Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ikastolen hizkuntz proiektua zehazteko oinarriak

Erramun Osa / Irakaskuntza / 2003-06-05 / 08:26


Ikastolen sorreraren zergati nagusietakoak euskararen berreskuratze eta garapen prozesuari erantzutea izan dira, hartara, ikastolen ibilbidea eta euskararen zabalkundea estu-estu loturik azaldu ohi dira. Hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa erdietsi nahian, euskara irakastea, euskaraz ezagutza eraikitzea eta euskaldun sena heztea izan dira, besteak beste, euskal gizarteak lagunduta, ikastoletan bildu den hezkuntza-komunitatearen sorguneko ardura nagusiak.



Era berean, euskal lurralde orotan, iparraldean zein hegoaldean, euskararen eta euskarazko irakaskuntzak, frantsesari eta gaztelaniari ikastolako eguneroko jardunbidean zer nolako lekua eman aztergai izan ditu, bada, zein adinetan hasi hizkuntza batean ala bestean? Zenbat denboraz? Zein arlotan? Horrelakoak hamaika eztabaidatako auzi izan dira ikastoletako bileretan.

Hegoaldeko euskal lurraldeek indar arauemailea eskuratu duten heinean, 1980. urtetik aurrera, irakaskuntzan gaztelaniak eta euskarak hartu beharreko tokia arautu egin dute bertako legebiltzarrek (EAEkoak lehenik, eta Nafarroakoak ostean), gaur egun indarrean dauden A, B eta D hizkuntz ereduak sortuz. Iparraldean, aldiz, frantsesa hizkuntza ofiziala bakarra denez, euskal irakaskuntza arautu gabe dago, eta ikastolek egunero gauzatzen duten praxian du erreferentzia nagusitzat.

Bada, ordea, pasa berri den mendeko 90eko hamarkadan gertaturiko fenomeno berria, eta horren kariaz, Europako testuinguruan nagusi izan diren aldaketa politikoek eta administratiboek eragindako beharrizan sozial berrien artean, eleaniztasunean hezitako europar belaunaldi berriena nabari daiteke; ingurumari horretan, ikastoletan ingelesaren ikaste goiztiarra zabaldu da, horrekin batera laugarren hizkuntza eskuratzeko ahalegina hedatu eta indartzen doalarik. Fenomeno horri erantzuteko, besteak beste, ikastolek pedagogia egitasmoa berritu eta geure erantzuna eman diogu, eleaniztasun proiektu berritzailea diseinatuz eta abian jarriz. Halaber, irakas-ikaskuntza prozesuan bideratutako euskara gizarteko beste esparru orotara hedatzeko helburua ere badu Ikastolak. Horretarako, euskararentzat erabilpen esparru zabalak ziurtatzeko asmoz Euskaraz Bizi eta beste zenbait proiektu osagarri sortu izan dira.

Bada, euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa edo eta alemana ikastoletako ikas irakaspen prozesuetan planteatzeak eta Euskaraz Bizi eta antzeko egitasmoen eraginagatik batik bat, bestelako buruhausteak eta beharrak mahaigaineratu dizkio ikastolen mugimenduari: pedagogi berrikuntza, material sorkuntza, hizkuntzen erabilera eremuak zehaztu beharra, profesionalen prestakuntza, hizkuntzaren kalitatea jagon beharra zein euskararen erabilera ikasgelan, eskola-espazioan, hezkuntza-komunitatearen bileretan, kalean, eta abar indartzeko asmoz hiztunen jarreretan modu iraunkor eta eutsigarrian eragin beharra.

Kezka handi horien baitan dauden gakoak, agerikoak zein ezkutukoak, aztergai izan ditu Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen baitako lantalde batek (J.A. Uriarte, I. Elorza, M. Aldasoro, I. Lekuona, A. Amondarain, L. Hernandez, M. Aurrekoetxea, J.I. Etxezarreta, X. Garagorri, Nagore Soroa eta E. Osa lankideek osaturik), eta duela hiru urte hasi eta egun segitzen duen prozesuaren ingurumarian EHIEri Elkartearen nola baita Ikastola bakoitzaren Hizkuntz Proiektua zehazteko oinarriak aurkeztu dizkio. Bada, segidan, Hizkuntz Proiektuaren zati diren abiaburuak datoz.

Zer da ikastolen hizkuntz proiektua?

Nork bere errealitatearen eta kokaturik dagoen testuinguru sozio-ekonomiko-linguistiko eta kulturalari egokituriko heziketa jarduera modu koherentean islatzeko asmoz, Ikastola bezala definitzen gaituzten ezaugarri bereizgarriak adostu eta Ikastolen Hezkuntza Proiektuan (IHP) finkatu dira. Bertan, ikastola guztiok guretu ditugun ezaugarriak (nor garen), gure heziketa helburu komunak (zer nahi dugun), curriculumaren euskal dimentsioa, antolaketa-egituraren ardatz nagusiak eta gainerako guztiak jasotzen dira.

Erreferentziazko dokumentu horretan oinarrituz eta nork bere errealitatearen eta kokatuta dagoen testuinguruaren analisiaren emaitzak kontuan izanik, burutu ahal izan du ikastola bakoitzak bere autonomia pedagogikoa artikulatzen duen Ikastolako Hezkuntza Proiektua.

Baina, Ikastolen Hezkuntza Proiektuan finkatutako hainbat heziketa-helburu gauzatzeko, EHIEn oro har, nola baita, ikastola bakoitzean bada horrekin lotura estua edukiko duen beste dokumentu garrantzizko baten beharra: ikastolan lantzen diren hizkuntzen irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak bilduko dituen eta haien trataerari koherentzia emango dion HIZKUNTZ PROIEKTUA.

Halaber, Hizkuntz Proiektuak, Hezkuntza Proiektuarekin ez ezik, Curriculum Proiektuarekin ere lotura estua izango du, eta bertan bildutako erabakiek eragin zuzena izango dute ikastolako beste dokumentuetan ere: barne araudian, urteko plangintzan, barruko eta kanpoko harremanak arautzen dituzten printzipioetan eta abarretan, dokumentu horietan, besteak beste, bideratzen baitira Hizkuntz Proiektuan adostutako printzipioen gauzatzea.

Hizkuntz Proiektuan hauek jasoko dira:

Hizkuntz proiektuaren helburuak

Ondoren ikastolen hizkuntz proiektuaren xedeak aletuko ditugu:

Ikastolen funtsezko nortasunaren adierazleak

Ikastolen Hizkuntza Proiektua definitu ahal izateko, Ikastolaren nortasunaren adierazgarrien artean badira zuzenean hizkuntzarekin lotuta azaltzen direnak, hartara, Hizkuntz Proiektuaren eraikuntzan ezinbesteko ardatz izango direnak. Ondorengoak dira:

Ikastolaren helburu orokorrak

Honen inguruan hartu izan ditugun zenbait erabaki dakargu:

  1. Ikastolak hezkuntza eta hizkuntz proiektuaren ardatzat euskara izanik pertsona eleaniztunak formatu nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz. Hots, bertako hizkuntza propioa eta kontaktuko hizkuntzez gain (gaztelania eta frantsesa), atzerriko hizkuntza batean nahikotasun maila erdietsiz erabili ahal izatea lortu nahi du.

Halaber, erabaki multzo horri beste bi erabaki gehituko genizkioke:

  1. Ikastolak txertatuta dagoen komunitatean euskararen normalizazio prozesuan eragile izan nahi du. Hartara, bestelako gizarte eragile zein askotariko instituzioekin lankidetzan jarduteko borondatea du.
  2. Era berean, Ikastolak bere hezkuntza komunitatearen barne bizitza euskaraz gauzatu nahi du, mota guztietako harremanetan, eta, horretarako sortutako bitartekoetan, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta zabalkundea ziurtatu nahi ditu.

Ikastolaren helburu zehatzak

Helburu pedagogikoak

  1. Euskaraz eta gaztelaniaz/frantsesez (bakoitza bere lurralde eremuan) ahozko zein idatzizko mezuak autonomiaz eta sormenez ulertu eta ekoitzi. Ingurumari horretan, kode artistiko, zientifiko eta teknikoak dituzten mezuak interpretatu eta sortu, komunikazioan duten zeregina balioetsi eta erabileran inplikatutako prozesuei buruzko gogoeta egin.
  2. Euskal Herriko hizkuntza propioa ahalik eta eremu gehienetan erabiltzeko konpromisoa azaldu eta gure kultur ondarea ezagutu, estimatu eta hori defenditzen, kontserbatzen eta hobetzen lagundu.
  3. Hirugarren hizkuntzari dagokionez, oinarrizko komunikazio esparruetan gertatzen diren ohiko egoeretan ahozko eta idatzizko diskurtsoak ulertu eta ekoitzi.
  4. Laugarren hizkuntzari dagokionez, eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko ahozko nahiz idatzizko mezu sinpleak ulertu eta ekoitzi.
  5. Herriaren eta norbanakoen eskubidetzat eduki eta onartu hizkuntza eta kultur aniztasuna, eta eskubide horretaz baliatzerakoan errespetuzko eta konpromisozko jokabidea agertu, eta aniztasun hori dela-eta sor litekeen edozein diskriminazio arbuiatu eta ekiditen ahalegindu.
  1. Euskara ardatz izanik eleaniztasun egitasmo uztartua zehaztu eta garabidean jarri.
  2. Eleaniztasun egitasmo uztartua garatu ahal izateko EHIEn nola ikastolen antolaketa aldetik egin beharreko aldaketak aurreikusi eta eraldatzea bultzatu.
  3. Euskara ardatz izanik eleaniztasun egitasmo orekatua garabidean jartzeko bitartekoak aurreikusi eta esleitu.
  4. Euskal curriculum integratua sortzeko urratsak egin.

Helburu instituzionalak

  1. Ikastolako gobernu eta funtzionamendu organoetan gauzatzen diren harremanetan euskararen nagusitasuna indartu eta bideratu.
  2. Langile irakasle eta irakasle ez denaren hizkuntz profil egokiak bideratu.
  3. Ikastetxeko giroa euskalduna izateko neurri egokiak hartu.
  4. Ikastolako dokumentazioan erabilitako euskara gaurkotu eta egoki eta zuzen idazten saiatu.
  1. Irakasleen arteko hizkuntz harremanak arautu.
  2. Ikasleen arteko harremanak euskaraz izan daitezen ahalegindu.
  3. Familiek ikastolakoekin eta etxekoekin harremanak euskaraz izan ditzaten saiatu.
  4. Euskaldunak ez diren familietan euskararekiko zaletasuna eta errespetua landu.
  5. Administrazioko erakundeekin izaten diren harremanetan ahalik eta euskara gehien erabili, alegia euskararen nagusitasuna sendotu.
  6. Ikastolen eta bestelako eragileen arteko askotariko harremanetarako hizkuntz irizpideak ezarri.
  7. Euskararen normalizazioaren alde ari diren erakundeekin elkarlanerako harreman sistematikoak ezarri.
  8. Euskal ekimen kulturalak sortu eta herritarren artean zabaldu, eta beste erakunde sozialek proposatutakoetan parte hartu.

Ikastolen izaera eta helburuei dagokien hizkuntz eta hezkuntza politikarako oinarriak

Euskararen eta euskal hezkuntzaren inguruan dihardugunok, besteak beste, hizkuntza (euskararen) normalkuntza bideratu ahal izateko lan egiten dugu. Alabaina, zer ulertzen dugu guk hizkuntz normalkuntzaz?

Gure aurrekoek (Azkue, Eleizalde edo Urkixo, eta neurri txikiago batean, gerra ostean, Euskal Herriko bazterretan barreiatuta dauden zenbait Euskara Elkartek) hizkuntza berrezarri, edo 70eko hamarkadan horren ezagun eta oraindik baztertu gabeko (Josu Mezo –1996–) euskara berreskuratu terminoen alboan, eta, Paisos catalans-eko intelektual (Aracil, Fuster, Vallverdú, eta beste asko) multzo baten eraginez, batik bat, gure artean, hizkuntz normalkuntza terminoa nagusituz eta egokituz joan da. Hartara, hasiera batean, euskararen batasuna (nazioartean corpus planning deritzonaren kidekotzat hartuko genukeena) eta hizkuntz normalkuntza (status planning) terminoen artean gertaturiko teilakatzea tarteko, esanahiaren inguruan adostasuna ez bazegoen ere, 80. hamarkadan, askoren artean idatzitako Euskararen Liburu Zuria (Euskaltzaindia, 1977) erabiliko zen erreferentzia nagusitzat. Erreferentzia horrek, alderdi sozialari dagokionez, erdarek euskara ordezkatzeko (language shift) prozesuaren alderantzizko prozesutzat dakusa hizkuntzaren normalkuntza (Txepetxen, Larrañagaren eta Azurmendiren lanak gogoan izatekoak dira).

Hartara, hizkuntz normalkuntza euskararentzat hiztunak mantentzera eta gehitzera zein erabilera eremuak irabaztera bideratutako prozesu sozialtzat definituko genuke. Horren kariaz, alderdi ez-formal zein formaletan, ahozko zein idatzizko elkarrekintzetan, hizkuntz komunitatearen barne erlazioetan euskara ohiko hizkuntza bihurtuz edo mantenduz.

Definizioak bi alderdi azpimarratu nahi ditu, besteak beste, alde batetik, hiztun kopuru nahikoaren beharra, bai kopuruaren nola baita dentsitate eta kontzentrazio-espazialari dagokienez, eta familia zein lagun-giroa eremuez gain ideiak eta esperientziak transmititzeko gaitasuna (soziologikoa, ez linguistikoa bakarrik). Ingurumari horretan, hezkuntzak bi funtzio nagusi beteko lituzke: a) funtzio kontserbatzailea, hau da, gizarte jakin batek metatu duen kultur ondare hautatua belaunaldi berrietara pasatzea; b) funtzio berritzailea, hau da, gizarteak dituen aldaketa beharrei eta eskaera berriei erantzuteko trebatzea.

Hiztunak mantendu edo gehitu eta bizi ahal izateko erabilera eremuak irabazi, esatea erraza da, baina, hezkuntzaren eremutik nola bideratu ahal da hori?

Euskararen eta euskarazko irakaskuntza indartuz

Euskararen eta euskarazko irakaskuntza finkatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, baina, Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean goraka egin arren, oraindik asko falta da egoera normalizatzeko. Halaber, Lanbide Heziketan euskararen egoera guztiz kezkagarria da eta honen eragina erabakigarria da lan munduan euskara normalizatzeko egin beharreko urratsei begira. Nafarroan eta Iparraldean euskarazko irakaskuntzaren egoera EAEko baino are kezkagarriagoa da.

Euskarazko irakaskuntzaren egungo egoerak eta aurreikusitako bilakaerak zera ematen du aditzera, ezen, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasleen aldetik azpiko presioa egon arren, goi mailako irakaskuntzan zailtasunak eta erresistentziak are handiagoak daudela, alta, kontrapuntu gisa, euskarazko irakaskuntza ez bada garatzen Lanbide Heziketan zein goi mailako ikasketetan, lehen urteetako ahaleginak erdi bidean geratuko dira eta erdarek jarraituko dute prestigioko hizkuntza eta lan munduan erabiltzen den hizkuntza nagusia izaten.

Beraz, hezkuntzan jarraitu beharko da euskara eta euskarazko irakaskuntza sendotzen, ikasle guztiek, etxetik euskaldun zein erdaldun direnek, euskara, hitzez eta idatziz, ondo mendera dezaten etorkizunari begira, bada, ildo estrategiko (Gunea, 2000; Kontseilua, 2000) hauek nabarmentzen ditugu:

Etorkinak integratzeko berariazko bideak asmatuz

Euskal Herriko biztanleen beherakada eta 25 urtez beheko adin taldeetan gertatu den biztanleen urritze progresiboa ezaguna da. Adibidez, EAEn, 1982-83 ikasturtean, 523.622 ikasle ari ziren irakaskuntza ez unibertsitarioan ikasten, 1999-2000 ikasturtean, aldiz, 310.283 ikasle. Hamazortzi urteko epean ikasle kopurua %40,75 jaitsi da. Beraz, Euskal Herriko biztanleria zaharkitzen ari da, alabaina, Euskal Herrian eskulana behar da, bada, ez da igarle izan beharrik Euskal Herrian etorkinen emanaldi berria gertatzen ari dela esateko, neurri egokirik hartu ezean lehenago gertatu dislokazio demografikoaren (Fishman) eragina indartuz.

EAEko -behin behineko- datuak ikus ditzagun:

EAEn, ESKOLATUTAKO ETORKINAK (2001-02 ikasturtea)
LurraldeaOrotaraEmak.HHLHDBHBATX.H. Berez.Lanb. H.Held. H.
Araba 1.200540132347240492430378
Bizkaia 2.7131.29640693560492574597
Gipuzkoa 1.53277624446432866276352
EAE5.4452.6127821.7461.172207311801.327
Iturria: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

EAEn, ESKOLATUTAKO ETORKINAK (2001-02) DERRIGORREZKO IRAKASKUNTZAN
LurraldeaPublikoaPribatua
Araba%76,03625%23,97197
Bizkaia%68,291.445%31,71671
Gipuzkoa%54,75646%45,25534
EAE%662.716%341.402

Zein izango da etorkinen emaldi berrien hizkuntza eta kultur erreferentzia? Badirudi gizartean nagusi dena izango dela beraientzat ere, beraz horrek ez du euskararen eta euskal kulturaren alde jokatzen, bada, erronka zaila izango da euskararen behar larririk izango ez duten pertsona helduei euskaraz ikasteko gogoa suspertzea (Aek, 2001), alabaina, eskola garaian dauden etorkinekin aukerak ez dira errazak baina bai pertsona helduek dituztenak baino ugariagoak, beraz, horiekin ondo asmatu beharko da integrazio eta kulturen arteko bideak erabiltzen (Siguán, 2000), beren hizkuntza eta kultura galdu gabe, euskara eta euskal kultura beregana ditzaten.

Euskararen kalitatea zainduz eta eredu ona erakusten ahaleginduz

EAEn, 1982ko Euskararen Normalizazio Legeak, derrigorrezko irakaskuntza amaitzen denean, ikasle guztiek, jatorriz euskaldunek zein erdaldunek, elebidun orekatuak izan behar dutela agintzen du. Alabaina, 1974tik 1998ra egindako elebitasunari buruzko ikerketen arabera (Etxebarria, 1998) euskararen bitartez lortutako emaitzek harreman estua dute euskarari eskaintzen zaion irakaskuntza denborarekin. D ereduko emaitzak B eredukoak baino hobeak dira, eta B eredukoak A eredukoak baino hobeak. Alabaina, badira D ereduan ikasitako ikasleak oso erraz eta aise euskaraz hitz egiten eta idazten dutenak, baina, idazmenerako eta, bereziki, mintzamenerako zailtasun handiak dituztenak. Etxeko hizkuntzak, ingurune soziolinguistikoak, hizkuntzen arteko interferentziak, metodologia didaktikoak eta abarrek badute eragina.

Alta, gazteen artean euskarak izan duen bilakaeren kontrapuntu gisa, erabiltzen den hizkuntz eredua jarri beharko genuke. Izan ere, hizkuntz ereduak euskararen aldaerekin, tokian tokiko aldaerekin, egoera “naturalean” esklusibotasunez edo nagusitasunez hitz egiten denarekin alderatzen badugu geroz eta deslotuago azaltzen baita, horrek dakarren guztiarekin, aldaerak bizirik egon ohi diren ohiko guneetatik eta hizketa interakzioetatik aldentzea, eskolaz kanpoko hizkuntzaren erabileran eraginez (Zalbide, 1998; Zuazo, 2001). Halaber, gazteen artean euskararen erabilera indartzeko bestelako aldaerak (argota, hitanoa, etab) sailkatzea eta kontuan hartzea garrantzi handiko kontuak dira. Izan ere, euskara egokia eta une egokian erabiltzeko gai ez den hiztunak ez du komunikaziorik lortuko, ez du hizkuntza erabiliz gozatuko, eta, azken batean, euskara bazterrean utzita beste hizkuntza batez baliatuko da.

Halaber, euskara eredu ona erakusteko orduan irakaslea bera da aipatu faktore horien guztien azken katea. Euskara “ondo” erakutsi ahal izateko, bada, euskara eredu ona behar da. Hala ere, hori ere ez da nahikoa, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei buruz eta zehazki hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuei buruz ondo bermatutako printzipio teorikoak eta faktore pedagogikoak behar baitira.

Etorkizunari begira, bada, ildo hauek azpimarratuko ditugu:

Euskararen erabilera elikatuz

Zer egin dezake eskolak erabilera elikatzeko? Besteak beste, hezkuntza komunitatearen harreman sareetan (ikasleen artean, ikasle eta profesionalen artean, familian, e.a.) euskararen erabilera eragozten duten buxonak eta etenak identifikatuz eta gainditzeko estrategiak zehaztuz, eta bere jendearentzako “arnasguneak” eratzen, bilatzen eta mantentzen berariaz ahaleginduz. Euskarazko arnasgunea, demografi aldetik euskara “bere habian” sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe etxeko jaun sentituko den eremua, leku-eremu horiek euskarazko bizibide jatorraren oasiak-edo bihur litezke, kulturazko autoerregulazio handiko guneak. Gurea bezalako hizkuntza ahulek hain sarri sufritu behar izaten duten dislokazio fisikoari (Fishman) aurre egiteko bidea.

Izan ere, hizkuntza txikiek ere, hiztun-herri gisa jarraitu nahi badute, beren demographic concentration-eko arnasguneei eutsi behar diete. Hartara, zenbat eta euskaldunak elkarrengandik gertuago bizi/egon hainbat eta anparo handiagoa emango diote batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak (ele-erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten “social norms” eta “interactive situations” direlakoak ugarituz.

Txikitan (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, batez ere), gehienbat irakaslearekin, baina baita gelako lagunekin ere, gela barruan eta, batzuetan, baita kanpoan ere euskaraz hitz egiten dute nagusiki. Adinez aurrera egin ahala (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, esate baterako), ordea, irakaslearen eta eskolaren eragina ahultzen doa eta gizarte bizitzako beste erreferentziak indartzen. Gizarte-inguruneko euskaldun-erdaldunen dentsitatearen arabera, gaztetxoak euskaraz edo erdaraz egiteko joera dute. Errealitate horren aurrean eskolaren babesa mugatua bada ere, “Euskaraz bizi” eta antzeko programen laguntzaz, gaztetxoen euskararekiko jarreretan eta ohituretan eragin behar dugu, alabaina, programa horiek eskolaren eremuan eragin handiagoa dutenez kanpoan baino, eskolaz kanpo eragiteko, batez ere gune erdaldunduenetan, euskara erabiliko den eskolaz kanpoko arnasguneak antolatzen eta indartzen urrats are sendoagoak egin beharko dira.

Etorkizunari begira, bada, erronka hauek azpimarratuko ditugu:

Euskara eta euskal kultura ardatzak izanik, kulturaniztasuneko eta eleaniztasuneko planteamenduak indartuz eta hedatuz

Oinak lurrean, XXI. mendean, gainerako hizkuntzak –ingelesa– oro har, Euskal Herrian frantsesa eta gaztelania bereziki, albo batera utzita, hizkuntza gutxitu bat –euskara– mantentzea eta indarberritzea (Fishmanen RLSren –Reversing Language Shift– itzulpen gisa Hizkuntza INdarBErritzea –HINBE litzateke bere akronimoa– erabiltzen dugu) bideratu litekeela ez dugu uste. Bada, euskaldunon etorkizuna eleaniztuna da, alabaina, euskarak eskola eremuan hizkuntza nagusia izan behar du eta eskola eremuko hizkuntza planifikazio guzti-guztiek gutxienez aurrebaldintza hori bermatu behar dute, atzerriko hizkuntzaren ikasketa euskara mailaren eta jarreraren kaltean gerta ez dadin.

Beraz, Euskal Herriko hezkuntza planteamendua kulturaniztunean eta eleaniztunean ardaztu behar da, etorkizunean, inmigrazioaren eta globalizazioaren eraginez, ezaugarri horiek indartzen joango direla kontuan are gehiago. Egoera horren aurrean eskolaren erronka hau da:

Eskolaren eginkizuna kontuan hartuz, bestelako gizarte eragileekiko lankidetzarako oinarriak jarriz

Orain arte eskolaren eginkizunari buruz erabakita daukaguna gogora ekarriz:

“(...) ez da ahaztu behar eskolak bizitza sozialeko esparru ezberdinetan joka dezakeen eginkizun eraginkorra hizkuntza erabilpenaren bizkortzean. Izan ere, eskolak, hizkuntzaren agente birsortzaile sozial bezala, ez du mugatu behar bere eginkizuna hizkuntzaren irakaspen akademikora, baizik eta hizkuntza horren erabilpena bultzatu behar du haurraren bizitza sozialean, eskolaz kanpoko bere ekintzetan. Eragotzi egin behar da kosta ahala kosta euskara hizkuntza akademiko soil bihurtzeko arriskua, hau da, eskola barruko esparruetan bakarrik (eta ezta jolas-garaian, etab. ere) erabilia izatekoa, ikasleen eskolaz kanpoko bizitzan inolako erabilpenik izan behar ez balu bezala” (In Euskal Eskola, 1991. Ikastolen Elkartea, 27. orrialdea)

Eta, gizarteko eragileen arteko lankidetzari buruz:

“Eskola da hizkuntza baten normalizazio-prozesuaren zutabe eta eragilerik oinarrizkoenetakoa. Bere eginkizuna, ordea, erlazionatuta egongo da euskal gizarteko beste sektore guztiekin, interakzio-prozesu batean, non eskola izango baita euskalduntzearen bultzatzailea. Baina, aldi berean, gizarteak bere egoera egokitzen joan behar du hizkuntza errealitatera, bai gaurkora eta bai etorkizun hurbilekora. Administrazioa eta gizartea, orokorki, ezin dira mugatu gaurko eskaerari erantzuna ematera, planifikatu egin behar dute eta baldintza egokiak sortu gaur eskoletan euskalduntzen ari diren haurrek, bizitza sozialeko edozein esparrutan, beren ahalmenak euskaraz garatu ahal izan dezaten biharko egunean” (In Euskal Eskola, 1991. Ikastolen Elkartea, 27. orrialdea)

Ingurumari honetan, Euskara biziberritzeko Plan Nagusiak (Eusko Jaurlaritza, 1999), eta berorren garapena den eta etorkizun hurbilean EAEko udalerri gehienetan eragin handia izango duen Udal Eremuen Araberako Hedapenak (Eusko Jaurlaritza, 2001) hiru eremu estrategikoren inguruan biltzen dituzte proposamenak:

Plan estrategiko honetan, irakaskuntza euskara ondorengoetaratzeari dagokion multzoan kokatzen da. Hori da irakaskuntzaren funtzio nagusia hain zuzen: belaunaldi berriei euskara ona eta ondo irakastea. Hala ere, irakaskuntzaren funtzioa, adibidez, ezin da mugatu euskara irakastera. Izan ere, irakaskuntzaren eta eskolaren betebeharra ere bada euskararen erabilerari eragitea, bidenabar, euskararen elikaduran eraginez. Gauzak horrela, ezinbestekoa da eremu guztietako eragileen arteko harremana eta koordinazioa sustatzea.

Era berean, gure iritziz, gizarte eragileekin askotariko ekimenak zehaztu eta abian jartzeko unean, honako lau irizpideok kontuan hartzea proposatzen dugu:

Bada, aurrera begira proposatzen ditugun ildo estrategikoak:

Hizkuntza, kultura eta metodologia ikuspegiaren oinarriak

Ondoren hizkuntzari, kulturari eta metologiari buruzko ikuspegia zein oinarritan eraiki dugun azalduko dugu.

Hizkuntzari buruzko ikuspegia

Hizkuntza aktibitate bat da (Leontiev), gaitasun bat (Chomsky), modulu operatibo bat (Fodor), hizketa ekintza multzo bat (Austin, Searle), baina, produktu bat ere bada (gramatika tradizionala), subjektua behar ez duen egitura bat (Lévi-Straus), sistema formal bat (Hjemslev). Alabaina, gure iritziz, gauza guztien gainetik, hizkuntza hautazko zeinuen sistema da, giza komunikaziorako erabilia.

Sistema bat dela esateak hizkuntzaren alderdi estrukturala azpimarratzen du, elkarloturik dauden neurrian eta osotasunari erreferentzia egiten dioten neurrian beren zentzu eta balio osoa duten elementuz osaturik dagoen sistema. Alabaina, hizkuntza sistemaren unitate komunikatiboa ez da hitza, ez eta esaldia ere, diskurtsoa baizik, askotariko testuetan gauzatzen dena. Testuek, aldiz, komunikazioa gertatzen den xedeari eta egoerari (kontestuari) egokitzen zaizkie, eta, beren osotasuna lortuko dute, baldin eta, bidenabar, euren arau propioez gain, azpi-sistema fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoen arauak ere betetzen badituzte.

Hizkuntza arauen, hiztegiaren eta egituren ezagutza (inplizitua edo esplizitua, Eredu Deduktiboa –Guided Presentation– edo Eredu Induktiboa –Discovery– erabiliz), beraz, beharrezko baldintza da komunikaziorako; baina, ez da nahikoa. Komunikazioa eragingarria izan dadin, hizkuntzaren erabilerarako arauak –halako edo bestelako forma linguistikoak halako egoeretan, halako pertsonekin eta komunikazio-xedea kontuan izanik– erabiltzen jakitea behar beharrezkoa baita. Bada, sistema eta komunikazioa elkarloturik daude, beraz, hizkuntza komunikaziorako sistema dela esan daiteke; zehazkiago, kontestu sozialetan komunikaziorako erabiltzen den sistema.

Komunikazioan oinarri duen ikuspegiarekin uztartutako hizkuntzaren ikuspegi hori, azken urteotan hizkuntzalaritzan gertatu den bilakaeraren ingurumarian kokatzen da. Hartara, jakintza-mota askotariko emaitza teoriko eta praktikoen bilgune izaki, ez dago halako metodo zehatz bati lotua, izan ere, planteamendu komunikatiboaren kontzeptua zabala da, eta, bere baitara biltzen ditu, irakaskuntza estrategia jakin bat ez ezik, helburu-multzoa, hainbat metodologi printzipio, irakaskuntza-teknika tipiko batzuen deskribapen xehea eta abarrak ere. Halaber, bi ikuspegiak uztartze aldera, bi ikuspegien arteko lotura azaltzeko, egokia dugu, lehen momentuan continuumaren irudia erabiltzea, edo, Robert O’Neal-ek antolaturiko Spiral Syllabusses delakoa.

Alabaina, hizkuntzaren funtzionamenduari dagokionez, Ikastolen hezkuntzaren ikuspegi orokorra paradigma eraikitzailean, eta, bereziki, Vigotskyren inguruko interakzionismo sozialean errotzen denez, pertsonaren garapenaren atal nagusia den hizkuntzari buruzko kontzepzioa paradigma horren barruko hizkuntzaren jabekuntzaren teorietan oinarritzea logikoa da. Hargatik, gure Hizkuntz Proiektuaren oinarrian hizkuntzaren ikuspegi diskurtsiboa dago.

Ikuspegi horrek, hizkuntza talde ekintzaren, elkarrekintzaren zeinu bezala ikusten du, eta, beraz, hizkuntza formen deskribapen abstraktua alboratuz, haien esanahia erabileraren bitartez bakarrik eraikitzen dela baieztatuko du, eta, hizkuntzaren talde ekintza erregulatzeko tresna izaera hobetsiz, garatuko ditu hizkuntzaren beste alderdi nagusia: barne antolaketarako tresna, errealitatea irudikatzeko eta pentsamendua garatzeko tresna izaera.

Komunikazioan eta erabilera sozialean oinarritutako hizkuntzaren azterketak, Van Dyjkek (1978) proposatutako “testuaren zientzia”n bildu bezala, diziplina arteko izaera izan beharko du. Beraz, Hizkuntz proiektuan, askotariko alderdiei erantzun ahal izateko, komunikazioaren teoriak, besteak beste, linguistika diskurtsiboa, funtzionala, soziolinguistika, ama hizkuntzaren garapenaz arduratzen den psikolinguistika interakzionala, hizkuntzaren psikopedagogia, elebitasunaren inguruko ikerketa psikopedagogikoak, zein bestelako diziplinatatik ekarpenak jasoko ditu.

Hizkuntzak eta kultura transmisioa

Hizkuntzak, haiek guztiak, ez dira ideia, nahi eta esperientziak pertsonen artean trukatzeko bitarteko soila. Horrez gainera, hizkuntzak, eta beste osagai batzuen ondoan, beraiei loturiko kulturen erakusle edo adierazpen sinboliko dira (azken batean, komunitate etnokulturalarenak), kultura horien zati dira eta beroriei, neurri handi edo txiki batean, komunikaziorako oinarria ematen diete.

Hartara, gure ikuspegitik, ez dago kultur edukirik gabeko euskararik eta beraz, zaila litzateke Hizkuntz Proiektua definitzea euskal kulturari edo hobe esanda, euskal kulturaren berezko aspektuei erreferentziarik egin gabe.

Curriculumaren Euskal Dimentsioaren inguruko ikerketa Ikastola mugimenduaren oinarrizko zeregin bat da, eta ikerketa talde bat izendatu da eginkizun hau bideratzeko. Talde horrek eztabaidarako plazaratutako dokumentuan gai honen inguruan eginbeharrekoa eta ikastola bakoitzaren zeregina ere adierazten dira:

Hizkuntzari buruzko ikuspegi metodologikoa

Komunikazioaren inguruan, hausnarketa

Adierazitako komunikazioaren ikuspegia didaktikoki garatzeko unean, paradigma eraikitzaile-interakzionalaren barruan koka ditzakegun korronte metodologikoen ekarpenak kontuan hartu izan ditugu (1), batzuetatik eta besteetatik gure beharrei erantzuteko elementu egokienak hartuz eta gureganatuz.

Gure metodologi ikuspegia adierazteko, korronte hauek guztiek duten ardatz komunean oinarritu gara. Hizkuntza elkarrekintzan erabiliz, besteekin gauzak egiteko erabiliz garatzen dela sinesten dugu, hizkuntzaren elementuak ez direla era abstraktuan jasotzen, alderantziz, esanahia duten neurrian, partekatutako ekintzen testuinguruan txertatuta agertzen direnean bakarrik jasotzen direla. Beraz, komunikazioa izango da irakaskuntza-ikaskuntzaren estrategia nagusia; prozesuaren giltzarria hizkuntzaren erabilera esanguratsuak eta eragingarriak eraikitzean datza.

Komunikazio horrek hainbat baldintza bete beharko ditu hizkuntzaren jabekuntza bideratu ahal izateko:

  1. Komunikazio testuinguru aberatsa. Gela barruko eduki eta harremanen inguru mugatua gaindituz, ahalik eta bizitzako eremu guztietako esperientziak eskaini behar dira.
  2. Hizkuntzaren erabilera esanguratsua. Proposatutako ekintzen funtzionaltasuna, ikasleen behar eta interesekiko lotura, hizkuntzaren egiazko tresna izaera ziurtatu behar dira batetik. Bestetik, ikasketa prozesuarekiko koherentzia, hau da, jasotako ‘input’-aren eta produzitu beharreko ‘output’-aren bideragarritasuna ere ziurtatzea ezinbestekoa da.
  3. Kalitateko interakzioa. Hizkuntza eraikuntza soziala da; irakasle-ikasleek elkarrekin eraikitako testuinguruak, “partekatutako esparruak” (Artigal), ematen die esanahia hizkuntza formei. Beraz, elkarrekintza horren kalitateak garrantzi berezia du hizkuntzaren jabekuntza prozesuan eta kalitate hau bi esparrutan ziurtatu beharko dugu: harreman afektiboetan eta komunikazio ekintza eta jardueren egituraketa zehatz eta egokian.
  4. Hizkuntzaren gainean, hausnarketa. Halaber, “Hizkuntzari buruzko ikuspegia” izeneko atalean aurreratutako hariari segida emanez, erabileraren inguruko hausnarketa, hizkuntzaren bidez egiten dugun horretan sortutako forma eta erregelen inguruko gogoeta funtzionala, erabilera hori hobetzeko bide garrantzitsua izango da. Hausnarketa hau, komunikazio eta erabileraren ikuspuntutik egiten dugun neurrian, diskurtsoaren mailatik abiatuta, komunikazio unitate diren testuetan oinarrituko da.


Tarteko hizkuntza

Ikasleak hizkuntza ez jakitetik hizkuntzaren azken produktura heldu bitarteko uneek osatzen dute tarteko pausoak edo tarteko hizkuntza deritzana (Selinker, 1996).

Honela definitzen da tarteko hizkuntza: “bigarren hizkuntza edo hizkuntza arrotza ikasten ari denak erabiltzen duen hizkuntza da. Ikaslearen lehen hizkuntzaren eta ikasten ari denaren arteko sistema baten itxura du. Tarteko hizkuntza, ikasleak aurreratu ahala, ikasi beharreko hizkuntzaren gero eta antz handiagoko bilakatzen da. Hala ere, ikasleak oraindik ere erabiltzen ditu tarteko hizkuntzaren elementuak, ez lehen hizkuntzaren, ez ikasten ari denarekin zuzenean loturik daudenak” (Uzei, 1987).

Beraz, tarteko hizkuntza sistema ez-egonkorra eta dinamikoa da, izan ere, ikasleak, hipotesi berriak tarteko direla, lehenago eginda zituen hainbat hipotesi baztertu eta bere tarteko hizkuntza etengabe berraztertzen duela kontuan hartu behar baita. Tarteko hizkuntzetan dauden erroreak, bestalde, sistematikoak izan ohi dira eta bost kategoria nagusiri egokitzen zaizkio:

Erroreak, beraz, ikas prozesuaren berezko ezaugarriak dira eta ikaslea ikasten ari dela adierazten dute. Alabaina, tarteko hizkuntza fosiliza daiteke eta, ikasleak lehenago aipatu continuum horretan geldiuneak izan ditzake, xede-hizkuntzara iristeko oztopo gertatuz.

Komunikazioan oinarritutako askotariko estrategiak erabiltzeak, berez, arrisku hori ere badakar. Izan ere, ikaslearen autonomia bideratu asmoz ikaslea komunikazio estrategiak garatzera bultzatzen baitute. Hala ere, arrisku hori neurri batean murriztu ahal izateko pedagogi neurriak har daitezke, esate baterako:


Testu pedagogia

Korronte guztien artean, gure planteamendu didaktikoaren ardatz nagusitzat har dezakeguna testu pedagogia deritzona da, J-P. Bronkcart eta Genevako eskolan sortutako proposamena, Euskal Herri mailan eragin berezia izan duena. Testu pedagogiak komunikazioa eta erabilera abiapuntutzat duen hizkuntzaren lanketa egituratzeko markoa eskaintzen digu. Hauek dira haren ezaugarri nagusiak:

Proposatzen diren zereginetan, ikasketa autonomoaz gain, ikasketa kooperatiboa bideratzen duten ikasleen taldekatze motak potentziatzea.

Hizkuntz arloko curriculum integratua

Hizkuntz arloko curriculum diseinua

Deskribatutako hizkuntzaren kontzepzioak ez bakarrik metodologian, baizik eta curriculum mailako beste erabaki guztietan ere diseinu guztiz desberdina eragiten du hala nola, arloaren xedearen beraren definizioan, helburuen eta edukien aukeran eta sekuentzian, edo eta estrategia didaktikoetan.

Eskolaren ohiko hizkuntzaren trataeran, hizkuntzaren ikuspegi estrukturala nagusitu izan ohi da, hau da hizkuntza sistema formal gisa ikusi izan da, erregela eta elementu multzo abstraktu eta orokor bezala. Ondorioz, didaktikaren helburua sistema horren ezagutza izan da, hizkuntza bakoitzaren egitura, erregela eta osagaiak ezagutu ondoren, ezaguera hori aplikatuz hizkuntzaren jabetza lortuko delakoan. Beraz, eduki nagusiak bi ataletan banatu ohi izan dira: batetik hizkuntzaren gramatika, bai lanketa mailan (ortografia, morfosintaxia, hiztegiaren lanketa ) bai eta analisi-kontzeptualizazio mailan, hau da, sistemaren erregela eta elementu ortografiko, morfologiko, sintaxiko, lexikoen identifikazioa eta izendapena. Bestetik literatura idatzia, hizkuntza jaso eta aberatsaren eredu gisa, idazle ospetsuen zati aukeratuak irakurri eta landuz eta idazlanak sortuz.

Gaur egungo ikuspegia, ordea, bestelakoa da. Hizkuntza arloaren xedea ikasleen komunikazio eta errepresentazio gaitasunak garatzea izango da, hizkuntzaren oinarrizko trebezia nagusien (entzun, irakurri, hitz egin, idatzi) menperatzea lortuz, bizitzan planteatzen diren egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin hizkuntza komunikazio tresna eragingarri gisa erabil dezaten.

Ondorioz, didaktikaren helburua giza behar guztietarako tresna horren erabilera egokia izango da, testuinguru eta zeregin desberdinetan erabiliz, eta erabilera horren inguruko hausnarketa eginez, hizkuntzaren jabetza lortuko da. Eduki nagusiak, beraz, erabilera sozial desberdinak izango dira (pertsonarteko harremanak, literatura, ikaskuntza, komunikabideak, instituzioekiko harremana), eta erabilera horietatik sortutako testuen lanketan eta komunikazio ekintzaren inguruko hausnarketan gauzatuko dira testuinguruari atxikitako gramatikaren lanketa eta hizkuntz sistemaren kontzeptualizazioa. Bestalde, gure ikuspuntutik, hizkuntzaren alderdi soziolinguistikoak ere garrantzi berezia hartzen du. Hartara, gizarte mailako hausnarketarako eduki multzo berezi bat sortzen da.

Beraz, curriculuma diseinatzerakoan, eremu bakoitzeko testu mota desberdinak definitu eta haiei dagozkien ulermen eta ekoizpen prozedurak sekuentzializatuko dira. Horrekin batera, eta erabili beharreko trebeziaren arabera, testu mota bakoitzarekiko landu beharreko baliabide linguistikoak (testuinguruko eremukoak, eremu testualekoak eta perpausa eta hitzaren eremukoak) zehaztuko dira.

Marko komun honen barruan garatzen dira etapa eta zikloetako proiektu kurrikularrak, eta adin bakoitzari dagozkion hizkuntz beharren arabera definitu eta sekuentziatuko dira aipatutako erabilera eremu bakoitzeko testuak, bai eta marko honen barruan kokatzen dira curriculumeko hizkuntzak ere, erabilera eremu horiek hizkuntza bakoitzaren komunikazio testuinguruaren arabera aukeratuz eta sekuentziatuz.


Hizkuntzen ikusmolde integratzailea: curriculum integratua

Euskararen eta euskal kulturaren oinordetza ziurtatu eta indartzeko konpromisoa guregan dugula, ez dugu ahazten gaur egungo gizartearen bizitzeko erreferentzia-esparrua gizadi osora zabaltzen dela. Beraz, gure proiektuak euskaldun izaera abiapuntu izanik, kultura unibertsalaren aniztasun eta aberastasunaren partaide egin nahi ditu ikasleak. Hizkuntzari dagokionez, bi elementu horiekin jokatzea lortu nahi da, euskarak bere hizkuntz eremuan behar duen garapen osoa lortzearekin batetik eta, bestetik, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestearekin. Gutxienez, kontaktuan dauden bi hizkuntza ofizialak (euskara-gaztelania; euskara-frantsesa) eta nazioarteko komunikaziorako beste hizkuntza bat izango ditugu langai ikastoletan.

Egoera honetan ez dago planteatzerik ikastolaren hizkuntz curriculuma hiru edo eta lau hizkuntza curriculum bakartuen batura bezala; hizkuntza eta komunikaziorako heziketa, curriculumeko hizkuntzak biltzen dituen Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik soilik bidera daiteke.

Ikuspegi honek, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, guztientzat erreferentzi marko teoriko berdina, ikasketa linguistikoan parte hartzen duten mekanismoei buruzko ikuskera berdinean eta irizpide didaktiko komunetan oinarritutako metodologian ados jartzea eskatzen du. Ondorioz, Hizkuntza arloko curriculum integratua eraikitzeko oinarria hizkuntzaz dugun kontzepzio komuna da. Era berean, kontzepzio horrek berekin dakarren didaktika helburua eta horren ildo nagusiak, komunak dira ikastolan lantzen diren hizkuntza guztientzat.

Hizkuntza arlo integratua Cummins-en (1981) Hizkuntzen Interdependentzia printzipioan, Elkarmenpekotasun Linguistikoaren printzipioan, ardazten da. Honela adierazi ohi da formalki:

Edo beste hitz batzuetan esanda: hizkuntza batean lortutako hainbat gaitasun eta ezaguera, erabiltzen diren beste hizkuntzetara transferitu egiten dira, baldin eta beste hizkuntza horietan komunikazio aukerak eta motibazioa badira.

Hezkuntza eleaniztunak, eragingarritasunez jokatu nahi badu, transferentzia gaitasun horri ahalik eta etekin handiena atera beharko dio, baina transferentziak ez dira automatikoki gertatzen, bideratu eta eragin beharreko prozesuak dira. Horretarako ezinbestekoa zaigu irakatsi beharreko hizkuntza desberdinak integratuko dituen curriculum diseinu integratua egitea. Curriculumaren garapen bateratua honako puntuetan laburbildu dezakegu:

EtapaAdinaEuskaraCastellanoEnglishFrançais
Haur Hezkuntza 2. zikloa13-4X (Glob.)X

24-5X (Glob.)XX (2.5 o.)
35-6X (Glob.)XX (2.5 o.)
Lehen Hezkuntza 16-7X (Glob.)XX (3 o.)
27-8X (Glob.)XX (3 o.)
38-9X (3 o.)X (3 o.)X (3 o.)
49-10X (3 o.)X (3 o.)X (3 o.)
510-11X (3 o.)X (3 o.)X (3 o.)
611-12X (3 o.)X (3 o.)X (4 o.)
Bigarren Hezkuntza 112-13X (3 o.)X (3 o.)X (4 o.) X (2 o.)
213-14X (3 o.)X (3 o.)X (4 o.) X (2 o.)
314-15X (3 o.)X (3 o.)X (5. o.) (Gizarte) X (2 o.)
415-16X (3 o.)X (3 o.)X (5. o.) (Gizarte) X (2 o.)
Hizkuntzen % Euskara 20,90 Euskaraz 54,298,8612,123,80

Euskara eremu guztiak besarkatzen dituen tresna gisa integratzen da, hasierako prozesuan era globalizatuan, eta ondoren arlo izaera ere hartzen du.

Gaztelaniaren kasuan, 3. mailan hasten da haren ikasgai trataera, ingurunean jasotako ezagutza informalean oinarritutako erabilera formal eta akademikoetan zentratuz. Halere, aurreko mailetan gizartearekiko harremanetan sortutako gaztelaniazko erabilerak onartu eta era naturalean integratuko ditugu gelako jardueran eta hainbat kasutan, eremu oso euskaldunetan, testuinguruak gaztelaniaren jabekuntza informal hori ziurtatzen ez duenean, ikastolak aurretik erantzun beharko dio.

Ingelesaren kasuan, arlo trataera duen arren, ikuspegi interkurrikular batez garatzen da lana eta hainbat eta hainbat eduki ingelesez landuko dira, curriculumaren barrukoak zuzenean, edo eta harekin lotura hertsia dutenak eta osagarri izan daitezkeenak (hala nola, munduko herriak eta kulturak Lehen Hezkuntzan). Prozesua Bigarren Hezkuntzako azken zikloan bukatuko da arlo bat zuzenean ingelesez eskainiz (Gizarte arloa momentuz, 3 ordu), Ingeles arloarekin (2 ordu) koordinazioan garatuko dena.

Curriculumaren laugarren hizkuntza litzatekeen frantsesaren kasuan, Bigarren Hezkuntzan ezarriko da, hizkuntzari lehen hurbilpena egiteko asmoz.

Hizkuntzaren zeharkakotasuna

Eskola hizkuntza; hizkuntza akademikoaren lanketa

Hizkuntza pentsamendua egituratzeko eta errealitatea barneratzeko tresna nagusia da. Hizkuntzaren garapen egokia esparru akademikoan arrakastaren giltzarria izango da neurri handi batean, eskolaren ikasketa beharrei erantzuteko abstrakzio eta konplexutasun handiko hizkuntza egitura eta trebeziak beharrezkoak baitira. Hizkuntza akademikoaren garapena bi bidetatik ziurtatu behar da:

Ikusi dugun curriculum diseinuaren arabera, esparru akademikoko erabilerak Hizkuntza arloko eduki zuzenak bihurtu dira. Beraz, beste arloetarako beharrezkoak diren hizkuntza edukiak identifikatu eta landu egiten dira. Euskaraz bereziki, ikasketa horien funtzionalitatea garbia da, haien aplikazio eta orokortzea zuzenak baitira.

Eremu akademikoaren integraziorako beste arrazoi nagusi bat dago, ikastolako beste hizkuntzen kasuan, eta bereziki ingelesaren kasuan, garrantzi berezia izango duena. Hizkuntza komunikazio egoera errealetan erabiliz ikasten bada eta gure ikasleen hizkuntza horrekiko harremana eskola testuingurura mugatzen bada, ondorioz nahitaezkoa bihurtzen da elkarrekin bizi dugun komunikazio testuinguru erreal hori ikasketarako ardatz gisa erabiltzea eta, beraz, eskola-gaiak erabiltzea hizkuntz desberdinak ikasteko. Hizkuntzen trataerarako baliabide nagusia bihurtzen da horrela haren komunikazio testuinguru erreala: eskola eta haren zereginak.

Planteamendu honen barruan maila desberdineko proposamenak garatzen dira gure proiektu kurrikularrean. Gaztelaniaren kasuan, eremu akademikoak leku nagusia du curriculumean, hizkuntza jabekuntza orekatuaren oinarri baita, gizartean jasotako hizkuntza informalaren osagarri bezala. Ingelesaren kasuan, funtzionalitatea eta motibazioa bilatzeko erabiltzen da ikuspegi instrumentala, edukien bidezko hizkuntzaren irakaskuntzaren bidetik poliki-poliki hizkuntza horretan beste arlo baten lanketara iritsi arte.

Ezaguerak egituratzea ahalbidetzen duen tresna eragingarria da hizkuntza. Halaber, lengoaiak jadanik ezagutzen duguna antolatzen eta ordenatzen laguntzen digu, eta ezaguera berriak eskuratu ahala barneratzen ere laguntzen digu. Beraz, eremuetako edukiak irakatsi eta ikasi ahala eremu bakoitzaren hizkuntza irakasten/ikasten dihardugu, eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala, komunikazio ekintzak burutu ahala, kurrikuluan esku hartzen duten eremuetako edukiak garatu edo guretu egiten ditugu. Zoritxarrez, ikasketarekin lotutako hizkuntz trebeziak tresna nagusi dira, baina, gehienetan inplizituak geratzen dira; eskatu egiten dira, baina ez irakatsi. Informazioa biltzea, arretaz entzutea, irakurketa ulerkorra, ikasitakoaren adierazpena, oinarrizko konpetentziak dira arlo desberdinetatik elkarrekintzan garatu beharrekoak. Bada, ingurumari horretan, eskolaren curriculumaren eremu bakoitzaren zeharkako ardatz gisa hizkuntza dakusagu.

Hizkuntz arloak eremu akademikoko hizkuntzaren lanketa bere gain hartu duela esan dugu. Baina horren eragina mugatua izango da arloetako irakasleek ardura zuzena ere hartzen ez badute, hizkuntz eduki horiek arloetako ezaguerak eraikitzeko jardueretan bakarrik barneratuko baitira.

Hizkuntz proiektuaren zeregin nagusi bat izango da, besteak beste, esparru akademikoaren gaitasun kognitibo-linguistikoen lanketarako arlo guztiak bilduko dituen plangintza koordinatua bideratzea.


Gelaz kanpoko komunikazio eremuei erantzuna

Ikastolaren ikuspegitik hezkuntza orokorra komunitatearen elkarrekintzan oinarrituta dago. Ikaslearen hezkuntza prozesuan komunitate osoaren inplikazioa eta partaidetza bultzatu nahi du Ikastolak. Komunitateko kide guztiak (familia, haurra, irakasleak eta baita ikastolako beste langileak ere), bakoitza bere esparruan eta unean, hezkuntza prozesuaren eragile dira. Hizkuntzaren jabetze prozesuan ere elkarrekintzaren printzipio hau aplikatzen dugula ikusi da aurretik eta gainera, partaidetzaren kontzeptuak garrantzi berezia hartzen du hizkuntza egoera gutxitu batean, kasurako euskaran.

Komunikazioak erreala izan behar badu ikasketa eragingarria bideratzeko, hainbat eremutan gela barruko lana oso mugatua gelditzen da. Pertsonarteko esparru informalean bereziki, irakasleak bideratu dezakeen hizkuntz erabilera artifiziala eta antzua gerta baitaiteke. Jabetze maila egokia gerta dadin berezko esparruetan eragin beharko dugu. Hartara, Hizkuntz Proiektu integral baten beharra, ikastola eta bere ingurune hurbila bilduko dituen eta gelaz kanpoko esparru sozial horietan eragiteko estrategiak (Euskaraz Bizi eta beste proiektu osagarriak) koordinatu eta era koherentean diseinatzeko bidea emango duena.

Ondorio nagusiak

  1. Hizkuntz Proiektuak eskola eremuan euskararen normalizazioa lortzera begirako egitasmoa gainditu eta, euskara eta euskalduntasuna ardatzat harturik, koherentzia izateko zein uztartzeko asmoz, lantzen diren hizkuntzen irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak bilduko ditu. Bertan, hizkuntza bakoitzaren jarduera-esparruak definitu eta hizkuntza bakoitzaren inguruan dauden helburu pedagogiko, orokor zein zehatzak bilduko dira.
  1. Hizkuntz Proiektu Integratuak, hizkuntzen trataera komunari dagokionez, euskal curriculumetik abiatuta eta berau ardatzat hartuta, egitarauen arteko teilakatzeak ekidin ahal izateko uztartutako egitarauak zein estrategiak zehaztea eskatzen du. Horretarako, ikastolako hizkuntza guztiak bilduko dituen Hizkuntzen Curriculum Integratua diseinatu beharko da. Halaber, hizkuntzaren eskurapen prozesuen inguruan nola berau bideratu ahal izateko metodologiaren inguruko ikuskera komuna eskatzen ditu, bai eta helburu eta eduki osagarriak, materialak diseinatu edo/eta aukeratzeko orduan eta ebaluazioaren inguruko irizpide komunak ere. Hartara, hori lortzeko egitura, funtzionamendu, giza baliabide eta ekonomia baliabideen inguruan berariazko urratsak egin behar dira.
  2. Euskal eskolen curriculum integratua eraikitzeko, berreskurapen eta integrazio kulturalaren ereduen arteko uztarketa egin beharko da, beraz, euskal kultura ardatzat, horren inguruan ukipen kulturak, curriculum ofizialak, Europako kultura eta kultura unibertsala uztartu nola baita inmigranteen ukipen kulturak uztartzen dituen curriculum integratzailea gauzatu beharko da.
  3. Hizkuntz Proiektua, lankidetzan jarduteko markoa. Hizkuntzaren garapen egokia ez da hizkuntza arloan ari direnen erantzukizuna soil-soilik, gainerako profesionalek ezinbestean kontuan hartu eta ikastolaren jarduera osoan kontuan hartu beharrekoa baizik. Hartara, Hizkuntz Proiektu integratuaren gauzatzeak hezkuntza komunitatea osatzen duten kideen artean oro har, profesionalen artean batez ere, alde bakarreko ekimenak ekidinez, lankidetzan jardutea eskatzen duen kontua da.
  4. Askotariko eragileen arteko lankidetzarako markoa. Eleaniztasunari begira hezurmamitutako Hizkuntz Proiektuak, helburuak erabat lortu ahal izateko, lege babes egokia ez ezik, hezkuntza komunitatea kokatuta dagoen inguruan daukan eragile egitekoaz jabetzea eta eskola barruko nola baita eskolaz kanpo euskararen normalizazioa bideratzeko asmoz ekimenak bideratzea ere eskatzen ditu, hartara, askotariko eragileekin lankidetzarako esparruak finkatuz eta berariazko egitasmoak abian jarriz.
  5. Eleaniztasuna bideratuko duen lege geriza. Eleaniztasuna lortzera begira dagoen Hizkuntz Proiektuak egun elebitasuna erdiestera bideratutako lege arauak gaindituz, euskara eta euskal curriculumak ardatzat hartuta, eleaniztasuna bideratuko duen lege geriza egokia behar du. Hartara, berori lortu ahal izateko, hezkuntza taldeen arteko lankidetza behar beharrezkoa da.
  6. Hizkuntz Proiektua garabidean jartzeko erabakia. 2002ko urtarrilaren 22an, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen Zuzendaritza Taldeak, “Ikastolen Hizkuntz Proiektua Definitzen” -zeinaren zati artikulu hau den- dokumentuaren oinarriak kontuan hartuz, hauen inguruan adituen iritzi eta ekarpenak jasotzeko prozesua ez ezik bertan jasotako printzipioak Ikastola taldearen eta hala erabakitzen duten ikastolen hizkuntz egoeraren diagnostikoa egin eta egoera hori eraldatzeko lan plangintza zehatza egiteko prozesua abian jartzea erabaki du.


(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Euskaraz Bizi eta Hizkuntz Proiektua egitasmoen arduraduna da)

Oin-oharrak

(1) Besteak beste, J. M. Artigalen “territorio compartido” edo eta “partekatutako eremuaren inguruko proposamena, Brunerren teorietan oinarritutako T. Taeschneren “formato”-aren aplikazio didaktikoa, A. Teberoskyren hizkuntza idatziaren garapenerako paradigma eraikitzailea, murgiltze programen inguruko proposamenak, ingelesaren glotodidaktikako ekarpenak, adibidez Nunan eta besteen “ataza bidezko ikaskuntza”, etab.

BIBLIOGRAFIA



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053993045