Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskal gizartea anitza da

Euskal gizartea anitza da

2003-06-24 / 07:07 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Esaldi hori eta horren kidekoak askotan ikusten dira euskal testuetan, batez ere badaezpadakoetan. Baina, egia esan, gutxitan bada ere, agertzen dira zenbait autore niretzat eredugarritan ere.

Euskaltzaindiak, Hiztegi Batuan, gaitzetsi egiten du anitz-en erabilera hori, zeharka bederen: zenbatzaile gisa onartzen du, jende anitz etorri da adibidea paratuz; baina izenondo gisa ez, adibide baten bidez. Adibide horretan industria anitza esapidea gaitzesten da, eta "erabil askotariko industria" esaten.

Euskaltzaindiaren jokabide honen arrazoia argia da: euskal gizartea anitza da perpausa, Bizkaia-Gipuzkoetako euskarara itzuliko bagenu euskal gizartea askoa da aterako litzateke, hots, edozein hiztun garbiri belarriko mina egiten dion esaldi bat. Bada, belarriko min berbera egin behar die, ekialdeko euskal hiztun garbiei, euskal gizartea anitza/aunitza da esaldiak. Eta euskaldun garbi askori min egiten dion zerbait ezin du Euskaltzaindiak onartu, eta, orobat, ez lukete mendebaldeko idazleek, ez inperialistek bederen, onartu behar.

Kontuak, noski, ez dira horretan bukatzen. Izan ere, delako anitz izenondo hori, bere eremu semantikoa itxuragabe zabaltzen ari da, eta gaztelaniazko “múltiple”, “multi-“, “plural” (hitzaren adiera politikoan batez ere), "diverso" (pluralezko erabileretan) eta abarren eremuak hartuak ditu dagoneko.

Nik onartzen dut, erdal erabilera horien guztien kidetzat askotariko soila motz gerta daitekeela. Nolanahi ere, ez dut dudarik egiten euskal itzultzaile trebeak bide jatorrak aurkitzen dituela "múltiple", "multi-", "plural", "diversos" horiek agertzen diren esaldi konkretuak itzultzeko. Baina egia da, orobat, ezin eska dakiokeela edozein itzultzaileri, batez ere itzultzaile “industrialei”, beren itzulpen guztiak artelan bihurtzeko.

Ataka horretan jarrita, nik dudarik gabe, nahiago dut anitz izenondoa onartu baino, plural hitza onartu. Hots, askozaz jatorragoa iruditzen zait euskal gizartea plurala da, euskal gizartea anitza da baino. Bi arrazoi nagusirengatik. Lehenik, plural hitza Hiztegi Batuak onartzen duelako, eta alboan "Hizkuntzalaritza" argibidea gabe onartzen duenez gero, bestelakoetan ere erabil daitekeela adierazten bide duelako. Bigarrenik, dena dela, hitz nazioartekoa delako plural, baita adiera politiko horretan ere. Eta pentsatzen dudalako espainol huts diren hainbat hitz lasai erabiltzen dituzten idazle eta itzultzaileek ez dutela inongo aitzakiarik izango plural nazioarteko hori erabiltzeko, ordainetan euskaldun askoren belarriko mina saihesten dutela jakinik.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
"Plural" hitzaren alde
2003-06-25 / 09:06 / Xabier Mendiguren Elizegi

Hau poza! Zeren "anitza" izurri bihurtua baitzegoen, baina "askotarikoak" ere itxuragabe, nonahi eta zernahitarako erabiltzen ikusita aspertzen hasiak baikinen, batzu-batzuk behintzat.

X.M.E.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com