 |
TeleCINCOn ala TeleBOSTen? |
 |
2007-11-12 / 07:00 / Roberto Alkarterri |
HIZKUNTZA |
|
Badakit foro honetan euskaldun jakintsuak zabiltzatela, eta, aukera hau baliatu nahirik, oraingoan galderatxo bat jarri nahi dizuet hizpide. Galdera erraz bezain zaila, erantzule adina erantzun izan baitezake, nork bere nabardurak eginda, noski. Baina ziur naiz den-denak mamitsuak eta estimatzekoak izango direla, horretan ez dut zalantzarik.
Kontua da, lehengo batean, lagun euskaldun-zahar bizkaitar batek, nik egin nuen komentario baten harira, zera esan zidala: "Ez da Telebosten esaten; guk beti esan izan dugu Telecincon". Nik Espainiako Tele-5en aditu nuen albiste bat aipatu nahi nuen eta, hara, berria plazaratzeko erabili nuen forma bilakatu zitzaigun albiste. Nola esan behar dugu, bada?
Aspaldidaniko lagun euskaldun-zahar honen iritziz, tradizioak pisu handia du erdarazko hedabideak aipatzean, eta, hortaz, jatorrizko bere horretan esan izan dira horrelakoak: Telecinco, Antenatres... Eta, horregatik, Telecincok eta Antenatresek, edo Telecincon eta Antenatresen deklinatu behar. Jatorriz zenbakia dute izenean, eta arazoa da zenbaki hori nola irakurri behar dugun euskaraz ari garenean. Nik, lagunak ez bezala, joera dut zenbakiok euskaraz irakurtzekoa, uste baitut zenbakiak unean uneko hizkuntzara moldatzen direla eta, gainera, halaxe behar duela izan. Beste gauza bat da, jakina, hizkiz osaturiko izen bereziak nola irakurri; esaterako, Cuatro, La Primera edo El País esaten baldin badugu. Horietan guztietan garbi dago erdaraz irakurri behar ditugula, hala baitute izena. Pertsona-izenekin gertatzen den bezala: Juan José Ibarretxe Juan José da, eta kito (nahiko itzulpen kaxkar pairatu behar ditugu bestela ere, Mihiluzeko zazpikiak kasu).
Orain ez urte asko, gogoan dut euskararen mundutxoan gabiltzanok egokitu beharra izan genuela eta, ordura arteko ETB-1ean (etebebatean) esan beharrean, ETB-1en (etebebaten) esaten hasi behar izan genuela; beste horrenbeste bigarren katearekin eta, ETB-2an (etebebian) barik, ETB-2n (etebebin) izango zen aurrerantzean (Euskaltzaindiak esanda, uste dut).
Nik azalpen horixe eman nion lagunari, baina beraren ustez, gauza da komunikabide euskaldunez ari garen ala bestelakoez. Orduan, nik argitu nion ETB-2 erdara hutsean dela eta, berak zioenaren arabera, etebedosen, etebedosek eta horrelakoak esan beharko genituzkeela. Ez zegoen ados, eta tematuta ibili zen berean beti erdaraz esan izan dituztela horrelakoak, eta telebost eta horrelakoak esatea oraingo euskaldun-berrion kontua dela, nonbait.
Dena dela, nik garbi ikusten dut belaunaldi-kontua ere izan daitekeela hau guztia. Lehengo euskaldunek, hizkuntzaz nahiz adinez zaharrak direnek, alegia, erdarazko erreferentzia asko dituzte euskaraz ari direnean ere. Eztei-bidaiatan Las Canariasetara joaten omen ziren lehen, eta orain, berriz, Kanarietara joan gaitezke, lehen bezain euskaldunak izanik ere. Garaian garaikoak, jakina.
Tira, horra hor ezbairako aukera. Zuek zer uste duzue?
(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara-irakaslea da)
- Erantzuteko sakatu HEMEN
- Orain arteko erantzunak ikusteko, berriz, sakatu HEMEN
|
Erantzun |
| |
 |
| Gaur gauean zer dago telecincon? |
 |
2007-11-12 / 09:05 / Nahia Zarzosa Aizpurua |
|
Tele5 eta Antena3 izen propioak dira, zenbakia badute ere (eta hortxe ditugu "Cuatro" eta "La Sexta" ere). Ez da "Tele" izeneko telebista katerik existitzen, ezta "Antena" izenekorik ere (ez Espainian behintzat). Desberdina litzateke BBC, ETB, TVE e.a. Telebista hauek kate bat baino gehiago dutenean, zenbakiz bereizten dituzte, gurean euskarazkoari 1 eta erdarazkoari 2.
Aspaldi pasa zen izen propioei izena aldatu edo moldatzeko "moda" hori.
Ulertzekoa litzateke urruneko hizkuntza edo kultura bati buruz ariko bagina, izena bera esateko zailtasunak bagenitu (halere, jatorrizko izena mantentzearen aldekoa naiz), testuaren beraren helburua zein litzatekeen (ezberdina da testu informatibo bat bada, umeei zuzenduriko marrazki bizidun batzuk badira, txantxetan bagabiltza...).
Egunerokoan, "Gaur gauean zer dago telecincon?" baina, halaxe esango nuke. Garbizaletasunetik garbizalekeriara pausu txikia dago sarritan...
(NAHIA ZARZOSA AIZPURUA Lekeitioko Udaleko euskara teknikaria da)
|
| |
 |
| Egoera diglosikoaren aztarna sinbolikoa |
 |
2007-11-12 / 10:06 / Bittor Hidalgo |
|
Ni ere zurekin nago. Ni ere irakasle aritzen naiz, eta ohiturak ohitura, nik TELEBOST esaten dudanean edo ANTENAHIRU ikusten (zure zenbakien irakurketa sistema bertsua aplikatuz) inguru guztiak asaldatzen zaizkit, euskaldun zahar eta ikasle. Baina, ohiturak ohitura, aztoramen horiek ez dira pairatzen dugun egoera diglosikoaren aztarna sinboliko bat gehiago baino. Eta nik apropos eragindako "ohituraren" bihurrikeriak, zureak bezala, hori baino ez du salatu nahi (hizkuntza idatziaren transmisioaren ikuspegitik guk arrazoi guztia izateaz gain).
Eta hala erabiltzen ditut nik jada MP HIRUA eta MP LAUA ere, nahiz nire lagun gehienek oraindik MP3(tres) eta MP4(cuatro)-a erabiltzen segi (baina hauei atzeratuak geratu zaizkie jada teknologia horiek), eta antzera.
Kontua da gainera euskaraz eskolatutako belaunaldiak, maiz espainolez jardun arren (diglosia orojalearen ondorioz), zenbaki sistema sendoago mantendu ohi dutela euskaraz (gure zaharrek euskaraz ere espainolezko zenbakiak zerabiltzaten gisa berean -treintaiseisko gerra garaikoek eta-). Eta izan ere, badirudi gure garunean zirkuitu neuronal berezituak erabiltzen dituztela lehen hizkuntzak eta zenbaki sistema operazionalak (bigarren eta helduagotan ikasitako hizkuntzek ere egiten duten legean).
Ondo izan
Bittor
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)
|
| |
 |
| "Tele Cinco" |
 |
2007-11-12 / 10:18 / Joxe Rojas |
|
Bat nator guztiz Nahiak azaldutakoarekin. "Antena Tres" eta "Tele Cinco" izen propioak dira bere horretan (hor goian azaltzen den logoa ikustea baino ez dago), eta bere horretan mantendu behar direla uste dut nik.
Nahiak dioen moduan, "La Sexta"ren logoa 6 zenbaki bat da, baina sekula ez litzaidake bururatukoizena euskaratu eta "Seigarrena" deitzea, Erresuma Batuako Channel 4 delakoari "Channel Lau" esango ez niokeen bezala.
(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna da)
|
| |
 |
| Telebost eta antena hiru |
 |
2007-11-12 / 10:49 / Xabier Andonegi Santamaria |
|
Nik ere hartuko dut, bada, eztabaida polit honetan parte.
Nire iritziz, telebost eta antena hiru oso egokiak dira, gazteleraz ari garenean "en etebe uno siempre hay pelota" esatea bezain egokiak (oraindik entzuteke nago "en etebe bat siempre...").
Frantziako kateekin berdin: Teefebat, france bi, france hiru...
Kontu hori askoz garbiago ikusten da jatorrizko hizkuntza ezagutzen ez dugunean: nola esan behar zaio Suediako bigarren kateari (existitzen den ere ez dakit, baina eman dezagun badela, esaterako, STV2 izenarekin)? jatorrizkoan?
(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA euskara irakasle da Gipuzkoako Foru Aldundian)
|
| |
 |
| Izenen etxekotzea jarrera espainol-euskalduna |
 |
2007-11-12 / 13:41 / Gilen Mejuto |
|
Atzerriko izenen "etxekotze" hori oso jarrera espainola da, eta, ondorioz, oso euskalduna ere bai.
Espainieraren bidez ikasi dugu nola ahoskatu "FBI", "U2", "VIP", "IRA", "DVD", "MP3", etabar. Eta ez zaigu bururatu ere beste hizkuntza askotan jatorrizko ahoskera atxiki hoi dela holakoetan (norbere fonetikaren mugen barruan, noski).
Ni "teleZinko", "antenatres" eta "bibizitxu" esatearen alde nauzue. "Etebebi"-rena beste kontu bat da. Agian "etebedos" koherenteago litzateke, baina euskarazko forma konpainiak berak ere erabiltzen du, esaterako ETB-1en bertan.
(GILEN MEJUTO GARCIA itzultzailea da)
|
| |
 |
| Telecinco eta Antenatres esango nuke |
 |
2007-11-12 / 15:04 / Ester Sagasta |
|
Ni ez naiz euskaldun jakintsu bat, ez eta ere itzultzaile edo irakasle. Nik ez dut euskaraz ondo idazten, ez eta sakon ere, baina nik ere nire opinioa eman nahi dizut.
41 urte dauzkat (ez dakit belaunaldiz "lehengo euskaldun" moduan ikusten nauzun, Roberto) eta euskaldun zaharra.
Eta ni, gehien bat, zure lagun bizkaitar, euskaldun zahar eta lehengo euskaldunarekin bat nator, modu batean.
Nik, Telecinco eta Antenatres esango nuke. Lehenik eta behin, zure argumentu bera erabiliz, Tele Cinco-ren izena horrela delako. Zure gutunarekin batera kate horren logotipoa zetorren eta bost handi baten azpian TELE CINCO jartzen zuen argi eta garbi (La Cuatro, La Primera edo El País bezala). Hau da, bere izena horrela dela esango nuke. Beste gauza bat da nola irudikatzen duten.
Bestalde, zure artikulua irakurtzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan behin nire lagun euskaldun berri batekin gertatu zitzaidana. (Zure lagun bizkaitar, euskaldun zahar eta lehengo euskaldunarekin berriro ere ados, nik ere diot guztia itzultzearen ohitura hori egungo euskaldun berrien kontu bat dela). Eta agian kasu honetan argiago gelditzen da zergatik ni jatorrizko izenaren eta jatorrizko hizkuntzaren aldekoa naizen.
U2 musika taldeari buruz hitz egiten hasi zela, "UBI" esan zuen. Nik, lehenengo momentuan eta erderakadekin ohituta, garai bateko ospitaletako Zainketa Intentsiboetako Unitateari buruz ari zela pentsatu nuen, baina tira, berehala konturatu nintzen.
Eta zu eta zure lagunaren tartean gertatu zen moduan, gure tartean ere eztabaida sortu zen. Nola esan behar zen. IUTU, UDOS edo UBI.
Talde horren izena, ingelesez irakurrita IUTU da, hots, YOU TOO edo YOU TWO, (ZU ERE BAI edo ZUEK BIOK). Gazteleraz (UDOS) edo euskaraz (UBI) irakurriz gero, hitz jokoa galdu egiten da eta ez dauka inolako itzulpen, zentzu edo graziarik.
Kasu honetan, argiago ikusten da jatorrizko esanahia aldatzen delako, Telecincorekin gertatzen ez den bezala, baina arau orokorra bezala hartuta, ni jatorrizko hizkuntz, hitz eta esanahiaren aldekoa naiz.
Eta horregatik ere, ni IUTUaren eta TELECINCOaren aldekoa naiz.
Ester
|
| |
 |
| Bi bereizketa |
 |
2007-11-12 / 15:25 / Alfontso Mujika |
|
Eztabaidan aurrera egiteko, uste dut beharrezkoa dela bi bereizketa egitea:
1- Batetik, erakunde-izenak (edo erakunde-izenetatik eratorritako bestelako izenak, erakunde bati edo erakunde baten atal bat izendatzeko erabiltzen direnak, hala nola ETB1, Antena 3, France 24 eta abar); bestetik, produktu-izenak, produktuen bertsio-izenak eta teknologia-izenak, hala nola MP3, Web 2.0, Windows 95, Citroën C4 eta abar.
Bertsio-, teknologia- eta produktu-izenetan erabiltzen den zenbakia beretu egiten du hizkuntza bakoitzak; hau da, gaztelaniaz, adibidez, ez da "em-pe-three" esaten, "eme-pe-tres" baizik; frantsesez "windows quatre vingt quinze" esaten da, ez "windows ninety five".
Hor, nire ustez, ez dago eztabaidarik. Euskaraz "eme-pe-hiru-a" esan behar dugu. Oso snob izan behar da euskaraz "em-pe-three-a" esateko (hori esaten duenak, Microsoft eta Michelin ikusita, "maikrosof" eta "mixelen" esan behar luke, eta ez "mikrosoft" edo "mitxelin", ezta?), eta hizkuntza zaintzen duenak nekez eman dezake ontzat gaztelaniazkoa baino ez den "eme-pe-tres-a" edo "web-dos-a". Teknologiak, berdin dio non sortuak diren, mundu osora zabaltzen direnean, normala da izendapenaren parte den zenbakia bere erara moldatzea hizkuntza bakoitzeko hiztunek.
2- Erakunde-izenei eta haietatik eratorritako kanal, kate, emisora eta kideko komunikabide-markei dagokienez, uste dut bereizi egin behar direla izen komertzialean zenbakia zifraz dutenak (Antena 3) eta zenbakia letraz dutenak (Telecinco).
Lehenago eman diren iritzi batzuetan bestela ageri bada ere, gaur egun "Tele 5" ez da izen berezia (1990ean bai, bazen "Tele 5" logotipoa, baina 1997an "Tele 5" zena "Telecinco" bihurtu zen); "Telecinco" bai. Gestevisión Telecinco, S.A. enpresak kudeatzen du "Telecinco" kanala. Alde horretatik, euskaraz ere "Telecinco" idatzi eta "telezinko" esatea iruditzen zait egokiena, eta ez, itzulpena eginda, "telebost" asmatzea.
"Antena 3", berriz, desberdina da, zifra ageri baita katearen logoan; enpresaren izena bera ere "Antena 3 de Television, S.A." da. Alde horretatik, normala iruditzen zait euskal hiztunak, bere senari jarraituz, "antena hiru" esatea, erdal hiztunak "ETB1" ikusita, "e-te-be-uno" esaten duen bezala.
Nolanahi ere, jatorrizkoari eustea ("antena-tres") ez dut uste erabat gaitzestekoa denik. Baina, hala jokatu nahi duenari koherentzia eskatu behar litzaioke, hau da, "France 5" ikusi eta "franz-zank" (edo antzeko zerbait) esan behar luke, eta "BBC Radio 2" ikusi eta "bi-bi-zi-rei-di-o-tu" (edo antzeko zerbait) esan.
Alfontso Mujika
Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak
|
| |
 |
| Ez zait burugabea iruditzen |
 |
2007-11-12 / 18:03 / Gilen Mejuto |
|
Ba niri ez zait burugabea iruditzen esatea "maikrosoft", "mixelen", "aipod" edo "blurrei". Azken batean ez dira hain ahoskera arrotzak gure hizkuntzarentzat. Eta idazkerarekin bat ez etortzea ere ez da problema handia, nolabait markatzen du-eta hitz arrotzak direla. Ez al dugu "pab" esaten? Ah bai, kasu honetan espainolak "pab" (edo "paf") esaten du. Bai, hor dago snobismoaren muga, espainerarekin bat etortzean ala ez. Jakina, "luki estraik" esatea ez zaigu gaizki iruditzen.
(GILEN MEJUTO GARCIA itzultzailea da)
|
|
Erantzun |
|