Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bizkartzainak

Bizkartzainak

2003-05-20 / 07:25 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Bizkartzain neologismo aski berria da gure artean. Ez da, noski, tradizioan agertzen, ezta ere, antza, euskara batuko lehen hamarraldietan: haren arrastorik ez da 1977ko Maiztasun Hiztegian, ezta EEBSan ere, 1990 arte bederen. Dena dela ezin da ukatu azken urteotan izan duen zabaltze ia erabatekoa, hain nabarmena non Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ere agertzen baita.

Nolanahi ere, ez luke hiztegi horretan agertu behar, ez baitator Euskaltzaindiaren hiztegiaren irizpideekin bat. Egia esan, uste dut itzuri egin zitzaigula hitz hori, beste zenbait bezala, zerrendak taxutzerakoan.

Izan ere, bizkartzain, garai batean halako arrakasta izan zuen beste hitz bat bezalakoa da, txanponjale bezalakoa, alegia. Bietan dago espainol hutsa den metafora bat: txanponjale-n tragaperras, eta bizkartzain-en guardaespaldas. Metafora garbiak biak. Bigarren hitzean, orain dagokigunean, sinekdoke bat dugu, gorputz osoa izendatzeko bizkarra erabiltzen baita.

Esan dudan bezala, espainolak soilik egiten du hori: frantsesez garde du corps da hitza, eta ildo beretik, ingelesez bodyguard eta alemanez Leibwächter, hots, gorputzain hitzez hitz hiru hizkuntzetan.

Ez naiz ni hasiko bizkartzain neologismoa baztertu behar dela esaka; baina uste dut gorputzain neologismo txukunagoak lekua merezi duela euskal hitz altxorrean. Baditugu horrelako aldaketen adibideak euskaraz azken urteotan: azpimarkatu-ren aldamenean azpimarratu sortu zen, eta orobat komunikabide-ren alboan hedabide; ez zen inor kexatu, eta gainera badirudi berriek gaina hartu dietela zaharrei, eta are, azpimarkatu-ren kasuan bederen, lehiakideak erabat baztertu dituztela.

Dena dela, bada diferentzia bat horien eta bizkartzain-en artean: azpimarkatu eta komunikabide azalean, kanpoko itxuran dira erdaratikoak; bizkartzain-ek, aldiz, bere barne egituran darama erdaltasuna. Eta tamalez, badirudi gehiago digula axola axaleko mordoilokeriak barnetikoak baino. Ez al da hori gorputzain-en bidean oztopo gertatuko!


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Arauaren oinarria ez al dago erabileran?
2003-05-20 / 19:23 / Antton Elosegi

Nire lanbidea dela eta (euskara irakaslea, nola ez) hamaika aldiz suertatzen zait Euskaltzaindia defendatu behar izatea: ez dela egia urtean bitan iritzia eta araua aldatzen dabilela, eta euskararen erabileran (eta ez kanpotik ezarritako eredu batean) dagoela arauaren oinarria, besteak beste. Eta eginkizun horietan Ibon Sarasola maisu handitzat izan dut beti, edo ia beti. Baina oraingoan bizkartzain-en aurka eta gorputzain-en alde idatzitakoak nire argudio guztiak zapuztu ditu.

“Nolanahi ere, (bizkartzain) ez luke hiztegi horretan (EHBn) agertu behar, ez baitator Euskaltzaindiaren hiztegiaren irizpideekin bat” dio Ibonek. Beste batzuetan ere pentsatu izan dut ez ote den urrutiegi eramaten nazioartekotasunaren irizpidea lexiko kontuetan. Izan ere, zein irizpide jarri ote daiteke erabilera zabalaren gainetik? Zertara dator euskaraz, berria bai, baina hedabide guztietan (beste aldetik zoritxarrez) hain erabilia den hitza, morfologia aldetik ondo eratua, eta esanahiaren aldetik aski gardena eta zehatza, nazioartekotasunaren izenean baztertzeko (edo ez lehenesteko) dei hori?

Ibonen argudioa irakurrita badirudi gaztelaniak ez beste hizkuntzek behar bezala izendatzen dutela zera hori eta gaztelaniak, berriz, sinekdokeak eta horrelako zatarkeriak eginez. Ez, bada, izendapen horiek denak dira metaforikoak, denak dira arbitrarioak, eta hizkuntza batzuetan metafora-berdintasuna egoteak edo ez, ez du ezer esan nahi. Euskarak gaztelaniazko metafora kalkatu duela? eta zer? Noiztik da gaztelania euskararen neurbidea?

Bizkartzain-ek, dio Ibonek, bere barne egituran darama erdaltasuna. Esaldi horren mezuan ikusten dut nik okerbiderik handiena. Onartutako eta erabilitako hitz bakoitza aztertzen eta berraztertzen ibili behar ote dugu beste hizkuntzen argitan nahiko euskalduna den jakiteko? Ez al da hori, aspaldi salatu zen exonorma berriro euskararen arau bihurtzea?

Gorputzain hobetsi behar omen da. Beste hizkuntzetan egitura horretako izendapena erabiltzen dela eta hitz asmatu berria ikasi behar ote dugu, kostata ikasi eta aho batez erabiltzen dugunaren ordez? Eta gainera, gorputzain, ongi ahoskatu beharko dugu, ez dadin gorpuzain-ekin (tanatorioko langilea, alegia) nahastu, zeren euskaldun gazte askok ikasi du gorputz eta gorpu zehatz bereizten.

Antton Elosegi
Euskara Teknikoko irakaslea

 
Guztiz bat Elosegirekin
2003-05-21 / 10:27 / Xabier Mendiguren Elizegi

Guztiz bat nator Antton Elosegirekin, beraz ez dut mezua luzatuko.

Hamaika egiteko dago euskal lexikoan, problemarik ez duten hitzekin atzera bueltaka hasteko orain.

X.M.E.

 
Ibon Sarasolaren erantzuna
2003-07-07 / 18:06 / erabili.com

Ibon Sarasolak Antton Elosegiri -eta Xabier Mendigureni- emandako erantzuna irakurri nahi baduzu, sakatu HEMEN

 
Bizizain
2003-12-24 / 18:28 / Mikel Hernandez Abaitua

"Gorputzain" eta "bizkartzain" dela-eta, uste dut Sarasolak arrazoi duela. Zoritxarrez berandu gabiltza beti. Zuzenketa horiek hobe hitza indartu baino lehen egitea. Hala ere, batzuetan hobe da ezein kanpotar hizkuntzari jaramonik ez egitea eta hitz berri-berriak sortzea. Nik "bizizain" proposatuko nuke adar jotzea iruditzen ez bazaizue. Aurreko biak baino gardenagoa eta politagoa iruditzen zait, azken finean ez baita gorputza zaintzen, bizia bera baizik.

(MIKEL HERNANDEZ ABAITUA idazlea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com