![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-06-17 / 07:05
Arrunta da administrazio testuetan arduraldi hitza azken urteotan. Nolanahi ere oso badaezpadako hitza da nire ustez. Tradizioan agertzen ez den neologismo bat da, eta bere oinarria, ardura, “iluntze” prozesu bat pairatzen ari da azken urteotan.
Orotariko Euskal Hiztegiak “cuidado, preocupación, ocupación, responsabilidad, importancia” ematen ditu ardura-ren erdal kidetzat: adiera-mordo nabarregia -eta lainotsuegia, hortaz- gauza onerako. Dena dela, tradizioan gehienbat horietako lehenaren, “cuidado”-ren kide gisa erabili da ardura, eta horretarako batez ere berezi behar genuke euskara batuan. Baina badirudi gaur egun "responsabilidad"-erantz lerratzen ari dela bere esanahia, "atentatuaren ardura bere gain hartu du" eta antzekoen erruz, euskara batuaren kaltean, horretarako erantzukizun unibokoa bereizi baikenuen duela jada aski urte. Esan dezadan bidenabar, baina argi eta garbi: erantzukizun-en ordez ardura hedatzen saiatzea jatorkerian –eta euskara batua kamusten– jardutea besterik ez zait iruditzen. Dena dela, badirudi ardura izan, eta horren ondoriozko arduradun, libratu egin direla, beharrik, lerratze semantiko horretaz.
Horiek horrela, arduraldia, norbaitek zerbaiten ardura duen denbora-edo izango litzateke. Eta ez dut uste inork ukatuko duenik jauzi mortala egin behar dela hortik administrazioko gaztelaniako "dedicación"-era heltzeko. Badakit terminologiaren alorrean edozer gauza erabil daitekeela zernahi izendatzeko, baina, dena dela, gauza egokiak gauza desegokiak baino egokiagoak dira, definizioz. Bestalde, ez da ahaztu behar arduraldi-k ez duela inondik ere balio gaztelania arrunteko "dedicación"-en kidetzat, por su dedicación al teatro eta kideko esaldietan, adibidez.
Baina auzi honetan, noski, arazo nagusia bestelakoa da: Europako hizkuntza guztiek-edo denbora osoa -plein temps, full-time, tempo pleno, Ganztagsbeschäftigung; are gaztelaniak: tiempo completo -esaten diotenari-, espainiar funtzionario grisen batek exkax iritziko zion eta kontzeptu berbera izendatzeko dedicación plena "zehatzagoa" eta “jasoagoa” bultzatuko zuen. Gainerako hizkuntzek, noski, bere hartan segitu dute gaztelaniaren berebiziko asmaketa gorabehera. Euskaldunok bakarrik, antza, gertatu gara espainolaren aurkikuntza horrezaz miretsirik.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN