Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? (eta V )

Mikel Zalbide / Hizkuntza / 2003-05-26 / 07:54


IV. 2. Acquisition planning: galbidean doan hizkuntza jendeari erakustea

IV. 2. Acquisition planning: galbidean doan hizkuntza jendeari erakustea

“Euskaraz hitz egingo badugu, norekin egina behar dugu. Aldameneko bizilagunak eta lantegiko kideak, aste-bukaerako lagun-taldeko erdiek eta auzoko hiru laurdenek euskaraz ez badakite, erakutsi egin beharko zaie. Beraiei edo, gutxien-gutxienez, beren seme-alabei. Batzuei ezin bada besteei, baina erakutsi: bestela jai dugu”.



Ikuspegi edo sentiera-molde horrek, hitz horiekin edo bestelakoekin esanik, hedadura handia hartua du gure artean, azken hogeita hamabost urtean. Bai euskaltzaleen artean eta bai esfera instituzionalean. Gure arteko erdaldunak (berr)euskaldundu beharra, belaunaldi oso baten Leitmotiv izatera iritsia dugu. Ez hori bakarrik, halere. Xede-helburu zabalagoan txertaturik etorri izan da, funtsean, berreuskalduntze-asmo hori: euskaldunak bere hizkuntza ahul-baztertuaren erabiltzaile sendoagoak bihurtzearen aldeko formulazioan, hain zuzen. Egunen batean, kontu horien azterketa pausaturik egitea erabakitzen bada, Rikardo Arregiren hainbat idatzi aintzakotzat hartu beharko da: hizkuntzen eta hiztun-elkarteen enfoke soziologikoarentzat aski ernagarriak diren, eta gure esfera akademiko-unibertsitarioak ia erabat bazterturik dauzkan, idatzi haietara. Euskaldunok Arregiren garaitik aurrera eraman dugun alfabetatze- eta euskalduntze- edo berreuskalduntze-lana, izan ere, berria da alde askotatik. Nekez bilatuko duzu Katalunian, Galizian, Galesen eta are Quebecen hemengo HABEren parekorik. Are nekezago, oker ez banago, erakunde horren alorreko euskaltegi-sare zabal, hurbil, gero eta dibertsifikatuagorik. Nekez bilatuko duzu beste hiztun-herri horietan, orobat, Maizpide edo Aurten Bai moduko barnetegi profesionalizaturik: Israelgo Ulpanetara jo beharko zenuke noski, eta ez kasualitatez, halakorik atzerrian bilatu nahi izatekotan. Eta nekez bilatuko duzu inguruko hiztun-herri txiki-ahuletan, azkenik, hain perspektiba soziokultural zabalean txertaturiko alfabetatze-saiorik. Unifying, state-building eta are LWC (gogoratu: Language of Wider Communication) hizkuntza osasuntsua duten hiztun-herriek izan ohi dituzte eskueran (aspaldidanik batzuek: Goethe Institut; berrikitanago besteek: Instituto Cervantes), beren hizkuntza horiek L2 gisa irakasteari dagokionez, era horretako euskaltegi-barnetegiak. Aski helburu eta baliabide-oinarri diferenteekin halere. Erakunde horien xedea ez da izaten, beharrik ere ez baitute, helburu eta langai duten bere state-building hizkuntza indarberritzea. Eguneroko gizarte-bizitzan arras indartsuak dira berez ingelesa, frantsesa, espainola eta alemana. Language spread ikuspegitik bideratzen dira erakunde horien saioak, ez revitalization otxanaren bidetik. Horrek berak zerbait adierazten digu.

Gatozen, ordea, gurera: helduen alfabetatze-saioak eta euskalduntze-berreuskalduntze osoak aurreko mendearen hirurogeiko hamarkadan dituela bere erroak esana dugu. Bere sorburuan hizkuntz soziologiaren perspektiba argi, zorrotz eta luzera begirakoa izan zuela: hori ere aipatua dugu. Hel diezaiogun azken puntu horri, uste baino zuzenago eramango gaitu-eta mundu zabaleko indarberritze-saioen muinera. Rikardo Arregik bere idatzietan labur baina zorrotz azaltzen zuena (1) , lehenik eta behin, Euskal herrian (batez ere Bizkai-Gipuzkoetan) azken hiru belaunaldietan gertatzen ari zen luze-zabaleko mintzaldatzea (hizkuntz ordezkapena) dugu: erdaraz desplazamiento lingüístico, substitución lingüística, Sprachverschiebung, Transfert de langue edo language shift esan ohi zaion gertaera zabal hori alegia. Funtsezko elementua da kontsiderazio hori, txosten honen aurreko paradigmatik (hots, IV. 1. puntutik) zerk aldentzen gaituen entenditu ahal izateko. Mintzaldatze horren oinarrian egon ohi diren eten-urratze edo dislokazio fisiko, demografiko, sozial eta kulturalen (Fishman, 1991: 57-65) azalpenetik, sarri asko “a slow and cumulative process” osatzen duen language shift horren deskribapenetik alegia, abiatu izan da paradigma berri hori. Deskribapen horren gordinak hartaraturik, eta aspalditxodanik etxekotua dugun “ia gureak egin du” perspektibari eutsiz, herrigintzaren ibilaldi berri honetan euskaldunak alfabetatu eta gure arteko erdaldunak (berr)euskaldundu beharra dagoela, euskara biziko bada, aldarrikatzen du formulazio horrek. Esan ere egin dugu, dagoeneko, ikusmolde hori hainbat aldetatik berria dela (hala izan zela orain dela 30-40 urte, sortu zenean alegia). Euskalgintzaren aurreko planteamendu gehienetan alferrik bilatuko duzu euskaldun helduak euskaltegi edo eskola bidez alfabetatzeko formulazio zabalik: are gutxiago erdaldunak (heldu eta ume) (berr)euskalduntzeko programa, ekintza-bide eta emaitza-ekarpen zabalik. Gizartearen ikusmolde estatikoagoetan txertatzen ere zirenez, eskola bidezko indarberritze-saio zaharrek etxetik euskaldun ziren neska-mutiletara mugatzen zuten, nagusiki, beren egitasmoa (2) . Europako paradigma sozioedukatibo elebidun nagusiak ere, Luxemburgoko Konferentzia Internazionaletik hasi eta UNESCOren 1953ko Adierazpen famatura bitartekoan, hartara bultzatzen zuen noski: umeen ama-hizkuntza izan zen 1960 ingurura arte, kosta ahala kosta, babestu eta sendotu beharrekoa.

Hori guztia dela medio aldaketa sakonak ekarriak ditu, gure artera, labur beharrez Arregiren indarberritze-eredua deituko dudan horrek. Eredu-modu horrek, esan bezala, baieztapen hauek ditu abiaburu:

Horra hor enfoke-aldaketa garbia, “hizkuntza garai berrietara egokitu” beharraz diharduen corpus-plangintzako planteamendu linguozentrikotik argi bereizten dena. Euskaldun osatuagoa, bere hizkuntza horrekin gizarte-esparru gehienetako kontuak tratatzen, argitzen eta garbitzen jakingo duen euskaldun konpetentea du, batetik, Rikardo Arregiren indarberritze-eredu horrek gogoan. Eta horretarako, jakina, etxetik euskaldun diren umeei euskaraz irakurtzen eta idazten erakustea ez da aski: beren kultura eskolarra ere (nagusiki behintzat) euskaraz jaso dezaten komeni da. Baina umeekin bakarrik jai dugu: helduak ere, heldu euskaldunak, hizkuntza aldetik osatu eta sendotu beharra daude. Hortxe dago, dudarik gabe, gure arteko helduen alfabetatze-saio gehienen iturburu ideologikoa. Hor ere ez da bukatzen, ordea, indarberritze-eredu honen ekimen-alorra. Language shift edo mintzaldatze-prozedura hain aurrera joanik dagoela ikusirik, euskaldunak alfabetatzeaz gainera bertako erdaldun-jendea ere (berr)euskaldundu beharra dagoela adierazten du ozenki. “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz jardun ahal izateko lekurik eta okasiorik gabe gelditzen ari garenez, eta gure mintzoaren itogarrizko murriztapen hori dislokazio demografikoak (urbanizazio-prozesuak berekin dakartzan harreman-sare bestelakotuak barne direla) eragiten duenez neurri ohargarrian, frente demolinguistikoan ere aurrez aurre planteatu beharra dago bataila. Hizkuntzaren partida bi frenteetan (soziokulturalean eta demografikoan) galtzen ari bagara, bietan eragin behar da oraingo gainbeherari eutsi eta hizkuntza gorabidean jarri ahal izateko. Euskaldunak alfabetatu eta egungo bizimolde moderno-urbanoaren espazio soziokulturaleko edozein esparrutan euskaraz jarduteko gaitu behar ditugu hortaz, alde batetik; eta erdaldunak (heldu eta ume) (berr)euskaldundu egin behar ditugu bestetik, euskaldunok Euskal herrian euskaraz bizi ahal izateko aukera osoa izan dezagun”. Esaldi luze hau ez dago hitzez hitz inondik jasoa. Bistan da ordea, gure azken 30-40 urteko euskalgintzaren berri duen edonorentzat, bertako saio-ahalegin askoren barru-barruan dagoela (3) .

Oker ibiliko gara, agian, punturen batean edo bestean. Funtsean ez dut uste, ordea, oker handirik dagoenik horretan: azalduabartu berri dugun planteamendu hori izan da, aurreko mendearen 60ko hamarkadatik aurrera, euskara eskolara (eta euskaltegi-barnetegietara) eramateko egin den eta egiten ari den ahalegin zabalaren oinarriko asmoa, jomuga eta argudio-bidea. Planteamendu zabal horrek gainditu egin izan du, behin baino gehiagotan, beste zenbait hiztun-herritan eraiki eta hezurmamitu nahi izan den language planning edo normalització lingüísticazko jarduera (hurrengo puntuan ikusiko dugu zergatik). Paisos Catalans direlakoetan edo Galizian, gorago esan denez, alferrik bilatuko duzu helduen alfabetatze eta berreuskalduntze-saiorik, zabalez eta sakonez hemen bideratu denaren parekorik. Ez eta etxetik erdaldun edo erdal-elebidun diren haurren eskola-alorreko murgiltze-biderik ere: ikasleen erdia edo gehiago dira, beste hiztun-herri horietan, etxetik bertako hizkuntzaren jabe. Hemen, aldiz, ez dira laurdenera iristen. Eta beste hiru laurden pasatxo horiei, gero eta proportzio zabalagoan, erabateko edo erdizkako murgiltze-bidea eskaintzen zaie. Horrek guztiak, jakina, ondorio nabarmenak izan ditu gure artean: eskolak (eta, helduei dagokienez, euskaltegiak) gure indarberritze-saioen (eta, horrenbestez, euskalgintza osoaren) erdi-erdian kolokatu izana. Zentraltasun hori arras nabarmena da, egungo egunean ere, plano instituzionalean zein mediatikoan. Hizkuntza kontuak astintzen hasi orduko, nekez jardungo duzu ordubete osorik eskola-kontuetara makurtu gabe: ikastoletako curriculum-kontuak direla, D eredua dela, AEK dela, testu-liburuak direla,… hauek dituzu gaur egun, gero eta neurri zabalagoan itxuraz, hizkuntz politikaren (eta are, zenbaitetan, politika osoaren) erreferente behinenak. Indarberritze-saioen, hizkuntz normalkuntzaren, hizkuntz plangintzaren atal bat izan behar lukeena ia atal bakar bihurtzen ari da, onerako eta txarrerako. Aginte-esparrutik bultzatu den langintzak berak badu, noski, zentraltasun horretan zerikusi argia: Euskararen Berripaperak, sortu zenetik hona, zer gai landu eta barreiatu dituen aztertzea aski litzateke, inork dudarik balu, euskarazko irakaskuntzak eta bere ingurumari osoak gure gizarte-bizitzan (bai baliabideen aldetik eta bai ideologiazko erreferentzi izakerarenetik) hartu duen (eman zaion) zentraltasun horretaz jabetzeko.

Mundu zabaleko espezialistek, bai Einar Haugenen hasierako formulazioetan (corpus-plangintzan zentratu samarretan) eta bai bere garatzaile nagusienetan (Hirugarren Munduko estatus nazioen beharretara aski orientatuetan) antzematen zituzten eragozpenak aintzakotzat hartuz, hirugarren termino bat sortu dute azkenik eskola bidezko indarberritze-saio horiek kalifikatzeko: acquisition planning. Cooper-ek lehenik (1989), eta Kaplan-Baldauf ikertzaileek ondoren (1997), berariazko lekua aitortu diote acquisition planning horri, H. Klossen 1969ko zatiketa dikotomiko famatuari (corpus planning, status planning) hirugarren atala erantsiz. Cooper-en arabera, acquisition planning horrek hiru helburu diferente izan ditzake:

Inon aurrerabide sendorik egin bada azken hogeita hamar urte inguruan, euskara indarberritzeko saioei dagokienez, acquisition planning horretan izan da: bertako b) eta c) multzoei, izan ere, Euskal herri osoaren historia ezagunean inoiz izan ez duten garapena eta sakonera eman zaie. Hori ez da etxe barruko kontua bakarrik, gainera: ahuldutako hiztun-herri gutxi izango dira Europa osoan, hemen egin (eta egiten ari) den saioaren parekorik ager dezakeenik: bai hedaduraz (EAEn, bereziki, ikasle guztiak doaz gutxienez A eredura, eta proportzio gero eta handiagoa Dra), bai garapenaz (hasi Haur Hezkuntzatik eta, partez, unibertsitateraino), bai herritarren borondatezko jardunaz (ikastolak dira, bere sorburuei dagokienez, behetik gorako euskalgintza horren eredurik argiena) eta bai bibliografia teknikoak institutional support deitu ohi duen aginte-babes aktiboaz: EAEren urteroko aurrekontuen azterketa, irakasle euskaldun(du)en zenbatekoa eta hezkuntza elebidunaren aldeko legeria aski adierazgarriak genituzke, noski, alde horretatik.

Bibliografia aberatsa sortu da mundu zabalean, acquisition planning horren inguruan: bai pedagogiaren aldetik, bai psikolinguistikarenetik eta bai, bakanago plazaratu ohi bada ere, hizkuntz soziologiarenetik. Txosten honen ardatza hirugarren ikuspegian zentratua dagoenez horretara biltzen saiatuko gara ahaleginean. Bistan da, ordea, Montrealgo St. Lamberten 1965ean egin zen ele biko hezkuntza-saioaz geroztik (Lambert eta Tucker, 1972) psikolinguistikak izan duen garapen sendoa, eta ekarri uste izan dituen ondorio-azalpenak, soziologiazko ikuspegiarentzat ere oso kontuan hartzekoak dira. Zer esaten digute, hortaz, azken 35 urteotako formulazio teoriko horiek? Honako gauza hauek, besteak beste:

Badira noski bestelako elementu asko, ele biko eskolaketan eta, batez ere, murgilbidean eragiten dutenak. Gure koordenatu soziokulturalei dagokienez goiko lau horiek iruditzen zaizkit ordea, nolanahi ere, berariaz kontuan hartu beharrekoak. Eta zer dio teoriak, acquisition planning alorreko hezkuntza elebidunaren emaitza linguistiko, akademiko eta soziointegratiboez? Ikasten al dute gazteek L2?; erabiltzen al dute?; zer neurritan integratzen dira esfera soziokultural batean eta bestean? Eztabaida-leku zabal, errukigabea dela iruditzen zait, egungo egunean, lorpen-emaitzen esparru hori. Txostenari hala dagokionez lehenengo atalera (emaitza linguistikoetara) mugatuko dugu gure jarduna. Ez argi aipatu gabe, halere, beste bi esparru horiek ere aurrez aurre eta behar den objektibotasunez landu beharrak daudela (hots, landu beharrak dauzkagula), ele biko hezkuntzaren aurrerabidea desio badugu benetan. Gatozen beraz, ikuspegi zabalagoko eginbehar horren aitormen garbia egin ondoren, gure gaurko esparru jakinera:

Badakit jakin, euskararen jakite-kontuaz gainera gaztelania eta atzerri-hizkuntza (nagusiki ingelesa) ere oso kontuan hartu behar izaten dituela hezkuntza-arduradun orok. Bai noski: hala behar ere du. Txostenaren gaia ahuldutako hizkuntza indarberritzea denez, ordea, euskal alorrera mugatzea dagokigu guri, oraingo honetan. Gatozen, hortaz, galdera bi horiei erantzutera. Hel diezaiogun lehenengoari.

(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)

Aurreko atalak HEMEN

Oin-oharrak:

(1) Buruz ari naiz oraingoan, orduko paperetara ez baitut aspaldi honetan itzultzerik izan. Funtsezko puntuetan badakit, halere, ez naizela asmakizunetan ari: ondo gogoan ditut bertako hainbat argudio.

(2) Baieztapen hori ere matizatu beharra dago: 1900 inguruan hasita existitu izan dira berez, Bilbo inguruan lehenik eta lurralde-esparru zabalagoetan gero, Reversing language shift moduko planteamenduak. Inoiz gutxitan hezurmamitzera iritsi ziren, ordea, egitasmo horiek.

(3) Postulatu honen lehenengo atala, perspektiba soziolinguistiko sendoan txertaturik, aski era dotore eta erakargarrian eskaini zigun Sánchez Carrión “Txepetx”-ek bere “Un futuro para nuestro pasado”-n. Beti harritu izan nau nolatan inork ez dugun seinalatu formulazio hori Rikardo Arregiren garaitik zeharo ezagun eta etxekotua genuela. Euskaltzale-jendearen eta sareen ahula antzematen da, besteak beste, ezaguera-falta horretan.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053467675