Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? (eta IV )

Mikel Zalbide / Hizkuntza / 2003-05-12 / 07:32


IV. Zer egin liteke, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko?

IV. Zer egin liteke, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko?

Konstruktu teoriko gutxiago, eta han-hemengo eredu konkretu gehixeago, azalduko dugu laugarren atal honetan. Alderdi praktikoak azpimarratu nahi dira, nolanahi ere, hemendik aurrerakoan. Aurretik argitzen saiatu garen kontzeptuak behar-beharrezkoak gertatuko zaizkigu, halere, aplikazio-lan horretarako.

Azken ehun urte luzean, saio ugari egin da han-hemen lekuan lekuko hizkuntzak (batez ere goi-mailako gizarte-esparruetan eta idatzizko jardunean erabateko debekua edo aski sarbide murritza zutenak) indartzeko, zabaltzeko, edertzeko edo osatzeko. Saio horiek oso diferenteak izan dira batetik bestera. Diferentzia horien iturri nagusiak, itxuraz, honako hauek izan dira: a) saio osoaren azken jomuga. Hots, hizkuntzarekin zer egin nahi izan den: bere erabilera gizarte-esparru berrietara zabaldu; idatzizko jardunerako hizkuntz eredu bateratua sortu; bere ohiko hitz-altxorra “garbitu”, erdaratiko maileguak eginahalean baztertuz,… edota, nola ez, hiztunik gabe gelditzen ari zen hizkuntzari hiztun berriak erantsi, eguneroko jardungune arruntetan bederen; b) saioaren egilea. Hots, indartze-edertze-zabaltze saio hori nork egin izan duen: hizkuntzalari jakitunen batek, hartarako sortua dagoen hizkuntz akademia edo elkargoren batek, hizkuntza txiki-ahulari hiztun gehiago edo jardungune berriak eskuratu nahi lizkioketen ekintza-elkarteek, erdi- edo goi-mailako herri-aginteek,…; c) lan-prozedura. Hots, eguneroko praktikan zer eta nola egin nahi den, hizkuntza jakinaren alde egin nahi den hori: aginte-indarrez, hiztunak elkarrenganatu eta presio-bide sendoak eratuz eta aplikatuz, pertsuasio moralez edo intelektualez, gizarte-indarrei “beren bidea” egin dezaten utziz,….



Indarberritze-saio batzuek arrakastatsu gertatu dira. Batez ere XIX. mendean abiatu zirenak eta aspalditxodanik estatu-aparatu beregainaz horniturik dauden hiztun-herrienak atera dira garaile: demagun txekoa eta hebraiera, hungaroa eta finlandiera. Irispidean dugun etorkizun hurbilera begira, nekez esan dezake inork “garaile” izendatu ditugun hizkuntza horiek galtzeko arriskuan daudenik: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena eta eguneroko bizimodu arruntaren jardungune gehienetako nagusitasuna aski segurtaturik daukate. Ez da egia, beraz, inoiz edo behin entzutea suertatzen den esaldi etsia: ahuldutako hizkuntza bat ezin dela bere onera ekarri, ezin dela indarberritu. Beranduegi dela horretarako. Goiko adibide horiek (Israelgo hebraierak, bereziki) argi erakusten digute ezintasun erabatekorik ez dagoela. Beti, behintzat, ez dela beranduegi. Hainbat hiztun-herrik lortu egin du, zinez, bere hizkuntza ahula indarberritzea. Ahuldutako hizkuntza indarberritzeko saio askok, gehienek seguruenik, ezin horrelakorik esan dezakete ordea: aurrera baino gehiago atzera egin dute saio ugari horiek edota, onenean ere, ikusteko dago zer ondorio aterako den azkenik. Porrot (partez edo osoz porrot) egin duten indarberritze-saioez beterik daude mundu-bazter guztiak. Eta, goazen bidetik goazela (Krauss, 1998, 1992; Fishman 1985, 1991, 2001), beldur izatekoa da joera hori areagotu egingo dela hasi berria dugun mende honetan (1).

Egia da hiztun-herri bakoitzak bere bidea urratu duela, bide propio eta berezia, galtzeko arriskuan zeukan/daukan hizkuntza hori indarberritzen saiatzeko orduan. Horrek ez du esan nahi, ordea, han-hemengo saioak zeharo diferenteak, elkarren inolako antzik gabeak, izan direnik. Han-hemengo saioak sistematizatzen eta konparatzen saiatu direnek, konkretuki, amankomuneko enfoke bat baino gehiago topatu izan dute. Bibliografia teknikoari dagokionez, konkretuki, badirudi hurbilbide teoriko nagusiak ondoko lau hauek izan direla:

Ez dago dudarik beste formulazio asko ere ekar daitezkeela hona. Ez dut uste, ordea, hurbilbide berri horiek goiko lau bideok ezabatzera edo itzulipurdikatzera iritsiko liratekeenik.

Aparte azalduko ditugun lau hurbilbide horiek ez dira, bestalde, elkarrengandik zeharo diferenteak. Ez dira, urrundik ere, bateraezinak. Hainbat puntutan bat datoz, edo bat etor daitezke. Enfasia edo lehentasuna: horixe dute askotan hurbilbideok berezia. Espero izateko zenez, hurbilbide horien prestatzaileek lanbidez edo ikasketaz duten espezializazio-alorrak berak zerikusi zuzena izan du teoria bakoitzaren ikuspegi eta enfasi nagusiarekin. Hizkuntzalariek, normalean, lehenengo hurbilbidea hobetsi izan dute. Irakasleek eta psikologoek, aldiz, bigarren esparrutik heldu izan diote sarri asko indarberritze-saioaren ardatzari. Politikariak eta plaza-gizon herri-maiteak, juristak eta jestore publikoak hirugarren bidean barrena lehiatu izan dira gehienik. Soziologoek eta antropologoek, azkenik, sarriago jokatu izan dute laugarren bidetik. Hori ere gehiago da ordea gauzak esateko modu bat, beti eta nonahi egiazta litekeen printzipio unibertsala baino. Hizkuntzalaria genuen K. Mitxelena eta, euskaltzale-giroan osatuz eta zabalduz zihoazen ikusmolde berriak bere eginik, goren gradura eraman zuen berak, lehenengo hurbilbidetik noski, euskararen corpus-plangintza. Hirugarren bideaz ez zen ordea, aski ezaguna denez, inoiz ahaztu edo lotsatu: arrazoizko eta elkar hartuzko hizkuntz politika esplizitu baten beharra inork baino ozenago aldarrikatu zuen sarri, laissez faireren hutsala edo maltzurra seinalatuz. Lehen eta hirugarren bideak zituen S. Aranak begiko; baina 1900etik aurrera gero eta fermukiago lotu zitzaion (gogo-azalpenez bederen) laugarren bideari. Hirugarren bidea gehien urratu zuten pentsalariak, Paisos Catalans direlakoetan hazi eta hezitakoak, soziologiaren ikuspegitik oso hurbil ibiliak ditugu gehienetan. Gainerakoetatik zeharo bereziak liratekeen hurbilbideez (eta, batez ere, bide berezi horietan barrena beste inoren berri izan gabe ibilitakoez) nekez hitz egin liteke, hortaz, indarberritze-saioen alor honetan. Formula sinkretikoak, han-hemengo ikuspegiak lotzen saiatzen direnak, paradigma huts-garbiak baino ugariagoak ditugu, izatez. Goiko lau hurbilbide horiek egokiagoak dira beraz hasierako azalpen formala eskaintzeko, benetako egoera konkretuen konplexutasuna agertzeko baino. Bere muga eta aje guztiekin ere, lau ataleko azalpide hori baliagarria iruditzen zait gure arteko kontuak argitzen saiatzeko. Has gaitezen beraz, besterik gabe, hurbilbide horiek banan-banan aztertzen. Kanpoko eta etxeko kasuak, jakin-iturriak eta prozedurak elkarren ondoan ematen saiatuko gara azterpide horretan, gure aurretik euskalgintzan jardun duten bidegileak (hartarako egokiera dugun bakoitzean) atzerriko erreferentzien argitan txertatuz.

IV.1. Corpus planning: hizkuntza beragarai berrietarakoegokitzea.

Konstatazio edo printzipiozko baieztapen batetik abiatu izan dira, normalean, lehenengo hurbilbide hau aukeratu izan dutenak: hizkuntza bera, bere barne-egitura alegia, honetan edo hartan trakets dagoela gizarte berriaren mintzabeharrei (eta, bereziki, idazlangintzari) ondo erantzun ahal izateko. Idatzizko eredu estandarrik ez daukala eskueran, ez auzo-hizkuntza nagusien parean behintzat: ortografia erdi-baturik daukala, gramatika kontuetan ez dagoela bide finkorik, eta hiztegi kontuan bakoitza bere bidetik dabilela. Eta ez hori bakarrik: hizkuntza bera zaharkitua gelditu dela mundu modernoaren konplexutasuna arin eta zehatz adierazteko. Badakizu, hain aspaldikoa ere ez da-eta, preautonomi garaiko argudio-modu hura: “no se puede hablar de física nuclear en euskera”. Zaharkitze eta desegokitasun horren ondorioz, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko bidea, bide bat bederen, horixe dela uste izan da askotan: bere baitariko gabezia, trakestasun edo moztade horiek gainetik kentzea. Sukalde-bazterrera eta taberna-zulora bazterturik gelditzen ari den hizkuntza xaharkitu hori oraingo gizartearen mintza- eta idatz-behar guztiei artez eta zalu erantzuteko prestatzea. Autoari motorra konpontzea alegia, mekanikazko konparazioa zilegi balitz, eta berria bezala uztea beste ehun edo berrehun mila kilometrorako. Ba ote da Europan hizkuntzarik, handi zein txiki, bere historiaren une batean edo bestean (aginte-esparrutik ez bada iniziatiba partikularrez edo akademiko-profesionalez) era horretako motor-konpontzerik egin ez duenik? Ezagutzen ditugun hizkuntza gehienek, izen batez edo bestez, badakigu halakorik egin izan dutela. Hizkuntza handien artean gutxitan egin da ordea azken berrehun urtean, hori ere esan behar da, horrelako arreglorik. Eta hainbatek, horrexegatik agian, argi esango digu arreglo horiek ez direla berez parte onekoak. Euskaldunok eta beste zenbait hiztun-elkarte ahulek nork geure hizkuntza propioarekin saiatu izan dugun motor-konpontzea zabala da zinez. Larramendiren eta bere ondoko jarraitzaile hurbilen saioak alde batera utzita ere, ehun urte luze daramagu euskaldunok, kasik etenik gabe, konponbide horretan leporaino sartuak: erdal interferentzia lexikal zein gramatikaletatik libratzen, euskararen ortografia bateratzen, euskara batuaren gramatika- eta hiztegi-arauak definitzen, jakintza-alor gehienetarako terminologia teknikoaz hornitzen,…..

Norbaitek galdetzen badigu hori guztia zergatik egiten dugun, lehenxeago edo beranduxeago honelako zerbait erantzungo diogu: “euskararen erabilera bultzatzeko”. Norbaitek galde diezaguke, degu edo dogu ordez dugu esatearekin eta idaztearekin nolatan lortzen den hizkuntzaren erabilera indartzea, zabaltzea eta babestea. Begirunez eta argudio-oinarri minimoaz jokatu nahi badugu galdera egin digunarekin, funtsean bi bide ditugu eskueran: euskararen corpus-plangintzaren inguruan bateratze horretaz dagoen tradizio ideologiko, akademiko eta operatiboa agertzea batetik; atzerriko zenbait teorigileren ekarpenak mahaigaineratzea bestetik. Emaitza enpirikorik nekez, gaur-gaurkoz, eskaini ahal izango diogu. Batasunak indarra dakarrela berekin, eta indarrak osasuna, tradizio kultural luzea du pentsabide horrek Europan. Pragako Eskolak inork baino zorrotzago eta argiago finkaturik utzi zigun tradizioa, aurrerago azalduko dugunez. Europan ezezik baita gure artean ere, gainera: Mitxelenaren Arantzazuko txostena dugu, oker ez banago, tradizio horren azken paradigma bizia, etxekoon artean zein kanpokoei begira oraindik ere indar betean agertu ohi dena. Arantzazuko txosten hartan, bere lehen pasartean, honela zioen Mitxelenak: “Ezinbestekoa, hil edo bizikoa, dela uste dugu euskara batasun bidean jartzea. Haur eta gazteei euskaraz irakasten bazaie, eta euskaraz irakatsi behar euskara biziko baldin bada, premiazkoa da guztiei batera edo bateratsu irakastea”. Garbi ageri da, Mitxelenaren esaldi horretan, euskararen gorputzean (hortixe dator, hain zuzen, H. Klossen 1969ko corpus-planning hitza) egin nahi den interbentzioa elementu klabetzat hartzen dela. Gorputz-lanketa edo corpus-plangintza hori ongi egiten bada, hortik sortutako hizkuntz eredu bateratu berriaz zuzenago eta errazago eragin ahal izango da eskola-munduan eta handik, azken batean, osasun hobea eskuratuko zaio hizkuntzari. “Hil edo biziko” balioa aitortzen zaio, 1968ko txosten famatu hartan, hizkuntza (idatzia) batasun-bidean jartzeari. Kontuan izan, geroko utzi gabe, Mitxelenak (eta, oro har, mundu zabalean kontu hauetaz jardun dutenek) ez duela corpus-plangintza interbentzio linguistiko huts horretara (horretan dihardutenen teknolekto edo jerga profesionalean codification deitzen denera) mugatzen. Grafiaren, gramatikaren, hiztegiaren edo hots-ebakeraren alorreko kode bateratu berri horiek inplementatu egin behar direla esaten digute beti: hedatu, gizarteratu eta luze-zabalean indarrean ezarri behar direla alegia. Idaztarau berriak lau paretaren artean erabaki, paperean jarri eta “egin bedi” esatearekin ez dela aski. Jendeak ezagutu egin behar dituela arau horiek, ontzat eman, buruz ikasi eta zuzen erabili: benetako estandarizazioa orduan lortzen dela, lau pauso horiek osorik egindakoan; ez lehenago. Espezialista batzuek, Einar Haugen tarteko (Haugen, 1983: 275), educational spread deitzen diote horri, Mitxelenak berariaz aipaturiko eskolagintzaren ildotik (2). Are gehiago esaten dute espezialista horiek: langintza hori ez dela berez inoiz bukatzen eta, implementation edo educational spread horren ondoan, elaboration edo functional development ere ardura osoz burutu behar dela. Gizartea berrituz doanez etengabe, eta hizkuntza jakina (kasu honetan, indarberritu nahi den hizkuntza) mintza- eta idatz-behar berrietara ongi egokitu ahal izateko, lexiko-berrikuntza (espezialisten hitzetan terminological modernization) eta estilo-garapena (stylistic development) orobat zaindu, bultzatu eta indartu beharreko ekimenak direla esaten digute. Hots, hizkuntza landu egin behar dela etengabe (language cultivation (3) bideratu behar dela), hasierako ortografia, gramatika eta hiztegia definitu ondoren.

Esplikazio handirik ez du honek behar, berrogei eta hirurogei urte arteko euskaldunontzat bereziki. Burutik burura osatzen saiatu baikara, azken hogeita hamar urte inguruan, euskararen corpus-plangintza hori. Euskararen onean (euskara gehiago eta hobea erabil dadin, alegia) jardun izan dugu, ustez, plangintza horretan. Ikuspegi zabal horren baitan, euskara batua sortzea eta han-hemen hedatzea ekimen osoaren giltzarri, operazio osoaren iturburu eta indargarri izango dela uste izan dugu sarri. Esparru berrietarako (erdi- eta goi-mailako irakaskuntzarako eta lan-esparru moderno, hiritar, teknifikatuetarako) terminologiazko lanketa zabala bultzatu eta mamitu dugu, orobat. Hizkuntz plangintzarekiko nire harreman profesionala, esate baterako, cultivation alorrean abiatu zen nagusiki, Elhuyarren (corpus planning, cultivation eta gainerako hitz xelebre horiek bazirenik ere jakin gabe noski) egiten genuen stylistic development delakoaz eta gero, UZEIn batez ere, alorrez alor bultzaturiko terminological modernization zabalaz. Beste askok, terminologian baino areago, gramatikaren esparruan ikusi izan du elaboration hori batez ere osatu beharra: Euskaltzaindiaren EGLU lanak, esate baterako, estilo-lanketaren oinarritzat har daitekeen ikuspegi horretatik prestatuak dira. Enfasia batean zein bestean egin, gauza bat dago argi: euskararen egitura hobetuz indarberritu nahi izan dela hizkuntza. Hortik datorkio hain zuzen, eskuartean darabilgun paradigma honi, bere izaera linguozentrikoa.

Hizkuntzaren batasuna, ikuspegi horren haritik, hizkuntzalarien (4) kontua dela asumitu izan da lehenengo egunetik. Ez beraiena bakarrik, baina lehen-lehenik beraiena bai. Beraiek dira izan, konstruktu honen arabera, ahuldutako hizkuntzari indar berria emateko orduan lehen pausoa eman behar dutenak. Enfoke linguistikoa da, horrexegatik, lehen hurbilbide honen ezaugarri nagusia. Hizkuntzak (honegatik edo hargatik) gizarte berriaren beharrei erantzuteko zenbait defizit linguistiko (ez, ezinbestean, demografiko, sozioekonomiko, soziopolitiko edo soziokultural) dituela kontsideratzen da, eta falta-gabezia horiek hizkuntzaren beraren etorkizuna, bizia ere bai, arriskuan jar dezaketela ondorioztatzen. Horrexegatik, hizkuntzari eta hiztun-elkarteari bizirik irauten laguntzeagatik alegia, hizkuntzaren edifizioan (bere estruktura lexikalean zein gramatikalean, batez ere) zaharberritze-lanak egitea erabakitzen da. Zer-nolako zaharberritze-lanak?: goraxeago corpus-plangintza deitu dugun alorrekoak.

Hiru iturritara jo dezakegu, Europara erreparatuz, corpus-plangintza horren azken 200 urteko nondik norakoa xehekiro aztertzeko: Heinz Klossengana batetik, Uriel Weinreich-engana bestetik eta, Pragako eskolaren oihartzunaz jabetzeko, Garvin-engana azkenik. Egia da azalpen xehetuago baterako Bjorn H. Jernudd-en, Einar Haugen-en eta beste hainbaten ekarpenak ere oso argigarriak genituzkeela, baina goiko hiru horietara mugatuko gara oraingo honetan. Eta, horietatik ere, lehenengoa hartuko dugu ardatz.


IV.1.1. Hizkuntzen corpus-plangintza, Pragako Eskolaren arabera.

Joan den mendearen 30eko hamarkadan (1932, 1938 besteak beste) azalpen argiak, zehatzak eta Mitxelenaren Arantzazuko txostenera ere oihartzun ozena zabaldua dutenak, eman zituen Pragako Eskola Linguistikoak hizkuntz eredu batuen, hizkuntza estandarren gainean. Labur beharrez ari garelarik, gain-gainetik baizik ez ditugu aipatuko bere zenbait ekarpen. Xehetasun handiagorik nahi duenak jo beza bibliografia teknikora (Havránek, 1938; Prague School, 1974, jatorriz 1932; Garvin, 1973). Edota, sintesi-saioarekin aski baldin badu, txosten honen eranskin gisa eskaintzen den azalpenera. Zer dio hurbilbide horrek, funtsean, hizkuntz eredu estandarrei buruz? Honako kontuok, besteak beste:

Pragako eskolak esandako guztia da, egia esan, oso kontuan hartzeko. Txosten honi dagokionez azken-azken puntua interesatzen zaigu, halere, bereziki azpimarratzea. 1930 ingurutik hona corpus-plangintza eta indarberritze-saioak (eta saio horien forma zahar-klasikoena dugu, noski, language loyalty hori) elkarren eskutik joan izan direla.


IV.1.2. Hizkuntzen corpus-plangintza, Heinz Kloss-en arabera: larreko hizkuntza handiki-soinekoz janztea.

Hizkuntz soziologiaren alorrari astinaldi sakona eragin zion Heinz Kloss-ek 1952an, “Die Entwicklung neuer germanischer Kultursprachen von 1800 bis 1950” famatua argitara eman zuenean (5). Ekarpen ugariko obra horrek, besteak beste, Abstandsprache eta Ausbausprache arteko bereizkuntza ezaguna finkatu zuen. Gaur egun, nazio arteko bibliografia teknikoan Abstand language eta Ausbau language dikotomiaz (6) ezagunago da bereizkuntza hori. Euskara, H. Kloss-en jatorrizko obratik bertatik hasita (Kloss, 1952:17), Abstandsprache multzoan sartu izan da bete-betean: aparteko hizkuntzatzat, berezko egituragatik inola ere alboko hizkuntza nagusi baten dialektotzat hartu ezin litekeen hizkuntza berezitzat, alegia. Oso hizkuntza gutxi dago Europan, txikiak ezezik handiak ere kontuan hartuta, morfosintaxiaz eta jatorrizko hitz-altxorraren aldetik hain bete-betean Abstandspracheen multzoan (7) sar daitekeenik. Apartekotasun hori ez da, jakina, katalanaren edo gailegoaren egoera; ez eta, urrunxeago joanez, frisieraren edo feroeraren kasua ere. Azken lau hizkuntza txiki horiek beren burua garatu eta, orientazio jakinaz, nork bere Big Brother nagusiaren altzotik ihes egin beharra daukate, hizkuntza beregain gisa bizirik aterako badira: horregatik deitzen zaie Ausbausprache edo Ausbau language, katalanaren edo frisieraren antzeko hizkuntzei. Horiek ez dira (gehienetan behintzat) barne-egituraren aldetik beren Big Brother horietatik zeharo bereziak (ikusi besterik ez dago: gailegoa hizkuntza dela esaten dugu, baina andaluza dialektoa). Etxeko, lagunarteko eta herriko mintzajardun arrunteko hizkera izatetik kultur hizkuntza (8) izatera (forma idatzi propioaz, literatura joriaz, irakasmunduan eta gizarte-bizitzaren jardungune jaso-formaletan erabiliz) pasatzen ahalegintza dira, horretarako, Ausbausprache edo Ausbau-hizkuntzak. Labur bilduz, hona Ausbau-hizkuntzak zer diren: beregaintasun estrukturala (edota, gutxienez, grafikoa) eskuratzeko berariaz elaboratu (9) ohi diren hizkuntzak, elaborazio hori gabe nor bere Big Brother horren dialekto-aldaeratzat hartuak izateko arriskua dutenak.

Dirudien baino kontuzago erabili beharrekoa da, halere, Abstand eta Ausbau arteko bereizkuntza hori. Hona bi motibo, hartara bultzatu behar gintuzketenak: a) batetik, definizioa bera kontestuala dela: hizkuntza jakin bat Ausbau- eta Abstand-hizkuntza izan liteke aldi berean, segun zer Big Brother kontuan hartzen den. Holandesa edo nederlandera Ausbau-hizkuntza izana da, bere historiaren une jakinean, alemanaren (zehazkiago, Hochdeutscharen ) aurrez aurre. Frantsesaren aurrez aurre Abstand-hizkuntza izana da ordea, eta halaxe da orain ere, funtsean; b) bestetik, hizkuntzen arteko distantzia estrukturalak ez dira beti zuri eta beltz arteko bi punta-muturretan sailkatzen errazak. Hizkuntza askoren zenbait alorretan, hiztegian bereziki, hizkuntza batetik besterako distantzia desberdinak errazago adierazten dira continuum baten harian. Euskarak, adibidez, bere hitz-altxorraren zati ohargarriak (H. Schuchardt-en garaitik hasita, eta Mitxelenaren gehigarrizko lanketaz, aski ondo zehazturik dauden zatiak, hain zuzen) albo-hizkuntza (10) nagusietatik jasoak ditu: latinetik lehenik, erromantzeetatik gero eta frantses-espainoletatik berrikitanago. Gertaera horretaz jabeturik, Abstand-hizkuntza paradigmatikoa izanik ere Ausbau- edo bereizkuntza-lan handia egin izan da euskararen hiztegian, Larramendiren garaitik hasi eta honainokoan (11).

Bereizkuntza hori gorabehera, Heinz Klossek garbi azaldua digu corpus-plangintzaren muina hizkuntz eredu batuak, standard direlakoak, sortzeko lanek osatu dutela azken 200 urteotan. Eredu horien sortze-lanak eta, batez ere, eguneroko lanketak (cultivation delakoak): Die Entstehung und Entwicklung neuer Kultursprachen. Bere azter-eremua hizkuntza (partez edo osoz) germanikoetara mugaturik, 1800etik 1950era bitartean hainbat kultur hizkuntza nola sortu eta garatu izan den azaldu zigun H. Klossek, maisutasun handiz. Hizkuntza (eta, honenbestez, hiztun-elkarte bakoitzaren) egoera aski berezia izan ohi denez, bistan da batentzat balio duenak besterentzat ez duela, ezinbestean, berdin balio. Hori hala izanik ere, badira Kloss-en formulazioan aski jeneralizagarriak iruditzen zaizkidan elementuak, euskararen kasurako ere indar beteko balioa dutenak. Horietariko bi aipatuko ditugu hemen, labur beharrez:

Prosa utilitarioa, xede jakin eta arrunteko prosa (ez literatura eta ez linguistika) sartzen du berak hor, lehenik eta behin. Prosa-modu hori funtsezkoa da, Klossen ustez, jende xehearen hizkera arrunt izandakoa kultur hizkuntza bihurtu eta, horren bidez, gizarte-bizitzan ordura arte ez bezalako balio-indarra eskuratzeko. Funtsezkoa, batez ere, idatzizko jardunean sarbide eskasa (kasik eliz kontuetara mugatua) izan duten hizkera-moldeei, Mundart edo Umgangssprache direlakoei, nor bere inguruneko Big Brotheren Hochsprachetik aldenduz bere kulturbide berezia sortzeko: bere soziologische Verselbständigung, bere Ausbau zur Kultursprache errazteko. Ordura arte baserritarren eta arrantzaleen, artzainen eta eskulangile arrunten eguneroko aho-hizkera, lekuan lekuko dialekto eta azpi-aldaeretan banaturik egon izan dena eta idatzizko jardunean oso sarbide mugatua izan duena, nola bihurtzen da Kultursprache, kultur hizkuntza? H. Klossen ustean, honako sei pauso hauek eginez:

  1. Idatzizko jardunean gero eta maizago erabiliz, gero eta erabilera-esparru (Anwendunsgebiet) gehiagotan hizkuntza horretaz baliatuz.
  2. Hitzez ere gero eta jardungune gehiagotan erabiliz (jendaurreko azalpenetan, sermoi-lanean, hitzaldietan),
  3. Irratian eta telebistan sarbidea eskainiz eta, hedabide horien laguntzaz, hizkuntzari berari zabalkundea emanez,
  4. Ortografia bateratuz,
  5. Idatzizko hizkuntza (gerora, agian, ahozkoa ere bai) bateratuz (gramatika aldetik, hiztegi aldetik)
  6. Hizkuntz eredu bateratu berri hori berariaz zainduz: lanketaz (cf. elaboration, cultivation).

Sei pauso horietatik lehenengoari ematen dio Klossek (1952: 25), nolanahi ere, lehentasuna. Idatzizko erabilera ugaritzea, bai erabiltzaileen aldetik eta bai erabilera-esparruenetik, iruditzen zaio berari garrantzitsuena. Idatzizko jardunean gero eta maizago erabiltzea, ohiko jardunguneak galdu gabe erabilera-esparru berriak irabaziz: hori da bere ustez etxeko hizkuntzatik kultur hizkuntzara daraman Ausbau-lanketaren pauso nagusia. Nola egiten da hori, ordea? Zertan eta nola ugaritu, nola zabaldu liteke lehen pausoaren idatzizko erabilera hori? Zer azpipauso eman litezke lehen pauso horretan, ordura arte hizkuntza larrekoa izandako hori aundiki-soiñekoz jantzita hizkuntza “noranahikoa, jakite-egoek jasoa, azal oriztaren pean muin betirakoa” duen kultur hizkuntza bihurtzeko? Honako bost (sei?) maila edo azpipauso bereizten ditu, horretarako, Heinz Klossek (1952: 26-7):

Badaki Klossek, eta halaxe aitortzen ere du, mailaz mailako gorabide hori ez dela, beti eta nonahi, justu-justu horrelakoxea. Menderik mende beren hizkuntza propioan idatzizko sarbiderik izan ez duten hiztun-herrien kasuan, adibidez, Klossek zera dio: herri-kantuak eta atseginezko bertsoak baino lehenago etor daitezkeela horietan. Bibliaren itzulpena, dotrina eta arima sendotzeko liburuak. Eta arrazoi du noski (13). Kontua, guztiarekin ere, besterik da ordea. Osabetezko kultur hizkuntza eratu nahi duen hiztun-elkarteak bost maila horiek (ez hasierako bat edo bi bakarrik) osatu, landu eta garatu behar dituela. Txirritaren bertso-paperak argitaratu eta igande-eguartean (mezetako irteeran) herriko plazan salgai jartzearekin badakigu ondo asko euskara ez zela, hori eta horrenbestez, kultur hizkuntza bihurtu. Hori baino erabilera-esparru gehiagotara (jasoagoetara ere bai) zabaldu beharra dago herri-hizkera xumea, itxurazko kultur hizkuntza bihurtuko bada. Erabilera-esparruen zenbatekoa, zer-nolakoa eta idatzizko erabil-maiztasuna diferenteak izan ohi dira, gorago ikusi dugunez, hizkuntza garatuetan ere. Kultur hizkuntzen artean ere aldeak izaten dira hortaz (hala izan dira lehen, eta gero ere hala izango direla esan liteke), kasuan kasuko hiztun-elkarteak (Sprachgemeinschaft edo language comunity delakoak) hizkuntza hori zein erabilera-esparrutan eta zer neurritan erabiltzen duen arabera.

Garrantzi berekoak al dira bost pauso-maila horiek, larreko aho-hizkuntza hori noranahiko hizkuntza idatzi-literario bihurtzeko? Inola ere ez, Klossen ustez. Jauzi nagusia, bere ustez, hirugarren mailara iristean gertatzen da (14). Hor dago gakoa, larre-hizkuntzatik kale-hizkuntzarako atea zabaltzen duena. Hitz lauzko xede-idazkerak, Zweckprosak alegia, ezartzen du batetik besterako langa nagusia. Kultur hizkuntza izatera iristeko xede-prosa hori da beharrezkoa eta ez, askotan besterik uste izan badugu ere, olermenezko epopeia.

Epopeia handia ez da hain lagungarri sendoa, kultur hizkuntza sortu edo indartzeko. Horixe da H. Klossen beste argudio zorrotza, ahuldutako hiztun-herri askotako ikuspegi tradizionala (Herder-ek abiaturik XIX. mendetik hona, ez aurretik, tradizionala) auziperatzen duena. Askotan pentsatu izan da (hala dio Klossek, arrazoi osoz) hiztun-herri bakoitzak bere epopeia sortu behar duela, finlandiarrrek Kalevala bezala, eta idatzizko epos-poema horrek goratuko duela larre-hizkuntza apala kultur hizkuntzaren statusera. Hori, eta gehiago ere bai: etxeko eta lagunarteko herri-hizkera arrunta kultur hizkuntza bihurtuz, ahuldutako hizkuntza bere osasun onera ekartzen lagundu litekeela uste izan dugu maiz asko. Euskaldunontzat oso ezagunak dira kontuok (15). Dudarik lukeenak irakur beza, nolanahi ere, Mokoroa “Ibar”-en 1936ko Genio y Lengua, edota, labur beharrez ari bada, Antonio M. Labaienek Orixeren Euskaldunak poema-laburpenari 1950ean egindako hitzaurrea. Orixeren sarrera bera, poemaren atarikoan, language loyaltyzko (eta, honenbestez, hizkuntzari bizirik eustearen aldeko) oihu ozena da noski: geroak esan bezaerri bat izan zan”, edo-ta ats emaiogun ontan iraun dezan.

Klossek ezetz esaten digu. Finlandiako Lonnrot-en Kalevala hor dagoela noski, eta Okzitaniako Mistralen Mireio ere oso kontuan hartzekoa dela. Baina ez direla edertasun-sormenezko idazlan, olerki eta poema horiek izaten, bereziki, larreko hizkuntza apal izandakoa bere “goren gradura” eramaten dutenak, xede-prosazko lanak baizik: “Aus unserer Stufenfolge erhellt, dab für den soziologischen Rang einer Sprache die Dichtung weniger wichtig ist als das Zweckschrifttum (oder Sachschrifttum), d.h. als die nicht-dichterische Prosa”. Eta aurreraxeago: “die Katalanen haben keinen Mistral hervorgebracht, aber ihre Sprache hat sich im Zweckschrifttum ungleich mehr wieder zur Schriftsprache des Volkes geworden”.

Garrantzizkoa dugu puntu hau euskaldunok, ohituegiak baikaude euskararen kontuak bi motibo hauengatik bide onetik doazela esaten: a) gero eta haur eta gazte gehiagori irakasten zaiola partez edo osoz euskaraz; b) gero eta literatur lan sendoagoak sortzen eta zabaltzen direla euskaraz. Ez gatoz, jakina, bi motibo horien balio-indarra gutxiestera. Bai, ordea, Kalevala, Mireio eta Euskaldunak moduko lanen gizarte-eragina bere neurrian baloratu behar dela gogoraraztera. Sabino Aranak 1901ean (Hendaiako Ortografi Biltzarrean) esandakoak bete-betean ezkontzen dira, puntu horri dagokionean, H. Klossek handik berrogeita hamaika urtera ateratako ondorioekin. Olerki eta idazlan goi-mailakoen indarberritze-indarra, hizkuntz soziologiaren ikuspegitik begiratuta, oso bestelakoa da literatur alorreko espezialisten (eta are, maiz aski, ahuldutako hizkuntzen defendatzaile sutsuenen) irizpen baikorregiekin konparatuta. Euskara ez du goren mailako literatur lan batek salbatuko: lagundu egin dezake, jakina, halako neurri batean. Hizkuntzaren hil-ala-biziko apustua ez da ordea herri-poema handiaren plazan jokatzen. Garbi azaldua digu Klossek zergatik.

Ondotxoz argitasun gehiago ere atera daiteke noski H. Klossen azalpenetatik, corpus-plangintza osoaz denaz bezainbatean. Aski dugu ordea, begiz joa dugun helbururako, honaino esandakoarekin. Ondorio argia atera dezakegu, izan ere, azalpen horietatik: hizkuntza landu eta jasotzea, etxeko eta lagunarteko hizkera-moldea kultur hizkuntza bihurtzea loturik dagoela, bere ikuspegian, hizkuntza horrren (eta, beraz, hizkuntza horrretaz baliatzen den hiztun-elkartearen) osasunarekin. Larre-hizkera xumea kultur hizkuntza bihurtzeak, kausaltasun erabatekorik ezartzen ez badu ere H. Klossek, mesede egiten dio nonbait hizkuntzari: indarberritu egiten edo du (16).


IV.1.3. Corpus-plangintzaren zergatikoak eta zertarakoak, Uriel Weinreichen arabera.

Heinz Klossek bere liburua argitara eman eta handik urtebete justura, 1953an alegia, soziolinguistikaren hurbilbide linguistikoan erabat funtsezkoa gertatu den lana paratu zuen Uriel Weinreichek, Suitzako hizkuntza erretoromantxeak bertako alemanaren eraginez ageri zituen bestelakotze- eta ezabatze-seinaleak berekasa (17) kontzeptualizatzen saiatuz. Bere lanak “Languages in Contact” zuen izena, eta hizkuntzen interferentzia izan zuen aztergai nagusi. Hizkuntza handiaren ezaugarri fonetikoek, gramatikalek eta lexikalek hizkuntza ahularenetan nola inpaktatzen edo erasaten duten, eta zer-nolako interferentziak sortzen dituzten, aztertu zuen berak, geroztik beste inork gutxik gainditu izan duen maisutasunez. Alde honetatik, ahuldutako hizkuntza nola indarberritu daitekeen ordez justu kontrakoa aztertu zuen berak: ahulduaren ahulduaz, hizkuntza txikia barrutik ere nola desitxuratzen, desegiten den.

Justu kontrako fenomenoa (interferentziak eta hartara daramaten mekanismo intralinguistiko, psikologiko eta soziokulturalak) aztertzerakoan, ordea, paradigma eta ikuspegi ernagarriak landu zituen Weinreichek “gaixotasunari nola buelta eman” dakiokeen (edota, gutxienez, hartan nola saiatu litekeen) entenditzeko. Oker egongo naiz agian, baina hizkuntz soziologiaren 1960tik honako hainbat kontzeptu berak sortuak edota, lehendikakoak zirenean ere, berak eguneratu, terminologia berriaz estali eta kontzeptu-marko zabalagoan integratuak ditugu. Futsezko bospasei puntu baizik ez aipatzearren, esan dezagun elkarren eskutik eta egitura bakarrean txertaturik berak plazaratuak ditugula Bloomfieldek (1933) lehenengoz izendatutako language shift (mintzaldatzea edo hizkuntz ordezkapena), dominance configuration (nagusitasun-moldaera), speech situation eta harekin uztarturiko (code) switching, luze-zabaleko elebitasunean eragiten duen mekanismo soziokulturalen garrantzia, language loyalty edo hizkuntza bizirik (eta ahal delarik erdal eragin nabarmenetatik garbi) gorde nahi izatea eta, azkenik, ikerlerro osoaren iturburu gertatu den hizkuntz ukipena eta horren ondorio den interferentzia (language contact, interference). Lekuz estu samar gabiltzanez, eta corpus-plangintzaren ikuspegi nagusira mugatuz, hona zer ondorio atera daitezkeen U. Weinreichen formulazio osotik: hizkuntzaren corpus-plangintza, hizkuntz eredu batua sortu eta, eskola lagun, hiztun-elkartean zabaltzea bereziki, hizkuntzen indargarri dela berez. Espresuki eta enfasi argiaz esana du hori Weinreichek, Klossen lanean ulertzera ematen zena berean argi eta garbi zehaztuz. Hizkuntz eredu bateratuak, eskola bidez hedatu ohi den standardized language delakoak, “conservatory effect” sortzen duela dio Weinreichek (1953:88). Segizio luzea izan du Weinreichek (Mitxelenaren txostena ere bide beretik joana dela azaldua dugu gorago). Charles Fergusonek ere, beste era batera esanik, hizkuntza estandarizatzea hizkuntza hori indartzeko (bere hitzetan, konkretuki, hizkuntza horren spread edo hedapena eragiteko) osagai dela argudiatu izan du: “It seems clear ( ) that standardization must be a type of language spread” (Ferguson, 1968: 119). Georg Kremnitz aleman-austriarra izan da halere, dakigularik, corpus-plangintzak hizkuntz normalkuntzari mesede egiten diola (hala egin diezaiokeela, behintzat) argienik aldarrikatu duena: “Andererseits entwickelt sich ein dynamisches und dialektisches Verhältnis zwischen Normativierung und Normalisierung: ein höherer Grad der in einer Gesellschaft verbreiteten Normativierung erhöht das Prestige und eröffnet somit den Weg zu weiteren Verwendungsebenen, mit anderen Worten: zu einem höheren Grad der Normalisierung”. (Kremnitz 1990:79). Hizkuntz eredu bateratua izateak (gurean, euskararen batasunak) prestijioa ematen diola hizkuntzari eta, horren bidetik, indarberritu egiten dela berau. Pragako Eskolaren itzala nabarmen ageri da hor, aldez edo moldez.

Egia da, ordea, Weinreichen garaitik beretik asko matizatu izan dela idazteredu bateratuaren lagungarrizko eragina, hizkuntza ahulari bizirik eusteko edo berori indarberritzeko. Weinreichen 1953ko esaldiak besterik ere bai baitio: “(the) conservatory effect which standardized uniformity and a variety of functions produces”. (Weinreich, 1953: 88). Letra-etzate hori gurea da noski, eta bistan dago zergatik egin den: hizkuntzarengan conservatory effect sortzen duten faktore bi aipatzen baititu, ez bat, eta testuinguru horrretatik ezin baita jakin hain iturri diferenteko urak nola nahasten dituen. Gauza bat dago argi, nolanahi ere, azken aldiotako idazlanetan: Heinz Klossen lotura-molde inplizitu baina kasik mekaniko haiek gesalduz joan direla denboraren harian. Gaur egun inor gutxi ausartzen da, ahoa betean, corpus plangintzak (batez ere hizkuntza estandarra finkatzeak) hori eta horrenbestez hizkuntza hori (ahuldutako hizkuntza denean) indarberritu egiten duela esatera. Eta zenbaitek, joan den mendearen lehen erdiko tradizio sozioedukatibo alemanarekin enpalmatuz, aski erreparo sakonak jartzen dizkio ikuspegi kausal horri. Fishman izan da, honetan ere, bide-urratzaile nagusia. Beste hainbat, Cooper (1989:184) tarteko delarik, Fishmanen ikuspegi integratzaileago eta first things first filosofiatik hurbilago dagoen horretara ari dira biltzen.

Eta ez da harritzeko. Gatozen, izan ere, adibide konkretuetara. Idazteredu standard, bateratu kontsolidatua duten hizkuntzetan ere pertsona gehienok, eguneroko mintzajardun arruntean, lekuan lekuko hizkera-moldeaz egin ohi dugu sarri: hala egiten dio amak haurrari, hala egiten dute maitaleek elkarrekin daudenean, edota elkarren ezagunak diren pertsona bik kale-izkinan, tabernako sarreran, okindegian edo Txindokira bidean topo egiten dutenean. Era informalean hitz egin ohi da halakoetan: lekuan lekuko hizkera-moldeaz, hortaz, nahiz eta gutako hainbaten joera (eskolaketaz, lanbidez edo pentsaeraz) lekuko hizkera hori zertxobait jaso, osatu eta aberaste aldekoa izan. Jende gutxi bilatuko duzu Azpeitian, bere eguneroko solas eta hitzaspertuetan, bertako seme kuttun den Patxi Altunaren moduan hitz egingo dizunik. Batzuek, gehienek, nahita ere ezin izango luketelako; besteek, berriz, gutxi-asko ahal izanik ere nahi ez dutelako: bestelako inplikazioak eta konnotazioak bilatzen dizkiote herrian herriko moduan hitz egiteari (egunerokotasun arrunta, hitzetik hortzerako espontaneidade freskoa, bihotz-berotasuna), eta ez daude mintzajardunaren osoa eta zehatza, jatorra eta aberatsa alferrik galtzen uzteko prest. Bertako eran hitz eginez, eta aparteko ezer erantsi gabe, “ni ere hemengo nauk, txikito!” esaten diote elkarri, bertako izate horrek berekin dituen maitasunaz eta ohoreaz ondo asko jabeturik. Bertako hizkera-molde hutsarekin aski ez duela badaki jendeak: bere eguneroko mintzajardunaren zati on bat (informalena, idatzitik urrunduena, barrenkoi-intimoena) hizkera-molde horretaz bideratzen du ordea, eta ez dago aldatzeko asmotan. Euskalkiak bere lekua du euskaldun alfabetatuen artean (zer esanik ez alfabetatu gabeen edo sasi-alfabetatuen artean) eta hizkuntza indarberritu nahi duenak oso kontuan izan behar du hori. Ezin liteke euskara batuaren berezko abantailez gehiegi liluratu: ez, behintzat, lehendik aski ahulduta dagoen hizkuntzaren baitan destrozo handiagorik eragin nahi ez badu. Goizetik arratsera, etxe eta kale, lantegi eta lagunarte bere hizkera-molde horretaz diharduen herritar xeheari hori baino mila aldiz atentzio handiagoa zor zaio. Corpus-plangintza, gorago adierazi dugunez, idatzizko jardunean zentratzen da nagusiki. Hizkuntzak, hizkuntza biziak (ez latina bezalakoak) ahozko fenomeno dira, ordea, eguneroko jardunbidearen hiru laurdenetan. Are gehiago jende xehearen bizimolde informal espontaneoan.

Eskola-munduan ere badu irizpide zabal-osatzaile horrek ondorio zuzena. Etxetik euskaldun diren haurrei eta gaztetxoei probetxu betea egingo badie, bertako hizkera-molde hori oso kontuan hartzen saiatu behar du eskolak. Fishmanen hitzetan esateko, “teachers must always be situationally acceptive of dialect speech in the elementary classrom [] and they must cultivate dialect acceptance among their pupils []. This same kind of tolerance towards spoken dialects must also be cultivated among adults. The standard comes not to displace or replace the dialects, but to complement them in functions which they do not generally discharge and, therefore, in functions that do not compete with their own” (Fishman, 1991:344). Kontura gaitezen, nolanahi ere, ikuspegi honek ez garamatzala Klossen eta Weinrechen punta-mutur batetik bestera. Honek ez gaituela euskara batua baliogabetu eta euskalkien altxor izkutuen miresle itsu izatera eraman behar. Bientzako leku dago; eta gehiago egongo da, euskara indarberritzen bada: hori da guztia. Berriro Fishmanengana (1991:345) itzuliz “It is far better for RLS-efforts if a single written standard exists[], because weakened languages are generally not able to afford the multiplicity of standards that marks robust English and a few other major languages the world over (many of which are polycentric)”. Garbi dago, hortaz, Arantzazuko biltzarraz geroztik egin den bateratze-lanaz ez daukala, ikuspegi horrek, printzipiozko erreparorik: ez handi eta ez txiki. Dudarik lukeenak, esate baterako, irakur beza azken pasarte hau: “without a consensually recognized and unifying standard, RLS (gure HINBE) will necessarily be handicapped with regard to its appeal to those whose life-style is modern/urban, a life-style in which written, formal and extra-local communication are all crucial aspects of the total repertoire. In modern times, [] RLS-efforts themselves will almost certainly be handicapped[] without a standard” (Fishman, 1991:349).

Beharrezkoa dela, baietz, corpus-plangintza. Eman diren pausoak mesederako izan direla oro har. Hizkuntza bera indarberritu egin dezakeela horrek, halako neurri batean. Horrek ez gaituela ordea itsutu behar: euskalkiak eta lekuan lekuko hizkera-moldeak ere hor egongo direla, euskara bizirik ateratzen badugu: bakoitzari bere lekua bilatzen eta aitortzen ikasi behar dugula, euskaldunon errepertorio berbal edo aldaera-sorta osoan. Hori guztia horrela izanik ere garbi izan behar dugula, dena den, corpus-plangintzak ez duela euskara bere hutsez eta bere baitarik sendatu eta indarberrituko. Ongi administratzen badugu lagungarri egokia izan litekeela corpus-plangintza: lanaren enborra status-plangintzan dagoela ordea, status plangintzak bere baitan har ditzakeen formulazio desberdinetan (horietariko hiru ikusiko dira ondoren).

(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)

Aurreko atalak HEMEN

Oin-oharrak:

(1) Kraussen esanetan munduko hizkuntza guztien %20 gutxienez, eta agian %50, galdu egingo dira osorik, edo hilzorian egongo, hurrengo ehun urtean. Aurrerago begira, eta goazen bidetik goazela, hizkuntza galduen edo galtzeko punttuan daudenen portzentaia hori %90era haziko omen da. Kalkulu horien arabera bostehun bat hizkuntza geldituko lirateke bizirik. Munduko hizkuntzen ranking horren lehenengo 500en artean sartzea lortuko ote du euskarak?

(2) Jakin badakigu, gainera, berariazko garrantzia aitortzen diotela, educational spread horren baitan, ikasmaterialetako hizkuntza zainduari, irakasleen zuzenketa-lan etengabeari eta ebaluazio-bideei (gurean, adibidez, EGA azterketetan eskatzen den oinarrizko zuzentasun- eta egokitasun-mailari).

(3) Baliteke oker egotea, ez baitut egiaztatze-lan sakonik egin ahal izan, baina language cultivation hori alemanezko Sprachkulturekin, eta bide batez ondoren ikusiko dugun Kultursprache delakoarekin, estu-estu lotua dagoela uste dut.

(4) Bere zabalean hartu behar da hemen, jakina, hizkuntzalariaren esangura: lanbidezko linguistak ezezik hizkuntza-irakasleak, hiztegi-prestatzaileak, gramatikagileak, argitaletxeetako orrazketa-arduradunak, han-hemengo estilo-liburuen paratzaileak, idazle kontsakratuak eta, guztien buru eta goi-erpin, euskaltzain oso guztiak corpus-plangileen multzo hautetsi horretan sartzekoak dira noski.

(5) Astindua eman baino zerbait gehiago ere egin zuela esango luke norbaitek: egungo eran ezagutzen dugun Sprachsoziologie, sociology of the language (maiz, baina ez sinonimia hutsez, sociolinguistics esan ohi dena) sortu ere berak sortu zuela esango luke zenbaitek. Utz ditzagun ordea eztabaida horiek, gizarte-zientzien garapenaz eta paradigma berrien osaeraz guk baino ikuspegi zabalagoa dutenentzat.

(6) Beste hainbat alorretan bezala, Fishmanen kontzeptu-lanketak eta zehaztapenak zerikusi zuzena du ingelesezko sasi-itzulpen horretan.

(7) Fonetikak eta hitz-altxor berri-erantsiak besterik erakusten digu ordea, aurrerago aipatuko denez.

(8) : Kultursprache-ren kontzeptua ere Klossek ekarria digu soziolinguistikaren alorrera. Kasu honetan ez nuke esango, ordea, bere sorkari huts denik. Lehendik, gure artean Urkixo tarteko zelarik, han-hemen erabili izandako lengua de civilización delakoarekin lotu beharko genuke, izan ere, kultur hizkuntzaren kontzeptu hori. Eta, tarte-bitartean, (1932 inguruan) Pragako eskolaren Spizovná čeština a jazykovà kultura izan dezakegu lokarri sendoena (cf. Fishman 1974: 418). Ikus, orobat, language cultivation delakoaz aurreraxeago esan dena. Ikusteko legoke, azkenik, Klossen Kultursprachek ez ote zuen Krutwigen (eta, bere bidez, Villasanteren eta abarren kultur hizkuntza, kultur euskara delakoan eraginik izan.

(9) cf. exlaborare / ausbauen bikotea, itxura osoz Berbizkunde garaiko intertranslatabilityaren saio aleman bidetik sortua.

(10) Fonetika aldetik ere aski ezagunak dira gaztelaniarekin eta gaskoinarekin ageri dituen antzekotasunak. Enstehung horrek kode-sorkuntzara (codification delakora) garamatza noski; Entwicklung delakoak, berriz, hizkuntza honen garapen funtzional da estilistikora.

(11) Bada hemen, azkenik, iragaitzaz bederen aipatu beharreko puntua: euskara bezalako Abstand-hizkuntzek, beren barne-egitura hain berezi horri eskerrak, Big Brotheren mendean ez erortzeko ahalmen handiagoa omen dutela. Mackey batek espresuki esana du hori.

(12) (cf. Donostialdeko antzerkigintza, 1880 ingurutik aurrekoa eta, oso bereziki, Euskal Iztundearen sarrera eta urtealdi luzeko ibilera).

(13) Ohargarria da, alde horretatik, euskararen idazlanketak eta Kulturspacherako gorabideak izan duen bilakaera sinkretikoa: Detxepare eta Oihenarte daude batetik, beren bertso, neurtitz eta atsotitzekin, baina Leizarraga (Bibliaz) eta Axular (arima zerura eramaten laguntzeko Gero-az) bestetik.

(14) Bere hitzetan esateko, “eindeutig zur Schiftsprache wird eine Mundart erst auf der dritten Stufe”.

(15) Hala izan behar lukete, behintzat, euskararen osasunaz kezkaturik gauden euskaldun ikasiontzat.

(16) Berriro azpimarratuko dut, halere, Klossi berari ez diodala baieztapen espresu hori irakurri. Esplikazio gehienak, hori bai, ikuspegi horrekin loturik ageri dira.

(17) Hots, XX. mendearen erdialdeko (eta, are, gaur eguneko) linguistikarentzat aski arrotz eta ezkongaitz gertatzen den paradigma berri bati atea zabalduz.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1052525802