Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Konjokatu

Konjokatu

2003-04-15 / 07:04 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Duela hilabete batzuk fisikako eskuizkribu batean konjokatu izenondoa aurkitu nuen. Seko harritu nintzen, eta Elhuyar hiztegira jo nuen. Hantxe zegoen, bai euskara-gaztelania zatian, bai bestean, bina adibiderekin, "zenbaki konjokatua, número conjugado" eta "lotura konjokatua, enlace conjugado".

Hitza, nik uste, ez da gure artean barruti jakin batetik atera, eta garaiz gabiltza, agian, -nahiz harriturik ikusten dudan Xuxen-ek konjokatu didala onartzen- haren itxuragabekeria salatzeko. Izan ere conjugar-ek ez du zer ikusirik juego-ekin, yugo-rekin baizik, conjugare-tik baitator, eta ez, existitzen ez den *conjocari-tik. Hots, euskal parafrasia uztarkidetu edo izango litzateke -ez beza inork pentsa ordain hori proposatzen ari naizenik-, eta ez besterik.

Frantsesez conjugué da, espero zenez, eta ingelesez conjugate, espero zenez orobat; are alemanez, bada konjugiert, nahiz eta zugeordnet-ekin batera, antza.

Hortaz, ez genuke arazorik izan behar euskaraz konjugatu onartzeko, konjokatu sasikoa -hitz leunez mintzatzeko- baztertuz.

(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Re: Konjokatu
2003-04-30 / 16:36 / Antton Gurrutxaga - Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuak

Elhuyarren konturatuta gaude arazo horretaz, eta, gure ustez, Ibon Sarasolak arrazoia dauka: "konjugatu" behar luke. Zergatik dago orduan ("oraindik") gure hiztegietan? Guk dakigula, "konjokatu" hitza UZEIren Kimika Hiztegian agertu zen lehen aldiz (1980), eta, geroztik, Matematika, Fisika eta Kimikan erabili da batez ere. Gaur egun ere, "konjokatu" ageri da Euskalterm-eko hainbat terminotan. XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoan, "konjokatu" (12), "konjukatu" (4) eta "konjugatu" (5) hitzen agerraldiak "konjokatu" lema bakarrarekin erlazionatu dira. Horiek horrela, "konjokatu" utzi dugu gure hiztegietan (kontuan izan gu ezin garela arau-emaileak izan, eta horrelako aldaketak egiteko adostasuna lortzea komeni dela, edo arau-emaile denaren erabakia behar dela). Aldaketa egitearekin ados gaude, eta adostasun zabala dagoela jakinez gero, arazorik gabe hobetsiko genuke "konjugatu" gure hiztegietako sarrera nagusia izatea, eta "konjokatu". Ik. "konjugatu" egitea. De facto, adostasun horretara iristeko urratsak egiten hasiak gara. Izan ere, EHUrentzat egiten ari garen itzulpen batean agertu da arazo hori ("Kimika Fisikoa" liburuan, "complex conjugate" terminoan), eta "konjokatu"-ren ordez "konjugatu" erabiltzea erabaki genuen, orain dela hilabete edo, Juan Garziaren oniritziarekin. Harritu egin gaitu, beraz, Ibonek egin digun jendaurreko kritika zuzenak.

 
Argibideak
2003-04-30 / 16:46 / Patxi Saez Beloki erabili.com

Azpeitiko Euskara Patronatuak zera adierazi nahi du: Ibon Sarasolaren "Konjokatu" artikulua 2003ko apirilaren 15ean argitaratu badugu ere, Euskara Patronatuak 2003ko otsailaren hasieratik izan duela eskuartean, beraz argitaratu baino bi hilabete eta erdi lehenago. Era berean, Azpeitiko Euskara Patronatuak aditzera eman nahi du erabili.com-eko hiru sare-aldizkarietan (Iritzi-muinetik, Berri Berriak eta Galdezka-n) zer eta noiz argitaratzen den Azpeitiko Euskara Patronatuak soil-soilik erabakitzen duela.

Gure ustez eman beharreko argibideak dira, batez ere, Antton Gurrutxagaren erantzun-idazkiaren ondoren.


PATXI SAEZ BELOKI Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendaria

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com