|
Jakina denez, ikerketa soziolinguistikoak eta zentsuko datuak oinarrizko tresnak dira ahuldutako hizkuntzak biziberritzeko antolatzen diren hizkuntza-politiken eraginkortasuna neurtzeko, hizkuntzaren egoera zehatza antzemateko eta aurrera begira garatu beharreko hizkuntza-politiken nondik norakoa finkatzeko.
Atzera eginez, 1989an, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak (Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza gaur egun) Soziolinguistikazko Mapa. 1986. urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko azterketa demolinguistikoa izeneko azterlana argitaratu zuen. Bertan jasotako gomendioetan oinarrituta, 1991n Euskal Herriko I. Soziolinguistikako Inkesta egin zuen. Era berean, 1996an II. Soziolinguistikako Inkesta egin zen. Ikerketa biotako emaitzak Euskararen Jarraipena I eta II izenburupean argitaratu ziren, hurrenez hurren.
Denbora tarte horretan izan dira beste ikerketa batzuk, Bigarren Soziolinguistikako Mapa (1981, 1986 eta 1991ko zentsu eta erroldetan oinarriturik) esaterako.
Nolanahi ere, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa da, oraingoz, euskararen ezagutza, erabilera eta hizkuntzarekiko jarrerak neurtzeko, euskararen eremu osoan egiten den eragiketa soziolinguistiko bakanetakoa. Horretan datza, besteak beste, bere garrantzia.
Bost urtez behin egiten den inkesta honek, euskararen egoeraren erretratu orokorra ematen digu: aldagai soziodemografikoak, hiztunen hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren erabilera hainbat eremutan (familian, lan-muduan, bizitza publikoan..), eta hizkuntzari buruz diren jarrerak.
III. Soziolinguistikako Inkestak, beraz, Euskal Herriaren gaur egungo egoera soziolinguistikoaren azterketa sakona egitea du helburu, ondoko gaiei buruz dagoen informazioa egiaztatzeko:
- hizkuntza-gaitasunaren bilakaera;
- euskararen erabilera etxean, familiatik kanpoko gertuko komunitatean, lanean eta eremurik formalenetan;
- aldi berean, euskararen erabilera sustatzeko hartu beharreko neurriei buruz biztanleen interes eta jarreretan sakontzea;
- familia bidezko transmisioari buruzko diagnosia egitea eta euskaldun berrien analisia eta hizkuntza-jokabidea aztertzea.
Oraingoan, maila sinkronikoko informazioa emateaz gain, maila diakronikoan azken hamar urteotako hizkuntza-bilakaera ezagutu dezakegu, 1991ko eta 1996ko inkestetako datuekin alderatuz.
Oinarri-oinarrizko informazioa ematen digu, hortaz; Euskal Herriko hizkuntza-politikaren eta bilakaera soziolinguistikoaren adierazle-sistema antolatzeko orduan ezinbesteko diren datuak hain zuzen.
Sarrera
Euskal Herrian, euskaraz eta mundu zabalean indartsuenetarikoak eta hedatuenetarikoak diren beste bi hizkuntzatan hitz egiten da, gaztelaniaz eta frantsesez, hain zuzen ere. Baina euskarak, gaztelaniak eta frantsesak gizartean duten ezarpena eta indarra oso desberdinak dira.
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoan aldeak daude lurralde batetik bestera: Nafarroako iparraldea, Ipar Euskal Herriko barnealdea, Bizkaiko eta Gipuzkoa ekialdea dira eremurik euskaldunenak; Araba, Bizkaiko mendebaldea, Iparraldeko kostaldea eta Nafarroako hegoaldea, berriz, erdaldunenak. Euskal Herriko hiriburuak edo metropoliak ere, hau da, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Baiona (Donostia salbuespena da) ia erabat erdaldunak dira. Badira bai, euskara nagusi den hainbat eta hainbat herri txiki baina Euskal Herriko biztanleriaren gutxiengoa bizi da gune soziolinguistikorik euskaldunenetan eta bertan ere euskarak ez du erabateko indarrik eguneroko bizimoduan, ez behintzat, oro har, gaztelaniak Hego Euskal Herrian eta frantsesak Ipar Euskal Herriko bazterrik gehienetan duten parekorik edo antzekorik.
Euskara ofiziala da Euskal Autonomia Erkidego osoan duela hogei urtez geroztik eta legea euskararentzat lagungarria da arlo gehienetan; Nafarroako lur zati batean ere ofiziala da, zertxobait geroztik; baina oraindik ez da ofiziala ez Ipar Euskal Herrian, ezta Nafarroako lur zatirik handienean ere. Hortaz, euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzeko, eremu hori irabazteko bide luzea dago egiteko oraindik.
Euskararen erabilera normalizatzeko neurri eraginkorrak hartzearekiko herritarren jarrera ere ez da bera lurralde guztietan, ezta helburu horrekin antolatutako ekintza nahiz elkarteen presentzia eta indarra ere. Eguneroko praktikan, euskararen alde zer eta nola egin nahi den aztertzeko, hiztunak elkarrenganatzeko, pertsuasio moralez edo intelektualez aurrera urratsak egiteko edota presio-bide sendoak eratzeko eta aplikatzeko antolatutako gizarte-indarrek ez dute, ez Nafarroan, ez Ipar Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkideagoan duten besteko adostasun mailarik eta eraginik.
Bestalde, hiztun berriak irabazteko ez ezik goi-mailako gizarte-esparruetan euskararen erabilera zabaltzeko eta indartzeko ere herri-aginteek azken hogei urteotan indarrean jarritako politikak ere oso desberdinak izan dira nola eginiko ahaleginari hala iraupenari begiratuz gero Euskal Autonomia Erkidegoan, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Komunitatean.
Hortaz, euskarak gizartean duen ezarpena eta indarra arras desberdinak dira lurralde batetik bestera: euskara nabarmen egiten ari da gora Euskal Autonomia Erkidegoan; behera, Ipar Euskal Herrian; eta ez gora, ez behera Nafarroako Foru Komunitatean.
Horren lekuko dira Euskal Herriko bilakaera soziolinguistikoan gertaturiko aldaketak, dela lehen hizkuntzan edo hizkuntza-gaitasunean, dela euskararen galera-irabazietan, dela esparruz esparruko erabileran edota euskararen erabilera sustatzearekiko jarreretan. Hortaz, bilakaera horren lurraldez lurraldeko azterketa zehatza egiteko hiru kolektibo bereiziko ditugu:
- Batetik, 1966a baino lehen jaiotakoak hartuko ditugu, hots, egun 35 urte baino gehiago dituztenak.
- Bestetik, 1966 eta 1975 bitartean jaiotakoak, egun 25 eta 34 urte bitartean dituztenak.
- Azkenik, 1976 eta 1985 bitartean jaiotakoak, egun 16 eta 24 urte bitartean direnak.
Gainera, Euskal Herriko inkesta, jadanik, hirutan egin denez (1991n, 1996an eta 2001ean) lehen kolektiboak, hots, 1966a baino lehenago jaiotakoek osatzen dutenak, azken hamar urteotan nolako bilakaera izan duen ere jakin ahal izango dugu.
Hizkuntza-gaitasuna
Euskal Herrian 1966a baino lehen jaiotakoen artean, elebidunak %22,2 ziren 1991n, elebidun hartzaileak %5,2 eta erdaldun elebakarrak %72,6. Hamar urte geroago, espero zitekeen moduan, kolektibo horren emaitzak oso antzekoak dira, %22,3, %7,9 eta % 69,7, hurrenez hurren.
1966 baino beranduago jaiotakoen artean, hots, egun 16 eta 35 urte bitartean dituztenetatik, ordea, elebidunek eta elebidun hartzaileek gora egin dute (%31,9 eta %16), batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan (%38,7 eta %18,8), milaka eta milaka gaztek euskara ikasi duelako. Egun 16 eta 24 urte bitartean dituzten gazteen emaitzak are positiboagoak dira: %39,6 eta %17,6 Euskal Herrian eta %48,5 eta %20,2 Euskal Autonomia Erkidegoan. Lurralde honetan euskararen aurrerapena garbia da: euskaldunen proportzioa gero eta handiagoa da, batez ere, gazteenen artean. Beraz, iraultza linguistikoa jazo da azken urteotan (jaiotze-tasak hain behera egin izanagatik ez da gizarte osoan gehiago nabari hizkuntza-gaitasunean gertatutako aldaketa itzela).
Ipar Euskal Herrian, 1966az geroztik jaiotakoen artean dagoen elebidunen ehunekoa aurretik jaiotakoen artean zegoenaren herenera iristen da ozta-ozta (%12,1 vs. %34,4). Hortaz, galera handia gertatu da. Alabaina, badirudi galera bere horretan geratu dela azken urteotan.
Aldi berean, Nafarroa elebidunak eta elebidun hartzaileak irabazten ari da poliki-poliki (%9,5 eta %4,1 izatetik %12,9 eta %5,1 izatera pasa baitira).
Alabaina, Euskal Autonomia Erkidegoko irabazia erlatibizatu beharra dago. Egia da milaka eta milaka elebidun irabazten ari dela baina hori bezain egia da irabazirik handiena erdaraz euskaraz baino errazago mintzo diren elebidunei zor zaiela nagusiki:
- Egun, 35 urtetik gora dituztenen artean euskal elebidun funtzionalak, hots, euskaraz erdaraz baino errazago mintzo direnak biztanleria osoaren %8,7 dira, 16 eta 35 urte bitartekoetan, aldiz, %7,5, zertxobait gutxiago beraz.
- Elebidun funtzional orekatuak, euskaraz erdaraz bezalatsu hitz egiten dutenak, alegia, %6,6tik %10,4 izatera pasatu dira.
- Eta erdal elebidun funtzionalak, hau da, erdaraz euskaraz baino errazago mintzo direnak %9,5 izatetik %20,8 izatera pasatu dira.
Familia bidezko transmisioa
Familia bidezko hizkuntzaren transmisioa edo jarraipena aztertuz gero, begi-bistakoa da, azken mende honetan, euskarak Euskal Herri osoan jasan duen atzerapena: 35 urtetik gora dituztenen artean lehen hizkuntza euskara bakarrik dutenak %19,9 dira, adin horren azpitik, berriz, %11,8 baino ez dira, ozta-ozta erdiak baino gehixeago baino ez.
Galerak hiru lurraldeetan gertatu dira: Ipar Euskal Herrian %28,7tik %15,2ra; Euskal Autonomia Erkidegoan %21,7tik %13ra; eta Nafarroan %8,8tik %5,3ra.
Bestetik, lehen hizkuntza euskara eta erdara, biak batera izan dituztenak, %4 izatetik %7,1 izatera pasa dira Euskal Herrian. Igoerak hiru lurraldeetan gertatu dira: %4tik %7,3ra EAEn; %3,7tik %5,4ra Nafarroan; eta %4,9tik %9,3ra Ipar Euskal Herrian.
Nolanahi ere, euskararen galerak galera, joerak ez dira inolaz ere berdinak hiru lurraldeetan. Izan ere, hizkuntzaren transmisioan berebiziko garrantzia du gurasoen hizkuntza-gaitasunak. Jakina, gurasoek euskararik ez dakitenean, erdara da, beti, transmitituriko lehen hizkuntza. Ordea, gurasoak euskaldunak direnean ala euskaraz bietako bakarrak dakienean, lurraldez lurraldeko joerak desberdinak izan dira:
- Gurasoak euskaldunak izan direnean irabaziak gertatu dira euskararen transmisioan, EAEn eta Nafarroan: lehen hizkuntza euskara izan dutenak %83,7 izatetik %86,7 izatera pasa dira, lehenengo kasuan, eta %66,3 izatetik %76,8 izatera, bigarrenean; EAEn, gainera, lehen hizkuntza euskara eta gaztelania, biak batera, izan dituztenak ere %8,2tik %10,2ra gehitu diren arren, Nafarroan, gutxitu egin dira, %20,3tik %15,2ra. Aitzitik, Ipar Euskal Herrian, lehen hizkuntza euskara izan dutenak %73,1etik %52,7ra jaitsi dira eta lehen hizkuntza euskara eta frantsesa izan dituztenak %10,3tik %24,9ra igo. Beraz, familia bidezko transmisioan galera handiak gertatu dira. Izan ere, galerak handiak dira gurasoek euskaraz hitz egiten dutenean eta geroratzea hutsaren hurrengoa da euskaraz aitak ala amak bakarrik dakienean.
- Ostera, euskara aitak ala amak bakarrik dakienean erdararekin batera gertatu den euskararen transmisioak hiru lurraldeetan egin du gora: %34,1etik %49,9ra EAEn; %23tik %63,4ra Nafarroan; eta %16,5etik %23,9ra Ipar Euskal Herrian.
Zorionez, euskararen aldeko joera horiek areagotzen ari dira guraso gazteenen artean. Baina gurasoak euskaldunak izan direnean ez ezik aitak ala amak bakarrik euskara dakienean ere euskararen transmisioak hobera egin badu, nola esplika daiteke euskararen transmisioan izaniko galera? Arrazoia 35 urtetik gora eta adin horretatik behera diren pertsonen gurasoen hizkuntza-gaitasunean datza. Hain zuzen ere, 35 urtetik beherakoen artean, gurasoak euskaldunak izan dituztenen proportzioa 35 urtetik gorakoen artean baino askoz baxuagoa izan da: %14 vs. %24,8, EAEn; %6,8 vs. %13,3 Nafarroan; eta %25,5 vs. %38,2 Ipar Euskal Herrian.
Hortaz, azken urteotan, euskararen transmisioan gertatzen ari diren joerak positiboak izanik ere, oraindik ez dira lehen hizkuntza euskara izan duten herritarren ehunekoak gora egiteko besteko positiboak izan.
Galera-irabaziak
Hizkuntza-gaitasunari buruzko emaitzak lehen hizkuntzari buruzkoekin erkatuz gero bi ondorio nabarmen daitezke:
- Batetik, euskararen galerak eta irabaziak aldi berean gertatu dira eta gertatzen ari dira oraindik ere (EAEn bakarrik amaitu dira ia erabat galerak).
- Bestetik, galera-irabazien saldoa lurralde batzuetan positiboa da eta negatiboa beste batzuetan: Iparraldean galerak irabaziak baino handiagoak dira eta Nafarroako irabaziak gizartean antzemateko txikiegiak dira oraindik; EAEn bakarrik dira irabaziak galerak baino handiagoak.
Bukatzeko, euskaldun berriena da fenomenorik azpimarragarriena, tokian tokiko hizkuntza gutxitua berreskuratze-ahaleginetan diharduten beste herrietan gertatzen ez dena. Euskal Autonomia Erkidegoan, 35 urtetik beherako biztanleen artean hartu duten eta hartzen ari diren pisua ikusirik, inolako zalantzarik gabe baiezta daiteke euskaldungoaren izaera eta barne-egitura errotik ari direla aldatzen. Baina hizkuntzaren berreskuratze-ahaleginetan hain fenomeno bitxia gertatzeak are zailago egiten du barne-egituraren aldaketa horrek, gerora, erabileran eta familia bidezko jarraipenean izan dezakeen bilakaera nolakoa izan daitekeen asmatzea. Inolako ezbairik gabe hauxe da etorkizunean ere jarraipen eta ebaluazio zehatza beharko dituen aztergai nagusienetakoa.
Erabilera
Gainerako adierazleekin gertatzen denaren antzera, euskararen erabilera ere etengabe ari da behera egiten Ipar Euskal Herrian; ez gora, ez behera Nafarroan; eta gora Euskal Autonomia Erkidegoan.
Joera nagusiak horiek dira ohiko erabilera-eremuetan (familian, lagunartean, esparru formal pribatuan eta publikoan, alegia) euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago mintzo direnei begiratzen zaienean. Alabaina, euskaraz, erdaraz baino gutxiago bada ere, mintzo direnei erreparatutakoan euskararen erabilera handitzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan ez ezik Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere.
Hori guztia egia da erabilerari buruzko emaitzak biztanleria osoa kontuan hartuz aztertzen direnean (kontuan izan behar da irudiotan azaltzeke utzi ditugula %100 osatu bitartean falta direnak, hots, erdara hutsean bizi diren erdaldun elebakarrak).
Alabaina, biztanle guztiak hartzeko partez euskaraz mintzatzeko gai direnak bakarrik hartuz gero, ikus daiteke euskaraz erdaraz beste mintzo direnen proportzioak, Euskal Autonomia Erkidegoan bertan ere, behera egiten duela. Hori gertatzen da, aurreko atalean ikusi berri dugunez, nabarmen gehitzen ari diren euskal hiztunak euskaldun berriak direlako, erdaraz euskaraz baino errazago hitz egiten dutelako eta, oraindik orain, euren harreman-sareetan euskaraz egiteko behar besteko euskaldunik ez dagoelako. Azken batean, euskaraz hitz egiteko behar besteko aukerarik ez dutelako, dela duten erraztasun faltagatik dela norekin hitz eginik ez dutelako.
Jarrerak
Euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrerak, azken 10 urteotan, apenas izan du aldaketarik 1966a baino lehen jaiotakoen artean. Eta, gaur egun, adin-talde desberdinen arteko erkaketa eginez gero, hor ere, ez da azpimarratzeko moduko aldaketarik sumatzen:
- Gehienak euskara sustatzearen aldeko dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean, azken lurralde honetan proportzioak zertxobait txikiagoak badira ere.
- Nafarroan ordea, aurkakoak dira nagusi. Baina ohartarazi behar da, gaur egun, aurkako jarrera hori duela hamar urte baino dezente txikiagoa dela, 1966a baino lehen jaiotakoen artean. Gainera, gazteenen artean, dezente txikitzen ari da, batik bat, ez aldeko ez aurkako jarrera dutenen mesedetan.
Ondorioak
Gaur egun, euskarak oso egoera desberdina du lurralde batetik bestera nola familia bidezko transmisioari hala hizkuntza gaitasunari begiratzen zaionean edota galera-irabaziei, euskararen erabilerari edo euskararen erabilera sustatzeari buruz aritzerakoan.
Baina desberdintasuna are handiagoa da azken urteotako bilakaerari erreparatuz gero. Izan ere, 1991n, euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago egiten zutenak Euskal Autonomia Erkidegoan bezainbat ziren Iparraldean, 1966a baino lehenago jaiotakoen artean (hala ere, ez da ahaztu behar garai hartan Euskal Autonomia Erkidegoan euskaraz mintzo zirenak euskaraz zekitenen %69,3 zirela eta Iparraldean, %47,4 baino ez direla, hau da, euskararekiko leialtasuna handiagoa zela lehenaren kasuan). 2001ean, ordea, kolektibo horren euskararen erabilerak Euskal Autonomia Erkidegoan zertxobait gora egin du eta zertxobait behera Iparraldean. Baina 1966tik 1985era bitartean jaiotakoei erreparatuz gero, begien bistakoa da euskararen erabilerak, batean gora eta bestean behera egiteko kontrako joera bi horiek azkartzen ari direla:
- Euskal Autonomia Erkidegoan, euskararen erabilera gero eta handiagoa da, euskaraz mintzo diren euskaldun zaharrak, pixkanaka bada ere, gehitzen ari direlako eta, batez ere, euskaraz mintzo diren gazte euskaldun berriak, urterik urte, gero eta gehiago ugaritzen ari direlako.
- Aitzitik, aldi berean, Iparraldean, hiztunen kopurua gutxitzen ari da, euskaldun berriak, izan badiren arren, oso gutxi dira oraindik eta euskaldun zaharrek gero eta gutxiago hitz egiten dute euskaraz (gazteenen artean apenas dago euskaraz frantsesez beste edo frantsesez baino gehiago mintzo den euskaldun zaharrik).
| EUSKARAREN ERABILERA IPARRALDEAN |
|---|
| Aztertutako unibertsoa, neurketaren urtearen eta jaiotze-dataren arabera | Biztanleak guztira % | Elebidunak % | Euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago mintzo dira |
|---|
Biztanle guztiekiko % | Elebidunekiko bakarrik % |
|---|
| 1991: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 34,4 | 16,3 | 47,4 | | 2001: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 29,4 | 12,8 | 43,5 | | 2001: 1966/1975 bitartean jaiotakoak | 100 | 12,1 | 4,6 | 38,0 | | 2001: 1976/1985 bitartean jaiotakoak | 100 | 12,2 | 3,1 | 25,4 |
Hortaz, euskarak Iparraldean gero eta ezarpen txikiagoa du gizartean, gero eta indar gutxiago: familia bidezko euskararen transmisioak huts handiak ditu; euskaraz dakitenak lehen hizkuntza euskara izan zutenak baino gutxiago dira eta euskaraz egiten dutenak dakitenak baino askoz ere gutxiago; gainera, joera horiek, urterik urte, areagotzen ari dira. Laburbilduz, 1966tik eta 1985era bitartean jaiotako gazteen artean ohituraz euskaraz hitz egiten dutenak %5etik behera dira, hots, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa bilakatzen ari da.
Nafarroako egoera, batez bestean, ez da askoz hobea. Egia esan, Nafarroan, nekez egin daiteke batez bestekoari buruzko irakurketarik. Izan ere, eremu euskaldunak ezer gutxi du ikustekorik eremu mistoarekin zein eremu ez euskaldunarekin. Eremu biotan euskara, pixkanaka-pixkanaka, hiztunak irabazten ari den arren, euskararen erabilera, oraindik, hutsaren hurrengoa da. Hortaz, euskararen erabilera arrotza edo ez ohikoa gertatzen da eguneroko bizitzan.
| EUSKARAREN ERABILERA NAFARROAN |
|---|
| Aztertutako unibertsoa, neurketaren urtearen eta jaiotze-dataren arabera | Biztanleak guztira % | Elebidunak % | Euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago mintzo dira |
|---|
Biztanle guztiekiko % | Elebidunekiko bakarrik % |
|---|
| 1991: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 9,5 | 6,1 | 64,2 | | 2001: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 9,1 | 6,4 | 70,3 | | 2001: 1966/1975 bitartean jaiotakoak | 100 | 10,7 | 5,4 | 50,5 | | 2001: 1976/1985 bitartean jaiotakoak | 100 | 15,8 | 5,8 | 36,7 |
Euskal Autonomia Erkidegoan ere gaztelaniaren erabilera da nagusi toki eta erabilera-eremu gehienetan. Alabaina, euskararen ohiko erabilera %15etik gorakoa da eta, egunetik egunera, handitzen ari da. Gurasoak euskaldunak direnean euskararen transmisioa familian bertan ari da bermatzen, eta ez direnean, eskolaren bidez euskalduntzen dira belaunaldi berriak. Beraz, euskaldun zaharren proportzioak ez du behera egin gora baizik, gutxika bada ere. Aldi berean, euskaldun berrien proportzioa etengabe ari da gora eta gora. Hain zuzen ere, horiexek dira, azken urteotan, euskararen erabilerak gora egitea ahalbidetzen ari direnak.
| EUSKARAREN ERABILERA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN |
|---|
| Aztertutako unibertsoa, neurketaren urtearen eta jaiotze-dataren arabera | Biztanleak guztira % | Elebidunak % | Euskaraz erdaraz beste edo erdaraz baino gehiago mintzo dira |
|---|
Biztanle guztiekiko % | Elebidunekiko bakarrik % |
|---|
| 1991: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 23,8 | 16,5 | 69,3 | | 2001: 1966 baino lehen jaiotakoak | 100 | 24,8 | 18,5 | 74,6 | | 2001: 1966/1975 bitartean jaiotakoak | 100 | 31,6 | 17,4 | 55,1 | | 2001: 1976/1985 bitartean jaiotakoak | 100 | 48,5 | 20,9 | 43,1 |
Dena den, oraindik goizegi da, joera hauek etorkizunean kontsolidatu eta sendotuko diren jakiteko, besteak beste, ondorioak, biztanleria osoari begira halakoxeak badira ere, euskaldungoari begira oso bestelakoak direlako: gero eta gehiago dira lehen hizkuntza gaztelania izan duten euskaldunak; gero eta gehiago gaztelaniaz euskaraz baino aiseago, erosoago eta erraztasun handiagoz mintzo direnak; gero eta gehiago, eguneroko bizitzan erdara hutsez edota erdaraz euskaraz baino gehiago mintzo diren euskaldunak. Euskarak mendeetan zehar iraun du egoera diglosikoan, hitz egiten zekitenak, asko ala gutxi izan, hainbat erabilera-eremutan erabiltzeko inolako aukerarik izan ez arren, beste batzutan, familian eta lagunartean, batez ere, guztiz nagusi izanik. Orain, hitz egiten dakitenen kopurua gora egiten ari da eta erabilera ere bai; inoiz erabili izan ez den hainbat esparru ere irabazten ari da; baina ohituraz bere-bereak izan dituen hainbat esparrutan nagusi izateari utziz gero zer jazo daitekeen jakitea ez da batere erraza. Azken finean, euskararen erabilerari buruzko gizarte-araua aldatzen den neurrian, nolakoak izango dira onurak eta kalteak etorkizunean?
Laburbilduz, askotariko egoera hori da etorkizuneko urratsak nondik nora egin erakusten diguna. Tokian tokiko lehentasunak finkatzen asmatzean datza, seguruenik, datozen urteotan, euskarak atzera ala aurrera egitea. Hortaz, bi eratakoak dira lurraldez lurraldeko epe motzeko helburuak eta lehentasunak:
- Batetik, ahalik eta eperik laburrenean, euskararentzat ahalik eta hiztun oso gehien irabaztea familia bidezko hizkuntza-transmisioaren bidez, eskolan euskara eta euskaraz ikasiz edota heldu aroan euskara ikasteko aukerak eskainiz. Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte, horretara zuzendutako egitasmoak sendotzen jarraitu beharko da. Alabaina, Nafarroan eta Iparraldean erabateko lehentasuna du euskarari, lurralde osoan, ofizialtasuna aitortzeak, besteak beste, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten gurasoei aukera hori bermatzeko lurralde biotako hezkuntza-sistemak euskaldundu ahal izateko urrats sendoak eman ahal izateko. Izan ere, hori gabe ezinezkoa izango da euskararen belaunez belauneko jarraipena bermatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko hiztun-kopurua erdiestea. Bertako herritarrak euskararen alde irabazteak, beraz, premia larriko izaera du.
- Bestetik, euskara eskolan ikasi duten milaka eta milaka euskal hiztunen hizkuntza-gaitasuna sendotzeak ere erabateko lehentasuna du. Euskara, beste hizkuntza guztiak bezalaxe, erabiliz hobetzen den komunikaziotresna bizia da, eguneroko bizitzarako balio digun komunikazio-tresna. Beraz, eguneroko bizitzan euskararen presentzia aktiboagoa galarazten duten oztopo fisiko eta mentalak gainditzeak besteko garrantzia eta lehentasuna du komunikazio hori erraztu dezaketen aukerak bermatzeak eta areagotzeak, euskarazko produktuak eta zerbitzuak eskura jartzeak eta, egunetik egunera, areagotzeak.
Fitxa teknikoa
Informazio-bilketa 2001eko azaroa eta 2002ko martxoa bitartean egin da. Inkestatu bakoitzari aurrez aurre egin zaio inkesta. Horretarako galdesorta egituratua eta itxia erabili da.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) laginaren diseinuaz eta prestakuntzaz Euskal Estatistika Erakundea (EUSTAT) arduratu da, Iparraldean Institut National de la Statistisque et Études Économiques (INSEE) eta Nafarroan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
Landa-lanari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan Centro de Orientación Sociológica eta Siadeco enpresek egin dute, Iparraldean Hizkuntza Kontseiluak eta Nafarroan Centro de Orientación Sociológica enpresak.
15 urtetik gorako biztanleei zuzendutako laginak 6.821 inkesta bildu ditu: EAEn 3.600, Iparraldean 1.717 eta Nafarroan 1.504.
Lurralde bakoitzean 15 urtetik gorako biztanleriari proiektatu zaizkio emaitzak, EAEn eta Nafarroan 1996ko erroldako datuetan oinarrituta eta Iparraldean 1999koan jasotakoetan. Gainera, emaitzak ponderatu egin dira sexuaren, adinaren, jarduera-esparruaren eta, EAEn eta Nafarroan, euskaldunen eta erdaldunen banaketaren arabera (Iparraldeko erroldan ez da euskararen ezagutzari buruzko informaziorik jasotzen).
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, inkestak zein zentsu-sekziotan (konglomeratutan) egin behar izan diren erabakitzeko, etapa anitzeko laginketa geruzatua erabili da. Konglomeratu bakoitzean, familiak modu sistematikoan aukeratu dira eta familia bakoitzean norbanakoaren aukeraketa ausazkoa izan da. Iparraldean, berriz, inkestak zein etxebizitzatan egin behar diren erabakitzeko, etapa bakarreko laginketa geruzatua erabili da. Familia bakoitzean norbanakoaren aukeraketa ausazkoa izan da.
Euskal Herriko lagin osoaren laginketa-errorea +-1,7koa da %95,5eko konfiantza-mailarako eta p=q=%50. Konfiantza-maila berarako lurraldekako laginketa-erroreak honakoak dira: +-2,1ekoa EAEn, +- 2,6koa Iparraldean eta +-3,6koa Nafarroan.
(EUSKO JAURLARITZA, Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza)
|