![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Asier Ibaibarriaga / Informatika / 2003-04-11 / 08:20
Aspaldiko laguna dut nik Jon Esturo. Duela ia 21 urte, Soriako espetxean preso zegoela, Ataungo Maximo Aierbe lagunarekin batera, egundaino egin den euskarazko xake liburu bakarra egin zuen, “XAKE” izenez plazaratu zena.
Gutxi gorabehera 2000. urteko maiatza izan zen berarekin elkartu eta “XAKE” liburu zaharkitu hura, eguneratzeko ideia proposatu nionean.
Ideia ona iruditu zitzaion eta Ikastolen Elkarteko kideengana hurbildu ginen gure nahien berri ematera. Ideia ona iruditu zitzaien arren, erakargarriagoa iruditzen zitzaien ordenadorerako joku bat egitea. "Haurrek lehenik mugitzen ikasi beharra dute eta egun ordenagailuan ordu dexente ematen dituzte”. Hori zen mahai gainean jarri zuten erronka.
Maila pertsonalean oso pozik geratu gara egindako lanarekin. Lan txukuna, zaindua atera da eta jendeak ere harrera ona egin dio. Horrez gain, oinarri sendo bat eraiki dugula uste dugu. Euskaraz ez da sekula xakearen inguruan deus izan eta kontzeptu eta esamoldeez egin den itzulpenak ondorengo lanetan izango du garrantzia.
Hizkuntzaren ekarpena haundia izan da. Lau hizkuntzatan dagoen hiztegi bat gehitzen zaio jokoari. ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta euskaraz, xake munduan nazioarte mailan erabiltzen diren makina bat hitz aurkituko dituzu bertan. Ez dira erabaki errazak izan. Sarritan erdaratik zuzenean itzuli ordez, beste hizkuntzatan nola esaten den ere saiatu gara aztertzen.
Xakeak, gainontzeko kirolek bezala, bere hiztegi edo terminologia propioak dauzka. Xakezaleok taularen aurrean gerta litezkeen egoera ezberdinak “izendatu” egiten ditugu.
Orainarte halako edo honako izendapen hauek, beste hizkuntzetatik jaso ditugu: ahoz aho, aldizkari, egunkari eta abarretatik. Gure kasuan, erreferentzia betidanik gaztelerazko esamoldeak izan ditugu: Clavada, descubierta... ea.
Gabezia honez gain, xake partidako mugimenduak euskeraz nola jaso (partidaren idazketa) ere ez dugu jakin izan. Sarritan erdarazko izendapenak erabili izan ditugu edota euskaraz ere jaso nahi izan ditugunean, ez gara adostasun batera iritsi izan. Batzuk Dama-ri Andrea deitu izan diote, Alfila-ri Gudari beste batzuk... beraz batasun baten beharra ikusten genuen hasiera-hasieratik.
Hiztegiari dagokionez, erdarazko xake hiztegi osoa jasotzen duten hainbat liburu arakatu genituen eta horrez gain frantsesez eta ingelesez dauden beste zenbaitzu gehitu genizkien.
Zergatik hauek? Erabilienak direlako. Baliteke besteren batzuk ere izatea baina behintzat ahoz aho gehien darabiltzagunak hemen dira. Lau hizkuntzatan jasotzearen erabakia, alde batetik Iparraldeko ikastoletako haurrei begira ere egin genuen. Haiek frantsesa dute erreferentzia nagusi. Ingelesari dagokionez, hauxe da xake munduan nazioarteko hizkuntza. Liburu, legedi eta abarrak, hauxe darabilte.
Partidaren idazketari dagokionez, pieza bakoitzaren izendapena finkatu ondoren, mugimenduen ahosketa eta idazketa arautzeari ekin genion. Apurka-apurka hemen finkatutako arauak martxan jartzea da hurrengo pausoa.
Hemen jaso ditugunak ere, xake munduan gehien erabiltzen diren zeinuak dira. Informator deritzan agiri batetik jaso ditugu. Hauek dira Nazioarteko Xake Federazioak araututa dauzkan zeinuak.
Adibide garbia piezen harrapaketa nola esan erabakitzeko unean izan zen:
Gertatu zitzaigun beste adibide xelebre bat hauxe zen. Nola ahoskatu piezen mugimendu soilak, hau da harrapaketarik egiten ez zenean? Mugagabean ala mugatuan?
Erderaz ez da La torre esaten Torre... baizik. Dena den gure kasuan mugatua (NOR) jartzea erabaki zen, zuzenagoa zelako. Zein gaztelu zen mugatzen ez bazen ere, argi dago mugatua behar duela izan.
Beste adibide bat Erroke ala endroke hitza erabiltzeko orduan izan genuen eztabaida izan zen. Jon Esturo-ren iritziz jatorrizko hitza errokea zenez, hala geratu zen.
Halako erabaki gehiago ere badira, batzuk gure erabaki baina gehienak hizkuntza jakitunen erabaki izan ziren, gurekin batera eztabaidatu ostean.
Txikitatik hasi ginen xakean jokatzen gaztelania zela ikasteko eta izendatzeko hizkuntza bakarra. Jokoan erabiltzen genituen “hitz bereziak” beste hizkuntzetan ez genituen ezagutzen; apurka-apurka, beste hizkuntzetako kontzeptu guztiak, liburu eta kanpotarrei esker joan ginen ikasten, baina euskaraz, gure hizkuntzan, tutik ere ez genekien nola deitu zitezkeen hain ohikoak genituen terminoak: halaxe sentituta, euskaraz pentsatzeko beharra agertu zitzaigun, uste baikenuen hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko ikuspegi berezia zeukala eta agian euskal mentalitateaz jokoa garatzeko beste aukera bat izango genuela.
Horretan sinestuta eta barrutik aterata terminoak euskaratzeari ekin genion: 81eko Soria-ko “seminarioan” gertatu zen hau; ordutik hona Xake mundua asko aurreratu da internet-i esker eta orduan perretxiko xume bat zena gaur egun onddo zuri bat bihurtu dugu euskarazko terminologiari dagokionez.
Dokumentazio ugari erabili dugu eta jatorria ez jakin arren Pertsiatik datorkigun jokoa da:
Xake-taula, Laukia, Zutabea, Lerroa, Diagonala, hormirudia,..
Euskarazko xake taldeek aurrerantzean euskaraz mugimenduak nola idatzi eta ahoskatzen diren jakingo dute. Xake jokoa atera ondoren, Nazioarteko Xake Federazioaren legedi osoa ere euskaratu genuen eta halaxe hedatu dugu Euskal Herri osoko Federazio eta Klubetan barna.
Beraz etorkizunean, izango da aukera euskaraz ere xakean egiteko. Hala bedi.
Informazio sakonagoa, hemen: erabili.com- Berri Berriak
(ASIER IBAIBARRIAGA Xake aditua da)