|
Presaka eta arnasestuka idatzitako artikulua da oraingo hau. Nahiago nukeen bestela izan balitz, denboraz eta soseguz prestatzeko aukera izan banu alegia, hori eta gehiago ere merezi baitu gai honek hemen eta orain. Nahi izatea ez da, ordea, aski. Bihotzez eskertzen dut handik eta hemendik egiten zaidan hainbat gonbite eta eskabide prestu, gai honetaz dakidantxoa azal dezadan. Saiatu ere saiatzen naiz, dezakedan neurrian, gonbiteei erantzuten. Beti ez da erraz izaten, ordea: ez gonbiteari baietza ematea eta ez, batez ere, agindutako lana garaiz eta txukun aurkeztea. Gauzak borobildu gabe uztearen damuak, halakoetan, zinez nahigabetzen nau. Urtean lauzpabost txosten prestatu eta jendaurrean azaltzeak bere lana du, ordea. Unibertsitatean edo ikerketa-guneren batean lan egiten ez dugunontzat are gehiago. Hori ere, hala uste dut nik behintzat, gure egoeraren muga-baldintzen eta egiturazko ahuldadeen ezaugarri nabarmena da: aski aurrekontu zabalak eskueran dituen herri honek ez dauka kontu hauei zientzi arauz eta berariaz erreparatuko dien azterketa-instantziarik. Euskalgintzaren lehentasunak zehazteko aukera eta eginbidea dutenek badute nire ustez, gabezia hori dela-eta, zer pentsa eta zer erabaki. Askok besterik uste izan arren egia osoa baita, orain ere, Kurt Lewis-en esaera hura: “There is nothing as practical as a good theory” (1). Erantzunkizuna eta aukerabidea ez da, ordea, agintari-jendearena bakarrik. Euskaltzale gehienon (eta, horrenbestez, gure herri-izatearen) ezaugarri nabarmena ere badela esango nuke, gehiegizko atrebentzia ez bada, gogoeta-lanari hain dedikazio ahula eskaintzea: askozaz emanagoak gara gehienok euskararen aldeko ekimen bizian murgiltzera (nola edo hala, baina zerbait, egitera) hain funtsezkoa dugun arazoari gogoeta-lan jarraituaz irtenbide arrazoizkoak bilatzen saiatzera baino (2).
Bego hori horretan, oraingoz, eta natorren harira. Jardunaldi hauen prestatzaileak, Ikastolen Elkarteak, izenburu eta gai-eduki arteza eskaini zidan orain dela zenbait hilabete, gaurko txosten honetarako: “hizkuntza gutxituen berreskurapenerako hurbilpen teorikoak”. Eskabidearen izenburua zertxobait aldatuarren bere osoan eutsi nahi diot edukiari: ahuldutako hizkuntzak indarberritzeaz zer dio mundu zabaleko teoriak? Esan dezadan, gerora gabe, zientzi adar berria, landu-arina eta paradigma finkoen aldetik urri samarra dela oraindik, zoritxarrez, ahuldutako hizkuntzak indarberritzeaz diharduen jakintza-alorra. Azken hamar urtean bultzakada berria izan badu ere (ikus txosten-amaierako bibliografia), urrun dago oraindik zientzia establezitu gehienen lanketa -eta egituratze- maila sendotik. Ez da harritzekoa, horregatik, bere baitako formulazio eta hurbilbide teorikoak ere aukeran gutxitxo, gordin samarrak eta predikzio-indar mugatukoak izatea gaur-gaurkoz.
Language planning edo hizkuntz plangintza dugu itxuraz, azken 35 urteotan, gai honetaz kezkatu diren jakitunen artean gehientsuen erabili den izendapena (3). Ez bakarra, ordea: hizkuntz normalkuntza eta hizkuntz berreskurapena (lehenengoa batez ere) oso ezagunak dira gure artean. Azken hamar urte honetan, bestalde, mundu zabalean askotxo hedatu da RLS edo Reversing Language Shift esamoldea, zenbaitek hizkuntza indarberritzea (HINBE) (4) deitu ohi duguna. RLS horren pare-parekoa den language revitalization (hizkuntza biziberritzea alegia) ugari zabaldurik dago, orobat, ingelesezko bibliografia ugarian. Lehendik aski ezagunak ditugu, era berean, language revival, reversal, regenesis, restoration, restabilization, survival eta development (5). Esanahiaz ez dira guztiak bat, ehuneko ehunean: parez pare erabili ohi dira, ordea, askotan. Plangintza-modu jakin bat dira, berez, indarberritze edo biziberritze-saioak: gainbehera datozen hizkuntza ahulekin egiten diren plangintza-moduak.
Izen bat eman edo beste, gauza bat dago hemen argi: hizkuntz plangintzaren teoria gehienek deskribapen kontuan hobeto funtzionatu dutela orain arte, iragarpen edo predikzio alorrean baino. Eta are okerrago gabiltzala, batez ere, preskripzio kontuan. Euskararen atzerakada, XVIII. mendetik honakoa batez ere, nola eta zergatik gertatu den azaltzea ez da hain lan erraza. Baina aztertzaile askotxo saiatu dira horretan eta, zenbait kasutan, aski informazio zabal, zehatz eta argigarria eskuratu digute. Deskribapen sinkronikoak ere, Sánchez Carrión “Txepetxek” orain dela hogeita hamar bat urte Nafarroako egoeraz egin zuena adibidez, ugaritzen ari zaizkigu eta aski adierazgarriak dira. Deskribapen aldetik badugu, hortaz, zer irakur eta zer ikas. Predikzio kontuan gutxitan egin izan dira, aldiz, antzeko saioak. Eta, egin direnean ere, gutxitan asmatu dute. Begien bistan (edo jakiniturri sendoz dokumentaturik) duguna deskribatzea errazagoa da, inola ere, bihar-etzi zer gertatuko den iragarri eta erdiz erdi asmatzea baino. Wilhelm Humboldtek orain dela 200 urte egindako iragarpenak berak ere, hain jakitun ospetsuak jaulkia izan arren, huts egin zuen nagusiki: gizarte-urak zihoazen bidetik zihoazelarik, 1900erako euskara galdurik izango omen zen erabat. Hori zioen Berlingo unibertsitatearen sortzaileak. Ehun urte ezezik berrehun ere pasa dira ordea eta, askotan pentsatu izan badugu ere iya guriak egin duela, bizirik gaude oraindik. Kultura general zabala eta hiztun-herri txikiarekiko maitasunezko nahikera ez dira aski izan, ez Humboldten kasuan eta ez gainerako gehienetan, prognosi zuzen-zehatzik egiteko. Zenbait kasutan, halere, predikzio edo iragarpen zuzen samarrak (nahiz eta, gehienetan, predikzio tristeak izan) egiten ikasiak gara. Euskarak Iparraldean jasatekoa zuen gainbeheraren zenbait ezaugarri geotopografiko begi argiz antzeman zuen Reclusek orain dela 140 urte inguru. Azken mende-laurdeneko language shift edo mintzaldatze larriaren iragarle zehatza gertatua da orobat, euskaltzaleon zoritxarrerako, Piarres Lafitte handia. Bere laburrean eta mugatuan ere ez da hain gutxi, astiro eta erne diharduen irakurlearentzat, predikzio alorretik ikas daitekeena. Benetako zuloa, hutsarte handia nolanahi ere, preskripzio alorrean daukagu. Gauza bat baita “hemen zer gertatu (edo gertatzen ari) da?” galderari erantzutea (deskripzioa), beste bat “martxa honetan jarraituz, hemen zer gertatu behar du?” galdezka datorrenari erantzun egokia ematea (predikzioa), eta bestea, oso bestea gero, “zer egin behar da, hemen eta orain, euskarak burua jaso dezan?” jakin nahi duenari konponbide egokia zehatz-mehatz azaltzea (preskripzioa). Azaltzea eta, batez ere, asmatzea. Mundu zabaleko hizkuntza ahulak indarberritzeko formulazio teorikoak ugarituz badoaz ere, aski formulazio apalak dira oraingoz. Deskripzio alorrean aurrera egin da dudarik gabe, eta predikzio alorrean aski konstruktu koherenteak sortu dira azken 50 urtean. Preskripzio-ahalmenari dagokionez, ordea, hizkuntz plangintza gehiena oso ahula da oraindik. Guk berriz horixe behar, justu-justu: norbaitek garbi esatea, behingoz, gure gaitza (hots, euskararen ezina) sendatzeko zer egin behar dugun. Zer egin behar dugun hemen eta orain, benetan ditugun baliabide mugatuak ditugularik eskueran.
Aitor dezagun, beraz, hasiera-hasieratik: mila aldiz hobeto esplikatzen dute orain arteko teori saio hauek hizkuntzak nola eta zergatik gaixotzen diren, nola senda daitezkeen (batez ere hemen eta orain nola senda ditzakegun) baino. Eragozpen larri hori eta guzti, ez da hutsaren hurrengoa XX. mendeko corpus teoriko horrek erakusten diguna. Bere muga-gabezia guztiekin ere, zinez merezi du mundu zabaleko lanketa-saio horiek arretaz irakurri eta aztertzea. Azterketa horri ekiten dionak, berriz, behaztopa-harri nabarmena izango du bide erdian, lehen pausoa ematen hasi orduko: soziolinguisten terminologia bereziaren bihurria! Erdi- eta goi-mailako ikasketak egin dituen pertsonak, nahiz ez izan hizkuntzalaria, ondo samar menderatzen du linguistikaren oinarri-oinarrizko terminologia: aditza eta deklinabide-atzizkia, a organikoa eta galdegaia zer den badaki, neurri batean behintzat. Bere bagaje kulturalaren zati dira hitz horiek, eta horien pareko beste hamaika. Eskolan (edo alfabetatzerakoan) aski zehatz erakutsi zaizkio, eta erabili ere egiten ditu aldian behin. Soziolinguistikazko kontzeptuekin eta izendapenekin ez da ordea, zoritxarrez, halakorik gertatzen. Galde egiozu aldameneko lankideari, diglosia zer den; esaiozu language shift edo mintzaldatzea lauzpabost lerrotan definitzeko. Euskara-erdaren alorreko dominance configuration edo nagusitasun-moldaeraz eska iezaiozu azalpen itxurazkorik. Mintzaera sorta edo verbal repertory delakoaz egiozu galde. Gramatikazko ezagutzen pareko bagaje kultural soziolinguistikorik ez duela, edo ondotxoz landu-arinagoa duela, ikusiko duzu gehienetan. Hizkuntzen gizarte-dimentsioaz eta bere inplikazio soziokulturalaz hitz egiterakoan, ordea, kontzeptu-marko egonkorrak eta izendapen-moldeak behar-beharrezkoak ditugu: deklinabide-atzizkia eta a organikoa bezain beharrezkoak. Hortik hasi beharko dugu, hortaz, axal-axaletik izango bada ere.
I. Definiozko hasi-masiak.
“Hasi dek hau, orain ere, zezenari adarretatik heldu ordez izkintxo egiten!”. Hala pentsatuko du agian, gaurko gaiari nondik heldu nahi diodan ikusita, zuetako batek baino gehiagok. Alferlana irudituko zaio halakori, definizio bidezko kontzeptu-lanketa hori: “ezer ondo baldin bazekiagu, horixe dek hain zuzen: zer dan ahuldadea eta zer indarra. Indarberritzea ere bistan zegok zer dan: flakeziak jota dagoena bere ahuldade horretatik ateratzea. Nahikoa eta sobra diagu dakigunetik abiatzearekin. Burua ez dezagun alferrikako hitz xelebreekin zorabiatu!”. Hori dena egia da, neurri batean; baina horrek bakarrik ez du balio. Hurbilpen teorikoa eskatu baitzaigu hemen, ez intuizio hutsezko deskribapen bitxia, nork bere ingurutik ongi ezagunak dituen gertaeren azalpen itxuroso bezain antzua (6). Deskripzio-ahalmenaz gainera predikzio-indarrik ere baduen eta, batez ere, preskripzio-elementurik eskain diezagukeen jakite-multzoaren bila gabiltza funtsean. Eta jakina: teoriaranzko hurbilpen-saio horretarako, nahi badugu eta ez badugu, kontzeptuak mugarriztatzen saiatu beharra daukagu. Bestela ez dugu gauza onik aterako. Ezin dugu eguna definizio perfektuaren bila galdu; gauden egoeran gaudelarik behin-behineko definizioekin konformatu beharko dugu oraingoz, hainbatean. Behin-behineko makuluez baliaturik ere behar-beharrezkoak ditugu, ordea, kontzeptu-argitze horiek. Ez gara makalak izaten, tabernako barran edo bazkalondoko mahai-inguruan, euskararen arazoa konpontzeko intentzioarekin beti ere, elkarren gainka eta elkarri apenas entzun gabe, “ba neri iruditzen zait”-ka hasten garenean. Gure gai kuttun, maiteenetakoa ere bada hori, izatez. Egundoko ilusioz, korajez beterik abiatu ohi gara, horrexegatik, “euskararen kontua konpontzeko” elkarrizketa, hitz-aspertu lasai edo diskusio bero horietan. Eta nola bukatzen dugu?. Hasieran baino hornituago jakitatez?. Elkarren lagunago bihotzez? Gehienetan, ez. Hori ez da, beraz, bidea. Ez bide zuzen eta egokia behintzat, hain inportantea omen dugun kontuari merezi lukeen trataera emateko. Intuiziozko jokabide horretatik aurrerago, eta hortik gora, jo beharra daukagu guztiok.
Inor gutxi saiatzen da, ordea, aurrerapauso eta sakontze-bide horretan barrena. Salbuespen jakinak alde batera utzita negargarria ere bada, alor honi dagokionez, nagusiturik daukagun axolagabetasuna. Egia da tradizio zientifiko handirik ez dagoela mundu zabalean indarberritze kontu hauetaz, nondik ikasia eta nola eskuratua erraz eskainiko digunik. Hori bezain egia da, ordea, nagitasun intelektual nabarmena ageri dela nagusi, ahuldutako hizkuntzen indarberritze-saioei dagokienean. Hori bera ere ez ote dugu, beste motibo estrukturalagoekin batera, hizkuntzaren soziologiak gure artean bizi duen egoera ahularen, askotan prezientifikoaren, iturburu eta seinale?. Eta nola aterako gara putzu-zulo horretatik, jakintza-alor hori etxekotu nahi genukeenok etxekotze-lan hori nola egin ez badakigu oso ondo, eta ongien jakin behar luketenek jakiteko gogo handirik ez badute? Dagoen bide bakarretik: mundu zabalean gai horretaz osatzen eta garatzen ari den jakitatea eskuratuz, ikasiz, hausnartuz, gainerako formulazioekin konparatuz eta, kontzeptu-argitze egokiaz, jendaurrean agertuz eta jasoko ditugun kritiken arabera zorroztuz, eguneratuz eta gure koordenatu soziokulturaletan egokiro txertatzen saiatuz. Nekez izan liteke hori guztia, inondik ere, pertsona edo lagun-taldetxo bakarrak, bere baitarik eta saio-kolpe batez, egin dezakeen lana (7). Are gutxiago, jakina, kontu horietan murgil egitera ausartzen garen apurrok teoriazko prestaeraz, esperientzia praktikoz edo alde bietarik behar bezain jantziak ez bagaude. Gure azalpenak osagabeak izango dira ezinbestean: kontzeptuzko integrazio-maila handirik gabeak hainbatean, eta eguneroko gizarte-bizitzak eskaintzen dizkigun gertaera eta emaitza konkretuekin nahi baino ezkongaitzagoak ere bai hainbatean. Hasten ez bagara ez dugu, ordea, inoiz biderik zabalduko. Nork geure mugak aitortuz has gaitezen, hortaz, dakiguntxo hori elkarri agertzen, jasoko ditugun kritika-oharrak hausnartzen eta, elkarren arrimuan, azterbide osatuagoa eskuratzen.
Atzerriko formulazioak dira, hortaz, oraingoan ikusiko ditugunak. Horrek ez du esan nahi etxean, lehen eta orain, teori izaerazko ezer onik landu ez denik. Inola ere ez dut hori uste nik: behin baino gehiagotan aitortua dut, aitzitik, gure aurrekoen esan-eginak behar bezala jaso, egituratu eta hausnartu gabe edukitzea zenbateraino dugun eragozpen larria. Asko baita, benetan, ahuldutako hizkuntza indarberritzeari buruz aurrekoen esan-egin haietatik ikas litekeena. Egia da ordea, edozein kasutan, kanpoko formulazio teorikoetara jo gabe nekez etxeko altxorra behar bezala ustiatu ahal izango dugula. Atzerriko formulazio teorikoekin daukagun eskasia ez da, gainera, informazio faltarena soilik. Hori bezain kaltegarria da, are okerrago ez bada, bigarren eskuko informazioaz lan egiteko daukagun joera. Atzerriko konstruktu teoriko horien iturburuetara jotzeko ohitura handirik ez dugu, hizkuntz soziologiaren alorrari dagokionez, gure artean. Diglosiaz jarduten dugunean, adibidez, diglosiaren bertsio eratorri eta aski markatu batez baliatu ohi gara lautatik hirutan: Valentzia aldeko soziolinguistikak orain dela 30 bat urte garaturiko bertsioaz. Hutsaldi larria da, nire ustez, iturburuak alde batera uzte horrekin egiten duguna.
Asmo horiek gogoan izanik prestatu da, beraz, honako txosten hau. Hoberik ezean has gaitezen, hortaz, itxuraz errazena dirudienetik. Zer da ahuldutako hizkuntza, zer da indarberritzea?
I. 1. Zer da ahuldutako hizkuntza?
Ahuldutako hizkuntza diogunean, egungo bibliografia tekniko ezagun eta pisuzkoenean endangered language edo threatened language esaten den hori azaldu nahi genuke. Galtzeko arriskuan dagoen, bere bizi-iraupena mehatxupean daukan hizkuntza. Belaunaldi batetik bestera atzeraka doan hizkuntza: gero eta hiztun gutxiago dituelako eta, hori aski ez balitz, hiztun horiek gero eta esparru edo funtzio gutxiagotan erabiltzen dutelako hizkuntza ahul hori. Hori da, funtsean, ahuldu horrekin azaldu nahi dena: hizkuntza atzeraka doala belaunez belaun eta, egungo joera nagusiari buelta ematen ez bazaio, galtzeko arrisku bizian dagoela. Euskaraz ez dago tradizio sendorik, kontzeptu horri termino zehatza atxikitzeko. Aukera posible bat besterik ez da, hortaz, ahuldutako hizkuntza delako hori. Fishmanek berak weakened language ere erabiltzen du han-hemen (cf. Fishman, 1991:345, 349), eta azken horren itzulpena gure gizarte-girorako egokiena ote den-edo iruditu izan zait. Arriskupeko edo mehatxupeko hizkuntza ere esan izan zaio inoiz, ingelesezkoaren itzulpen zuzenez. Alemanez ere, ingelesaren bidetik, bedrohte Sprache esan izan diote kontzeptu horri. Frantsesez aldiz ez dago, dakidalarik, hitzez hitzeko itzulpen zuzenik: langue moin repandue izan liteke bere ahaide hurbilena (cf. Lesser used language, gure eremu urriko hizkuntza), erabat uztarri bereko sinonimoa ez den arren. Espainolez (eta oro har, maileguz edo kalko zuzenez, Espainiako hizkuntza gehienetan) lengua minorizada izango da seguru asko kontzeptu hori azaltzeko esamolde ezagunena, nahiz eta bere jatorrizko esanahia eta egungo erabilera zabalena partez behintzat bestelakoa izan. Izendapen horiek guztiek badute bestalde, jakina, minority language (8), langue minoritaire, lengua minoritaria, Minderheitensprache, hizkuntza gutxitu edo minoritario delakoarekin harreman zuzena. Azterketa xumeago batek erraz antzemango lituzke ordea, mugarriak ezartzen hasi orduko, beraien arteko diferentziak eta gainezarmen selektiboak. Zortzigarren oin-oharreko bi definizio horien arabera, esate baterako, hizkuntza minoritarioak ez du, ezinbestean, ahulduta egon beharrik: ez, behintzat, ahuldu hitzari txosten honetan ematen zaion endangered, threatened esanahi zehatzaz. Praktikan hala gertatzen da, ordea, gero eta ugariago. Minoritario edo gutxiengozko izate horrek baditu gainera, bere baitan, bereizbide nabarmenak. Europa industrialduak azken 50 urtean, eta euskaldunok berrikitan, bizi izaten ari garen inmigrazio-fenomenoak aparteko trataera eskatuko du, dudarik gabe, gutxiengo edo minoria etnolinguistikoen oraindainoko izendapenei dagokienean: indigenous (Hirugarren Munduan sarriago aboriginal) minorities eta immigrant minorities artean bereizi beharra gertatuko zaigu, itxuraz, gero eta sarriago.
Kanpoko axala alde batera utzita gatozen ordea barruko mamira. Esanahiari dagokionez zer esan nahi du, konkretuki, threatened language delako horrek? Aurreko pasartean eskaini dugun lehen azalpen-saioaz aparte zer gehiago esan dezakegu, ahuldutako hizkuntza zer den adierazteko? Hiztun-elkarte baten ohiko hizkuntzak ezin diola bere buruari eutsi. Zer da ordea hiztun-elkartea? Etxean eta kalean, familian eta lagunartean hizkuntza jakin bat erabiltzen duen gizataldeari esaten diogu hemen, lehen hurbilketa moduan, hiztun-elkartea. Eguneroko bizia partez edo osoz euskaraz egiten dugun euskaldunok, hortaz, euskal hiztun-elkartea edo Basque language community, Basque speech community, baskische Sprachgemeinschaft osatzen dugu. Zer da, ordea, hiztun-elkarte batek “bere buruari ezin eutsi” izatea?: hiztun-elkarte horren mintzabeharrak (erabatekoak edota, gutxienez, eguneroko mintzajardun arruntari dagozkion L aldaerazko (9) hainbat adierazpide) ezin dituela bertako mintzairak bere baitarik ase, beste bat (normalean albo-hizkuntza nagusia, Fishmanek azken aldian Big Brother deitu ohi duena) ari baitzaio eguneroko jardun-esparru arrunt horiez jabetzen. Neke-ezintasun horren eraginez, hizkuntza horren giza arteko erabilera (eta, horren ondorioz, bere utilidadea) murriztuz doa belaunaldi batetik hurrengora. Hori adierazi nahi dugu, batez ere, endangered language, threatened language, bedrohte Sprache edo ahuldutako hizkuntza esaten dugunean. Demografiaz zein funtzionalki atzera doala hizkuntza: belaunaldi batetik hurrengora gero eta gutxiago direla hizkuntza horretaz baliatzen diren hiztunak eta, horrezaz gainera, hiztun-elkarteak bere baitan dituen erabilera-eremu, jardun-esparru, harreman-sare, rol-harreman eta situazio guztien artetik gero eta gutxiagotan erabiltzen dutela hiztun horiek beren jatorrizko hizkuntza. Gurera etorriz, erdaraz egite hori goi-mailako jardun-esparru jaso-formaletatik kalean eta lan-giroan nagusi izatera pasa dela eta, hori aski ez bailitzan, lagunartera eta are, zenbaitetan, etxe-girora ere sartzen ari zaigula. Eta jakina: hori guztia kontuan izanik, euskaldunok erdaldunekin (edo erdaldunik ere tartean duen solaskide-multzoarekin) jarduten dugula gero eta ugariago (erdaraz noski, “para que nos entendamos todos”). Eta, segun zertaz ari garen, gure artean ere erdaraz egitera jotzen dugula (10). Hori dela-eta, erdaldunek edo erdal-elebidunak gero eta behar txikiagoa nabari dutela, euskarak bere-bereak izan dituen jardun-esparru horietan bederen erdaraz ez jarduteko. Belaunez belauneko gainbehera bizian datorrela hizkuntza hori, horren guztiaren ondorioz, bai hiztun-kopuruaren aldetik eta bai bere funtzio-esparruen ikuspegitik.
Kontura gaitezen, nolanahi ere, ahuldutako hizkuntza diogunean ahuldutako hiztun-elkartea esaten ari garela funtsean. Desagertzeko edo galtzeko arriskuan dagoena, izan ere, hizkuntza horretaz baliatzen den hiztun-elkartea da. Zenbaitek esan dezake, hiztunak (eta hiztun-elkartea, beraz) ez direla galtzen. Euskaraz egitetik erdaraz egitera (oro har, X hizkuntzatik Y hizkuntzara) pasatu arren hor segitzen dutela hiztunek bizirik: hiztun horiek edo, denboraren harian, beren ondokoek. Ikuspegi itsua da, ordea, hori: jendeak han jarraituko du bizi izaten, baina beste zerbait izango da handik aurrerako gizatalde hori, ikuspegi etnolinguistikoaren eta, are, soziokulturalaren aldetik. Ez da batere harritzekoa, hortaz, Fishmanek berak threatened hori zer den azaltzerakoan language community edo speech community kontzeptura jo izana: ahuldutako hiztun-elkarteak honela definitu izan ditu berak: “speech communities whose native languages are threatened because their intergenerational continuity is proceeding negatively, with fewer and fewer users (speakers, readers, writers and even understanders) or uses every generation” (Fishman 1991: 1). Indarberritu nahi direnak ere, hortaz, hizkuntzak baino areago hiztun-elkarteak dira.
Ahultze-kontuak, beraz, osagai nagusi bi dituela ikusi dugu: demografikoa (gero eta hiztun gutxiago) eta funtzionala (gero eta funtzio-esparru gutxiagotara mugaturiko erabilera). Berdin inportanteak al dira biak, gainbehera demografikoa eta funtzionala? Bietan bat aukeratzekotan, ahuldutako hizkuntza desagertzeari dagokionez zein da erabakigarriena? Erantzunik errazena badakizu zein den: “Hori ezin da jakin, izaeraz eta neurpidez arras bereziak baitira faktore biak. Ezin da esan, beraz, bata bestea baino inportanteago denik”. Hala da hori, neurri on batean. Ikuspegi kuantitatibo batetik ezin dira, alegia, bata eta bestea konparatu. Hizkuntzak zergatik galtzen diren esplikatzen duten formulazio askotan, halaz ere, funtzio-esparruen ahultze- eta gesaltze-faktoreak demografiarenak baino pisu-indar biziagoa izan ohi du. Aurrerago ikusiko dugunez, HINBE edo RLS formulazioaren abiaburua bera funtzio-esparruetako mintzaldatze kontuan zentratzen da. Hiztun-kopurua faktore inportantea da beti, baina hizkuntzen bizibidean eragiten duten faktoreak asko dira. Gauza jakina da, bestalde, demolinguistika bera ez dagoela hiztun-kopuru hutsera mugatu beharrik: ondotxoz aberatsagoa (esanguratsuagoa eta adierazgarriagoa) da faktore hori, hiztun-kopuru hutsari hiztun horien isolamendu-neurria, beraien kontzentrazio-maila eta beraien distribuzio-banakera eransten zaienean. Feroe uharteko 50.000 biztanleak oso hiztun gutxi dira, kopuru hutsari dagokionez, bere baitako hiztun-herri osasuntsua eratzeko. Atlantikoaren erdi-erdian daude ordea, jira-buelta zabalean auzo-herri handirik gabe. Big Brotherik gabe, alegia. Feroetar guztiak aski isolaturik eta leku bakarrean kontzentraturik daude, eta leku horretan gehiengo zabala osatzen dute. Isolamendu fisikoa erabatekoa dute: XXI. mende birtual honetan izan litekeen bezain erabatekoa. Konpartimentazio espazial horrek, fisikoki isolatutako populazio trinkoa izate horrek alegia, ematen die feroetarrei, beste zenbait faktoreren laguntzaz, bere baitariko hiztun-elkarte aparta izaten jarraitzeko indarra eta aukera. Bistan da 50.000 lagun oso gutxi direla, Britainia Handian eta are Danimarkan barreiatuta. Aski den adinako kopurua osatzen dute, ordea, Atlantikoaren erdian. Alde horretatik, jakina, faktore funtzionala bezain esanguratsua, erabakigarriagoa ere bai, bihur daiteke demografia hutsa kontzentrazio eta distribuzio-tasaz osatzen duen irizpidea.
Norbaitek esango dit, eta ez du arrazoirik falta izango, gauza bat konpontzeko ondo asko zeuden beste lauzpabost estropeatu dizkiodala. Hor nonbait entenditzen zuen hitz bat esplikatzeko, nondik heldu ere ez daukan beste hitz-mordoa golkoratu diodala alegia. Ahuldutako hizkuntza teknikoki zer den argitzen hasi orduko, hori baino ilunagoko termino-mordo batekin erantzun diodala: hiztun-elkartea zer den ikasi behar izan duela lehenik eta, hori ikasi orduko, beste hainbat hitzarte bitxi plazaratu ditugula; zer da izan ere mintzajarduna, eta zer aldaera?; zer dira erabilera-eremuak, zer dira jardun-esparruak eta jardunguneak (alemanez Gebrauchsdomäne, ingelesez contexts edo domains of language use)? Zer dira harreman-sareak, rol-harremanak eta situazioak?; zer da, azkenik, (luze-zabaleko) miltzaldatzea, ing. language schift, al. Sprachverschiebung edo Sprachverlagerung, fr. transfert de langue, esp. desplazamiento lingüístico edo, katalanetik jasota, substitución lingüística famatua (11)?. Zer da, azkenik, hizkuntza jakin baten funtzio-esparrua?. Arrazoi du halakok, neurri batean, bere kexuarekin: “Soziolinguistikako azalpen horiek, eta horietaz diharduzuenok ere hor nonbait, ez dago erraza entenditzen. Alde ederreko garbitasuna zegoen lehen, hizkuntza kontuak denok entenditzeko moduan azaldu ohi genituenean: erdaraz ari zirenei erdaldunak esaten zitzaien, euskaraz egiten zutenei euskaldunak, eta euskaldunok bizi ginen herriari Euskal herria. Eta punto. Zertarako behar duzu gehiago?”.
Hala esanda bai: istorio polita da hori. Seguru al zaude, ordea, egia dela?. Seguru al zaude, hemen eta orain gauzak hori bezain sinple, argi eta zorrotz direla?. Atera ditzagun kontuak, bakoitza geure etxetik hasita. Guztiok ezagutzen ditugun adibideetara etorriz egin ditzagun bizpahiru galdera, otxan bezain xalo. Hasteko, hel diezaiogun erdaldun eta euskaldun dikotomia klasikoari. Euskalduna al da Indurain? Urteak eraman ditugu, ez ahaztu, inoizko euskal txirrindulari hoberena izan omen duguna aupatzen eta txalotzen. Zer esan nahi dugu, ordea, Indurain euskalduna (edota, gutxienez, euskal txirrindularia) dela diogunean? Jakin badakigu, Indurainek ez dakiela euskaraz: euskaraz egiten, behintzat, ez diogu inoiz entzun. Beraz? Nor den euskaldun, eta nor erdaldun, apenas egungo egunean bere eguneroko hizkerak (bakarrik) definitzen duen. Ez eguneroko mintzajardunak eta ez euskaraz (ere) jakiteak berak. Erdarazko vasco eta frantsesezko basque-ren sinonimo-edo bihurturik ditugu, halako neurri batean, gure euskal eta euskaldun: euskal filmoteka, euskal dantzak, euskal sindikatuak, Himalaiarako euskal espedizioa eta euskaldun makila. Eta ez gaur bakarrik: honetan edo hartan erdaraz jardute hutsak ez zituen lehen ere, hori eta horrenbestez, erdaldun bihurtzen gure aurrekoak. Euskalduna zen Larramendi, bere liburu guztiak (gramatikaren eta hiztegiaren esplikazioak (12) barne) erdaraz idatzi zituelarik ere. Larramendi euskalduna zela onartzen badugu, eta horretan ez dut uste kontrario handirik agertuko zaigunik, hasieran egindako atalbiko banaketa argi bezain xinple hura erro-errotik matizatzen hasi beharko dugu: erdaraz ari direnak (zirenak) ez dira (ez ziren), beti eta nonahi, erdaldun. Euskaldunok (euskaldun batzuek) aspaldidanik jardun izan dugu, egoera jakinetan, erdaraz. Euskaldun izatea eta euskaraz (euskara hutsean) jardutea gauza bera izango zen noizpait, dokumentu-oinarriko historiaren goizaldi-aurrean. Orduan ere ez ehuneko ehunean, agian; bai ordea gehiengo zabalean, nagusitasun argiz. Baina noizko kontuak dira horiek? Zuri-gorrizko ametsen gaindegietara ihes egiteko ez bada zertarako balio digu, egungo egunean, jatorrizko mosaiko etnolinguistiko lausogabearen irudipen horrek? Labur esanik: euskaldun izatea noraino da, hemen eta orain, glotonimo huts? Euskaldun izateak ez al du gurean, begien bistako eta arrazoi osozko glotonimo-izaeraz aparte, etnonimo-kutsu garbia eta, are, erreferente soziokultural zabal-globalaren adiera funtzional modernoa? Ahoa betean jarraitzen dugu ordea, are soziolinguistikazko ikuspegitik dihardugunean, euskaldun horrek euskaradun esan nahi duela azpimarratzen. Hizkuntzaren soziologiak, beste edozein jakintza-alorrek bezala, aparteko kuidadoaz bereizi behar ditu egungo gertaerak eta behinolako abiaburuak. Eguneroko esplikazio xinpleak motx gelditzen dira horregatik, sarri asko, funtsezko bereizketa horiek egin ahal izateko.
Eguneroko hizkera-molde lasaiari bere balio osoa aitorturik ere askotxo gara hortaz, ibiliaren poderioz eta hanka-sartze ugarien eskarmentuz, era horretako terminoen inplikazio soziokulturalak aintzakotzat hartzen ikasi dugunak. Euskaldun/erdaldun hitz-bikotearen jatorrizko dikotomia hura egungo gizartearen dimentsio linguistiko, etnokultural, soziohistoriko eta politiko-operatiboak azaltzerakoan gutxi-asko matizatzen hasi behar izan dugu, besteak beste. Neke horien ordainetan, hizkuntzaren eta haren uztarriko etnokulturaren soziologiak bere-bereak dituen hainbat izendapen, kontzeptu eta definizio bertatik bertara ezagutzen eta egoki erabiltzen ikasten ari gara. Gogoz ikasi beharrekoen zerrendan sartu zaigu, ezinbestean, dagoeneko bizpahiru aldiz aitatu dugun hiztun-elkartea, mintzaelkargoa (13) edo komunitate linguistikoa (14) deitzen duguna: hiztun guztien (gutxienik hizkuntza jakin horren barietate edo aldaera bat, egitez edo ulertzez, amankomunean duten hiztunen) multzoa, bibliografi iturrietako erdarez Sprachgemeinschaft, language community, speech community, comunidad lingüística esan ohi dena. Orobat ikasi beharko dugu community horren azpitaldeak bereizten, language edo speech group delakotik hasi eta, speech network-en barrena, diadic encounter-eko solaskidetza xumeeneraino. Argi ikusiko dugu, bide horretan barrena abiatu orduko, hizkuntz soziologiak aztergai dituen hiztun-taldeak (15) ez direla behin eta betiko konstruktu aldagaitzak, aldian aldiko analisi-motaren, ingurumeneko uste-sinesmen ongi errotuen eta soziokulturazko konbentzio nagusien araberako izendapen operatiboak baizik (16). Beste horrenbeste gertatuko zaigu erabilera-eremu, jardungune eta rol-harremanen konstruktuekin. Badakit ondo asko zer esango didazun: argitu baino gehiago ilundu egiten digula panorama, lehen begiratu batean behintzat, hainbat hitz eta hitzarte berrik. Egia da hori. Molestia horregatik ezin ditugu, ordea, izendapen teknikoak alde batera utzi. Behar-beharrezkoak dira goiko horiek, eta horien pareko beste hamaika, itxurazko hurbilpen-saio teorikorik egin nahi badugu. Ezinbesteko tresneria dira hizperri horiek guztiak, hizkuntzen (batez ere gurea bezalako ahuldade-puntura iritsita dauden hizkuntzen) gizarte-egoera, beren ezintasun-trabak eta bizirik ateratzeko aukerabideak itxura batean aztertu, eztabaidatu eta ulertu nahi baditugu.
Ahuldutako hizkuntzaz hitz egitean, belaunez belaun bizirik jarraitzeko eragozpen nabarmenak dituen hizkuntza batez ari garela esan dugu. Eta horra, bide batez, beste esapide berria non sortu dugun aurrekoa erabat argitu aurretik: belaunez belaun bizirik jarraitzea (17). Zer esan nahi du, hizkuntza batentzat, bizirik jarraitzeak? Eta zer, bereziki, belaunez belaun bizirik jarraitzeak? Zaude lasai oraingoan, ez natzaizu berriro ere definizio edo termino teknikoekin etorriko-eta. Hizkuntza bizia zer den ondotxo dakizu: jendeak etxean (umetan) ikasi eta bere hiztun-elkartean (familian, lagunartean, kalean, herrian, bere hizkuntza horretaz baliatzen den gizarte zabal osoan) erabiltzen duena. Horrexegatik esaten da, adibidez, latina ez dela gaur egun hizkuntza bizia: apaiz-jendeak erabiltzen du une jakinetan (gero eta bakanago); filologo erromanistek ere ikasia dute unibertsitatean. Baina etxetik ez du inork ikasten. Gaztetan ikasten dute latina, additional language edo gehigarrizko hizkuntza moduan, lanbide horietarako prestatzen ari direnek. Egon ez dago inon hiztun-talde zabalik, ume-umetatik hasi eta bere eguneroko mintzajardun arrunta latinez bideratzen duenik. Gurasoetatik seme-alabetara, ama-hizkuntza edo L1 moduan transmititzen den hizkuntza: horixe da hortaz hizkuntza bizia. Ama-hizkuntza izatearen ezaugarria erabat galdurik dutenak, aldiz, hizkuntza hilak dira: latina adibidez (18).
Gatozen gurera. Hizkuntza bizia al da euskara? Bai, hala da: zoaz bestela Markinara, Errezila edo Goizuetara, eta egin proba. Etxean ikasten dute bertako ume gehienek euskaraz, gurasoengandik eta anai-arrebengandik. Eguneroko jardunean ere, etxe-giroko eta lagunarte hurbileko esparru intimo horietan bereziki, euskaraz egiten dute hainbatean. Erabat bizirik al daukagu, hortaz, euskara? Oraintxe heldu diozu zezenari adarretatik: bizi guztiak ez baitaude, hurrik eman ere, bizitasun -edo osasun- maila berean. Bizi batzuk bizi-bizirik daude, besteak ez. Konparazio bidez argitu dezagun bizitasunaren gradazio hori. Lau osasun-mailatara mugatuz, zehaztu dezagun bizi-bizirik (vivante), bizirik baina zenbait ajerekin, makal baina bizirik eta, azkenik, hil ala biziko trantzean egotearen kontu hori, zehaztu litekeen neurrian. Erabateko langue vivante zer den azaltzeko ez dugu buruhauste handirik izango: horren adibide ugari ditugu Europan, inguruko eta are bertako hizkuntzetan. Adibide horietara, horietariko batera joko dugu hemen, erabat bizirik egote horrek zer esan nahi duen azaltzeko. Zoaz Logroñora, esate baterako, eta ikus ezazu bertako familia gehien-gehienetan (ehunetik 99tan, hor nonbait) zer gertatzen den. Demagun, izenak asmaturik, Ceniceroko Jose Luis Laguardiako Charorekin ezkondu zela orain dela hamabost bat urte eta Logroñon bizi direla. Demagun gaztelaniaz bakarrik (19) dakitela biek eta gaztelania erakutsi dietela seme-alabei, Sonia eta Robertori. Aitona-amonekin eta parkeko lagunekin, etxean eta kalean, eskolan eta autobusean, elizan eta harategian, zinean eta medikuarenean gaztelania besterik ez dute egiten neska-mutilek. Gaztelania da, bete-betean, seme-alaba horien hizkuntza bizia: beren ama-hizkuntza, beren etxeko hizkuntza, beren lehen hizkuntza (L1), etxetik kanpora ere hitzetik hortzera erabiltzen dutena eta, erabili ahala, osatzen eta zehazten, bereizten eta gozatzen ari direna. Beren mintzaira hori ez dute erdal ikastolako gaztelania, are gutxiago erdaltegikoa. Eskolara joan aurretik ondo baino hobeto dakite gaztelaniaz (20) batak zein besteak. Aski izango al dute Soniak eta Robertok gaztelaniarekin, beren bizi-denbora guztian?. Hori ezin da jakin, biziak mila buelta ematen baititu eta ingelesa gero eta beharrezkoagoa baita munduan. Bidali ere horrexegatik bidaltzen dituzte gurasoek udan, ondo kostata bidali ere, ingeles-barnetegi batera. Soniak irakasle izan nahi omen du gainera eta, akaso, Arabako Errioja aldean puesto bat lortzekotan euskara ere ikasi beharko omen du (hori geroko uzten dute, ordea, kontu horiek ez baitaude hain garbi).
Deskribapen xume horrek, formulazio abstraktuetara hegaldatu gabe ere, bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza gehienen hainbat ezaugarri eskaintzen dizkigu. Gure ikuspegitik (hots, ahuldutako hizkuntzen ikuspegitik) interesgarriena zera da: bertako hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipen-bide orbangabea. Aitona-amonek gaztelaniaz egiten dute egunero; berdin egiten dute gurasoek, Jose Luisek eta Charok; eta berdin egiten dute ilobek, Soniak eta Robertok. Horra hor hiru belaunaldiko katea, bizi-bizirik dauden hizkuntzetan (hiztun-taldeetan) indarbetean agertu ohi dena. Horixe da osasun-neurgailu segurua, hizkuntza ahulak belaunez belaun bizirik jarraitzea edo ez jarraitzea definitzen diguna ele biko hiztun-elkarteetan. Hiru belaunaldiko kate horixe da izan ere, gero esango dugunez, diglosiaren gutxienezko egonkortasun-muga definitzen duena. Aitona-amonetatik gurasoetara eta gurasoetatik seme-alabetara bete-betean transmititzea (21): horixe da, funtsean, hizkuntza bizien eta ahuldutako hizkuntzen arteko bereizgune nagusia. Belaunaldi batetik hurrengorako transmisio horren beteak adierazten du, beste mila datuk baino argiago, erabat bizirik dagoela gaztelania Logroñon. Eta non gertatzen da, nagusiki, belaunaldi batetik hurrengorako transmisio hori?: etxean, familian, hurbileko auzo-giroan, kale-bizitza zabalean. Hori da hizkuntzen belaunez belauneko transmisio-gune normal, natural, osasuntsua; hori da hizkuntza handien eta txikien jarraipen-oinarri nagusia. Hori da oinarri-oinarrizko puntua, hizkuntza ahulak osasun betekoetatik bereizten dituena. Ez da ezaugarri bakarra, ordea.
Beste zer motibok eramaten gaitu, belaunez belauneko jarraipen orbangabe horrezaz gainera, gaztelania Logroñon, eta Logroño bezalako ingurumen guztietan, indar betean dagoela esatera? Zergatik diogu erabat bizirik dagoela, inolako ahuldade-seinalerik ez duela gaztelaniak Logroñon? Motibo askorengatik esan dezakegu hori. Aski zehaztasun-maila diferenteko esplikazioak eman litezke erabateko bizitasun hori zeren eskutik datorren argudiatzeko: hainbat espezialistak, hartaraz gero, azalpen demolinguistikoak, faktore soziohistorikoak eta kulturalak, babes-oinarri instituzionala eta, oro har, bere status-adierazleak eskainiko lizkizuke seguruenik. Horiek guztiak hala izanik ere, begien bistanagoko gertaera xume batek adierazten digu garbi gaztelania, Logroñon, hain bizirik eta hain osasun onean zergatik dagoen: itzal egiten dion (are gutxiago mendean hartua duen) Big Brother edo auzo-hizkuntza lehiakide indartsurik parean ez duelako. Ingelesa, gehien-gehienera ere, additional language da Logroñon, egungo egunean, eta hori ere oso neurri mugatuan: ez, inola ere, Holandako edo Israelgo (Spolsky, 2001: 355) moduan. Terminologia teknikora hurbilduz, zera esan dezakegu: gaztelaniak, bere baitako aldaera-sortaz edo barietate-errepertorioaz, logroñoarren mintzajardun osoaren espazio soziofuntzional osoa estaltzen duela. Hor ez daudela H eta L hizkuntza bi (H hori ingelesa izanik, adibidez, eta L gaztelania), ez elkarren lehian eta ez osagarrizko funtzio-banakera egonkorrez konpartimentatuak. Logroñon ez dago funtsezko jardun-esparru edo harreman-sare bakarrik, gaztelaniarik gabe funtzionatzen duenik. Logroñoko gizarte-antolakeran, hizkuntza erabiltzeari dagokionez, ez dago alegia ez elebitasunik eta ez diglosiarik (22). Aldiz, Logroño ordez Puerto Rico hartuko bagenu aztergai, bestelako panorama izango genuke begien bistan. Han ere bizirik dago gaztelania, dudarik gabe: baina hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena ez dago han Logroñon bezain sano, indartsu eta seguru (23). Ingelesa ate joka daukate Puerto Ricon, eskolan eta telebistan ezezik kale-giroan ere. Additional language ezezik Big Brother moduko hizkuntza ere bihurtzen ari zaie ingelesa Puerto Ricon. Are gutxiago esan dezakegu, azkenik, gaztelania erabat bizirik dagoenik Estatu Batuetan. Ez han-hemengo hispano-talde historikoetan, eta ez Calvin Veltmanek (1983, 1988) hain zehatz aztertu dituen portorriqueño, chicano eta gainerako etorkin-taldeetan. Gaztelaniaren geroa ez dago segurtaturik, konkretuki, New Yorken bizi diren portorriqueño ugarien artean (24). Azken kasu honetan endangered language edo ahuldutako hizkuntza dugu, inolako dudarik gabe, Logroñon erabat (eta Puerto Ricon dezente) bizirik dagoen gaztelania.
Lehen ere zertxobait aipatu dugun bidetik, ondorio argia ateratzen lagundu behar liguke horrek. Osasun onean eta pattalean daudenak ez dira ezinbestean hizkuntzak oro har, hizkuntza horretaz baliatzen diren hiztun-elkarteak baino (25). Are gehiago: sarritan, hiztun-elkartea bere osoan hartu ordez han-hemengo hiztun-taldeak, jardun-esparruak edo harreman-sareak hartu behar izango ditugu kontuan, beren osasun-diagnostikoa egiterakoan (26). Jeneralizazio gehiegiaren gehiegiaz, izan ere, zehaztasun falta larrian eror gaitezke. Gatozen hortaz, berriro ere, etxeko adibide xumeetara: gauza bat da euskararen osasunaz hitz egitea oro har, eta beste bat euskararen benetako osasuna neurtzea Donibane Lohizunen, Ataunen, Lekunberrin, Lekeitioko ikastolan edota Hezkuntza Sailaren Lakuako egoitza nagusian. Bateko azalpenak ez digu, hainbatean, besterako balio izango. Are gutxiago erabateko jeneralizazioak egiteko. Euskararen batez besteko osasuna aztertu nahi duen Finlandiako soziolinguista batek ez luke emaitza onik aterako, huts-hutsik Donibane Lohizunera edo Tolosa aldeko Albizturrera etorriko balitz. Are gutxiago Donostiako euskararen osasun-egoera (esparru jaso-formal-modernizatuetakoa) aztertzeko orduan Avenidako bankuetxe baten eguneroko barne-dokumentazioa, Andia kaleko Hezkuntza Ordezkaritzan tramitatzen den espediente-sorta edo Ikastola Elkartearen egoitza nagusiko jarduna (hitzezkoa eta idatzizkoa) hartuko balu erreferentzia bakartzat. Leku-faktoreari dagokionez, izan ere, zera esango luke aztertzaile finlandiarrak: lehenengo kasuan (Donibane Lohizunen) euskara oso ahuldua, ia bere azkenetan antzematen duela. Bigarrenean (Albizturren), aldiz, orain ere osasun onekoa dagoela: aitona-amonetatik gurasoetara, eta hauetatik seme-alabetara, ia salbuespenik gabe transmititzen dela bertako hizkuntza. Donostiako esparru jaso-formal-modernizatuen gaineko diagnostiko funtzionala egiterakoan, era berean, gune batetik bestera alde handia dagoela ikusiko luke: Avenidako bankuetxean ia inork eta ia ezertarako erabiltzen ez duen hizkuntza hori neurri jakin batean bizirik dagoela Ordezkaritzan, eta neurri hori are ohargarriagoa dela Baldaondoko bulegoetan. Nola liteke, ordea, azkenetan dagoen inor osasun onekoa egotea? Zer mediku-klasek esan dezake horrelako itxuragabekeriarik? Horrelakorik ez du normalean, egia da, inolako medikuk esaten. Bai, ordea, beste honelako hainbat: “bihotzetik larri dabil Joxe Antonio; gainerakoan ez dabil, ordea, batere makal”. Guztiok dakiguna: norbait hiltzen denean bere organo jakinen bat izan ohi dela, ez bere organo guzti-guztiak batera, heriotza ekartzen diona. Pertsona bat hiltzen denean, edadez oso aurrera ez badoa behintzat, bere organo gehienak egoera onean edo on samarrean egon daitezke. Halaz ere gaixoa hil egiten da, organo jakin baten gaixotasuna edo zauria neurri batetik gorakoa denean. Nire izeba minbiziak eraman zuen, sasoi oneko zelarik artean, orain dela hamalau bat urte. Burua argi zeukan, eta azken hiru hilabeteak arte betiko umore onari eusten jakin zuen. Mugimenduz arin zegoen oso: hezurretako minik ez zuen. Alzheimerrik are gutxiago. Bihotza indarrean zeukan noski, eta horrek berak luzatu egin zizkion (medikuen esanetan) azken bi asteetako nahi eta ezinak. Bistatik ondo zebilen, eta biriketatik ere bai. Baina minbizia zuen urdailean, horixe zuen guztia. Eta badakizu: gaitz horri aurre egiten, partez bakarrik ikasi du oraingoz medikuntzak.
Zertara dator gaixotasun-kontuaren erretolika osoa?. Honako puntu honetara: gorputza bere osoan kolapsatu eta hiltzen bada ere azkenean, kolapso hori organo jakin baten (ez organo guztien) gaixotasunak (istripuen kasuan, zauriak) sortzen duela normalean. Beraz, gaixoa hilko ez bazaigu larri gaixotutako (zauritutako) organo konkretu hori sendatu behar dugu lehenik eta behin. Organo hori da, gerokoak geroko utziaz, bere onera ekarri behar duguna. Norbaitek auto-istripua izan badu karreteran, eta besotik odol-isurtze edo hemorragia handia ageri badu, torniketea egin behar diogu besagainean, berehala egin ere, odolustuta bertan hil ez dakigun. Hortik hasi behar da.
Era berean, hizkuntza (eta haren oinarri soziolinguistikoa izan ohi den hiztun-elkartea) bere osoan galtzen bada ere azken-azkenean, hizkuntza hori ez da kalean eta etxean, tabernan eta unibertsitatean, elizan eta epaitegian, berba-egikera arruntean eta goi-arnasak oraturiko poema jorietan, herriz herriko bertso-saioetan zein nazioarteko zinemaldian... batera ahultzen, desagertzen eta galtzen. Gaixorik dagoenean ere osasuntsuago egon ohi da funtzio-esparru batzuetan, besteetan baino. Xenpelarren garaiko Gipuzkoan (27), esate baterako, euskarak ez zuen ia inolako sarbiderik eskolan, prentsan eta administrazioan. Familia gehien-gehienetan, etxean eta are kalean, bizirik eta indartsu zegoen ordea hizkuntza. Orain, aldiz, idatzizko jardunean eta jardungune jaso-formaletan gutxi-asko aurrera egin duen arren aski ahuldurik ageri zaigu euskara (Gipuzkoako herri hazienetan eta hiriburuan bereziki) etxe-giroan eta lagunartean. Beste era batera esanik, eta barkatu berriro ere hitz teknikoak ekartzea, hizkuntza horren espazio soziofuntzional osoaren erabilera-esparru, jardungune eta harreman-sare guztiak ez dira gehienetan maila bereko larritasunez joak egoten. “Goi”-mailakoetan orain dela ehun urte baino hobetoxeago dago orain hizkuntza, baina behe-mailetan ondotxoz ahulduago.
Gaixotasun batzuk besteak baino arriskutsuago diren bezala, esparru batzuetako ahuldadeak ere kaltegarriago dira hizkuntzarentzat. Hots, hizkuntza horren espazio soziofuntzionala osatzen duten elementu guzti-guztiak ez dira, normalean, bere etnolinguistikazko bizitasunaren (28) neurri bereko galera-iturri. Indio navajoen hizkuntza azken hamar urte honetan galtzen ari bada (eta halaxe ari da, ikertzaile espezializatuen ustean (29)), bizi-galtze hori ez da ezinbestean gertatzen ari navajo-hizkuntza interneten gutxi erabiltzen delako, kimika organikoaren terminologia teknikoa finkatu gabe daukalako edo Arizonako estatu-administrazioaren bileretara (ia) inolako sarbiderik ez duelako. Bere eguneroko gizarte-bizitza arrunta azaldu, transmititu eta mamitzeko gaitasuna galtzen ari da navajoera: hori du bere gaitz nagusia. Hizkuntzaren erabilera-galtze hori perspektiba soziokultural zabalagoan txerta daiteke noski: soziokulturazko muga-hesi tradizionalei ezin eutsia dakarren bilakaera nagusian, alegia. Bere jatortasun etnokulturala modernotasun ekonoteknikoaz, demografikoaz eta sozioprofesionalaz egoki txertatzeko prozedura liskartsua, ahuldutako hiztun-herri gehienok hain barrutik ezagutzen eta hain oinazez bizi ohi dugun uztartze-saioa, kontrolpean gorde ezinik ari da navajo-herria. Bertako karretera-sarea ugaritu eta zabaltzeak (eta horrek dakarren dislokazio fisiko-demografikoak), navajo gehienek diru-sarbide arras mugatua izateak edota lanik gabe egoteak (eta horrek dakarren dislokazio sozialak) badu noski, horretan guztian, eragin zuzena. Ezinbesteko aldaketa soziokultural, demografiko eta ekonoteknikoak bere “betiko” hizkuntzaz bideratzeko gero eta ezintasun-traba nabarmenagoak dauzka navajo-herriak. Dislokazio horien eraginez gizarte berrian aurrera egin nahi duen navajo-hiztunak ingelesa ikasi beharra dauka, eta ingelesez jardun beharra: bai navajo-herriaz kanpokoekin diharduenean eta bai, gero eta sarriago, gainerako navajoekin jarduteko ere. Eguneroko harreman-sare arruntak, etxe-giroa eta lagunartea osatzen dutenak, ari da navajo-jendea galtzen: gazte-jendea bereziki, ingelesera pasatzen ari da. Belaunez belauneko jarraipen-katea eteten ari da (30). Eta horiek bai: dislokazio eta muga-eragozpen horiek bai dituela bere ahuldadearen iturri, bere garapen-bilakaera autosostenituaren eragozle eta, egungo egoerari buelta ematen ez bazaio, bere biziaren galgarri. Ez navajo-hizkuntzaren eta ez gainerakoen erabilera-esparru, harreman-sare, funtzio eta jardungune guztiak dira garrantzi berekoak, makal dagoen hizkuntzari bizirik eusten laguntzeko (31). Are gutxiago indar berria emateko, hizkuntza hori indarberritzeko. Inportantea da, beraz, hiztun-elkarte (edo, sarriagotan, hiztun-talde) baten ohiko rol-harreman desberdinen artean mintzaldaturik edo mintzaldatzeko arriskurik bizienean zeintzu dauden jakitea. Inportantea da ahuldutako hizkuntza hori une honetako bataila zein frentetan galtzen ari den jakitea: hortixe galduko baita hizkuntza osoa, eta horrenbestez hiztun-herria, ez interneten edo master-ikastaroetan flojo samar dabilelako.
(MIKEL ZALBIDE Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da)
Oin-oharrak:
(1) Aipamen zuzena in Fishman (1974:15)
(2) Egia osoa esango badugu, eta hala esan behar dugu noski, euskaltzaleon ekimen-zaletasun hori ez da gure kontua bakarrik. Gainerako hiztun-herri ahulduetan ere aski ezaguna da, aspalditxodanik, hizkuntzaren aldeko bihotz-berotasunak indarbetean bultzatu ohi duen jokamolde hori. Funtsean, badirudi ondoko irizpide honek garamatzala guztiok aktibismo-joera horretara: “let´s try everything we possibly can and perhaps something will work” (Fishman 1991: 1).
(3) Oker ez banago Einar Haugen norvegiar-amerikarra izan genuen, 1966an, izendapen hori ingelesezko mundu akademikoan lehenengoz zabaldu zuena. Ordukoak ditugu, izan ere, bere bi idazlan hauek:
a) “Linguistics and language planning” in Sociolinguistics, W. Bright (ed.)(The Hague: Mouton), 50-71
b) Language Conflict and Language Planning: The Case of Modern Norvegian (Cambridge: Harvard University Press)
Sortu-sortu, lehenxeago sortua zuen ordea language planning terminoa: itxura denez 1959an, honako txosten honen bidez: “Planning for a standard language in Norway”, Anthropological Linguistics 1 (3), 8-21 orr.
(4) Indarberritu edo indarberritze delako hori ez da, bestalde, txosten honetarako edo egungo soziolinguistikazko azalpenetarako berariaz sortu dugun hitza. Aitzitik: aspaldiko hitza da euskaraz (azalberritu, zaharberritu, biziberritu, ileberritu eta beste hainbaten moduan). Eta ez hori bakarrik: azken mende-erdi honetan bederen, soziolinguistikazko esanahi horretarakoxe erabili izan da. Ikus, besteak beste eta hurrenez hurren, Plazido Mujikaren eta Koldo Mitxelenaren azalpen jakinak (in OEH, IX, 356 or., indarberritu sarrera). Antzeko, oso antzeko, kontua esan liteke biziberritu, -tze hitzaz, erdal bibliografia teknikoan luze-zabal dabilen revitalization horren pare-parekoa iruditzen zaidanaz.
(5) 41. Oso kontuan hartu behar genituzke, azkenik, bibliografia teknikoan sarri agertzen diren kontzeptu aurkariok: language maintenance (preservation) eta language shift (loss).
(6) Antzua diogunean, ondo uler bedi: intuiziozko deskribapen-bide hori luze-zabaleko aplikazio-indarrik gabea, iragarmenik gabea edo oso iragarmen ahulekoa dela esan nahi dugu. Ez, jakina, gutako edonork begien aurrean ikusten duen gertaera jakinaz eskaintzen dugun deskribapen konkretua berez okerra denik.
(7) Mirestekoa ere bada, bihotzez eskertzekoa izateaz gainera, “Txepetx” batek gure artean, mende-laurden luzez, ia bakarka egindako bidea. Txosten hau ez da ordea, esandakoaren ildotik, bere azalpen horien sintesi-lekua.
(8) Minority language hori ere, beste hainbat bezala, ez dute espezialista guztiek esanahi berarekin erabiltzen. Ikus ditzagun honako bi adibideok, diogunaren frogagarri:
- “langue utilisé par un groupe qui est dans une position de hiérarchie sociale inférieure ou encore langue qui a un statut politique ou culturel inférieur à celui d´une autre langue de la communauté”. (Hamers eta Blanc, 1983: 454).
- By minority language I mean one with a relatively small number of speakers living within the domain of a more widely spoken language, whose knowledge is usually necessary for full participation in society (Romaine, 1994: 35).
(9) Kopuruz txikia izatea (bera baino zabal-handiago, eta kontestualki bertako(tu)a den besteren baten aldean txikia, berezko ezaugarri finkoa da minoria guztietan. Statuz sozialaz, kulturalaz eta politikoaz ezin da, aldiz, beti eta nonahi berdin balio (izan) duen ondoriorik atera: Hego Afrikako Boer direlakoak, edo hispanoamerikano (batez ere Ertamerikako minoria criolloak) ez dira normalean posizio sozial subordinatuko adibideak (cf. honetaz, besteak beste, E. Montaner in Bastardas eta Soler, 1988: 16-7). L eta H ikurrak, Fergusonen garaitik hasita, hizkuntza baten Low (behe) eta High (goi) barietateak edo aldaerak adierazteko erabili ohi dira maiz asko. Denborarekin alde batera utzi izan da, halaz ere, L eta H horiek hizkuntza beraren aldaera izan beharra: dominant eta dominated language delakotik hurbil dabil gaur egun, zenbait aldetatik, L eta H arteko zatibiketa hori. Izatez ez da, ordea, gauza bat eta bera.
(10) Gogora ezazu, adibidez, eguneroko gertaera xumea: erosi berria duen autoari asegurua egin dion zure adiskideak, bere etxeko (kale-giroko, eguneroko) euskaran ari delarik, halako batean eta mintzagaiak hartaraturik, code-switching delakoa egiten dizu: “erderaz esaten dan bezela, tiene mayor cobertura contra terceros y, además, te permite modular la franquicia a todo riesgo: o sea que azkenean hori hartu diat”.
(11) Kasu honetan arrazoi doble ere izan dezake kexugileak: hizkuntz ordezkapena hor geneukan lehendik, esanahi berberaz edo antzekoaz.
(12) Bateko zein besteko kriptoatalak salbu, jakina. Kriptoerabilera horrek berak garbi azaltzen digu, dena den, bai berak begiz jotako irakurle-sailaren zatibiketa eta bai hizkuntza bien arteko konpartimentazio soziala luze-zabaleko fenomenoa zela euskaldun ikasien artean.
(13) Erramun Bachoc-i jasoa diogu izendapen hau, aspaldi ez dela. Egunen batean zehatz azaldu nahi nituzkeen motiboengatik egokiago iruditzen zait, ordea, hiztun-elkartea.
(14) Kontura gaitezen hiztun-elkarteaz eman berri dugun definizio hori gorago, lehen hurbilketa gisa, eskainitakoa baino zabalagoa dela berez. Bestalde, ingelesezko azpì-terminoen euskal ordainei dagokionez ezinbestekoa gertatuko zaigu hiztun-elkarte zabalago hori azpimultzo txikiagoetan bereiztea. Honela, batetik hiztun guztien osotasun-multzoa (hiztun-elkartea edo, bere proiekzio etnoterritorialean, hiztun-herria) izango dugu, bestetik esparru fisikoaz edo soziofuntzionalaz nabarmentzen diren hiztun-taldeak eta azkenik, are maila mikrosoziologikoagora jaitsiz, euskarazko hiztun-sare mugatu, unean unekoak. Aztertu nahi dugunak, eta hartarako behar dugun kontzeptu-tresneriak, eramango gaitu halakoetan terminologia zehatzago horretaz baliatzera. Ez gaitezen, ordea, itsu-itsuan punta-mutur batetik bestera pasa: zenbait kontu argitzeko ez dago izan ere, gehienetan, ezer asmatu beharrik; hiztun-elkarte edo hiztun-talde modukorik erabili ordez gure talde-izaera eta hiztun-multzoa adierazteko ez dago eguneroko hizkera lasaian asmakizun horietara jo beharrik; aski dugu halakoetan, eta egokiago ere bai noski, lasai-lasai euskaldunak, euskaldun-jendea edo euskaldungoa esatea.
(15) Euskarazko termino hau, oker ez banago, M. J. Azurmendik eta Txillardegik erabili zuten lehenengo aldiz, orain dela hogei urte, UZEIren Hizkuntzalaritza hiztegian (407 or.). Testuingurutik ez dago argi, halere, egileek language community, language group edo, soil-soilik, speaker population adierazi nahi zuten. Bigarren esanguraz erabiltzen dut nik, azken urteotan, hiztun-talde terminoa. BAT aldizkarian ere antzeko esanahiaz erabilia ikusi berri dut.
(16) Hiztun-taldearen eta hiztun-elkarte osoaren arteko mugak, batez ere, ez dira beti-beti argiak izaten. Modernizatu aurreko gizataldeetan, bereziki, joera handia ageri izan da etnolinguistikazko gu izate hori aurrez aurreko edo esparru hurbileko harreman-sareetara mugatzeko. Benetako üskaldunak, üskaldun-üskaldunak nolabait esan, garai bateko xuberotarren ustean beraiek (eta beraiek bakarrik) ziren. Gainerakoak, mugaz haraindikoetan, manexak ziren itxuraz. Mugaz honakoak nola ikusten ote gintuzten?. Ikuspegi lokal, aurrez aurreko mintzajardunera mugatu hori ez da gainera, inola ere, Zuberoako kontu hutsa izan. Adibide ugari dago, han-hemen jasorik baina lanketa sistematikoaren zain, ikuspegi horren lekuko.
(17) Badakizu noski, belaun hitzak generación esan nahi duela euskaraz, aspaldidanik gainera, rodillaz gainera. Belaunez belauneko jarraipena, hortaz, intergenerational continuity dugu.
(18) Etxean ikasten ez den hizkuntza oro ez da ordea, inondik inora, hizkuntza hila. Hiztun-elkarte batean gaztetan, liburutik edo beste nolabait, ikasten den ingelesa, eta horren parekoak, umetatik ikasiak ez diren gizarteetan additional languages deitu ohi dira. Ingelesa ez da ordea, berez eta nonahi, additional language: ama-hizkuntza bizia da, inon bizirik bada, Britainia Handian, Irlandan, Estatu Batuetan eta beste zenbait eremutan. Horrezaz gainera, ez horren ordez, da ingelesa additional language edo gehigarrizko hizkuntza. Etxetik kanpora gehigarrizko hizkuntza moduan funtzionatzen duen ingelesari, eta horren antzeko beste zenbaiti, languages of wider communication (LWC) esaten zaie bibliografia teknikoan.
(19) Egia da bai Jose Luis eta bai, berrikitan, Charo ingelesa ikasten ibiliak direla. Ikasi duten ingeles-apurra postizoa dute ordea: additional languagera bidean doakeen lehen hurbilketa. Hitzetik hortzera ateratzen zaiena, ehunetik ehun, umetan ikasi zuten Erriojako gaztelania (telebista eta periodiko, publizitate eta novela bidez osatu-zabaldu-neutraldua) da.
(20) Ondo baino hobeto horrek, xeheago azterturik eta esan berri dugunaren ildotik, zeresan ugari emango liguke noski: amaren aldeko aitona-amonekin sarri izaten direnez, berdintsu zaie muy bien ordez mucho bien esatea, eta tres ordez tties. Ondo baino hobeto dakitena ez da gaztelania bere osoan, Logroño aldeko gaztelaniaren etxeko hizkuntz aldaera zabalduena baizik. Hizkuntza horren berorren errejistro-aldaera jaso-formalak ez dira oraindik, ez Sonia eta ez Roberto, osorik bereganatzen ari: eskolak eta, hartara iristen badira, unibertsitateak gehi jarduera-esparru jaso-formaletako harreman-sareak berak eskuratuko dizkiete, aparteko eragozpenik gabe, osagarrizko (eta prestijioz hornituagoko) aldaera jaso-formal horiek.
(21) “Bete-betean transmititze” horrek ez du esan nahi, jakina, belaunaldi batetik hurrengora inolako berrikuntzarik gertatzen ez denik hiztun-taldeetan. Zaude seguru Soniaren eta Robertoren gurasoek ez zutela umetan ikasi “qué guachi!” esaten, eta aitona-amonek are gutxiago “la problemática actual”-ka hitz egiten. Ezin da ahaztu, gainera, haurren portzentaje jakin batek (%10 inguruk) era bateko edo besteko mintzaira-arazoak (afasiaz eta gainerakoak) izan ohi dituela edozein hiztun-elkartetan. Bere berrikuntza eta mintzamenezko arazo guztiekin ere jarraipena da nagusi, zabal eta sakon, Logroñoko hiru belaunaldi horien mintzajardunean.
(22) Logroño elebitasunik eta diglosiarik gabeko eredura ekartzen dugunean, Fishmanen atal-zatitze laukoitzaz ari gara noski. Eta hor ere, esan bezala, matiz-ñabardura ohargarriak erantsi beharko genituzke. Hor bailegoke, alde batetik, H. Klossek endoglosia deitu zuen fenomenoa, Logroñon erabiltzen den gaztelaniak bere baitan dituen barietate-aldaeren errepertorio-bilduma jasotzen duena. Hor dago orobat, oso era llabur-mugatuan bada ere, ingelesa, additional language moduan, Logroñoko zenbait erabilera-esparrutan eskuratzen ari den presentzia.
(23) Horretaz informazio tekniko zehatza nahi duenak ikus beza, adibidez, Ramirez (2000). Ingelesak, pilipinoak eta espainolak Filipinetan bizi duten egoeraz, bestalde, Bonifacio Sibayan-en azalpen klasikoa aski hurbilpen argigarria genuke orain ere, hoberik ezean.
(24) New Yorkeko 900.000 portorriqueñoen egoera soziolinguistikoaz, batez ere, oso azalpen zehatzak daude eskueran. Ikus, besteak beste, Fishman et al (1971), Zentella (1997) eta Garcia et al (2001).
(25) Hizkuntza bat osasunez makal dabilela diogunean, funtsaren funtsean beste zerbait esaten ari gara: bere eguneroko mintzajardun arruntean hizkuntza horretaz baliatzen (baliatu izan) den gizatalde etnokultural jakina estu eta larri dabilela, bere autorregulazio soziokulturalari eutsi ahal izateko. Estu eta larri dabilela, konkretuki, inguruko soziokultura nagusi batek (Big Brother batek edo batzuk) aski mendean hartua du(t)elako eta bere ibilbide soziohistorikoan (tradizioa eta modernidadea etengabe uztartuz doazen bilakaera horretan) “bere bidetik” jarraitzeko arazoak dituela; bere ontziaren lemari eutsi ezinik ari dela. Hori guztia horrela izanik ere, normala eta arrazoizkoa da gizatalde etnokulturalen osasunaz hitz egin ordez kultura horien zati, adierazpide eta ikur diren hizkuntzez hitz egitea. Halaxe egingo dugu guk ere, erraztasunaren amorez, esanahiaz jabetzeko aparteko eragozpenik ez dagoen guztietan.
(26) Gaztelaniazko hiztun-elkartea aski osasun onean dago, bere (300 edo 400 milioi hiztunak) osoan hartuta. New Yorkeko edo Filipinetako hispanoen hiztun-taldeak, aldiz, ez.
(27) Gipuzkoa diogunean litekeena da gehiegitxo jeneralizatzen ari izatea. Bilintxen eta bere garaiko hainbat donostiarren euskaltasun biziak ez gintuzke panorama osoa sinplifikatzera eraman behar. Donostiako (eta, agian, Irungo) etxe-giroko eta kale-bizitza arrunteko erabilerari dagokionez, euskararen egoera atzeranzko bilakaera nabarian abiatua zen, dagoeneko. Ez, ordea, probintzian oro har.
(28) Etnolinguistikazko bizitasuna, testuinguru honetan, jatorrizko ethnolinguistic vitality ezagunaren euskal ordaina duzu (cf. Giles, Taylor eta Bourhis, 1977). Gurea bezalako hizkuntzen osasun-maila neurtzeko azken 25 urtean sortu diren ereduen artean berau izango dugu, Fishmanen formulazioez aparte, mundu zabalean ezagunena.
(29) Ikus, adibidez, T. Lee eta D. McLaughlin in Fishman, 2001: 23-43.
(30) Adin batetik gorakook (“hi ere hasi haiz, Mikel, zaharren moduan hitz egiten”) gogoan izango dugu bertako aurrezki-kutxa batek, orain dela hogeita bost urte, euskaltzale-jende punta-puntakoaz eratu zuela urte hartako egutegia eta, hilabete batean, Mitxelena ageri zela berak aukeraturiko esaldi labur batekin. Honela zioen esaldiak: katea ez da eten.
(31) Erabilera-esparru eta harreman-sare batzuk beste batzuk baino erabakiorrago dira, ahuldutako hizkuntzaren hil ala biziko kinka larri horretan, alde batera edo bestera eragiteko. Baieztapen hori ez da, berez, galbidean barrena linburturik dauden “hizkuntzatxo txiki-ahul horien” berariazko ezaugarri, munduko hizkuntza guzti-guztientzat berdin balio duen printzipioa baino. Berdin du beraz, alde horretatik, bizirik eusten lagundu nahi duguna Arizonako navajo-hizkuntza, New Yorkeko yiddish judeo-eslavo-germanikoa, Zelandaberriko maori polinesioa, Kanadako (zer esanik ez Estatu Batuetako) frantsesa, Belgikako flandriera, Suitzako italiera, Hego Tiroleko (Adigio Goiko) alemana edo Finlandiako suediera izan.
|