|
Euskal Herriko aurrezki kutxa baten gizarte ekintzen programa batean ikusi dut euskaraz, erdarazko aula bat itzultzen.
Delako aula horrek akats nabarmenak ditu: lehenik, ez dela gure tradizioan inondik ere erabiltzen. Bat nator ez dela hori arrazoi nahikoa hitza euskaraz ez onartzeko. Baina badu beste akats bat, bigarrena: inguruko hizkuntzetan ez dela erabiltzen: frantsesez salle de classe da, ingelesez classroom eskoletakoa eta lecture room unibertsitateetakoa, eta orobat alemanez Klassenzimmer eta Hörsaal hurrenez hurren. Hirugarrenik, (ikas)gela d(it)ugunez gero ez dugula aula-ren inongo premiarik.
Bada jendea horrelako argudioak erabiltzen dituzunean, "eta aula magna, zer?" botatzen dizuna kontraargudio gisa. Aski da terminologia kontuetan eskarmentu piska bat izatea ikusteko espainolezko horrelako adigai bikoteak ez direla bikote hizkuntza guztietan, hots, ez daudela, espainolez bezala, elkarri lotuak. Adibide hau bera aski ona da hori frogatzeko: aula magna delakoa grand amphithéatre da frantsesez, salle de classe-rekin, bistan da, zerikusirik ez duena, ingelesez assembly hall edo main hall da, eta Auditorium maximum edo Audimax alemanez. Horiek horrela, eta bide batez esateko, badirudi, areto nagusi bide dela aula magna delakoaren euskal kide egokiena. Badu, gainera, areto nagusi horrek beste alde on bat: hori dela Elhuyar hiztegiak proposatzen duen aukera.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN
|