![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2003-04-08 / 08:02
Euskara teknikoak dituen arazoetako bat, un punto cualquiera del círculo / un point quelconque du cercle bezalako esaldietako cualquiera / quelconque horren kidea bilatzea da.
Gehien erabiltzen dena zirkuluko edozein puntu bat da, nik uste, baina joskera hori ez du euskarak onartzen. Ez du onartzen, orobat, zirkuluko puntu edozein bat:OEHn dauden adibide gertuenekoak, ezartzu laborari edozoin (Jean Etxeparerena), beste janari edozeñekin (Agirre Asteasukoarena) eta kidekoak dira; baina argi dago horiek ezartzu edozoin laborari eta beste edozeñ janarirekin-en kide-kideak direla, eta ez izenondoak.
Ez beza inork pentsa zirkuluko edozein puntu-rekin kontuak konpontzen dituenik, ez baita gauza bera hizkuntza teknikoan; eta, dena dela, puntuak hiru badira zirkuluko edozein hiru puntu-rekin nahiz zirkuluko hiru edozein puntu-rekin edo zirkuluko hiru puntu edozein-ekin bezalakoak ez ditu euskal gramatikak onartzen.
Egia esan, urte askoan –ingeniaritza ikasten ari nintzenetik– ibili naiz, kontu honekin bueltaka. Orain, bitariko, askotariko, orotariko etab. aski normaltzat jotzen ditugunean, ordua da, agian, edozeinetariko proposatzeko cualquiera/quelconque horren kide. Niretzat bederen edozeinetariko-k saihesten ditu hobekien arazoak:zirkuluko edozeinetariko hiru puntu –edo nik bederen, kakofoniak eta perpausaren oreka direla medio, nahiago dudan zirkuluko hiru puntu edozeinetariko–, edozeinetariko puntu batetik... esaldiak txukun samarrak bederen badira eta ez dute gramatika etsai.
(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN
Alberto Agirre / 2003-04-08 / 09:43
Deus gutxi dakit euskal gramatikaz, ezin, beraz, iritzirik eman onartzen duenaz edo ez duenaz. Baina datu berriak ematea lagungarri izan daitekeelakoan, hona bat, ziur aski gutxi ezaguna:
1992an Segundo Jauregizuriak bere oroitzapenak argitaratu zituen, labur esanda, gudari ohi baten bizipenak. Jatorrizkoa gaztelaniaz idatzita, edizio elebidun batean agertu zen, itzultzailea Txomin Jakakortexarena apaiza zelarik. Eta horra axola digun datua: gaztelaniazko izenburua "Vivencias de un vasco cualquiera", honela agertzen da euskaraz: "Edozein euskaldun baten bizikerak".
Bai, niri ere bitxia eta deigarria egin zitzaidan "edozein ... baten" hori, hain zuzen ere euskal jatortasun garbienaren aldezle porrokatu baten luman... Ziur aski, horregatik gorde nuen gogoan.
Ez dakit aita Txomin autoritatetzat har daitekeen auzi honi dagokionetan, baina hizpidera ekarri nahi izan dut bere liburu hori, baita ere, irakurri berri dudalako Ramon Saizarbitoriaren "Asaba zaharren baratza" ipuina, eta bururatu zaidalako horren argitan errazkiago gureganatuko ditugula modakoak ez diren hainbat idazleren ekarpenak.
Hementxe duzue liburuaren erreferentzia osoa:
296, 351 orr. : arg. ; 24 cm Atari eta kontrajarritako testua espainieraz: Vivencias de un vasco cualquiera
Pello Salaburu / 2003-04-08 / 09:50
Badakit hizkera teknikoak bere bideak dituela. Eta pentsatzekoa da ingelesa gauza hauetan aski zehatza izango dela eta gainera aski hitz txikia eta sinplea izango duela holakoak adierazteko: any. Baina, bi galdera bururatzen zaizkit, kontu hauetaz dudan ezjakintasunean:
P. Salaburu
Andoni Sarriegi Eskisabel / 2003-04-08 / 14:54
Hainbat aldiz itzuli behar izan ditut horrelakoak eta une honetan ez nuke lepoa jarriko zer irtenbide erabili ditudan, baina une honetan bederen honako hau: "Zirkuluaren edozein puntu" edota "zirkuluko edozein puntu". Hartu zirkuluaren edozein puntu eta marraztu bertatik lerro zuzen bat ... (Un punto cualquiera = edozein puntu)
Ataunen adibidez, JO BAT EOZIN esaten dute, aukeratzeko garaian edozein hartzeko. JO (edo HARTU) BAT EDOZEIN alegia. Ez dakit esaldi bitxi moduan bakarrik balio duen ala zerbait gehiago ere baden. Horretaz baliatuta, " hartu zirkuluaren puntuetako (puntuetatik) bat edozein" esaterik izango genuke eta edozeinetariko baino askoz ere jatorragoa eta naturalagoa iruditzen zait. Baina ez dut uste "hartu zirkuluaren edozein puntu eta..." edo "hartu zirkuluaren puntuetako edozein eta ..." esaldiek ematen duten informazioa baino osoagoa eta hobea ematen duenik. BAT hori ez dugu hor derrigorrezkoa, EDOZEIN bera singularra da eta. Edozein, edozein da, baina izan litezkeen guztien artean bat, beti bakarra eta aldiko bat.
Nik horrela ikusten dut eta ez dut sumatzen EDOZEINETARIKOren beharrik.
Andoni Sarriegi Eskisabel
Javier Duoandikoetxea / 2003-04-11 / 17:58
Nik ere uste dut, Pello Salabururen moduan, "cualquiera" erabiltzea estilo kontua dela askotan -ez beti-, eta eman gabe ere berdin ulertzen dela esaldia. "Har dezagun zirkuluko puntu bat" diogunean, puntua edozein dela ulertzen dugu. Eta berdin baten ordez hiru puntu hartuta. Bat denean "har dezagun zirkuluko edozein puntu" ere onargarria iruditzen zait.
Dena dela, badaude zehaztasun gehiago behar duten kasuak. "Frogatu 0-z amaitzen den zenbaki bat 5-en multiploa dela" diogunean, argi dago zer esan nahi dugun? Zenbaki bakar baterako frogatzea aski da ala zenbaki guztietarako frogatu behar da? Esan dezadan bidenabar Hizkuntz Akademia guztiak alde izanda ere, "hartu 10, 0-z amaitzen da eta 5-en multiploa da" erantzuten duen ikasleak nekez lortuko duela irakasleak ontzat ematea.
Hizkera zientifikoak, arruntak bezala, itxurazko anbiguitateak onartzen ditu, erabiltzaileek ondo desberdintzen dutenean benetako esanahia. Hala ere, nago edozein estilo liburuk gauzak zehaztea gomendatuko lukeela eta "frogatu 0-z amaitzen den edozein zenbaki 5-en multiploa dela" edo "frogatu 0-z amaitzen diren zenbakiak (edo zenbaki guztiak) 5-en multiploak direla" hobetsiko lituzkeela. Eta ez forma hauek bakarrik; hor daude: "zein ere den 0-z amaitzen den...", "edozein delarik ere", eta abar. Aldiz, "frogatu 0-z amaitzen den zenbaki bat, edozein, 5-en multiploa dela" ez zait gauza bera egiten. Baterako bakarrik frogatu beharko balitz, "frogatu 0-z amaitzen den zenbakiren bat 5-en multiploa dela" eman dezakegu, esate baterako.
Ezezko esaldietara pasatuz gero argiago ikusten dut nik zehazteko beharra. Adibidez, 0-z amaitzen diren zenbaki guztiak ez dira 6-ren multiploak (batzuk badira, beste batzuk ez); nik ez nuke hori ulertuko gaztelaniaz "probar que un número (cualquiera) terminado en 0 no es múltiplo de 6" entzungo banu. Ez dugu hori esaten "probar que cualquier número terminado en 0 no es múltiplo de 6" botatzen dugunean, baina zuzena da "probar que no cualquier número terminado en 0 es múltiplo de 6"; beste aukera batzuk ere badaude: "existe algún", "no tiene por qué", "no todo", eta abar. Euskaraz, "frogatu 0-z amaitzen den zenbaki bat ez dela 6-ren multiploa" emateari ez deritzot egokia. Erraz asmatzen dira zalantzarik uzten ez duten modu zehatzak.
Ez dut nik ikusten "edozeinetariko" erabiltzearen beharra, baina gramatikaren etsai ez bada eta esanahia zuzen adierazteko balio badu, beste aukera bat izan daiteke idazlearentzat eta hizlariarentzat. Neurrian dago kontua, ez gara orain hasiko "cualquiera" ikusten dugun matematikako esaldi guztietan sartzen.
Xabier Mendiguren / 2003-05-19 / 13:13
Niri ere trakets samarra iruditu zait eta ez dut "edozeinetariko" horren beharrik sumatzen, hizkuntza normalean behintzat. Zientziak, Eliza amak bezala, baditu bere doktoreak... Eta eliza kontuak aipatu ditugunez, jainkoak ere huts egiten duela aldika, hara.
Xabier Mendiguren Elizegi
Juan Garzia Garmendia / 2003-05-28 / 11:15
Benetan beharrezkoa litzatekeen kasurako, eta uste dut badela halakorik ("puntu bat, edozein" eta "puntu jakin bat" bereizteko, esaterako, eta berdin pluralean, non berdin erabil baitaiteke, bidenabar esanda, "edozein" : "hiru puntu, edozein"), Ibonena eta erantzun interesgarriok irakurtzen ari nintzela, otu zait balegokeela beste aukera bat: "(hiru puntu) jakin" izenondoaren pareko zerbait erabiltzea, alegia, "edozeinetariko" aukeran behartu samar hori eta "edozein" arruntaren sintaxi-mugak aldi berean gainditu edo saihestuz: "(hiru puntu) (h)aliritziko".
Uste dut Ibonen proposamenaren izpiritua ondo gordetzen duela, nahiz eta bide lexikoago batetik jo. Semantikari dagokionez, badakit ez dela akaso peto-peto horixe "(h)aliritzi(ra)" esapidearen esanahia, baina uste dut zabalkuntza semantiko mila aldiz bortxatuagoak ere onartu izan ditugula lasai asko. Niri, behintzat, egokiagoa iruditzen zait, kasurako, "(hiru puntu) halabeharrezko" baino.
Juan Garzia Garmendia