|
Mozilla software pakete bat da:web nabigatzailea, posta bezeroa, helbide agenda, IRC bezeroa, eta HTML konposatzailea integratzen dituena. Linux-BSD, Windows eta Macintosh plataformetan dabil eta software librea da. (dohakoa da, libreki banatu daiteke, eta kodea ikusi zein moldatzeko eskubidea ematen du)
Nork darama Mozilla proiektua aurrera?
Nork darama Mozilla proiektua aurrera?
Netscape entrepresak bere Netscape Communicator 4.5 programaren kodea askatuz hasi zuen proiektua. Gaur egun Netscape entrepresako langileek zein munduan zehar zabaldutako bolondresek garatzen dute eta 93 hizkuntzatara itzulita edo itzultzeko bidean dago.
Mozilla Euskaraz Proiektua
Hizkuntzaren normalizaziorako oso beharrezkoa iruditzen zaigu egunero erabiltzen ditugun tresnak Euskaraz izatea. Mozilla aukeratzeko arrazoi ezberdinak izan ziren, alde batetik euskaratuko genuena Software librea izatea nahi genuen, soilik Software libreak bermatzen duelako egindako lana bidean ez galtzea (Microsoften produktuak euskaratu direnean ez bezala). Beste alde batetik publiko zabal batek gozatu zezakeen lana egin nahi genuen, eta Web nabigatzailea zein posta bezeroa gehienek erabiltzen ditugun aplikazioak dira, Mozilla gainera gaur egungo plataforma arrunt guztietan dabil.
Elhuyar eta Uzeik Eusko Jaurlaritzaren enkarguz Mandrake 8.2a euskaratu zutenean (EUSLinux proiektua) banaketaren parte zen Mozilla 0.9.7 euskaratu zuten.
Baina lan horrek ez zuen jarraipenik izan eta 2002ko urrian Zuhar Informatika Zerbitzuak gure gain hartu genuen Mozilla euskaratzearen lana aurrera eramateko ardura. Bolondres eta diru laguntzarik gabe.
Foroa
Mozilla itzultzeko proiektuaren koordinazioa Zuharrek eraman zuen hasiera batean, eta Mozilla 0.9.7tik Mozilla 1.1era migrazioa eta falta ziren testuen itzulpena Zuharrek egin zuen.
Baina horrek ez du esan nahi lan guztia Zuharrek egiten zuenik, itzulpenean egon daitezken akatsak, eta arazo teknikoak argitara ateratzeko jende askoren lana behar da, eta horretarako Zuharrek foro bat zabaldu zuen eta Mozillaren inguruko gai ezberdinak tratatzeko 7 eztabaida gune ireki ziren.
Proiektuarekiko atxikimendua hain zabala izan zen internauta euskaldunen artean non, azkenean, foro hark izaera propioa hartu eta Zuhar enpresatik askatu baitzen, gaur egungo librezale.org taldearen sorrera eraginez. Talde horretatik bideratu dira Mozilla Euskaraz proiektuaren azken mugimenduak, nabigatzailearen 1.4 bertsioaren euskaratzea eta mozilla.org komunitatearekiko kontaktuak barne.
Foroko kideak arazo teknikoei konponbideak bilatzen dizkiogu eta itzulpenari zuzenketa proposamenak egin. Gai baten inguruko proposamen ezberdinak daudenean galdeketa bat irekitzen da eta botazioz erabakitzen da. Modu honetan erabaki da adibidez, ePosta, lotura eta tresna erabiltzea e-posta, esteka eta atazaren ordez.
Zein da gaur egungo egoera?
2003ko abuztuaren 8az geroztik, Mozilla Euskaraz proiektuak azken kalitate kontrolak pasatu ondoren, izaera ofiziala lortu du mozilla.org-ren eskutik. Horri esker, hemendik aurrera librezale.org -ren webguneaz gain, mozilla.org-ren webean ere deskargatu ahal izango da nabigatzaile euskalduna.
Informazio sakonagoa, hemen: erabili.com-Berri Berriak
(OSOITZ ELKOROBARRUTIA -Mozilla Euskaraz Egitasmoaren koordinatzailea da eta Zuhar Informatika Zerbitzuak-eko kide)
|