Kuadrillategi: lagunarteko harremanak euskalduntzen
Diego Egizabal / Kultura / 2003-05-22 / 06:59
Orain 12 urte ikerketa ildo berri bati ekin zion Pello Jauregi Doktoreak gazte lagunarte bat hartu eta haren euskalduntzeari lotu zitzaionean.
Esperientzia horren nondik-norakoak argitara eman ditu orain gutxi Euskal Herriko Unibertsitateak (Berezko Taldeak Euskalduntzeko Ikas Estrategia, Bilbo, 1998, EHUko Argitalpen Zerbitzua) Ildo berri honek berezko taldeak ditu oinarri eta abiapuntu, eta lan ustea, berriz, hizkuntza jokaera bat finkatzea funtsean eta nagusiki talde-lana dela. Honek zera esan nahi du, hizkuntza jokaera, taldeak arautzen duen jokaera dela, eta horrenbestez taldeko kide guztiek betetzen duten araua dela. Hori horrela, erdaraz jokatzen duen lagunarte bateko kideek ez diote euskaraz egiteari ekingo lagunartean bertan, aldez aurretik taldeak adostutako hizkuntz jokaeraren gaineko arautegia aldatzen ez badu. Gogoan izan aipaturiko arauak aitortuak edo aitortugabeak izan daitezkeela, hau da, esplizitoak edo inplizitoak. Gizartearen makro-egituraz arituz gero, hizkuntza legediaz eta arautegiaz jardungo genuke talde arauaren garrantzia azpimarratzeko. Baina, era berean, gizarte txikiez aritzean ere, hala nola, familia, lagunartea eta antzekoez, zeinetan informaltzat har baitaiteke hizkuntza harremana, alegia inon idatzi gabea, halakoetan ere azpimarratu egin behar da talde-arauak egon badaudela eta kide guztien hizkuntza jokaera gainera bideratzen dutela. Hemendik segitzen da, antza, baldin eta euskararen erabilera informala sustatzeko bidean luze aurrera egingo badugu, taldeak behar ditugula abiapuntu, unitate eta oinarri, talde araua moldatzekotan taldeek beraiek baino ezin baitiote holako langintzari heldu. Hitz gutxitan: taldearen hizkuntza araua alda dezaten, taldeak bera behar dugu eragile, hari baitagokio, eta ez beste inori, berak adostutako arauen aldaketa.
Guztiarekin ere, eta talde erabakia ezinbestekoa baldin bada ere, oker geundeke uste izango bagenu mahai-inguruan eginiko bozka batek euskararen erabileraren afera konpondu dezakeenik lagunartean. Bozka, erabakia hartu eta indarrean jartzeko errito moduko bat da. Erabakia arrazionala da, hitzez islada eta argudiatu daitekeena. Euskara kontuetan ordea, esan-egin eta izan, bat ez datozela makina bat aldiz ikusi ahal izan dugu. Besteen aurrean euskararen alde irmo bere burua agertzen duena, gero ezinean dabil atsekabean eta gogabeturik euskaraz. Eta oker geundeke berriz ere, pentsatuko bagenu bera dela bere hizkuntz jokaeraren erantzule bakarra. Bera da, jakina, hiztuna; baina hizkuntz jokaera testuingururi doakio estu estuan lotuta. Giroa nola, gure hizkuntz jarduera hala. Horregatik hain zuzen eman behar zaio trataera kolektiboa euskararen erabilerari Oharmenean egin daitekeen ahozko adierazpenaz gain, badira gutxienez bi gauza ezinbestekoak direnak esana eta egina bat etorri ahal izateko:
- Harremanen emaitza euskararen aldera abiatuko bada, euskal gizarteratzaileen kopuruari egin behar diogu kontu, honek gain egin behar baitio gizarteratuen kopuruari (gure kasuan erdal elebidunen kopuruari), edo gutxien-gutxienik izan dadila kopuru berdintsua. Honela gertatu ezean, arrisku latza bailegoke erdararen eragina are gehiago zabaltzeko euskaldunen artean ere, hizketarako erraztasuna motelduz bezala, darabilten euskararen kalitatea gaiztotuz ere. Harremanak, horrela, erdal eragina gizarteratzeko tresna bilakatuko lirateke, lortu nahi dugunaz beste aldera hain zuzen ere.
- Baldin eta erdaraz jardun ohi duten taldeek hizkuntza araua alda dezaten nahi bada; baldin eta taldekideek euskaraz aritzeko ohitura eraiki dezaten nahi bada; orduan eta harremanok taldeen artekoa izan behar dute ezinbestean, eta ez gizabanako hutsen artean. Euskaraz mintzo ohi den taldearekin harremanetan egonik eskuratuko baitu indar eta bultzada erdal araua darabilen taldeak.
Berezko taldeen euskalduntze bidea, funtsean, gizarteratze prozesu bat antolatzean datza, zeinetan batzuek gizarteratzaile egitekoa, eta beste batzuek gizarteratuarena egiten duten aldi beretsuan. Helburua: berezko harremanak euskalduntzea eta kideen euskararen kalitatea eta gaitasuna hobetzea. Prozesu hori hiru testuinguruetan ematen da, oinarrizkoenatarik orokorrerainokoa, lagunartean hasita, herrian kokatuz ondoren, eta Euskal Herriraino iritsiz azkenik. Begi bistakoa da bilakaera hau nola joan den poliki-poliki ematen egindako ikerketatik ikerketara. Ikustazu hori laburrean:
- Lehenengo ikerketa zikloan, euskaldunak eta euskaldungaiak elkarrekintzan ziharduten lagunartearen barruan.
- Bigarren ikerketa zikloan, aurrekoaz gain, lagunarte euskaldunak eta lagunarte mistoak (guztiz euskaldunak ez direnak) elkarrekintzan ziharduten herriaren barruan.
- Hirugarren ikerketa zikloan, aurrekoaz gain, herri euskaldunak eta herri mistoak (guztiz euskaldunak ez direnak) elkarrekintzan jardun dezatela nahi dugu Euskal Herriaren barruan. Hemendik aurrera, kualitatiboki, euskarak ez du jada testuinguru orokorragorik.
Ikus dezagun gure eskuhartzearen ibilbidea zein izan den, hastapenetatik gaurdaino.
Pasai-Antxoko esperientzia (Tesi lana)
Pello JAUREGIk Pasai-Antxon abiatu zuen eskuhartzean, bi gauza lortu nahi zituen: erdaraz bizi zen lagunarte batean hizkuntz ohituraren aldaketa burutzea; eta bestetik, hizkuntz ohituraren aldaketa prozesu horren gaineko jarraipena egitea prozesuaren gakoak topatu nahian.
Pasai-Antxoko lagunartea 20-25 urte bitarteko neska-mutilak osatzen zuten, eta euskara gaitasunari dagokionez, gaitasun handiko kideak nahiz gaitasun txikikoak topa genitzake. Hizkuntz ohituraren aldaketa prozesuari ekiteko hainbat alderdi landu behar izan ziren eskuhartzean:
Gaitasun txikikoen euskara gaitasuna
Honakoa hobetu behar zen taldeak euskara aldera jo zezan. Horretarako, hainbat euskara eskola antolatu ziren. Baina hainbat ezaugarriekin: ez zen gaitasunaren araberako bereizketarik egin. Eskoletara lagunarteko kide guztiek hartzen zuten parte bere euskara gaitasuna zena zela. Aldi berean ez zen ariketa gramatikalik egin. Ariketa guztiek lagunarteko kideen arteko komunikazioa zuten ardatz. Benetazko komunikazioan, euskaldunak euskaldungaien maixu bihurtzen ziren. Eskolek, oso emaitza onak eman zuten, euskaldungaiek aurrerapen nabarmenak egin zituzten. Euskaldungaien euskara gaitasuna ez zen oztopo izan lagunartean euskara erabiltzeko. Dena ulertzeko gai ziren, eta euskara hutsez komunikatzeko ere bai, zailtasunak zailtasun.
Lagunartean euskaraz mintzatzeari ohitu lagunartea
Hainbat eta hainbat alderdi landu behar izan ziren. Alde batetik denek jokaera berriari buruzko gogoa aldekoa izatea lortu behar zuten, hau da, denek euskaraz mintzatu nahi behar zuten. Irriki hau hitzez oso erraz adieraz daitekeen arren, jokabidez zailagoa da. Eskuhartzeak aitortzerik ez dugun gogo horri heldu nahi zion. Era berean, lagunartean euskaraz egitea jokaera erabilgarria zela erakutsi nahi izan zitzaien. Eta azkenik, neurriko ahalegina eskatzen zuela ikustarazi. Hiru hautemate hauek baldintzatzen dute norbanakoaren jarrera jokaera berriaren aurrean. Hautemateak aldekoak izan ezean, nekez ekingo dio jokaera berriari norbanakoak.
Lagunarte barruko euskararen erabilera nabarmenki hobetu zen. 90-91 ikasturteko udaberrian euskararen erabilera lagunartean bere punturik gorenera iritsi zelarik. 91-92 ikasturtean berriz, erdararen aldera aldatzen da hizkuntz norabidea. Lagunarteak hizkuntz egoera iraultzea lortu bazuen ere, egoera berria bururaino eraman eta bere horretan iraunaraztea ez zuen erdietsi. Pellok xehetasun osoz azaltzen du tesi lanean lagunartearen bilakaera eskuhartzea iraun zuen denboran zehar.
KUADRILLATEGI: Lasarte-Oriako esperientzia
Hastapen teoriko eta metodologikoak astindu ostean, lagunartearen beharrei hobeto doitzen zitzaien eskuhartze diseinua osatu zuen Pellok. Diseinua geroxeago Lasarte-Orian abiatuko zen. Honelaxe, bigarren ikerketa ziklo bati hasiera eman zitzaion Lasarte-Oria herrian, esperientziaren neurria eta lagunarte kopurua handituz: 18-20 urte bitarteko 11 lagunarte. Handitzearekin batera gainera bestelako berrikuntzarik ere abiatu zen; izan ere, lagunarte euskaldunak eta lagunarte mistoak (euskaldunak eta erdaldunak nahasturik), biak bildu baitziren egitasmora, pentsatuz gehiagotu egingo zuela horrek egitasmoaren indarra, alegia, talde eta lagunak euskal jokaerantza makurrarazteko indarra. Kuadrillategi izenez agertu zuen bere burua egitasmoak eta hiru urtez jardun zuen esperientzia piloto gisa aipatu herrian, harik eta 2000ko ekainean ikerketa fasea burutu eta datuak ezagutzera eman ziren arte. Lasarte-Oriako esperientzian, euskara-eskolak ere izan ziren gaitasun araberako bereizketarik gabe, eta lagunarte erdaldunen saioetan sistematikoki gazte euskaldunen parte hartu zutelarik. Ikus dezagun laburrean lorturiko emaitzarik esanguratsuenak:
- Euskaldungaien %63ak nabarmenki hobetu du euskarazko gaitasuna, nahiz eta ohiko hizkuntza eskolarik ez duten kideek jaso, bai eta ordu kopurua eskas samarra ere izan den arren. Ikasbidea dela eta, gogoan hartu behar baita hizkuntza ariketak ez baina, euskararen erabilera erreala bera izan dela ardatza, eta euskaldunekiko harremanak sistematikoki erabili direla. Esku hartze orduak, euskaldungaien kasuan: 242 ordu bi ikasturtetan.
- Erdaraz ziharduten lagunarteek, euskalduntze esanguratsua ezagutu dute eguneroko harremanetan. Biko harremanei dagokienez, lagunarteko harreman bat bera ere ez zen euskarazkoa egitasmoaren hasieran, tartean euskaldungairen bat zenean. Egitasmoan 242 ordu murgilduta egon ondoren, ordea, euskaldungai horiek, nahiz eta oraindik euskaldunen hizkuntza gaitasun arruntera ez iritsi, euskara hutsezko harreman finkatuak agertzen dituzte kopuru politean: lagunarteko harremanen %17an hain zuzen ere. Aldaketa hau eman den kasu guztietan, solaskideren batek bederen behar zuen hizkuntza gaitasun oneko euskalduna izan.
- Lagunartetik kanpo ere, harreman sarea zabaldu, aberastu eta euskaldundu egin da nabarmenki. Esan dezagun adibide gisa, euskaldun eta euskaldungaien arteko biko harreman handien kopurua %1etik %10era pasa dela egistamoak iraun duen denboraldian, eta hizkuntzari dagokionez, harreman horien %99a euskara hutsezkoak dela egun.
Emaitzak, ikus daitekeenez, oso baikorrak dira, batez ere talde mistoetan hizkuntza ohituraren aldaketa euskararen aldera egin daitekeela erakusten dutelako. Hala ere, diseinuak bazuen zer hobeturik:
- Euskararen galera adin gazteagotan abiatzen denez, gure egitasmoa etekingarriagoa gerta zitekeela pentsatu genuen, galera ematen den adinetan gauzatuz gero, galera samurtu dezakeelako.
- 18-20 urte bitarteko gazteek, ez dute aisialdi eskaintzaren beharra. Autonomoagoak dira. Eta gure diseinu berrian, funtsezkoa da gazteek Kuadrillategin topatzea kalean topa ez dezaketen aisialdi eskaintza, behar horrek egitasmoan parte hartzera bultzatuko dituelako, egitasmoan parte hartu ahal izateko jartzen ditugun baldintzak oztopo gertatuko ez zaizkielarik.
- 18-20 urte bitartean, lagunartea desitxuratzen hasten da, ez da horren egitura trinkoa. Horrek egitasmoaren antolaketa erruz zailtzen du, eta bide batez diseinua ere bai, taldea oinarria izanik, talde osoa biltzeko arazoak izaten direlako.
- Lasarte-Orian abiatutako diseinuak azpiegitura handia eskatzen zuen.
Kontu horietaz jabetuta, besteak beste, diseinu berri bat eratu zuen ikerketa taldeak. Lan horri heldu zionean elkarte bihurtzea erabaki zuen ikerketa taldea osatzen genuen lagunok.
DISEINU BERRIA: Kuadrillategi hainbat udalerritan
Lasarte-Oriako esperientziak bide onetik gindoazela erakutsi zigun arren, oraindik diseinua gehiago findu behar zela ere nabarmendu zitzaigun. Horregatik diseinu berri bat osatu genuen. Diseinu berri honetan, adinetan behera egiten dugu, euskara-eskolak alboratzen ditugu, aisialdi eskaintzaren formatoa erraztu, eta orokorrean diseinuaren antolaketa erraztu egiten dugu. Hona hemen diseinu berriaren ezaugarririk nabarmenenak:
- Ikerketak aisialdi eskaintzaren itxura hartuko du gazteei aurkezterakoan.
- 14 urteko gaztetxoei eskainiko zaie egitasmoa, hots, DBH3 mailakoei.
- Bi urtez iraungo du egitasmoak, beraz 16 urte izango dituzte bukatzean.
- Hiru baldintza bete behar dira ezinbestean egitasmoan parte hartzeko:
- Ikasketak B ala D ereduan egitea
- Taldekako izen ematea: gutxienez 5 lagunek behar dute izena eman.
- Egitasmoaren jardueretan euskaraz mintzatzea.
- Egitasmoak bi jarduera mota eskainiko ditu:
- Kultur tailerrak: 4 orduz astean, herrian bertan
- Oporraldietako jarduera ludikoak: herrien artean
- Tailer bakoitzak hiru lagunarte ezberdin elkartuko ditu eta dinamizatzaile batek hartuko du haren ardura.
- Hilabetean behin aldatuko dira tailerreko partaideak, hiru lagunarte ezberdin elkartuz aldi bakoitzean.
- Lagunarte bakoitzak lau bilera egingo ditu ikasturteko dinamizatzaile batekin, beren satisfazio mailari neurria hartzeko.
Eskuhartze sistema honen bidez honako helburu hauek eskuratu nahi ditugu:
- Lagunarteko hizkuntza jokaerari dagokionez:
- Euskaraz egiteko ohitura duten lagunarteek gehiago finka dezatela ohitura, hizkuntzari kultur eta gizarte balioa emanez.
- Erdaraz egiteko ohitura duten lagunarteek euskaraz egiteko ohitura finka dezatela. Hikzuntz ohituraren aldaketa.
2001-2002 ikasturtean zortzi udalerrik abiatu zuten Kuadrillategi egitasmoa: Lasarte-Oria; Andoain; Urnieta; Beasain, Deba, Bergara, Aretxabaleta eta Astigarraga. Urtebete beranduago beste hiru herri helduko zioten egitasmoari: Atarrabia, Burlata, eta Uharte. Hirugarren ikerketa zikloa aurtengo ekainean amaitzen da, hortaz, oraindik ez ditugu eskura datuak. Ekainean jasoko ditugu datu guztiak, eta hirugarren ikerketa epe honi dagozkion emaitzak eta ondorioak orduan atera ahal izango ditugu.
Oinarri teorikoak
Aurreko ataletan gure eskuhartzearen ibilbidea azaldu ahala, tarteka gure oinarri teorikoak ere aipatu izan ditugu gainetik izan bada ere. Atal honen helburua berriz, ibilbidea agertuta, gure eskuhartzearen oinarri teorikoak laburbilduta erakustea da.
Hizkuntz ohituraren aldaketari buruz
- Hizkuntza jokaera, jokaera kolektiboa da. Taldeak arautzen duen jokaera da, eta horrenbestez taldeko kide guztiek bete behar duten araua da.
- Arauek, aitortuak nahiz aitortugabeak, hizkuntza jokaera jakin bat bultzatuko dute. Jokaera hori errepikatzearen poderioz, ohitura bihurtzen da.
- Ohitura aldatzeko, araua aldatu behar da.
- Arauaren apurketak, taldea desorekatzen duenez, taldea oreka berreskuratzen saiatuko da. Oreka berreskuratzeko ahalegin horretan arau berria ager daiteke, beranduago ohitura bihur daitekeena. Apurketaren aurrean kideek jarrera desberdinak agertuko dituzte: batzuk aurreko arauari eutsi nahi izango diote, beste batzuek begi onez hartuko dute indarrean zegoen araua apurtzen duen jokaera berria, eta beste batzuei bost axola.
- Jokaera berriari (euskarari) eusteko hainbat baldintza bete behar dira:
- (hautemate subjetiboak):
- Jokaera burutzeko gogoa. “nahiko nuke euskaraz mintzatu...”
- Erabilgarritzat jo behar da. Jokaera berriak erabilgarria behar du izan. Ondo pasatzeko, zirrarak agertzeko, ...
- Neurriko ahalegina eskatu behar du.
- (baldintza objetiboak:soziolinguistikoak)
- Hizkuntz gaitasuna. Euskaraz jakin behar du gazteak.
- Euskaldun kopurua harreman sarean (lagunartean)
- Euskaldun kopurua gune soziolinguistikoan (Ktg-n)
- Kuadrillategik eskaintzen duen gune babestuan, euskaraz jokatzea erraztuko duten baldintzak bete ezezik, berezko taldeetako kideen artean euskaraz egiteari buruz zituzten hautemateak alda daitezke, euskara izango dutelako kideen arteko hizketarako tresna. Baldintza horiei denbora jakin batean eutsiz gero, hizkuntza jokaera berria errotu eta ohitura bihur daiteke gune babestuan, bai eta, gune babestutik kanpo ere noski, hau da, kalean.
Gune babestuan errotutako hizkuntza jokaera kanpoan eman dadin. Baldintzak bermatuko dituen harreman sareari eutsi egin beharko zaio.
Euskararen normalizazioari buruz
- Euskara normalizatuko bada, ezinbestekoa da euskararen erabilera gainditu dezala espazio-sinbolikoa.
- Orain arte talde mistoak, ziurrenik egun zabalduen dagoen lagunarte mota, erdal eragileak izan dira. Baina Kuadrillategin ikusi ahal izan da, hizkuntza prozesua irauli daitekeela talde mistoetan ere hainbat baldintza betetzen direnean.
- Berezko taldeek, eta hauen artean mistoek bereziki, euskararen normalizazioarentzako esparru garrantzitsua osatzen dute.
Nerabeen parte hartzeko baldintzak
- Eskaintzen dugun aisialdiaren truke, hainbat baldintza betetzeko prest egon daitezen, gure aisialdi eskaintza mundiala behar du izan. Hala hauteman behar dute.
- Kontuan hartuta diseinu berriak aintzat duen adin-tartea: nerabeak famili altzoa utzi eta kalerako jauzia egin dute. Kalea arrotza da eta taldearen babesa ezinbestekoa dute, lagunen babesa, koadrilarena. Horregatik adin horretan koadrila egitura sendoa eta trinkoa da. Denbora librean kaleak ez die gauza handirik eskaintzen kontsumoko aisialdiaz gain. Ez da lan nekeza kale kantoian pipak zuritzen denbora luzea ematen duten gazte koadrilak ikustea. Ez dira haurrak ezta helduak ere. Ez dute gune fisikorik harientzako. Gauzak egiteko prest leudeke, baina ez dakite zer egin ezta non bilatu ere. Jende berria ezagutu nahi dute, irekitzeak beldurra ematen dien arren. Neska-mutilak elkarrekin daudenean urduri jartzen dira, ez dute nahi, baina aldi berean bai. Gaur pozik eta bihar haserre.
- Kuadrillategik honakoa eskaintzen die:
- Gune fisiko bat biltzeko, eta jende berria ezagutzeko (neskak nahiz mutilak)
- Gauza berriak egiteko aukera. Gure helburua ez da inor ezertan trebatzea, baizik eta denbora librean egin daitezkeen hainbat eta hainbat gauza eginaraztea, handik urte batzuetara helduagoak direnean gustokoen izan duten hori ganora eta dedikazio handiagoz egin dezaten, bai federatuz, bai elkarteren batean sartuz.
- Kuadrillategik behar horiek asetzen badizkie, gazteek behar adina egingo dute Kuadrillategin irauteko, eta eskatzen zaizkien baldintzak neurrikoak irudituko zaizkie. Baldintzak betetzen badituzte, jokaera berria burutuko lukete, eta hizkuntza ohituraren aldaketa abiatu egingo lukete.
Printzipio estrategikoak
Zein printzipio estrategiko ari da eragiten diseinu berriaren atzean?
- Taldearen hizkuntza araua eta kideen hizkuntza jokaera aldatu, gizarteratze prozesu baten bidez aldatzen da, zeinetan batzuek: hizkuntza gaitasun eta erraztasun handia dutenek, gizarteratzaile edo berezko hezitzailearen funtzioa betetzen duten, inolako ahaleginik gabe, berez eta aise bete ere. Besteek ordea: hizkuntza gaitasun urria dutenek, gizarteratuaren errola jokatzen dute testuinguru horretan. Testuinguru berezi honek bereizten ditu batzuen eta besten errolak. Harreman errealetan gertatzen da dena. Ez du inork zuzenki eta kontzienteki “hezitzailearena” egiten, baina beste helbururik gabe euskara egin hutsez, eta are euskara ona erabiliz eta jarioz egitean, besteen, gaitasun urriago duten horien, berezko “irakasle”, eragile eta jokaera eta jarreren gizarterazaile bihurtzen da, nahigabe bada ere.
- Bizitzaren indarra jartzen da hizkuntzaren faboretan eta ez alderantziz. Zer da hau?. Diseinuak ez die partehartzaileei eskatzen hizkuntza helbururik edo hizkuntza motibazio sendorik izan dezaten. Beren hizkuntza kontzientzia ere ez da landuko hitzez eta era arrazionalez. Aitzitik, beren bizimoduari lotutako kontuek erakarriko dituzte gaztetxoak, erakarriz gero, honelako batean parte hartzera, hala nola, esperientzia berriak bizi ahal izateak, gustuko jendearekin harremanetan jarduteak, ekintza ludikoez gozatzeak, kalean murgitzeko bideak topatzeak eta aire horretakoek. Beren bizitza beharrei jotzen die egitasmoak eta ez beren hizkuntza kontzientziari. Hizkuntzarena (euskaraz jardun beharrizana) horrelako eremu erakargarri batean murgiltzeko ordaindu beharreko peajea baino ez da. Batzuek ez dute batere penarik izango horrelako peajerik ordaintzean. Beste batzuek, ordea, bereziki gogoan erdaraz jokatzeko ohitura dutenak ditugula, horiek bai, bada, oso kalkulu zehatza egin beharko dute uneoro produktuaren kalitateaz eta ordaindu beharreko prezioaz. Hori dela eta, hizkuntza prezioa “kobratu” ahal izateko, produktuaren kalitateari erreparatu behar dio etengabe egitasmoak, eta horrek esan nahi du, besteak beste, gaztetxoen behar afektibo eta sozialak ezeren aurretik asetu behar dituela behin eta berriro.
- Aurrekoek testuinguru berezia moldatzen dute, bai kontzienteki euskaraz egiteko baldintza onartu behar dutelako, bai oharkabean euskara hutsezko ingurune zabal batean murgiltzearen ondorioz. Testuinguruak behartzen ditu kideak oro euskaraz egitera, baita lehendik lagunartean erdaraz hitz egiten zutenek ere. Norberaren gainetik dagoen indar batek behartzen du talde bat euskaraz jardutera, nahiz eta arrotz gertatu, nahiz eta beren gurariaz ez den izan, pentsatuz, beharbada, giro horretatik jasotzen dituzten onurek ongi merezi dutela ahalegintxoa. Jardunaren jardunez, ezagun eta erraz bihurtzen da arrotza. Emeki-emeki, elkarrekiko hizkuntza hautemateak aldatzen dituzte taldekideek, jarduera berrietara egokitu behar baitituzte uste eta sentimendu zaharrak. Taldearen hizkuntza araua itxuraldatzen ari da, euskarazko jarduerak bultzatzen baitu etengabe hautemateak, bai norberarenak, bai taldearenak, praktikarekin bat egitera. Denbora kontua baino ez da izango hizkuntza ohitura berria finkatzea.
- Ezin dugu guztiz ziur egon lagunarte batek egitasmoaren barruan lortu duen hizkuntza ohitura, kanpoan dagoenean ere, erakutsiko ote duen, zeren hizkuntza jokaerak beti baitaude lotuta testuinguruari. Testuingurua aldatuta, beraz, ez dakigu zehatz-mehatz zer gertatuko den jokaerarekin. Hala ere, jakin badakigu ezen egitasmoaren testuinguruan euskaraz egiteko ohitura eskuratu ezean, ondorengo urratsa, hots, berezko giroan eta kalean euskaraz aritzea, ezinezkoa dela. Horregatik, egitasmoaren zuzeneko ardura da lehenengo urratsa eman dadila, osoki eta sendo eman ere. Handik aurrera aurreikusten dugu, hipotesi gisa, hizkuntza ohitura berria beste testuinguruetara zabaltzea oso litekeena dela, bereziki biko harremanetan. Buruz buruko harremametan, egitasmoaren barrenean izan zein kalean izan, solaskideek hizkuntza arau bera erabiliko luketela uste baitugu. Hirukote edo gehiagoren arteko hizkuntza harremanetan, ordea, bidekartu egiten zaizkigu solaskide-konbinaketak, bakoitzean hizkuntza araua ezberdinak aplikatzea, solaskideen ezaugarrien arabera, oso litekeena delarik. Eta handik segitzen da, bikoteek ez beste, gainerako taldetxoek ez dutela oin sendorik ematen aurrikuspenak egiteko.
Kuadrillategi ikerketa eta aholkularitza
Lasarte-Oriako esperientzia amaituta, berezko taldeetan oinarritutako ikerbideari heldu eta segida ematearren, ikerketa taldea osatzen genuen lagunok Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartea eratu genuen. Bere helburuak honako hauek direlarik:
- Euskalgintzan diharduten pertsona, elkarte, zein erakundeak, euskararen normalizazio prozesuan berezko taldeek duten garrantziaz ohartaraztea.
- Euskararen normalizazio prozesuan, berezko taldeek duten garrantziaz ohartarazi; eta interbentzio esparru berri honi eusten dion marko teorikoa eta hastapen metodologikoak zabaltzea.
- Berezko taldeetan euskararen erabilera sustatzeko bide berriak ikertzea; euskararen normalkuntzarako giltzarri den interbentzio esparru honi eusten dion marko teorikoan sakontzeko, eta interbentzio esparru honetan aintzat hartuko diren oinarri metodologikoak ikertu eta fintzeko.
(DIEGO EGIZABAL Kuadrillategi egitasmoaren zuzendaria da)
Informazio gehiago HEMEN
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1053298772