Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio?

Mikel Zalbide / Hizkuntza / 2003-07-07 / 09:27


Presaka eta arnasestuka idatzitako artikulua da oraingo hau. Nahiago nukeen bestela izan balitz, denboraz eta soseguz prestatzeko aukera izan banu alegia, hori eta gehiago ere merezi baitu gai honek hemen eta orain.



Nahi izatea ez da, ordea, aski. Bihotzez eskertzen dut handik eta hemendik egiten zaidan hainbat gonbite eta eskabide prestu, gai honetaz dakidantxoa azal dezadan. Saiatu ere saiatzen naiz, dezakedan neurrian, gonbiteei erantzuten. Beti ez da erraz izaten, ordea: ez gonbiteari baietza ematea eta ez, batez ere, agindutako lana garaiz eta txukun aurkeztea. Gauzak borobildu gabe uztearen damuak, halakoetan, zinez nahigabetzen nau. Urtean lauzpabost txosten prestatu eta jendaurrean azaltzeak bere lana du, ordea. Unibertsitatean edo ikerketa-guneren batean lan egiten ez dugunontzat are gehiago. Hori ere, hala uste dut nik behintzat, gure egoeraren muga-baldintzen eta egiturazko ahuldadeen ezaugarri nabarmena da: aski aurrekontu zabalak eskueran dituen herri honek ez dauka kontu hauei zientzi arauz eta berariaz erreparatuko dien azterketa-instantziarik. Euskalgintzaren lehentasunak zehazteko aukera eta eginbidea dutenek badute nire ustez, gabezia hori dela-eta, zer pentsa eta zer erabaki. Askok besterik uste izan arren egia osoa baita, orain ere, Kurt Lewis-en esaera hura: “There is nothing as practical as a good theory” (1). Erantzunkizuna eta aukerabidea ez da, ordea, agintari-jendearena bakarrik. Euskaltzale gehienon (eta, horrenbestez, gure herri-izatearen) ezaugarri nabarmena ere badela esango nuke, gehiegizko atrebentzia ez bada, gogoeta-lanari hain dedikazio ahula eskaintzea: askozaz emanagoak gara gehienok euskararen aldeko ekimen bizian murgiltzera (nola edo hala, baina zerbait, egitera) hain funtsezkoa dugun arazoari gogoeta-lan jarraituaz irtenbide arrazoizkoak bilatzen saiatzera baino (2).

Bego hori horretan, oraingoz, eta natorren harira. Jardunaldi hauen prestatzaileak, Ikastolen Elkarteak, izenburu eta gai-eduki arteza eskaini zidan orain dela zenbait hilabete, gaurko txosten honetarako: “hizkuntza gutxituen berreskurapenerako hurbilpen teorikoak”. Eskabidearen izenburua zertxobait aldatuarren bere osoan eutsi nahi diot edukiari: ahuldutako hizkuntzak indarberritzeaz zer dio mundu zabaleko teoriak? Esan dezadan, gerora gabe, zientzi adar berria, landu-arina eta paradigma finkoen aldetik urri samarra dela oraindik, zoritxarrez, ahuldutako hizkuntzak indarberritzeaz diharduen jakintza-alorra. Azken hamar urtean bultzakada berria izan badu ere (ikus txosten-amaierako bibliografia), urrun dago oraindik zientzia establezitu gehienen lanketa -eta egituratze- maila sendotik. Ez da harritzekoa, horregatik, bere baitako formulazio eta hurbilbide teorikoak ere aukeran gutxitxo, gordin samarrak eta predikzio-indar mugatukoak izatea gaur-gaurkoz.

Language planning edo hizkuntz plangintza dugu itxuraz, azken 35 urteotan, gai honetaz kezkatu diren jakitunen artean gehientsuen erabili den izendapena (3). Ez bakarra, ordea: hizkuntz normalkuntza eta hizkuntz berreskurapena (lehenengoa batez ere) oso ezagunak dira gure artean. Azken hamar urte honetan, bestalde, mundu zabalean askotxo hedatu da RLS edo Reversing Language Shift esamoldea, zenbaitek hizkuntza indarberritzea (HINBE) (4) deitu ohi duguna. RLS horren pare-parekoa den language revitalization (hizkuntza biziberritzea alegia) ugari zabaldurik dago, orobat, ingelesezko bibliografia ugarian. Lehendik aski ezagunak ditugu, era berean, language revival, reversal, regenesis, restoration, restabilization, survival eta development (5). Esanahiaz ez dira guztiak bat, ehuneko ehunean: parez pare erabili ohi dira, ordea, askotan. Plangintza-modu jakin bat dira, berez, indarberritze edo biziberritze-saioak: gainbehera datozen hizkuntza ahulekin egiten diren plangintza-moduak.

Izen bat eman edo beste, gauza bat dago hemen argi: hizkuntz plangintzaren teoria gehienek deskribapen kontuan hobeto funtzionatu dutela orain arte, iragarpen edo predikzio alorrean baino. Eta are okerrago gabiltzala, batez ere, preskripzio kontuan. Euskararen atzerakada, XVIII. mendetik honakoa batez ere, nola eta zergatik gertatu den azaltzea ez da hain lan erraza. Baina aztertzaile askotxo saiatu dira horretan eta, zenbait kasutan, aski informazio zabal, zehatz eta argigarria eskuratu digute. Deskribapen sinkronikoak ere, Sánchez Carrión “Txepetxek” orain dela hogeita hamar bat urte Nafarroako egoeraz egin zuena adibidez, ugaritzen ari zaizkigu eta aski adierazgarriak dira. Deskribapen aldetik badugu, hortaz, zer irakur eta zer ikas. Predikzio kontuan gutxitan egin izan dira, aldiz, antzeko saioak. Eta, egin direnean ere, gutxitan asmatu dute. Begien bistan (edo jakiniturri sendoz dokumentaturik) duguna deskribatzea errazagoa da, inola ere, bihar-etzi zer gertatuko den iragarri eta erdiz erdi asmatzea baino. Wilhelm Humboldtek orain dela 200 urte egindako iragarpenak berak ere, hain jakitun ospetsuak jaulkia izan arren, huts egin zuen nagusiki: gizarte-urak zihoazen bidetik zihoazelarik, 1900erako euskara galdurik izango omen zen erabat. Hori zioen Berlingo unibertsitatearen sortzaileak. Ehun urte ezezik berrehun ere pasa dira ordea eta, askotan pentsatu izan badugu ere iya guriak egin duela, bizirik gaude oraindik. Kultura general zabala eta hiztun-herri txikiarekiko maitasunezko nahikera ez dira aski izan, ez Humboldten kasuan eta ez gainerako gehienetan, prognosi zuzen-zehatzik egiteko. Zenbait kasutan, halere, predikzio edo iragarpen zuzen samarrak (nahiz eta, gehienetan, predikzio tristeak izan) egiten ikasiak gara. Euskarak Iparraldean jasatekoa zuen gainbeheraren zenbait ezaugarri geotopografiko begi argiz antzeman zuen Reclusek orain dela 140 urte inguru. Azken mende-laurdeneko language shift edo mintzaldatze larriaren iragarle zehatza gertatua da orobat, euskaltzaleon zoritxarrerako, Piarres Lafitte handia. Bere laburrean eta mugatuan ere ez da hain gutxi, astiro eta erne diharduen irakurlearentzat, predikzio alorretik ikas daitekeena. Benetako zuloa, hutsarte handia nolanahi ere, preskripzio alorrean daukagu. Gauza bat baita “hemen zer gertatu (edo gertatzen ari) da?” galderari erantzutea (deskripzioa), beste bat “martxa honetan jarraituz, hemen zer gertatu behar du?” galdezka datorrenari erantzun egokia ematea (predikzioa), eta bestea, oso bestea gero, “zer egin behar da, hemen eta orain, euskarak burua jaso dezan?” jakin nahi duenari konponbide egokia zehatz-mehatz azaltzea (preskripzioa). Azaltzea eta, batez ere, asmatzea. Mundu zabaleko hizkuntza ahulak indarberritzeko formulazio teorikoak ugarituz badoaz ere, aski formulazio apalak dira oraingoz. Deskripzio alorrean aurrera egin da dudarik gabe, eta predikzio alorrean aski konstruktu koherenteak sortu dira azken 50 urtean. Preskripzio-ahalmenari dagokionez, ordea, hizkuntz plangintza gehiena oso ahula da oraindik. Guk berriz horixe behar, justu-justu: norbaitek garbi esatea, behingoz, gure gaitza (hots, euskararen ezina) sendatzeko zer egin behar dugun. Zer egin behar dugun hemen eta orain, benetan ditugun baliabide mugatuak ditugularik eskueran.

Aitor dezagun, beraz, hasiera-hasieratik: mila aldiz hobeto esplikatzen dute orain arteko teori saio hauek hizkuntzak nola eta zergatik gaixotzen diren, nola senda daitezkeen (batez ere hemen eta orain nola senda ditzakegun) baino. Eragozpen larri hori eta guzti, ez da hutsaren hurrengoa XX. mendeko corpus teoriko horrek erakusten diguna. Bere muga-gabezia guztiekin ere, zinez merezi du mundu zabaleko lanketa-saio horiek arretaz irakurri eta aztertzea. Azterketa horri ekiten dionak, berriz, behaztopa-harri nabarmena izango du bide erdian, lehen pausoa ematen hasi orduko: soziolinguisten terminologia bereziaren bihurria! Erdi- eta goi-mailako ikasketak egin dituen pertsonak, nahiz ez izan hizkuntzalaria, ondo samar menderatzen du linguistikaren oinarri-oinarrizko terminologia: aditza eta deklinabide-atzizkia, a organikoa eta galdegaia zer den badaki, neurri batean behintzat. Bere bagaje kulturalaren zati dira hitz horiek, eta horien pareko beste hamaika. Eskolan (edo alfabetatzerakoan) aski zehatz erakutsi zaizkio, eta erabili ere egiten ditu aldian behin. Soziolinguistikazko kontzeptuekin eta izendapenekin ez da ordea, zoritxarrez, halakorik gertatzen. Galde egiozu aldameneko lankideari, diglosia zer den; esaiozu language shift edo mintzaldatzea lauzpabost lerrotan definitzeko. Euskara-erdaren alorreko dominance configuration edo nagusitasun-moldaeraz eska iezaiozu azalpen itxurazkorik. Mintzaera sorta edo verbal repertory delakoaz egiozu galde. Gramatikazko ezagutzen pareko bagaje kultural soziolinguistikorik ez duela, edo ondotxoz landu-arinagoa duela, ikusiko duzu gehienetan. Hizkuntzen gizarte-dimentsioaz eta bere inplikazio soziokulturalaz hitz egiterakoan, ordea, kontzeptu-marko egonkorrak eta izendapen-moldeak behar-beharrezkoak ditugu: deklinabide-atzizkia eta a organikoa bezain beharrezkoak. Hortik hasi beharko dugu, hortaz, axal-axaletik izango bada ere.

I. Definiozko hasi-masiak.

“Hasi dek hau, orain ere, zezenari adarretatik heldu ordez izkintxo egiten!”. Hala pentsatuko du agian, gaurko gaiari nondik heldu nahi diodan ikusita, zuetako batek baino gehiagok. Alferlana irudituko zaio halakori, definizio bidezko kontzeptu-lanketa hori: “ezer ondo baldin bazekiagu, horixe dek hain zuzen: zer dan ahuldadea eta zer indarra. Indarberritzea ere bistan zegok zer dan: flakeziak jota dagoena bere ahuldade horretatik ateratzea. Nahikoa eta sobra diagu dakigunetik abiatzearekin. Burua ez dezagun alferrikako hitz xelebreekin zorabiatu!”. Hori dena egia da, neurri batean; baina horrek bakarrik ez du balio. Hurbilpen teorikoa eskatu baitzaigu hemen, ez intuizio hutsezko deskribapen bitxia, nork bere ingurutik ongi ezagunak dituen gertaeren azalpen itxuroso bezain antzua (6). Deskripzio-ahalmenaz gainera predikzio-indarrik ere baduen eta, batez ere, preskripzio-elementurik eskain diezagukeen jakite-multzoaren bila gabiltza funtsean. Eta jakina: teoriaranzko hurbilpen-saio horretarako, nahi badugu eta ez badugu, kontzeptuak mugarriztatzen saiatu beharra daukagu. Bestela ez dugu gauza onik aterako. Ezin dugu eguna definizio perfektuaren bila galdu; gauden egoeran gaudelarik behin-behineko definizioekin konformatu beharko dugu oraingoz, hainbatean. Behin-behineko makuluez baliaturik ere behar-beharrezkoak ditugu, ordea, kontzeptu-argitze horiek. Ez gara makalak izaten, tabernako barran edo bazkalondoko mahai-inguruan, euskararen arazoa konpontzeko intentzioarekin beti ere, elkarren gainka eta elkarri apenas entzun gabe, “ba neri iruditzen zait”-ka hasten garenean. Gure gai kuttun, maiteenetakoa ere bada hori, izatez. Egundoko ilusioz, korajez beterik abiatu ohi gara, horrexegatik, “euskararen kontua konpontzeko” elkarrizketa, hitz-aspertu lasai edo diskusio bero horietan. Eta nola bukatzen dugu?. Hasieran baino hornituago jakitatez?. Elkarren lagunago bihotzez? Gehienetan, ez. Hori ez da, beraz, bidea. Ez bide zuzen eta egokia behintzat, hain inportantea omen dugun kontuari merezi lukeen trataera emateko. Intuiziozko jokabide horretatik aurrerago, eta hortik gora, jo beharra daukagu guztiok.

Inor gutxi saiatzen da, ordea, aurrerapauso eta sakontze-bide horretan barrena. Salbuespen jakinak alde batera utzita negargarria ere bada, alor honi dagokionez, nagusiturik daukagun axolagabetasuna. Egia da tradizio zientifiko handirik ez dagoela mundu zabalean indarberritze kontu hauetaz, nondik ikasia eta nola eskuratua erraz eskainiko digunik. Hori bezain egia da, ordea, nagitasun intelektual nabarmena ageri dela nagusi, ahuldutako hizkuntzen indarberritze-saioei dagokienean. Hori bera ere ez ote dugu, beste motibo estrukturalagoekin batera, hizkuntzaren soziologiak gure artean bizi duen egoera ahularen, askotan prezientifikoaren, iturburu eta seinale?. Eta nola aterako gara putzu-zulo horretatik, jakintza-alor hori etxekotu nahi genukeenok etxekotze-lan hori nola egin ez badakigu oso ondo, eta ongien jakin behar luketenek jakiteko gogo handirik ez badute? Dagoen bide bakarretik: mundu zabalean gai horretaz osatzen eta garatzen ari den jakitatea eskuratuz, ikasiz, hausnartuz, gainerako formulazioekin konparatuz eta, kontzeptu-argitze egokiaz, jendaurrean agertuz eta jasoko ditugun kritiken arabera zorroztuz, eguneratuz eta gure koordenatu soziokulturaletan egokiro txertatzen saiatuz. Nekez izan liteke hori guztia, inondik ere, pertsona edo lagun-taldetxo bakarrak, bere baitarik eta saio-kolpe batez, egin dezakeen lana (7). Are gutxiago, jakina, kontu horietan murgil egitera ausartzen garen apurrok teoriazko prestaeraz, esperientzia praktikoz edo alde bietarik behar bezain jantziak ez bagaude. Gure azalpenak osagabeak izango dira ezinbestean: kontzeptuzko integrazio-maila handirik gabeak hainbatean, eta eguneroko gizarte-bizitzak eskaintzen dizkigun gertaera eta emaitza konkretuekin nahi baino ezkongaitzagoak ere bai hainbatean. Hasten ez bagara ez dugu, ordea, inoiz biderik zabalduko. Nork geure mugak aitortuz has gaitezen, hortaz, dakiguntxo hori elkarri agertzen, jasoko ditugun kritika-oharrak hausnartzen eta, elkarren arrimuan, azterbide osatuagoa eskuratzen.

Atzerriko formulazioak dira, hortaz, oraingoan ikusiko ditugunak. Horrek ez du esan nahi etxean, lehen eta orain, teori izaerazko ezer onik landu ez denik. Inola ere ez dut hori uste nik: behin baino gehiagotan aitortua dut, aitzitik, gure aurrekoen esan-eginak behar bezala jaso, egituratu eta hausnartu gabe edukitzea zenbateraino dugun eragozpen larria. Asko baita, benetan, ahuldutako hizkuntza indarberritzeari buruz aurrekoen esan-egin haietatik ikas litekeena. Egia da ordea, edozein kasutan, kanpoko formulazio teorikoetara jo gabe nekez etxeko altxorra behar bezala ustiatu ahal izango dugula. Atzerriko formulazio teorikoekin daukagun eskasia ez da, gainera, informazio faltarena soilik. Hori bezain kaltegarria da, are okerrago ez bada, bigarren eskuko informazioaz lan egiteko daukagun joera. Atzerriko konstruktu teoriko horien iturburuetara jotzeko ohitura handirik ez dugu, hizkuntz soziologiaren alorrari dagokionez, gure artean. Diglosiaz jarduten dugunean, adibidez, diglosiaren bertsio eratorri eta aski markatu batez baliatu ohi gara lautatik hirutan: Valentzia aldeko soziolinguistikak orain dela 30 bat urte garaturiko bertsioaz. Hutsaldi larria da, nire ustez, iturburuak alde batera uzte horrekin egiten duguna.

Asmo horiek gogoan izanik prestatu da, beraz, honako txosten hau. Hoberik ezean has gaitezen, hortaz, itxuraz errazena dirudienetik. Zer da ahuldutako hizkuntza, zer da indarberritzea?

I. 1. Zer da ahuldutako hizkuntza?

Ahuldutako hizkuntza diogunean, egungo bibliografia tekniko ezagun eta pisuzkoenean endangered language edo threatened language esaten den hori azaldu nahi genuke. Galtzeko arriskuan dagoen, bere bizi-iraupena mehatxupean daukan hizkuntza. Belaunaldi batetik bestera atzeraka doan hizkuntza: gero eta hiztun gutxiago dituelako eta, hori aski ez balitz, hiztun horiek gero eta esparru edo funtzio gutxiagotan erabiltzen dutelako hizkuntza ahul hori. Hori da, funtsean, ahuldu horrekin azaldu nahi dena: hizkuntza atzeraka doala belaunez belaun eta, egungo joera nagusiari buelta ematen ez bazaio, galtzeko arrisku bizian dagoela. Euskaraz ez dago tradizio sendorik, kontzeptu horri termino zehatza atxikitzeko. Aukera posible bat besterik ez da, hortaz, ahuldutako hizkuntza delako hori. Fishmanek berak weakened language ere erabiltzen du han-hemen (cf. Fishman, 1991:345, 349), eta azken horren itzulpena gure gizarte-girorako egokiena ote den-edo iruditu izan zait. Arriskupeko edo mehatxupeko hizkuntza ere esan izan zaio inoiz, ingelesezkoaren itzulpen zuzenez. Alemanez ere, ingelesaren bidetik, bedrohte Sprache esan izan diote kontzeptu horri. Frantsesez aldiz ez dago, dakidalarik, hitzez hitzeko itzulpen zuzenik: langue moin repandue izan liteke bere ahaide hurbilena (cf. Lesser used language, gure eremu urriko hizkuntza), erabat uztarri bereko sinonimoa ez den arren. Espainolez (eta oro har, maileguz edo kalko zuzenez, Espainiako hizkuntza gehienetan) lengua minorizada izango da seguru asko kontzeptu hori azaltzeko esamolde ezagunena, nahiz eta bere jatorrizko esanahia eta egungo erabilera zabalena partez behintzat bestelakoa izan. Izendapen horiek guztiek badute bestalde, jakina, minority language (8), langue minoritaire, lengua minoritaria, Minderheitensprache, hizkuntza gutxitu edo minoritario delakoarekin harreman zuzena. Azterketa xumeago batek erraz antzemango lituzke ordea, mugarriak ezartzen hasi orduko, beraien arteko diferentziak eta gainezarmen selektiboak. Zortzigarren oin-oharreko bi definizio horien arabera, esate baterako, hizkuntza minoritarioak ez du, ezinbestean, ahulduta egon beharrik: ez, behintzat, ahuldu hitzari txosten honetan ematen zaion endangered, threatened esanahi zehatzaz. Praktikan hala gertatzen da, ordea, gero eta ugariago. Minoritario edo gutxiengozko izate horrek baditu gainera, bere baitan, bereizbide nabarmenak. Europa industrialduak azken 50 urtean, eta euskaldunok berrikitan, bizi izaten ari garen inmigrazio-fenomenoak aparteko trataera eskatuko du, dudarik gabe, gutxiengo edo minoria etnolinguistikoen oraindainoko izendapenei dagokienean: indigenous (Hirugarren Munduan sarriago aboriginal) minorities eta immigrant minorities artean bereizi beharra gertatuko zaigu, itxuraz, gero eta sarriago.

Kanpoko axala alde batera utzita gatozen ordea barruko mamira. Esanahiari dagokionez zer esan nahi du, konkretuki, threatened language delako horrek? Aurreko pasartean eskaini dugun lehen azalpen-saioaz aparte zer gehiago esan dezakegu, ahuldutako hizkuntza zer den adierazteko? Hiztun-elkarte baten ohiko hizkuntzak ezin diola bere buruari eutsi. Zer da ordea hiztun-elkartea? Etxean eta kalean, familian eta lagunartean hizkuntza jakin bat erabiltzen duen gizataldeari esaten diogu hemen, lehen hurbilketa moduan, hiztun-elkartea. Eguneroko bizia partez edo osoz euskaraz egiten dugun euskaldunok, hortaz, euskal hiztun-elkartea edo Basque language community, Basque speech community, baskische Sprachgemeinschaft osatzen dugu. Zer da, ordea, hiztun-elkarte batek “bere buruari ezin eutsi” izatea?: hiztun-elkarte horren mintzabeharrak (erabatekoak edota, gutxienez, eguneroko mintzajardun arruntari dagozkion L aldaerazko (9) hainbat adierazpide) ezin dituela bertako mintzairak bere baitarik ase, beste bat (normalean albo-hizkuntza nagusia, Fishmanek azken aldian Big Brother deitu ohi duena) ari baitzaio eguneroko jardun-esparru arrunt horiez jabetzen. Neke-ezintasun horren eraginez, hizkuntza horren giza arteko erabilera (eta, horren ondorioz, bere utilidadea) murriztuz doa belaunaldi batetik hurrengora. Hori adierazi nahi dugu, batez ere, endangered language, threatened language, bedrohte Sprache edo ahuldutako hizkuntza esaten dugunean. Demografiaz zein funtzionalki atzera doala hizkuntza: belaunaldi batetik hurrengora gero eta gutxiago direla hizkuntza horretaz baliatzen diren hiztunak eta, horrezaz gainera, hiztun-elkarteak bere baitan dituen erabilera-eremu, jardun-esparru, harreman-sare, rol-harreman eta situazio guztien artetik gero eta gutxiagotan erabiltzen dutela hiztun horiek beren jatorrizko hizkuntza. Gurera etorriz, erdaraz egite hori goi-mailako jardun-esparru jaso-formaletatik kalean eta lan-giroan nagusi izatera pasa dela eta, hori aski ez bailitzan, lagunartera eta are, zenbaitetan, etxe-girora ere sartzen ari zaigula. Eta jakina: hori guztia kontuan izanik, euskaldunok erdaldunekin (edo erdaldunik ere tartean duen solaskide-multzoarekin) jarduten dugula gero eta ugariago (erdaraz noski, “para que nos entendamos todos”). Eta, segun zertaz ari garen, gure artean ere erdaraz egitera jotzen dugula (10). Hori dela-eta, erdaldunek edo erdal-elebidunak gero eta behar txikiagoa nabari dutela, euskarak bere-bereak izan dituen jardun-esparru horietan bederen erdaraz ez jarduteko. Belaunez belauneko gainbehera bizian datorrela hizkuntza hori, horren guztiaren ondorioz, bai hiztun-kopuruaren aldetik eta bai bere funtzio-esparruen ikuspegitik.

Kontura gaitezen, nolanahi ere, ahuldutako hizkuntza diogunean ahuldutako hiztun-elkartea esaten ari garela funtsean. Desagertzeko edo galtzeko arriskuan dagoena, izan ere, hizkuntza horretaz baliatzen den hiztun-elkartea da. Zenbaitek esan dezake, hiztunak (eta hiztun-elkartea, beraz) ez direla galtzen. Euskaraz egitetik erdaraz egitera (oro har, X hizkuntzatik Y hizkuntzara) pasatu arren hor segitzen dutela hiztunek bizirik: hiztun horiek edo, denboraren harian, beren ondokoek. Ikuspegi itsua da, ordea, hori: jendeak han jarraituko du bizi izaten, baina beste zerbait izango da handik aurrerako gizatalde hori, ikuspegi etnolinguistikoaren eta, are, soziokulturalaren aldetik. Ez da batere harritzekoa, hortaz, Fishmanek berak threatened hori zer den azaltzerakoan language community edo speech community kontzeptura jo izana: ahuldutako hiztun-elkarteak honela definitu izan ditu berak: “speech communities whose native languages are threatened because their intergenerational continuity is proceeding negatively, with fewer and fewer users (speakers, readers, writers and even understanders) or uses every generation” (Fishman 1991: 1). Indarberritu nahi direnak ere, hortaz, hizkuntzak baino areago hiztun-elkarteak dira.

Ahultze-kontuak, beraz, osagai nagusi bi dituela ikusi dugu: demografikoa (gero eta hiztun gutxiago) eta funtzionala (gero eta funtzio-esparru gutxiagotara mugaturiko erabilera). Berdin inportanteak al dira biak, gainbehera demografikoa eta funtzionala? Bietan bat aukeratzekotan, ahuldutako hizkuntza desagertzeari dagokionez zein da erabakigarriena? Erantzunik errazena badakizu zein den: “Hori ezin da jakin, izaeraz eta neurpidez arras bereziak baitira faktore biak. Ezin da esan, beraz, bata bestea baino inportanteago denik”. Hala da hori, neurri on batean. Ikuspegi kuantitatibo batetik ezin dira, alegia, bata eta bestea konparatu. Hizkuntzak zergatik galtzen diren esplikatzen duten formulazio askotan, halaz ere, funtzio-esparruen ahultze- eta gesaltze-faktoreak demografiarenak baino pisu-indar biziagoa izan ohi du. Aurrerago ikusiko dugunez, HINBE edo RLS formulazioaren abiaburua bera funtzio-esparruetako mintzaldatze kontuan zentratzen da. Hiztun-kopurua faktore inportantea da beti, baina hizkuntzen bizibidean eragiten duten faktoreak asko dira. Gauza jakina da, bestalde, demolinguistika bera ez dagoela hiztun-kopuru hutsera mugatu beharrik: ondotxoz aberatsagoa (esanguratsuagoa eta adierazgarriagoa) da faktore hori, hiztun-kopuru hutsari hiztun horien isolamendu-neurria, beraien kontzentrazio-maila eta beraien distribuzio-banakera eransten zaienean. Feroe uharteko 50.000 biztanleak oso hiztun gutxi dira, kopuru hutsari dagokionez, bere baitako hiztun-herri osasuntsua eratzeko. Atlantikoaren erdi-erdian daude ordea, jira-buelta zabalean auzo-herri handirik gabe. Big Brotherik gabe, alegia. Feroetar guztiak aski isolaturik eta leku bakarrean kontzentraturik daude, eta leku horretan gehiengo zabala osatzen dute. Isolamendu fisikoa erabatekoa dute: XXI. mende birtual honetan izan litekeen bezain erabatekoa. Konpartimentazio espazial horrek, fisikoki isolatutako populazio trinkoa izate horrek alegia, ematen die feroetarrei, beste zenbait faktoreren laguntzaz, bere baitariko hiztun-elkarte aparta izaten jarraitzeko indarra eta aukera. Bistan da 50.000 lagun oso gutxi direla, Britainia Handian eta are Danimarkan barreiatuta. Aski den adinako kopurua osatzen dute, ordea, Atlantikoaren erdian. Alde horretatik, jakina, faktore funtzionala bezain esanguratsua, erabakigarriagoa ere bai, bihur daiteke demografia hutsa kontzentrazio eta distribuzio-tasaz osatzen duen irizpidea.

Norbaitek esango dit, eta ez du arrazoirik falta izango, gauza bat konpontzeko ondo asko zeuden beste lauzpabost estropeatu dizkiodala. Hor nonbait entenditzen zuen hitz bat esplikatzeko, nondik heldu ere ez daukan beste hitz-mordoa golkoratu diodala alegia. Ahuldutako hizkuntza teknikoki zer den argitzen hasi orduko, hori baino ilunagoko termino-mordo batekin erantzun diodala: hiztun-elkartea zer den ikasi behar izan duela lehenik eta, hori ikasi orduko, beste hainbat hitzarte bitxi plazaratu ditugula; zer da izan ere mintzajarduna, eta zer aldaera?; zer dira erabilera-eremuak, zer dira jardun-esparruak eta jardunguneak (alemanez Gebrauchsdomäne, ingelesez contexts edo domains of language use)? Zer dira harreman-sareak, rol-harremanak eta situazioak?; zer da, azkenik, (luze-zabaleko) miltzaldatzea, ing. language schift, al. Sprachverschiebung edo Sprachverlagerung, fr. transfert de langue, esp. desplazamiento lingüístico edo, katalanetik jasota, substitución lingüística famatua (11)?. Zer da, azkenik, hizkuntza jakin baten funtzio-esparrua?. Arrazoi du halakok, neurri batean, bere kexuarekin: “Soziolinguistikako azalpen horiek, eta horietaz diharduzuenok ere hor nonbait, ez dago erraza entenditzen. Alde ederreko garbitasuna zegoen lehen, hizkuntza kontuak denok entenditzeko moduan azaldu ohi genituenean: erdaraz ari zirenei erdaldunak esaten zitzaien, euskaraz egiten zutenei euskaldunak, eta euskaldunok bizi ginen herriari Euskal herria. Eta punto. Zertarako behar duzu gehiago?”.

Hala esanda bai: istorio polita da hori. Seguru al zaude, ordea, egia dela?. Seguru al zaude, hemen eta orain gauzak hori bezain sinple, argi eta zorrotz direla?. Atera ditzagun kontuak, bakoitza geure etxetik hasita. Guztiok ezagutzen ditugun adibideetara etorriz egin ditzagun bizpahiru galdera, otxan bezain xalo. Hasteko, hel diezaiogun erdaldun eta euskaldun dikotomia klasikoari. Euskalduna al da Indurain? Urteak eraman ditugu, ez ahaztu, inoizko euskal txirrindulari hoberena izan omen duguna aupatzen eta txalotzen. Zer esan nahi dugu, ordea, Indurain euskalduna (edota, gutxienez, euskal txirrindularia) dela diogunean? Jakin badakigu, Indurainek ez dakiela euskaraz: euskaraz egiten, behintzat, ez diogu inoiz entzun. Beraz? Nor den euskaldun, eta nor erdaldun, apenas egungo egunean bere eguneroko hizkerak (bakarrik) definitzen duen. Ez eguneroko mintzajardunak eta ez euskaraz (ere) jakiteak berak. Erdarazko vasco eta frantsesezko basque-ren sinonimo-edo bihurturik ditugu, halako neurri batean, gure euskal eta euskaldun: euskal filmoteka, euskal dantzak, euskal sindikatuak, Himalaiarako euskal espedizioa eta euskaldun makila. Eta ez gaur bakarrik: honetan edo hartan erdaraz jardute hutsak ez zituen lehen ere, hori eta horrenbestez, erdaldun bihurtzen gure aurrekoak. Euskalduna zen Larramendi, bere liburu guztiak (gramatikaren eta hiztegiaren esplikazioak (12) barne) erdaraz idatzi zituelarik ere. Larramendi euskalduna zela onartzen badugu, eta horretan ez dut uste kontrario handirik agertuko zaigunik, hasieran egindako atalbiko banaketa argi bezain xinple hura erro-errotik matizatzen hasi beharko dugu: erdaraz ari direnak (zirenak) ez dira (ez ziren), beti eta nonahi, erdaldun. Euskaldunok (euskaldun batzuek) aspaldidanik jardun izan dugu, egoera jakinetan, erdaraz. Euskaldun izatea eta euskaraz (euskara hutsean) jardutea gauza bera izango zen noizpait, dokumentu-oinarriko historiaren goizaldi-aurrean. Orduan ere ez ehuneko ehunean, agian; bai ordea gehiengo zabalean, nagusitasun argiz. Baina noizko kontuak dira horiek? Zuri-gorrizko ametsen gaindegietara ihes egiteko ez bada zertarako balio digu, egungo egunean, jatorrizko mosaiko etnolinguistiko lausogabearen irudipen horrek? Labur esanik: euskaldun izatea noraino da, hemen eta orain, glotonimo huts? Euskaldun izateak ez al du gurean, begien bistako eta arrazoi osozko glotonimo-izaeraz aparte, etnonimo-kutsu garbia eta, are, erreferente soziokultural zabal-globalaren adiera funtzional modernoa? Ahoa betean jarraitzen dugu ordea, are soziolinguistikazko ikuspegitik dihardugunean, euskaldun horrek euskaradun esan nahi duela azpimarratzen. Hizkuntzaren soziologiak, beste edozein jakintza-alorrek bezala, aparteko kuidadoaz bereizi behar ditu egungo gertaerak eta behinolako abiaburuak. Eguneroko esplikazio xinpleak motx gelditzen dira horregatik, sarri asko, funtsezko bereizketa horiek egin ahal izateko.

Eguneroko hizkera-molde lasaiari bere balio osoa aitorturik ere askotxo gara hortaz, ibiliaren poderioz eta hanka-sartze ugarien eskarmentuz, era horretako terminoen inplikazio soziokulturalak aintzakotzat hartzen ikasi dugunak. Euskaldun/erdaldun hitz-bikotearen jatorrizko dikotomia hura egungo gizartearen dimentsio linguistiko, etnokultural, soziohistoriko eta politiko-operatiboak azaltzerakoan gutxi-asko matizatzen hasi behar izan dugu, besteak beste. Neke horien ordainetan, hizkuntzaren eta haren uztarriko etnokulturaren soziologiak bere-bereak dituen hainbat izendapen, kontzeptu eta definizio bertatik bertara ezagutzen eta egoki erabiltzen ikasten ari gara. Gogoz ikasi beharrekoen zerrendan sartu zaigu, ezinbestean, dagoeneko bizpahiru aldiz aitatu dugun hiztun-elkartea, mintzaelkargoa (13) edo komunitate linguistikoa (14) deitzen duguna: hiztun guztien (gutxienik hizkuntza jakin horren barietate edo aldaera bat, egitez edo ulertzez, amankomunean duten hiztunen) multzoa, bibliografi iturrietako erdarez Sprachgemeinschaft, language community, speech community, comunidad lingüística esan ohi dena. Orobat ikasi beharko dugu community horren azpitaldeak bereizten, language edo speech group delakotik hasi eta, speech network-en barrena, diadic encounter-eko solaskidetza xumeeneraino. Argi ikusiko dugu, bide horretan barrena abiatu orduko, hizkuntz soziologiak aztergai dituen hiztun-taldeak (15) ez direla behin eta betiko konstruktu aldagaitzak, aldian aldiko analisi-motaren, ingurumeneko uste-sinesmen ongi errotuen eta soziokulturazko konbentzio nagusien araberako izendapen operatiboak baizik (16). Beste horrenbeste gertatuko zaigu erabilera-eremu, jardungune eta rol-harremanen konstruktuekin. Badakit ondo asko zer esango didazun: argitu baino gehiago ilundu egiten digula panorama, lehen begiratu batean behintzat, hainbat hitz eta hitzarte berrik. Egia da hori. Molestia horregatik ezin ditugu, ordea, izendapen teknikoak alde batera utzi. Behar-beharrezkoak dira goiko horiek, eta horien pareko beste hamaika, itxurazko hurbilpen-saio teorikorik egin nahi badugu. Ezinbesteko tresneria dira hizperri horiek guztiak, hizkuntzen (batez ere gurea bezalako ahuldade-puntura iritsita dauden hizkuntzen) gizarte-egoera, beren ezintasun-trabak eta bizirik ateratzeko aukerabideak itxura batean aztertu, eztabaidatu eta ulertu nahi baditugu.

Ahuldutako hizkuntzaz hitz egitean, belaunez belaun bizirik jarraitzeko eragozpen nabarmenak dituen hizkuntza batez ari garela esan dugu. Eta horra, bide batez, beste esapide berria non sortu dugun aurrekoa erabat argitu aurretik: belaunez belaun bizirik jarraitzea (17). Zer esan nahi du, hizkuntza batentzat, bizirik jarraitzeak? Eta zer, bereziki, belaunez belaun bizirik jarraitzeak? Zaude lasai oraingoan, ez natzaizu berriro ere definizio edo termino teknikoekin etorriko-eta. Hizkuntza bizia zer den ondotxo dakizu: jendeak etxean (umetan) ikasi eta bere hiztun-elkartean (familian, lagunartean, kalean, herrian, bere hizkuntza horretaz baliatzen den gizarte zabal osoan) erabiltzen duena. Horrexegatik esaten da, adibidez, latina ez dela gaur egun hizkuntza bizia: apaiz-jendeak erabiltzen du une jakinetan (gero eta bakanago); filologo erromanistek ere ikasia dute unibertsitatean. Baina etxetik ez du inork ikasten. Gaztetan ikasten dute latina, additional language edo gehigarrizko hizkuntza moduan, lanbide horietarako prestatzen ari direnek. Egon ez dago inon hiztun-talde zabalik, ume-umetatik hasi eta bere eguneroko mintzajardun arrunta latinez bideratzen duenik. Gurasoetatik seme-alabetara, ama-hizkuntza edo L1 moduan transmititzen den hizkuntza: horixe da hortaz hizkuntza bizia. Ama-hizkuntza izatearen ezaugarria erabat galdurik dutenak, aldiz, hizkuntza hilak dira: latina adibidez (18).

Gatozen gurera. Hizkuntza bizia al da euskara? Bai, hala da: zoaz bestela Markinara, Errezila edo Goizuetara, eta egin proba. Etxean ikasten dute bertako ume gehienek euskaraz, gurasoengandik eta anai-arrebengandik. Eguneroko jardunean ere, etxe-giroko eta lagunarte hurbileko esparru intimo horietan bereziki, euskaraz egiten dute hainbatean. Erabat bizirik al daukagu, hortaz, euskara? Oraintxe heldu diozu zezenari adarretatik: bizi guztiak ez baitaude, hurrik eman ere, bizitasun -edo osasun- maila berean. Bizi batzuk bizi-bizirik daude, besteak ez. Konparazio bidez argitu dezagun bizitasunaren gradazio hori. Lau osasun-mailatara mugatuz, zehaztu dezagun bizi-bizirik (vivante), bizirik baina zenbait ajerekin, makal baina bizirik eta, azkenik, hil ala biziko trantzean egotearen kontu hori, zehaztu litekeen neurrian. Erabateko langue vivante zer den azaltzeko ez dugu buruhauste handirik izango: horren adibide ugari ditugu Europan, inguruko eta are bertako hizkuntzetan. Adibide horietara, horietariko batera joko dugu hemen, erabat bizirik egote horrek zer esan nahi duen azaltzeko. Zoaz Logroñora, esate baterako, eta ikus ezazu bertako familia gehien-gehienetan (ehunetik 99tan, hor nonbait) zer gertatzen den. Demagun, izenak asmaturik, Ceniceroko Jose Luis Laguardiako Charorekin ezkondu zela orain dela hamabost bat urte eta Logroñon bizi direla. Demagun gaztelaniaz bakarrik (19) dakitela biek eta gaztelania erakutsi dietela seme-alabei, Sonia eta Robertori. Aitona-amonekin eta parkeko lagunekin, etxean eta kalean, eskolan eta autobusean, elizan eta harategian, zinean eta medikuarenean gaztelania besterik ez dute egiten neska-mutilek. Gaztelania da, bete-betean, seme-alaba horien hizkuntza bizia: beren ama-hizkuntza, beren etxeko hizkuntza, beren lehen hizkuntza (L1), etxetik kanpora ere hitzetik hortzera erabiltzen dutena eta, erabili ahala, osatzen eta zehazten, bereizten eta gozatzen ari direna. Beren mintzaira hori ez dute erdal ikastolako gaztelania, are gutxiago erdaltegikoa. Eskolara joan aurretik ondo baino hobeto dakite gaztelaniaz (20) batak zein besteak. Aski izango al dute Soniak eta Robertok gaztelaniarekin, beren bizi-denbora guztian?. Hori ezin da jakin, biziak mila buelta ematen baititu eta ingelesa gero eta beharrezkoagoa baita munduan. Bidali ere horrexegatik bidaltzen dituzte gurasoek udan, ondo kostata bidali ere, ingeles-barnetegi batera. Soniak irakasle izan nahi omen du gainera eta, akaso, Arabako Errioja aldean puesto bat lortzekotan euskara ere ikasi beharko omen du (hori geroko uzten dute, ordea, kontu horiek ez baitaude hain garbi).

Deskribapen xume horrek, formulazio abstraktuetara hegaldatu gabe ere, bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza gehienen hainbat ezaugarri eskaintzen dizkigu. Gure ikuspegitik (hots, ahuldutako hizkuntzen ikuspegitik) interesgarriena zera da: bertako hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipen-bide orbangabea. Aitona-amonek gaztelaniaz egiten dute egunero; berdin egiten dute gurasoek, Jose Luisek eta Charok; eta berdin egiten dute ilobek, Soniak eta Robertok. Horra hor hiru belaunaldiko katea, bizi-bizirik dauden hizkuntzetan (hiztun-taldeetan) indarbetean agertu ohi dena. Horixe da osasun-neurgailu segurua, hizkuntza ahulak belaunez belaun bizirik jarraitzea edo ez jarraitzea definitzen diguna ele biko hiztun-elkarteetan. Hiru belaunaldiko kate horixe da izan ere, gero esango dugunez, diglosiaren gutxienezko egonkortasun-muga definitzen duena. Aitona-amonetatik gurasoetara eta gurasoetatik seme-alabetara bete-betean transmititzea (21): horixe da, funtsean, hizkuntza bizien eta ahuldutako hizkuntzen arteko bereizgune nagusia. Belaunaldi batetik hurrengorako transmisio horren beteak adierazten du, beste mila datuk baino argiago, erabat bizirik dagoela gaztelania Logroñon. Eta non gertatzen da, nagusiki, belaunaldi batetik hurrengorako transmisio hori?: etxean, familian, hurbileko auzo-giroan, kale-bizitza zabalean. Hori da hizkuntzen belaunez belauneko transmisio-gune normal, natural, osasuntsua; hori da hizkuntza handien eta txikien jarraipen-oinarri nagusia. Hori da oinarri-oinarrizko puntua, hizkuntza ahulak osasun betekoetatik bereizten dituena. Ez da ezaugarri bakarra, ordea.

Beste zer motibok eramaten gaitu, belaunez belauneko jarraipen orbangabe horrezaz gainera, gaztelania Logroñon, eta Logroño bezalako ingurumen guztietan, indar betean dagoela esatera? Zergatik diogu erabat bizirik dagoela, inolako ahuldade-seinalerik ez duela gaztelaniak Logroñon? Motibo askorengatik esan dezakegu hori. Aski zehaztasun-maila diferenteko esplikazioak eman litezke erabateko bizitasun hori zeren eskutik datorren argudiatzeko: hainbat espezialistak, hartaraz gero, azalpen demolinguistikoak, faktore soziohistorikoak eta kulturalak, babes-oinarri instituzionala eta, oro har, bere status-adierazleak eskainiko lizkizuke seguruenik. Horiek guztiak hala izanik ere, begien bistanagoko gertaera xume batek adierazten digu garbi gaztelania, Logroñon, hain bizirik eta hain osasun onean zergatik dagoen: itzal egiten dion (are gutxiago mendean hartua duen) Big Brother edo auzo-hizkuntza lehiakide indartsurik parean ez duelako. Ingelesa, gehien-gehienera ere, additional language da Logroñon, egungo egunean, eta hori ere oso neurri mugatuan: ez, inola ere, Holandako edo Israelgo (Spolsky, 2001: 355) moduan. Terminologia teknikora hurbilduz, zera esan dezakegu: gaztelaniak, bere baitako aldaera-sortaz edo barietate-errepertorioaz, logroñoarren mintzajardun osoaren espazio soziofuntzional osoa estaltzen duela. Hor ez daudela H eta L hizkuntza bi (H hori ingelesa izanik, adibidez, eta L gaztelania), ez elkarren lehian eta ez osagarrizko funtzio-banakera egonkorrez konpartimentatuak. Logroñon ez dago funtsezko jardun-esparru edo harreman-sare bakarrik, gaztelaniarik gabe funtzionatzen duenik. Logroñoko gizarte-antolakeran, hizkuntza erabiltzeari dagokionez, ez dago alegia ez elebitasunik eta ez diglosiarik (22). Aldiz, Logroño ordez Puerto Rico hartuko bagenu aztergai, bestelako panorama izango genuke begien bistan. Han ere bizirik dago gaztelania, dudarik gabe: baina hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena ez dago han Logroñon bezain sano, indartsu eta seguru (23). Ingelesa ate joka daukate Puerto Ricon, eskolan eta telebistan ezezik kale-giroan ere. Additional language ezezik Big Brother moduko hizkuntza ere bihurtzen ari zaie ingelesa Puerto Ricon. Are gutxiago esan dezakegu, azkenik, gaztelania erabat bizirik dagoenik Estatu Batuetan. Ez han-hemengo hispano-talde historikoetan, eta ez Calvin Veltmanek (1983, 1988) hain zehatz aztertu dituen portorriqueño, chicano eta gainerako etorkin-taldeetan. Gaztelaniaren geroa ez dago segurtaturik, konkretuki, New Yorken bizi diren portorriqueño ugarien artean (24). Azken kasu honetan endangered language edo ahuldutako hizkuntza dugu, inolako dudarik gabe, Logroñon erabat (eta Puerto Ricon dezente) bizirik dagoen gaztelania.

Lehen ere zertxobait aipatu dugun bidetik, ondorio argia ateratzen lagundu behar liguke horrek. Osasun onean eta pattalean daudenak ez dira ezinbestean hizkuntzak oro har, hizkuntza horretaz baliatzen diren hiztun-elkarteak baino (25). Are gehiago: sarritan, hiztun-elkartea bere osoan hartu ordez han-hemengo hiztun-taldeak, jardun-esparruak edo harreman-sareak hartu behar izango ditugu kontuan, beren osasun-diagnostikoa egiterakoan (26). Jeneralizazio gehiegiaren gehiegiaz, izan ere, zehaztasun falta larrian eror gaitezke. Gatozen hortaz, berriro ere, etxeko adibide xumeetara: gauza bat da euskararen osasunaz hitz egitea oro har, eta beste bat euskararen benetako osasuna neurtzea Donibane Lohizunen, Ataunen, Lekunberrin, Lekeitioko ikastolan edota Hezkuntza Sailaren Lakuako egoitza nagusian. Bateko azalpenak ez digu, hainbatean, besterako balio izango. Are gutxiago erabateko jeneralizazioak egiteko. Euskararen batez besteko osasuna aztertu nahi duen Finlandiako soziolinguista batek ez luke emaitza onik aterako, huts-hutsik Donibane Lohizunera edo Tolosa aldeko Albizturrera etorriko balitz. Are gutxiago Donostiako euskararen osasun-egoera (esparru jaso-formal-modernizatuetakoa) aztertzeko orduan Avenidako bankuetxe baten eguneroko barne-dokumentazioa, Andia kaleko Hezkuntza Ordezkaritzan tramitatzen den espediente-sorta edo Ikastola Elkartearen egoitza nagusiko jarduna (hitzezkoa eta idatzizkoa) hartuko balu erreferentzia bakartzat. Leku-faktoreari dagokionez, izan ere, zera esango luke aztertzaile finlandiarrak: lehenengo kasuan (Donibane Lohizunen) euskara oso ahuldua, ia bere azkenetan antzematen duela. Bigarrenean (Albizturren), aldiz, orain ere osasun onekoa dagoela: aitona-amonetatik gurasoetara, eta hauetatik seme-alabetara, ia salbuespenik gabe transmititzen dela bertako hizkuntza. Donostiako esparru jaso-formal-modernizatuen gaineko diagnostiko funtzionala egiterakoan, era berean, gune batetik bestera alde handia dagoela ikusiko luke: Avenidako bankuetxean ia inork eta ia ezertarako erabiltzen ez duen hizkuntza hori neurri jakin batean bizirik dagoela Ordezkaritzan, eta neurri hori are ohargarriagoa dela Baldaondoko bulegoetan. Nola liteke, ordea, azkenetan dagoen inor osasun onekoa egotea? Zer mediku-klasek esan dezake horrelako itxuragabekeriarik? Horrelakorik ez du normalean, egia da, inolako medikuk esaten. Bai, ordea, beste honelako hainbat: “bihotzetik larri dabil Joxe Antonio; gainerakoan ez dabil, ordea, batere makal”. Guztiok dakiguna: norbait hiltzen denean bere organo jakinen bat izan ohi dela, ez bere organo guzti-guztiak batera, heriotza ekartzen diona. Pertsona bat hiltzen denean, edadez oso aurrera ez badoa behintzat, bere organo gehienak egoera onean edo on samarrean egon daitezke. Halaz ere gaixoa hil egiten da, organo jakin baten gaixotasuna edo zauria neurri batetik gorakoa denean. Nire izeba minbiziak eraman zuen, sasoi oneko zelarik artean, orain dela hamalau bat urte. Burua argi zeukan, eta azken hiru hilabeteak arte betiko umore onari eusten jakin zuen. Mugimenduz arin zegoen oso: hezurretako minik ez zuen. Alzheimerrik are gutxiago. Bihotza indarrean zeukan noski, eta horrek berak luzatu egin zizkion (medikuen esanetan) azken bi asteetako nahi eta ezinak. Bistatik ondo zebilen, eta biriketatik ere bai. Baina minbizia zuen urdailean, horixe zuen guztia. Eta badakizu: gaitz horri aurre egiten, partez bakarrik ikasi du oraingoz medikuntzak.

Zertara dator gaixotasun-kontuaren erretolika osoa?. Honako puntu honetara: gorputza bere osoan kolapsatu eta hiltzen bada ere azkenean, kolapso hori organo jakin baten (ez organo guztien) gaixotasunak (istripuen kasuan, zauriak) sortzen duela normalean. Beraz, gaixoa hilko ez bazaigu larri gaixotutako (zauritutako) organo konkretu hori sendatu behar dugu lehenik eta behin. Organo hori da, gerokoak geroko utziaz, bere onera ekarri behar duguna. Norbaitek auto-istripua izan badu karreteran, eta besotik odol-isurtze edo hemorragia handia ageri badu, torniketea egin behar diogu besagainean, berehala egin ere, odolustuta bertan hil ez dakigun. Hortik hasi behar da.

Era berean, hizkuntza (eta haren oinarri soziolinguistikoa izan ohi den hiztun-elkartea) bere osoan galtzen bada ere azken-azkenean, hizkuntza hori ez da kalean eta etxean, tabernan eta unibertsitatean, elizan eta epaitegian, berba-egikera arruntean eta goi-arnasak oraturiko poema jorietan, herriz herriko bertso-saioetan zein nazioarteko zinemaldian... batera ahultzen, desagertzen eta galtzen. Gaixorik dagoenean ere osasuntsuago egon ohi da funtzio-esparru batzuetan, besteetan baino. Xenpelarren garaiko Gipuzkoan (27), esate baterako, euskarak ez zuen ia inolako sarbiderik eskolan, prentsan eta administrazioan. Familia gehien-gehienetan, etxean eta are kalean, bizirik eta indartsu zegoen ordea hizkuntza. Orain, aldiz, idatzizko jardunean eta jardungune jaso-formaletan gutxi-asko aurrera egin duen arren aski ahuldurik ageri zaigu euskara (Gipuzkoako herri hazienetan eta hiriburuan bereziki) etxe-giroan eta lagunartean. Beste era batera esanik, eta barkatu berriro ere hitz teknikoak ekartzea, hizkuntza horren espazio soziofuntzional osoaren erabilera-esparru, jardungune eta harreman-sare guztiak ez dira gehienetan maila bereko larritasunez joak egoten. “Goi”-mailakoetan orain dela ehun urte baino hobetoxeago dago orain hizkuntza, baina behe-mailetan ondotxoz ahulduago.

Gaixotasun batzuk besteak baino arriskutsuago diren bezala, esparru batzuetako ahuldadeak ere kaltegarriago dira hizkuntzarentzat. Hots, hizkuntza horren espazio soziofuntzionala osatzen duten elementu guzti-guztiak ez dira, normalean, bere etnolinguistikazko bizitasunaren (28) neurri bereko galera-iturri. Indio navajoen hizkuntza azken hamar urte honetan galtzen ari bada (eta halaxe ari da, ikertzaile espezializatuen ustean (29), bizi-galtze hori ez da ezinbestean gertatzen ari navajo-hizkuntza interneten gutxi erabiltzen delako, kimika organikoaren terminologia teknikoa finkatu gabe daukalako edo Arizonako estatu-administrazioaren bileretara (ia) inolako sarbiderik ez duelako. Bere eguneroko gizarte-bizitza arrunta azaldu, transmititu eta mamitzeko gaitasuna galtzen ari da navajoera: hori du bere gaitz nagusia. Hizkuntzaren erabilera-galtze hori perspektiba soziokultural zabalagoan txerta daiteke noski: soziokulturazko muga-hesi tradizionalei ezin eutsia dakarren bilakaera nagusian, alegia. Bere jatortasun etnokulturala modernotasun ekonoteknikoaz, demografikoaz eta sozioprofesionalaz egoki txertatzeko prozedura liskartsua, ahuldutako hiztun-herri gehienok hain barrutik ezagutzen eta hain oinazez bizi ohi dugun uztartze-saioa, kontrolpean gorde ezinik ari da navajo-herria. Bertako karretera-sarea ugaritu eta zabaltzeak (eta horrek dakarren dislokazio fisiko-demografikoak), navajo gehienek diru-sarbide arras mugatua izateak edota lanik gabe egoteak (eta horrek dakarren dislokazio sozialak) badu noski, horretan guztian, eragin zuzena. Ezinbesteko aldaketa soziokultural, demografiko eta ekonoteknikoak bere “betiko” hizkuntzaz bideratzeko gero eta ezintasun-traba nabarmenagoak dauzka navajo-herriak. Dislokazio horien eraginez gizarte berrian aurrera egin nahi duen navajo-hiztunak ingelesa ikasi beharra dauka, eta ingelesez jardun beharra: bai navajo-herriaz kanpokoekin diharduenean eta bai, gero eta sarriago, gainerako navajoekin jarduteko ere. Eguneroko harreman-sare arruntak, etxe-giroa eta lagunartea osatzen dutenak, ari da navajo-jendea galtzen: gazte-jendea bereziki, ingelesera pasatzen ari da. Belaunez belauneko jarraipen-katea eteten ari da (30). Eta horiek bai: dislokazio eta muga-eragozpen horiek bai dituela bere ahuldadearen iturri, bere garapen-bilakaera autosostenituaren eragozle eta, egungo egoerari buelta ematen ez bazaio, bere biziaren galgarri. Ez navajo-hizkuntzaren eta ez gainerakoen erabilera-esparru, harreman-sare, funtzio eta jardungune guztiak dira garrantzi berekoak, makal dagoen hizkuntzari bizirik eusten laguntzeko (31). Are gutxiago indar berria emateko, hizkuntza hori indarberritzeko. Inportantea da, beraz, hiztun-elkarte (edo, sarriagotan, hiztun-talde) baten ohiko rol-harreman desberdinen artean mintzaldaturik edo mintzaldatzeko arriskurik bizienean zeintzu dauden jakitea. Inportantea da ahuldutako hizkuntza hori une honetako bataila zein frentetan galtzen ari den jakitea: hortixe galduko baita hizkuntza osoa, eta horrenbestez hiztun-herria, ez interneten edo master-ikastaroetan flojo samar dabilelako.

II. Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?

Gaixotasuna eta osasuna, hizkuntza kontuan ere, kontzeptu osagarriak dira. Osasun onean dagoenak ez dauka gaixotasun handirik, eta alderantziz. Nahasian erabiliko ditugu, hortaz, bata zein bestea. Badakigu, bestalde, bai gaixotasuna eta bai osasuna kontzeptu gradatiboak direla. Gaixorik dauden bi hizkuntza ez daude, ezinbestean, gaixotasun-maila berean. Eta badakigu, azkenik, hizkuntza edo hiztun-herria diogunean ere jeneralizatzen ari garela. Hots, benetako gaixotasuna lokalagoa dela izaeraz: bai ikuspegi geolinguistikotik eta bai soziofuntzionaletik, puntualagoa dela sarritan. Espezialista handiak izan gabe ere, erraz samar konturatzen gara euskara gaixoago dagoela Gasteizen Donostian baino, ahulago dagoela Durangon Tolosan baino, okerrago dabilela Lekunberrin Errezilen baino. Arrazoizkoa da beraz, medikuek pertsona gaixoekin egin ohi duten bezala, guk ere galdera horri erantzun nahi izatea: ahuldutako hizkuntza, noraino dago ahuldua? Zertan antzematen dugu osasun- edo gaixotasun-diferentzia hori? Kalean edo etxe(et)an gehiago (gutxiago) egiten dela: hori izan ohi da, gehienetan, gure mintzometro nagusia. Gero ikusiko dugunez, ez da hain neurpide okerra. Europan barrena zertxobait ibiliak baldin bagara konturatzen gara, orobat, alemana osasuntsuago dagoela txekiera baino, eta azken hori osasuntsuago estoniera baino. Hiztun-elkarte osoen kopuruak, kontrolpean dituen muga-hesien sendoak, herrialde bakoitzaren kultur sormenak eta zabalkunde-indarrak zerbait adierazi ohi digu normalean. Hortik aurrerako detaileetan ez gara ordea, gehienetan, hain seguru sentitzen. Zertan oinarritzen gara hortaz, funtsean, diagnostiko-modu horietan aurrera egiteko?

Hizkuntza, bi (edo gehiago) erabiltzen diren esparruetan dihardugularik egunero, laster hasten gara konturatzen (gurea bezalako ingurumenetan beste gehienetan baino lehenago eta sakonago gainera) hizkuntza guztiak ez daudela osasun- edo gaixotasun-egoera berean. Inork esan gabe ere, geuk igartzen diogu hori gure ingurumen hurbilari. Zertan igartzen ditugu osasun eta gaixotasun mailako diferentzia horiek?. Honelako gertaera ukaezinotan, besteak beste: batetik, hizkuntza bakoitzaren demolinguistikazko dimentsioan; bestetik, hizkuntza bakoitzak hiztun-elkartearen espazio soziofuntzionalean duen kokaeran. Ikus ditzagun puntu biok, halako xehetasun batez.

II.1. Hizkuntza bakoitzaren demolinguistikazko dimentsioa.

Hiztun-kopuruz eta hiztun-elkartearen lurralde-hedaduraz, mintzaira guztiak ez dira neurri berekoak. Horietariko batzuek milioika hiztun askoren lehen hizkuntza (L1 edo ama-hizkuntza) dira, eta beste hainbaten bigarren edo enegarren hizkuntza (gehigarrizko hizkuntza, additional language). Ingelesa eta errusoa, txinoa eta arabiera, espainola eta frantsesa, alemana eta portugesa hizkuntza zabal, handien multzo horretakoak ditugu. Eta ingelesa, bereziki, LWC edo language of wider communication izendapen teknikoaren alorrean sartzen da bete-betean. Munduko milaka hizkuntzen artean gutxienak dira, jakina, neurri-hedadura zabal, handi horretakoak. Beste mintzaira batzuek, hain handiak izan gabe ere, hiztun-kopuru zabalekoak ditugu: milioia eta 10 milioi hiztun artekoak ditugu horiek, kopuruz. Europako nazio-hizkuntza ofizial, beregain eta osasuntsu asko, konkretuki, bigarren multzo horretakoak ditugu: hungariera, daniera eta suediera, finlandiera eta grekoa, eslobakiera eta txekoa, eslobeniera eta abar. Hizkuntza horiek ez dira, normalean, etxetik (hots, beren nazio-estatutik) kanpora erabiltzen, beste hizkuntzekiko harremanetan. Ez dira beraz, inola ere, LWC atalekoak. Munduko hizkuntza gehien-gehienak ez dira, dena den, ez lehenengo eta ez bigarren multzo horietakoak: demolinguistika aldetik, hizkuntza gehienak ez dira milioi bat hiztuneko langa horretara ere iristen. Hainbat hiztun-elkartek, euskara tartean delarik, milioia eta ehun mila hiztun artean ditu, lehen hizkuntza edo lehen ko-hizkuntza moduan. Eta beste asko, zinez hiztun-elkarte asko, ez da 100.000 laguneko hiztun-neurri apal horretara ere iristen. Hizkuntza batzuek, gorago esan dugunez, nazio-hizkuntzak edo, zehazkiago esanik, estatu beregainen hizkuntza bakar edo state-building, unifying language dira. Gutxien-gutxienak dira, zinez, estatu-beregaintasunez osaturik eta babesturik daudenak. Estatu-dimentsioaz beheitikoak gara, izatez, munduko hizkuntza gehienak. Munduan lau mila eta sei mila hizkuntza artean baldin badaude gaur egun, eta unitate politiko independenteak, estatu-nazio edo nazio-estatu lokabeak 200era iristen ez badira, atera kontuak: mintzaira guztiak ez dira ingelesa, frantsesa, espainola, portugesa, alemana, arabiera, errusoa, hindia edo txinoa (32). Ez eta suediera, grekoa, holandes-nederlandera edo poloniera ere. Hiztun asko izate horrek abantaila fisiko, objektibo, bazterrezinak eransten dizkio hizkuntzari: jende askorekin eta leku askotan erabil dezakezun gaztelaniak askozaz utilidade handiagoa du, hainbat eta hainbat funtziotarako, jende gutxik eta aski lurralde mugatuan darabilgun euskarak baino.

Hiztun-kopurua ez da ordea, lehen ere aipatu dugunez, demolinguistikazko aldagai inportante bakarra: hiztun horien lurralde-banakera, beren kontzentrazioa eta urbanizazio-maila ere punta-puntako aldagaiak dira. Geolinguistika ere kontuan hartu behar da, alegia (cf. besteak beste, D. Cartwright 19 ). Demagun A eta B hizkuntzak neurri berekoak direla hiztun-kopuruz (1.000.000 lagunekoak adibidez). Demagun, bestalde, A hiztun-elkartea osatzen duten hiztunak elkarren ondoan bizi direla denak, eta B hiztun-elkartekoak sakabanaturik. Elkarren ondoan, harreman-sare eta interakzio-esparru ugariz loturik dauden A hizkuntzako hiztunek ondotxoz osasun-egoera hobea izango dute, besteak beste, erdal (beraientzat erdal) hiztun-herri erraldoi batean desegituraturik eta han-hemenkako hiztun-taldexkatan sakabanaturik dauden B hizkuntzakoek baino. Isolamendu fisikoa (itsasoa, basamortua, mendikate handiak) zein politikoa, orobat, barne-kontzentrazioaren eta erdal munduarekiko separazioaren iturri izan ohi da gehienetan. Feroe uhartea aipatu dugu lehen, bere 50.000 hiztunekin. Beste horrenbeste esan liteke Islandiarekin. Bertako 200.000 bizilagunek hiztun-herri aparta osatzen dute, nahiz eta ingelesa gero eta etxeanago duten.

Isolamendu fisikoaz gainera, urbanizazio-maila ere kontuan hartu behar izaten da askotan. Kale-girora biltzen diren hiztun-talde minoritarioek areagoko neke-zailtasunak izan ohi dituzte, izan ere, lehenaz gainera: kontzentrazioa eta ohiko jardunguneetako nagusitasun-moldaera (33) galdu egin ohi dute, irabazi baino gehiago, baserritik kalera jaistean. Galera horrek traba berriak sortzen dizkie, beren hizkuntzari belaunez belaun eutsi ahal izateko. Erdal hiztunekiko harreman-sareak, baserrian ez bezala, gero eta beharrezkoago bihurtzen zaizkie kale-giroan. Harreman horien maiztasuna eta dibertsifikazio funtzionala ere ugaritu egiten dira, normalean, kaletar berri horien artean (34). Hiri-giroak berekin ekarri ohi duen rol-harremanen dibertsifikazioak, idatzizko harremanen ugaritzeak eta aldaera formal-teknifikatuen eraginak H hizkuntzaren alde jokatu ohi du normalean, Lren kaltean.

Autoktono izatearen edo ez izatearen aldagai historiko-territoriala ere oso kontuan hartzekoa da, azkenik. Aurreko beste faktoreak berdinak edo antzekoak lituzketen A eta B hiztun-herriek aski bizi-itxaropen diferentea lukete, bata bertakoa eta bestea etorkin berria balira: jatorrizko lurraldeari atxiki dioten hiztun-herri autoktonoek, txikiak eta funtzio-esparruz mugatuak izanik ere, etorkin-talde berriek baino osasun demolinguistiko hobean egoteko joera izan ohi dute normalean. (Weinreich, 1953).

II. 2. Hizkuntza bakoitzaren lekua hiztun-elkartearen espazio soziofuntzional osoan.

Hiztun asko edo gutxi izatea gauza bat da. Hiztun horiek beren hizkuntza hori zer esparrutan erabiltzen duten, eta zeinetan ez, bestea. Bigarren puntu horrek definitzen du hizkuntza ahularen lekua (eta, horren ondorioz, bere statusa), hiztun-elkartearen espazio-soziofuntzionalean. Ahuldutako hizkuntza batzuek aski konpartimentaturik daukate espazio hori, zenbait funtzio-esparru bere kontrolpean mantenduz. Beste batzuek, aldiz, behinolako muga-hesiak galdurik dituzte eta konpartimentazio funtzionalik gabe (hots, diglosiarik gabe) gelditzen ari dira. Osasungarria, jakina, badakigu zer den: hizkuntza bakoitza bere hiztun-elkartearen ahalik eta funtzio-esparru gehienetan presente izatea, eta esparru horietan nagusi izatea, nagusitasun hori bermatzen duten muga-hesiak bere kontrolpean izanik. Muga-hesi nagusia, azken berrehun urte honetan, estatu beregainen herri-mugak ezarri ohi ditu. Mendebaleko gizarte modernizatu askok (ez, inola ere, guztiek) beren unifying, state-building hizkuntza dute. Frantziak frantsesa, Alemaniak alemana, Poloniak polakoa, Italiak italianoa, Britainia Handiak eta Estatu Batuek ingelesa (35). Era berean darabilte Espainiak eta Portugalek, hurrenez hurren, gaztelania eta portugesa. Gizarte horietako rol-sorta guztiak hitzez mamitzeko orduan aski izaten da, gehienetan, kasuan kasuko unifying, state-building hizkuntza horiekin. Bertako jende askok, gehienek normalean, hizkuntza horixe bakarrik daki jakin. Bertako minoria linguistikoek ere ezinbestekoa izan ohi dute hizkuntza hori, hainbat harreman-saretan eta jardun-esparrutan parte hartu ahal izateko, nahiz eta esparru barrenkoi-intimoenetan beren hizkuntza propioari gutxi-asko eutsi. Minorietako hiztunek, nahi badute eta ez badute, elebidun izan beharra daukate hortaz: hori ez da norbanako aukera librearen fruitu, luze-zabaleko mintzajardunaren gizarte-moldaerak berez dakarren eginbidea baizik. Hiztun elebidun horiek erraztasun handiagoa izan ohi dute askotan, rol-sorta gehienei dagozkien mintza- (are gehiago idazbeharrak) state-building hizkuntzaren bidez betetzeko. Aurreraxeago saiatuko gara hizkuntza-bitasun horren nondik norakoa zertxobait argitzen. Bietariko baten nagusigo hori azaldu nahi dugu hemen. Nagusigo horrek gutxitan izan ohi du, funtsaren funtsera bagoaz, norbanakoaren aukera libre-hutsaren izaera. Badakizu leloa, gauzak okertzen direnean: “Habla en castellano, que así nos entendemos todos”. Edota beste hau: “hori erderaz esango dizut, euskeraz nola esaten dan ez dakit-eta”.

Bistan dago frantsesa, alemana, italianoa, ingelesa, gaztelania eta portugesa osasun oneko hizkuntzak direla. Nor bere gizarte-bizitzaren esparru guztietara hedaturik daude. Are gehiago: esparru gehienetan etxeko jaun dira; lehiakiderik gabeko dominance configuration orbangabea ageri dute esparru horietan. Etxeko sukaldean eta taberna-zuloan, izkinako okindegian eta etxe ondoko parkean gaztelaniaz egiten da gorago aipatu dugun Logroñon, jakina. Baina ez esparru horietan bakarrik: gaztelaniaz egiten da orobat elizan eta irratian, zinean eta prentsan; gaztelaniaz egiten da anbulatoriotan, ospitalean eta medikuen kontsulta guztietan, eskola-esparru osoan (36), epaitegitan, lantegietan, aurrezki-kutxa guztietan (ate ondoko leihatilatik hasi eta goren mailako bulegoetaraino)... Hitz batean, Logroñoko bizilagunen mintzajardun arrunt, zabal, nagusia gaztelaniazkoa da bere erabilera-esparru edo jardungune guztietan. Berdin gertatzen da frantsesarekin Bordelen, italianoarekin Milanon, portugesarekin Oporton, alemanarekin Kolonian eta ingelesarekin Birminghamen. Hiri horietako erabilera-esparru edo jardungune guztien espektro osoan gailen, (gaurkoz) lehiakiderik gabe, etxeko nagusi ageri dira hizkuntza horiek. Hori ez da, ordea, munduko 4000, 5000 edo 6000 hizkuntzen artean batere gauza arrunta, normala, ohikoa.

Gutxi dira izan ere, mundu zabalean, beren gizarte-bizitza osoko rol-sorta guztia asebetetzen duten hizkuntzak. Hizkuntza handi horien eredura ohiturik gaude gehienok, eta hizkuntzen situazio normala, arruntena, horixe dela uste ohi dugu. Izatez gutxien-gutxienak dira ordea, mundu zabalean, beren espazio soziofuntzionala osorik, aldenik alde estaltzen duten hizkuntzak. Hizkuntza gehienek ez dute state-building, unifying handi horien sarbide berbera gizarte-bizitzan: ez unitate politiko beregainaren esparru osoan, ez beren hiztun-herrialde tradizionalean eta ez, hainbatetan, egungo beren gizarte hurbil egunerokoaren esparruetan ere. Hizkuntza apalago horiek ez dute alegia, ohiko mintzajardunean, bertako gizarte-bizitzaren erabilera-esparru edo jardungune guztietarako sarbiderik: ez nagusitasunezko, are gutxiago lehiakiderik gabeko, sarbiderik. Hizkuntza horiek ez dira gizarte horietako jardungune guztien espektro osora iristen. Hizkuntzen L funtzioetan (etxean eta familian, lagunarte hurbilean eta eguneroko auzo- edo herri-bizitza arruntean) gutxi-asko sustraiturik egon ohi dira hizkuntza horiek. Hortik gorako (hots, H moduko) funtzioetan jardun ahal izateko eragozpen nabarmenak izan ohi dituzte ordea: debeku espresuak edo de factozkoak ere bai, inoiz. Esfera ekonoteknikoan, luze-zabaleko aisialdian, pop-kultura transetnizatuan eta instantzia politiko-operatiboetan sortzen eta barreiatzen den produkzio idatzian inon baino argiago ikusten da, agian, traba-debeku eta ezintasun-muga horien eragina.

Gatozen, berriro, adibide xume batzuetara: zenbat hizkuntzatan banatzen dira Europan, eta are mundu zabalean, etxeko elektro-tresnen, bideo-aparatuen eta argazki-kameren instrukzio teknikoak? Zenbat hizkuntzatara itzultzen eta egokitzen dira PCetako softwareak? Medikamentuak administratzeko indikazio teknikoak zenbat hizkuntzatan suministratzen dira? Zenbat hizkuntzatan idatziak agertzen dira aireportuetako abisuak? Zenbat hizkuntzatan argitaratzen da, eta ofizialtasun-indarrez bermatzen, legislazio internazionala? Zenbat hizkuntzatan hezur-mamitzen dira han-hemengo zinemaldiak? Zenbat hizkuntzatan jarduten da ONUren, Europako Batasunaren eta OPEPen bileretan? Zenbat hizkuntzatan banatzen dira, azkenik, hain etxekoak bihurtu zaizkigun bidai agentzien informazio-orriak eta prospektuak? “Bost mila” horietatik zenbatetan? Bostehun hizkuntzatan seguru ezetz. Ehunean ba ote? Duda egiten dut: beti-beti behintzat, ezetz esango nuke. Eta beste 4.900ak?

Gizarte-bizitza moderno, hiritar, postindustrial, globalzale konplexu honi dagozkion jardun-esparru eta harreman-sare guztietan edo gehien-gehienetan ateak aldenik alde zabalik dituzten hizkuntzak oso gutxi dira berez: dudarik gabe ingelesa da guztien buru, une honetan. Beste dozena batera iritsiko dira, hor nonbait, horren hurrena datozenak (37). Horien ondoren datozen hizkuntza gehienek lanak dituzte, beren agregatu etnokulturalak beregaintasun politikoaz horniturik egonik ere, jardun-esparru eta harreman-sare guztietan edo gehien-gehienetan nagusi agertzeko. Norvegian eta Holandan, Filipinetan edo Finlandian, adibidez, ez da hain gauza normala telebistaz eskaintzen diren filme guztiak beren hizkuntzan emititzea edota unibertsitateko goren mailako ikasbide guztiak (zer esanik ez zientzi aldizkariak eta ikerketa-gaiak) nork bere hizkuntzaz bideratzea. Erabilera-esparru eta harreman-sare batzuetan goragoko, LWC mailako, hizkuntzarik ere etxekotua daukate, gutxi-asko, bigarren multzoko hiztun-elkarte horiek. Eta kezka sortzen die horrek, etorkizunera begira: behin zirrikitua zabalduz gero, ura ez ote zaien zorrotada bizian sartuko. Kezka-modu horiek gora-behera, muga-hesi politikoz edo soziokulturalez babesturiko hizkuntzen osasun-egoera eta hortik beherakoena, gurea tarteko, arras bestelakoak dira. Norvegiera edo suomiera, islandiera edo txekiera gogoan ditugularik, eguneroko gizarte-bizitza garatuari dagozkion esparru eta harreman gehienak (arruntenak, egunerokoenak eta, horrenbestez, luze-zabalenak eta belaunaldi berrien sozializazioan eraginen sendoena dutenak) beren hizkuntzaz egiteko aparteko nekerik ez dute horiek; ez, behintzat, beren artean ari direnean. Etxea eta familia, kalea eta auzoa, eta horrenbestez eguneroko herri-bizitza arrunta, nork bere bertako hizkuntzan antolaturik dute nagusiki. Nagusiki (eta are, zenbaitetan, oso nagusiki) bai, baina erabat ez. Guztiok konturatzen gara (joan eta ikustea aski baita) teknologia berriak eta luze-zabaleko merkataritza, pop-musika eta gazte-gaztetxoen kontsumo-kultura gero eta ingelesaren edo alboko Big Brother hizkuntzaren baten mendeago daukatela. Nolanahi ere, eta berriro gurera itzuliz, bigarren multzo horretan ez dago threatened language-rik, ez dago ahuldutako hizkuntzarik. Fishman (1991:356) batek esango lukeenez “National languages, even small national languages, are substantially protected by political boundaries and by social boundaries and social institutions that are politically protected. These help separate populations into insiders and outsiders and they define the cultural desiderata - including language - which are required for inside membership”.

Horien ondoren datoz, azkenik, munduko hizkuntza gehienak. Hirugarren eta laugarren hizkuntza-multzo bereziak egin ahal izango genituzke berauen artean. Nolabaiteko ofizialtasun-maila bat, eta horren eskutik datorkien institutional support delakoa, eskuraturik duten eta eskola bidezko transmisio intergenerazionala segurtatzen laguntzeko neurri ohargarriak beren kontrolpean dituzten hiztun-elkarteak sar ditzakegu hirugarren multzo horretan. Hor sartu beharko genuke, EAEri dagokionez bereziki, euskara gurea. Hirugarren multzo horretako hiztun-herrien artean ez gaude, inola ere, azken muturrean. Azken mende-herenean burua jasotzen gehientsuen saiatu direnen artean gaude, aitzitik, inon egotekotan. Hartara ere iristen ez direnak (munduko hizkuntza gehienak, dudarik gabe) laugarren multzoan kokatu beharko lirateke, azkenik. Sailkapen eta azpisailkapen xeheagoak egin daitezkeelarik ere, gauza bat dute hirugarren eta laugarren multzoko hizkuntza (hots, hizkuntza horietaz baliatzen diren etnokultura) gehienek amankomunean: eguneroko gizarte-bizitzaren joan-etorri arruntak ere ezin dituztela beren kabuz eta beren etnohizkuntza hutsez osorik bideratu. Hemen eta orain, euskaldunok geu gara, argi eta garbi, egoera mugatuko rol- eta mintzaera-bildumen korrespondentzia horren arabera jokatu behar izaten dugunak. Eta hori zergatik? Motibo askorengatik, dudarik gabe. Honako bi hauengatik bai behintzat, besteak beste: a) beren soziokulturazko muga-hesiei eutsi ezinik ari direlako; b) erdal soziokulturarekiko harreman-tratua mendekotasun-molde jakinera (soziologiaren dependency interaction delakora) makurtua daukatelako. Ikus ditzagun elementu biok, Fishman lagun, halako xehetasun batez.

a) Muga-hesiei eutsi ezina. Hirugarren eta laugarren multzoko hiztun-herriok political boundary edo politikazko muga-hesirik ez dute beren esku, normalean (38). Beren etnokulturari (eta, horren barruan, beren herri-hizkuntzari) ahalik eta osoen eutsi ahal izateko, hortaz, bestelako indargarrien bila jardun ohi dute. Bere baitara bildurik dituen estatu-nazioak aski babes instituzional ohargarria eskaintzen die, batzuetan, hiztun-herri hauei: Finlandiako minoria mediarrak, esate baterako, ia mende osoz eutsi dio babes-laguntza horri. Beste askoren kasuan, aldiz, gutxienezko babes ofizialik ere ez da izaten: ez, behintzat, hitzez eta egitez. Babes horrekin edo hori gabe, hiztun-herriok beren sociocultural boundary tradizionala indarrean mantentzen saiatzen dira. Transetnizazio-prozesua aski aurreraturik dagoen kasuetan eta indarrean zer mantendu handirik gelditzen ez zaienetan, gizarte-molde berriak hartaraturik lehengoari bere hartan eutsi baino gehiago sociocultural boundary eguneratu edo zaharberritu bat osatu eta zurkaiztu nahi izaten dute. Hil ala biziko lana dute hiztun-herri gehienok, delako boundary edo muga-hesi hori lortzearena. Horretan ez dago engainurik. Soziokulturazko muga-hesi horiek indarrean mantentzeko gai diren neurrian, eta ez gehiago, izango dira beren herri-hizkuntza hori ama-hizkuntza moduan belaunez belaun transmititzeko gai. Muga-hesi guztiek, politikoek zein soziokulturalek, hiztun-taldeak (neurri batean, ez noski osorik) aparte mantentzeko gaitasuna baitakarte berekin: “Boundaries, political or ethnocultural, imply separation of populations, the control of boundary crossing, the regulation of imports, the definition of desirable and undesirable cross-boundary relations” (Fishman, 1991:356). Muga-hesi horien (gutxienez bigarrenaren) kontrol-galtzeak ondorio zuzena ekarri ohi du, normalean, hizkuntza horren eguneroko esparru arruntetako erabileran (erabilera-galeran alegia) eta, ondoriobidez, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipenean (hots, jarraipen-galeran).

b) Dependency interaction delako moldera makurtzearen eragina. Muga-hesiak ez du, goian esan denez, politikoa izan beharrik: aski da soziokulturala izatea (39). Baldintza batekin, hori bai: soziokulturazko muga-hesiari zutik eutsi behar zaio. Erdal soziokultura nagusiarekiko harreman-tratuen zer-nolakoan eta zenbatekoan zeresan zuzena izan behar du etnolinguistikazko esfera txikiak, bere gizarte-bizitzaren zenbait jardun-esparru eta harreman-sare jakinaren gaineko gizarte-adostasunez eta onarpen argiaz bere kontrolpean gorde ahal izateko. Kontrolpean izateak, ondo uler bedi, ez du inola ere esan nahi soziokultura txikiak Big Brother nagusiarekin harremanik izan behar ez duenik, harreman horiek edonolakoak eta mugagabeak ezin izan daitezkeela baizik. Harreman-bide horiek ezin litezke edonolakoak eta mugagabeak izan, hizkuntza bien elkarbizitza egonkorra eskuratu nahi bada eta hizkuntza txikiaren bizi-iraupena segurtatu nahi bada. Zenbait harreman-tratuk, soziologoek dependency interaction diotenak bereziki, mugagabeko formulazioetara eraman ohi du berez eta, azken baten, social reward system arras desorekatura. Eta hortxe dago koska: zehaztugabeko eta hiztun-herri txikiaren kontrolpetik ateratako zenbait harreman-tratuk mendekotasun-moldera, social dependency interaction modukora, pasatzeko arrisku bizia duela. Arrisku hori are biziagoa da, gainera, gurea bezalako ingurumen modernizatuan txertaturik dauden entitate etnokulturaletan. Hots, dependency-molde horrek hiztun-herri txikiaren belaunez belauneko jarraitasun etnokulturala ahuldu, gesaldu eta deuseztera jo ohi duela. Aurrerago itzuliko gara dependency interaction delakora, social reward system delakoaz jarduterakoan.

Nolanahi ere, eta honekin amaituko dugu oraingoz puntu honi dagokion azalpena, bistan dago hizkuntza baten osasun-mailarekin zerikusi zuzena duela soziokulturazko dimentsio horrek. Hizkuntzak galtzen (hiztun-herriak desegiten) direnean galera hori ez da, ezinbestean, hiztun-kopuruz txikiak direlako edota hiztun horiek zabalagoko “erdal itsasoan” barreiaturik daudelako gertatzen. Demolinguistikazko baldintzapen hori bezain funtsezkoa izaten da, askotan, hizkuntza jakin batek bere hiztun-taldearen espazio soziofuntzionaleko erabilera-esparru eta harreman-sare jakinak estaltzeko daukan aukera, gogoa eta, aipatu berri dugunez, indarra.

II. 3. Bestelako azalpen-bideak.

Hizkuntzen arteko osasun-diferentziak ez dira, nolanahi ere, faktore demolinguistiko eta soziofuntzionaletara mugatzen. Soziokulturazko muga-hesien kontrol kontuan (edo kontrol horren galeran) beste faktore asko ere kontuan hartzekoak dira. Hizkuntza bakoitzak duen prestijioa, barneko hiztunentzat zein kanpokoentzat, garrantzitsua da esate baterako. Orobat hizkuntza bakoitzaren literatur ondarea eta bere corpus-lanketa: ortografiazko batasuna (eredu standard baten finkapen lexiko-terminologikoa, fonetikoa eta gramatikala) eta erabilera-modu desberdinetarako estilo-lanketa, sormena eta zabalkunde-indarra: horiek ere faktore eragingarriak dira. Faktore soziohistorikoak, ekonoteknikoak eta politiko-operatiboak aurre-aurrean egon ohi dira, bestalde, gizarte-molde hiritar modernizatuetan. Bertako etnokulturaren lagungarrizko indar-biltze soziopolitikoak ere tradizio luzea du batean zein bestean. Katalanok eta euskaldunok Espainiako herrialde gehienak baino aurrerago, garatuago, ibili izan gara ehun bat urtez. Horrek guztiak ere bere eragina izan du, dudarik gabe, etnokultura txiki-handien arteko nondik norakoan. Aurreko atalean zerbait hitz egin dugu, zeharka bada ere, horretaz: botere-faktoreak ezin dira, horrelakoetan, alde batera utzi. Guztion bistan dago ahuldutako hizkuntzek (hiztun-elkarteek) beraiek baino askoz indartsuago diren prozedura ekonoteknikoei, soziokulturalei eta (askotan baina ez beti: cf. herrialde baltikoak) politiko-operatiboei aurre egin behar izaten dietela. Desoreka horiek hor daudela eta normalean hor egongo direla jakinik jokatu behar izaten dute hirugarren eta laugarren multzoko hizkuntzek, nola-halako modus vivendi batean bederen bizirik jarraitu ahal izateko. Eta horretarako, jakina, eskura dezaketen babes-oinarri instituzionala eskuratzen eta zuhurki erabiltzen asmatu behar dute.

Gurea bezalako hizkuntza txiki, demografiaz eta funtzio-indarrez ahulduetan oso kontuan hartzekoa da, besteak beste, bertako gizajendearen herri-gogoa: batez ere arbasoen hizkuntza bizirik gorde edo biziberritu nahia. Azken jokaera honi, bizirik gordetzeari bereziki, language loyalty deitu zion U. Weinreichek (1953:99), lehendik emana zegoen izendapenari garbizaletasunaren puntua erantsiz, eta geroztik azterlan sendoen elementu nagusi bihurturik dugu: 1965eko Language Loyalty in the United States ez da, azken batean, azterpide horri zabalkunde ozena emandako ikerketa sakona baizik. Arbasoengandik datorkigun katea erabat ez dela eten jakitea eta, ondo jakinaren gainean, kate horri kosta ahala kosta bizirik eusten saiatzea, hitzez eta egitez: horixe da language loyalty, abertzaletasun politiko-operatiboekin nahastu behar ez dena. Elkarren eskutik etor daitezke biak, jakina, baina hori ez da ezinbestekoa. Gure artean ikus, adibidez, Urkixoren lekukotasuna. Funtsezko elementua da hori ere, ahuldutako hizkuntza indarberrituko bada. “Hitzez labur eta egitez jori” izatearen aspaldiko fama dugun euskaldunok egia da, joan den bi mende luzean, etengabeko saioan dihardugula gu izaten jarraitu nahi horretan. Gu izate hori, lehenik eta behin, seme-alabei eskuratzen saiatu izan gara. Saio-ahalegin hori herri-izateari dagozkion aiheka gehienetan egin izan da normalean: sinesmen eta balore, iritzi eta uste, poz-irrika eta beldurretan, ez hizkuntza kontuan bakarrik. Transmisio soziokultural hori baterabildurik etorri izan da mintzairaz eta uste-sinesmenez, jarreraz eta jokamoldez : hots, etnizitate-moldaera zabal-sakonean. Beranduago agertu izan dira, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, jokamolde horren formulazio modernizatuak, plano politiko-operatiboan luze-zabaleko abertzaletasuna plazaratu izan dutenak. Herri-gogo horren atal garrantzitsua da, noski, hizkuntzazko euskaltzaletasuna. Hots, gure hizkuntza babestu eta sendotu, osatu eta txukundu, zabaldu eta indarberritzera bultzatzen gaituen talde-jokaera. Ez gara bakarrak munduan, gizarte-aldaketa onartuz gu izatearen (funtsean gu izaten jarraitzearen) aldeko apustua eginik dugunak.

Horrek guztiak gauza bat dakar berekin: “hizkuntza guztiak berdinak dira” aldarrikatu ohi dugunok batere atsegin ez dugun gauza, hain zuzen. Hizkuntzak, izan, oso desberdinak dira beraien utilidade sozialari dagokionez eta, horren eskutik, oso desberdinak dira beren gizarte-botereaz, beren baitako indarraz. Hizkuntzen statusa diferentea da, alegia, batetik bestera. Hizkuntza guztien berdintasuna badakigu gainera, jakin, bere esanahi sakon-zabalenean praktikara ezin eramana dela: ezin hasiko gara Europako aireportu internazional guztietako informazio-panelak munduko 5.000 hizkuntzatara (edota, soil-soilik, Europako hizkuntza guztietara) itzuli behar direla aldarrikatzen, “berdinak direnez eskubide berbera zor zaielako”. Hizkuntzen arteko desberdintasuna onartzeak ez gaitu gainera ahultzen, zuhurrago eta aztiago bihurtzen baizik. Bai bada: hizkuntza guztiak indar berekoak balira ez geneukake hizkuntza ahulez eta, are, herio-bidean dauden hizkuntzez hitz egin beharrik. Ez eta hizkuntza ahulei berariazko babes-neurriak zor zaizkiela argudiatzerik (40). Egia da minbizia duen eriaren aurrean ez dela hitz-erdirik ere minbiziaz eta bere ondorioaz egin nahi izaten. Horregatik ote da guk ere hain gutxi hitz egiten dugula hizkuntzen utilidade sozial diferentzialaz eta horrek berez dakartzan gizarte-botere, ordainsari- eta zigorbide-sistema desberdinez? Baliteke hala izatea. Eguneroko jardunean hiritar arruntek isilik gordetzen dituzten osasun-diagnostiko atsekabeak eta are fatalak oso erne eta arduratsu aztertzen dituzte ordea medikuek, bai baitakite sendabideen garapena gaitzaren ulermen ahalik eta sakonenetik etorri ohi dela normalean. Badakigu jakin diagnostikoak ez duela, berez eta bere baitarik, sendaindar erabatekorik izaten. Arras lagungarri izan ohi da ordea, gehienetan, terapia egokia garatu ahal izateko.

Honainokoan posible da gorputzeko osasun-gaixotasunen eta hizkuntzazkoen artean konparazioak egitea. Ez hori bakarrik: hizkuntz soziologiaren ibilbidean oso maiz egin izan dira, eta halaxe egiten dira gaur ere, hizkuntzaren eta gorputzaren arteko analogia horiek. Hor bukatzen dira ordea, gehienetan, balio-indar sendoko konparazioak. Hortik aurrera, antzekotasunak baino errazago aurkituko ditugu terapeutikazko interbentzio-eredu sanitarioen eta linguistikoen artean bereizgarrizko ñabardurak eta ezin gaindituzko diferentziak. Hona, besteak beste, eredu bien arteko bereizgarri nabarmen bat: hizkuntzek ez dute, giza gorputzak bai ordea, gehienezko bizi-itxaropen estatistiko finkorik. Hizkuntzak ez dira hiltzen zaharrak direlako (“eta, badakizu, guztiok ere joan beharra daukagu mundu honetatik”). Hizkuntzen kasuan ezin esan liteke hizkuntza baten gehienezko bizi-itxaropena 100, 500 edo 1000 urtekoa denik. Zahar izatea ez da hizkuntzen kasuan, ezinbestean, herio-arrisku.

Bada, bestalde, osasun-eredu horri zuku handiagorik atera ezin izateko gehigarrizko motiboa: herri-jakituriaren ezaguera-maila, hizkuntzen gaixotasuna diagnostikatzeko orduan eta erremedio baliagarririk gomendatzerakoan, aski apala izan ohi da gehienetan. Apala eta, behin eta berriro ikustea suertatzen zaigunez, aurreko hiztunen (batez ere aitona-amonen eta haien aurrekoen) esperientzien, eskarmentuen eta emaitzen oroimen zehatz argirik gabea. Mintzaldatzearen baitako hirugarren belaunaldia osatzen duen jendeak badaki, hainbatean, bere aitona-amonek euskaraz egiten zutela (dutela) etxean, baina gurasoek ez dutela (zutela) egiten. Gurasoek erdaraz egin izan diete umetatik eta horrexegatik dira beraiek erdaldun. Jendea (familia osoak, auzo osoa, herrialde osoa) aitona-amonen euskarazko mintzajardunetik gurasoen erdarazkora zerk eraman duen galdetzen badiezu, ordea, nekez erantzun sendorik, jeneralizazio-indar zabalekorik eskuratuko duzu. “Francoren garaiko debekuagatik” esango dizu batek. Hizkuntzen bizia aginte-molde (eta, are, agintari) jakin baten baitan ikusteko joera aski hedatua dago herritar xeheen artean. Ez motiborik gabe: beren hizkuntza ahulari egindako erasoak eta eragindako mehatxuak ez dira berehalakoan ahazten. Euskararen ibilbide historikoaren berri duenak badaki, ordea, euskararen atzerakadak hori baino iturburu gehiago dituela, eta horietariko batzuk ondotxoz lehenagotik lanean hasiak direla: ipar Euskal herrian ez dute Francorik izan, baina azken hirurogei urtean hizkuntzak atzerakada nabarmenagoa izan du haien artean, oro har, hegoaldean baino. Guztiek ez dute, halere, agintezko debekuaren kontua aipatzen. Gero eta gutxiago dira, izan ere, 1940tik 1960-70era arteko gertaera haien bizi-eskarmentu zuzena dutenak. Gerraoste luzeko debeku-kontuak alde batera utzita beste esplikazio-modu hau eskainiko dizu zenbaitek: “Oraingo gazteek erdaraz nahiago dutelako” ari da euskara galtzen. Egiaren zati on bat esaten ari da, noski, hori edo horren antzekorik dioena. Language shift edo mintzaldatzearen sustraian belaun batetik hurrengorako erabilpen-galera egon ohi da sarri, izan ere. Egiaren zati horrek barrenagoko beste egi zatia estaltzen du ordea: hizkuntza honetaz edo hartaz baliatzeko erabakia ez dagoela, bere osoan hartuta, mintzaira batari eta besteari gizarte horrek atxikiak dizkion ordainsari-sistemetatik at. Horrelako hautapen librerik ez dela hortaz giza arteko mintzajardun zabalean gertatzen. Norberaren gogo-kontu hutsa balitz logroñoar guztiek ez lukete gaztelaniaz egingo, Bordelen jaiotzen direnek frantsesez eta Milanokoek italianoz. Halaxe egiten dute ordea. Herri-jakituriaren irispide-muga gertaera fenotipikoen konstrikzio genotipikoak antzeman ezinak berez dakarrena nabarmena da benetan. Hirugarren batek, azkenik, agintezko debekura edo hautapen librearen patura eramaten gaituzten azalpenez haraindiko esplikazioa eskainiko digu. Oso esplikazio ezaguna, joera eta jarrera guztietako euskaltzaleen artean aski zabaldua. Hirugarren esplikazio-bide horrek, euskara zergatik galdu den edo galtzen ari den galdetzen diozunean, “eskolagatik” (izan) dela esango dizu. Eta nola esango diozu ezetz: begien bistako kontua da, hemen eta beste hainbat herrialdetan, bi mende luzez hor nonbait elkarren etsai izan direla eskola eta lekuan lekuko hizkuntzak (eta, bide batez, dialekto-aldaerak eta gainerako hizkera-molde informalak). Esan dezagun argiago: eskolak, jakinaren gainean eta aparteko arretaz, hiztun-herri txikietako gazte-jendea beren hizkeratxo horietatik state-building, unifying language nagusira mintzaldatzeko erabili dira kasuan kasuko aginte-esparrutik. Hori guztia ad nauseam dokumentaturik dago aspaldidanik, hemen eta atzerrian, eta ez du merezi luzamendu handiegitan sartzerik. Argitu nahi duguna, aldiz, zera da: ezin ukatuzko egia horren izenean ezin defendituzko sinplifikazio kausabakarra bultzatzen ari garela. Oraindik ere lasai-lasai esaten jarraitzen dugu, euskara han-hemen galdu bazen edo galtzen ari bada maisu-maistra euskaletsai edo erdaltzaleengatik (izan) dela. Hori ez da ordea, osorik eta erabat, horrela. Eskola ez da, normalean, hiztun-herri osoaren mintzaldatze-iturri bakar izaten; nagusi izan litekeenik ere, ebidentzia enpirikoari bagagozkio, ez dago batere garbi. Euskararen galera ere ez da, hortaz, eskola-kontua izan. Ez orain, edo orain dela gutxi; eta ez, dakigun neurrian, lehen. Dudarik lukeenak atera beza kontu: orain dela berrehun eta berrogeita hamar urte, epe-garai jakinetara biltzearren, erdal maisuen eta eskola-giroko euskara-debekuaren kontua oso antzekoa zen Azpeitian eta Aoitzen, Ondarroan eta Gopegin. Zergatik batean (Azpeiti-Ondarroetan) bizirik gorde da euskara eta bestean (Aoitz-Gopegietan) aspaldidanik hilik dago, guztiek gaixotasun bakarra eta gaixotasun berbera izan baldin badute? Eta ez hori bakarrik: gauzak hain errazak balira (erdaraz tutik ez zekiten umeei euskara ahaztuaraztea hain erraza gertatu baldin bazen orduko irakasle bakar batentzat), nolatan oraingo irakasle euskaldun saiatuek (lehen bakarra zegoen lekuan orain hiruzpalau daudelarik) ezin dute lortu ume erdaldunak zeharo euskaldundu eta herrialde erdaldunduetan gazte-jendeak nagusiki euskaraz egitea? Are gehiago: zergatik irakasle euskaltzale saiatu hauek ezin garantiza dezakete itxuraz hori baino mila bider errazagoa den helburua: etxetik euskaraz (edo bietara) dakiten neska-mutilek, 16 edo 18 urte arte D eredu hutsean ibili ondoren, beren artean bederen euskaraz egin dezaten? Jakin bai baitakigu, hori ere segurtatu ezinik ari garela hainbat eta hainbat kasutan. Herri-jakituria motza da, oso, hizkuntzen gaixotasun-kontuan eta, batez ere, gaixotasun hori sendatzeko neurriak proposatzerakoan. Gauzak sinplifikatzera jo ohi du: bilakaera demografiko, ekonotekniko, soziokultural eta politiko-operatibo aski bihurrien ondoriozko gertaera (kasu honetan, luze-zabaleko mintzaldaketa) faktore mugatu, soil jakin bakar baten argitan esplikatzera. Sinplifikazio nabarmen horietatik ez dago, gehienetan, atarramentu onik ateratzerik. Euskalgintzaren esparruan dihardugunok badugu beraz garaia, obligazioa ere bai nire ustez, kontu hauei beste maila jasoagoan, informatuago eta objektiboago heltzeko.

III. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea?

Esana dugu txostenaren hasieran, terminologi aldetik bertatik hasita aniztasun zabala dagoela, indarberritzea dela-eta. Ez euskaraz bakarrik: gaztelaniaz ere revitalización, recuperación, normalización,… lingüística hor daude egon, alternatiba gehiagoren lekuko. Ingelesez beste horrenbeste: language revival, survival, revitalization eta reversing language shift, besteak beste, hor daude elkarren ondoan. Dispertsio hori ez da, gainera, terminologikoa bakarrik. Azalaz gainera mamia bera ere eztabaidagai izan ohi da sarri. Osin sakonean murgiltzeko arriskua dugu hortaz, kontuz ez bagabiltza, indarberritzearen kontzeptuarekin. Kontzeptuarekin edo, argiago esateko, kontzeptu horren oinarrian dauden ikuspegi akademiko eta ideologiko desberdinekin. Ikuspegi ideologikoei dagokienez aspaldikoak dira, azal batez edo bestez estalirik, indarberritze-saioen aldeko eta kontrako argudio-bideak. Landuago (hots, esparru unibertsitario, akademiko-formaletan sistematizatuago eta zientzi urinez gozatuago) agertu ohi dira normalean normalkuntza-saio horien kontrako planteamenduak, aldekoak baino. Gogora ditzagun erreparo horietariko zenbait. Jakina da XIX. mendetik hona, aurrekoen esan-eginak hor daudelarik ere, gaitzespen gordina leporatu izan zaiela hizkuntza infraestatalei (denei ez bada ere batzuei bai behintzat, eta horien tartean euskarari): ez direla gai, bizitza modernorako. Gure kasu konkretuan zera argudiatu izan da: fisikoki (berezko ezintasun estrukturalengatik alegia) ezinezkoa zela/dela gizarte hiritar-industrial berria euskaraz agertzea, adieraztea eta antolatzea. Ameskaizto hutsa omen da herriko jende xeheak ukuiluan eta supazterrean zerabilen hizkera xelebre hartatik noranahiko hizkuntza, azal oriztaren pean muin betirakoa lukeena eratzea. Ezagunak dira, egungo egunean ere, Unamunok orain dela ehun urte euskararen “berezko ezintasunez” esandakoak. Unamuno ez zen, dena den, ikuspegi horren bozeramaile lehena izan, gaitzesle-edo detraktore-sail luze baten katebegi jakina baizik. Azkena ere ez zen izan, ongi ezaguna denez: oraindik ere entzuten dira, han-hemen, bere gogoeta-bidearen oihartzun-atalak. Isildu dira halere, hainbatean behintzat, behinolako kontraargudio esentzialista horiek. Bestelako gaitzespenek hartu diete han-hemen, azken urteotan bereziki, aurrea. Badakizue, jakin, egungo egunean zeintzuk diren usuenik plazaratzen direnak: gizarte-uren berezko ibilbidearen (hots, modernizazioaren eta bere bidezko gizarte aurrerakoi, osabetezkoaren) kontrako saioa dela euskaltzaletasuna eta, oro har, han-hemengo hizkuntza txiki ahulak indarberritu nahia; berez bestelako asmorik badu ere liskarra eta zalaparta, mutur-jotzea eta herio-arriskua dakarrela, aldez edo moldez, besapean; herriko (hiztun-herri horretako) jende xehea ezjakintasunean eta miserian mantentzeko (hartara kondenatzeko) bidea dela hori; gizabanakoaren beregaintasun-eskubideak murriztera eta zapuztera datorrela, eta abar. Ez da hau, noski, argudio horien bilduma eta azterketa pausatua egiteko lekua. Bistan da, ordea, euskaltzaleok eskaini ohi diegun baino ondotxoz atentzio handiagoa zor diegula ikuspegi horiei guztiei. Gehiago esango nuke: ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko formulazio teoria-itxurazkorik ezin osa liteke, erreparo horiek banan-banan aztertu eta beren baitan dituzten balio-elementu objektiboak bestelako hipoteka nabarmen edo izkutuagokoetarik ongi bereizten saiatu gabe.

Gatozen, ordea, gaurko gaiaren mamira. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea? Fishmanen esanetan, hizkuntza indarberritzea (euskaraz HINBE, ingelesez RLS edo reversing language shift) hizkuntzazko plangintza-modu bat da. Eta, beraz, hizkuntz plangintzaren hainbat definizio eta ezaugarri asko aski egokiak gerta daitezke HINBErentzat ere(41). Ondoko hau, adibidez: “Status planning seeks to allocate societal resources in such ways as to foster the use of a language in more (and in more important) societal functions among larger and larger numbers (and proportions) of individuals” (Fishman 1991: 338). Gurera ekarriz, hortaz, honelako zerbait genuke hizkuntz plangintza oro har, eta HINBE saioa bereziki: ahuldutako hizkuntza hori gero eta funtzio-esparru gehiagotan (eta garrantzitsuagoetan) erabiltzeko, eta gero eta hiztun gehiagoren ezpain-lumetara hedatzeko, gizarteak bere esku dituen baliabideak erabiltzea. Gizartearen baliabide horiek zein diren ez da hemen justu-justu esaten. Beste hainbat azalpenetatik badakigu ordea, jakin, giza baliabideak, dirubideak, baliabide materialak eta antolamenduzkoak, legezko eta agintezko erabakimenak direla, nagusiki, kontuan hartu ohi direnak. Honela esanda, indarberritze-saioa gorago ikusi dugun ahultze-prozeduraren alderantzizkoa-edo da. Gainbehera zetorren hizkuntza (hots, partez edo osoz hizkuntza hori erabiltzen zuen konstelazio etnokulturala bere autorregulazio-ahalmenean jasaten ari zen galera) gorabidean jartzea. Noraino, ordea, gora? Zein funtzio-esparrutaraino zabaldu behar da hizkuntz plangintza hori, eta zer hiztun-multzotaraino hedatuarazi, benetako indarberritzeaz hitz egin ahal izateko? Erantzuna, erantzun objektibo sendoa, nekez bilatuko diozu galdera soil horri. Itxurazko erantzuna eman nahi duen edonork, aldiz, “segun” esanaz hasi beharko du. Segun osasun-egoera normalaren listoia non jartzen dugun, halakoa izango da indarberritze horren intentsitatea ere. Espazio soziofuntzional osoa eskuratu nahi duen saioarentzat, indarberritze hitzak esanahi sendoagoa izango du hizkuntzari bere ohiko erabilera-esparru barrenkoi-intimoak segurtatu nahi dizkion diglosia egonkorraren aldeko apustuak baino. Espazio soziofuntzionalarekin bezala gertatzen da demolinguistiko eta geolinguistikoarekin ere. Gauza bat da euskarari gaur oraindik egiten den eskualdeetan (eta, haietan ere, euskaraz jardun ohi dutenen artean) bizirik eutsi nahi izatea, eta bestea behinolako Euskal Herriak biltzen zituen eskualde guztietara (eta eskualde horietako bizilagun guztiengana) bere berreuskalduntze-lana hedatu nahi izatea. Segun jomuga non jartzen den (eta hori ez da zientzi kontua noski), halakoa izango da indarberritzearen zer-nolakoa eta norainokoa ere.

Garbi dago, hortaz, indarberritze hitzarekin oso gauza diferenteak esan ditzakegula. Diferentzia horiek kontuan izanik, eta aplikazio posibleen nondik norakoa argitzeko asmoz, oinarrizko bi azepzio hartuko ditugu hemen kontuan: indarberritzearen gutxienezko esanahia batetik, eta osabetezkoa bestetik. Tarte-bitartean, jakina, erdibideko konbinazio-aukera ugari egon liteke.

III. 1. Indarberritzearen gutxienezko esanahia.

Ikuspegi honen arabera, ahuldutako hizkuntza indarberritzeak zera esan nahi du: hizkuntza horrek egungo hiztun-taldeetan bizirik jarrai dezan lortzea edota, jarraipen-bide hori eten egin bada, hizkuntza hori berriro ere belaunez belaun ama-hizkuntza gisa transmiti dadin segurtatzea. Soziologo askorentzat, hortxe dago gakoa: ez hortik gorako beste helburuak okerrak edo kaltegarriak iruditzen zaizkielako berez, hizkuntza txikien hil ala biziko apustua justu-justu plaza horretan jokatzen dela uste dutelako baizik. Gurera ekarriz, hona zer dioten: “Gure seme-alabek etxean euskara ikasi eta familian, lagunartean, auzo-giro hurbilean euskaraz (nagusiki euskaraz) egin dezaten lortzen badugu, eskola eta beste zenbait gizarte-erakunde lagun dutelarik, beste hogeita bost bat urteko arnasaldia eman diogu hizkuntzari. Eta bitartean, jakina, hainbat itokin eta hainbat aberia konpontzeko tartea (gure helduaro aktiboa) daukagu”. Hori da funtsean Fishmanen helburu nagusia, bakarra ez bada ere, aurrerago ikusiko dugunez (Fishman 1991, 2001). Ez Fishmanena bakarrik, ordea. Ikus dezagun, adibidez, Spolsky-k (Spolsky eta Shohamy, 2001: 35) bere revitalisation edo indarberritzea nola definitzen duen: “My preference for revitalisation highlights rather the critical importance of restoring vitality or normal intergenerational transmission of the language as a mother tongue”. Hori da hiztun-elkarte edo hiztun-talde batek lortu behar duen gutxien-gutxienezkoa, bere hizkuntza hori gal ez dadin. Horretarako bide egokiena badakigu zein den: hiztun horien aurrez aurreko harreman-sareak (etxekoak, lagunartekoak, kale-giro hurbilekoak) hizkuntza horren bidez osatu eta mamitzea. Erabatekoa ezin izango bada ere, neurri bateko kontzentrazio demografikoa eskatzen du horrek. Babesgarriko arnasgunea eskaintzen dio horrek, espezialista guztiek ahobatez aitortzen dutenez, RLS edo HINBE-saio osoari. Hurbiltasun fisiko hori oso mesedegarria da, izan ere, ama-hizkuntzaren transmisio-lanean hain funtsezkoak diren aurrez aurreko harreman-sare horiek hizkuntza ahulaz bideratu ahal izateko. Kontzentrazio demografiko horrek erraztu egiten du, dudarik gabe, indarberritze-saioaren oinarri-oinarrizko helburua: etxean eta auzoan, lagunarte hurbilean eta kale-bizitza arruntean erabat edo nagusiki hizkuntza horretan egitea, jaiotzen diren haurrak hizkuntza horixe izan dezaten beren ama-hizkuntza, beren L1 naturala. Xenpelarrek, buruan besterik zuela noski, esango zukeenez, “jaioko dira berriak; gu gera euskal herriak”.

Ingurumen modernizatuetan (hots, gurea bezalakoetan) zaila da ordea, benetan, kontzentrazio demografiko horri eustea. Baserria eta herri txikia utziaz, kalera etorri da jendea, bizi izatera: Donostialde eta Bilboalde osoa, esate batera, nor bere Hinterlana euskaldunaren kontura etengabe hazten eta zabaltzen ari dira (42). Kontzentrazio demografikoaren aurkako joera da hori, funtsaren funtsean. Euskal arnasguneak urrituz, mehartuz eta besteren gero eta zerbitzariago bihurtuz doa hainbatean. Hirira etorritako euskaldun-jendeak, berriz, nekez ordura artekoa bezain harreman sare euskaldunik berregin dezake. Hiriburuko eta hiri-giroko hiztun gehienon harreman-sareak aski ugariak izan ohi dira, modernizazio-prozesuak berekin dakarren rol-errepertorioaren edo rol-sortaren zabaltzeak eta dibertsifikatzeak bultzaturik. Eta harreman-sare horietariko hainbatek, hizkuntza indartsuaren eta ahulduaren arteko botere-gradienteak hartaraturik, hizkuntza nagusi hori harreman-esparru barrenkoi-intimoenetan ere txertatu eta etxekotzera jo ohi du. Eta jakina: etxea eta familia, auzoa eta lagunarte hurbila hizkuntza nagusiak bereganatzen dituen neurrian oso zaila, praktikan ezinezkoa, bihurtzen da ama-hizkuntza ahuldu hori belaunaldi batetik hurrengora luze-zabal eskuratzea. Hortxe dago, beraz, gutxienezko indarberritze formulazioaren abantaila: zaurian jotzen duela bete-betean. Hizkuntza bizi guztien transmisio-bide nagusiaren muin-muinera apuntatzen duenez oso azalpide zorrotza da, ahuldutako hizkuntza indarberritzen ala areago ahultzen ari den analizatzeko: belaunez belauneko ama-hizkuntzaren transmisioa segurtatzen ez den kasuetan garbi dago hizkuntza hori ahulagotzen ari dela, ez indarberritzen. Aski ote da ordea etxea eta familia, auzoa eta lagunarte hurbila ahuldutako hizkuntzaren mende (osorik ezin bada ere neurri ohargarrian behintzat haren mende) izatea, belaunez belauneko jarraipena segurtatu ahal izateko? Posible al da hori, batez ere, gurea bezalako gizarte-molde modernizatu globalzale, supraetnikora bidean doazenetan? Hortxe ikusi ohi zaio formulazio honi, inon ikustekotan, bere muga-eragozpen nagusia. Aurrerago itzuliko gara, berriro, hain funtsezkoa den puntu horretara. Esan dezagun hemen, labur beharrez, horixe dela indarberritze-formulen gutxienezko adiera. Zabaltzea baino gehiago, dagoenari eutsi eta ahal den neurrian bizirik gordetzen saiatzea: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko katea eten ez dadin segurtatzea, horixe da funtsean, beti hala aitortzen ez bada ere, language loyalty kontzeptuarekin aski lotura estuan dagoen indarberritze-mota horren gutxien-gutxienezko helburua. Baita helburu nagusia ere, hainbatetan. Batzuentzat funtsezkoa (eta, beraz, lehenetsi beharreko helburua) den hori, ausardia edo anbizio-falta da beste zenbaitentzat.

III. 2. Indarberritzearen osabetezko esanahia.

Ikuspegi honen arabera, ahuldutako hizkuntza indarberritzeak zera esan nahi du: hizkuntza horri erabateko garapen demografiko eta soziofuntzionala eranstea. Hiritar guztiek hizkuntza hori (ere) erabil dezatela, gizarte-bizitzaren funtzio-esparru guztietan. Adibide grafikora itzuliz, gaztelania Logroñon bezala ibil dadila euskara gure artean. Eta hori ez Azpeitian eta Ondarroan, Baigorrin eta Leitzan bakarrik: baita Durangon eta Elizondon, Eibarren eta Donibane Lohizunen, eta are Bilbo moduko hiriburu ia zeharo erdaldunduetan ere.

Formulazio hau, dudarik gabe, aurrekoa baino begiluzeagoa, anbiziosoagoa da jomugaz. Ikuspegi honek ez du esaten euskararen (eta, oro har, ahuldutako edozein hizkuntzaren) belaunez belauneko jarraipena segurtatu behar denik. Kuestionatu ere ez du egiten hori, Logroñon kuestionatu ere egiten ez den bezala bertako familietan, auzo-bizitzan eta lagunarte hurbilean gaztelaniaz egiten jarraituko denik eta, horren ondorioz, jaiotzen (eta jaioko) diren logroñoar berriek ere gaztelania izango dutenik beren ama-hizkuntza. Egindakotzat ematen da hori: hori segurtatua dagoela onartuz, hortik gorako helburuak ezartzen dizkio bere buruari osabetezko indarberritze-saioak. Logroñon bezala, Bilbon eta Irurtzunen, Asteasun eta Hazparnen gizarte-bizitza osoa (43) etxeko hizkuntzaz mamitu nahi du indarberritzearen osabetezko formulazioak: Euskal herrian euskaraz, eta kitto!

Gutxienezko formulari ausardia falta aurpegiratu ohi zaion moduan, jakituria falta eta are itxutasun soziologikoa egotzi ohi zaio osabetezko formulari: duguna eta izatea nahi genukeena bereizten ez jakitea, hasteko. Begiz jotako berreskuratze-ekintzen bideragarritasun-azterketarik ez egitea, ondoren. Eta, batez ere, hizkuntza bizirik aterako bada lehentasunak zein diren argudiatu eta finkatzeko gaitasunik eza. Konkretuki, itsasontziari kubiertatik urik sar ez dakion lehia bizian saiatzen ari izatea ura, zorrotada betean, beheko bodegatik sartzen ari dela kontuan hartu gabe.

IV. Zer egin liteke, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko?

Konstruktu teoriko gutxiago, eta han-hemengo eredu konkretu gehixeago, azalduko dugu laugarren atal honetan. Alderdi praktikoak azpimarratu nahi dira, nolanahi ere, hemendik aurrerakoan. Aurretik argitzen saiatu garen kontzeptuak behar-beharrezkoak gertatuko zaizkigu, halere, aplikazio-lan horretarako.

Azken ehun urte luzean, saio ugari egin da han-hemen lekuan lekuko hizkuntzak (batez ere goi-mailako gizarte-esparruetan eta idatzizko jardunean erabateko debekua edo aski sarbide murritza zutenak) indartzeko, zabaltzeko, edertzeko edo osatzeko. Saio horiek oso diferenteak izan dira batetik bestera. Diferentzia horien iturri nagusiak, itxuraz, honako hauek izan dira: a) saio osoaren azken jomuga. Hots, hizkuntzarekin zer egin nahi izan den: bere erabilera gizarte-esparru berrietara zabaldu; idatzizko jardunerako hizkuntz eredu bateratua sortu; bere ohiko hitz-altxorra “garbitu”, erdaratiko maileguak eginahalean baztertuz,… edota, nola ez, hiztunik gabe gelditzen ari zen hizkuntzari hiztun berriak erantsi, eguneroko jardungune arruntetan bederen; b) saioaren egilea. Hots, indartze-edertze-zabaltze saio hori nork egin izan duen: hizkuntzalari jakitunen batek, hartarako sortua dagoen hizkuntz akademia edo elkargoren batek, hizkuntza txiki-ahulari hiztun gehiago edo jardungune berriak eskuratu nahi lizkioketen ekintza-elkarteek, erdi- edo goi-mailako herri-aginteek,…; c) lan-prozedura. Hots, eguneroko praktikan zer eta nola egin nahi den, hizkuntza jakinaren alde egin nahi den hori: aginte-indarrez, hiztunak elkarrenganatu eta presio-bide sendoak eratuz eta aplikatuz, pertsuasio moralez edo intelektualez, gizarte-indarrei “beren bidea” egin dezaten utziz,….

Indarberritze-saio batzuek arrakastatsu gertatu dira. Batez ere XIX. mendean abiatu zirenak eta aspalditxodanik estatu-aparatu beregainaz horniturik dauden hiztun-herrienak atera dira garaile: demagun txekoa eta hebraiera, hungaroa eta finlandiera. Irispidean dugun etorkizun hurbilera begira, nekez esan dezake inork “garaile” izendatu ditugun hizkuntza horiek galtzeko arriskuan daudenik: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena eta eguneroko bizimodu arruntaren jardungune gehienetako nagusitasuna aski segurtaturik daukate. Ez da egia, beraz, inoiz edo behin entzutea suertatzen den esaldi etsia: ahuldutako hizkuntza bat ezin dela bere onera ekarri, ezin dela indarberritu. Beranduegi dela horretarako. Goiko adibide horiek (Israelgo hebraierak, bereziki) argi erakusten digute ezintasun erabatekorik ez dagoela. Beti, behintzat, ez dela beranduegi. Hainbat hiztun-herrik lortu egin du, zinez, bere hizkuntza ahula indarberritzea. Ahuldutako hizkuntza indarberritzeko saio askok, gehienek seguruenik, ezin horrelakorik esan dezakete ordea: aurrera baino gehiago atzera egin dute saio ugari horiek edota, onenean ere, ikusteko dago zer ondorio aterako den azkenik. Porrot (partez edo osoz porrot) egin duten indarberritze-saioez beterik daude mundu-bazter guztiak. Eta, goazen bidetik goazela (Krauss, 1998, 1992; Fishman 1985, 1991, 2001), beldur izatekoa da joera hori areagotu egingo dela hasi berria dugun mende honetan (44).

Egia da hiztun-herri bakoitzak bere bidea urratu duela, bide propio eta berezia, galtzeko arriskuan zeukan/daukan hizkuntza hori indarberritzen saiatzeko orduan. Horrek ez du esan nahi, ordea, han-hemengo saioak zeharo diferenteak, elkarren inolako antzik gabeak, izan direnik. Han-hemengo saioak sistematizatzen eta konparatzen saiatu direnek, konkretuki, amankomuneko enfoke bat baino gehiago topatu izan dute. Bibliografia teknikoari dagokionez, konkretuki, badirudi hurbilbide teoriko nagusiak ondoko lau hauek izan direla:

Ez dago dudarik beste formulazio asko ere ekar daitezkeela hona. Ez dut uste, ordea, hurbilbide berri horiek goiko lau bideok ezabatzera edo itzulipurdikatzera iritsiko liratekeenik.

Aparte azalduko ditugun lau hurbilbide horiek ez dira, bestalde, elkarrengandik zeharo diferenteak. Ez dira, urrundik ere, bateraezinak. Hainbat puntutan bat datoz, edo bat etor daitezke. Enfasia edo lehentasuna: horixe dute askotan hurbilbideok berezia. Espero izateko zenez, hurbilbide horien prestatzaileek lanbidez edo ikasketaz duten espezializazio-alorrak berak zerikusi zuzena izan du teoria bakoitzaren ikuspegi eta enfasi nagusiarekin. Hizkuntzalariek, normalean, lehenengo hurbilbidea hobetsi izan dute. Irakasleek eta psikologoek, aldiz, bigarren esparrutik heldu izan diote sarri asko indarberritze-saioaren ardatzari. Politikariak eta plaza-gizon herri-maiteak, juristak eta jestore publikoak hirugarren bidean barrena lehiatu izan dira gehienik. Soziologoek eta antropologoek, azkenik, sarriago jokatu izan dute laugarren bidetik. Hori ere gehiago da ordea gauzak esateko modu bat, beti eta nonahi egiazta litekeen printzipio unibertsala baino. Hizkuntzalaria genuen K. Mitxelena eta, euskaltzale-giroan osatuz eta zabalduz zihoazen ikusmolde berriak bere eginik, goren gradura eraman zuen berak, lehenengo hurbilbidetik noski, euskararen corpus-plangintza. Hirugarren bideaz ez zen ordea, aski ezaguna denez, inoiz ahaztu edo lotsatu: arrazoizko eta elkar hartuzko hizkuntz politika esplizitu baten beharra inork baino ozenago aldarrikatu zuen sarri, laissez faireren hutsala edo maltzurra seinalatuz. Lehen eta hirugarren bideak zituen S. Aranak begiko; baina 1900etik aurrera gero eta fermukiago lotu zitzaion (gogo-azalpenez bederen) laugarren bideari. Hirugarren bidea gehien urratu zuten pentsalariak, Paisos Catalans direlakoetan hazi eta hezitakoak, soziologiaren ikuspegitik oso hurbil ibiliak ditugu gehienetan. Gainerakoetatik zeharo bereziak liratekeen hurbilbideez (eta, batez ere, bide berezi horietan barrena beste inoren berri izan gabe ibilitakoez) nekez hitz egin liteke, hortaz, indarberritze-saioen alor honetan. Formula sinkretikoak, han-hemengo ikuspegiak lotzen saiatzen direnak, paradigma huts-garbiak baino ugariagoak ditugu, izatez. Goiko lau hurbilbide horiek egokiagoak dira beraz hasierako azalpen formala eskaintzeko, benetako egoera konkretuen konplexutasuna agertzeko baino. Bere muga eta aje guztiekin ere, lau ataleko azalpide hori baliagarria iruditzen zait gure arteko kontuak argitzen saiatzeko. Has gaitezen beraz, besterik gabe, hurbilbide horiek banan-banan aztertzen. Kanpoko eta etxeko kasuak, jakin-iturriak eta prozedurak elkarren ondoan ematen saiatuko gara azterpide horretan, gure aurretik euskalgintzan jardun duten bidegileak (hartarako egokiera dugun bakoitzean) atzerriko erreferentzien argitan txertatuz.

IV.1. Corpus planning: hizkuntza beragarai berrietarakoegokitzea.

Konstatazio edo printzipiozko baieztapen batetik abiatu izan dira, normalean, lehenengo hurbilbide hau aukeratu izan dutenak: hizkuntza bera, bere barne-egitura alegia, honetan edo hartan trakets dagoela gizarte berriaren mintzabeharrei (eta, bereziki, idazlangintzari) ondo erantzun ahal izateko. Idatzizko eredu estandarrik ez daukala eskueran, ez auzo-hizkuntza nagusien parean behintzat: ortografia erdi-baturik daukala, gramatika kontuetan ez dagoela bide finkorik, eta hiztegi kontuan bakoitza bere bidetik dabilela. Eta ez hori bakarrik: hizkuntza bera zaharkitua gelditu dela mundu modernoaren konplexutasuna arin eta zehatz adierazteko. Badakizu, hain aspaldikoa ere ez da-eta, preautonomi garaiko argudio-modu hura: “no se puede hablar de física nuclear en euskera”. Zaharkitze eta desegokitasun horren ondorioz, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko bidea, bide bat bederen, horixe dela uste izan da askotan: bere baitariko gabezia, trakestasun edo moztade horiek gainetik kentzea. Sukalde-bazterrera eta taberna-zulora bazterturik gelditzen ari den hizkuntza xaharkitu hori oraingo gizartearen mintza- eta idatz-behar guztiei artez eta zalu erantzuteko prestatzea. Autoari motorra konpontzea alegia, mekanikazko konparazioa zilegi balitz, eta berria bezala uztea beste ehun edo berrehun mila kilometrorako. Ba ote da Europan hizkuntzarik, handi zein txiki, bere historiaren une batean edo bestean (aginte-esparrutik ez bada iniziatiba partikularrez edo akademiko-profesionalez) era horretako motor-konpontzerik egin ez duenik? Ezagutzen ditugun hizkuntza gehienek, izen batez edo bestez, badakigu halakorik egin izan dutela. Hizkuntza handien artean gutxitan egin da ordea azken berrehun urtean, hori ere esan behar da, horrelako arreglorik. Eta hainbatek, horrexegatik agian, argi esango digu arreglo horiek ez direla berez parte onekoak. Euskaldunok eta beste zenbait hiztun-elkarte ahulek nork geure hizkuntza propioarekin saiatu izan dugun motor-konpontzea zabala da zinez. Larramendiren eta bere ondoko jarraitzaile hurbilen saioak alde batera utzita ere, ehun urte luze daramagu euskaldunok, kasik etenik gabe, konponbide horretan leporaino sartuak: erdal interferentzia lexikal zein gramatikaletatik libratzen, euskararen ortografia bateratzen, euskara batuaren gramatika- eta hiztegi-arauak definitzen, jakintza-alor gehienetarako terminologia teknikoaz hornitzen,…..

Norbaitek galdetzen badigu hori guztia zergatik egiten dugun, lehenxeago edo beranduxeago honelako zerbait erantzungo diogu: “euskararen erabilera bultzatzeko”. Norbaitek galde diezaguke, degu edo dogu ordez dugu esatearekin eta idaztearekin nolatan lortzen den hizkuntzaren erabilera indartzea, zabaltzea eta babestea. Begirunez eta argudio-oinarri minimoaz jokatu nahi badugu galdera egin digunarekin, funtsean bi bide ditugu eskueran: euskararen corpus-plangintzaren inguruan bateratze horretaz dagoen tradizio ideologiko, akademiko eta operatiboa agertzea batetik; atzerriko zenbait teorigileren ekarpenak mahaigaineratzea bestetik. Emaitza enpirikorik nekez, gaur-gaurkoz, eskaini ahal izango diogu. Batasunak indarra dakarrela berekin, eta indarrak osasuna, tradizio kultural luzea du pentsabide horrek Europan. Pragako Eskolak inork baino zorrotzago eta argiago finkaturik utzi zigun tradizioa, aurrerago azalduko dugunez. Europan ezezik baita gure artean ere, gainera: Mitxelenaren Arantzazuko txostena dugu, oker ez banago, tradizio horren azken paradigma bizia, etxekoon artean zein kanpokoei begira oraindik ere indar betean agertu ohi dena. Arantzazuko txosten hartan, bere lehen pasartean, honela zioen Mitxelenak: “Ezinbestekoa, hil edo bizikoa, dela uste dugu euskara batasun bidean jartzea. Haur eta gazteei euskaraz irakasten bazaie, eta euskaraz irakatsi behar euskara biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea”. Garbi ageri da, Mitxelenaren esaldi horretan, euskararen gorputzean (hortixe dator, hain zuzen, H. Klossen 1969ko corpus-planning hitza) egin nahi den interbentzioa elementu klabetzat hartzen dela. Gorputz-lanketa edo corpus-plangintza hori ongi egiten bada, hortik sortutako hizkuntz eredu bateratu berriaz zuzenago eta errazago eragin ahal izango da eskola-munduan eta handik, azken batean, osasun hobea eskuratuko zaio hizkuntzari. “Hil edo biziko” balioa aitortzen zaio, 1968ko txosten famatu hartan, hizkuntza (idatzia) batasun-bidean jartzeari. Kontuan izan, geroko utzi gabe, Mitxelenak (eta, oro har, mundu zabalean kontu hauetaz jardun dutenek) ez duela corpus-plangintza interbentzio linguistiko huts horretara (horretan dihardutenen teknolekto edo jerga profesionalean codification deitzen denera) mugatzen. Grafiaren, gramatikaren, hiztegiaren edo hots-ebakeraren alorreko kode bateratu berri horiek inplementatu egin behar direla esaten digute beti: hedatu, gizarteratu eta luze-zabalean indarrean ezarri behar direla alegia. Idaztarau berriak lau paretaren artean erabaki, paperean jarri eta “egin bedi” esatearekin ez dela aski. Jendeak ezagutu egin behar dituela arau horiek, ontzat eman, buruz ikasi eta zuzen erabili: benetako estandarizazioa orduan lortzen dela, lau pauso horiek osorik egindakoan; ez lehenago. Espezialista batzuek, Einar Haugen tarteko (Haugen, 1983: 275), educational spread deitzen diote horri, Mitxelenak berariaz aipaturiko eskolagintzaren ildotik (45). Are gehiago esaten dute espezialista horiek: langintza hori ez dela berez inoiz bukatzen eta, implementation edo educational spread horren ondoan, elaboration edo functional development ere ardura osoz burutu behar dela. Gizartea berrituz doanez etengabe, eta hizkuntza jakina (kasu honetan, indarberritu nahi den hizkuntza) mintza- eta idatz-behar berrietara ongi egokitu ahal izateko, lexiko-berrikuntza (espezialisten hitzetan terminological modernization) eta estilo-garapena (stylistic development) orobat zaindu, bultzatu eta indartu beharreko ekimenak direla esaten digute. Hots, hizkuntza landu egin behar dela etengabe (language cultivation (46) bideratu behar dela), hasierako ortografia, gramatika eta hiztegia definitu ondoren.

Esplikazio handirik ez du honek behar, berrogei eta hirurogei urte arteko euskaldunontzat bereziki. Burutik burura osatzen saiatu baikara, azken hogeita hamar urte inguruan, euskararen corpus-plangintza hori. Euskararen onean (euskara gehiago eta hobea erabil dadin, alegia) jardun izan dugu, ustez, plangintza horretan. Ikuspegi zabal horren baitan, euskara batua sortzea eta han-hemen hedatzea ekimen osoaren giltzarri, operazio osoaren iturburu eta indargarri izango dela uste izan dugu sarri. Esparru berrietarako (erdi- eta goi-mailako irakaskuntzarako eta lan-esparru moderno, hiritar, teknifikatuetarako) terminologiazko lanketa zabala bultzatu eta mamitu dugu, orobat. Hizkuntz plangintzarekiko nire harreman profesionala, esate baterako, cultivation alorrean abiatu zen nagusiki, Elhuyarren (corpus planning, cultivation eta gainerako hitz xelebre horiek bazirenik ere jakin gabe noski) egiten genuen stylistic development delakoaz eta gero, UZEIn batez ere, alorrez alor bultzaturiko terminological modernization zabalaz. Beste askok, terminologian baino areago, gramatikaren esparruan ikusi izan du elaboration hori batez ere osatu beharra: Euskaltzaindiaren EGLU lanak, esate baterako, estilo-lanketaren oinarritzat har daitekeen ikuspegi horretatik prestatuak dira. Enfasia batean zein bestean egin, gauza bat dago argi: euskararen egitura hobetuz indarberritu nahi izan dela hizkuntza. Hortik datorkio hain zuzen, eskuartean darabilgun paradigma honi, bere izaera linguozentrikoa.

Hizkuntzaren batasuna, ikuspegi horren haritik, hizkuntzalarien (47) kontua dela asumitu izan da lehenengo egunetik. Ez beraiena bakarrik, baina lehen-lehenik beraiena bai. Beraiek dira izan, konstruktu honen arabera, ahuldutako hizkuntzari indar berria emateko orduan lehen pausoa eman behar dutenak. Enfoke linguistikoa da, horrexegatik, lehen hurbilbide honen ezaugarri nagusia. Hizkuntzak (honegatik edo hargatik) gizarte berriaren beharrei erantzuteko zenbait defizit linguistiko (ez, ezinbestean, demografiko, sozioekonomiko, soziopolitiko edo soziokultural) dituela kontsideratzen da, eta falta-gabezia horiek hizkuntzaren beraren etorkizuna, bizia ere bai, arriskuan jar dezaketela ondorioztatzen. Horrexegatik, hizkuntzari eta hiztun-elkarteari bizirik irauten laguntzeagatik alegia, hizkuntzaren edifizioan (bere estruktura lexikalean zein gramatikalean, batez ere) zaharberritze-lanak egitea erabakitzen da. Zer-nolako zaharberritze-lanak?: goraxeago corpus-plangintza deitu dugun alorrekoak.

Hiru iturritara jo dezakegu, Europara erreparatuz, corpus-plangintza horren azken 200 urteko nondik norakoa xehekiro aztertzeko: Heinz Klossengana batetik, Uriel Weinreich-engana bestetik eta, Pragako eskolaren oihartzunaz jabetzeko, Garvin-engana azkenik. Egia da azalpen xehetuago baterako Bjorn H. Jernudd-en, Einar Haugen-en eta beste hainbaten ekarpenak ere oso argigarriak genituzkeela, baina goiko hiru horietara mugatuko gara oraingo honetan. Eta, horietatik ere, lehenengoa hartuko dugu ardatz.


IV.1.1. Hizkuntzen corpus-plangintza, Pragako Eskolaren arabera.

Joan den mendearen 30eko hamarkadan (1932, 1938 besteak beste) azalpen argiak, zehatzak eta Mitxelenaren Arantzazuko txostenera ere oihartzun ozena zabaldua dutenak, eman zituen Pragako Eskola Linguistikoak hizkuntz eredu batuen, hizkuntza estandarren gainean. Labur beharrez ari garelarik, gain-gainetik baizik ez ditugu aipatuko bere zenbait ekarpen. Xehetasun handiagorik nahi duenak jo beza bibliografia teknikora (Havránek, 1938; Prague School, 1974, jatorriz 1932; Garvin, 1973). Edota, sintesi-saioarekin aski baldin badu, txosten honen eranskin gisa eskaintzen den azalpenera. Zer dio hurbilbide horrek, funtsean, hizkuntz eredu estandarrei buruz? Honako kontuok, besteak beste:

Pragako eskolak esandako guztia da, egia esan, oso kontuan hartzeko. Txosten honi dagokionez azken-azken puntua interesatzen zaigu, halere, bereziki azpimarratzea. 1930 ingurutik hona corpus-plangintza eta indarberritze-saioak (eta saio horien forma zahar-klasikoena dugu, noski, language loyalty hori) elkarren eskutik joan izan direla.


IV.1.2. Hizkuntzen corpus-plangintza, Heinz Kloss-en arabera: larreko hizkuntza handiki-soinekoz janztea.

Hizkuntz soziologiaren alorrari astinaldi sakona eragin zion Heinz Kloss-ek 1952an, “Die Entwicklung neuer germanischer Kultursprachen von 1800 bis 1950” famatua argitara eman zuenean (48). Ekarpen ugariko obra horrek, besteak beste, Abstandsprache eta Ausbausprache arteko bereizkuntza ezaguna finkatu zuen. Gaur egun, nazio arteko bibliografia teknikoan Abstand language eta Ausbau language dikotomiaz (49) ezagunago da bereizkuntza hori. Euskara, H. Kloss-en jatorrizko obratik bertatik hasita (Kloss, 1952:17), Abstandsprache multzoan sartu izan da bete-betean: aparteko hizkuntzatzat, berezko egituragatik inola ere alboko hizkuntza nagusi baten dialektotzat hartu ezin litekeen hizkuntza berezitzat, alegia. Oso hizkuntza gutxi dago Europan, txikiak ezezik handiak ere kontuan hartuta, morfosintaxiaz eta jatorrizko hitz-altxorraren aldetik hain bete-betean Abstandspracheen multzoan (50) sar daitekeenik. Apartekotasun hori ez da, jakina, katalanaren edo gailegoaren egoera; ez eta, urrunxeago joanez, frisieraren edo feroeraren kasua ere. Azken lau hizkuntza txiki horiek beren burua garatu eta, orientazio jakinaz, nork bere Big Brother nagusiaren altzotik ihes egin beharra daukate, hizkuntza beregain gisa bizirik aterako badira: horregatik deitzen zaie Ausbausprache edo Ausbau language, katalanaren edo frisieraren antzeko hizkuntzei. Horiek ez dira (gehienetan behintzat) barne-egituraren aldetik beren Big Brother horietatik zeharo bereziak (ikusi besterik ez dago: gailegoa hizkuntza dela esaten dugu, baina andaluza dialektoa). Etxeko, lagunarteko eta herriko mintzajardun arrunteko hizkera izatetik kultur hizkuntza (51) izatera (forma idatzi propioaz, literatura joriaz, irakasmunduan eta gizarte-bizitzaren jardungune jaso-formaletan erabiliz) pasatzen ahalegintza dira, horretarako, Ausbausprache edo Ausbau-hizkuntzak. Labur bilduz, hona Ausbau-hizkuntzak zer diren: beregaintasun estrukturala (edota, gutxienez, grafikoa) eskuratzeko berariaz elaboratu (52) ohi diren hizkuntzak, elaborazio hori gabe nor bere Big Brother horren dialekto-aldaeratzat hartuak izateko arriskua dutenak.

Dirudien baino kontuzago erabili beharrekoa da, halere, Abstand eta Ausbau arteko bereizkuntza hori. Hona bi motibo, hartara bultzatu behar gintuzketenak: a) batetik, definizioa bera kontestuala dela: hizkuntza jakin bat Ausbau- eta Abstand-hizkuntza izan liteke aldi berean, segun zer Big Brother kontuan hartzen den. Holandesa edo nederlandera Ausbau-hizkuntza izana da, bere historiaren une jakinean, alemanaren (zehazkiago, Hochdeutscharen ) aurrez aurre. Frantsesaren aurrez aurre Abstand-hizkuntza izana da ordea, eta halaxe da orain ere, funtsean; b) bestetik, hizkuntzen arteko distantzia estrukturalak ez dira beti zuri eta beltz arteko bi punta-muturretan sailkatzen errazak. Hizkuntza askoren zenbait alorretan, hiztegian bereziki, hizkuntza batetik besterako distantzia desberdinak errazago adierazten dira continuum baten harian. Euskarak, adibidez, bere hitz-altxorraren zati ohargarriak (H. Schuchardt-en garaitik hasita, eta Mitxelenaren gehigarrizko lanketaz, aski ondo zehazturik dauden zatiak, hain zuzen) albo-hizkuntza (53) nagusietatik jasoak ditu: latinetik lehenik, erromantzeetatik gero eta frantses-espainoletatik berrikitanago. Gertaera horretaz jabeturik, Abstand-hizkuntza paradigmatikoa izanik ere Ausbau- edo bereizkuntza-lan handia egin izan da euskararen hiztegian, Larramendiren garaitik hasi eta honainokoan (54).

Bereizkuntza hori gorabehera, Heinz Klossek garbi azaldua digu corpus-plangintzaren muina hizkuntz eredu batuak, standard direlakoak, sortzeko lanek osatu dutela azken 200 urteotan. Eredu horien sortze-lanak eta, batez ere, eguneroko lanketak (cultivation delakoak): Die Entstehung und Entwicklung neuer Kultursprachen. Bere azter-eremua hizkuntza (partez edo osoz) germanikoetara mugaturik, 1800etik 1950era bitartean hainbat kultur hizkuntza nola sortu eta garatu izan den azaldu zigun H. Klossek, maisutasun handiz. Hizkuntza (eta, honenbestez, hiztun-elkarte bakoitzaren) egoera aski berezia izan ohi denez, bistan da batentzat balio duenak besterentzat ez duela, ezinbestean, berdin balio. Hori hala izanik ere, badira Kloss-en formulazioan aski jeneralizagarriak iruditzen zaizkidan elementuak, euskararen kasurako ere indar beteko balioa dutenak. Horietariko bi aipatuko ditugu hemen, labur beharrez:

Prosa utilitarioa, xede jakin eta arrunteko prosa (ez literatura eta ez linguistika) sartzen du berak hor, lehenik eta behin. Prosa-modu hori funtsezkoa da, Klossen ustez, jende xehearen hizkera arrunt izandakoa kultur hizkuntza bihurtu eta, horren bidez, gizarte-bizitzan ordura arte ez bezalako balio-indarra eskuratzeko. Funtsezkoa, batez ere, idatzizko jardunean sarbide eskasa (kasik eliz kontuetara mugatua) izan duten hizkera-moldeei, Mundart edo Umgangssprache direlakoei, nor bere inguruneko Big Brotheren Hochsprachetik aldenduz bere kulturbide berezia sortzeko: bere soziologische Verselbständigung, bere Ausbau zur Kultursprache errazteko. Ordura arte baserritarren eta arrantzaleen, artzainen eta eskulangile arrunten eguneroko aho-hizkera, lekuan lekuko dialekto eta azpi-aldaeretan banaturik egon izan dena eta idatzizko jardunean oso sarbide mugatua izan duena, nola bihurtzen da Kultursprache, kultur hizkuntza? H. Klossen ustean, honako sei pauso hauek eginez:

  1. Idatzizko jardunean gero eta maizago erabiliz, gero eta erabilera-esparru (Anwendunsgebiet) gehiagotan hizkuntza horretaz baliatuz.
  2. Hitzez ere gero eta jardungune gehiagotan erabiliz (jendaurreko azalpenetan, sermoi-lanean, hitzaldietan),
  3. Irratian eta telebistan sarbidea eskainiz eta, hedabide horien laguntzaz, hizkuntzari berari zabalkundea emanez,
  4. Ortografia bateratuz,
  5. Idatzizko hizkuntza (gerora, agian, ahozkoa ere bai) bateratuz (gramatika aldetik, hiztegi aldetik)
  6. Hizkuntz eredu bateratu berri hori berariaz zainduz: lanketaz (cf. elaboration, cultivation).

Sei pauso horietatik lehenengoari ematen dio Klossek (1952: 25), nolanahi ere, lehentasuna. Idatzizko erabilera ugaritzea, bai erabiltzaileen aldetik eta bai erabilera-esparruenetik, iruditzen zaio berari garrantzitsuena. Idatzizko jardunean gero eta maizago erabiltzea, ohiko jardunguneak galdu gabe erabilera-esparru berriak irabaziz: hori da bere ustez etxeko hizkuntzatik kultur hizkuntzara daraman Ausbau-lanketaren pauso nagusia. Nola egiten da hori, ordea? Zertan eta nola ugaritu, nola zabaldu liteke lehen pausoaren idatzizko erabilera hori? Zer azpipauso eman litezke lehen pauso horretan, ordura arte hizkuntza larrekoa izandako hori aundiki-soiñekoz jantzita hizkuntza “noranahikoa, jakite-egoek jasoa, azal oriztaren pean muin betirakoa” duen kultur hizkuntza bihurtzeko? Honako bost (sei?) maila edo azpipauso bereizten ditu, horretarako, Heinz Klossek (1952: 26-7):