Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? (eta VI )

Mikel Zalbide / Hizkuntza / 2003-06-09 / 07:01


IV. 2. 1. Ikasleek ba al dakite euskaraz?

Lehenengo-lehenengo erantzuna, baikorra da ezinbestean: bai, badakite euskaraz. Euskaraz tutik ez dakien gaztea gero eta salbuespen nabarmenagoa da EAEn. Erdi-isildurik badaukagu ere, garrantzizko faktorea da hori eta ez genuke gutxietsi behar. Badakigu, ordea, benetako galdera bestea dela: zenbat dakite euskaraz? Eta hor, jakina, kontuzago ibili beharra daukagu. Erantzuna ez da, gehienetan, txuri edo beltz modukoa.



Ikasleak, oro har, aski euskara-maila diferenteaz ateratzen dira izan ere gure eskoletatik, 16-18 urtera iritsitakoan. Gaztelaniaz ere ez dira den-denak maila berekoak ateratzen, ez hitzez eta ez idatziz; baina euskara aldetik beraien arteko diferentziak handiagoak dira askoz. Faktore asko dira, ez bakarra, Gaussen kanpaia horren zabal-zapalean eragiten dutenak. Irakasteredu elebiduna, besteak beste. Ba ote da honezkero inor, D eredutik ateratzen diren ikasleak oro har B eredukoak baino euskaldun sendoago (eta, bide batez, elebidun orekatuago) direla ez dakienik eta B eredukoak, beren aldetik, oro har A eredukoak baino euskaldunago direla enteratu gabe dagoenik? Horixe izan ohi da, hain zuzen, murgiltze-metodoaren erakarmen-elementu nagusietarikoa (ez ordea, azterketa soziologiko xumeago batek azaleratuko lukeenez, erakarmen-puntu bakarra). Egiaren erdia erakusten du, dena den, gradazio hirukoitzaren ikuspegi horrek. Esaten duenaz gainera, ez da gutxi isilpean gordetzen duena. Isilpean gordetzen duena, berriz, badakizue zer den: etxetik euskaldun diren neska-mutil gehien-gehienak D eredura doazela eta, beraz, D ereduaren output horretan zati bat bakarrik zor zaiola ereduari berari. D ereduan ibili diren gazteek B eredukoek (eta, batez ere, Akoek) baino euskara gehiago badakite ez dela, osorik (eta, are, nagusiki?) D ereduagatik beragatik. Amezketako haurrak D ereduan ibili ohi badira bi urtetik hasita (hasieran herrian bertan, eta gero herriburu haziagoan), etxean eta kalean nagusiki euskaraz dihardutelarik eguna joan eta eguna etorri, ez da harritzekoa hemezortzi urtera iristen direnean Portugaleteko D ereduko (etxetik gehien-gehienak erdaldun huts edo erdal-elebidun nabarmen diren) ikasleak baino euskaldun garbi, bete, osatuagoak izatea. Diferentzia hori ez du noski ereduak ekarri (bietan D baita), ingurumen osoko euskaltasun-maila arras diferenteak baizik. Eredua faktore garrantzitsua da: horretan ez dago dudarik. Etxeari zein auzo-bizitza osoari eskerrak umetatik euskaldun sendo izatea ere garrantzitsua da ordea. Eta ez gara orain esaten hasiko, jakina, bietan zein den eragingarriago. Bi faktore horiezaz aparte, dena den, badira bestelako faktoreak ere eragimen bizia dutenak: ikasle bakoitzaren adimen-maila eta ikastetxearen hizkuntz planteamendu globala, besteak beste. Faktore horiek guztiek, eta beste zenbaitek, etekin-kontuaz dugun ikuspegia zabaldu eta aberastu egiten digute. Sorpresa txikiak jasotzen dira ordea, normalean, gaitasun-mailaren aldetik han-hemen agertuz doazen ikerlanetan. Ezer sakon samar aztertu bada azken hogei urtean horixe izan da, eta han-hemen jasotzen ari diren emaitza horiek badute amankomuneko hainbat puntu. Honako hauek, besteak beste:

Batezbesteko ezaugarri horiezaz gainera badira, halere, mende-laurden luzez eraiki den irakas-sistema honetan berariaz aipatu beharreko elementuak. Euskarazko idazlangintzak jaso duen aupada, besteak beste. Hitzezko jarduna izan da, mende luzez eta oso nagusiki, euskarak ezagutu duen erabilera ia bakarra. Aurrez aurreko edo bertatik bertarako jarduna hortaz. Jarduera-molde horren izaera lokala (gehienik ere eskualde mailakoa) kontuan izanik, hizkuntzaren frakzionamendu-joerei nekez frenorik jar ziezaiekeen. Elizgiroko dotrinak eta arimen lagungarrizko liburuak (haiek ere lekuan lekukoak edo, gehienera ere, euskalki-alorrekoak), eta XIX. mendetik honako bertso-paperak, antzerki-lanak, eleberriak eta olerkiak alde batera uzten badira erdararen (hasieran latinaren, gero albo-erromantzeen eta azkenik frantses-gaztelanien) erreinu lausogabea izan da, orain puntura arte, hemengo idazketa osoa. Berrikuntza sendoa dugu, hortaz, azken hogeita hamabost urtean eskuratzen ari garen eskola bidezko idazlangintza hori

Azken batean, eta Arregiren paradigma deitu-edo dugun horren ildotik, hitz egiten ezezik euskaraz idazten ere badakiten belaunaldi gazteak sortzen, osatzen eta zabaltzen ari gara. Etxetik euskaraz dakien gazte-jendeak idazten ere badaki orain, halako neurri batean, euskal eskolari esker. Lorpen handia da hori ere, neska-mutil erdaldunak (berr)euskalduntzearenaz gainera. Euskara hutsean (edo nagusiki euskaraz) diharduten espazio fisiko (etxe, auzo, kale, herri, eskualde) eta soziofuntzionalak (familia, lagunartea, plazagiroko harreman-tratua, lantegia, astialdia) apurtuz, murriztuz eta gesalduz joan ahala gero eta zailagoa gertatzen ari zaigu aurrez aurreko, bertatik bertarako harreman-sare euskaldunei tinko eustea. Hori horrela delarik, euskaraz irakurri eta idazteko gai den euskaldun-jendea ugaritzeak bestelako mesedeak eransten dizkigu: orain arte ohiz kanpoko edo erdararen mendeko izan ditugun handik harako harreman-sareak (irrati-telebisten ahozko jardunaz gainera) idatzizko hizkuntz gaitasuna lagun, euskaraz mamitu ahal izatea. Eguneroko prentsa eta aldizkariak, literatur lanak, luze-zabaleko kultur kontsumoa, korrespondentzia klasikoa edota posta elektronikoa zein internet-lotura oro har: horiek guztiak, eta beste zenbait gehiago, harreman-sare handik harakoen, eta are birtualen, aukerabide mesedegarri horren lekuko ditugu.

Hori dena egia da, jakina. Baina egia ez da hori bakarrik. Eskolak, D eredukoak barne, gure (berdin du mundu zabaleko beste edozein minoriatako) seme-alaben erdalduntze-bide ere gertatzen dira sarri. Ondo baino hobeto dakigun kontua da hori. Isil asko gordetzen duguna ere bai. Ikasleen (ikasle askotxoren) etxea eta auzoa hain (erabat edo nagusiki) erdalduna izanik, oso zaila da ikasle horiek euskal hiztun trebe bihurtzea. Alderantziz, nahi baino errazago gertatu ohi da etxetik euskaldun edo erdi-euskaldun etorri diren ikasleak beren mintzajardun arruntean nabarmenki erdalduntzea. Inork egia sakon horren berri badaki zuek, ikastolako irakasle eta arduradunok, dakizue horren berri. Eta askotan, jakina, jendaurrean ez bada ere tentazioa sortzen zaigu gure buruari behintzat honako hau galdetzeko: “ondo ari al gara gure indar gehienak horretan xahutzen? Hau ez da guk buruan eta bihotzean genuena!” Kontuz ibili behar da, nolanahi ere, horrelako harakiri xinpleekin. Mugak eta eragozpenak neurtu egin behar dira ondo. Eskola bidezko indarberritze-saioen benetako arazoak ondo identifikatu behar dira: arazo horiek non dauden, zenbateko larritasuna duten eta, ahal delarik, zerk eragiten dituen. Gure azterlanak ez du, ordea, horretan bukatu behar. On-gaitzen balioespen orekatua egin behar dugu ahaleginean. Saioaren alderdi baikorra ere zehatz-mehatz aztertu behar da. Euskarazko eta elebiko edo eleanitzeko irakaskuntzak ahuldutako hizkuntzari ekartzen dizkion, edo ekar diezazkiokeen, mesedeak eta aukerabide berriak, euskal eskolaren bideaz hizkuntzari zabaltzen zaizkion albo-leihoak alegia, horiek ere kontu handiz baloratu behar dira. Ikus ditzagun horietariko batzuk, gaingiroki bada ere. Etxetik euskaldun den neska-mutil askori euskara idatziaren (eta, horren bidez, gure kultur nortasunaren) ikasbide arteza eskaini dio, azken mende laurden pasa honetan, euskal eskolak. Etxetik erdaldun edo erdal-elebidun direnei, bestalde, euskaraz egiten ikasteko aukera ohargarria (bere ingurumeneko beste inolako instituzio sozialek eskaintzen diona baino ondotxoz sendoagoa) eskaintzen die orohar. Beren kideko gazteekin euskarazko edo euskal-erdal moduko harreman-sareak eta interakzio-ereduak sortzen lagun dezake. Hori guztia ere hor dago, eta oso kontuan hartzekoa da. Eta ez hori bakarrik. Gizarte osoaren lanbide eta ordainsari-sisteman ere bere oihartzuna eskuratzen ari da, bere mugak eta guzti, guztion artean eraikitzen ari garen euskal eskola. Non aurkituko genuke hainbat heldu euskaldun, alfabetatu, ikasirentzako lanpostu eta posizio sozial ohargarririk, euskarazko irakas-sistemarik ez balitz? Nolatan euskalgintzan jardun ahal izango lukete, jarduera arautuaz eta hileroko soldataz, eskola-munduan diharduten milaka irakasleek (eta zuzendari, ikuskari, teknikari eta laguntzaileek), hartan okupatuko ez balitu euskal eskolak? Nolatan biziko ginateke euskalgintzaren gurpilean, orobat, gu geu eta gure antzeko gehienak?: era batera edo bestera eskola-munduarekin harreman zuzena dugun hezkuntza-alorreko funtzionariook, argitaletxeetako koadro teknikoak, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten elkarteak eta, oro har, gidaritza didaktikoa, antolamenduzkoa edo hizkuntz normalkuntzaren alorrekoa eskaintzen duten aholku-elkarteak? Hori guztia ere hor dago, eta bere muga-baldintza guztiekin ere ez da gutxietsi behar. Esparru sozioprofesionala alde batera utziaz hel diezaiogun, bestalde, mintza-jardunaren gizarte-moldaera arruntari: euskal eskolatik kanpora non lor dezakegu gaur egun, gero eta bakanago ditugun arnasgune jatorretan izan ezik, belaun arteko interakzio-esparru formalik? Eta nola espero genuke azkenik, euskal eskolarik gabe, XXI. mendeko euskal intelektual, leader eta profesional gazte trebeak izatea? Nolatan, eskola gabe, jaioko dira berriak?

(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)

Aurreko atalak HEMEN



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053468061