Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Morala eta erlijioaren bi iturriak

Morala eta erlijioaren bi iturriak

2003-09-23 / 09:06 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Hizkuntzalaritzako testu batean hau irakurri dut: “Komunztadura, aditza eta ergatibo, absolutibo eta datibo kasuko osagaien artean dago”. Egia esan, lehen irakurraldian ez nuen ezer ulertu. Eta bigarrenean, aldez aurretik banekielako zer zioen testuak, horregatik ulertu nuen. Testua gorabehera, hortaz.

Azken urteotan boladan jarri bide da herria eta ibaiaren artean bezalakoak idaztea, hizkuntzaren jarduna arintzeko aitzakiaz, omen. Nik gaztelaniaren eragina –entre el río y el pueblo- besterik ez dut ikusten hor, baina tira. Arazoa da arintasunean irabazten omen dena –hutsaren hurrengoa nire ustez– argitasunean galtzen dela. Goragoko testua, adibidez. Ez dut nik esango agramatikala denik, baina ez al da askozaz hobeto ulertzen “Komunztadura, aditzaren eta ergatibo, absolutibo eta datibo kasuko osagaien artean dago” idatzita? Eta hau da euskarak betidanik erabili duen bidea. Ez alferrik, antza denez.

Dena dela, arazoa oro har larriagoa da. Euskaraz -a “artikulu”-aren funtzio nagusia argia da: ezkerreko izen sintagma bukatu dela adieraztea eta, handik eskuinetara, beste zerbait datorrela. Eta hori esatera dator azken batean Euskaltzaindiaren 111. araua , jende gutxiegik ezagutzen eta betetzen duena, antza.

Har dezagun, esaterako, izenburuko esaldia, kaleratu berri den liburu baten izenburua dena. Bere hartan, esaldi horrek moralaz eta bi iturriz dihardu, erlijioaren bi iturriez hain zuzen. Kontua da esaldi hori itzulpen bat dela, eta Les Deux Sources de la Moral et de la Religion esaldiaren itzulpen izan behar lukeela. Baina egiatan La Moral et les Deux Sources de la Religion-en itzulpen gertatzen da tamalez.

Orobat, irailaren 14ko BERRIAn irakurri nuen Humanitateak eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea ez da, behar zukeen bezala, Facultad de Ciencias de la Educación y Humanidades-en itzulpena, baizik eta, erremediorik gabe, Humanidades y Facultad de Ciencias de la Educación-ena. Lehenengoaren itzulpena izateko "Humanitateen eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea" edo, gutxienez, "Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatea" behar luke. Nolanahi ere, itzulpenik zuzenena, nire ustez, Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea da. Orain arteko euskaran bederen.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com