Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Aldiune

Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-06-10 / 07:05


Duela gutxi, fisikako testu batean hau irakurri nuen: “Higikari batek aldiune konkretuan duen abiadura”.



Alde batera utziko dut mugatasunaren kontua, -nire ustez dudarik gabe konkretu batean behar luke hor- beste batean tratatzekoa baita hiperzuzenketa kasu nabarmen hori. Alde batera utziko dut, orobat, “konkretu” hori, nire ustez, testuinguru horretan askoz egokiagoa baita aldiune jakin batean; eta aldiune horretaz arituko naiz, gure artean, terminoak direla eta sortzen diren hainbat nahaste salatzeko.

Fisikaren alorrean, instante/instant ez da termino bat: ez dagokio -masa, denbora, espazioa ez bezala- jakintza horren oinarri intuitiboari, eta, bestalde, ez da -azelerazioa, lana etab. ez bezala- fisikaren teoriaren esparruan definitzen. Eta esparru jakin batean definitzen ez den zerbait, bere itxura “zientifikoa” gorabehera, ez da termino bat.

Hala ere badirudi testu horren egileek terminotzat hartu dutela instante/instant delakoa, eta horregatik hautatu dutela aldiune xelebre hori. Izan ere, gure arteko askok uste dutenez, hitz jasoak izan behar dute terminoek, ez une bezalako gauza arruntak. Eta hori ere ez da horrela: edozein hitz erabil daiteke termino gisa jakintza arlo jakin batean; aski da hitz hori zehatz definitzea –hots, definitzea- delako alor horretan.

“Xelebretzat” jo dut aldiune. Hona arrazoiak: aldi eta une ez dira elkarrekin ongi lotzen diren adigaiak, halako erredundantzia bat osatzen duten aldetik, eta niretzat bederen, zonalde bezain elkartze arrotza osatzen dute; aldiune tradizio idatzian ez da ia erabili, eta OEHn ikus daitekeenez idazle aski “markatuek” erabili dute: Zinkunegik, Joanak joan-eko Etxaidek, Orixek eta Gazteluk; esanahia ere ez du gardena, eta Orixek bederen “intervallo temporis”-en kide erabiltzen du, antza.

Hortaz, hobe dugu euskara batutik aldiune zorionekoa baztertu: ez da hitz garbia eta ez du inongo premiarik betetzen; eta fisikako eta abarreko instante/instant-en kide erabil dezagun une. Edo istant, Hiztegi batuan inongo markarik gabe agertzen baita eta tradizio oparoa baitu Iparraldean nahiz Hegoaldean. Nik, egia esan, nahiago dut une, baduelako istant-ek adierazkortasun puntu bat fisikaren alorrean ondo ematen ez duena.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1054814740