Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2003-06-25 / 06:53


Hogei bat urte dira kanpoan egindako filmak, telesailak, dokumentalak eta bestelako telebista-programak euskaraz jartzen hasi ginela.

Bikoiztea ez da lan erraza, eta hedabideetan ia ezerezetik hasi behar izan zuen hiztun-komunitate batentzat are gaitzagoa izan da. Orain dela hogei urte gurean ez zegoen ez bikoizketa-aktorerik, ez ikus-entzunezko itzultzailerik, ez egokitzailerik, ez aretoko zuzendaririk, ez ezer. Harrigarria da zelan antolatu dugun hain denbora gutxian hain azpiegitura handia.



Gure hizkuntza, gainera, batere trebatu barik zegoen halako zereginetan. Berriro ere esan beharra dago harrigarria dela hain denbora gutxian halako hizkuntza-kalitatera heldu izana.

Hala ere, aurrera egin beharra dago, ez iritsitako kalitateari nahi baino apalago deritzogulako, baizik ikus-entzunezko hizkera etengabeko eboluzioan doalako. Orain arte mila arazori erantzun diegu: zelan eman euskal izena dokumentaletan azaltzen zaizkigun ehunka bizidunei? Zelan erreproduzitu euskaraz Estatu Batuetako epaiketak? Zelan aipatu beste herrialde batzuetako kultur erreferentziak?... Hemendik aurrera sortuko zaizkigun arazoak ez dira gutxiago izango, ezta samurragoak ere.

Bikoizketako lanean astirik eza izaten da gaitzik gaitzena. Gurean baino askoz gehiago bikoizten den hizkuntzetan ere antzematen da, eta ondorioak denontzat dira antzekoak: arazo berari behin baino gehiagotan heldu behar izatea, arlo honetan sartu berri direnentzat erreferentzia-materialik ez egotea, arazo batzuei behar bezalako arreta ez ematea, eta abar.

Horregatik, Euskal Telebistako eta Edertrack, Irusoin eta K2000 bikoizketa-estudioetako hizkuntza-arduradunek beharrezko ikusi dugu gure esperientzia eta gure gogoetak sistematizatzea eta idatziz jasotzea. 2003ko martxoan atera dugu lehen saioari dagokion orria, eta eragozpenik ez bada, gure asmoa urtean hiru saio egitea da.

Gaiak lau ataletan banatzea pentsatu dugu: Erdaretatik euskarara, Hizkuntza gaiak, Hizkerak, eta Paperetik ahora. Azalpenak emateko darabiltzagun adibideak gidoietatik jasota daude, bere horretan edo apur bat moldatuta. Horregatik daude gehienak ingelesez.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Azpeitiko Euskara Patronatuari, "Iritzi-muinetik" sare-aldizkari elektronikoaren bitartez zuengana guztiengana iristeko modua eskaintzeagatik, eta zuei ere eskerrak eman nahi dizkizuegu aldez aurretik, zuen ohar, iritzi eta iruzkinak jakinarazteagatik.

Erdaretatik euskarara

Gauza jakina da hainbat hitz multzo ezin direla osagaiz osagai itzuli: «rest room» (komuna), «to pull somebodys leg» (norbaiti adarra jo), «mother-in-law» (amaginarreba), «the pot calls the kettle "black"» (zozoak beleari "ipurbeltz")... Era horretakoak ditugu hitz konposatu batzuk, lokuzioak, atsotitzak eta abar.

Esaldi asko ere ez dira hitzez hitz itzuli behar. Ingelesez modu batean adierazita dagoena, askotan euskaraz beste modu batean adierazten dugu. Automatikoki ere ezin dugu jokatu, kasuan-kasuan testuinguruak argitzen baitigu zer adierazi nahi den.


Let me + aditza

Euskaraz ez dugu «utzi asmatzen» edo antzekoetara jotzen.

Jakina, proposamen bat egiten digutenean, edo ondo hausnartu behar dugun erantzuna eman baino lehen, ez dago lekuz kanpo pentsatzeko astia eskatzea: «utzi pentsatzen», «pentsatu (egin) behar dut»...


Do you mind...?

Kortesiazko esapide horren ordaina ez da «axola dizu» egitura.

Kortesiazko formula ez denean, euskaraz normalean baldintzara edo antzeko menperatu batera jotzen dugu esaldia osatzeko. Baita -tzea nominalizaziora ere, baina oso gutxitan -tzeak nominalizaziora.


Could you...?

Kortesiazko formula bat da, eskariak egiteko.


I feel (that)...

«Uste dut» besterik ez du esan nahi. Euskaraz modu askotara adieraz dezakegu, «-ren irudipena dut» edo antzeko egitura bihurrietara jo barik.

Askotan, «I feel (that)» eta «I think (that)» betegarri hutsak dira. Itzuli barik utzita ere, ez dugu esaldiaren esanahia ezertan aldatzen.

Ikus-entzunezkoak itzultzean, ezin da esan beti modu batera edo bestera jokatu behar denik. Izan ere, oso praktikoa da euskarazko ordaina nahi den bezala erabili ahal izatea (edo jartzea, edo kentzea; edo aurrean, edo erdian, edo atzean), aktoreen berbaldiko etenetara eta berbaldiaren luzerara ondo egokitzeko.

Hizkuntza gaiak

Ezin

Ahozko euskaran denerik entzuten bada ere, aditz intransitiboekin "da" erabili behar dugu, eta transitiboekin "du".

Jakina, aditza isiltzen denean, du erabiltzen da batzuekin zein besteekin.

Hizkerak

Funny

Ingelesez asko erabiltzen da funny. Berez, “barregarri, bitxi” esan nahi du, baina hori baino adiera zabalagoan erabiltzen da.

Pertsonei funny esaten zaienean, euskaraz honelako adjektiboak erabil ditzakegu, zer adierazi nahi den: jator, alai, barregarri, xelebre, grazioso (kolokiala), majo (kolokiala)...

Gauzei funny esaten zaienean, euskaraz jostagarri esatea zabaldu da. Ondo dago, baina ez da aukera bakarra.


Epaiketak

Estatu Batuetako epaiketetan erabiltzen dituzten esapideak honela emango ditugu.

INGELESEZEUSKARAZ
to obecjteragozpena izan
Objection!Eragozpena!
Sustained.Onartua.
Overruled.Baztertua.
May I approach the bench?Hurbil naiteke mahaira?
I withdraw the comment(Esandakoan) atzera egiten dut.
to be stricken from the recordaktan ez jaso
for the recordaktan ager dadin

Paperetik ahora

Hots bilkurak

Hitzak ez dira banan-banan esaten, taldeka baino, zentzuaren arabera. Hitz multzoen barruan elkarren ondoko hotsak batu eta aldatu egiten ditugu, berez-berez. Euskara zainduan ere zilegi dira halakoak, ez dugu zertan saihesten ibili. Irakurketaren abiadurak markatuko digu zenbateraino uztartu behar ditugun hitzak eta hotsak.

Horrela, bokal berdinak batu egiten ditugu: ama-alabak idatzi eta [amalabak] esan, ezkerreko ordezkaria idatzi eta [ezkerrekordezkaria] esan. Kontsonanteekin ere gertatzen dira bat-egiteak. Berdinak direnean, bokaletan moduan, bakarra esan ohi dugu: hil lezake [hilezake]; joan nadin [joanadin].

Hots ezberdinak elkartzean, batzuk “eraldatu” egiten ditugu. Esate baterako, aditz laguntzailearen aurrean bait- jartzen dugunean, honelako aldaketak gertatzen dira.

Kasu horretan, bait- menderagailuak eragindako aldaketak sistematikoak dira, eta idatzi ere hala idazten dugu: baitzara, bailuke... Beste aldaketa batzuk ere oso sistematikoak dira, hau da, beti egiten ditugu.

Beste bilkura batzuetan, euskaldun batzuek aldaketa egiten dute, eta beste batzuek ez. Halakoetan, nork bere ohiturei jarraitzea da egokiena.

Lokuzioetan, ohiturarik zabalena batuketak egitea da.

Ebakerari dagokionez, eta juntagailua oso malgua dugu (eta, ta, da) eta komeni zaigu malgutasun hori erabiltzea, esaldiak natural eta eroso botatzeko.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1055803983