|
Uda aurretxoan ireki genuen bidetik jarraitu nahi dugu Euskal Telebistako
Euskara Sailak eta Edertrack, Irusoin eta K-2000 bikoizketa estudioetako
euskara arduradunek, bikoizketarako prestatzen ditugun irizpideak
zuenganatuz. Oraingo honetan arreta berezia eman diogu hizkerak bereizteari.
Aurrekoan bezalaxe gaia lau ataletan banatu dugu: Erdaretatik euskarara, Hizkuntza gaiak, Hizkerak, eta Paperetik ahora.
Bikoizketa nola egiten den ez dakitenentzat, ohar bat, azken ataleko
azalpena errazago uler dadin: jatorrizko gidoia itzultzen denean, barreak,
negarrak, harridurak eta antzekoak ez dira papereratzen. Itzultzaileak AD
LIBITUM (edo AD LIB) idazten du, eta hori ikusita bikoizleak badaki
jatorrizkoan egiten dutena egin behar duela.
Horrek arazoa eman dezake. Izan ere, jatorrizkoan aktorea harritu egiten
bada, bikoizlea ere harritu beharko da, baina "euskaraz". Alegia, ezin ditu
erabili jatorrizko aktoreak erabilitako harridura interjekzioak,
euskarazkoak baizik.
Are gehiago. Interjekzioak erabili beharrean jatorrizko aktoreak hitzen bat
esaten badu, orduan itzultzaileak ibili behar du kontuz. Ingelesez,
"incredible" esanda harritzen badira ere, euskaraz nekezago esango genuke
"sinestezina" egoera berean.
Aurrekoan bezala, eskerrak eman nahi dizkiogu Azpeitiko Euskara
Patronatuari, zuengana iristeko modua eskaintzeagatik. Zuei ere eskerrak,
zuen ohar, iritzi eta iruzkinengatik.
Erdaretatik euskarara
Any
Hiztegietan, ingeleseko "any" hitzaren ordainak "edozein / zeinahi" eta "edonor / nornahi" dira. Baina hizkuntza bateko eta besteko erabilerak ez datoz guztiz bat. Euskaraz, pertsona edo gauza zehatza aipatu behar ez dugunean erabiltzen ditugu, eta hau esan nahi dugu azken baten: "bat edo beste, berdin dio". Pertsona edo gauza bakarraz ari gara. Multzoa azpimarratu behar bada, hobe dugu plurala sartu:
- Edozein palestinar armaturi tiro egiteko agindu du.
- Palestinar armatuei tiro egiteko agindu du.
- Palestinar armatu guztiei tiro egiteko agindu du.
- Udalek ez dakite zelan jokatu edozein lur erosi edo saltzerakoan.
- Udalek ez dakite zelan jokatu (dena delako) lurrak erosi edo saltzerakoan.
Baldintzetan, nekez sartzen dira "edozein" eta "edonor":
Batzuetan, datua oso zehaztuta ematen da, erlatibo baten bidez. Halakoetan ez dauka zentzu handirik "edo-" hori sartzeak. Ez behintzat katearen barruan.
Iragarki eta abisuen hizkeran asko zabaldu da, agian ingelesetik kalkatuta. Gaztelaniaz ere, halako formulak arrotzak izan dira oraintsu arte:
- Gure konpainiako edozein bulegotan galde dezakezue.
- Gure bulegoetan galde dezakezue.
- Honi buruzko edozein informazio gure web orrian lor dezakezue.
- Gure web orrian duzue honi buruzko informazioa.
Hizkuntza gaiak
Ohiko
Euskaltzaindiak "ohizko" barik "ohiko" forma erabiltzea gomendatu du. Tradizioan zabal erabili da, eta adiera nagusi bi eman zaizkio: "ohi dena, betikoa" edo "ohi zena, lehengoa". Gaurko beharrizanak bultzatuta, asko zabaldu da. Baina kasuan-kasuan berbarik egokiena den ikusi behar da, eta itzulpenetan ea jatorrizko hitzaren ordain zehatza den.
- Norbaiti galdetuko diogu Irlandako ohiko taberna batean.
- Norbaiti galdetuko diogu Irlandako taberna tipiko batean.
- Txalupak ez dira ohikoak ibaiaren alde honetan.
- Ia ez da txaluparik ibiltzen ibaiaren alde honetan.
- Ez da txalupa askorik ikusten ibaiaren alde honetan.
- Oso ohiko suge bat da Hego Amerikan.
- Suge hau oso zabal dabil Hego Amerikan.
- Oso suge normala da Hego Amerikan.
- Oso suge arrunta da Hego Amerikan.
- Lehoikumeek esnea dute oraindik ere elikagai ohikoena.
- Gehienbat esnea hartzen dute oraindik lehoikumeek.
- Lehoikumeek batez ere esnea edaten dute oraindik.
- Kontua zen gehiegi ez lapurtzea, ohikotik ez irteteko.
- Kontua zen gutxinaka lapurtzea, ez igartzeko moduan.
- Kontua zen gehiegi ez lapurtzea, inork ez igartzeko.
- Gepardoen ohiko bizilekua Serengetiko belartzak dira. Baina populazio handiena Namibian dago.
- Gepardoen bizileku aipatuena Serengetiko belartzak dira, baina...
- Serengeti izaten dugu gogoan gepardoen bizilekutzat, baina...
Oraindik bitxiagoa da "ezohiko" hitzaren erabilera. Sarritan "arraro, bitxi, apart" adiera ematen diogu. Hiztegi batuan oraingoz ez dago jasota, eta bai "ohiz kanpoko" esapidea.
- Azkonarra, txakala eta aztorea. Ezohiko harrapari elkartea da hau.
- Harrapari elkarte bitxia da hau.
- Ezohiko gidari batek darama kontrolgunera; poliziaburuak.
- Kontrolgunera daraman gidaria ez da edozein: poliziaburua da.
Hirugarren berba bat aipatu behar dugu hemen: "ohikeria". Hiztegiren batek "rutina"-ren ordaintzat dakar. Beharbada kasuren batzuetan erabilgarria izango da, baina ez beti:
- Animaliek ondo ikasita daukate eguneroko ohikeria.
- Animaliek ondo ikasita daukate eguneroko martxa.
- Animaliek ondo ikasia dute egunerokoa.
Hizkerak
Kortesia
Begirunea eta errespetua erakutsi nahi dugunean, hitz egiteko modu berezia erabiltzen dugu. Hitz egiteko modua berezia dela, hizkuntzaren ezaugarri guztietan igartzen da: hiztegian, aditz jokoan, sintaxian... Eta banan-banako ezaugarrietan ez ezik, esaldi osoetan ere bai. Izan ere, adeitasuna erakusteko esaldi eginetara jotzen dugu sarritan eta, beraz, egoera jakin batzuetan erabiltzen ditugun formulak dira.
Bikoizketan, pelikulak eta serieak euskaraz jartzeko, halako formulak ez ditugu beste hizkuntza batzuetatik itzuli behar. Euskaraz ohikoak direnak erabili behar ditugu.
| Aurkezpena | - Urte askotarako / Urte askoan
- Pozten naiz (zu) ezagutzeaz
- Pozten nau (zu) ezagutzeak
- Zure esanetara
- Badut zure entzutea / zure aditzera
| | Hasierako agurra | - Egun on / Arratsalde on / Gau on [gabon]
- Egun on dizuela
- Egun on Jainkoak
| | Agurraren erantzuna | | | Azken agurra | - Ondo izan
- Ondo bizi
- Gau on pasa [gabon pasa]
- Zoaz ondo / Ondo joan
| | Eskaintza ukatzea | - Aukeran, handitxoa / luzetxoa / ... / (da).
| | Eskertzea | - Estimatuta dago
- Estimatzen dizut
- Eskerrik asko
- Esker anitz
- Mila esker / Esker mila
| | Eskerrei erantzun | - Ez horregatik
- Ez da(go) zergatik
- Ez da(go) ezergatik
- Ez da zeren
Ez hain formalak- Zeuri
- Ez da ezer (asko)
- Ez dago eskerrik
| | Pribatuan sartzea | - Atrebentzia ez bada, ...?
- Galdera txarra ez bada, ...?
| | Hitzaldia amaitu | - Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu
| | Doluminak | - Neure dolumina(k)
- Doluminak
- Saminean lagun
- Lagun nauzu atsekabean / nahigabean
- Laguntzen dizut (sentimenduan)
- Zure bihotz-minetan partaide nauzu
| | Jatorduan | - On degizula / on degizuela
- On egin
|
Paperetik ahora
Zelan adierazi harridura
Emozioak batzuetan hitzen bidez azaltzen dira, eta beste batzuetan interjekzioen edo hotsen bidez. Bikoizleen testuetan askotan hutsuneak uzten dira interjekzioren bat edo antzekoren bat datorrenean, ad libitum hitzekin markatuta. Halakoetan, kontuan izan behar dugu hizkuntza batetik bestera aldatu egiten direla emozioak adierazteko moduak, eta euskarari ez dagozkiola "ups", "uau" eta halakoak, ezta denbora guztian "harrigarria" eta "sinestezina" esaten ibiltzea ere, jatorrizkoan hala esan arren. Hona hemen, bada, harridura eta ezustea adierazteko ditugun baliabideetako batzuk.
a, ai, aiei, o, epa, ala
Esaldi osoaren balioa daukate, nahiz eta askotan berba bakarra izan. Erabilera zehazteko marka batzuk ipini ditugu. Markarik ez dutenak edonoren ahotan ipintzeko modukoak dira. Bestelakoak honela sailkatu ditugu.
- L markak esan nahi du forma leundua dela; errazago entzuten dugu emakume eta umeen ahotan.
- G markak esan nahi du forma gogorra dela, latza. Ez da edonoren ahotan ipintzekoa.
| Ai ama / Ai amatxo | L | "Ai ama! Oraintxe egin dut egitekoa!" | | (Ai) (ene, nire, gure) Jaungoikoa |
|
| | Ahor ba / Hor ba |
| Besteak esandakoa baiezteko ere bai. | | Aibala | L |
| | Aitaren (eta Semearen) |
| Gauza handia gertatu denean. | | Aitu = Beitu = Ikusi |
|
| | Aizu / Zu / Hi |
| Elkarrizketan. | | Alajaina / Alajainkoa / Alafede | L |
| | Ama Maria santisima |
| Gauza handia gertatu denean. | | Amabirjina santisima |
| Gauza handia gertatu denean. | | Arraioa / Arraiopola |
|
| | Arranoa / Arranopola / Arranotan / Arrania | L | "Arraio"-ren forma leunak. | | Arrastoa | L | "Arraio"-ren forma leuna, itxuraz. | | Astoaren mandolina | G | Oso gordina da. | | Beste horrenbeste |
|
| | Bueno |
| Normalean azkenengo bokala luzatuta. | | Dedio | G | Haserrea ere adieraz dezake. | | Egundaino / egundo / sekula halakorik |
|
| | Ene bada eta ni / Ene bada eta bada(txoa) |
|
| | Ene / Ene ba(da) |
|
| | Han / Hor |
|
| | Hara / Horra |
|
| | Hola |
| Gehienbat gauza ona azpimarratzeko. "Hola! Guaporik etorri zara gaur!" | | Holakorik / Halakorik |
|
| | Horratio |
|
| | Jainko maitea / laztana / handia |
| Gauza handia gertatzean. Erregua. | | Jaungoiko santua / soberanoa |
| Gauza handia gertatzean. Erregua. | | Jesus / Ene Jesus / Jesus ene(a) |
|
| | Jesus mila bider |
| Disgustua edo haserrea ere bai. | | Jesus, Maria eta Jose |
| Disgustua edo haserrea ere bai. | | Jode | G |
| | Joņo / Koņo / Errekoņo / Errekonde | G |
| | Jope / Jopela / Jopelin | L | Kexua ere adieraz dezake. | | Kia / Ka |
| Gauza bat sinesgaitza denean. | | Kontxo | L |
| | Mutilak |
| Esaldi hasieran. Gizon helduei ere esateko. | | Neska / Gizona / Motel (hika, mutilari) |
|
| | Oraindino halakorik |
|
| | Ordiga |
| Madarikazio leundua da berez. | | Ospera |
| Madarikazio leundua da berez. | | Ostia | G | Neurtuta erabiltzeko. Oso zatarra da. | | Txakurraren bibolina / flauta |
|
|
Multzo honetan, zelanbait esaldiaren egitura gorde dutenak sartu ditugu. Aditzaren denbora eta pertsona aldatu egiten da batzuetan.
| Arraioak ez baditu! | Haserrea ere adierazten du. | | Asko da ba (hau gertatu beharra)! | Honen antzekoa: "handia da, gero!" | | Asko da ba (hau gertatu beharra)! | Honen antzekoa: "handia da, gero!" | | Ba ote! / Bai ote ba! | Elkarrizketan gehiago. | | Besterik ez genuen behar! | Ezustekoa txarra denean. | | Ez da (ba) izango! | Elkarrizketan. | | Gertatzea ere! (esatea ere...) | Honen antzekoa: "sinesteko ere!" | | Hamaika ikusteko jaio(ak) gara! |
| | Hamaikatxo...! |
| | Handia da, gero! |
| | Hau da / duk beltza! | Gauza txarra gertatu denean. | Hau da hau izatekoa! Hau duk izatekoa (hau)!
Hura izan zen izatekoa! | Honelako esaldiekin ezustea adierazi baino gehiago harrituta azaltzen gara gertatutakoagatik. | | Hori ere badaukagu / badugu! | Okerra okerraren gainean datorrenean. | | Hori ere bai! | Okerra okerraren gainean datorrenean. | | Sinesteko ere! |
| | Ze arraio! | Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du. | | Ze demontre! | Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du. | | Ze Jaungoiko! | Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du. | | Ze mila sorgin! | Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du. | | Zer diozu (ordea / baina)! | Elkarrizketan. |
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.
Orain arte argitaratuak
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
- Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)
|
|
Oso interesgarria ikusi dut txosten hau. Ez da nire asmoa kritikatzea bere osotasunean, baizik, irakurri ahala bururatu zaizkidan puntutxo batzuen berri ematea.
- Kortesiazko esamoldeak:
- Agurraren erantzuna: "Baita zuri ere" da zenbait tokitan erabiltzen dena.
- Azken agurra: "Pasatu gabon" da nik ikasi eta erabili izan dudana. Erantzuna: "baita zuri ere."
- Eskerrei erantzun: "Ez da zeren" ikasi nuena, era formalean nahiz ez.
- Hitzaldia amaitu: "Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan". Formula hau erabiltzea ongi dago, baina oso topiko bihur daiteke. Kontuz!
- Doluminak: Baztanen "osasuna gomendatzeko" esaten genuen beti, eta Satrustegi hil zenean konturatu nintzen formula hori bera erabili zuela familiarekin batek baino gehiagok Urdiainen.
- Interjekzioak:
Harridura adierazteko erabili izan ditugunak: "horra!", "hara!", "to!", "bai to!" (zerbait sinesten ez duzunean, edo gertatuko ez dela uste duzunean), "behazak horri!" (ez dio inori ere behatzen, baina zerbaitek harritzen zaituenean esaten duzu).
Nire ustez, esaldi hauek izan dezaketen eragozpena da beharbada gehiago direla, batzuk bederen, liburuetakoak, hizketa bizikoak baino. Erne egon beharko genuke zer erabiltzen duten hiztunek, batez ere zaharrenek, eguneroko jardueran. Horrek ez du kentzen, jakina, esapide berriak sartzekoa ere. Beste esapide bat: "hau ez duk, gero, atzo gaueko bildotsa!"
(PELLO SALABURU, hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
|