![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-05-27 / 07:09
Asko ari da zabaltzen, gehitxo gauza onerako, aparteko orduak gaztelaniazko horas extraordinarias-en ordain gisa. Niri, egia esan, ez zait egokia iruditzen. Uste dut euskaldun batek, “aparteko orduak”, gizon edo emakume zoragarri batekin, oso gogoko duen liburu eta ikuskizun batekin... pasa ditzakeela; ez inola ere bulegozulo edo lantegi batean, eta aurretik hainbat ordu pasatu ondoren. Ez da nire uste soila. Aski da gure tradizioan eta hiztun onen artean miratzea, ikusteko, salbuespenak salbuespen, aparteko gauza positiboa dela euskaraz, berezia bere ontasunean. Bestalde, argi dago aparteko hitz aski adierazkorra dela, eta ez duela administrazio alorreko hitzek behar duten neutrotasuna.
Zergatik izan du, orduan, halako arrakasta bat aparteko orduak horrek? Bada, nire ustez, gaztelaniaren tranpagatik: aparte-ren gaztelaniazko kide hurbilena extraordinario denez gero, gaztelaniazko extraordinario guztiak emateko aparteko erabili behar dugu, euskal hitz altxorra erdarazkoaren mendeko eta morroi denez gero, antza.
Inguruko hizkuntzei gehixeago begiratuko bagenie, bi gauzaz jabetuko ginateke. Alde batetik, horas extraordinarias adigaia ez dela nazioartekoa inondik ere: frantsesez heures supplémentaires da, ingelesez overtime, eta oso antzeko zerbait –Überstunde– alemanez, etab. Bestetik, inguruko hizkuntza horiek, askotan, irtenbide hobeak eskaintzen dituztela euskarazkoa taxutzeko.
Kasu honetan, adibidez, badirudi askoz ere txukunagoa dela horas extraordinarias delako horren ordaintzat hurbilketa frantsesetik egitea -ingelesetiko hurbilketak, gainordu edo, nire ustez ez du ongi ematen euskaraz– eta ordu gehigarriak erabiltzea: euskaraz gardena da, neutroa eta gaztelaniaren morrontza saihesten du.
Aparteko paga-ri dagokionez, aldiz, ez dirudi frantsesaren bideak –double paye– eta are gutxiago ingelesarenak –salary bonus– lagungarriak gertatzen direnik; baina kasu honetan euskarazko berezi-ren tradizioa aztertzeak erakutsiko digu paga berezia-k bete-betean ematen duela paga extraordinaria-ren ordaina. Hori da, bestalde, alemanezko Sonderzulage-ren irtenbidea.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN
Asier Larrinaga / 2003-05-28 / 10:46
> Aski da gure tradizioan eta hiztun onen artean miratzea, ikusteko, salbuespenak salbuespen, aparteko gauza positiboa dela euskaraz, berezia bere ontasunean.
(...) Zapatu guztietan (...) pobreentzat egin oi zuten aparteko tupia edo elzea.
> Bestetik, inguruko hizkuntza horiek, askotan, irtenbide hobeak eskaintzen dituztela euskarazkoa taxutzeko.
Asier Larrinaga