzan jartzea baino lan probetxugarriagoak egin litezkeela. Eta Sarasolak berak egin izan ditu, makina bat.
(XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da)
|
|
Erantzun |
|
|
 |
 |