Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen erabilera egitasmoak EAEko ikastetxeetan

Iñaki Artola Zubillaga / Irakaskuntza / 2003-05-28 / 07:06


Hizkuntzaren erabileraren auzia aspalditik da kezka iturri irakasleen artean. Are gehiago, ez dira gutxi gai honekin behin baino gehiagotan kezkatuta azaldu diren gurasoak ere. Neurri handi batean erabilera maila ez dator bat euskarazko irakaskuntza izate hutsak hasieran sortu zituen itxaropenekin. Gaiaren larria areagotu egiten da noski nerabezaroaren inguruko adinetan, gaztelania hizkuntza nagusia edo bakarra izatera iritsi arte.



Ikastetxeetan bertan hainbat ekimen egin izan dira erabilera areagotu nahian. Askotan ekintza puntualak izan dira; kantuak, antzerkiak, jolasak... . Agian irteera, txapelketa edo egun bereziren bat antolatzera ere iritsi dira hainbat. Badira ikastetxeak ordea, ikasleen arteko hizkuntza erabilera sendotzeko edo areagotzeko plan osatua diseinatu eta gauzatzeko gai izan direnak. Kasu hauetan irakasleen eta gurasoen inplikazio maila handia izan ohi da. Modu batean zein bestean horrelako ekimenak euskarazko irakaskuntzaren hasiera hasieratik eta gaur arte etengabe egin izan dira.

Zer da NOLEGA?

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. atalean:

Ildo beretik, 1983ko Abuztuaren 1eko Aginduak, bere 12. atalean zera dio:

Lege-agindu hauek oinarritzat hartuz eta helburu horiek betetzeak Hezkuntza Administrazioan hizkuntz normalkuntzarako aurrerapausoak ematea eskatuko zuela jakinik sortu zen Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala, 1984an.

NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea.

Eskolagiroa hitza aipatzen denean, oso zentzu zabalean aipatzen da. Ikastetxean euskara ikasteko klase emankizun formaletatik kanpora geratzen den baina ikasleak euskara bereganatu, landu, sakondu eta erabiltzeko eragin handia duen une, ekintza eta esparru oro sartzen da bere barnean. Izan ere, eremu urriko hizkuntzen kasuan, soziolinguistikako adituek gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diete ikaskuntza akademiko hutsaz aparteko suspergarri eta lagungarriei. Ikasleek euskara erabiltzea dute xede inportanteena arlo honetan antolatzen diren ekimenek.

Hezkuntza Administrazioa euskalduntzeari dagokionean ere hainbat ahalegin egin da azken urteotan. Hezkuntza sailburuak 1985ean bertan eman zuen Administraziotik ikastetxeetarako dokumentazio isuriaren hizkuntz jarduera arautzen zuen agindua. Administrazioan bertan ere agindu hori gauzatu ahal izateko pauso sendoak eman ziren, hasieran Langiroko Trebakuntza izena izan zuen eta gerora ALET bilakatu zen planarekin, nagusiki egoitza nagusian. Gerora hizkuntz eskakizunen ezarpena egin da eta une honetan erabileraren erronkari aurre egiteko urratsak planteatzen ari dira. Ikastetxeei begira une honetan Hizkuntz Normalkuntzako Programa dago indarrean.

NOLEGA atalak programa sorta zabala eskaintzen die Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei. Horietako batzuk urtetako ibilia dute; beste batzuk berriagoak dira. Banan-banan eta bakoitza bere aldetik hartuta ekintza solte eta puntual gisa geratzeko arriskua dagoela ikusirik, ikasturte osoko eskaintzaren berri bateratu eta osatua emateko xedez eginten da urtero NOLEGA atalaren aurkezpen txostena, ekimen guztiak-guztiak ere elkarren osagarri baitira.

Dirulaguntza deialdiak

Lau deialdi dira: Ahozko Adierazmena indartzekoa, Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE), Euskal Girotze Egonaldiak (EGE) eta Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (IKABIL).

Horien artean lehena dugu berriena. Honek, orain arte urteetan (1985ean hasita) hain ezagun izan ditugun Eskola-Antzerkigintza, Eskola-Bertsogintza eta Eskola-Kantagintza batean biltzen ditu. Deialdi berri honek, beraz, aurreko hirurak birformulatu egiten ditu. Ahozkotasuna modu zabalean hartu eta ikastetxe mailako plangintza behar duen ekimena dela uste dugu. Horregatik ahozkotasuna lantzera eta indartzera begira antolatzen diren ekimen guztiak deialdi bakar batean bildu nahi izan dira. Horrela sortu da Ahozko adierazmena indartzeko ekintzetarako deialdia. Deialdi honek bere baitan hartuko ditu baita ere ahozko adierazmena indartzeko diren kontalaritza edo irratigintza saioak.

Ikastetxeetan irakasle saiatu askoren ahaleginei esker lehenagotik ere martxan zeuden hainbat ekimeni oinarri egonkorragoa, Hezkuntza Sailaren ezagutza eta, ahal den neurrian, diru eta azpiegiturazko babesa emateko helburua dute, horrelakoetan oraindik saiatu ez diren ikastetxeetara ere hedatzeko asmo argiaz.

Egonkortasuna, berez, urtea joan eta urtea etorri programa ikastetxeen eskueran izango dela jakiteak ematen dio horietako bakoitzari. Hezkuntza Sailaren ezagutza eta diru babesa, Erabakia EHAAn argitaratuz eta dirulaguntza ikastetxeari emanez gauzatzen da. Azpiegiturazko babes gisa, berriz, orain arte erosi, prestatu, argitaratu eta ikastetxeetara igorri edo Berritzeguneetan beraien eskura jarri diren liburu, bilduma eta argitalpenak aipa daitezke.

Lau dirulaguntzetako hirutan (Ahozko Adierazmena, IKE eta EGE) eskabidea egiteko garaia irailaren hasieratik urriaren 11 artekoa da. IKABIL deialdirako epea, ordea, ikasturteko 3. hiruhilekoan irekitzen da, hurrengo ikasturterako eskabidea egiteko. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren zirkular baten bidez jakinarazten zaie ikastetxeei bere garaian.

Ondoko taulak eta grafikoek garbi adierazten dute deialdi hauek zein erantzun izan duten ikastetxeen aldetik

2002-2003 ikasturteko datuak
Dirulaguntza deialdiakIkastetxe kopuruaTalde kopuruaSaio kopuruaIkasle kopurua
Ahozko adierazmena 3362.9861.85147.329
  • Eskola Antzerkigintza
238690
9.991
  • Eskola Bertso-lanketa
201491
7.846
  • Eskola Kantagintza
207816
14.238
  • Eskola Kontalaritza
52832
2.214
  • Irratigintza
110832
13.230
Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE) 283

86.500
Euskal Girotze Egonaldiak 128535
10.607
Ikasleen arteko binakako loturak (IKABIL) 64128
2.168

Hitzarmen bidezko eskaintzak

Multzo honetan jarri ditugu ikastetxeei dirulaguntza zuzena emanez ez, baizik eta bi elkarterekin hitzarmenak eginez gauzatzen diren bi ekimen: Idazleak Ikastetxeetan programa Euskal Idazleen Elkartearen eskutik eta Euskara Zine Aretoetara programa Tinko Euskara Elkartearenetik.

Euskal Idazleen Elkarteak urteak daramatza Idazleak Ikastetxeetan izeneko programarekin lanean. Idazleek ikastetxeetara bisita egiten dute. Bisita horren aurretik ikasleek idazlearen obra aztertzen dute eta, horrela, beraientzat oso aberasgarri gertatzen den esperientzia interaktibo bati ematen zaio bide. Bisitaldi horiek, besteren artean, honako helburuok dituzte: ikastetxeetan literatur zaletasuna sustatzea, idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea, euskal idazleen obren zabalkundea, ikasleen literatur gaitasuna sendotzea, teoria praktikarekin lotuz eta, azkenik, idazteari gaur eguneko mundu gero eta teknologikoagoan leku propioa aurkitzea.

EIEren eta Hezkuntza Sailaren arteko Hitzarmena 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez EIEk emanaldi kopuru jakin bat egiteko konpromezua hartzen du programa honen baitan.

TINKO Euskara Elkarteak lehenagotik hasita ikastetxeei eskaini eta eman izan die zine aretoetan euskarazko filmeak ikusteko parada, hartarako propio prestatutako materialen bidez gaia gelan jorratuz, bai pelikula ikusi aurretik eta bai ikusi ondoren. Honako helburu hauek ditu programak: euskal ikasleen zine zaletasuna sustatzea, zinea ikasleen giza eta gizarte balioak bultzatzeko tresna bihurtzea, ikasleak euskarazko zinearen ikusle izaten ohitzea, euskara zine munduan normaltzeko oinarriak jartzen laguntzea eta euskarazko film eskaintza egon dadin film multzo kunplitu baten oinarriak jartzea.

Euskara Zine Aretoetara programarako Hitzarmena ere 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez TINKOk duen plangintza osoaren zati bat diruz laguntzen du Sailak.

2002-2003 ikasturteko datuak
Hitzarmen bidezko eskaintzakIkastetxe kopurua Talde kopuruaSaio kopuruaIkasle kopurua
Idazleak Ikastetxeetan (EIE)

29010.904
Euskara Zine Aretoetara (TINKO) 3402.75021856. 751

Euskal girotze barnetegiak

Bost Euskal Girotze Barnetegi daude une honetan: Alkiza, Plentzia, Espejo, Elgoibar eta Segurakoak. Euskal Girotze Barnetegi hauen helburu nagusia etxeko eta/edo kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, honela beraien euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez. Batez ere zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketako orduan duten askatu ezina gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz beren buruekiko segurtasuna eta konfidantza sortzea, hitz-etorria indartzea eta egiten duten euskara aberastea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntz gaitasuna indartzeko ekintzak burutzea da. Etxe hauetan aste beteko egonaldiak egiten dituzte A, B zein D eredukoek; beti ere ikasgela osoak izan behar dute, bere irakaslearekin. Barnetegi hauek kurtso garaian egiten dute lan, bertaratzen diren ikasgelak astero aldatuz.

1998-99 ikasturtera arte B ereduko barnetegietako egonaldiaren iraupena bi astekoa izan bazen ere, ordutik barnetegi guztietako egonaldiak 5 egunekoak dira. Modu honetan ikasgela gehiagori erantzuteko aukera dugu batetik, hainbat ikastetxe eta irakasleren eskaerari erantzuten diegu bestetik egonaldiaren antolamendua erreztuz, eta, azkenik, taldearen erronka da egonaldiak luzeran galtzen duena trinkotasunean irabaztea.

Ikasturtean zehar barnetegi hauetara joateko eskabideak egiteko epea martxoaren erdi aldera irekitzen da eta maiatzaren erdi aldera arte egongo da zabalik, hurrengo ikasturteko egonaldietarako. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarakoxe zirkular bat bidaltzen du ikastetxe guztietara, epea irekiz, eskabide-orriak, egonaldi-txandak, ordaindu beharrekoak eta araudia erantsita dituela.

Barnetegi hauek ezin dituzte hartu eskaera egiten duten talde guztiak. Helburu berberekin ikastetxeek hainbat eta hainbat egonaldi antolatzen dituzte bestelako egoitzetan. Euskal Girotze Barnetegiek egonaldi hauek ondo antolatzeko lagungarri den materiala atondu eta argitaratzen dute. Egonaldi horietarako dirulaguntzak ere banatzen ditu Hezkuntza Sailak goian aipatutako EGE deialdiaren bitartez.

2002-2003 ikasturteko datuak
Euskal Girotze BarnetegiakHizkuntz ereduaEgonaldi kopururaEgun kopururaIkasle kopurura
Alkiza B 31 5827
Plentzia B 31 5796
Espejo A 31 5744
Segura D 31 5810
Elgoibar D 31 5801

Euskararen kalitatea

Ikasleek euskara erabiltzeko helburuak, ordea, badu beste alderdi garrantzitsu bat ere: euskara horren nolakoa edo kalitatea. Ikaslearen aho-lumei darien euskara inguruak ematen dionaren ispilu izan ohi da –erdal giroko kasuetan ikastetxeak berak eta bertako irakasleek/langileek darabiltenarena, neurri handi batean–. Arlo honi ere gero eta arreta handiagoa jarri beharra azpimarratzen dute hizkuntz adituek, erabilera eta kalitatea elkarren zordun jotzen baitituzte. 1995ean Euskaltzaindiak antolatutako euskara zuzenari buruzko jardunaldietan ere arlo honetan ahalegindu beharra plazaratu zen. Irakasleek eta ikastetxeetako langileek beren euskararen kalitatea hobetzeko beren bideak dituzte, IRALE edo IVAP-HAEEen bidez, dagozkien agiriak lortzeko lehenik eta euskara landu eta sakontzeko, ondoren. GARATU programan euskaraz eskaintzen diren ikastaroek ere oso aukera ona ematen dute gai jakin bateko prestakuntza hizkuntza horretan jaso eta lantzeko.

Irakasmunduan gabiltzanon artean gero eta zabalduago dago hizkuntzaren maila desberdinak zein eta nolakoak diren argitzen joan beharko dugula. Ikasle batzuk etxeko euskaratik, euskalkia edo azpieuskalkia tarteko, iritsiko dira batu standardera. Beste askok azken hau dute abiapuntu, erdal girokoak izaki. Standarda ondo ikastea da, noski, lehen erronka, baina hizkuntza bizi, gozo eta gatz-piperdunetik edaten eman beharra ere nabaria da. Euskara molde bera erabili behar ote dute ba jendaurre zabaleko egoera formalean, gelan irakasleari zuzentzen zaizkionean eta lagunartean? Batez ere esanak paperean jasotzeko ordurako lagungarri handia da Euskaltzaindiak onartutako hitanoaren aditz batua, adibidez. Antzerki, bertso eta kantaren inguruko saioetan ere toki nabarmena hartzen du hizkuntz maila edo erregistroen auzi honek. Aukera paregabeak dira gaia argitzen joateko ezezik, aurrerabide praktikoan jartzeko ere.

Ikasleen euskararen kalitatea sustatzeko propio antolatutako bi lehiaketa ditu NOLEGA atalak. Idatzizkorako Urruzuno literatur lehiaketa, azken hamabost urteetan Irakaskuntza Ertainetako ikasleen emaitzak suspertu eta urteroko argitalpenetan plazaratu dituena. Ahozkorako, eta jendaurreko irakurketan ebakera, doinu eta erritmo egokia helburu harturik, hamar urte beteak dituen Abelino Barriola saria, gazteagoei zuzendua.

Lehiaketa hauen bion epeak ikasturteko bigarren hiruhilekoan irekiko dira. Martxoaren bukaera aldera itxiko dira bi lehiaketa hauetako epeak. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako propio zabalduko duen zirkularrean jakinaraziko dira data zehatzak.

2002-2003 ikasturteko datuak
LeihaketakIkastetxe kopuruaTalde kopuruaIkasle kopurura
Urruzuno

417
Barriola 29681.360

Irakasleen prestakuntza

Programa hauei guztioi etekin hobeak ateratzeko, irakasleen gogo-ahaleginez gain, prestakuntza ere behar da. Prestakuntza horren eskaerari erantzun nahirik, hainbat ikastaro, mintegi eta antzeko antolatu izan ohi da. GARATU eta IRALEko prestakuntza bideak erabili izan ohi dira honetarako.

Ikastetxeen errotulazioa

Goian azaldutako eskolagiro horretan begibistako eragina du ikastetxeko errotulazioak. Lan hau ikastetxeko hornikuntzaren atal bat gehiago gisa hartzeko joera dago. Agian gutxik ikusten dituzte horren atzean dauden bestelako helburuak. Batetik, eskola-bizitza hobetzeko eta bere antolamendua errazteko sistema moderno, egoki eta erabilgarri bat topatzea. Bestetik, bere hizkuntza egoera normalduan duten herrialdeetako errotulazioei eskatzen ez zaien helburu zehatza: euskara ikasten ari den ikaslegoa hizkuntza horren ikasgelaz kanpoko eguneroko presentziara ohitu dadin laguntzea, eskola-giroa euskalduntzeko urratsei emendiozko beste bat erantsiz. Seinalizazio arloko euskara normaldu eta estandarizatzeko aurrerapauso handiak eman dira, herri ikastetxeetan behintzat, 1985ean lanari ekin zitzaionetik. Horren lekuko dira argitaratutako bi liburuak.

Aurrera begira egin beharreko gogoeta

NOLEGA ataletik bultzatzen diren programa eta ekimen guztiok dituzten helburuak lortuko badira, ikastetxeetako kidego desberdinen harrera ona, etengabeko lana eta plangintza behar-beharrezkoak dira. Orain arteko harrera ona izan da, dudarik gabe, eta urtetik urtera hazten joan dira programetako parte-hartze datuak. Irakasleek programa hauetan parte hartzerakoan egiten duten ahalegina eta lana ere goraipatu eta txalotzekoak dira.

Agian plangintzaren arloa dago makalen. Esan nahi baita programa hauek banan-banan eta elkarrekiko lotura handiegirik gabe aurrera eraman izan direla hainbat ikastetxetan. Programa eta ekimen guztiok osotasun batean eta plan osatu modura planteatu beharra azpimarratu nahi dugu, aurten berriro ere. Aurkezpen txosten hau ikasturte hasiera honetan gaia aztertzeko eta ikastetxeko proiektuak egiteko lagungarri izatea nahi genuke. Programa hauei guztiei koherentzia, egonkortasuna eta aitzinatze etengabekorako behar den segida ziurtatzeko erabat komenigarria da Ikastetxeko Proiektuan edota Hizkuntz Normalkuntza Proiektuan txertatzea ekimen hauek guztiak.

Beste erakundeen ekimenak

Erabileraren areagotu nahian ikastetxeak eta Hezkuntz Administrazioaz aparte beste hainbat erakunde edo elkarte ere aritu izan da azken urte hauetan. Hala nola udaletako euskara zerbitzuek aisialdia eta eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera ziurtatu nahian dabiltza. Foru Aldundiek ere udalekuak antolatuz edo Eskola-Kirola programaren bidez badute zer egina arlo honetan. Guraso elkarteen ekimenak ere ikusi ditugu han eta hemen arlo honetan eragin nahian. Eta azkenik Euskara Elkarteen sorrera ere hor dago. Hauek ere ume eta gazteen hizkuntza erabilera beraien sorrerako helburuen artean goi erpinean duten gaia dute.

Bukatzeko gogoeta moduan aipatu arlo honetan egiten ari garen ahalegina bakoitzak bere aldetik egiten ari garela. Seguruenik denak eta gehiago izango ditugu beharrezko baina gutxienez besteena ezagutzea ezinbestekoa da. Eskola Hiztun Bila 1991ko argitalpena izan dugu honetan aitzindari. Gaur egun Hizkuntz Normakuntza Proiektuen zabalkundeari esker informazio bide hauek nabarmen hobetu dira.

Ikastetxeko plan osatua

Ikasleei begira aritzea ez dela nahikoa begibistakoa da. Ikastetxeko helduen mundua ere hor dago; klaustroak, mintegiak, irakasleen arteko harremanak, gurasoekikoak.... Material idatziek ere garrantzi handia dute ikastetxearen bizitzan; aktak, inprimakiak, gutunak.... Azkenik ikastetxeak berak ere, herriko erakundea den heinean, dagokion eragina izan beharko luke gizartean hizkuntza normaltzeko bidean.

Beraz, hainbat zutabe ditugu aztergai ez bakarrik ikasleena. Batetik hizkuntza irakasteko erabiltzen ditugun tresnak eta metodologiak etengabe aztertzea eta fintzea komeni zaigu. Erabiltzen ditugun testuak eta materialak ere aztertzea beharrezkoa da. Bestetik irakasleok prestakuntza aldetik ditugun gabeziak azaleratu eta lotsik gabe gainditzera jo behar ditugu. Erabileraren auziari eta harreman esparruenari aurre egin behar diegu modu eraginkorrean, ez soilik ikasleei begira jarriz, ikastetxeko planteamenduak eginez baizik. Hau da plan Osatua, hauxe besterik ez da Hizkuntz Normakuntza Programa (HNP), arlo bakoitzaren gaur egungo egoera aztertzetik abiatuz, hurrengo urterako edo urteetarako zentzuzko norabide eta helburuak finkatzea, adostea eta gauzatzeko neurriak eta baliabideak jartzea.

Hizkuntz normalkuntzako programa

1996-97 ikasturtean 23 ikastetxeetan Hizkuntza Normalkuntzako saiakuntza proiektuak bideratu ziren. Gerora 1997-98 eta 1998-99 ikasturteetarako proiektu hauetan parte hartzeko deialdi irekiak egin ziren. Deialdi hauetan sartutako ikastetxeak dira gaur egun proiektu hauetan ari direnak. Urte hauetan baja gutxi batzuk egon badira ere gaur egun 303 ikastetxek jarraitzen dute programa honetan. Labur-labur esanda hauek dira proiektu hauen zutabe nagusiak:

  1. Hizkuntza Normalkuntza Programan sartzeko erabakia hartu
  2. Diagnostikoa burutu (Neur Kareletik aplikazio informatikoa erabiliz)
  3. HNAT (teknikaria) eta HNB (batzordea) osatu eta dedikazioak finkatu
  4. Hizkuntz Normalkuntza Proiektua diseinatu
  5. Hizkuntz Normalkuntza Proiektua adostu
  6. proiektuaren ikasturteko plana finkatu
  7. Ulibarri programaren bidez koordinatu, prestakuntza jaso
  8. Informazioa jaso eta trukatu. Programa kudeatu
  9. Proiektuaren ikasturteko ekimenak ebaluatu
  10. Proiektuaren jarraipena egin (Neur Kareletik...)
  11. HNP (proiektua) ikastetxearen bizitzan erabat txertatu
  12. Proiektua osatu, hobetu, adostasun berriak bildu

ULIBARRI programaren antolamendua

Bistan da 303 ikastetxeetako programen arteko loturak, koordinazioak, topaguneak lortzea ez dela gauza erraza. Nekeza bai baina beharrezkoa ere bai, bakoitzak bere aldetik ibili gabe ditugun baliabide urriak ondo aprobetxatuko baditugu.

Labur-labur esanda hauxe izan da finkatu den antolamendu eredua:

ULIBARRI programa: Denok ari gara ahalegin berean. Goian aipatutako 303 ikastetxe hauek eta beste hainbat seguruenik. Bertan irakasle eta teknikariok, bertan guraso eta ikasleak... . Denok batera osatzen dugu gogo bat, asmo bat. Baina oraingo honetan ez gaude bakarrik asko gara eta elkar laguntzeko, elkarri animatzeko oso prest gaude gainera. Denok dakigu lan hauetan bakarrik aritzeak, bakarrik sentitzeak eta aurrerapenak argi ez ikusteak berez dakarren nekea, baina ULIBARRITARROK ez gaude bakarrik eta hori laguntza handia da. XIX. Mendearen amaieran Arabako Okondon jaio eta Abandon euskaltzale sutsu agertu zitzaigun pertsoia aukeratu da programa baterabiltzeko.

Zer lortu da ULIBARRI programarekin urte hauetan

Hona hemen lorpen aipagarrienak atalez atal:

Orokorrean zer lorpen erdietsi ditugu

Aurrera begira zer?

(IÑAKI ARTOLA ZUBILLAGA Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuko NOLEGA atalaren zuzendaria da)



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053647796