![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-05-06 / 07:56
Euskal kimikariek diote kimikako terminologian ezin daitekeela askotan “huts” erabili “puro/pur”-en euskal kide gisa, motza eta nahasgarria gertatzen delako. Nik sinesten diet, eta kimikaren alorrean dudan eskarmentuak ere hori esaten dit.
Arazoa, noski, bigarren urratsean dugu: “hortaz puru erabili behar dugu horren kide kimikako terminologian”. Eta hori da nik garbi ikusten ez dudana eta halako beldur bat ematen didana. Arrazoi bategatik. Uste dut baieztapen horren azpian euskararen beregaintasunarentzat hilgarria gerta daitekeen uste bat dagoela. Uste hau, hain zuzen: “euskal hitzak ez dute balio terminologia mundurako, anbiguoegiak direlako, eta hortaz erdarazkoak –hots, praktikan, espainolezkoak– hartu behar dira ezinbestean”. Horrela jokatuz ukatzen zaio euskarari beste hizkuntza guztiei aitortzen zaien eskubide bat: bere altxorreko hitzei arbitrarioki –arbitrarioki– bestelako adiera bat ematea terminologian.
Har dezagun beste hitz bat, “roca/roche”. Euskaraz “harkaitz” dugu “roca/roche” arruntaren kide, eta orobat “arroka”. Biak sinonimo-sinonimoak dira gure tradizioan: aski da horretarako Orotariko Euskal Hiztegia-ri gainbegiratu bat ematea. Baina antza denez, geologian ezin da lehenengoa erabili. Bai ordea bigarrena. Hots, ezin da esan “petrolioa harkaitz mota bat da”, bai ordea “petrolioa arroka mota bat da”. Zergatik? Gure geologoen ustean “harkaitz” anbiguoa delako, ez ordea “arroka”. Baina, bistan da, gaztelaniaren makuluari esker ez da anbiguoa “arroka”; hots, badirudi gure geologoen pentsabide inkontzientea hau dela: “harkaitz” auskalo zer den, baina “arroka” argi dago “roca” dela. (Bide batez, esaiozue gaztelaniadun arrunt bati “el petróleo es una roca”; ez dut uste euskaldun arrunt bat “petrolioa harkaitz bat da” entzutean baino gutxiago harrituko denik. Baina argudio honek ez du inongo pisurik, antza, euskal geologoentzat). Dena dela ez dut nik ezer arroka-ren kontra, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak inongo aitzakiarik gabe onartzen duelako, besteak beste. Kontuaren alde sintomatikoa –gure zientzialarien pentsabide inkontzientea, nolabait esan– azpimarratu nahi dut, besterik gabe.
Puru-ra bihurtuz, harrigarriena hau da: arazgarri "depurativo" gisa, arazketa "purificación, depuración" gisa, araztaile "purificador, depurador" gisa, araztasun "pureza" gisa, araztegi "depuradora" eta araztu "purificar, depurar" erabiltzen duten berberak dira "puro"-rentzat aratz onartzen ez dutenak. Azaldu behar lukete zergatik, delako puru horrek oso badaezpadako tradizioa baitu gurean.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN
Juan Carlos Odriozola Pereira / 2003-05-06 / 09:22
Oker ez banago, hain zuzen ere Ibon Sarasolarengandik (1997) ikasi dut orain esan behar dudanaren funtsa, alegia huts izenondoak jatorriz dituen esangura-ñabardurak kontuan harturik oxigeno hutsa egokia gerta daitekeela. Osagarri modura Pompeu Fabrako Unibertsitateko Teresa Cabréren ideiak erabil daitezke: termino izaera adituak ematen dio hitz arrunt bati, bere erabilera berezituaren bidez. Inongo hitza ez da berez termino, eta denak hel daitezke termino izatera. Alderantziz, terminoak hitz arrunt modura erabil daitezke
Nik badut nolabaiteko eskarmentua kimikan eta egia esan ez dut hain eragozpen handia ikusten "oxigeno hutsa" erabiltzeko. "Hutsa" euskal izenondoak jatorriz kimikariek behar duten kontzeptu bera adierazten du. Gai likido eta solidoez ari garelarik, "kafe hutsa" eta "oxigeno hutsa" berdin-berdinak dira.
Edonola, ondo aztertu behar dira oraindik ere tankera honetako izenondoak. Gramatikaren ikuspegi hutsaz ari naiz eta hori izango da nire hemengo ekarpentxoa. Izan ere, hiru izenondo mota daude hizkuntzetan zehar:
Kontuan hartu behar da bukatzeko asmatu behar izaten ditugunak ez direla hitz soilak izaten; esapideak asmatzen ditugu eta oxigeno hutsa primeran ulertzen da, eta hobeto ulertuko da oraindik guk behar den tokietan eta behar den zehaztasunez erabiltzen badugu
LABURBILDUZ EZ DUT INOLA ERE EZEGOKI IKUSTEN OXIGENO HUTSA ESAPIDEA, GAS HORI BESTE BATEKIN NAHASIRIK EZ DAGOELA ADIERAZI NAHI DUGUNEAN
(JUAN CARLOS ODRIOZOLA Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da)
Bibliografia
El adjetivo: clases y usos. La posición del adjetivo en el sintagma nominal. Gramática descriptiva de la Lengua. Espasa. Madrid.Txomin Peillen / 2003-05-06 / 09:48
Lagunak. Oso bat nator Ibon Sarasolaren eskaintza eta iruzkinarekin. Ez naiz maileguen etsaia, baina azkenean zientifikoek, guk gazte garaian jakintzalariek deitzen genituenak, kalkoetan sartu zaizkigu eta horrek euskararen morrointza dakar. Oxigeno puru esateko bizpalau irtenbide daude, oxigeno garbia, oxigeno aratza, oxigeno soila, oxigeno bakarra eta beste badira, gainera oxigeno hutsa hitzean ez dakusat non dagoen anbiguotasuna . Nik diodanean neska hutsa edo haur hutsa ez dut pentsatzen larruaren barruan airez beterik direla. Humorista banintz ez nuke ulertuko oxigeno purua, hain zuzen puruak, bere tabakoarekin, oxigenoa erretzen duelako.
Gero etimologietan sartzen bagara. Petroleo ezin dela harkaitz izan ? Eta zer diote grekoek, petro, harria delarik? Gainera petroleoa zerbait izatekotan ez da arroka, arrokakia baizik, edo harrikia, edo harkaizkia. Gainera nire ustez "petroleoa minerala da" eta kito. Goraintziak eta jarrai honela, hizkuntza batek zehaztasuna eta duintasuna gorde behar baiditugu.
Txomin Peillen
Nerea Arregi / 2003-05-07 / 10:13
Eta nola beharko luke izan? Garbia?
Adeitasunez, Nerea
Xabier Mendiguren / 2003-05-19 / 11:10
Hitz jakin baten egokitasun edo desegokitasunetik harago, asko axola zaigun kontu bat aipatzen du Sarasolak hemen: gure hitz altxorra "arbitrarioki" erabil dezakegula terminologiarako. Ni bat nator. Koxka, baina, beste hauxe da: nork erabakitzen duen arbitrarioki asmatutako edo birmoldatutako hitz bat ontzat eman behar den edo ez. Izan ere, behin baino gehiagotan gertatu baita, norbaitek noizbait arbitrarioki egindako hautu bat guztiz zabaltzea, beraz guztion altxor izatera igarotzea, eta atzetik Ibon etortzea makila luzearekin, hori aldrebeskeria bat dela eta hau eta beste. Alegia, nor da hemen arbitro?
Xabier Mendiguren Elizegi
Gilen Mejuto Garcia / 2004-04-29 / 01:21
Iritzi-artikulu honen idazpuruari erreparaturik beste kontu batek atentzioa eman dit, hots, "oxigeno" terminoak. Izan ere, hau ere gaztelaniatik zuzenean hartua baita. Euskal Hiztegian beste bi aldaera azaltzen dira: "osijen" eta "otsijena", eta azken hau Ipar Euskal Herritik datorkigu. Uste dut argi dagoela mugaren alde bakoitzeko euskaldunak, euskarak falta duen terminoren bat hartzerakoan, bere "nazio-hizkuntza" nagusia eredu egiten duela, eta aipatu hitza batik bat Hegoaldeko testuetan erabili izan denez (ohi bezala), erabatekoa suertatu zaigu "oxigeno" forma. Halakoentzat euskarak moldatze sistema berekia balu agian emaitzak bestelakoak lirateke. Eta argi gera dadila badaezpadako tradizioa duten maileguen kasuaz ari naizela. Hala, delako sistema propioak aintzat hartuko lituzke beharbada hitzaren jatorria eta erabidea, hau da, espainol "oxígeno"-k oinarrian frantsesezko "oxygène" duela, eta honen azpian gerkerazko "oxu-" aurrizkia (zorrotza) eta "-genes" atzizkia (sortua edo) daudela. Gauzak horrela izatera, gaur egun euskaldunok agian esango genuke lasai asko "oxigene" edo horrelako zerbait.
(GILEN MEJUTO GARCIA itzultzailea da)