Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? (eta II )

Ahuldutako Hizkuntza Indarberritzea: teoriak zer dio? (eta II )

2003-04-14 / 08:31 / Mikel Zalbide   HIZKUNTZA
II. Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?

II. Ahuldutako hizkuntza noraino dago ahuldua?

Gaixotasuna eta osasuna, hizkuntza kontuan ere, kontzeptu osagarriak dira. Osasun onean dagoenak ez dauka gaixotasun handirik, eta alderantziz. Nahasian erabiliko ditugu, hortaz, bata zein bestea. Badakigu, bestalde, bai gaixotasuna eta bai osasuna kontzeptu gradatiboak direla. Gaixorik dauden bi hizkuntza ez daude, ezinbestean, gaixotasun-maila berean. Eta badakigu, azkenik, hizkuntza edo hiztun-herria diogunean ere jeneralizatzen ari garela. Hots, benetako gaixotasuna lokalagoa dela izaeraz: bai ikuspegi geolinguistikotik eta bai soziofuntzionaletik, puntualagoa dela sarritan. Espezialista handiak izan gabe ere, erraz samar konturatzen gara euskara gaixoago dagoela Gasteizen Donostian baino, ahulago dagoela Durangon Tolosan baino, okerrago dabilela Lekunberrin Errezilen baino. Arrazoizkoa da beraz, medikuek pertsona gaixoekin egin ohi duten bezala, guk ere galdera horri erantzun nahi izatea: ahuldutako hizkuntza, noraino dago ahuldua? Zertan antzematen dugu osasun- edo gaixotasun-diferentzia hori? Kalean edo etxe(et)an gehiago (gutxiago) egiten dela: hori izan ohi da, gehienetan, gure mintzometro nagusia. Gero ikusiko dugunez, ez da hain neurpide okerra. Europan barrena zertxobait ibiliak baldin bagara konturatzen gara, orobat, alemana osasuntsuago dagoela txekiera baino, eta azken hori osasuntsuago estoniera baino. Hiztun-elkarte osoen kopuruak, kontrolpean dituen muga-hesien sendoak, herrialde bakoitzaren kultur sormenak eta zabalkunde-indarrak zerbait adierazi ohi digu normalean. Hortik aurrerako detaileetan ez gara ordea, gehienetan, hain seguru sentitzen. Zertan oinarritzen gara hortaz, funtsean, diagnostiko-modu horietan aurrera egiteko?

Hizkuntza, bi (edo gehiago) erabiltzen diren esparruetan dihardugularik egunero, laster hasten gara konturatzen (gurea bezalako ingurumenetan beste gehienetan baino lehenago eta sakonago gainera) hizkuntza guztiak ez daudela osasun- edo gaixotasun-egoera berean. Inork esan gabe ere, geuk igartzen diogu hori gure ingurumen hurbilari. Zertan igartzen ditugu osasun eta gaixotasun mailako diferentzia horiek?. Honelako gertaera ukaezinotan, besteak beste: batetik, hizkuntza bakoitzaren demolinguistikazko dimentsioan; bestetik, hizkuntza bakoitzak hiztun-elkartearen espazio soziofuntzionalean duen kokaeran. Ikus ditzagun puntu biok, halako xehetasun batez.

II.1. Hizkuntza bakoitzaren demolinguistikazko dimentsioa.

Hiztun-kopuruz eta hiztun-elkartearen lurralde-hedaduraz, mintzaira guztiak ez dira neurri berekoak. Horietariko batzuek milioika hiztun askoren lehen hizkuntza (L1 edo ama-hizkuntza) dira, eta beste hainbaten bigarren edo enegarren hizkuntza (gehigarrizko hizkuntza, additional language). Ingelesa eta errusoa, txinoa eta arabiera, espainola eta frantsesa, alemana eta portugesa hizkuntza zabal, handien multzo horretakoak ditugu. Eta ingelesa, bereziki, LWC edo language of wider communication izendapen teknikoaren alorrean sartzen da bete-betean. Munduko milaka hizkuntzen artean gutxienak dira, jakina, neurri-hedadura zabal, handi horretakoak. Beste mintzaira batzuek, hain handiak izan gabe ere, hiztun-kopuru zabalekoak ditugu: milioia eta 10 milioi hiztun artekoak ditugu horiek, kopuruz. Europako nazio-hizkuntza ofizial, beregain eta osasuntsu asko, konkretuki, bigarren multzo horretakoak ditugu: hungariera, daniera eta suediera, finlandiera eta grekoa, eslobakiera eta txekoa, eslobeniera eta abar. Hizkuntza horiek ez dira, normalean, etxetik (hots, beren nazio-estatutik) kanpora erabiltzen, beste hizkuntzekiko harremanetan. Ez dira beraz, inola ere, LWC atalekoak. Munduko hizkuntza gehien-gehienak ez dira, dena den, ez lehenengo eta ez bigarren multzo horietakoak: demolinguistika aldetik, hizkuntza gehienak ez dira milioi bat hiztuneko langa horretara ere iristen. Hainbat hiztun-elkartek, euskara tartean delarik, milioia eta ehun mila hiztun artean ditu, lehen hizkuntza edo lehen ko-hizkuntza moduan. Eta beste asko, zinez hiztun-elkarte asko, ez da 100.000 laguneko hiztun-neurri apal horretara ere iristen. Hizkuntza batzuek, gorago esan dugunez, nazio-hizkuntzak edo, zehazkiago esanik, estatu beregainen hizkuntza bakar edo state-building, unifying language dira. Gutxien-gutxienak dira, zinez, estatu-beregaintasunez osaturik eta babesturik daudenak. Estatu-dimentsioaz beheitikoak gara, izatez, munduko hizkuntza gehienak. Munduan lau mila eta sei mila hizkuntza artean baldin badaude gaur egun, eta unitate politiko independenteak, estatu-nazio edo nazio-estatu lokabeak 200era iristen ez badira, atera kontuak: mintzaira guztiak ez dira ingelesa, frantsesa, espainola, portugesa, alemana, arabiera, errusoa, hindia edo txinoa (1). Ez eta suediera, grekoa, holandes-nederlandera edo poloniera ere. Hiztun asko izate horrek abantaila fisiko, objektibo, bazterrezinak eransten dizkio hizkuntzari: jende askorekin eta leku askotan erabil dezakezun gaztelaniak askozaz utilidade handiagoa du, hainbat eta hainbat funtziotarako, jende gutxik eta aski lurralde mugatuan darabilgun euskarak baino.

Hiztun-kopurua ez da ordea, lehen ere aipatu dugunez, demolinguistikazko aldagai inportante bakarra: hiztun horien lurralde-banakera, beren kontzentrazioa eta urbanizazio-maila ere punta-puntako aldagaiak dira. Geolinguistika ere kontuan hartu behar da, alegia (cf. besteak beste, D. Cartwright 19 ). Demagun A eta B hizkuntzak neurri berekoak direla hiztun-kopuruz (1.000.000 lagunekoak adibidez). Demagun, bestalde, A hiztun-elkartea osatzen duten hiztunak elkarren ondoan bizi direla denak, eta B hiztun-elkartekoak sakabanaturik. Elkarren ondoan, harreman-sare eta interakzio-esparru ugariz loturik dauden A hizkuntzako hiztunek ondotxoz osasun-egoera hobea izango dute, besteak beste, erdal (beraientzat erdal) hiztun-herri erraldoi batean desegituraturik eta han-hemenkako hiztun-taldexkatan sakabanaturik dauden B hizkuntzakoek baino. Isolamendu fisikoa (itsasoa, basamortua, mendikate handiak) zein politikoa, orobat, barne-kontzentrazioaren eta erdal munduarekiko separazioaren iturri izan ohi da gehienetan. Feroe uhartea aipatu dugu lehen, bere 50.000 hiztunekin. Beste horrenbeste esan liteke Islandiarekin. Bertako 200.000 bizilagunek hiztun-herri aparta osatzen dute, nahiz eta ingelesa gero eta etxeanago duten.

Isolamendu fisikoaz gainera, urbanizazio-maila ere kontuan hartu behar izaten da askotan. Kale-girora biltzen diren hiztun-talde minoritarioek areagoko neke-zailtasunak izan ohi dituzte, izan ere, lehenaz gainera: kontzentrazioa eta ohiko jardunguneetako nagusitasun-moldaera (2) galdu egin ohi dute, irabazi baino gehiago, baserritik kalera jaistean. Galera horrek traba berriak sortzen dizkie, beren hizkuntzari belaunez belaun eutsi ahal izateko. Erdal hiztunekiko harreman-sareak, baserrian ez bezala, gero eta beharrezkoago bihurtzen zaizkie kale-giroan. Harreman horien maiztasuna eta dibertsifikazio funtzionala ere ugaritu egiten dira, normalean, kaletar berri horien artean (3). Hiri-giroak berekin ekarri ohi duen rol-harremanen dibertsifikazioak, idatzizko harremanen ugaritzeak eta aldaera formal-teknifikatuen eraginak H hizkuntzaren alde jokatu ohi du normalean, Lren kaltean.

Autoktono izatearen edo ez izatearen aldagai historiko-territoriala ere oso kontuan hartzekoa da, azkenik. Aurreko beste faktoreak berdinak edo antzekoak lituzketen A eta B hiztun-herriek aski bizi-itxaropen diferentea lukete, bata bertakoa eta bestea etorkin berria balira: jatorrizko lurraldeari atxiki dioten hiztun-herri autoktonoek, txikiak eta funtzio-esparruz mugatuak izanik ere, etorkin-talde berriek baino osasun demolinguistiko hobean egoteko joera izan ohi dute normalean. (Weinreich, 1953).

II. 2. Hizkuntza bakoitzaren lekua hiztun-elkartearen espazio soziofuntzional osoan.

Hiztun asko edo gutxi izatea gauza bat da. Hiztun horiek beren hizkuntza hori zer esparrutan erabiltzen duten, eta zeinetan ez, bestea. Bigarren puntu horrek definitzen du hizkuntza ahularen lekua (eta, horren ondorioz, bere statusa), hiztun-elkartearen espazio-soziofuntzionalean. Ahuldutako hizkuntza batzuek aski konpartimentaturik daukate espazio hori, zenbait funtzio-esparru bere kontrolpean mantenduz. Beste batzuek, aldiz, behinolako muga-hesiak galdurik dituzte eta konpartimentazio funtzionalik gabe (hots, diglosiarik gabe) gelditzen ari dira. Osasungarria, jakina, badakigu zer den: hizkuntza bakoitza bere hiztun-elkartearen ahalik eta funtzio-esparru gehienetan presente izatea, eta esparru horietan nagusi izatea, nagusitasun hori bermatzen duten muga-hesiak bere kontrolpean izanik. Muga-hesi nagusia, azken berrehun urte honetan, estatu beregainen herri-mugak ezarri ohi ditu. Mendebaleko gizarte modernizatu askok (ez, inola ere, guztiek) beren unifying, state-building hizkuntza dute. Frantziak frantsesa, Alemaniak alemana, Poloniak polakoa, Italiak italianoa, Britainia Handiak eta Estatu Batuek ingelesa (4). Era berean darabilte Espainiak eta Portugalek, hurrenez hurren, gaztelania eta portugesa. Gizarte horietako rol-sorta guztiak hitzez mamitzeko orduan aski izaten da, gehienetan, kasuan kasuko unifying, state-building hizkuntza horiekin. Bertako jende askok, gehienek normalean, hizkuntza horixe bakarrik daki jakin. Bertako minoria linguistikoek ere ezinbestekoa izan ohi dute hizkuntza hori, hainbat harreman-saretan eta jardun-esparrutan parte hartu ahal izateko, nahiz eta esparru barrenkoi-intimoenetan beren hizkuntza propioari gutxi-asko eutsi. Minorietako hiztunek, nahi badute eta ez badute, elebidun izan beharra daukate hortaz: hori ez da norbanako aukera librearen fruitu, luze-zabaleko mintzajardunaren gizarte-moldaerak berez dakarren eginbidea baizik. Hiztun elebidun horiek erraztasun handiagoa izan ohi dute askotan, rol-sorta gehienei dagozkien mintza- (are gehiago idazbeharrak) state-building hizkuntzaren bidez betetzeko. Aurreraxeago saiatuko gara hizkuntza-bitasun horren nondik norakoa zertxobait argitzen. Bietariko baten nagusigo hori azaldu nahi dugu hemen. Nagusigo horrek gutxitan izan ohi du, funtsaren funtsera bagoaz, norbanakoaren aukera libre-hutsaren izaera. Badakizu leloa, gauzak okertzen direnean: “Habla en castellano, que así nos entendemos todos”. Edota beste hau: “hori erderaz esango dizut, euskeraz nola esaten dan ez dakit-eta”.

Bistan dago frantsesa, alemana, italianoa, ingelesa, gaztelania eta portugesa osasun oneko hizkuntzak direla. Nor bere gizarte-bizitzaren esparru guztietara hedaturik daude. Are gehiago: esparru gehienetan etxeko jaun dira; lehiakiderik gabeko dominance configuration orbangabea ageri dute esparru horietan. Etxeko sukaldean eta taberna-zuloan, izkinako okindegian eta etxe ondoko parkean gaztelaniaz egiten da gorago aipatu dugun Logroñon, jakina. Baina ez esparru horietan bakarrik: gaztelaniaz egiten da orobat elizan eta irratian, zinean eta prentsan; gaztelaniaz egiten da anbulatoriotan, ospitalean eta medikuen kontsulta guztietan, eskola-esparru osoan (5), epaitegitan, lantegietan, aurrezki-kutxa guztietan (ate ondoko leihatilatik hasi eta goren mailako bulegoetaraino)... Hitz batean, Logroñoko bizilagunen mintzajardun arrunt, zabal, nagusia gaztelaniazkoa da bere erabilera-esparru edo jardungune guztietan. Berdin gertatzen da frantsesarekin Bordelen, italianoarekin Milanon, portugesarekin Oporton, alemanarekin Kolonian eta ingelesarekin Birminghamen. Hiri horietako erabilera-esparru edo jardungune guztien espektro osoan gailen, (gaurkoz) lehiakiderik gabe, etxeko nagusi ageri dira hizkuntza horiek. Hori ez da, ordea, munduko 4000, 5000 edo 6000 hizkuntzen artean batere gauza arrunta, normala, ohikoa.

Gutxi dira izan ere, mundu zabalean, beren gizarte-bizitza osoko rol-sorta guztia asebetetzen duten hizkuntzak. Hizkuntza handi horien eredura ohiturik gaude gehienok, eta hizkuntzen situazio normala, arruntena, horixe dela uste ohi dugu. Izatez gutxien-gutxienak dira ordea, mundu zabalean, beren espazio soziofuntzionala osorik, aldenik alde estaltzen duten hizkuntzak. Hizkuntza gehienek ez dute state-building, unifying handi horien sarbide berbera gizarte-bizitzan: ez unitate politiko beregainaren esparru osoan, ez beren hiztun-herrialde tradizionalean eta ez, hainbatetan, egungo beren gizarte hurbil egunerokoaren esparruetan ere. Hizkuntza apalago horiek ez dute alegia, ohiko mintzajardunean, bertako gizarte-bizitzaren erabilera-esparru edo jardungune guztietarako sarbiderik: ez nagusitasunezko, are gutxiago lehiakiderik gabeko, sarbiderik. Hizkuntza horiek ez dira gizarte horietako jardungune guztien espektro osora iristen. Hizkuntzen L funtzioetan (etxean eta familian, lagunarte hurbilean eta eguneroko auzo- edo herri-bizitza arruntean) gutxi-asko sustraiturik egon ohi dira hizkuntza horiek. Hortik gorako (hots, H moduko) funtzioetan jardun ahal izateko eragozpen nabarmenak izan ohi dituzte ordea: debeku espresuak edo de factozkoak ere bai, inoiz. Esfera ekonoteknikoan, luze-zabaleko aisialdian, pop-kultura transetnizatuan eta instantzia politiko-operatiboetan sortzen eta barreiatzen den produkzio idatzian inon baino argiago ikusten da, agian, traba-debeku eta ezintasun-muga horien eragina.

Gatozen, berriro, adibide xume batzuetara: zenbat hizkuntzatan banatzen dira Europan, eta are mundu zabalean, etxeko elektro-tresnen, bideo-aparatuen eta argazki-kameren instrukzio teknikoak? Zenbat hizkuntzatara itzultzen eta egokitzen dira PCetako softwareak? Medikamentuak administratzeko indikazio teknikoak zenbat hizkuntzatan suministratzen dira? Zenbat hizkuntzatan idatziak agertzen dira aireportuetako abisuak? Zenbat hizkuntzatan argitaratzen da, eta ofizialtasun-indarrez bermatzen, legislazio internazionala? Zenbat hizkuntzatan hezur-mamitzen dira han-hemengo zinemaldiak? Zenbat hizkuntzatan jarduten da ONUren, Europako Batasunaren eta OPEPen bileretan? Zenbat hizkuntzatan banatzen dira, azkenik, hain etxekoak bihurtu zaizkigun bidai agentzien informazio-orriak eta prospektuak? “Bost mila” horietatik zenbatetan? Bostehun hizkuntzatan seguru ezetz. Ehunean ba ote? Duda egiten dut: beti-beti behintzat, ezetz esango nuke. Eta beste 4.900ak?

Gizarte-bizitza moderno, hiritar, postindustrial, globalzale konplexu honi dagozkion jardun-esparru eta harreman-sare guztietan edo gehien-gehienetan ateak aldenik alde zabalik dituzten hizkuntzak oso gutxi dira berez: dudarik gabe ingelesa da guztien buru, une honetan. Beste dozena batera iritsiko dira, hor nonbait, horren hurrena datozenak (6). Horien ondoren datozen hizkuntza gehienek lanak dituzte, beren agregatu etnokulturalak beregaintasun politikoaz horniturik egonik ere, jardun-esparru eta harreman-sare guztietan edo gehien-gehienetan nagusi agertzeko. Norvegian eta Holandan, Filipinetan edo Finlandian, adibidez, ez da hain gauza normala telebistaz eskaintzen diren filme guztiak beren hizkuntzan emititzea edota unibertsitateko goren mailako ikasbide guztiak (zer esanik ez zientzi aldizkariak eta ikerketa-gaiak) nork bere hizkuntzaz bideratzea. Erabilera-esparru eta harreman-sare batzuetan goragoko, LWC mailako, hizkuntzarik ere etxekotua daukate, gutxi-asko, bigarren multzoko hiztun-elkarte horiek. Eta kezka sortzen die horrek, etorkizunera begira: behin zirrikitua zabalduz gero, ura ez ote zaien zorrotada bizian sartuko. Kezka-modu horiek gora-behera, muga-hesi politikoz edo soziokulturalez babesturiko hizkuntzen osasun-egoera eta hortik beherakoena, gurea tarteko, arras bestelakoak dira. Norvegiera edo suomiera, islandiera edo txekiera gogoan ditugularik, eguneroko gizarte-bizitza garatuari dagozkion esparru eta harreman gehienak (arruntenak, egunerokoenak eta, horrenbestez, luze-zabalenak eta belaunaldi berrien sozializazioan eraginen sendoena dutenak) beren hizkuntzaz egiteko aparteko nekerik ez dute horiek; ez, behintzat, beren artean ari direnean. Etxea eta familia, kalea eta auzoa, eta horrenbestez eguneroko herri-bizitza arrunta, nork bere bertako hizkuntzan antolaturik dute nagusiki. Nagusiki (eta are, zenbaitetan, oso nagusiki) bai, baina erabat ez. Guztiok konturatzen gara (joan eta ikustea aski baita) teknologia berriak eta luze-zabaleko merkataritza, pop-musika eta gazte-gaztetxoen kontsumo-kultura gero eta ingelesaren edo alboko Big Brother hizkuntzaren baten mendeago daukatela. Nolanahi ere, eta berriro gurera itzuliz, bigarren multzo horretan ez dago threatened language-rik, ez dago ahuldutako hizkuntzarik. Fishman (1991:356) batek esango lukeenez “National languages, even small national languages, are substantially protected by political boundaries and by social boundaries and social institutions that are politically protected. These help separate populations into insiders and outsiders and they define the cultural desiderata - including language - which are required for inside membership”.

Horien ondoren datoz, azkenik, munduko hizkuntza gehienak. Hirugarren eta laugarren hizkuntza-multzo bereziak egin ahal izango genituzke berauen artean. Nolabaiteko ofizialtasun-maila bat, eta horren eskutik datorkien institutional support delakoa, eskuraturik duten eta eskola bidezko transmisio intergenerazionala segurtatzen laguntzeko neurri ohargarriak beren kontrolpean dituzten hiztun-elkarteak sar ditzakegu hirugarren multzo horretan. Hor sartu beharko genuke, EAEri dagokionez bereziki, euskara gurea. Hirugarren multzo horretako hiztun-herrien artean ez gaude, inola ere, azken muturrean. Azken mende-herenean burua jasotzen gehientsuen saiatu direnen artean gaude, aitzitik, inon egotekotan. Hartara ere iristen ez direnak (munduko hizkuntza gehienak, dudarik gabe) laugarren multzoan kokatu beharko lirateke, azkenik. Sailkapen eta azpisailkapen xeheagoak egin daitezkeelarik ere, gauza bat dute hirugarren eta laugarren multzoko hizkuntza (hots, hizkuntza horietaz baliatzen diren etnokultura) gehienek amankomunean: eguneroko gizarte-bizitzaren joan-etorri arruntak ere ezin dituztela beren kabuz eta beren etnohizkuntza hutsez osorik bideratu. Hemen eta orain, euskaldunok geu gara, argi eta garbi, egoera mugatuko rol- eta mintzaera-bildumen korrespondentzia horren arabera jokatu behar izaten dugunak. Eta hori zergatik? Motibo askorengatik, dudarik gabe. Honako bi hauengatik bai behintzat, besteak beste: a) beren soziokulturazko muga-hesiei eutsi ezinik ari direlako; b) erdal soziokulturarekiko harreman-tratua mendekotasun-molde jakinera (soziologiaren dependency interaction delakora) makurtua daukatelako. Ikus ditzagun elementu biok, Fishman lagun, halako xehetasun batez.

a) Muga-hesiei eutsi ezina. Hirugarren eta laugarren multzoko hiztun-herriok political boundary edo politikazko muga-hesirik ez dute beren esku, normalean (7). Beren etnokulturari (eta, horren barruan, beren herri-hizkuntzari) ahalik eta osoen eutsi ahal izateko, hortaz, bestelako indargarrien bila jardun ohi dute. Bere baitara bildurik dituen estatu-nazioak aski babes instituzional ohargarria eskaintzen die, batzuetan, hiztun-herri hauei: Finlandiako minoria mediarrak, esate baterako, ia mende osoz eutsi dio babes-laguntza horri. Beste askoren kasuan, aldiz, gutxienezko babes ofizialik ere ez da izaten: ez, behintzat, hitzez eta egitez. Babes horrekin edo hori gabe, hiztun-herriok beren sociocultural boundary tradizionala indarrean mantentzen saiatzen dira. Transetnizazio-prozesua aski aurreraturik dagoen kasuetan eta indarrean zer mantendu handirik gelditzen ez zaienetan, gizarte-molde berriak hartaraturik lehengoari bere hartan eutsi baino gehiago sociocultural boundary eguneratu edo zaharberritu bat osatu eta zurkaiztu nahi izaten dute. Hil ala biziko lana dute hiztun-herri gehienok, delako boundary edo muga-hesi hori lortzearena. Horretan ez dago engainurik. Soziokulturazko muga-hesi horiek indarrean mantentzeko gai diren neurrian, eta ez gehiago, izango dira beren herri-hizkuntza hori ama-hizkuntza moduan belaunez belaun transmititzeko gai. Muga-hesi guztiek, politikoek zein soziokulturalek, hiztun-taldeak (neurri batean, ez noski osorik) aparte mantentzeko gaitasuna baitakarte berekin: “Boundaries, political or ethnocultural, imply separation of populations, the control of boundary crossing, the regulation of imports, the definition of desirable and undesirable cross-boundary relations” (Fishman, 1991:356). Muga-hesi horien (gutxienez bigarrenaren) kontrol-galtzeak ondorio zuzena ekarri ohi du, normalean, hizkuntza horren eguneroko esparru arruntetako erabileran (erabilera-galeran alegia) eta, ondoriobidez, ama-hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipenean (hots, jarraipen-galeran).

b) Dependency interaction delako moldera makurtzearen eragina. Muga-hesiak ez du, goian esan denez, politikoa izan beharrik: aski da soziokulturala izatea (8). Baldintza batekin, hori bai: soziokulturazko muga-hesiari zutik eutsi behar zaio. Erdal soziokultura nagusiarekiko harreman-tratuen zer-nolakoan eta zenbatekoan zeresan zuzena izan behar du etnolinguistikazko esfera txikiak, bere gizarte-bizitzaren zenbait jardun-esparru eta harreman-sare jakinaren gaineko gizarte-adostasunez eta onarpen argiaz bere kontrolpean gorde ahal izateko. Kontrolpean izateak, ondo uler bedi, ez du inola ere esan nahi soziokultura txikiak Big Brother nagusiarekin harremanik izan behar ez duenik, harreman horiek edonolakoak eta mugagabeak ezin izan daitezkeela baizik. Harreman-bide horiek ezin litezke edonolakoak eta mugagabeak izan, hizkuntza bien elkarbizitza egonkorra eskuratu nahi bada eta hizkuntza txikiaren bizi-iraupena segurtatu nahi bada. Zenbait harreman-tratuk, soziologoek dependency interaction diotenak bereziki, mugagabeko formulazioetara eraman ohi du berez eta, azken baten, social reward system arras desorekatura. Eta hortxe dago koska: zehaztugabeko eta hiztun-herri txikiaren kontrolpetik ateratako zenbait harreman-tratuk mendekotasun-moldera, social dependency interaction modukora, pasatzeko arrisku bizia duela. Arrisku hori are biziagoa da, gainera, gurea bezalako ingurumen modernizatuan txertaturik dauden entitate etnokulturaletan. Hots, dependency-molde horrek hiztun-herri txikiaren belaunez belauneko jarraitasun etnokulturala ahuldu, gesaldu eta deuseztera jo ohi duela. Aurrerago itzuliko gara dependency interaction delakora, social reward system delakoaz jarduterakoan.

Nolanahi ere, eta honekin amaituko dugu oraingoz puntu honi dagokion azalpena, bistan dago hizkuntza baten osasun-mailarekin zerikusi zuzena duela soziokulturazko dimentsio horrek. Hizkuntzak galtzen (hiztun-herriak desegiten) direnean galera hori ez da, ezinbestean, hiztun-kopuruz txikiak direlako edota hiztun horiek zabalagoko “erdal itsasoan” barreiaturik daudelako gertatzen. Demolinguistikazko baldintzapen hori bezain funtsezkoa izaten da, askotan, hizkuntza jakin batek bere hiztun-taldearen espazio soziofuntzionaleko erabilera-esparru eta harreman-sare jakinak estaltzeko daukan aukera, gogoa eta, aipatu berri dugunez, indarra.

II. 3. Bestelako azalpen-bideak.

Hizkuntzen arteko osasun-diferentziak ez dira, nolanahi ere, faktore demolinguistiko eta soziofuntzionaletara mugatzen. Soziokulturazko muga-hesien kontrol kontuan (edo kontrol horren galeran) beste faktore asko ere kontuan hartzekoak dira. Hizkuntza bakoitzak duen prestijioa, barneko hiztunentzat zein kanpokoentzat, garrantzitsua da esate baterako. Orobat hizkuntza bakoitzaren literatur ondarea eta bere corpus-lanketa: ortografiazko batasuna (eredu standard baten finkapen lexiko-terminologikoa, fonetikoa eta gramatikala) eta erabilera-modu desberdinetarako estilo-lanketa, sormena eta zabalkunde-indarra: horiek ere faktore eragingarriak dira. Faktore soziohistorikoak, ekonoteknikoak eta politiko-operatiboak aurre-aurrean egon ohi dira, bestalde, gizarte-molde hiritar modernizatuetan. Bertako etnokulturaren lagungarrizko indar-biltze soziopolitikoak ere tradizio luzea du batean zein bestean. Katalanok eta euskaldunok Espainiako herrialde gehienak baino aurrerago, garatuago, ibili izan gara ehun bat urtez. Horrek guztiak ere bere eragina izan du, dudarik gabe, etnokultura txiki-handien arteko nondik norakoan. Aurreko atalean zerbait hitz egin dugu, zeharka bada ere, horretaz: botere-faktoreak ezin dira, horrelakoetan, alde batera utzi. Guztion bistan dago ahuldutako hizkuntzek (hiztun-elkarteek) beraiek baino askoz indartsuago diren prozedura ekonoteknikoei, soziokulturalei eta (askotan baina ez beti: cf. herrialde baltikoak) politiko-operatiboei aurre egin behar izaten dietela. Desoreka horiek hor daudela eta normalean hor egongo direla jakinik jokatu behar izaten dute hirugarren eta laugarren multzoko hizkuntzek, nola-halako modus vivendi batean bederen bizirik jarraitu ahal izateko. Eta horretarako, jakina, eskura dezaketen babes-oinarri instituzionala eskuratzen eta zuhurki erabiltzen asmatu behar dute.

Gurea bezalako hizkuntza txiki, demografiaz eta funtzio-indarrez ahulduetan oso kontuan hartzekoa da, besteak beste, bertako gizajendearen herri-gogoa: batez ere arbasoen hizkuntza bizirik gorde edo biziberritu nahia. Azken jokaera honi, bizirik gordetzeari bereziki, language loyalty deitu zion U. Weinreichek (1953:99), lehendik emana zegoen izendapenari garbizaletasunaren puntua erantsiz, eta geroztik azterlan sendoen elementu nagusi bihurturik dugu: 1965eko Language Loyalty in the United States ez da, azken batean, azterpide horri zabalkunde ozena emandako ikerketa sakona baizik. Arbasoengandik datorkigun katea erabat ez dela eten jakitea eta, ondo jakinaren gainean, kate horri kosta ahala kosta bizirik eusten saiatzea, hitzez eta egitez: horixe da language loyalty, abertzaletasun politiko-operatiboekin nahastu behar ez dena. Elkarren eskutik etor daitezke biak, jakina, baina hori ez da ezinbestekoa. Gure artean ikus, adibidez, Urkixoren lekukotasuna. Funtsezko elementua da hori ere, ahuldutako hizkuntza indarberrituko bada. “Hitzez labur eta egitez jori” izatearen aspaldiko fama dugun euskaldunok egia da, joan den bi mende luzean, etengabeko saioan dihardugula gu izaten jarraitu nahi horretan. Gu izate hori, lehenik eta behin, seme-alabei eskuratzen saiatu izan gara. Saio-ahalegin hori herri-izateari dagozkion aiheka gehienetan egin izan da normalean: sinesmen eta balore, iritzi eta uste, poz-irrika eta beldurretan, ez hizkuntza kontuan bakarrik. Transmisio soziokultural hori baterabildurik etorri izan da mintzairaz eta uste-sinesmenez, jarreraz eta jokamoldez : hots, etnizitate-moldaera zabal-sakonean. Beranduago agertu izan dira, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, jokamolde horren formulazio modernizatuak, plano politiko-operatiboan luze-zabaleko abertzaletasuna plazaratu izan dutenak. Herri-gogo horren atal garrantzitsua da, noski, hizkuntzazko euskaltzaletasuna. Hots, gure hizkuntza babestu eta sendotu, osatu eta txukundu, zabaldu eta indarberritzera bultzatzen gaituen talde-jokaera. Ez gara bakarrak munduan, gizarte-aldaketa onartuz gu izatearen (funtsean gu izaten jarraitzearen) aldeko apustua eginik dugunak.

Horrek guztiak gauza bat dakar berekin: “hizkuntza guztiak berdinak dira” aldarrikatu ohi dugunok batere atsegin ez dugun gauza, hain zuzen. Hizkuntzak, izan, oso desberdinak dira beraien utilidade sozialari dagokionez eta, horren eskutik, oso desberdinak dira beren gizarte-botereaz, beren baitako indarraz. Hizkuntzen statusa diferentea da, alegia, batetik bestera. Hizkuntza guztien berdintasuna badakigu gainera, jakin, bere esanahi sakon-zabalenean praktikara ezin eramana dela: ezin hasiko gara Europako aireportu internazional guztietako informazio-panelak munduko 5.000 hizkuntzatara (edota, soil-soilik, Europako hizkuntza guztietara) itzuli behar direla aldarrikatzen, “berdinak direnez eskubide berbera zor zaielako”. Hizkuntzen arteko desberdintasuna onartzeak ez gaitu gainera ahultzen, zuhurrago eta aztiago bihurtzen baizik. Bai bada: hizkuntza guztiak indar berekoak balira ez geneukake hizkuntza ahulez eta, are, herio-bidean dauden hizkuntzez hitz egin beharrik. Ez eta hizkuntza ahulei berariazko babes-neurriak zor zaizkiela argudiatzerik (9). Egia da minbizia duen eriaren aurrean ez dela hitz-erdirik ere minbiziaz eta bere ondorioaz egin nahi izaten. Horregatik ote da guk ere hain gutxi hitz egiten dugula hizkuntzen utilidade sozial diferentzialaz eta horrek berez dakartzan gizarte-botere, ordainsari- eta zigorbide-sistema desberdinez? Baliteke hala izatea. Eguneroko jardunean hiritar arruntek isilik gordetzen dituzten osasun-diagnostiko atsekabeak eta are fatalak oso erne eta arduratsu aztertzen dituzte ordea medikuek, bai baitakite sendabideen garapena gaitzaren ulermen ahalik eta sakonenetik etorri ohi dela normalean. Badakigu jakin diagnostikoak ez duela, berez eta bere baitarik, sendaindar erabatekorik izaten. Arras lagungarri izan ohi da ordea, gehienetan, terapia egokia garatu ahal izateko.

Honainokoan posible da gorputzeko osasun-gaixotasunen eta hizkuntzazkoen artean konparazioak egitea. Ez hori bakarrik: hizkuntz soziologiaren ibilbidean oso maiz egin izan dira, eta halaxe egiten dira gaur ere, hizkuntzaren eta gorputzaren arteko analogia horiek. Hor bukatzen dira ordea, gehienetan, balio-indar sendoko konparazioak. Hortik aurrera, antzekotasunak baino errazago aurkituko ditugu terapeutikazko interbentzio-eredu sanitarioen eta linguistikoen artean bereizgarrizko ñabardurak eta ezin gaindituzko diferentziak. Hona, besteak beste, eredu bien arteko bereizgarri nabarmen bat: hizkuntzek ez dute, giza gorputzak bai ordea, gehienezko bizi-itxaropen estatistiko finkorik. Hizkuntzak ez dira hiltzen zaharrak direlako (“eta, badakizu, guztiok ere joan beharra daukagu mundu honetatik”). Hizkuntzen kasuan ezin esan liteke hizkuntza baten gehienezko bizi-itxaropena 100, 500 edo 1000 urtekoa denik. Zahar izatea ez da hizkuntzen kasuan, ezinbestean, herio-arrisku.

Bada, bestalde, osasun-eredu horri zuku handiagorik atera ezin izateko gehigarrizko motiboa: herri-jakituriaren ezaguera-maila, hizkuntzen gaixotasuna diagnostikatzeko orduan eta erremedio baliagarririk gomendatzerakoan, aski apala izan ohi da gehienetan. Apala eta, behin eta berriro ikustea suertatzen zaigunez, aurreko hiztunen (batez ere aitona-amonen eta haien aurrekoen) esperientzien, eskarmentuen eta emaitzen oroimen zehatz argirik gabea. Mintzaldatzearen baitako hirugarren belaunaldia osatzen duen jendeak badaki, hainbatean, bere aitona-amonek euskaraz egiten zutela (dutela) etxean, baina gurasoek ez dutela (zutela) egiten. Gurasoek erdaraz egin izan diete umetatik eta horrexegatik dira beraiek erdaldun. Jendea (familia osoak, auzo osoa, herrialde osoa) aitona-amonen euskarazko mintzajardunetik gurasoen erdarazkora zerk eraman duen galdetzen badiezu, ordea, nekez erantzun sendorik, jeneralizazio-indar zabalekorik eskuratuko duzu. “Francoren garaiko debekuagatik” esango dizu batek. Hizkuntzen bizia aginte-molde (eta, are, agintari) jakin baten baitan ikusteko joera aski hedatua dago herritar xeheen artean. Ez motiborik gabe: beren hizkuntza ahulari egindako erasoak eta eragindako mehatxuak ez dira berehalakoan ahazten. Euskararen ibilbide historikoaren berri duenak badaki, ordea, euskararen atzerakadak hori baino iturburu gehiago dituela, eta horietariko batzuk ondotxoz lehenagotik lanean hasiak direla: ipar Euskal herrian ez dute Francorik izan, baina azken hirurogei urtean hizkuntzak atzerakada nabarmenagoa izan du haien artean, oro har, hegoaldean baino. Guztiek ez dute, halere, agintezko debekuaren kontua aipatzen. Gero eta gutxiago dira, izan ere, 1940tik 1960-70era arteko gertaera haien bizi-eskarmentu zuzena dutenak. Gerraoste luzeko debeku-kontuak alde batera utzita beste esplikazio-modu hau eskainiko dizu zenbaitek: “Oraingo gazteek erdaraz nahiago dutelako” ari da euskara galtzen. Egiaren zati on bat esaten ari da, noski, hori edo horren antzekorik dioena. Language shift edo mintzaldatzearen sustraian belaun batetik hurrengorako erabilpen-galera egon ohi da sarri, izan ere. Egiaren zati horrek barrenagoko beste egi zatia estaltzen du ordea: hizkuntza honetaz edo hartaz baliatzeko erabakia ez dagoela, bere osoan hartuta, mintzaira batari eta besteari gizarte horrek atxikiak dizkion ordainsari-sistemetatik at. Horrelako hautapen librerik ez dela hortaz giza arteko mintzajardun zabalean gertatzen. Norberaren gogo-kontu hutsa balitz logroñoar guztiek ez lukete gaztelaniaz egingo, Bordelen jaiotzen direnek frantsesez eta Milanokoek italianoz. Halaxe egiten dute ordea. Herri-jakituriaren irispide-muga gertaera fenotipikoen konstrikzio genotipikoak antzeman ezinak berez dakarrena nabarmena da benetan. Hirugarren batek, azkenik, agintezko debekura edo hautapen librearen patura eramaten gaituzten azalpenez haraindiko esplikazioa eskainiko digu. Oso esplikazio ezaguna, joera eta jarrera guztietako euskaltzaleen artean aski zabaldua. Hirugarren esplikazio-bide horrek, euskara zergatik galdu den edo galtzen ari den galdetzen diozunean, “eskolagatik” (izan) dela esango dizu. Eta nola esango diozu ezetz: begien bistako kontua da, hemen eta beste hainbat herrialdetan, bi mende luzez hor nonbait elkarren etsai izan direla eskola eta lekuan lekuko hizkuntzak (eta, bide batez, dialekto-aldaerak eta gainerako hizkera-molde informalak). Esan dezagun argiago: eskolak, jakinaren gainean eta aparteko arretaz, hiztun-herri txikietako gazte-jendea beren hizkeratxo horietatik state-building, unifying language nagusira mintzaldatzeko erabili dira kasuan kasuko aginte-esparrutik. Hori guztia ad nauseam dokumentaturik dago aspaldidanik, hemen eta atzerrian, eta ez du merezi luzamendu handiegitan sartzerik. Argitu nahi duguna, aldiz, zera da: ezin ukatuzko egia horren izenean ezin defendituzko sinplifikazio kausabakarra bultzatzen ari garela. Oraindik ere lasai-lasai esaten jarraitzen dugu, euskara han-hemen galdu bazen edo galtzen ari bada maisu-maistra euskaletsai edo erdaltzaleengatik (izan) dela. Hori ez da ordea, osorik eta erabat, horrela. Eskola ez da, normalean, hiztun-herri osoaren mintzaldatze-iturri bakar izaten; nagusi izan litekeenik ere, ebidentzia enpirikoari bagagozkio, ez dago batere garbi. Euskararen galera ere ez da, hortaz, eskola-kontua izan. Ez orain, edo orain dela gutxi; eta ez, dakigun neurrian, lehen. Dudarik lukeenak atera beza kontu: orain dela berrehun eta berrogeita hamar urte, epe-garai jakinetara biltzearren, erdal maisuen eta eskola-giroko euskara-debekuaren kontua oso antzekoa zen Azpeitian eta Aoitzen, Ondarroan eta Gopegin. Zergatik batean (Azpeiti-Ondarroetan) bizirik gorde da euskara eta bestean (Aoitz-Gopegietan) aspaldidanik hilik dago, guztiek gaixotasun bakarra eta gaixotasun berbera izan baldin badute? Eta ez hori bakarrik: gauzak hain errazak balira (erdaraz tutik ez zekiten umeei euskara ahaztuaraztea hain erraza gertatu baldin bazen orduko irakasle bakar batentzat), nolatan oraingo irakasle euskaldun saiatuek (lehen bakarra zegoen lekuan orain hiruzpalau daudelarik) ezin dute lortu ume erdaldunak zeharo euskaldundu eta herrialde erdaldunduetan gazte-jendeak nagusiki euskaraz egitea? Are gehiago: zergatik irakasle euskaltzale saiatu hauek ezin garantiza dezakete itxuraz hori baino mila bider errazagoa den helburua: etxetik euskaraz (edo bietara) dakiten neska-mutilek, 16 edo 18 urte arte D eredu hutsean ibili ondoren, beren artean bederen euskaraz egin dezaten? Jakin bai baitakigu, hori ere segurtatu ezinik ari garela hainbat eta hainbat kasutan. Herri-jakituria motza da, oso, hizkuntzen gaixotasun-kontuan eta, batez ere, gaixotasun hori sendatzeko neurriak proposatzerakoan. Gauzak sinplifikatzera jo ohi du: bilakaera demografiko, ekonotekniko, soziokultural eta politiko-operatibo aski bihurrien ondoriozko gertaera (kasu honetan, luze-zabaleko mintzaldaketa) faktore mugatu, soil jakin bakar baten argitan esplikatzera. Sinplifikazio nabarmen horietatik ez dago, gehienetan, atarramentu onik ateratzerik. Euskalgintzaren esparruan dihardugunok badugu beraz garaia, obligazioa ere bai nire ustez, kontu hauei beste maila jasoagoan, informatuago eta objektiboago heltzeko.

(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)

Aurreko atalak HEMEN

Oin-oharrak:

(1) Ezagutzen dudan azken kontaketaren arabera, (Crystal, 1999) 51 hizkuntza gelditzen dira munduan, hiztun bakarra dutenak. Eta badira beste 500 inguru, 100 hiztun baino gutxiagokoa bakoitza. Munduko hizkuntza guztien % 96, kontaketa honen arabera aski txikiak dira: beren hiztun guztiak batuta, munduko biztanle guztien % 4 osatzen omen dute. Edota, beste era batera esanik, hizkuntza guztien %4k (hots, 200 bat hizkuntza nagusiek) munduko populazio osoaren %96 eratzen dute.

(2) Nagusitasun-moldaera diogunean U. Weinreichek eta Fishmanek (Weinreichen norbanako ikuspegitik gizataldekora aldatuz) erabilitako dominance configuration delakoaz ari gara noski.

(3) Egia da baserri giroan (eta herri-herrixka txikietan) beren buruari hobeto eusten diotela, oro har, hizkuntza ahulek. Hori ez da atzo goizeko deskubrimendua. Euskarari dagokionean ikus, besteak beste, Kardeberazen 1761eko Euskararen Berri Onak delakoa edo Ordoñez apaizak urte hartan bertan Donostiako hiriaz eta hiri-inguruaz egindako deskribapen zehatza.

(4) Belgikan alferrik bilatuko duzu belgierarik, Suitzan (idatzizko jardunean) suitzerarik eta Austrian austrierarik. Norvegian, bestalde, norvegiera bakarraren ordez bi aurkituko dituzu: boksmaal eta nynorsk. Kroaziak eta Serbiak hizkuntza bana dutela esatea, azkenik, egiaren zati bat estaltzea da.

(5) Ez ahaztu, halere, ingelesa bere “lekutxoa” irabazten hasia dela hor: Lehen eta Bigarren Hezkuntzan asignatura moduan, eta hori baino era aktiboagoan unibertsitateko goren-maila espezializatuetan eta, batez ere, ikerkuntzaren esparruan.

(6) Hurrena datozen horien artean, batetik bestera alde handiaz halere, honako hauek aipa litezke: txinoa, errusoa, hindia, arabiera, espainola, frantsesa, portugesa, alemana eta italiera. Japoniera atzean, multzo horretatik kanpora, gelditzen da bere XX milioi hiztunekin. Zer esanik ez poloniera bere 44 hiztunekin, turkiera bere Xxekin eta, are, Afrikako ekialdean benetako lingua france (merkatuko saleroste eta harreman-tratuak lagun) bihurtzen ari den swahili azkarra.

(7) Irlandaren moduko kasuak ere hor daude, jakina, eta ez genituzke alde batera utzi behar.

(8) Badakit, ondo jakin ere, eztabaida bizia sortzen duen puntua dela hori, batez ere gure artean. Nire iritzia hori da, eta halaxe adierazten dut. Mereziko luke, halere, soziokulturazko muga-hesiaren aski izate hori berariazko txosten batean lantzea eta, ahal den neurrian, argitzea. Gure gizarte honen hainbat katramila oinarrizko iritzi-uste horren inguruko eztabaidarekin loturik (ez diot, honenbestez, kausalki loturik) dagoela gauza jakina da.

(9) Ezer garbi baldin badago horixe baitago garbi hizkuntzaren soziologoarentzat, gure berdintasun-aldarrikapenak gora-behera: ingelesa indartsuagoa dela (gaur) frantsesa baino, frantsesa indartsuago polakoa baino, polakoa indartsuago estoniera baino, estoniera indartsuago euskara baino, euskara indartsuago bretoiera baino, eta abar.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com