Sarrera
|
Mapa
|
Kontaktua
|
Guri buruz
|
Gorago
Zeu iritziemaile
Bestelakoak
Enpresa
Herri-administrazioa
Hizkuntza
Informatika
Internet
Irakaskuntza
Kultura
erabili.com
RSS
Hemen zaude:
Sarrera
»
Sare-aldizkariak
»
Iritzi-muinetik
» Ibon Sarasola: "Euskararen behe mailetan gaude okerren"
Erantzun
Izenburua
Bidaltzailea
Nortasun-txartela
(Ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
E-posta
(E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
Testua
> Hizkuntzalaria, euskaltzaina eta gaur egun euskarak terminologia arloan duen maisurik handiena dugu Ibon Sarasola. *Iritzi-muinetik* gure sare-aldizkarian, astean behin, bere jakite zabal-sakonetik, han-hemenka aho-idatziz erabiltzen ditugun "ajedun hitzen azterketa":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1047033937 zorrotza egingo du euskaltzale guztion jakingarri. Langintza horri ekin behar diola aitzakia hartuta, **erabili.com**-etik itaunka joan gatzaizkio. Ordainetan, berriz, hizkuntzalari eta euskaltzale baten barne-muinetik emandako ihardespenak jaso ditugu. > - **Hizkuntzalariarena isilean egin ohi den lana dela badakigu. Aspaldi honetan ez dugu izan Ibon Sarasolaren berri. Zertan zabiltza? Orain zein lan dituzu esku artean? Eta bihar-etzirako zein egitasmo dituzu?** > > Orotariko Euskal Hiztegiaren zuzentze eta zuzenketa lanez bestalde, EHUko Euskara Institutuan ari naiz, talde lanean, eta hortik aparte proiektu berezi bat lantzen, "Egungo euskara ereduzkoaren bilketa" izenekoa, azken urteotako testu nire ustez ereduzkoetan zein hitz, esapide eta joskera erabiltzen diren erraz jakitea ahalbidetuko duena. > > Dena dela, niretzat erronka handiena beste lan bat da: duela zenbait urte Vox Oinarrizkoaren erdara-euskara ondu nuen; gero, haren bidetik, gauza bera egin dut Vox-eko Hiztegi Handia izenekoan; orain, azken hori oinarri harturik, erdara-euskara hiztegi zabal bat moldatzen ari naiz; hiztegi horretan Orotariko Euskal Hiztegian bildu diren gaietatik egungo premietarako egoki gerta daitezkeen hitz, esapide eta adibide guztiak, buelta emanda, txertatzen ari naiz, eta orobat egingo dut gero egungo autore ereduzkoen idazlanekin. > > > - **Bada zure kontu bat aspalditxotik jakin-minez naukana: ingeniari eta hizkuntzalari. Zein bidexkatatik barrena ibili zinen batetik bestera iristeko? Eta gerora, zertan uztartu dituzu bi jakintza arlo horiek elkarrekin?** > > Ingeniari, dudarik gabe. Ingeniari ikasketak egiten ari nintzela, euskaltzaletasuna zela eta, euskara hizkuntza gisa interesatzen hasi zitzaidan, eta horren ondorioz hizkuntzalaritzaren jakin-mina sortu zitzaidan. Izateko moduagatik diletantismoa atsegin ez dudalako, ingeniaritza ikasketak amaitu nituenean Bartzelonara joan nintzen hizkuntzalaritzari ekitera. Uztartu? Guk, Hiztegian, Gasteizko Fakultateko lagunek "filologia industriala" esaten diotena egiten dugu, eta hor kokatzen da nire ingeniaritasuna. Gauzak -are filologia- ikusteko modu bat da hori, letretako jendeak duenetik arras bestelakoa dena, nik uste. > > - **Koldo Mitxelena maisu handiak esana da aspaldi eta Pello Salaburuk gogoratu digu orain gutxi Euskararen Etxea liburuan hizkuntzalariek lehenagotik ongi zekiten zerbait: ez da munduan hizkuntza zahar edo berririk. Hizkuntzak modu batera ezagutzen ditugu, modu batera euskara eta modu batera erdara, guk bizi ditugun modura, eta eskura dugun egoera horrek beti badu aurretik hizkuntzaren beste egoera bat, berea euskarak, berea auzoko erdarek. Beste modu batera esanda: iturri zaharretik beti berritzen den ura bezalaxe da hizkuntza. Zure ustez euskararen ura nola dugu gaur egun? Iturburutik dator ala egunetik egunera auzoko iturriko uraren usain gero eta handiagoa hartzen diozu?** > > Inork gutxik egiten du duda, gurean, egunetik egunera, auzoko iturriko uraren usain gero eta handiagoa aditzen ahal dela. Dena dela, ez dut lantua jotzen hasi nahi, eta nahiago dut orain beste aldeari begiratu. Egia da, beti berritzen den ura bezalaxe da hizkuntza, eta gurean ere bada ur berritze jator bat: Mitxelenaren testuak berak, adibidez, euskara batuarentzat Puxkin-enak errusiera modernoarentzat gertatu zirenaren kideko gertatzen direnak. Baina, beharrik, nire ustez, azken urteotako Lertxundik, Izagirrek, Elexpuruk, Epaltzak eta beste hainbatek ere nork bere ur berri jatorra ekarri diote hizkuntzari, eta hori ere kontuan edukitzekoa da. > > - **Gaixotasun batzuk besteak baino arriskutsuago diren bezalaxe, esparru batzuetako ahuleziak ere kaltegarriago dira edozein hizkuntzarentzat. Hiztun euskaldunek ajerik handienak non dituzte gaur egun? (joskeran, lexikoan, komunikazio gaitasunean...)** > > Ni gehien kezkatzen nauena askoren ahoari darion euskara ortopedikoa da, gauzarik normalena era normal eta naturalean ezin esan hori. > > - **Euskaraz pentsatutako euskara gero eta urriago da eta erdaraz pentsatutako euskara, berriz, gero eta ugariago. Ados al zaude baieztapen horrekin? Eta zein aterabide dugu?** > > Bai. Aterabidea zein den jakingo banu... > > - **Euskara idatziarekin ez al zaigu azal gogorreko intxaurrarekin bezalaxe gertatzen ari, alegia, azalak ez digula mamira iristen uzten?** > > Hala da, eta gainera gauzarik larriena da, hori, batez ere, eskola liburuetan gertatzen dela, nik uste. Nire bi semeak ikastolan -ikastola publikoan- ari dira, eta, egia esan, hainbat testu nik neuk ere lanak ditut aisa ulertzeko. Hor, etorkizuneko euskaldunak euskara idatziarekin duten lehen kontaktu horretan, egin behar litzateke ahalegin handiena, eta, arrazoi komertzialak eta bestelakoak medio, hor gertatzen eta egiten ari gara zabarkeria handienak. > > - **Gaur egungo gizarteak terminologia berriko hitzak egunetik egunera behar ditu eta euskarak, gaur-gaurkoz, behar horri sortu ahala ongi eta garaiz erantzuteko gaitasunik ez du. Nola egin aurre hutsune horri? Zein da gaur egun arlo honetan euskarak duen benetako egoera?** > > Lehenik eta behin, terminologiarena ez da inondik ere euskarak duen arazo larriena. Lehen "dibisio hau gaizki atera zait" esaten genuen, orain "tengo mal esta zatiketa" esaten dute ondoko belaunaldikoek. Atera kontuak zer irabazi dugun eta zer galdu. Nik, hitzaldietan eta, gauza bat ikusi dut argi: oro har, eta salbuespenak salbuespen, terminologiaren beharraz sutsuen mintzatzen direnak euskara okerren egiten dutenak izaten direla. Badago hor gure buruen engainagarri bat. Horrekin ez dut esan nahi terminologia kontuetan arazorik ez dugunik. > > Arlo horretako egoera, nik uste, ez da beste hainbat arlotakoa baino okerragoa, eta hortaz, bego horretan erantzuna. > > - **Gaur egungo informazio gizartearen lastertasunak lexiko sorkuntzan ere lastertasuna eskatzen du. Kazetari euskaldunak nola ikusten dituzu eginkizun horretan?** > > Ez beste hainbat alorretako idazleak baina okerrago. Hor, bestetan bezala, badaude onak eta ez hain onak. Ezinbestekoa da, puntu honetan Egunkariak egin duen lan eskerga aipatzea. Eta bide batez, Egunkariari egin zaion bidegabekeria itzela salatu denean, uste dut ez dela behar adina ikusarazi Egunkariarena izan dela, komunikabide euskaran, eredu txukunena, landuena eta koherenteena. Nik XX. mendearen hasieran Katalunian L'Avenç aldizkariak hizkuntzaren normaltze bidean egin zuen lan erabakigarriarekin konparatzen dut Egunkariarena. Horregatik da galera bi aldiz larria. > > - **Hizkuntzaren goi mailetan orain ehun urte baino hobetoxe gaude baina ez al zaizu iruditzen behe mailetan okerrago gaudela? Alegia, hizkuntza bat ez da galtzen interneten eta unibertsitatean ez dagoelako, baizik eta guraso eta seme-alaben arteko transmisioak han-hemenka huts egiten duelako edota behar bezalakoa ez delako.** > > Behe mailetan okerrago gaude, zalantzarik gabe. Are gehiago, hor gaude okerren agian. Uste dut kanpaina bat abiatu behar litzatekeela gurasoei ikusarazteko euskal eskolak ez duela inondik ere ordezkatzen aita-amen eta seme-alaben arteko transmisio hori, bi hizkuntza mota diferente direla etxekoa eta eskolakoa. Eta inportanteagoa dela etxeko erregistro hori, umearen bizipen hurbilenekin lotuagoa dagoelako; azken batean, toki askotan, ikastolak ez du hizkuntza formal aski bizigabe bat besterik transmititzen, umeei benetan axola zaizkien hizkera motetarako hotz eta motz gertatzen den erregistro bat. Nola ez dira, bada, erdarara pasako, benetan axola zaiena adierazi behar dutenean? > > - **Berrikitan Pello Salaburuk argitaratu duen Euskararen Etxea liburuaren aurkezpenean izan zinen. Liburu horretan Pello Salaburuk azken urteotan euskarari sortu zaizkion hainbat gaitz eta isilgordean ditugun hainbat eritasun plazaratu ditu. Zu ere iritzi berekoa al zara? Alegia, gaitzak eta eritasunak larritu eta gaiztotu besterik ez direla egiten isilpean?** > > Iritzi bertsukoa naiz, bai. > > - **Beroaldi batean hitzetik hortzera esaten diren gauzak argitasun premian aurkitzen dira maizenik. Nik ez dakit Euskararen Etxea liburuaren aurkezpenean dirulaguntzetatik bizi direnez eta Euskal Herrian Euskaraz taldeari buruz esan zenituenak beroaldi baten ondorio izan ote ziren. Han esandakoak berrituko al zenituzke ala beude hartantxe orduko esanak?** > > Euskararen Etxea liburuaren aurkezpenean ez nintzen dirulaguntzetatik bizi direnez mintzatu, ez zen behintzat hori nire asmoa; hizkuntza guztietan dago jendea dirulaguntzetatik bizi dena, eta hala behar du. OEH bera dirulaguntzetatik bizi da, noski. Dirulaguntzen ingeniaritzaz mintzatu nintzen, hots, dirulaguntzak euskararen beharrak ez baizik beren beharrak betetzeko erabiltzen dituztenez. Hor ere Salabururen iritzi bertsukoa naiz, inongo beroaldirik gabe. > > Euskal Herrian Euskaraz-i buruzkoak zailagoak dira agian azaltzen. Niretzat "euskaltzale" eta "euskaldun praktikante" sinonimo-sinonimoak dira. Eta bi euskaltzale mota daude: hizkuntzaz kanpoko ideologia baten mendeko eta morroi direnak, eta euskaldun praktikante "hutsak" direnak, hots bere ideologia edo iritzi politikoak euskaltzaletasunaren mende jartzen dituztenak. Eman dezagun ezker abertzalea esaten zaion mundu hori. Hor badaude euskaltzale hutsak, baina badaude, orobat, euskaltzale "morroiak", edo, inor mindu ez dadin, "organikoak" deituko ditudanak. Kontua da gure gizartean "euskaltzale organiko" horiek besteak baino "hobetzat" hartzen direla, "gauza guztien gainetik" abertzalea izateak plus bat erantsiko balio bezala euskaltzaletasunari. Nik, berriz, erabat kontrako iritzia dut, eta ikusarazi nahi nuen aurkezpen hartan euskaltzale organikoak, bestelako estrategien mende jartzen direnez, ez direla, azken batean, euskaltzale erabat fidagarriak. Eta Euskal Herrian Euskaraz taldekoak euskaltzale organikoak dira bete-betean, nik uste. Ez da uste soila, froga daitekeen zerbait baino, nahiz ez den hau horrelakoetan hasteko lekua. > > Zeharkako adibide batek argitu dezake nire ikuspuntua: Egunkariaren ixte bidegabearen ondoan gertatuak. Itxieraren ondorioz 15.000 aleetatik 60.000 aleetara pasa zen Egunkaria. Hainbat jende erabat poztu zen kontu horrekin. Ni ez hainbeste, zeren gure egoeraren miseriaren alde bat nabarmen agertu baitzuen: gainerako 45.000 horiek ez direla euskaltzaleak -ezta euskaltzale organikoak ere- eta gauzak normaltzen direnean jai dugula euskaltzaleok horiengan bermatu nahi badugu. Hots, 15.000 aleko egoerara itzuli beharko dugu: horra zer eskaintzen digun, azken batean, "gauza guztien gaineko" abertzaletasunak. Orobat esango nuke manifestazioko jendetzaz: alde batetik pozgarria da, baina "Salbazio Armada" horrek bere mugak ditu, muga hertsiak, eta bakartasun gorrian utziko gaitu euskaltzaleok eraso bidegabea pasatzen denean, dudarik ez izan horretan. Eta bukatzeko, "Salbazio Armada" horren barruan Ramon Etxezarreta euskaltzale petoa manifestazioa uztera behartu zuten kideak nire aurkariak dira euskaltzaletasunaren aldetik. Are gehiago, euskaltzaletasunaren aurkari objektiboak direla uste dut.
Galdera garrantzitsua, spammerren kontra
Zenbat dira hiru gehi lau? (zenbakiz idatzi)
Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com