|
Idoia Aretxabaleta Odeagarekin ados.
Idoia Aretxabaletak entzun du «Alkatea eta bere semea etorri dira» ez baina «Alkatea eta haren semea etorri dira» erabili behar ei dela.
Ni harekin ados, bigarrena da zuzena, eta hona zergatik.
Ontzat ematen badugu Iparraldeko araua, «bere» eta «beren/euren» erreflexiboak dira eta erabiltzekoak dira izenordainak (posesiboak) adierazten duen pertsona (jabea) NORK, NOR edo NORI denean.
«Alkatea eta haren semea etorri dira» perpausean, begiratu behar dugu ea nor den NOR kasua. Eta NOR «Alkatea eta semea» dira, hau da, «haiek biak». Jabea, aldiz, «hura» bakarrik da ("alkatea"), eta ez "haiek". Beraz, posesiboa ez da erreflexiboa. Eta zuzen da "Alkatea eta haren semea etorri dira".
Bistan da, kontua ez da singular edo plural izatea. Adibidez, "Gurasoak eta haien semea etorri dira" zuzen da, NOR kasuan "hiru" baitira eta jabeak bakarrik "bi" baitira.
Aldiz "AlkateA BERE semearekin etorri da", horko posesiboa erreflexiboa da, NOR alkatea delako eta alkate hori delako jabea. (Lehen artikuluan bezala, NOR atzizkia eta izenordain erreflexiboa hizki handiz doaz).
Modu berean "GurasoAK BEREN semearekin etorri dira".
Eta gurasoak alkatea eta haren emaztea baldin badira, esango dugu: "GurasoAK (alkateA eta haren senarrA) BEREN semearekin etorri dira".
"Alkatea eta haren semea etorri dira" eta "Alkatea bere semearekin etorri da" semantikoki antzekoak izan daitezke (non ez diren alkatea eta haren semea bakoitza bere autoan etorri, hori posible baita lehen perpausean).
Horregatik, beharbada, zaila egiten da perpaus bakoitzean izenordain desberdinak erabiltzea. Baina zer egingo diogu, holakoak dira gramatika kontuak. Eta gramatika egileek diotenez, "Alkatea eta bere semea etorri dira" esaten denean, funtsean "Alkatea eta beraren semea etorri dira" adierazten da, jakinda "beraren" izenordaina "haren" izenordainaren forma indartua dela (eta ez forma erreflexiboa).
(A. Arana)
|