|
Artikulu honek hitanoaren gaur egungo erabilera eta geroa aztertzen ditu, R. Brown eta A. Gilman (1961) ikertzaile estatubatuarren eredu teorikoa ardatz hartuta.
Tratamenduen erabilera sartaldeko zenbait hizkuntzatan: bilakabidea eta aurreikuspenak XX. menderako
Tratamenduen erabilera sartaldeko zenbait hizkuntzatan: bilakabidea eta aurreikuspenak XX. menderako
1960an R. Brown eta A. Gilman ikertzaile amerikarrek (Brown and Gilman, 1960) oso teoria interesgarria sortu zuten tratamenduen erabilera eta soziolinguistika edozein hizkuntzatan aztertu ahal izateko. Funtsean haien ikerkuntzaren helburua honako hau zen: izenordain-hautaketaren eta hiztun/solaskide harreman objektiboaren artean dagoen kobariazioa argitzeko gai den eredu teoriko bat sortzea.
Horretarako gehienbat sartaldeko indoeuropar hizkuntza ezagunetariko batzuk hartu zituzten ikergai: ingelesa, frantsesa, italiera, espainiera eta alemana. Bost hizkuntzok eremu geolinguistiko bertsukoak dira eta kidetasun handiak dituzte. Europako mendebaldeko bost hizkuntza hauek tratamendu-sistema bikoitza dute solaskide bakar bati mintzatzeko. Hona hemen, bikoiztasuna nola gauzatzen den hizkuntzaz hizkuntza (ikus Alberdi, 1986b: 419-422): italieraz TU/LEÍ (VOI zaharkituaren ordez gaur LEI nagusitu da); frantsesez TU/VOUS; espainieraz TU/USTED (VOS zaharrari USTED nagusitu zitzaion); alemanez DU/SHIE (ihr 2. pertsona pluralaa > ER-SHIE 3. pertsona maskulino eta femeninoa, hurrenez hurrenn > SHIE); ingelesez THOU (1)/YOU (ye > YOU).
Gramatikari eta historialariak ez datoz bat tratamendu-bikoiztasun horren arrazoi historikoak bilatzerakoan. Jakina denez, latinez tratamendu bakarra zegoen solaskide bati hitz egiteko, baina IV. mendean plurala (VOS) hasi omen ziren erabiltzen enperadoreari zuzentzeko. Artean bi enperadore zeuden: bata, ekialdeko inperioko burua, Konstantinoplan; eta bestea, mendebaldeko inperioko burua, Erroman. Dioclecianoren erreformaz geroztik inperioaren kudeaketa bi bururen esku geratu bazen ere, administrazioz bakarra zen inperioa. Hortaz, batari zuzendutako hitzek, nahitaez, hedaduraz besteari ere zuzenduak egon behar zuten. Alegia, mezuak bi buruei zuzenduak bailiran taiutzen eta eratzen ziren. Beraz, lehen hipotesi honen arabera (Byrne, 1936), VOS tratamendu berria bitasun edo pluraltasun historikoaren ondorio izango zatekeen. Bigarren hipotesi batek dioenaren arabera (Châtelain, 1880), esan daiteke berez enperadoreari pluraltasuna egoki datorkiola, bere mendeko herritarren batuketaren emaitza edo sinboloa den aldetik. Erregezkoek sarritan GU esaten zuten, herri xeheak NI esango zukeen testuinguruan eta sarritan Erromako enperadoreak bere buruaz ari zela NOS erabiltzen zuen eta zentzu horretan errespetuzko VOS aurreko erabilera maiestatikoaren erantzuna edo ordain logikoa zatekeen. Bigarren hipotesi horren arabera, tratamendu berria (VOS errespetuzkoa) ez legoke pluraltasun historikoari atxiki beharrik, pluraltasuna non-nahi boterearen edo aginpidearen metafora zaharra baita (2).
Nolanahi ere den, sortzez soilik enperadoreari zegokion latinezko VOS errespetuzkoa, gerora, bestelako goi-mailako agintarien artean ere hedatzen hasiko zatekeen harik eta gizartearen botere-gune guztietara (familia barne) zabaldu arte. Enperadoreari, erregezkoei eta, oro har, goi-mailakoei VOS zegokien; behe mailakoei, berriz, TU tratamendua ematen zitzaien. Aurrerantzean, gauzak erraztearren, hizkuntza anitzetan bereizten diren izenordainen bidezko bi erregistro edo tratamenduak izendatzeko T eta V laburdurak erabiliko ditugu. Lehenengoa, T, lagunarteko erregistroa adierazteko eta bigarrena, V, kortesiazkoa edo errespetuzkoa adierazteko (3).
Gorago aipaturiko autoreen aburuz (Brown and Gilman, 1960), badira oinarrizko bi printzipio edo indar, gizarte-bizitzako jokabideak arautzen dituztenak. Honako hauek dira: boterea eta elkartasuna. Esan daiteke pertsona batek botere edo aginpidea duela beste baten gain, beste lagun horren jokaera zuzentzeko edo kontrolatzeko gai den neurrian. Boterea era askotako arrazoietan egon liteke oinarrituta: indar fisikoan, osasunean, adinean, sexuan, erakunde mailako paper edo eginkizunetan. Boterea, gutxienez bi pertsonaren artean gertatzen den erlazioa da. Bi pertsonak ezin dute aldi berean eta jokaera-eremu berean boterea eduki eta horregatik diote Brownek eta Gilmanek asimetrikoaa edo ez-elkarrekikoaa dela botereak ezartzen duen erlazioa. Lehen indar edo ardatz honi, autoreek boterearen semantikaa deritzotena legokioke. Honako hauek izan litezke Erdi Aroko Europako boterezko harremanaren adibideak: enperadorea/enperadorearen agindupekoak, erregea/erregearen agindupekoak, Aita Saindua/gainontzeko elizkideak, nobleak edo aitonen seme-alabak/herri xehea, etxeko jabea/ezkutari-morroi-esklabo, gurasoak/seme-alabak, e.a.
Brownen ikerkuntzaren arabera, Erdi Arotik aurrera mendeetan zehar boterearen semantikaa izan zen nagusi aipatu bost hizkuntzetan: berdinen artean tratamendu simetrikoa zen ohizkoa (V-V goi-klaseetako berdinen artean; T-T behe-klaseetako berdinen artean) eta desberdinen artean T-V asimetrikoa (azpikoak goragokoari V esan eta berarengandik T jaso). Hortaz, aro hartan boterea (botere-erlazioa) zen tratamenduen erabilera baldintzatzen zuen arau nagusia, ia-ia arau bakarra. Hona hemen irudi batez zertan zen boterearen semantika:
Semantika edo araubide honek ondo funtziona zezakeen gizarte erabat hierarkizatu batean, gizaki bakoitzak jaiotzez ezarritako toki jakin eta aldagaitza zuen garaian, baina sistema hori laster hasi zen koloka. Izan ere, apurka-apurka berdinen artean ere bereizkuntza egin beharra sentitu zen eta horrekin batera urratuta geratu zen lehengo sistemaren oreka garbia. Bereizkuntza zentzu honetan mamitu zen maila berekoen artean: T lagun hurbilari, hurkoari eta V lagun ez hain hurkoari. Hots, hurkotasunezko T eta formaltasunezko V gisan gauzatu zen berdinen arteko bereizkuntza. Orduan, beraz, Brown eta Gilmanek elkartasunaren ardatzaa deritzotena sartu zen jokoan. Boterearena erlazio asimetrikoa baldin bada, elkartasunarii dagokiona simetrikoa da. Horrela, pentsaera-kidetasuna edo gogaidetasuna sortzeko balio duten neurrian, era askotako kidetasun edo antzekotasunak izan daitezke elkartasun-eragilee edo elkartasun-sortzailee, hala nola, kidetasun politikoa, familiazkoa, erlijiozkoa, lanbidezkoa, sexuzkoa edo jaioterrizkoa.
Aipatutako Europako bost hizkuntzetan elkartasuna izan zen berdinen arteko tratamenduan bereizkuntza egiteko modua. Honek guzti honek korapilatu egin zuen lehengo sistema semantikoa, botere berdinekoen mailan ardatz edo aldagai berri bat sartuz. Beheko irudian ikus daitekeenez, elkartasunaren eragina maila berdinekoen mailara mugatuta egon zen bitartean, sistemak orekan iraun zuen.
Benetako korapiloa eta desoreka, elkartasuna botere desberdinekoen mailara hedatzen hasi zenean sortu zen. Hona hemen, gatazka era abstraktuan aurkeztuta. Hirugarren irudian letra beltzez azpimarraturiko laukietan kontraesana sortzen da botereak eta elkartasunak agintzen dutenaren artean: irudiaren ezkerraldeko goiko laukian agertzen denez, boterearen arabera goragokoari V zor zaio, baina goragoko hori solidarioa baldin bada, elkartasunaren arabera T eman behar; irudiaren eskuinaldeko beheko laukian ikus daitekeenez, beheragokoari boterearen arabera T zen legea, baina solidarioa ez denez, elkartasunak elkartasun-ezak kasu honetann V agintzen du.
Hona hemen gatazka bera baina binako konkretuen bidez azalduta:
XIX. mendean boterearen semantika zen nagusi eta horren arabera, alde batetik, zerbitzariek, soldadu arruntek eta enplegatuek T jasotzen zuten; beste alde batetik, gurasoekin, ugazabekin eta anaia nagusiekin V zen usadioa. Hala ere, informazio askoren arabera badirudi XX. mendean elkartasunaren semantika nagusitu zaiola boterearenari. Gaur egun, 3A irudiko binakoen tankerakoetan, bietatik bat, edo T elkartasunezko izenordain simetriko edo elkarrekikoa gailentzen da, edo bestela, elkarrekiko V, elkartasun ezaren izenordaina nagusitzen da. Soluziobide honen ondorio abstraktua ardatz bakarreko sistema bakuna da: T elkarrekikoa elkartasunezko harremanetarako eta V elkarrekikoa elkartasunik gabeko harremanetarako.
Gaur egungo erabileran, botere-desberdintasunak elkartasun ezaren ezaugarritzat hartzen dira, horrelakoetan elkarrekiko V nagusitzen delarik (4). Binakoen gatazka gainditzeko soluziobidea ikus dezakegu irudi honetan:
Hitz laburrez, bi dira ikerkuntza honek dakartzan diakroniazko ondorioak (tesi-hipotesiak):
- XX. mendean, aipaturiko bost hizkuntzetan (frantsesa, italiera, alemana, espainiera, ingelesa) lehenagoko boterearen semantikari elkartasunaren semantika nagusitu bide zaio edo erabat nagusitzeko bidean dago.
- Elkartasunaren semantikaren barruan gaudelarik, gero eta joera garbiagoa ageri da elkarrekiko T-ren alde, urruntasunezko edo formaltasunezko V elkarrekikoaren kaltetan. Hau da, gero eta handiagoa da T elkarrekikoa eragiteko moduko binakoen kopurua gizarteko harremanetan.
Beraz, lehenbiziko aldakuntza semantikoak ardatz baten (boterearen) zokoratzea ekarri baldin badu, bigarrenak orain gauzatzen ari omen denakk, sistema bakuntzearen alde jokatzen du, lagunarteko erregistroa (T) gero eta esparru zabalagoak bereganatzen ari delarik. Bigarren urrats hau beteko balitz, ziklo historikoaren abiapuntura itzuliko ginateke (T ---> T / V ---> T) eta agian horrekin batera bereizketa edo bikoiztasun berrien beharra (T/V) sentituko ere.
Dena den, atal hau bukatu baino lehen, esan dezagun boterearen ardatzaren ezabatzeak ekarri duen aldakuntza, ororen gainetik linguistikoa kode mailakoaa dela, neurri handi batean gizartearen beraren aldakuntzan eta bilakabidean sustraituta badago ere. Esan nahi baita, hizkuntz usadioen aldaketak gorabehera, oraindik ere boterezko harreman asimetrikoek zutik irauten dutela, izenordainen edota tratamenduen bidez botere-desberdintasunak kodetzeko joera "gaizki ikusia" edo ez hain ongi ikusiaa egon arren (5).
Hiketa/zuketa: Euskal tratamendu-usadioen iragana eta geroa
Aurkeztu ditugun diakroniazko hipotesiak eta bilakabidezko eredu teorikoa euskararentzat onartuz gero (6) berehala sortzen zaigu galdera bikoitza hizkuntzaren bilakabide historiko berriari buruz:
- XIX-XX. mendeetako euskararen eboluzioan boteretik elkartasuneranzko joera atzeman daiteke? Baiezkoan, zenbateraino gauzatu da aldakuntza hori?
- XX. menderako inguruko zenbait erdaratan iragarritako elkarrekiko T-ranzko joera garbia sumatzen ote dugu gaur egungo euskaran?
Lehenbiziko galderaren hariari helduz, aski bidezkoa dirudi 2. irudian erakutsitakoaren antzeko eredu bat proposatzeak aurreko mendeetako euskararentzat. Hala izatera, ondorengo urratsa elkartasunaren eta boterearen arteko gatazka izango zatekeen (ikus bitez gorago 3 eta 3A irudiak). Hots, alde batetik, maila apalekoari nagusi solidarioarekin sortzen zaion zalantza (V, nagusi den aldetik; T, harremana elkartasunezkoa den neurrian); beste alde batetik, nagusiagoari maila apalagoko ez-solidarioarekin sortzen zaion duda-muda (T, azpikoa duen aldetik; V, ez-solidarioak diren aldetik). Aldameneko hizkuntzetan joera, esan bezala, lehenengo kasuan T (goragoko solidarioari) eta bigarrenean V (menpeko ez-solidarioari) nagusitzekoa izan da (ikusi gorago 3C irudia).
3B irudiko beheko binakoak (bezeroa/zerbitzaria, ofiziala/soldadua, enplegu emaileak/enplegatua) kontuan hartzen baditugu, ematen du antzera gertatu dela euskaraz, nagusitasunezko harremanetan elkarrekiko V gailenduz.
Hala eta guztiz, goragoko solidarioekin (gurasoak/seme-alabak, ugazaba/morroi leiala, anaia nagusia/anaia gazteagoa) ez dirudi T-ren aldeko bilakaera hain aurreratua dagoenik. Gure uste apalean, aipaturiko kasuetan elkarrekiko T nagusitzetik aski urrun gaude. Hasteko, familiaren esparruan oro har ez bakarrik gurasoak/seme-alabak kasuann, adinaren aldetiko desberdintasunak izanez gero, T-V gisako harreman asimetrikoak suertatzen dira maiz. Bigarrenik, XX. mendearen hasieran, artean morroiak eta baziren, eta zaharren esanetan T-V ohitzen omen zuten ugazabek halako mutilekin. Bestalde, gaur egungo nagusi-enplegatu harremanari so eginez gero, elkartasuna egonda ere, ez du ematen T- T aukerak nagusitasun guztiz garbi eta erabatekoa erdiesten duenik: elkartasuna gorabehera, euskaldunarentzat nagusiak nagusi izaten jarraitzen bide du maiz. Hirugarren bikoteari dagokionez (anaia nagusia/anaia gazteagoa), tratamendu asimetrikoa maiz ikusten da oraindik ere adinekoen artean, ez hainbeste gazteen artean. Are gehiago, familiatik kanpo ere, oso adin desberdineko adiskideen artean (demagun 50 eta 70-75 urteko betiko auzo-lagunen artean) ez da batere gauza harrigarria asimetria gertatzea. Aipatutakoez gain, Euskal Herriko leku anitzetan sexu-diferentziak eragiten dituen tratamenduzko asimetriak hartu behar dira kontuan (neskak mutilari T, baina mutilak neskari V).
Ondorio gisa, zera aurrera genezake: orotara, aldameneko hizkuntzetan baino dezente asimetria gehiago gertatzen bide dira euskaraz; hortaz, Brown eta Gilman-ek elkartasuna deritzoten ardatzaren hedakuntza hurbileko hizkuntzetan baino astiroago, motelago eta atzeratuago dator euskaraz; elkartasunaren zabalkundea ez da heldu bere azken gradura, ezta hurrik eman ere. Alderantziz, Brownen esapide eta ereduaz baliatuz esan dezakegu boterearen semantikaren aztarna gordinak atxikitzen dituela euskarak.
Bigarren auziari buruz, zoritxarrez ezezko erantzuna eman beharrean aurkitzen garela deritzogu. Salbuespenak salbuespen (7) gaur egungo euskaran, zoritxarrez, ez dugu sumatzen elkarrekiko T orokortzeko joerarik eta are gutxiago T-ren aldeko ordezkatze-prozesurik. Beldur izatekoa da (8) alderantzizko ordezkatzea ez ote datorkigun gainera: batak bestea menderatzekotan, gure artean, tamalez, zukak (eztabadak) ahantzaraziko liguke hikako tratamendua eta ez alderantziz. Faktore askok jokatzen dute bakuntze horren alde, hitanoaren galeraren alde, alegia:
- Gaur egungo euskararen osasun makala. Izan ere, hitanoaren bizitza eta euskararena estuki loturik daude zentzu honetan: oro har salbuespenak salbuespenn, zenbat eta euskarak biziago eta bakartuago iraun herri batean, hitanoak ere hainbat eta probabilitate handiagoa izango du delako herrian bizirik eta osasuntsu irauteko.
- Hikako tratamenduan alokutibotasunari zor zaion morfologiazko oparotasuna. Alokutibotasunarena, euskararen aberastasun eta berezitasun morfologiko azpimarragarria da eta Txillardegik (1977) dioenez, berez, izatez inongo zailtasunik ez dakarren arren, hizkuntzak bizi duen egoera larriagatik, zama astun eta erabilgaitz bihurtzen da erregistro bakarreko euskaldunen begietan. Zentzu horretan alokutibotasunak eta morfologiazko oparotasunak mendebaldeko hizkuntzetan ageri den T-ranzko joeraren aurka jokatzen dute.
- Hikako tratamenduari batek ez daki ongi noiztik, zergatik eta noren eraginez (9)> halako omen edo ospe txarra eta laidozko kutsua itsatsi dizkiote Euskal Herriko toki askotan, halako moldez ezen anitz euskaldunentzat tabu gisako zerbait bihurtu baita. "Orbain" edo "bekatu" hau, ez da jatorrizkoa, noski, Azkuez geroztik frogatutzat ematen baita zu izenordainaren pluraltasun "berria". Euskarazko lehen lekukotasun idatzi garrantzitsuak ospe txar horren aurka mintzo zaizkigu: Detxepare, Leizarraga, Etxeberri Ziburukoak eta beste hainbatek ez zuten batere lotsarik izan hitanoa erabiltzeko.
- Hau dela eta, euskaldun askoren gusturako hitanoak konnotazio txarrak ditu: ijitoen edo buhameen mintzaira, basokoen edo baserritarren hizkera, hizkuntza zakar, gordin, gogorra eta abar luzea. Gauzak horrela, gurasoengandik seme-alabenganako hitanoaren transmisioa berariaz moztu izan dute familia askotan, itsusia delakoan, motza delakoan eta antzerako aurreiritzien eraginez, nahiz eta gero etxetik kanpo hika egiteari erabat ez utzi.
- Euskal Literaturaren tradizioan antzerkia gutxitxo landu da berriki arte; erregistro jasoak landu izan dira gehien. Hori dela eta, lagunarteko mintzamoldeari dagokion tratamenduak, hitanoak, ez du izan behar adinako ispilurik gure literatur tradizioan.
- Gaur egun, irakaskuntzak (eskolak, ikastolak, euskaltegiak, institutuak, unibertsitateak...) oro har ez du gehiegi laguntzen hitanoaren galerazko ibilbidearen aurka, sarri askotan hitanoaren bizitzarena baino beharrizan larriagoak daude eta.
- Komunikabideei gagozkiela, ETBrena ahalegin txalogarria izan daiteke, gainerako komunikabideetan jarraitzeko modukoa. Hala ere, telebistak, irratiak eta prentsa idatziak, zeinek bere mugak ditu hitanoa hedatzeko ahaleginean (10): kontuan har bedi euren diskurtsoa neurri handi batean eztabadaka (erregistro neutroan) gauzatu beharra daukatela, inongo solaskideri zuzentzen ez zaizkion heinean bederen.
- Aditz alokutiboaren batasuna gaurkoz eginkizun dugu (11). Hortaz, irakaskuntzatik nahiz komunikabideetatik hitanoaren aldeko apostua egiterakoan, makina bat zalantza sortzen da.
Hitanoaren erabilera baldintzatzen duten oinarrizko aldagai soziolinguistikoak
Izenordain-usadioei buruzko ikerketetan, hautaturiko tratamenduaren eta hiztun/solaskide harreman objektiboaren artean dagokeen kobariazioa ikertu ohi da. Hau da, horrelako ikerketek une eta toki jakin batean, pertsona jakin batekin tratamendu jakin bat aukeratzeko arrazoiak zein izan daitezkeen argitzea dute helburu. Aurrerantzean erregistro bat eta ez bestee hautatzera bultzatzen gaituzten arrazoi eragile horiek aldagai soziolinguistikoak deituko ditugu.
Aurreko atalean aipatutako bi faktore eragileak, boterea eta elkartasuna, makroaldagaiak lirateke nolabait esateko. Hots, aldagai orokorregiak lirateke hizkuntza partikular baten ikerketan aplikatzeko. Hemen hitanoaren erabilera argitzea interesatzen zaigunez gero, aldagai xeheagoak, konkretuagoak bilatu beharrean aurkitzen gara. Errusieraz (Friedrich, 1966), esaterako, ba omen daude kontuan hartu beharreko hamar aldagai tratamenduen erabileraren berri emateko:
- Gaia (hizketagaia).
- Hizketaldiaren testuingurua.
- Adina.
- Belaunaldia.
- Sexua.
- Senidetasun-maila.
- Dialektoa.
- Talde-kidetasuna.
- Aginpidea (legal edo politikoa), eskubide eta betebeharren gaineko aginpidea.
- Sentipenezko elkartasuna, elkartasun psikologikoa (hau da, sinpatia, antipatia, begikotasuna, elkarrenganako ezinikusia, e.a.).
Pixka bat pentsatzen hasiz gero, esan genezake gehitxoago edo gutxitxoago aldagaiok guztiok -eta baten bat gehiago ere bai, agian- direla kontuan hartzekoak, hitanoa erabiltzea eragin dezaketen neurrian. Ikus ditzagun banan-banan.
Ez du ematen euskaraz GAIA berez eragile garrantzitsuenetakoa izan daitekeenik. Nolanahi ere, zenbait euskaldunentzat gaia testuingurutik nekez bereiz daitekeelarikk izan liteke irizpideetariko bat hikatik zukara pasatzeko eta alderantziz. Banaka batzuek hitanoa txantxetarako erabiltzen dute; gai serio eta astunak erabiltzerakoan, berriz, zuka (eztabadaka) erregistrora jotzen dute. Eta hemen gai serioak testuinguru edo egoerarekin uztarturikk honako hauek dira: tratuak (baserritarren artekoak), negozioak, bilera batean tratatzeko moduko gaiak, bankuko kontuak, e.a.
TESTUINGURUAk, dudarik gabe, askoz ere garrantzi handiagoa du. Hasteko, alde batetik, badirudi hitanoa jai- edo festa-giroan inon eta inoiz baino aproposagoa dela. Dena delakoagatik (bere sexuagatik, ohiturazko debekuren batengatik...) hitanoa bakan erabiltzen duen euskaldunak, esaterako, hautsi egingo luke bere ohitura adarra jotzeko, brometan, jostetan, "alukerian" eta gisako egoera markatuetan. Beste alde batetik, saminezko testuinguru batean, esate baterako, lagun minari doluminak emateko unean edo, aurkako jarrerak agertzen zaizkigu aurrez aurre: euskaldun askok ez lukete tratamendua aldatuko (12); beste batzuek ohituraren aurka zukara (eztabadaka) joko lukete halako egoera goibel batean. Ez da berdin ezezagun batekin kalean edo mendian (edo tabernan) topo egitea; mendian (eta tabernan), agian beste inon baino aiseago lerratuko litzateke euskalduna hika egitera. Testuinguruarekin jarraituz, ez da berdin bakar samar egotea edo jende aurrean egotea: badira batzuk (emakumeak, batez ere) bakarka beren lagun onarekin hika aritzen direnak eta taldean hika egiteko uzkur direnak. Ildo beretik, jende aurrean ere, ez da berdin lagun artean hitz egitea edo jende arrotzaren aurrean. Beraz, testuingurua ez da tokia edo unea bakarrik: zein kategoriatako solaskideen eta zenbat solaskideren aurrean gauzatzen den, norabide desberdinak hartuko ditu hizketak. Bestalde, unea eta tokia ez dira espaziozko eta denborazko erreferentzia hutsak; ezin ditugu tokiaren eta unearen konnotazioak eta "zertarakoa" ahaztu eta horregatik testuingurua askotariko aldagaien batasunaren zentzuan ulertu beharra dago.
Aurreko bi aldagaiak bigarren mailakoak badira ere, ADINA funtsezko aldagaia dugu hitanoaren erabilera argitzeko. Ez dezagun ahantz adiskide hitzaren etimologia: *adinez-kide (13) etimologia horren argitan, pentsa liteke euskaldunarentzat "adinkidetasuna" aski dela edo izan dela adiskidetasuna sortzeko. Horra hor, etimologiak agerian jartzen duen metafora garbia, adinak euskal gogoarentzat betetzen duen paper garrantzitsua erakusten duen hitz-elkarketa. Hitanoaren erabilera, inolako dudarik gabe, etimologia hori sendotzera dator: hitanoa "adiskideen arteko" kontua dela egia bada ere, esan beharra dago adiskidetasun hori arretaz begiratuz geroo (adin...) kidetasunaren zentzu zabalagoan ulertu behar dugula. Bistan da euskalduna bere adinkideari aiseago zuzenduko zaiola hika, bera baino askoz zaharragoari baino. Esan ohi den bezala, "adina gradu bat da" eta tratamenduen erabilerari gagozkiola, hori lege da euskaraz.
Beste alde batetik, adinarekin batean BELAUNALDIAren aldagaia dugu. Hemen arau sendo eta egonkorrik ez bada ere, adin desberdinetako adiskideen artean gerta daitezkeen gorabeherak ulertzeko adina ez ezik, belaunaldia ere kontuan hartu behar dela deritzogu. Euskaldun batzuk lauzpabost urte gorabehera hika aritzen dira; beste batzuek, ordea, belaunaldia-edo hartzen bide dute irizpidetzat eta urteen aldea nabarmena bada, zukara jotzen dute adinekoari errespetua erakustearren: auzoko lagun-adiskide biren arteko adinaren aldea oso nabarmena (demagun, hogei urteren aldea) bada, orduan probabilitate handia dago tratamendu simetrikoa blokeatuta geratzeko eta litekeena da asimetriak sortzea. Horrelakoetan, azpian belaunaldia dugula ematen du. Itxura batean, hemen, 10-15 urteren aldea izan liteke batez besteko esparrua elkarrekiko hitanoa (simetrikoa) gauzatu ahal izateko.
SEXUA, adinarekin batera, aldagai oinarrizkoa da. Beti ere, errazago gertatuko da simetria sexu berekoen artean, sexu desberdinekoen artean baino. Gainera, oro har, sexu berekoak izanda, gehiago egiten da hika gizonen artean, emakumeen artean baino. Asimetria gertatuz gero, aiseago gertatzen da emakumearen alde (hots, emakumeak hika gizonari eta beronek zuka itzuli emakumeari). Euskal Herriko herri batzuetan (uste baino gutxiagotan!; adibidez, Aulestian eta Azpeitian) sexu-diferentzia hika aritzeko eragozpena ez bada ere, hainbat herritan eta ez Bizkaieraren eremukoetan bakarrikk benetako "tabuak" daude gai honen inguruan. Eta hemen kasuistika desberdinak suertatzen dira:
- Zenbait herritan (Baigorrin, esate baterako) ohituraren aurka doa gizonezko batek emakumezko bati hika hitz egitea; emakumeek, aldiz, "askatasuna" dute gizonezkoei hala mintzatzeko eta orobat beren artean hika egiteko.
- Beste herri batzuetan (Uztaritze, Hazparne, Larrañe) galduta dago emakumezkoei hika hitz egiteko ohitura eta erdi galdua emakumeak beren artean hika aritzekoa, hala ere zilegi da emakumezkoek gizonezkoei hika egitea.
- Beste herri batzuetan, azkenik, (Etxalar, Larrabetzu) hika gehienbat gizonen artean egiten da: ez gizonezkoek emakumezkoei, ez emakumezkoek gizonezkoei, ezta emakumezkoen artean ere (zahar-zaharren batzuk kenduta).
SENIDETASUN-MAILA ere gogoan hartzeko beste aldagai bat da. Esate baterako, logikoa denez, normalagoa da hitanoa anai adinkideen artean, lehengusu adinkideen artean baino. Berebat, maizago gertatzen da aita batek bere semeari to esatea, aitona batek bere bilobari to esatea baino. Eta zer esanik ez, ezkontza-bidezko harremanetara igaroz gero: probabilitate aldetik maizago gertatuko da ama batek bere semeari to esatea, bere seme politikoari (suhiari) to esatea baino.
DIALEKTOA, euskalkia, azpieuskalkia eta hizkera (14) ere izan daitezke garrantzitsuak. Hiztunaren joera maiz solaskidearen mintzamolde eta ohituretara egokitzekoa izaten da. Hitanoaren kontuan agian ez dago hain garbi, baina Arberoako edo Garaziko euskaldunek joera garbia dute xukarik ez duten euskaldunekin, haiek bezala mintzatzeko. Hala ere, hitanoaren erabileraz ari garela, euskaldun askorentzat tratamendu honek duen lurraldetasun-esparru meharra azpimarratu behar genuke. Horrela, batzuentzat, hitanoa betidanik, txikitatik ezagututako auzoko lagunen esparrura dago murriztua; hortik kanpora zuka erabiltzen dute.
Zortzigarren aldagaiari, TALDE-KIDETASUNAri dagokionez, ez dirudi euskaraz hain garrantzitsua denik. Dena dela, erabilera batzuk azaltzeko lagungarria izan daiteke. Har dezagun gorago aipatutako mendizalearen adibidea. Hor agian taldekidetasuna eragilea izan daiteke hitanoaren erabileran. Mendian topatzen diren bi mendizalek, guztiz ezezagunak izanda ere, zerbait garrantzitsu konpartitzen dute, mendizaletasuna. Horrexek elkartzen ditu, kidetasun horrexek batzen ditu eta hortik letorke hitanoa erabiltzeko probabilitate handiagoa. Oro har, non-nahiko kidetasunak eta elkar-lanak dela auzoan, dela politika arloan, dela erlijioann hitanoa erabiltzera bultzatzen dutela pentsa liteke.
AGINPIDEA dela eta, lehenik familiaren eremuan ageri dela azpimarratu behar da. Seme-alabak, Euskal Herriko txoko bat edo beste kenduta, ez dira sekula hika aritzen beren gurasoekin, harreman asimetrikoa nagusitzen da-eta. Ez gurasoekin, ezta gainontzeko senide nagusiagoekin ere (aitona-amonak, izeba-osabak...). Aginpidea nagusitzen den beste eremu bat, lanekoa izan daiteke, nagusiekin noski. Lantokiko nagusiarekiko harremana ehuneko laurogeian zuka gauzatuko da. Hala ere, oraingoan, aurrekoan ez bezala, zuka simetrikoa dugu maizenik.
ELKARTASUN psikologikoa, Friedrich-ek "sinpatia/antipatia" zentzuan ulertzen eta aurkezten digu. Ez genuke esango aldagai honek bere garrantzia ez duenik. Izan ere, euskaldun askorentzat hitanoa zerbait baldin bada, konfiantzazko harremanaren seinalea edo da. Zentzu horretan hitanoa lagunarteko erregistroa dela esaten da. Baina lehengora bihurtuz, batetik ohartarazi behar dugu adiskidetasuna ez dela ezinbesteko baldintza hika hitz egiteko. Bi lankide, esate baterako, adiskideak edo lagun minak ez izan arren, erraz aritzen dira hika elkarrekin. Bestetik, esan behar da adiskidetasuna egotea ez dela aski hika mintzatzeko. Izan ere, honetan ohiturak ikaragarrizko garrantzia du eta sarritan "harremana nola hasi, hala segi" izan ohi da legea (15) benetako adiskide bati zuka eta hain adiskide edo hain konfiantzazkoa ez denari hika egiten zaiolarik. Beraz, Rudolf P.G. de Rijk-ek erakutsi duenez (16) (familiako, auzoko, herriko, laneko...) KIDETASUNAk elkartasun psikologikoak baino munta gehiago izaten du askotan.
Esanak esan, psikologiak badu bere garrantzia tratamenduen erabilerari begira. Adibidez, haserrealdian aiseago hausten du euskaldunak bere ohiko tratamendu-ohitura edo araua. Horrela, bere semea zuka tratatzen duen ama batek, haserretutakoan, hika egin liezaioke eta alderantziz, semeari to esaten dion ama batek haserretzean zuka egin liezaioke urruntze psikologikoa adierazteko. Horrelakoetan tratamendu-hausturak hurbiltasun psikologikoaren haustura adierazi ohi du.
Bestalde, aipatutakoez gain, pertsonaren izaerak eta itxurak ere izan dezakete eragina tratamendua hautatzerakoan. Jende serio samarrari hobeto doakio zukako tratamendua, jende txistoso, xelebre eta barregarriari baino, eta horrela lehengo ezaugarrira itzuli gara: badirudi hitanoa ezin hobeto doakiela jai-giroari eta tonu umoretsu eta pipermindunari. Gauzak horrela, Lafitte-k aspaldi ohartarazi zuenez (Lafitte, 1977), ez litzateke harritzekoa gurasoek seme lotsati, isil eta barnekoiari ("entterka") zu esatea eta jendartekoari ("koska") to esatea. Ildo beretik, baina itxurari edo fisikoari helduz orain, badirudi mutiko mozolo, azkar eta okerrari hobeto doakiola hitanoa, mutil erkin eta ahulari baino, esan liteke azken honek ez duela "hitanoa soportatzeko adinako sendotasunik". Dena dela, horiek guztiok kasu markatuak dira, erabilera ezohiko eta markatuari dagozkionak, alegia.
Agian baliteke euskaraz aipaturiko hamar aldagai horietaz gain gehiago izatea (17) baina edozein modutan ere, garrantzitsuenak hemen azaldutakoak iruditzen zaizkigu. Bukatzeko esan dezagun ez dutela denek garrantzi berdina erabilera ohiko eta markatu gabean. Haietatik batzuk aukeratzekotan, ADINA / BELAUNALDIA, SEXUA, KIDETASUNA eta ELKARTASUN PSIKOLOGIKOA azpimarratuko genituzke. Aldagai soziolinguistiko garrantzitsuenak agerian jarri ondoren, agian mereziko luke gogoraraztea diruak eta aberastasunak berez ez daukatela aparteko eraginik tratamendu-hautaketan.
Hitanoaren erabilera zenbait esparrutan: senidetasunezko harremanak, lagunartea, e.a.
Familiaren esparruan bada inguruko hizkuntzen ikuspegitik txit berezia den harreman bat, senar-emazteen artekoa, hain zuzen ere. Inguruko hizkuntza gehienetan ez bezala, usadioaren arabera euskaraz ezkontza mugarri bat da tratamenduari dagokionez. Adiskidetasunezko harremana duten bi neska-mutil, ezkongai bihurtuko balira, agian elkarrekiko hikatik elkarrekiko zukara joko lukete elkar tratatzerakoan. Tratamendu-aldaketa hori ezkongaietan gertatu ezean, ezkondu eta gero gertatuko da ia-ia ziurtasun osoz (18). Beste hizkuntza batzuetan bidea alderantzizkoa izaten da, ezkontzak elkarrekiko T-ri hasiera ematen dio eta.
Guraso eta seme-alaben arteko harremanei buruz gorago esandakoa gogoratu behar dugu, alegia, salbuespenak salbuespen, seme-alabak ez dira zuka aritzen gurasoekin, ezta orokorrean senide eta ahaide nagusiekin. Alderantziz, ordea, bai. Zenbait tokitan sexuak eragiten dituen salbuespenekin, gurasoek beren seme-alabei hika egitea gauza normala da. Hala ere, hemen bada berezitasun bat, psikolinguistek edo etnolinguistek azaldu beharko liguketena: Euskal Herriko toki anitzetan haur txikiari zuka mintzatzen zaio, harik eta adin batera heldu arte, koskortu arte, alegia. Haurra gaiztakerietan edo okerkerietan hasten denean, gizontzen hasten denean... orduantxe aldatzen dute gurasoek tratamendua. Toki batetik bestera, gorabehera handiak badaude ere, sei, zortzi, hamar urteren bueltan hasten zaio haurrari hika egiten.
Badirudi aitona-amonek beren bilobei, gurasoek bere seme-alabei baino maiztasun apalagoz hitz egiten dietela hika. Izeba-osabekin ere berdintsu gertatzen bide da. Hortaz, senidetasunezko harremana zenbat eta urrunagokoa izan, hainbat eta gutxiago hika. Orobat, senide batekin zenbat eta harreman gutxiago, orduan eta nekezago hitanoa.
Neba-arreben artean ere, sexuak aparteko trabarik jartzen ez duen lekuetan, hika aritzea da ohikoena, baldin eta adin bertsukoak badira. Herri askotan, hala ere, sexua edo adina dela medio, asimetria harrigarriak gertatzen dira: arrebak nebari hika, baina nebak arrebari zuka; anaia nagusiak gazteagoari hika eta azken honek zuka berari; alderantziz ere bai, anaia nagusiak zuka txikiari eta txikiak nagusiari hika...
Adin bertsuko lehengusu-lehengusinen artean ere, bestelako trabarik ez bada, hitanoa da ohikoena. Hala ere, tartean adina, sexua eta harremanaren maiztasuna sartzen dira. Aski normala da, esate baterako, herriko lehengusuekin hika aritzea eta kanpokoekin zuka aritzea. Koinatu-koinaten artean ere, berdintsu gertatzen da eta adin berekoak izanez gero, hitanoa nagusitzen da.
Aitaginarrebak edo amaginarrebak suhiarekin eta errainarekin hika mintzatzeko probabilitatea jaitsi egiten da, odolezko senideekin alderatuz gero. Bestalde, oso nekeza da (ezinezkoa ez esatearren) suhiak eta errainak amaginarrebari edo aitaginarrebari hika egitea.
Beste kontu jakingarri bat bakarrizketarena dugu. Izan ere, teorian hitanoaren edo T-ren probabilitaterik handiena nork bere buruari hitz egiterakoan eta anaia bikien artean gertatzen omen da. Gainera, Lafonek eta Mitxelenak erakutsi duten bezala, emakumezkoen barne-bakarrizketan toka nagusitzen da eta ez noka. Hots, itxura guztien arabera, hikako bi generoen arteko aurkakotasunean, noka da buru markatua (edo markaduna) eta toka markatu gabea (edo markagabea). Horretaz, Iñaki Segurolari (1992) eskertu behar diogu duela gutxi egin berri duen ohar argigarria: emakumeak bere buruari zuzentzerakoan nahitaez noka mintzatu beharra du, bera, emakumea, ekintzako "aktantea" den neurrian eta "hik esan ditun esatekoak" tankerakoak erabili behar ditu baitezpada; besterik da (bere buruarekin) alegiazko elkarrizketa dirudien barne-hizketan ari denean baina inori bereziki zuzendu gabe (ezta bere buruari ere) eta bera "aktantea" izan gabe, orduan toka ariko da eta "mamalatu egin nok" bezalakoak jalgiko ditu bere pentsamenduak, hots, mintzalagun jakinik eduki ezean alokutibotasunak eskatzen duen komunztadura tokakoa izango da.
Animaliekin ere gauza bera gertatzen da. Oro har, hikako forma markatu gabea nagusitzen da, animalia arra edo emea izan dadin. (19).
Hikako tratamenduak biren arteko kontua izan behar duelako ustearen aurka, lagunarteko giroan (den-denak adiskideak baldin badira, behintzat) aski normala da mintzalagun askori ere hika zuzentzea. Edozein modutan ere, tentu handiz ibili beharra dago jende aurrean hitz egiterakoan egoera arraro edo gatazkatsuak (20) gerta ez daitezen.
Gaur egungo usadioaren arabera, hika/zuka tratamenduen aurrean ez dugu batere zalantzarik bigarrenaren izaera markatu gabeaz edo neutraltasunaz. Esan nahi baita gaurko eta hemengo gaztelaniaz ez bezala eta agian frantsesez bestalderaa zalantzarik izanez gero, beti asmatuko dugula zuka erabiliz. Errealitate (sozio)linguistiko honek ere hitanoaren hedakuntzaren aurka jokatzen du, ezbaiaren kasuan zukara jotzen baita. Gauzak horrela, gizarteko harreman gehienetan elkarrekiko zuka ateratzen da garaile euskaraz. Eta seguru asko, euskararena aldameneko erdaren usadioekin alderatuko lukeen ikerketa enpiriko batek agerian jarriko luke baieztapen hori (21).
Bukatzeko esan dezagun usadio eta ideologiaren arteko borroka hasita dagoela. Usadioak aldagaitz diren heinean "lege" dira, baina edozein modutan ere, ez dira lege aldaezinak eta agian gure artean ez da faltako euskal gizarteko tratamendu-ohiturak, handik eta hemendik, egun gailentzen ari den ideologiaren pleguetara egokitzearen aldeko borrokalari sutsurik (22).
(XABIER ALBERDI LARIZGOITIA, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria da)
- Idazlan hau estreinekoz Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratu zen (FLV, 64, 1993, 425-442 or.)
Oin-oharrak
(1) Gaur egun galdua edo genero jakin batzuetara mugatua: erlijiozko literaturan. Hau dela eta, Brown-ek eta Gilman-ek ingelesezko izen ttipia beste hizkuntzetako T-rekin parekatzen dute eta deiturazko trataera V-rekin (Brown and Ford, 1961). Aurrerantzean zentzu horretan interpretatu behar dira ingelesezko erreferentzia guztiak.
(2) Gu geu, hizkuntz tipologiako arrazoiengatik bigarren hipotesi honen alde makurtzen gara. Nolanahi ere, lehenbiziko hipotesiak gogorarazten digun errealitate historikoa, bikoiztasun historikoa alegia, eragingarria izango zen burututako aldaketa bultzatzeko.
(3) Horrekin ez dugu esan nahi hizkuntza desberdinetako T guztiak (edo V guztiak) pragmatikoki eta sozialki erabat baliokideak direnik. Ikus beherago, 21. oharra.
(4) Hala ere, ohartarazi beharra dago soluziobide hau ez dela orokorra eta unibertsala, ezta aipaturiko hizkuntzetan ere. Beraz, hizkuntza kontuetan ia-ia beti gertatu ohi den bezala, erregela edo lege gisa barik, joera gisa aurkeztu behar da delako baliabidea. Boterearen aztarnak indar edo pisu espezifiko handiagoz edo txikiagozz hizkuntza gehienetan agertzen dira. Eta irudiko sei bikoteetatik, badirudi enplegu-emailea/enplegatuaa dela botere-zamarik handiena atxikitzen duena.
(5) Hemen bada azalean geratzeko arrisku handia. Eta badira axaleko ikuspegi kamuts horrek itsututa iraultza teilatutik hasi nahiko luketenak. Hizkuntza bat pentsaera eta gizarte-era jakin batzuen adierazpidea izan daiteke eta besteak beste, hori ere bada-, baina azala itxuraldatu arren mamia aldatzen ez bada ezer gutxi aurreratu dugu. Ez diezagula hizkuntzak George Orwell-en harako 1984 eleberriko mundu izugarri hartan bezalaa errealitatea ikustea galaraz.
(6) Brownen hipotesi diakronikoak euskarari buruz egiaztatzea edo gezurtatzea ez da batere eginkizun erreza, batetik, idatzizko lekukotasunen berankortasunagatik, bestetik, haien urritasunagatik. Dokumentu zahar idatziek ez digute erakusten bere osotasunean hizkuntzaren gizarte-bizitza eta are gutxiago izenordainen bidezko tratamenduen eremu sozial murritz edo zabalagoa.
(7) Hitanoak eta euskarak bizitza eta osasun ezin hobeak dituzten paraje batzuetan, hikako tratamenduak zukakoari eremua jan edo irabazi diolako irudipena dute zaharrek eta baliteke hala izatea eskualde horietan.
(8) Zenbaiten ustetan ordezkatze hori galera deitoragarria barik, aldakuntza opagarri eta desiragarria bada ere (Gereño, 1991). Hona hemen Gereñoren hitzak, ekonomiaren printzipioaren aitzakiaz hizkuntzaren bilakabide berezkoa bizkortu eta areagotu nahi lukeen jarreraren erakusgarri: Hitanoa baztertzea proposatzen dut. (...) Ez dut esan nahi izan euskaldun berrietako hizkuntza kolokialean hitanoa baztertu behar dugunik. Ez, aipaturiko esaldia idatzi dudanean ETB nuen gogoan bereziki. Zergatik erabili behar da hitanoa hainbeste filmetan? Euskal Herriko leku askotan hitanoa ez da erabiltzen, ikastola gehienetan ere hori bera gertatzen da, eta euskaldun berriek, jeneralean ez dute hori ikasten. Bigarren pertsonarako konkugazio bat baino gehiago erabiltzea luxu bat da. Lehen hiru forma ezberdin ziren, gero bira jaitsi genituen eta orain bakarrerantz goaz. Hori ez da euskararekin bakarrik gertatzen. Ingeles hizkuntzan "zuka" nagusitu da, gaztelaniaz "zuka" desagertzera doa. Dirudienez euskarak ingelesaren bidea hartuko du.
(9) Euskalaritzaren historian barrena gramatikariek gai honetaz agertu izan dituzten argibide, iritzi eta aurreiritzietarako (Alberdi, 1986a) ikus lezake irakurleak.
(10) Euskaldunon egunkariaren Estilo Liburuan ikus daitekeenez (60. or.), trataerak ez du aparteko garrantzirik informazioaren ikuspegitik. Hona hemen, bada, gai honen inguruko irizpideak elkarrizketetarako: 138. "Hizketatuaren eta kazetariaren arteko adiskidetasun edo konfidantza mailak ez dauka interes informatiborik. Beraz, elkarrizketak zuka idatziko dira, edonola eginda ere.
Hizketatuak hika jarduten duenean ere, zuka transkribituko da. Hika aritzeak informazioa aportatzen duen kasuetan, sarreran aipatuko da hitanoa erabili zuela hizketatuak, besterik gabe.
Kazetariaz gain, hizketatuak bat baino gehiago direnean, haien arteko hitanoa errespetatu egingo da.
Egunkariak egin ez dituen elkarrizketen transkripzioetan, hitanoa bere horretan utziko da. Adibidez, irratiko hemerotekan, edota informazio baten barruan bi pertsonaren arteko elkarrizketa transkribitzen denean.
Hitanoa baimendutako kasuetan, elkarrizketa erdaratik itzulia delarik, honako arauak erabiliko dira: espainolezko usted, -tú eta frantsesezko vous, zuka transkribituko dira; frantsesezko tu, aldiz, hika."
(11) Kontuan har bedi artikulu hau argitaratu zenean, 1993an, finkatu gabe zegoela hitanoari dagokion paradigma alokutibo batua (Euskaltzaindiak araugintza berriko 14.arauaren bidez finkatu duena).
(12) Euskaldun asko holako testuinguruetan, hika arrazoi gehiagoz mintzatuko lirateke, sentimendua erakusteko unean hitanoak hurbiltasuna adieraziko lukeelako eta zukak, ordea, halako hoztasuna edo.
(13) Mitxelenak (Michelena, 1976: 122) onartu bide zuen Lafonen azalpenaren arabera (RIEV, 26, 651 eta hurr. eta RIEV, 27, 62 eta hurr.).
(14) Markina aldeko tratamenduen egoera soziolinguistikoaz Alberdi, 1986b ikus daiteke.
(15) Tratamenduak euskaraz agian aldameneko erdaretan baino areago- ohiturazko izaera du, esan nahi baita ohiturak pisu ikaragarri handia duela. Urdiaingo bi senar-emazte, gaztetako lagunak eta elkarrekin betidanik hiketan ohituak, elkarrekin zuka aritzeko zuten ohiturazko zailtasunagatikk erdaraz hasi omen ziren. Hainbesteraino hel daiteke ohituraren poderioz, ohitura faltaren poderioz Urdiaingoen kasu xelebre honetan.
(16) Argitara eman aurretik helarazi zidan artikulu guztiz argigarrian honela mintzo zaigu R. de Rijk: The other dimension introducided by Brown and Gilman, Solidarityy, will serve very nicely to elucidate the symmetrical use of the pronoun hi, on the understanding however, that its definition be tailored to the Basque cultural situation. Here solidarity must be conceived of as an objective social reality; psichological factors play very little part in it. In particular, friendship, no matter whether close or not, is neither a necessary nor a sufficient condition for the use of mutual hi. The kind of solidarity that is relevant consists, above all, in being subject to similar living conditions: children raised in the same family, hamlet or neighbourhood, workers on the same factory, and so on. (Rijk, 1992).
Aitortu beharra daukat zorretan nagoela R. de Rijkekin, nire hau burutzeko guztiz lagungarri eta argigarri gertatu baitzait beraren artikulua. Bihoazkio hemendik nire eskerrik beroen eta zintzoenak.
(17) Gu geu, euskararen kasurako baserritar/kaletarr jatorria ausartuko ginateke proposatzera aldagai soziolinguistikotzat. Esan beharrik ez dago baserri-giroan edo baserri-girokoen artean inon baino hobeto eta biziago atxikitzen dela hikako tratamendua.
(18) Aldaera honen alde antzinako lekukotasunak ditugu: XVI. mendeko ezkontzako aginduak, hain zuzen (honetaz, ikus Satrustegi, 1977 eta Fagoaga, 1961).
Bestalde, honetan ere, badira salbuespenak. Zenbait eskualdetan ez da gauza harrigarria emazteak senarrari to esatea eta batzuetan are elkarri ere hi esatea.
(19) Dena den, hemen denetarik aurkitzen da. Ez da falta gizarteko arauak animalien mundura ere hedatzen dituenik, animaliei toka, noka, xuka edo zuka (alokutiboak) egiten dielarik.
(20) Maiz ikusten ditugu horrelakoak Espainiako komunikabideetan (bai telebistan, bai irratian eta abarretan) mahai-inguruetan batik bat: etxe barneann ezarritako arauak edo kodeak jende ororekin (gaztea edo zaharra izan dadin...) hoztasun handiko V erabiltzera behartzen du kazetari aurkezlea; beste alde batetik, gonbidatuek edo elkarrizketatuek, artifizialkeriatik aldentzearren, sarritan T erabiltzeko lizentzia hartzen dute nolabaiteko egoera gatazkatsu edo delikatua sortuz. Horrelakoetan denetarik ikus edo entzun dezakegu: batzuk hika, beste batzuk zuka, beste batzuen artean tratamendu asimetrikoa... ETBn ere, ez dira falta horrelako egoerak.
(21) Ausartak izanik, gaztelaniazko T > frantsesezko T > euskarazko T mailaketa ezarriko genuke elkarrekiko T-ren maiztasunari dagokionez. Bistan geratzen da itxurazko baliokidetza batzuen desegokitasuna, euskarazko T eta gainerakoak ez baitira guztiz baliokideak. Larramendik ohartarazi zuenez, euskarazko V, gaztelerazko T eta V tratamenduen tarteko erregistroa da, haietako bakoitzaren eremutik zerbait bereganatzen duelako.
(22) Joxerra Garziak honelako hitzez ematen dio bukaera bere zutabetxoari (Garzia, 1991): Guretzat zaharrak diren usadioak noizpait sortuak izango dira, orduko zaharren kaltetan. Nork hitz egiten dio gaur egun berorika aitari? Harreman berriek ez ote dute hizketan ere beren islada behar? Usadioaren morroi izan behar ote dugu beti, hitzez-hitz harturik? Tristea litzateke usadio berriak sortzeko gaitasuna betirako galdu dugula aitortu behar izatea.
AIPAMEN BIBLIOGRAFIKOAK
ALBERDI, J. (1986a), "Euskarazko tratamenduen ikuspegia: I. Historia apur bat", AS]U, XX-I, 149-202.
- - (1986b), "Alokutibotasuna eta tratamenduak euskaraz: II. Markinaldeko kasua", AS]U, XX-2, 419-486.
BROWN, R and GILMAN, A. (1960), "The pronouns of power and solidarity" in T. A.
SEBEOK (1960), Style in Language, Cambridge, Mass., MIT Press. Baita in P.P.
GIGLIOLI (1972), Language and Social Context, Penguin Books.
BROWN and FORD, M. (1961), "Address in American English" in Joumal of Abnormal and Social Psychology, 62, 2, 375-385.
BYRNE, SISTER ST G. (1936), Shakespeare's use of the pronoun of address, dissertation (tesi argitaragabea), Catholic University of America, Washington.
CHATELAIN, E. (1880), "Du pluriel de respect en Latin", Revue de Philologie, vol 4, 129-139.
DE RIJK, R.P.G. (1992), "Familiarity or Solidarity: The Pronoun Hi in Basquee, RIEV, 1991-2 (Año 39), XXXVI, 373-378.
FAGOAGA, B. (1961), Algunas fases inéditas del euskera antiguoo, Euskera, 6, 27-29.
FRIEDRICH, P. (1966), Structural Implications of Russian Pronominal Usagee in W.O.
BRIGHT (1966), Sociolinguistics, The Hague-Paris, Mounton, 214-259.
GARCIA, J. (1992) Usarioarekin borrokann, Euskaldunon Egunkaria, 1991-9-13, 2. orr.
GEREÑO, X (1992), Hitanoaa, El Mundo del Pais Vasco, 24-09-1991.
LAFITTE, P. (1977), Koska eta entterka Heletann, Euskera, 22, 138-139.
MICHELENA, L. (1976), Fonética Historica Vasca , Gipuzkoako Diputazioa, Donostia.
SATRUSTEGI, J. Mª (1997), Promesa matrimonial del año 1547 en euskera de Utergaa, FLV, 9, 109-114.
SEGUROLA, I (1992), Gizon, gizarte, gizagaixoo Euskaldunon Egunkaria, 1992-430, 26.orr.
TXILLARDEGI (1977), Oinarri Bila, Donostia.
|