![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Andoni Sagarna / Internet / 2003-10-13 / 07:01
Oso hedabide berria da guretzat Internet. Orain dela bederatzi urte izan nuen nik amaraunaren berri. Alabaina, oso bizkor zabaldu da eta etxekotu zaigu guztiz. Honezkero ez da egongo gure artean lantegi, eskola edo elkarterik bere web gunea ez daukanik edo gutxienez eduki nahi ez duenik. Horietan dauden eduki batzuk euskaraz daudela denok dakigu, baina oraindik ez da egin taxuzko azterketarik zer arlotakoak diren, nongoak, euskarak eta beste hizkuntzek bertan zer leku duten, zenbateraino ateratzen dieten etekina hedabide berriaren baliabideei, etab. jakiteko.
Aurtengo "Informatikari Euskaldunen Jardunaldiak" zirela eta, antolatzaileek Interneti buruzko aurkezpenen bat prestatuko al nuen galdetu zidatenean, Joan Mari Torrealdai adiskideak urtero liburugintzaz zintzo asko argitara ematen duen azterketaren antzeko zerbait egitea interesgarria litzatekeela bururatu zitzaidan. Ez noski horren sakon, ez bainuen betarik zeregin horretan luzaro jarduteko, baina bai saikera gisa, alde batetik, eta jakinminez ere bai, bestetik, mundu berri horretan nola kokatzen ari garen antzeman nahian.
Aurkezpen horretarako egin nuen lantxoa dakarkit orain hona eta, orduan egin nuen bezala, azalduko ditudan datuen balioa bere lekuan jarriz ekingo diot. Izan ere, lanaren berritasunak eta eskura nituen baliabideen urritasunak asko mugatzen baitzuten ondorioen fidagarritasuna.
Hasteko, ez dago inon, dakidala, euskarazko edukiak dituzten web orri guztien errolda edo inbentariorik. Ezingo du inork esan zenbat euskarazko web orri dauden une jakin batean eta are gutxiago zein diren orri horien helbideak. Errealitate atzemangaitz baten aurrean aurkitzen garenez, ez genezake har dena xeheki aztertzea abiaburutzat. Horren ordez, hobe da lagin adierazgarri batekin lan egitea.
Zorionez, zientzia estatistikoak baditu tresnak ondo aukeraturiko erakusgarri batetik ateratzen diren ondorioak honekin batera multzo handi atzemangaitz bat osatzen duten beste elementu guztiei aplikatzeak dituen mugak zehazteko. Nolanahi ere, lagin bat aukeratzeko, ahalik eta web orri gehienen berri izatea komeni zitzaidan, haien artetik aukeratzeko. Alegia, gauza bat da hondartza bateko hondar-ale guztiak ez dagoela banan-banan aztertu beharrik, hondartza horretako hondarraren ezaugarriak ezagutzeko, eta beste bat hondar-aleak nondik hartu behar diren behintzat jakin beharra dagoela.
Gaur egun amaraunean dauden eduki asko aurkitzeko modurik eraginkorrena bilatzaileak erabiltzea da, baina nire helburua ez zen eduki jakin bat duten orriak bilatzea, baizik eta euskarazko edozein eduki duten ahalik eta web orri gehienak atzematea. Horregatik, bilatu behar nituenak edozein eduki adierazteko ere erabili behar izaten diren euskarazko hitzak ziren. Hitz hauek funtzio gramatikal soila duten hitzak dira, hala nola lokailuak (eta, edo, baina, etab.) edo aditz laguntzailearen formak (da, du, etab.).
Bilaketa hori egitean ahalik eta euskarazko web orri gehienak eta euskarazkoak ez ziren gutxienak bildu behar nituen. Helburu horrek baditu zailtasun batzuk. Adibidez, goian aipatu ditudan hitz horietako bat bakarra bilatzen saiatuz gero, gerta liteke hainbat testu bazterrean geratzea, hitz hori ez daukatelako. Ostera, hitz horietako hainbaten arteko edozein daukaten testuak eskuratzeko bilaketa aginduz gero, euskarazkoak ez diren hainbat testu eskuratuko nuke. Esate baterako, “eta” eskatuz gero espainierazko eta beste hizkuntza batzuetako testu asko agertuko lirateke, “du” erabilita frantsesezkoak, “da” erabilita italierazkoak, etab.
Euskarazko ahalik eta web orri gehienak eta beste hizkuntzatakoak ahalik eta gutxienak biltzeko asmoz “da”, “du” “dira”eta “eta” hitzak aldi berean dituzten web orriak bilatzeko eskatu nion Google bilatzaileari. Guztira 69.000 orritik gora aurkitu zituen. Horixe hartu nuen hain zuzen unibertsotzat.
Hurrengo urratsa hortik lagin bat ateratzea zen. Berehala beste erabaki batzuk hartu beharra zegoen: laginaren tamaina eta hau ateratzeko metodoa. Laginaren tamainari dagokionez, estatistikak esaten digu txikiegia ez dela komeni, bestela ondorioek ezer gutxi balio dutela unibertso osoari aplikatzeko, baina, behin tamaina batetik aurrera, ez duela egin beharreko lana justifikatzeko adinako zorroztasunik eskaintzen ere bai. Hemen zehazten hasiko ez naizen kalkuluak eginda, badakigu 600 edo 700 web gune aztertuz gero, ateratzen diren ondorioak oso txukunak direla, baina zoritxarrez nik ez nezakeen hainbeste lan har. Lagina ateratzeko prozedurak zorizkoa izan behar du, baina hori berez zetorkidan bilatzaileak eskaintzen zizkidan emaitzak zetozen hurrenkera berean erabilita.
Horregatik, 200 web orriko lagin bat aukeratzea erabaki nuen, jakinik lagineko orrien arteko ehuneko hainbestetan ezaugarri bat aurkitzen banuen ez nezakeela esan unibertso osoan hori bera justu gertatzen denik, baizik eta %7 edo %8 gorabehera. Aterako nituen ondorioek joerak adierazteko baino ez zutela balioko jakinda ere, horrela jokatzea pentsatu nuen.
Hauxe zen, ondorioak aipatzen hasi aurretik, nire burua zuritze aldera, irakurlea aspertzeko arrisku galanta nuela jakinda ere, hasteko esan nahi nuena. Honaino iritsi den irakurleak gainditua du mendaterik gogorrena eta ez du horrenbesteko nekerik izango datozen lerroetan.
Lehenengo egin nuen gauza lagineko web orrien jabeak identifikatzea eta motaka zenbatzea izan zen. Emaitza hauek lortu nituen:
| Jabeak | % |
|---|---|
| Herri-erakundeak eta hauen menpekoak | 27 |
| Irabazasmorik gabeko elkarteak | 15 |
| Enpresa pribatuak. Profesionalak | 13 |
| Ikastetxeak | 10 |
| Komunikabideak | 8 |
| Norbanakoak | 8 |
| Alderdi politikoak. Sindikatuak | 8 |
Beste hizkuntzetako web orrien banaketa nolakoa den jakin beharko litzateke honekin konparatzeko, baina atentzioa ematen du enpresa pribatuenak eta profesionalenak horren gutxi izatea. Mundu ekonomiko pribatua euskaratik urrun bizi dela egiaztatzen da honekin.
Euskarazko edukiak dituzten irabazasmorik gabeko elkarteen web orriak aztertuta hauxe ikusten da:
| Gaiak | % |
|---|---|
| Euskara | 37 |
| Musika eta dantza | 13 |
| Kirola | 10 |
| Kultura oro har | 7 |
| Ekintza politikoa | 7 |
| Zientzia eta teknika | 7 |
Hizkuntzaren egoera islatzen da hemen. Egoera normalean dauden hizkuntzatan mintzagai nagusia ez da hizkuntza bera izaten.
Herri-erakundeen euskarazko web orriek erakunde-motari begira sailkatuta datu hauek ematen dituzte:
| Erakunde-mota | % |
|---|---|
| Udalak | 31 |
| Autonomia-Erkidegoetako gobernuak | 28 |
| Jaurlaritzaren menpeko institutu eta baltzuak | 19 |
| Diputazioak | 11 |
| Euskal herritik kanpoko herri-erakundeak | 11 |
Taulan ageri diren datuak apur bat gehiago zehaztuz, esan dezagun Eusko Jaurlaritzaren eta honen menpeko institutu eta baltzuen web orriak herri-erakundeen orrien %43 direla. Horrek esan nahi du Nafarroako Gobernuarenak %4 besterik ez direla.
Herri-erakundeen web orriak herrialdeka biltzen baditugu EAEkoen nagusitasuna are gehiago nabarmentzen da:
| Herrialdeak | % |
|---|---|
| EAE | 83 |
| Nafarroa | 6 |
| Espainiako Estatuko beste herrialdeak | 7 |
| Frantziako Estatua Euskal Herria salbu | 2 |
| Europako Batasuna | 2 |
Desoreka honek ez dakar inolako ezustekorik herri-erakunde bakoitzaren euskararekiko jarrera ezagututa.
Herri-erakundeetako euskarazko web orriak edukiaren arabera sailkatzen baditugu ere desoreka handia nabaritzen dugu. Informazio orokorra eta hezkuntza-gaiak alde batera uzten baditugu ezer gutxi geratzen da:
| Edukiak | % |
|---|---|
| Informazio orokorra | 31 |
| Hezkuntza | 31 |
| Turismoa | 9 |
| Ekonomia | 9 |
| Kultura | 7 |
| Industria eta teknologia | 7 |
Gai konkretu bati lotuta egotekotan herri-erakundeen euskarazko web orriak hezkuntzarekin lotuta daudela esan daiteke. Beste arloak oso atzera geratzen dira. Liburugintzan ere gauza bera gertatu ohi da.
Web gune bakoitzean erabiltzen diren hizkuntzei zer garrantzi ematen zaien antzemateko era bat orri nagusira jotzea da. Honako egoera hauek aurkitu ditugu:
| Hizkuntzei ematen zaien garrantzia | % |
|---|---|
| Orri nagusia euskara hutsean dago | 17 |
| Euskara da hizkuntza nagusia eta beste hizkuntzak kontuan hartzen dira | 13 |
| Euskarak eta gaztelaniak pisu berbera dute | 14 |
| Espainiera da hizkuntza nagusia | 25 |
| Hainbat hizkuntza ageri dira orri nagusian pisu berberaz | 23 |
Salbuespenak salbuespen orri nagusian bi hizkuntza baino gehiago ageri baldin badira horietako bat ingelesa da.
Bada beste tipologia bat benetan harrigarria gertatu zaiguna: zenbait web gunetan badira euskarazko web orriak orri nagusitik nabigatzen hasiz gero ikusi ezin direnak, ez baitago inon hauetara iristeko estekarik. Bilaketa bidez bakarrik irits daiteke orri horietara. Agian kasualitatea izango da, baina erabili genuen laginean horrelako orriak Nafarroako Gobernuarenak eta Vital Kutxarenak ziren. Susmoa dut orain dela denbora bat egin zirela, eta euskararen presentzia gutxitzeko politika batek baztertu dituela.
Ondoko tauletan euskarak irabazasmorik gabeko elkarte pribatuetan duen trataera ikus daiteke:
| Hizkuntzei ematen zaien garrantzia | % |
|---|---|
| Orri nagusia euskara hutsean dago | 27 |
| Euskara da hizkuntza nagusia eta beste hizkuntzak kontuan hartzen dira | 33 |
| Euskarak eta gaztelaniak pisu berbera dute | 10 |
| Espainiera da hizkuntza nagusia | 10 |
| Hainbat hizkuntza ageri dira orri nagusian pisu berberaz | 10 |
| Ingelesa da hizkuntza nagusia | 10 |
Bi gauza nabarmentzen dira taula honetan aurrekoarekin konparatzen bada:
Erakunde publikoen web guneetan honako egoera hauek aurkitu ditugu:
| Hizkuntzei ematen zaien garrantzia | % |
|---|---|
| Orri nagusia euskara hutsean dago | 4 |
| Euskara da hizkuntza nagusia eta beste hizkuntzak kontuan hartzen dira | 17 |
| Euskarak eta gaztelaniak pisu berbera dute | 17 |
| Espainiera da hizkuntza nagusia | 24 |
| Hainbat hizkuntza ageri dira orri nagusian pisu berberaz | 28 |
| Ingelesa da hizkuntza nagusia | 2 |
| Bestelako egoerak | 8 |
Web gune guztiak kontuan hartuta baino nekezago aurkitzen dira euskara hutsezko edukiak eta erakunde pribatuak kontuan hartuta baino askoz ere nekezago oraindik. Espainiera nagusi proportzio beretsuan aurkitzen da web gune guztiak kontuan hartuta eta herri-erakundeenei bakarrik begiratuta, baina elkarte pribatuenetan baino askoz maizago. Orri nagusi eleaniztunak gehixeago dira herri-erakundeen web guneetan multzo osoan baino eta askoz ugariagoak elkarte pribatuenetan baino.
Azkenik ikastetxeetako web guneetan hizkuntzen trataera zein den ikusiko dugu:
| Hizkuntzei ematen zaien garrantzia | % |
|---|---|
| Orri nagusia euskara hutsean dago | 19 |
| Euskara da hizkuntza nagusia eta beste hizkuntzak kontuan hartzen dira | 5 |
| Euskarak eta gaztelaniak pisu berbera dute | 10 |
| Espainiera da hizkuntza nagusia | 33 |
| Hainbat hizkuntza ageri dira orri nagusian pisu berberaz | 24 |
| Bestelako egoerak | 10 |
Komeni da argitzea taula honetan era eta maila guztietako ikastetxeak daudela sartuta. Ikastetxeak bereizten baditugu, ikusiko dugu web guneen %76 unibertsitateenak direla. Nabarmen ikusten da ikastetxeen web guneetan espainiera nagusi izateko joera handiagoa dela multzo osoan baino eta ondotxoz handiagoa bestelako web guneetan baino. Unibertsitateak bakarrik kontuan hartzen baditugu joera hori areagotu egiten da, hauen web guneen %50etan orri nagusia espainiera hustsezkoa baita.
Internetek baditu beste hedabide batzuek ez dituzten ezaugarri batzuk:
Batez ere azken bi ezaugarri horiek berriak ditugu eta ahalegin berezia eskatzen diote web gunea garatzen duenari.
Aztertu ditugun web orriak ikuspegi honetatik bereizteko kategoria batzuk definitzen saiatu gara:
| Web guneen interaktibitate-mailaren araberako sailkapena | |
|---|---|
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | Merkataritza elektronikoa, bankua online, ikaskuntza elektronikoa, etab. |
![]() ![]() ![]() ![]() | Datu-baseak, albisteak, webblogak, bilaketa, foroak, posta-zerrendak |
![]() ![]() ![]() | Aldizkariak. Dokumentuak. Hemeroteka |
![]() ![]() | HTML orri estatikoak. Aurkezpena. Estekak |
![]() | Funtzionamendu-akatsak |
Honela zeuden banatuta kategoriaren ikuspegitik lagineko web orriak:
| Aprobetxamendu-maila | % |
|---|---|
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | 5,5 |
![]() ![]() ![]() ![]() | 18,5 |
![]() ![]() ![]() | 30,5 |
![]() ![]() | 36,5 |
![]() | 9 |
Erdiak baino gehiago maila ertain edo apal duin batean kokatzen ziren eta laurden bat inguru maila on edo bikainean. Esan daiteke asko dagoela oraindik hobetzeko, baina ahalegin politak ere ez direla falta. Orri akastunen kopurua ere handitxoa da. Akats nagusiak edukiak aspalditik berritu gabe edukitzea, inora ez daramaten estekak, euskarazko ataletan testuak erdaraz egotea, interaktibotasuna eskaintzen duten atalak euskaraz ez egotea eta orri nagusitik euskarazko edukietara estekarik ez egotea ziren. Desagertutako web gune batzuk ere baziren; hauetako batzuk legez debekatuak.
Hizkuntzen trataera eta baliabidearen aprobetxamendua kontuan hartuta banaketa hau agertzen zitzaigun:
| Maila | Euska- raz baka- rrik % | Euskara Nagusi % | Orri nagusi eleaniz- tuna % | Orri nagusi Elebi- duna % | Ingele- sa Nagusi % | Espaini- era Nagusi % | Beste- lakoak % |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | 3 | 10 | 9 | 7 | 0 | 2 | 0 |
![]() ![]() ![]() ![]() | 25 | 32 | 19 | 7 | 0 | 17 | 0 |
![]() ![]() ![]() | 28 | 35 | 21 | 38 | 14 | 37 | 17 |
![]() ![]() | 38 | 23 | 49 | 38 | 71 | 27 | 50 |
![]() | 6 | 0 | 2 | 10 | 14 | 17 | 33 |
| Guztira | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 | 100 |
Hiru eta lau izarreko kategoriak (ertainak eta onak) kontuan hartzen baditugu, euskara hutsezko orriak eta euskara nagusi dutenak ez dira leku txarrean geratzen eta bost izarreko kategorian are gutxiago euskara nagusi dutenak.
Kategoria bakoitzean hizkuntzen trataera nola banatzen den beste taula honek erakusten digu:
| Maila | Euska- raz baka- rrik % | Euskara Nagusi % | Orri nagusi eleaniz- tuna % | Orri nagusi Elebi- duna % | Ingele- sa Nagusi % | Espaini- era Nagusi % | Beste- ak % | Guzti- ra % |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() | 9,1 | 27,3 | 36,4 | 18,2 | 0 | 9,1 | 0 | 100 |
![]() ![]() ![]() ![]() | 21,6 | 27,0 | 21,6 | 5,4 | 0 | 24,3 | 0 | 100 |
![]() ![]() ![]() | 14,8 | 18,0 | 14,8 | 18,0 | 1,6 | 31,1 | 1,6 | 100 |
![]() ![]() | 16,4 | 9,6 | 28,8 | 15,1 | 6,8 | 19,2 | 4,1 | 100 |
![]() | 11,1 | 0 | 5,6 | 16,7 | 5,6 | 50,0 | 11,1 | 100 |
Honela labur daitezke euskarazko edukiak dituzte web orriei buruzko ondorioak:
Hau dena ikusi ondoren, badirudi euskarak web orrietan ohiko hedabideetan duen presentziaren antzekoa duela eta ahulezia nagusiak lurralde eta arlo berberetan dituela.
Garrantzi handiegia hartu du Internetek sistematikoki aztertu gabe uzteko. Hemen aurkeztu den ahalegintxo xume honek, hasieran esan bezala, balio duena balio du, ez gehiago, baina bide hori ireki beharra aldarrikatzeko erabili nahi nuke. Ideala Interneten Euskal Behatokia abian jartzea litzateke, etengabe zer ari garen ekoizten eta zer ez, nolako emaitzak lortzen ditugun, praktika onak eta txarrak zein diren jakiteko.
(ANDONI SAGARNA IZAGIRRE, Donostiako Industri Ingeniarien Goi-mailako Eskola Teknikoaren irakaslea da)
![]() | Inprimatu |