III. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea?
III. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea?
Esana dugu txostenaren hasieran, terminologi aldetik bertatik hasita aniztasun zabala dagoela, indarberritzea dela-eta. Ez euskaraz bakarrik: gaztelaniaz ere revitalización, recuperación, normalización,… lingüística hor daude egon, alternatiba gehiagoren lekuko. Ingelesez beste horrenbeste: language revival, survival, revitalization eta reversing language shift, besteak beste, hor daude elkarren ondoan. Dispertsio hori ez da, gainera, terminologikoa bakarrik. Azalaz gainera mamia bera ere eztabaidagai izan ohi da sarri. Osin sakonean murgiltzeko arriskua dugu hortaz, kontuz ez bagabiltza, indarberritzearen kontzeptuarekin. Kontzeptuarekin edo, argiago esateko, kontzeptu horren oinarrian dauden ikuspegi akademiko eta ideologiko desberdinekin. Ikuspegi ideologikoei dagokienez aspaldikoak dira, azal batez edo bestez estalirik, indarberritze-saioen aldeko eta kontrako argudio-bideak. Landuago (hots, esparru unibertsitario, akademiko-formaletan sistematizatuago eta zientzi urinez gozatuago) agertu ohi dira normalean normalkuntza-saio horien kontrako planteamenduak, aldekoak baino.
Gogora ditzagun erreparo horietariko zenbait. Jakina da XIX. mendetik hona, aurrekoen esan-eginak hor daudelarik ere, gaitzespen gordina leporatu izan zaiela hizkuntza infraestatalei (denei ez bada ere batzuei bai behintzat, eta horien tartean euskarari): ez direla gai, bizitza modernorako. Gure kasu konkretuan zera argudiatu izan da: fisikoki (berezko ezintasun estrukturalengatik alegia) ezinezkoa zela/dela gizarte hiritar-industrial berria euskaraz agertzea, adieraztea eta antolatzea. Ameskaizto hutsa omen da herriko jende xeheak ukuiluan eta supazterrean zerabilen hizkera xelebre hartatik noranahiko hizkuntza, azal oriztaren pean muin betirakoa lukeena eratzea. Ezagunak dira, egungo egunean ere, Unamunok orain dela ehun urte euskararen “berezko ezintasunez” esandakoak. Unamuno ez zen, dena den, ikuspegi horren bozeramaile lehena izan, gaitzesle-edo detraktore-sail luze baten katebegi jakina baizik. Azkena ere ez zen izan, ongi ezaguna denez: oraindik ere entzuten dira, han-hemen, bere gogoeta-bidearen oihartzun-atalak. Isildu dira halere, hainbatean behintzat, behinolako kontraargudio esentzialista horiek. Bestelako gaitzespenek hartu diete han-hemen, azken urteotan bereziki, aurrea. Badakizue, jakin, egungo egunean zeintzuk diren usuenik plazaratzen direnak: gizarte-uren berezko ibilbidearen (hots, modernizazioaren eta bere bidezko gizarte aurrerakoi, osabetezkoaren) kontrako saioa dela euskaltzaletasuna eta, oro har, han-hemengo hizkuntza txiki ahulak indarberritu nahia; berez bestelako asmorik badu ere liskarra eta zalaparta, mutur-jotzea eta herio-arriskua dakarrela, aldez edo moldez, besapean; herriko (hiztun-herri horretako) jende xehea ezjakintasunean eta miserian mantentzeko (hartara kondenatzeko) bidea dela hori; gizabanakoaren beregaintasun-eskubideak murriztera eta zapuztera datorrela, eta abar. Ez da hau, noski, argudio horien bilduma eta azterketa pausatua egiteko lekua. Bistan da, ordea, euskaltzaleok eskaini ohi diegun baino ondotxoz atentzio handiagoa zor diegula ikuspegi horiei guztiei. Gehiago esango nuke: ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko formulazio teoria-itxurazkorik ezin osa liteke, erreparo horiek banan-banan aztertu eta beren baitan dituzten balio-elementu objektiboak bestelako hipoteka nabarmen edo izkutuagokoetarik ongi bereizten saiatu gabe.
Gatozen, ordea, gaurko gaiaren mamira. Zer da ahuldutako hizkuntza indarberritzea? Fishmanen esanetan, hizkuntza indarberritzea (euskaraz HINBE, ingelesez RLS edo reversing language shift) hizkuntzazko plangintza-modu bat da. Eta, beraz, hizkuntz plangintzaren hainbat definizio eta ezaugarri asko aski egokiak gerta daitezke HINBErentzat ere(1). Ondoko hau, adibidez: “Status planning seeks to allocate societal resources in such ways as to foster the use of a language in more (and in more important) societal functions among larger and larger numbers (and proportions) of individuals” (Fishman 1991: 338). Gurera ekarriz, hortaz, honelako zerbait genuke hizkuntz plangintza oro har, eta HINBE saioa bereziki: ahuldutako hizkuntza hori gero eta funtzio-esparru gehiagotan (eta garrantzitsuagoetan) erabiltzeko, eta gero eta hiztun gehiagoren ezpain-lumetara hedatzeko, gizarteak bere esku dituen baliabideak erabiltzea. Gizartearen baliabide horiek zein diren ez da hemen justu-justu esaten. Beste hainbat azalpenetatik badakigu ordea, jakin, giza baliabideak, dirubideak, baliabide materialak eta antolamenduzkoak, legezko eta agintezko erabakimenak direla, nagusiki, kontuan hartu ohi direnak. Honela esanda, indarberritze-saioa gorago ikusi dugun ahultze-prozeduraren alderantzizkoa-edo da. Gainbehera zetorren hizkuntza (hots, partez edo osoz hizkuntza hori erabiltzen zuen konstelazio etnokulturala bere autorregulazio-ahalmenean jasaten ari zen galera) gorabidean jartzea. Noraino, ordea, gora? Zein funtzio-esparrutaraino zabaldu behar da hizkuntz plangintza hori, eta zer hiztun-multzotaraino hedatuarazi, benetako indarberritzeaz hitz egin ahal izateko? Erantzuna, erantzun objektibo sendoa, nekez bilatuko diozu galdera soil horri. Itxurazko erantzuna eman nahi duen edonork, aldiz, “segun” esanaz hasi beharko du. Segun osasun-egoera normalaren listoia non jartzen dugun, halakoa izango da indarberritze horren intentsitatea ere. Espazio soziofuntzional osoa eskuratu nahi duen saioarentzat, indarberritze hitzak esanahi sendoagoa izango du hizkuntzari bere ohiko erabilera-esparru barrenkoi-intimoak segurtatu nahi dizkion diglosia egonkorraren aldeko apustuak baino. Espazio soziofuntzionalarekin bezala gertatzen da demolinguistiko eta geolinguistikoarekin ere. Gauza bat da euskarari gaur oraindik egiten den eskualdeetan (eta, haietan ere, euskaraz jardun ohi dutenen artean) bizirik eutsi nahi izatea, eta bestea behinolako Euskal Herriak biltzen zituen eskualde guztietara (eta eskualde horietako bizilagun guztiengana) bere berreuskalduntze-lana hedatu nahi izatea. Segun jomuga non jartzen den (eta hori ez da zientzi kontua noski), halakoa izango da indarberritzearen zer-nolakoa eta norainokoa ere.
Garbi dago, hortaz, indarberritze hitzarekin oso gauza diferenteak esan ditzakegula. Diferentzia horiek kontuan izanik, eta aplikazio posibleen nondik norakoa argitzeko asmoz, oinarrizko bi azepzio hartuko ditugu hemen kontuan: indarberritzearen gutxienezko esanahia batetik, eta osabetezkoa bestetik. Tarte-bitartean, jakina, erdibideko konbinazio-aukera ugari egon liteke.
III. 1. Indarberritzearen gutxienezko esanahia.
Ikuspegi honen arabera, ahuldutako hizkuntza indarberritzeak zera esan nahi du: hizkuntza horrek egungo hiztun-taldeetan bizirik jarrai dezan lortzea edota, jarraipen-bide hori eten egin bada, hizkuntza hori berriro ere belaunez belaun ama-hizkuntza gisa transmiti dadin segurtatzea. Soziologo askorentzat, hortxe dago gakoa: ez hortik gorako beste helburuak okerrak edo kaltegarriak iruditzen zaizkielako berez, hizkuntza txikien hil ala biziko apustua justu-justu plaza horretan jokatzen dela uste dutelako baizik. Gurera ekarriz, hona zer dioten: “Gure seme-alabek etxean euskara ikasi eta familian, lagunartean, auzo-giro hurbilean euskaraz (nagusiki euskaraz) egin dezaten lortzen badugu, eskola eta beste zenbait gizarte-erakunde lagun dutelarik, beste hogeita bost bat urteko arnasaldia eman diogu hizkuntzari. Eta bitartean, jakina, hainbat itokin eta hainbat aberia konpontzeko tartea (gure helduaro aktiboa) daukagu”. Hori da funtsean Fishmanen helburu nagusia, bakarra ez bada ere, aurrerago ikusiko dugunez (Fishman 1991, 2001). Ez Fishmanena bakarrik, ordea. Ikus dezagun, adibidez, Spolsky-k (Spolsky eta Shohamy, 2001: 35) bere revitalisation edo indarberritzea nola definitzen duen: “My preference for revitalisation highlights rather the critical importance of restoring vitality or normal intergenerational transmission of the language as a mother tongue”. Hori da hiztun-elkarte edo hiztun-talde batek lortu behar duen gutxien-gutxienezkoa, bere hizkuntza hori gal ez dadin. Horretarako bide egokiena badakigu zein den: hiztun horien aurrez aurreko harreman-sareak (etxekoak, lagunartekoak, kale-giro hurbilekoak) hizkuntza horren bidez osatu eta mamitzea. Erabatekoa ezin izango bada ere, neurri bateko kontzentrazio demografikoa eskatzen du horrek. Babesgarriko arnasgunea eskaintzen dio horrek, espezialista guztiek ahobatez aitortzen dutenez, RLS edo HINBE-saio osoari. Hurbiltasun fisiko hori oso mesedegarria da, izan ere, ama-hizkuntzaren transmisio-lanean hain funtsezkoak diren aurrez aurreko harreman-sare horiek hizkuntza ahulaz bideratu ahal izateko. Kontzentrazio demografiko horrek erraztu egiten du, dudarik gabe, indarberritze-saioaren oinarri-oinarrizko helburua: etxean eta auzoan, lagunarte hurbilean eta kale-bizitza arruntean erabat edo nagusiki hizkuntza horretan egitea, jaiotzen diren haurrak hizkuntza horixe izan dezaten beren ama-hizkuntza, beren L1 naturala. Xenpelarrek, buruan besterik zuela noski, esango zukeenez, “jaioko dira berriak; gu gera euskal herriak”.
Ingurumen modernizatuetan (hots, gurea bezalakoetan) zaila da ordea, benetan, kontzentrazio demografiko horri eustea. Baserria eta herri txikia utziaz, kalera etorri da jendea, bizi izatera: Donostialde eta Bilboalde osoa, esate batera, nor bere Hinterlana euskaldunaren kontura etengabe hazten eta zabaltzen ari dira (2). Kontzentrazio demografikoaren aurkako joera da hori, funtsaren funtsean. Euskal arnasguneak urrituz, mehartuz eta besteren gero eta zerbitzariago bihurtuz doa hainbatean. Hirira etorritako euskaldun-jendeak, berriz, nekez ordura artekoa bezain harreman sare euskaldunik berregin dezake. Hiriburuko eta hiri-giroko hiztun gehienon harreman-sareak aski ugariak izan ohi dira, modernizazio-prozesuak berekin dakarren rol-errepertorioaren edo rol-sortaren zabaltzeak eta dibertsifikatzeak bultzaturik. Eta harreman-sare horietariko hainbatek, hizkuntza indartsuaren eta ahulduaren arteko botere-gradienteak hartaraturik, hizkuntza nagusi hori harreman-esparru barrenkoi-intimoenetan ere txertatu eta etxekotzera jo ohi du. Eta jakina: etxea eta familia, auzoa eta lagunarte hurbila hizkuntza nagusiak bereganatzen dituen neurrian oso zaila, praktikan ezinezkoa, bihurtzen da ama-hizkuntza ahuldu hori belaunaldi batetik hurrengora luze-zabal eskuratzea. Hortxe dago, beraz, gutxienezko indarberritze formulazioaren abantaila: zaurian jotzen duela bete-betean. Hizkuntza bizi guztien transmisio-bide nagusiaren muin-muinera apuntatzen duenez oso azalpide zorrotza da, ahuldutako hizkuntza indarberritzen ala areago ahultzen ari den analizatzeko: belaunez belauneko ama-hizkuntzaren transmisioa segurtatzen ez den kasuetan garbi dago hizkuntza hori ahulagotzen ari dela, ez indarberritzen. Aski ote da ordea etxea eta familia, auzoa eta lagunarte hurbila ahuldutako hizkuntzaren mende (osorik ezin bada ere neurri ohargarrian behintzat haren mende) izatea, belaunez belauneko jarraipena segurtatu ahal izateko? Posible al da hori, batez ere, gurea bezalako gizarte-molde modernizatu globalzale, supraetnikora bidean doazenetan? Hortxe ikusi ohi zaio formulazio honi, inon ikustekotan, bere muga-eragozpen nagusia. Aurrerago itzuliko gara, berriro, hain funtsezkoa den puntu horretara. Esan dezagun hemen, labur beharrez, horixe dela indarberritze-formulen gutxienezko adiera. Zabaltzea baino gehiago, dagoenari eutsi eta ahal den neurrian bizirik gordetzen saiatzea: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko katea eten ez dadin segurtatzea, horixe da funtsean, beti hala aitortzen ez bada ere, language loyalty kontzeptuarekin aski lotura estuan dagoen indarberritze-mota horren gutxien-gutxienezko helburua. Baita helburu nagusia ere, hainbatetan. Batzuentzat funtsezkoa (eta, beraz, lehenetsi beharreko helburua) den hori, ausardia edo anbizio-falta da beste zenbaitentzat.
III. 2. Indarberritzearen osabetezko esanahia.
Ikuspegi honen arabera, ahuldutako hizkuntza indarberritzeak zera esan nahi du: hizkuntza horri erabateko garapen demografiko eta soziofuntzionala eranstea. Hiritar guztiek hizkuntza hori (ere) erabil dezatela, gizarte-bizitzaren funtzio-esparru guztietan. Adibide grafikora itzuliz, gaztelania Logroñon bezala ibil dadila euskara gure artean. Eta hori ez Azpeitian eta Ondarroan, Baigorrin eta Leitzan bakarrik: baita Durangon eta Elizondon, Eibarren eta Donibane Lohizunen, eta are Bilbo moduko hiriburu ia zeharo erdaldunduetan ere.
Formulazio hau, dudarik gabe, aurrekoa baino begiluzeagoa, anbiziosoagoa da jomugaz. Ikuspegi honek ez du esaten euskararen (eta, oro har, ahuldutako edozein hizkuntzaren) belaunez belauneko jarraipena segurtatu behar denik. Kuestionatu ere ez du egiten hori, Logroñon kuestionatu ere egiten ez den bezala bertako familietan, auzo-bizitzan eta lagunarte hurbilean gaztelaniaz egiten jarraituko denik eta, horren ondorioz, jaiotzen (eta jaioko) diren logroñoar berriek ere gaztelania izango dutenik beren ama-hizkuntza. Egindakotzat ematen da hori: hori segurtatua dagoela onartuz, hortik gorako helburuak ezartzen dizkio bere buruari osabetezko indarberritze-saioak. Logroñon bezala, Bilbon eta Irurtzunen, Asteasun eta Hazparnen gizarte-bizitza osoa (3) etxeko hizkuntzaz mamitu nahi du indarberritzearen osabetezko formulazioak: Euskal herrian euskaraz, eta kitto!
Gutxienezko formulari ausardia falta aurpegiratu ohi zaion moduan, jakituria falta eta are itxutasun soziologikoa egotzi ohi zaio osabetezko formulari: duguna eta izatea nahi genukeena bereizten ez jakitea, hasteko. Begiz jotako berreskuratze-ekintzen bideragarritasun-azterketarik ez egitea, ondoren. Eta, batez ere, hizkuntza bizirik aterako bada lehentasunak zein diren argudiatu eta finkatzeko gaitasunik eza. Konkretuki, itsasontziari kubiertatik urik sar ez dakion lehia bizian saiatzen ari izatea ura, zorrotada betean, beheko bodegatik sartzen ari dela kontuan hartu gabe.
(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)
Aurreko atalak HEMEN
Oin-oharrak:
(1) Ezaugarri guztiak ez, ordea. Aginte-esparrutik (agintedun izanik, hortaz) egiten den saioa omen da language planning prototipikoa: the authoritative allocation of recourses. Jakin badakigu, berriz, RLS gehienen patua oso bestelakoa dela: egiten duten saioa aginte-ahalmen txikiz, edo kasik ahalmenik gabe, mamitu behar izatea. Zenbaitek, hori dela eta, bi plangintza-modu bereizten ditu: goitik beherakoa batetik, aginte bidezkoa alegia; eta RLStik hurbilago dagoen behetik gorakoa bestea (Kaplan eta Baldauf, 1997).
(2) Urrutirago ere joan dira batzuk, sorlekua utzirik: Paris aldera, esate baterako iparraldeko hainbat euskaldun. Gogoan izan kantua: sorterria utzirik, gazte nintzelarik, Pariserat joan nintzen kurajez betherik.
(3) Osoa diogunean ez dezagun ahaztu, halere, additional languages direlakoen (batez ere ingelesaren) hedapen-fenomeno selektiboa hor dagoela: hiztun-elkarte beregain, autorregulazio soziokulturalaz sendo hornituetan ere egunetik egunera nabarmenago agertzen da language spread goi-mailako esfera akademiko-teknologikoan, urrundik urrunerako merkataritzan, luze-zabaleko turismo-garraioetan eta pop-kultura gaztearen kontsumo-joeretan. Haietan hala bada atera kontu besteetan, etorkizunik txuri-gorrienean ere.
|