|
Euskaltzaindiak elkarrizketa egin dio Patxi Salaberri euskaltzain nafarrari. Erabili.com-en daukazu oso-osorik:
2005eko abenduaren 16an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Patxi Salaberri. 2006ko irailaren 29an egin zuen sarrera-hitzaldia Uxuen, "Uxueko izenak mintzagai" gaiaren inguruan.
Patxi Salaberri Zaratiegi (Uxue, 1959). Filologia Hispanikoan eta Euskal Filologian lizentziatua. 1992an, doktore maila lortu zuen Nafarroako Ekierdialdeko Euskararen Azterketa Toponimiaren Bidez izeneko tesiarekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra da 1990etik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean. Onomastikan aditua da. Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria da.
Euskaltzain oso izendatu zintuztenetik ia bi urte
joan dira. Zer-nolako esperientzia izan da?
Interesgarria. Gauza franko ikasten ari naiz eta
gauzak hobeki egiteko akuilua da euskaltzain osoa izatea.
Bi urte besterik ez, baina jadanik euskaltzain “beteranoa”
zara: zu izendatu ostean, hainbat euskaltzain aukeratu dituzte.
Berriztatze/gaztetze prozesu baten barruan dago Euskaltzaindia.
Inportantea da? Zelan ikusten duzu?
Nik uste Akademian adineko jendea izatea garrantzizkoa dela,
erakundea eta erakundearen historia sakon ezagutzen dutelako,
aurrekoekiko lotura direlako. Bestalde, berritzea baitezpadakoa da leku
guztietan, eta Euskaltzaindian ere bai. Beraz, oreka bilatu behar honetan
ere.
Zer ematen diozu Akademiari? Eta zer ematen dizu
Euskaltzaindiak?
Akademiari neure lana ematen diot, neure prestakuntza,
euskararen alde gauzak egiteko dudan gogoa. Euskaltzaindiak niri izena
eman dit eta lana hobeki egiteko bultzada.
Atxagak esan zuen eztabaida sutsuak izaten direla osoko
batzarretan. Grina handiz hitz egiten dutela euskaltzainek. Zuk ere
inpresio hori hartu zenuen?
Atxagak bezala pentsatzen dut; gainera ni berehala sutzen diren
horietakoa naiz, itxurak egiten saiatzen banaiz ere.
Onomastikan aditua zara, hori da gehien ikertu duzun arloa.
Jose Mari Jimeno Juriorekin batera ibili izana (bere metodologia,
nortasuna) inportantea izan zen bide hori aukeratzeko?
Jimeno ezagutu nueneko onomastikarako bidea hartua nuen,
baina Jose Marik bideratu ninduen Euskaltzaindira, Onomastika batzordera,
eta, bestalde, hagitz gizon langilea zen eta holakoa izateak lan egitera
bulkatzen zaituela dudarik ez da. Adina gora-behera, elkarren osagarriak
ginen prestakuntzari dagokionez eta izaeraz ez oso desberdinak. Gainera,
bataren eta bestearen herriak, Artaxoa eta Uxue, aski antzekoak dira,
alderdi askotatik.
Zure sarrera-hitzaldiaren erantzunean Andres Iñigok erran
zuen ikertzailea zarela, “afizioz eta ofizioz”. Ados zaude?
Bai, ikertzea arrunt gauza ederra da, zerbait berri aurkitzeak poz
handia ematen du beti, baina lana egin beharra dago, denbora franko
eskatzen du eta benetako bokazioa behar da horretarako. Alfer gutxi aritzen
dira ikerketan.
Nafarroako hizkeren eta euskal dialektologiaren inguruko
hainbat lan ere burutu dituzu, bakarrik edota elkarlanean. Non datza
lan horien garrantzia?
Haste-hastetik euskara galdu den Nafarroako alderdi zabaleko
hizkeraz arduratu naiz, horko berri lortzen. Bestalde, dialektologian bada
oraino zer ikasi eta zer ikertu, eta ni laguntzen saiatu naiz, neure burua
onomastikaritzat badut ere, ez dialektologialaritzat. Nolanahiko gisan, dena
lotua dago, dena da euskara eta dena interesatzen zait. Arazoa da
denborarik aski ez dela sail guztiei ekiteko.
Hizkuntza "boteretsuen" eta gutxituen arteko harremana.
Non dago gakoa? Zure ustez, zelan ziurtatuko dugu euskararen
etorkizuna?
Garrantzitsuena euskaldunok euskara atxiki eta geure
ondorengoei erakustea da, eta, aldi berean, hiztun berriak lortzen saiatzea.
Ez dakienak ez du euskararik ikasiko baldin dakienak erabiltzen ez badu.
Entseatu behar ditugu gure kultura ekoizpena erakargarria izan dadin;
Txepetxen gune trinkoaren ideiarekin ados nago funtsean. Honetarako
dirua behar da eta erakundeen bultzada, jakina, besteak beste.
Gazteen jokamoldearekin nago kezkatua: euskaraz badakite baina ez
dute hitz egiten. Arazoa “badakite” horretan dago, hizkuntza ez baitute
behar bezain ongi menperatzen, ez baitira gauza naturaltasunez eta
lasaitasunez mintzatzeko. Ondorioa, erdaraz ari beharra. Gurpil zoroa da:
ez dute euskaraz hitz egiten euskaraz ongi ez dakitelako, eta ez dakite ongi
(behar adina) hitz egiten ez dutelako. Nola atera kinka honetatik? Hor dago
koska.
Aukeratu zintuztenean Nafarroako ikuspegiarekin egingo
zenuela lan esan zenuen. Horrela da? Zer esan nahi du horrek?
Horrek erran nahi du nik gauzak Nafarroatik ikusten ditudala.
Nafarroan sortua naiz, Nafarroan bizi naiz eta Nafarroan lan egiten dut.
Badira hemen bestetan ez dauden zenbait behar eta eginkizun, ongienik
nafarrok ulertzen ditugun gauzak. Euskarari dagokionez, entzuten dudana
Nafarroako euskara (batua) da gehienbat, orain, zorionez, komunikabideen
bitartez bestetakoa irakurtzea eta aditzea zaila ez bada ere.
Zein izan behar da Euskaltzaindiaren erronka, Nafarroan?
Prestigioko erakundetzat agertu behar du Euskaltzaindiak,
politikaren gainetik helburutako euskara lantzea, ikertzea, arautzea eta
zaintzea duen erakundetzat. Gure egoeran hori lortzea ez da aise, baina
ahaleginak egin behar.
Miquel Gros i Lladósen "Recuperación del Euskera en
Navarra" liburua argitaratu du Euskaltzaindiak, "Jagon" bilduman.
Zer deritzozu hor esaten denari?
Liburu interesgarria da, oraindik osorik irakurri ez badut ere.
Uste dut jendearen borondatea eta nahia argi azaltzen direla hor ematen
diren datuetan, baina betikoan gaude, Igantziko euskaldun bat, eman
dezagun, eta Erriberriko beste bat berdinak dira hor, zenbaki bana
baitagokie, baina praktikan hagitz desberdinak dira. Erriberrikoak arrunt
gutxi erabiliko du euskara, baita aukera duenean ere, eta Igantzikoak,
berriz, asko segur aski. Alegia, kantitatea inportantea da kalitatea izan
dadin, baina ez dira bi gauzak nahasi behar. Alderdi batean, Araban,
demagun, euskaldunen portzentajea handia da zenbait lekutan, baina hor
ezagutza ikusten da, ez erabilera. Egia da ibiltzeko lehenbizi jakin behar
dela, baina jakiteak ez dakar, nahitaez, erabilera berekin. Nolanahi ere,
pozgarriak dira liburuan biltzen diren datuak, ezbairik gabe.
- Elkarrizketa hau estreinakoz Plazaberri agerkarian argitaratua da, 2007ko urrian.
|