Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Nola esango genuke "quitarreses"?

Joxe Begiristain / Hizkuntza / 2007-11-20 / 07:00


"Quitarreses" edo baita ere "Quitapiedras" deitu izan dioguna, tren guztiek aurrekaldean eramaten duten elurra kentzeko tresnaren ("Quitanieves") antzerakoa da.



Hau da, kamioiek aurrean duten tramankulu horrekin elurra bazterrera botatzen duten bezala, trenen bogieak (erruedak eta osatzen duten eta trenen kaxa edo kotxeak horien gainean eta horien bidez mugitzen diren "gurdiak" dira bogieak) antzeko babesle bat izaten dute bidearen bi aldeetara baztertzeko trenbidean topatu daitekeen edozer gauza (harriak, elurra... edota animaliak -hortik "res" edo abelburu hitza-) gurpilak beti ere karriletik atera ez daitezen helburuaz, noski.

"Tramankulu" edo babesle hau beraz, bidean topa dezakeen guztiaren "garbitzailea" da azken batean. Guk planoetan "harrikentzailea" erabili izan ohi dugu, baina gustatuko litzaidake zuek beste zerbait egokiagoa esango bazenidate.


(JOXE BEGIRISTAIN AIZPURUA CAF-eko euskara arduraduna da)


Erantzunak


Marratxoarekin

Xabier Andonegi Santamaria / 2007-11-20 / 08:00

Nik ongi ikusten dut egin duzuen hautua, baina harri-kentzailea jarriko nuke, marratxoarekin, hartara Hiztegi Batuan ez dagoen hitz berririk asmatu gabe.


Proposamen batzuk

Gorriti / 2007-11-20 / 08:04

Hemen dituzue, Joxe, beste zenbait proposamen:

Zeuk testuaren amaieran aipatzen duzun GARBITZAILEA izan daiteke beste aukera bat, edo BIDE-GARBITZAILEA, edo BIDE-GARBIGAILUA, -TZAILEA pewrtsonekin erabiltzen delako gehienbat.

Niri, odea, gehiago gustatzen zaizkit bestelako izenak, hitz bakarrekoak, eta bereziki gustatzen zaizkit IZEN+IZENONDO eran eraikitzen direnak. Esate baterako, argazkian ikusten dudanez, MUTUR bat jartzen zaio azken batean gurdi moduko horri. Beraz, MUTURZORROTZA izan daiteke aukera polita.

Dena den, ni baino aditu hobeak izango da sarean zehar. EIZIE elkartearen ITZUL posta-zerrendan horrelako galdera mordoa plazaratzen dituzte. Baietz han beste aukera piloa eskaini!


Baztergailua

Markel Lizasoain / 2007-11-20 / 08:36

Beste proposamen bat: baztergailua


Zehazki

Dionisio Amundarain / 2007-11-20 / 09:41

Kaixo, Joxe! Ibon Sarasolaren "Zehazki" hiztegira jo eta hauek ikusi dizkiat, "quita..." sarreretara joanik: elur-kentzeko(a), margo-kentzeko(a), esmalte-kentzeko(a). Ildo horri jarraiki, zer deritzok "traba-kentzeko(a)"ri edo "oztopo-kentzeko(a)"ri? Nik neuk lehenengoa nahiago. "Harri-kentzeko"(a) baino orokorragoa huke.


Traba-burdin

Gilen Mejuto / 2007-11-20 / 16:13

Nire proposamena:

traba-burdin.


Traba-kentzekoa

Nekane Agirre / 2007-11-22 / 11:19

Dionisio Amundarainek proposatutako "traba-kentzekoa" aukeratuko nuke neuk ere.


traba-kentzekoa

Eneritz Aranburu / 2007-11-28 / 09:21

Kaixo Joxe!!

Nik neuk be harrikentzaile edo harri-kentzekoa baino nahiago dot traba-kentzekoa, egokiagoa begitantzen jata.

Geroarte


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1194518177